gipuzkoa

Errauste plantaren ordez, “irtenbide adostu bat” eskatuko dute Donostian

Errauste plantaren ordez, “irtenbide adostu bat” eskatuko dute Donostian

Maite Alustiza

Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak argi du zein den errauste plantaren alternatiba: "Hondakinak murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea, konpostatzea eta errefusa egonkortzea". Hori aldarrikatzeko, giza katea antolatu du iganderako, Donostia Bizirik taldearekin batera. Donostian egingo dute, Alderdi Ederretik Kontxako hondartzara jaisteko dagoen arrapalan, 11:30ean. Gipuzkoako plataforma ugaritako ordezkariak bilduko dira.

Bi eskaera egingo dizkiete Gipuzkoako diputazioari eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari: erraustegia egiteko asmoa alboratu dezatela, eta gaiari "irtenbide adostu bat" eman diezaiotela. "Benetako" prozesu parte hartzaile bat nahi dute, alderdi politikoekin batera gizarte eragileek eta adituek ere parte hartu ahal izan dezaten.

Giza katearen aurkezpenean adierazi zutenez, hondakinen kudeaketaren inguruko gatazkak "Gipuzkoako agintarien itsukeria interesatuan" dauka jatorria: "Duela ia hamabost urte erraustegiaren aldeko apustua egin zutenen ondorengoek tematuta jarraitzen dute konponbide berberaren atzetik". Haien arabera, gainera, agintariak jakitun daude "oso zaila" dela proiektu bat aurrera ateratzea "gipuzkoarren parte handi bat" aurka dagoenean: "Kontrako jarrera hau gero eta antolatuago dago; behin eta berriz mobilizazio jendetsuen bidez aurkako jarrera bistaratzen ari da".

Uste dute planta egiteak diru publikoaren "xahuketa izugarria" ekarriko lukeela, eta gizakien osasunerako eta ingurumenerako kaltegarria izango litzatekeela: "Gipuzkoan, errausketa zaleen kalkuluen arabera, 163.000 tona errefus sortuko dira 2030ean, baina ozenki diogu 2017an 50.000 tona sortzera pasa gintezkeela; dena erabaki politikoen menpe dago". Horregatik, "absurdoa" da errauste planta bat egitea kopuru hori hartzeko, haien iritziz.

Proiektua esku pribatuetan utzita, gainera, haren kostua eta errefusaren tratamenduarena "ikaragarri" garestituko direla salatu dute: "1.500 milioi euro ordaindu beharko ditugu herritarrok 35 urtean, eta hori ordaindu egin behar dugu errefusa sortu ala ez". Gaineratu dute errauste plantak zabortegiak behar dituela, handik ateratzen diren zepak eta errauts toxikoak tratatu eta gordetzeko.

Adjudikazio, azaroan

Uztail bukaeran onartu zituen GHK-k Zubietako errauste plantaren eraikuntza eta kudeaketa adjudikatzeko agiriak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin —Tolosaldeko eta Urola Erdiko mankomunitateek bakarrik bozkatu zuten kontra —. Enpresek euren proposamenak aurkeztu ondoren, azaroan egin nahi dute behin betiko esleipena, eta obrak 2017 hasieran hasi.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuarentzat, hondakinen kudeaketaren arazoa "behin betikoz konponbidean" jarri du erabaki horrek: "Onarpen honek erakusten du normaltasuna gailendu dela eta agintera iristerakoan gipuzkoar herritarrekin hartutako konpromisoak betetzen ari garela", adierazi zuen adjudikazioak onartu berritan.

Proiektuak lau eraikin izango ditu: TMB tratamendu mekaniko-biologikorako planta, erraustegia, biometanizaziorako planta eta zepak balioztatzeko zentroa. Kalkulatu dute 217,583 milioi eurokoa izango dela erraustegia eraiki eta kudeatzeko kontratua, eta adjudikazioa 35 urterako izango da. Espero dute 2019ko udarako lanean hasteko prest egotea.

Zarautz ere zilarrezkoa da

Euskal Herri osoan, Tolosa eta Zarautz dira zilarrezko mailan jokatzen duten talde bakarrak. Tolosak ez bezala, Zarauzko taldeak urteak daramatza bigarren mailan lehiatzen; azken bi denboraldietan 13. postua lortu du, eta, hala, kategoriaz jaistea sai...

