Maite Alustiza
Errealitate "oso konplexua" da prostituzioa, heterogeneoa. Lehen arazoa, hain justu, hura definitzerakoan dagoela dio Ana Prieto Askabide elkarteko kideak. Andoaingo Bastero kulturgunean bildutakoei burura datorkien lehen ideiaz galdetu die: dirua, beharra, ikasketa maila baxua, emakumeen trafikoa... aipatu dituzte. "Zaila da definitzen, baina guztiontzat zentzu bat dauka, konnotazio bat: positiboa edo negatiboa, gutxitan aseptikoa". Askabide 1985etik dabil prostituzioaren inguruan dabiltzanei laguntzen, haiekin tratu zuzena izaten, eta gizartean sentsibilizazioa lantzen. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, hitzaldia eskaini zuen Prietok, asteartean.