gipuzkoa

“Taloa jotzen dudanero pilotari eskua gogortzen zait”

“Taloa jotzen dudanero pilotari eskua gogortzen zait”

Jon Miranda

Pilotari bezala aritzeko amaren abizena ibili zuen frontoietan: Altzelai. Gaur egun, Alkiza eta Larrabetzu (Bizkaia) artean bizi da Julen Hernandez Altzelai (Alkiza, 1989). Amets bat zuela aitortu du: bere kabuz lan egitea. Betikoak dituen ingurunearekiko eta osasunarekiko kezkak bizi proiektu bihurtu, eta taloa darabil borrokarako tresna, eko-taloa.

Noiz eta nola hasi zinen pilotan jokatzen?

6-7 urterekin hasi ginen, eta eskola bat motz edo txiki geratzen zitzaigunean eta jende gutxi bazebilen, mugitu egiten ginen: Villabonara edo Añorgara, adibidez. Oso serio hartu nuen pilota kontua. Dena eman nuen. Txapelketa batzuk irabaztea lortu nuen, tartean Elgetako lau t'erdiko azkena. Jokatu dudan bereziena izan da hori, eta baita Ogetan jokatu nuen GRAVNeko finala ere. Gero, ez nintzen gustukoa izan, eta ez ninduten onartu profesional munduan. 2012a zen, krisia bete-betean zegoen, eta pilotariak hartzeko baino gehiago botatzeko garaiak zirela esan ziguten. Hori gertatu ondoren, orrialdea pasa eta liburu berri bat idazten hasi behar nuela pentsatu nuen.

Nola sortu zenuen Eko-Talo proiektua?

Taloek betidanik txunditu izan naute. Galdetu nion neure buruari: zergatik ez atera talo berritzaile bat? Zerbait berezia? Existitzen zen produktu bati aldaketa sakon bat egin nahi nion, batez ere oinarrian: lehengaien jatorrian gehiago sakondu eta ikertu nahi nuen. Jatorri osasungarri bat, bai pertsonentzat eta bai pertsonak bizi diren ingurumenarentzat.

Nondik abiatu zenuen proiektua?

Irina da taloaren oinarrian dagoena eta proiektuaren abiapuntua izan zena. Arazoa izan nuen irin osasungarria eta ekologikoa bilatzeko. Espainiako estatuan saiatu nintzen begiratzen, baina ez nuen erraztasunik izan, ez nuen zuzenki horretan sartuta zegoen inor topatu. Donibane Garazi ondoan, nekazari bat ezagutu nuen arto irina ekologikoan egiten zuena; zazpi barietate ezberdin zituen, eta bere buruarentzat egiten zuen lan. Harekin hartu-emana egin nuen, eta asko gustatu zitzaidan haren filosofia. Ikusi nuen produktu bat jaiotzetik hil arte kontrolatzen ez baduzu ezin duzula ziurtatu ehuneko ehun produktu hori osasungarria denik. Bide horretan sakondu, eta erabaki nuen niretzako propio arto irina sortzea.

Artoa zuk ereiten al duzu?

Haziak ereiten hasi nintzen, eta beste nekazari ekologikoei pasatzen dizkiet haiek landarea erein dezaten. Gero, produkzio hori niregana bueltatzen da. Hasieran, bi ekoizlerekin hasi nintzen, eta Euskal Herri mailan gaur egun zazpi ekoizle ditut —neroni tartean—. Proiektu polita da, barietateen mantenu bat ere egiten dugu. Arto berezi bakoitzak bere prozesua du, eta berreskuratze horretan hiruzpalau urte ematen ditugu.

Gero artoa zuk irintzen duzu?

Bai. Irindu aurretik, ordea, labean sartzen dut. Bizkaian ikasi nuen hori. Behin labetik pasata goxoagoa eta hobea geratzen da artoa; erdi egina geratzen da, eta urdailarentzat errazagoa da irensten. Gero, errota berezkoa dugu hemen etxean, eta alea eskuz ehotzen dugu, galbahetik pasa eta guk nahi diogun lodiera ematen diogu. Guk kontsideratzen dugu irin integrala dela gurea, eta horrek ere urdailari mesede egiten dio.

Osasungarria da zuek egiten duzuen taloa. Zergatik?