“Beti egon izan da igoera lortzeko esperantza puntu bat”

“Beti egon izan da igoera lortzeko esperantza puntu bat”

Iñigo Otaegi

Tolosa Eskubaloiak igoera historikoa lortu zuen igaro den denboraldian. Juan Martin Amiano (Altzo, 1960) taldeko presidentea da, eta ilusio handiz begiratzen dio datorren denboraldiari.

Hainbeste borrokatu ondoren, igoera historikoa lortu duzue.

Bai, oso garrantzitsua izan da guretzat igoera. Inork ez zuen espero, ezta guk ere. Denboraldi-aurreko helburua igoera fasera iristea zen, eta, behin iritsiz gero, ahal bezainbeste disfrutatzea. Gainera, zilarrezko mailara igotzeko fasea Tolosara ekartzea lortu genuen; askoren harridurarako, igotzea lortu genuen. Publikoaren indarra izugarria izan zen, eta oso lagungarria aldi berean. Orain, kantxan irabazitakoa ezin dugu alde batera utzi.

Noiz hasi zineten sinesten?

Guk beti sinetsi izan dugu borrokatuz gero edozer lor daitekeela. Denboraldi osoan ahalegin handia egin genuen, eta azken fasean igoera posible ikusten genuen. Horrexegatik ekarri genuen azken fasea Tolosara.

Igoera lortu ostean, ilusio berezia piztu da Tolosan.

Sarri pentsatu izan dugu ez duela futbolak soilik egon behar Tolosan. Eskubaloia, garai batean, nahiko goian egon zen; gero, berriz ere maldan behera jarri zen. Hutsetik berriz ere goraka bidean jartzeko lanean hasi ginen. Igoera fasea herriko jendearengatik ekarri genuen, eskubaloiaren inguruan mugimendua sortzeko.

Azken partidak telebista bidez eman genituen. Bi hautu horiek, egia esan, zaleengan eragin oso positiboa izan dute. Txikienengan ere antzematen da, eskubaloian jokatzen hasteko izena ematen ari baita haur andana.

Presidenteak nola bizi izan zuen igoera?

Jokalarientzat igoera oso berezia izan den gisan, baita presidentearentzat ere. Zalantzarik gabe, karguan nagoenetik gertatu zaigun gauzarik pozgarriena da. Mantenduko bagina, are gehiago poztuko nintzateke.

Iaz sasoi honetan esan izan balizute zilarrezko mailan jokatuko zenutela?

Egia esan, garai batean maila onean zegoen Tolosa. Zilarrezko mailan ere lehiatu ginen, eta finala Bartzelonaren aurka galdu genuen. Nahiz mailaz jaitsi, beti egon izan da igoera lortzeko esperantza puntu bat.

Orain, beste etapa bat hasten da.

Orotara, hamasei talde gaude, denak multzo berean. Lehen partidan, aurkari gogorra izango dugu aurrez aurre: Bartzelona B. Zaila izango da ondo hastea, baina, denborarekin, kategoria berrira egokituko gara. Aurtengo xede nagusia hiru talde atzetik uztea da. Zaleei dagokionez, lehen norgehiagoketan kiroldegia betetzea izango da asmoa; ahal bada, indar horri eusten saiatuko gara denboraldia amaitu bitarte. Estatu mailan Tolosa herriak ere oihartzuna izan dezan nahi dugu; arrastoa uzten ahaleginduko gara, bai kanpoan jolasten dugunean, bai Usabalgo kiroldegian.

Giroak iraun dezan, bazkide kanpainarik abian jarri duzue?

Bai, bonuak atera ditugu. Modu horretan, denboraldiko partida guztiak ikusi ahal izango dituzte. Helduek 60 euro ordaindu beharko dute; gazteek, 30; eta familientzako tarifak atera ditugu, 120 eurokoak. Denboraldia hasi artean, Tolosako Irrintzi tabernan egongo dira salgai. Hurrengo astetik aurrera, kiroldegian izango dira. Gainera, iazko esperientzia arrakastatsuaren ostean, aurten ere zenbait partida telebista bidez emango ditugu.

Jokalariak eskubaloiari dioten maitasunagatik soilik ari dira jokatzen.

Bai, hala da. Gure aldetik esfortzu handia eskatzen du horrek. Jokalariek ez dute kobratzen, eta ez da samurra denak konbentzitzea. Hasieran, gogo berezia izaten da, baina, emaitzek ez badute laguntzen, animoa behar da. Denboraldi honetan, estatuan zehar asko bidaiatuko dugu, eta zama handia ekartzen du. Ez da batere erraza dena ondo kudeatzea.

Zenbat aldatu da taldea? Zein erori da, eta zein gehitu taldera?

Adibidez, ikasketa kontuak direla eta, Ander Uranga kanpora doa urtebeterako. Batzuk erori dira, baina taldea ez da gehiegi aldatu; oinarria berbera da. Guk saiakera egiten dugu jokalariak Tolosaldekoak izan daitezen. Hala ere, aurten Usurbildik eta Arrasatetik etorri dira jokalariak. Lau fitxaketa egin ditugu oraingoz: Mikel Zuloaga, Lander Casado, Asier Larrañaga eta Andoni Zubeldia. Handia da kirolari dioten maitasunagatik soilik jokatzea. Aldagelako giroa bikaina da; hori da garrantzitsuena.

Abuztuan, partidak jokatu dituzue. Denboraldi-aurrea nola doa?

Oro har, ondo doa. Lehen partidan, Anaitasunari irabazi egin genion. DV torneoa ere irabazi genuen. Jarraian, Torrelavegara joan ginen torneoa jokatzera, eta, bertan, kategoria bereko bi talde izan genituen aurkari. Bi partidak galdu genituen; lehena, 16-14, eta bigarrena, 15-13. Baina, tira, eskarmentu gisa balio izan zigun esperientziak. Usabalen, berriz jokatu genuen Torrelavegaren aurka, eta 26-31 galdu genuen. Zarautz aurkari izan genuenean, 11 golen aldeko porrota jaso genuen.

Tolosa Eskubaloia ez da lehen taldea soilik. Zer moduzko harrobia dago Tolosan?

Oso ona. Bigarren senior taldea bigarren maila nazionalean dago. Gazteak ondo ariko dira denboraldi honetan; oso jokalari onek jokatzen dute. Kadete mailan, bi talde ditugu; ea lehen taldea Euskal Ligarako fasea jokatzera iristen den. Haurren mailan, oso jokalari onak daude, Euskadiko eta Espainiako selekzioetan jokatzen dutenak, besteak beste. Kimuak ere gogor ari dira lanean. Neskei dagokienez ere, goraka goaz. Kadeteetan bi talde daude; baita haurren mailan eta kimuetan ere. Ea hemendik bizpahiru urtera senior mailako emakumezkoen lehendabiziko taldea ateratzen den.

Euskal Jaietako egitarauak: Donostia, Ordizia eta Zarautz

Euskal Jaietan murgilduta daude Donostian, Ordizian eta Zarautzen. Honako hau da gaurtik igandera arteko egitaraua:

DONOSTIA

Gaur, irailak 9

12:00. Muxikoak Xoxote bandarekin, Trinitate plazan.

15:30. Donostia aldeko benjamin, kimu, kadete, gaztetxo eta seniorren XIX. esku pilotako txapelketa, Trinitate plazan. Finalak.

18:00. Erraldoiak eta buruhandiak, Parte Zaharreko kaleetan.

18:30. Raketistak. Emakume pilotari profesionalak (1917-1980) berreskuratzea. Egia kiroldegiko frontoian, puntako emakumeen erraketa partida eta Raketistak lehen eta orain. Sarrera doan, lekuak bete arte.

19:30. Urko herrikoi ikuskizuna Bilboko Udalaren musika bandarekin, Konstituzio plazan.

20:00. Poesia Orduak. Linbotarren itzalak ate ostean, Asier Serrano, Antxon Sarasua eta Miren Fernandezekin. Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan. Gonbidapena behar da.

21:00. Habanerak. Kaian, arrantzaleen ontzien gunea izandakoan.

21:00. Marmitako jana Paul eta Lierni trikitilariek alaituta, San Juan kalean (Bretxa parean).