Gureak ez du glutenik. Masa egiteko, Bretainiatik jasotako formula bat ekarri genuen —hemengoaren oso antzekoa—, eta lortu dugu talo bat egitea zeliakoentzat aproposa dena, laktosarik gabekoa. Gure postutik ez da inor joango taloa jan ezin duelako. Beti dugu alternatiba bat. Orain arte jan ezin zuten pertsonek taloa jaten dute gure postuan.

Pilotari izanik, ez duzu zailtasunik izango taloa jo ahal izateko.

Pilotari jo beharrean orain taloari jotzen diot. Taloa jotzen dudan bakoitzean eskua gogortzen zaidala iruditzen zait —barrez—. Denek dute arazo bera: nola egin talo bat apurtzen ez dena? Prozesuaz gain, lehengaiak behar du ona izan. Eta guk ehuneko ehuneko bermea dugu: freskoa, ekologikoa eta guk kontrolatutakoa da produktua.

Nola egiten duzue lanketa hori guztia gero saltzeko?

Postu modernoago bat badugu, food-truck bat, altzairuarekin egina eta ikusgarria. Bestalde, txosna moduko bat ere ibiltzen dugu jaiez jai. Bai kasu batean zein bestean kontua da zer transmititu nahi diozun publikoari. Taloaren atzean gauza asko daude, eta horiek azaleratzen saiatzen gara: ekonomia sare oso bat, laborantza sistema bat sostengatzen duzu Eko-Talo postuan kontsumituz gero.

Zerekin betetzen duzue taloa eta zerekin lagundu?

Txorizoa-hirugiharra, gazta-txokolatea binomio horretatik atera nahi genuen taloa. Horiek duten indarra mantendu nahi dugu, baina produktu berriak atera nahi ditugu. Talo begetala nobedade bezala eskaini genuenean, jendeak errezeloz begiratzen zion. Porru, azenario, piper gorri, tipula eta garaiko produktuekin osatzen genuen, brokoliarekin eta azarekin, esate baterako. Prozesu luzeagoa da, baina merezi du. Orain, txanpinoiak ere sartu ditugu, eta artoarekin oso ondo geratzen direla ikusi dugu.

Zein asmo dituzue aurrera begira?

Tabernei bultzada bat eman eta jai giroa sortzeko asmoarekin, talo egunak eta talo jaiak egiten ditugu. Musika eramaten dugu, eta taloa, edaria eta beste hainbat produktu eskaintzen ditugu. Egunerokotasunera eraman nahi dugu, eta ez dugu lotu nahi jaiegun berezi eta bakanekin. Bultzada berri bat eman nahi diogu taloari, gauza berriak egiteko. Ez dezagun antzinako produktu bat balitz bezala ikus, zerbait berritzailea izango balitz bezala baizik, zapore berriak kudeatzeko balio duen jaki moduan.

Mundu osoko 170 dantzari bilduko dira Bidasoan

A. A.

Dantzak eta folkloreak presentzia handia izango dute uztailaren 26ra bitartean, Bidaso inguruan. Iritsi da Gaztefolk. Aurten, eskualde horretako Eraiki taldearekin batera, Georgiako Abkhazia Dance Ensemble, Poloniako Folk and Song Dance, Ukrainako Polisianotxka Danze eta Peruko Soy de Peru ariko dira dantzan. Guztira, 170 dantzari elkartuko dira.

Georgiako taldea nazioarteko hainbat sari jasotakoa da. Herrialde horren historiako hainbat garai biltzen dituen eskaintza egingo du, eta antolatzaileek azaldu dute estilo "bizi eta indartsua" jarriko duela. Poloniako taldeak esperientzia ekarriko du. 1948an sortutakoa da, eta urteak daramatza munduan bidaiatzen —1960ko hamarkadatik—. 40.000 lagun pasatu dira taldetik, eta eragin handia izan du eskualdeko folklorearen transmisioan. Poloniako ia eskualde guztietako dantzak interpretatzen dituzte. Egun, 500 lagun biltzen ditu, hamasei taldetan banatuta, eta horietako batek bisitatuko du Bidasoa.