Bihar, irailak 10

10:00-14:00. I. Txakolin Eguna, 22 upategi eta emanaldiak, Konstituzio plazan.

11:00. Kontxa Badiako LXXIII. igerialdia.

11:30. Urgulleko XVI. Krosa. Irteera: Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen egoitzaren parean. Haurren lasterketa 11:30ean, eta helduena 12:00etan. Izen ematea 11:00etan.

13:00. Parte Zaharreko joaldunak. Urgulletik jaitsi eta Parte Zaharreko kaleetan barrena.

13:30. XI. larrain dantza, herri dantza eta plaza dantzak, Zuloaga plazan.

17:00. Dragoiaren jaitsiera Urgull menditik.

18:00. Artzainen kirol parkea: haurrentzako jokoak, Kulkiren eskutik, Zuloaga plazan. Ondoren, txokolate jana.

19:00. Soinu zaharretatik dantzara. Iztuetak 1824. urtean berreskuratu zituen 24 soinu zahar dantzatuak. Konstituzio plazan.

20:00. Poesia Orduak. Arrotz eta eder, poemak eta prosak, Pako Aristi eta Itziar Gomezekin. Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan. Gonbidapena behar da.

21:00. Gabon Txirrita antzezlana Urnietako herritarren eskutik, Trinitate plazan.

21:00. Zezen suzkoa, Zuloaga plazan.

Igandea, irailak 11

09:00. Estropadetako zortzikoa Donostiako Udaleko txistulari taldeak lagunduta, hiriko kaleetan.

09:00. Donostiako trikitia. Ibilbidea: kaian eta Pasealeku Berrian barrena.

10:30. Donostiako Udaleko txistulari taldea, Parte Zaharreko kaleetan.

11:00. Los Bebes de la Bulla fanfarrea, Kontxako Badian.

11:00. Donostiako estropadak: IX. Kontxako Bandera, emakumeak.

12:00. Donostiako estropadak: 120. Kontxako Bandera, gizonak.

14:00. Sardina jatea Estanga trikitilariek alaituta, San Juan kalean (Bretxa parean).

14:30. Erromeria Egan taldearekin, Konstituzio plazan.

ORDIZIA

Gaur

19:30. Bertsoak dantzan ikuskizuna Goierriko bertso eskolarekin eta Amets Bide dantza taldearekin, Plaza Nagusian.

Bihar

Egun osoan. Haurrentzako parkea puzgarriekin, Beti Alai pilotalekuan: 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara.

12:00. Ordizia, Eibar eta Real Union talde beteranoen arteko futbol txapelketa, Altamiran.

17:00. Atletismo erakustaldia, Plaza Nagusian.

19:00. Sagardo dastatzea, Plaza Nagusian.

Igandean

12:00. Lazkao Txiki XXV. bertsopaper lehiaketaren sari banaketa, Barrena kultur etxean.

ZARAUTZ

Gaur

07:00. Goiz eresia herriko kaleetan.

08:00. Goiztarrak taldearen irteera. Antzinako ohiturak berreskuratuz, garai hartako pertsonaiak irudikatuko dituzte goizean, kalez kale.

08:30. Kalez kale txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta Iturengo tunturroak.

10:30. Frantziskotarren elizan, meza nagusia, Zarautz Abesbatzak abestuta. Mezaren ondoren, frontoi txikian, Goiztarrak taldearen eskutik pilota partidak, herri kirolak eta bertsolariak.

11:45. Alproja taldearen irteera. San Inazio kalea, Kale Nagusia, Musika plaza, Torre Luzea parkea, Nafarroa kalea eta Munoa. Jarraian, 12:00etan, Munoan, antzezlana: Zarautz 2016: Kultur herriburua. Eguerdian, Musika plazan, erromeria trikitilariekin, txistulariekin eta dultzaineroekin.

Ordu berean, Lege Zaharren enparantzan, erromeria trikitilariekin.

13:30. Karro lehiaketaren sari banaketa, Lege Zaharren enparantzan.

14:00. Lizarrako larrain dantza dultzaineroekin, Musika plazan.

17:30. Musika plazatik Iñurritzara kalejira, trikitilari, dultzainero eta txistulariekin.

19:15. Lizarrako larrain dantza herrikoia dultzaineroekin, Iñurritzan.

20:30. Kalejira Iñurritzatik Musika plazara.

22:30. Musika plazan, erromeria trikitilariekin.

22:30. Munoan, dantzaldia Trikidantz taldearekin.

Zaharrak Donostian berri

Zaharrak Donostian berri

Maite Alustiza

Soinu zaharren "benetako maratoia" dakarte Donostiako Euskal Jaiek. Gipuzkoako 50 dantzari Konstituzio plazan elkartuko dira bihar, ia galdutako dantza bat taulara eramateko. "Urte osoan aritu gara lanean, eta hau izango da soinu zahar guztiak egiten diren lehen aldia", azaldu du Estibaliz Iturria Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko ordezkariak. Lurralde osoko "maila handiko" dantzariak bilduko dira, horietako asko aurresku eta soinu zahar lehiaketetan txapela irabazitakoak. Besteak beste, Lezo, Oiartzun, Legazpi, Beasain, Tolosa, Asteasu, Irura eta Elgoibarko dantzariak dira. Soinu zaharretatik dantzara Euskal Jaietako bigarren asteburuan egongo den berrikuntzetako bat da; 19:00etan hasiko da.

XVIII. mendean ia desagertutzat eman ziren soinu zaharrak, eta Juan Ignazio Iztueta zaldibiarrak 1824. urtean berreskuratu zituen: Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburuan jaso zuen haien berri. Soinu zaharrak zer diren azaltze aldera, konparazioan jarri zituen zortzikoekin: zortzi konpas edo puntukoak dira beti zortzikoak; soinu zaharrak, berriz, luzera ezberdineko esaldiek osatzen dituzte. Dantzari bakoitzak, aukerako pauso bilduma baten barruan eta kode estetikoaren arauak errespetatuz, koreografia berri bat sor dezake, betiere hiru arauren baitan: dantza errazetik hasi eta zailagora joatea, alde batera egiten dena bestera ere dantzatzea —simetriaren legea—, eta dantzaren berezko egitura errespetatzea. Bihar, Donostiako Udaleko txistulari bandak lagunduko ditu dantzariak.

Urko eta habanerak

Euskal Jaietako beste nobedadeetako bi musikari lotuta egongo dira. Gaur, 19:30ean, Jose Antonio Larrañaga Urko abeslariak Urko herrikoi emanaldia eskainiko du Bilboko musika bandarekin batera, Konstituzio plazan. Bandak Donostian jotzen duen lehen aldia izango da, eta "berezia" izango da Urkorentzat: "Bakarlari batentzat formatu oso berritzailea da; atipikoa izango da, baina atsegina". Azaldu duenez, orain hamabost urte eman zuen azken kontzertua plaza horretan, eta ilusio bereziz igoko da taulara: "Betetzea espero dut; donostiarrei zor natzaie". Azkenaldian "kontzertu gutxi baina ondo antolatutakoak" ari da ematen, eta hala prestatu du gaurko saioa ere, bandarekin elkarlanean: "Lehen saioa Bilbon egin genuen, Campos Eliseosen. Banda ezin hobea da. Iñaki Urkizu zuzendariordearekin hitz egin, eta saio hau egitea adostu genuen".

21:00etatik aurrera, berriz, habanerak izango dira kaian, arrantzaleen ontzien gunea izandakoan. Juan Jose Ocon ikuskizunaren koordinatzaileak azaldu duenez, "musikarako momentu onena" aukeratu dute saioa eskaintzeko: "Iluntzean soinua beste era batera hedatzen da". Itsasontzietatik eta kai ingurutik entzungo da musika: akordeoia, klarinetea eta pianoa. Ahotsa, berriz, hiru abesbatzak jarriko dute: Goratzarrek, Ibaiertzek eta Luberrik. Euskarazko eta gaztelerazko habanerak kantatuko dituzte.

Horretaz aparte, lehenengoz Txakolin Eguna antolatuko dute Euskal Jaien barruan. Getariako Txakolina jatorri izena daukaten 22 upategi izango dira bihar, 11:00etatik 14:00etara, Konstituzio plazan. Trikitilarien saioa, bertsoak eta bideo emanaldiak ere prestatu dituzte.

“Kaotikoa zen egoera”

“Kaotikoa zen egoera”

Ariane Vierbücher

Siriako gatazka piztu zenean, iristen ziren albisteei begira hunkitu zen Idoia Caballero ordiziarra. Milaka pertsona beldurturik, ihesi, babesa emango zien lurralde baten bila. "Barren osoa zirrara batean jartzen zitzaidan hain irudi gogorrak ikustean". Egoera horretan, zerbait egin behar zuela pentsatu zuen; Rosa Agundezekin batera udan Greziara bidaiatu, eta han dauden errefuxiatuei laguntzeko ideiari forma ematen hasi zen.

"Bidaia prestatzen ari ginela, inguruko jende askok Greziara eramateko gauzak eman nahi zizkigun; arropak, jostailuak, janaria...". Hala ere, guztia kudeatzea eta bidaltzea "ikaragarri garesti" ateratzen zela dio. Jendearen laguntzeko interesa zela eta, beste norabide bat hartzea erabaki zuten: "Herritar eta inguruko lagun asko gehitu ziren gure kausara, eta, horrela, Bizi Ekin sortzea erabaki genuen". Egun, bederatzi lagunek osatzen dute taldea.

Material bilketa

Ekainean sortu zuten ofizialki Bizi Ekin, eta uztailean egin zuten lehenengo ekintza. "Rosak eta biok Greziara bidaiatzeko asmoa genuela agertu genuenetik sortutako laguntza guztia ikusirik, Siriako errefuxiatuentzat material bilketa egitea erabaki genuen". Uztailaren 2an egin zuten, eta, Bizi Ekineko kideez gain, boluntario ugari aritu ziren lanean egun hartan. Asociacion de Ayuda al Pueblo Sirio elkartearekin harremanetan jarri ziren bidalketa egiteko, eta Seurren bitartez egin zuten. Gutxienez bi palet betetzeko baldintza jarri zieten: "Bederatzi palet bete genituen bilketa egunean jasotakoarekin. Jende kontzientziatu asko zegoela bagenekien, baina hainbeste?", aitortu du Caballerok. Arropak, mediku materiala, jostailuak... denetarik bildu zuten. Horrek lanean jarraitzeko indarra eman zien.

Greziara bidaia

Bizi Ekin osatzen duten taldekide bat baino gehiago izan da Grezian. Agundez eta Caballero abuztuaren 1ean joan ziren, eta bederatzi egun pasatu zituzten Grezian, Atenasen, hain zuzen. "Gu Zaatar gobernuz kanpoko erakundearekin harremanetan jarri ginen, eta haiekin lan egiten aritu gara Atenasen duten Orange House-n". Caballerorentzat lehenengo aldia zen boluntario bezala horrelako zerbaitetan parte hartzen zuena, eta "ilusio eta lan egiteko gogo handiarekin" joan zen.

Arazoaren "tamaina ikaragarria" gertutik ikusi ahal izan zuen: "Grezia gainezka dago errefuxiatu kopuruagatik, eta gatazka hau guztion erantzukizuna da". Orange House-n Siriatik Atenasera heltzen diren emakumeak eta horien seme-alabak, hautsitako familiak... daude. Caballeroren arabera, Orange House hutsik zegoen lokal bat zen, eta lo egiteko tokia eta janaria ematen zaie. Horretaz gain, abokatu bat dago, hara iristen diren errefuxiatuei paper kontuetan laguntzen diena. Han hainbat egun pasatzen dituzte.

Tokira heltzean, Caballerok aitortu du ez zietela "oso harrera beroa" egin, baina segituan lanari ekin zioten. "Zeregin eta proposamenekin osatutako taula bat zegoen pareta batean. Baratze bat egitea proposatu genuen guk". Han bizi zirenen erantzuna "oso ona" izan zen: "Hilabeteak daramatzate jaki freskorik jan gabe, eta, horretaz gain, lanpetuta egongo ziren lurra eta landareak zaintzen".

Oztopo ugari aurkitu zituzten bidean. "Baratzea egiteko materialak erosteko dirua behar genuen, baina gastua gure gain hartu behar izan genuen, erakundeak ez zuelako interesik agertu". Dioenez, baratzea egiteko tokira heltzeko bidea ere ez zen aproposa, eraikinaren teilatuan egitea baitzen asmoa.

Atenas hego-ekialdean kokatuta dagoen aireportu zaharrera ere joan ziren: "Material asko eta asko heltzen zela esan ziguten, eta txukuntze lanetarako jendea behar zuten". Birritan pentsatu gabe abiatu ziren, eta han aurkitutakoa "guztiz kaotikoa" zela dio. 11:00etan irekitzen zuten, eta hara iristen ziren kaxak txukuntzeko egun osoa pasatu zuten. Aireportura janari eta arropa kaxak heltzen dira, eta sailkapen lana egiten aritzen dira, ondo- ren "kanpamentuetara bidaltzeko".

Kanpamentuetan ez zieten sartzen utzi. "Militarren esku daude guztiak, eta erakunde bakar bat dago horietako batean lanean, A Drop in The Ocean". Grezian ezagutu duten jendeak kontatutakoaren arabera, "kanpamentuetako bizitza ez da batere erraza, eta horien aldeko eta kontrako iritziak aurki daitezke. Han behintzat eguneroko janaria ziurtatua dute".

Aurrera begira, Bizi Ekin taldekoek lanean jarraituko dute. "Laster hasiko gara berriz bilerak eta ekintza berriak egiten, eta gurekin lan egin nahi duen orori ateak irekiko dizkiogu".

[Herriz herri] Eibar. Zailtasunei aurre egiten

[Herriz herri] Eibar. Zailtasunei aurre egiten

Eider Bereziartua

Eibar, 1931tik Hiri guztiz eredugarria, Debabarrena eskualdeko udalerririk handiena da. 27.400 biztanle inguruk osatzen dute Gipuzkoa mendebaldeko herri hori, eta probintziako populatuenen artean laugarrena da, Donostia, Irun eta Errenteriaren atzetik.

Eibarko alkate Miguel de los Toyosek azaldu duenez, "eibartarra egonezina da izatez", eta, ondorioz, "etengabeko mugimenduan" dagoen hiria da Eibar. "Aldi oro hobetzen saiatzen ari den gizartea da Eibarkoa", gaineratu du alkateak. Hiriaren egoerak hobera egin duen arren, azpimarratu du egiteko "asko" dagoela oraindik. Herriaren egoera eta herria bera hobetzeko, oinarrizko hiru arlo nabarmendu ditu: alderdi ekonomikoa, alderdi soziala eta herritarren bizi kalitatea.

Gipuzkoako langabezia tasa handienetakoa du Eibarrek, %16 ingurukoa. Azken datuen arabera, 2.000 bat langabe daude herrian egun, eta horri buelta ematea da Eibarko Udalaren erronka nagusia. "Bizi ahal izateko lana egin behar dugu guztiok", dio De los Toyosek, eta, horregatik, herrian dituzten industria eta zerbitzuak indartzen saiatzen ari da udala. Hala ere, udalerriko testuinguru ekonomikoa ere "aldatzen" ari da, eta "horretara moldatu behar du gizarteak". Hori dela eta, jarduera berriak erakartzea ere badu helburu udalak. Hala ere, De los Toyosen ustetan, udalaren lanari Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Eusko Jaurlaritzarena gehitu behar zaizkio: "Guztion artean sortu behar dugun testuingurua da".

Jarduera berriak erakartzeko ahaleginean, Eibarko Udalak martxan duen proiektu garrantzitsuena da duela urte batzuetatik Tekniker lanean ari den Polo Teknologikoa hazten laguntzea. Gune hori dagoen lurra Eusko Jaurlaritzarena da izatez, eta, ondorioz, haren kudeaketa ez da udalaren eskumena. Halere, alkateak uste du "guztion artean" garatu beharreko zerbait dela: "Ikerkuntzak eta berrikuntzak lagunduko digute herriko ekonomia garatzen. Oso garrantzitsua da jarduera hori".

Horrez gain, udalerrira "marka berriak erakartzeko saiakera" egiten ari da udala. De los Toyosek gogorarazi du Eibarren dagoela Gipuzkoako El Corte Ingles bakarra, eta, joan den astean, Gipuzkoako bigarren Mercadona inauguratu zuten —bestea Irunen dago—: "Pertsona batzuk horren aurka egon arren, ez dago dudarik horrelako saltokiak herriarentzat erakargarri ekonomikoak direla".

Proiektu nabarmen horiez gain, ekintzailetasuna bultzatzeko eta autonomoei eta enpresei beren ikerketetan eta lanetan laguntzeko diru laguntzak ematen ditu udalak. "Laguntza ekonomikoak dira, gauza berriak landu ditzaten".

Herritarrengandik gertu

Udalaren beste helburuetako bat da herritarren beharrizanak asebetetzea. Udal ordezkariaren hitzetan, "udalak laguntza behar duten herritarren ondoan egon behar du, eta gaizki pasatzen ari direnek hain gaizki pasa ez dezaten tresnak izan behar ditu". Zailtasunak mota desberdinekoak izanagatik ere, alkateak uste du udalak prest egon behar duela guztiei erantzuteko: "Guk ez dugu lortuko gaizki pasatzen ari dena ondo egotea, baina horien egoera hobetzea lortu behar dugu".

De los Toyos ongizate horretatik haratago doa, ordea: Eibarko bizi kalitatea hobetu nahi du. Bertako herritarrak "ahalik eta erosoen" bizitzea da helburua, eta, uste du horretarako aisialdirako gune "gehiago" behar dituztela. "Hiriaren bizi kalitatea hobetzea ez da alderdi baten edo alkate baten lana, guztion eginbeharra da, herri osoaren lana da".

Horretarako, hainbat proiektu ditu martxan erakundeak. Esate baterako, duela gutxi, trenbide gaineko pasealekua inauguratu zuten Eibarren. "Trenaren errailak estali, eta milaka metro koadro irabazi ditugu oinezkoentzat, herritarrentzat". Herrian espazio libreak sortzeko "aukera bakarra hori zen".

Horrez gain, beste proiektu batean ari da lanean buru-belarri udala: Errebalgo gunearen eraberritzean. Erabilera anitzeko eraikin bat ari dira sortzen han. "Eraikin horren helburua aisiarekin lotutako ekintza guztiak bertan elkartzea da. Horrela, herritarrei zerbitzu soziala emango dien gunea izango da", dio. Besteak beste, kontzertuak, merkatuak eta bestelako jarduerak egingo dituzte bertan.

Harrera herria

Iaztik, errefuxiatuak jasotzen dituen herria da Eibar, baina betidanik izan da "herri hartzailea". 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, hainbat eta hainbat galiziar, extremaduratar eta andaluziar iritsi ziren Gipuzkoako herrira. "Orain, berriz, urrunagotik datoz". Dena den, "helburu berarekin datoz, bizitza hobea aurkitzen saiatzera. Beren jaioterrian eduki ez duten zortea izan nahi dute hemen", gogorarazi du. Horrenbestez, alkatearen arabera, udalaren lehentasunetako bat da datozen horiei laguntza ematea.

Gaur egun, 18 errefuxiatuz gain, jatorri desberdinetako 2.200 herritar inguru bizi dira Eibarren. Pertsona horien guztien integrazioa lantzeko mekanismoak gauzatzen ari da udala. "Esate baterako, hainbat etorkinek hizkuntzarekin arazoak izan ditzakeela eta, AISA proiektua garatu dugu Gizartekintzako Immigrazio Arloaren eta Udal Euskaltegiaren arteko koordinazioa sustatuta. Proiektu horren xedea da kanpotik etorri direnak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzea".

De los Toyosek uste du integrazioa errazagoa dela kulturaren eta hizkuntzaren bitartez, eta horrek gizarteari "gehigarria" eskaintzen diola. "Bakoitzak bere jatorria du, bere kultura, eta guk ez diogu inori hori kendu nahi. Guk dena gehitzea nahi dugu: beraiena eta gurea".

Mercadonaren lilura

Leire Narbaiza
Pasa den astean Mercadona supermerkatua zabaldu zuten Eibarren. Denda handia, aparkaleku pila batekin. Ez dakit zer esango duten gure herrian denda txikiak dauzkaten dendariek, baina ez dut uste oso pozik egongo direnik; izan ere, superm...