Sari ugari lortu dituen beste talde bat da Polisianotxka Danze. Eskualdeko dantza tradizional eta herrialdeko dantza nazionalez osatuta dago, eta musika "oso ederra" du, antolatzaileen hitzetan. Soy de Peru, berriz, Limako Santisimo Nombre de Jesus eskola katolikoan sortu zen. Eskolatik kanpoko ekintzetan garrantzia ematen diote dantzari, horrek hezkuntzan eragin positiboa duelakoan. Herrialdeko hainbat eskualdetako ohiturak eta bizipenak erakusten dituzte, eta ekitaldi koloretsua izango dela iragarri du Eraiki dantza taldeak.

Gaur eta bihar, tailerrak

Irunen egingo dituzte ekitaldi gehienak. Hala, atzoko desfilearen eta inaugurazioaren ondoren, San Juan plazan egingo dute emanaldi nagusia gaur, 20:00etan. Goizean, Gazte Eskolako tailerrak izango dira Solas Jolas udalekuetako haurrentzat, hainbat tokitan: Anzaran plazan, Santiagoko frontoian, Alai Txoko parkean eta Puianako plazan.

Bihar ere izango dira tailerrak, baina Zabaltza plazan egingo dituzte, talde guztiek elkarrekin. Irunen hainbat jatorritako jendea bizi dela kontuan hartuta, tailerretara euren herrialdeetako jantziekin joateko deia egin diete antolatzaileek. Igandean, jaialdiaren amaiera ekitaldia egingo dute Amaia kultur zentroan, 20:00etan.

Edonola ere, Gaztefolk ez da Irunen bakarrik egiten, eta, datorren asteartean, hilaren 26an, Hondarribian egingo du geldialdia. Herriko zenbait tokitan erakustaldiak egiten ariko dira arratsaldean, eta, 19:30ean, Maddalen auzoan elkartuko dira talde guztiak. Nafarroatik ere pasatuko da Gaztefolk: etzi, Etxalarren izango da, eta, astelehenean, Beran.

Argazki lehiaketa

Garai berrietara egokitu da Gaztefolken beste adarra, argazki lehiaketa. Hemendik aurrera, formatu digitalera mugatuko da. Jaialdian ateratako argazkiak irailaren 15era bitartean aurkeztu daitezke. Lehiaketaren oinarriak festivalfolklorebidasoa.com webgunean daude.

Dantzak batzen ditu

Dantzak batzen ditu

Aizpea Amas

Heldutasunera iritsi da Gaztefolk Bidasoko Gazteen Nazioarteko Folklore jaialdia, hogei urte bete baititu. Bide horretan, Irun eta inguruko gazteak dantza eta folklorearen munduan murgildu nahi izan dituzte, eta, oraindik ere egiteko bide luzea daukaten arren, dagoeneko finkatutako udako jai bat bihurtu da eskualdean. Aurtengoa egunotan egiten ari dira, eta uztailaren 26ra arte iraungo du.

"Duela hogei urte ez zen deitzen Gaztefolk", zehaztu du ekitaldiren atzean dagoen Eraiki dantza taldeko kide batek, Koldo Riberak. Orduan, Bidasoko Gazteen Folklore Jaialdia zen. Hori sortzeko motibazio nagusia gazteen artean dantza sustatzea izan zen: "Dantza haur eta gaztetxoekin lotzen zen, eta 10-16 urtekoen buelta horretan ikusten genuen dantzariek alde egiten zutela beste aisia aukera batzuetara", azaldu du Riberak. Horrela, dantza jaialdi bat egitea bururatu zitzaien, non protagonistak gazteak eurak izango ziren. Helburu nagusia adin horretako jendea erakartzea eta euren lana erakusteko beste modu bat sortzea zen, eta, "bide batez, nazioartean sona hartzea, kanpoko taldeak erakartzeko". Era berean, Irunen folkloreari lotutako ekintza asko izaten ez zirela ikusita, horien presentzia bermatu eta bultzada eman nahi izan zuten antolatzaileek.

Lehen jaialdi hartan, Espainiako Estatuko taldeen bisita jaso zuten, eta Kroaziatik etorri zen talde bat. Hasierak gogorrak izan zirela du gogoan Riberak: "Jendearen borondatearekin atera genuen aurrera, eta gure dantza taldeko neska-mutilen etxeetara joaten ziren lo egitera". Urteen poderioz, ordea, beste sistema batzuk asmatu dituzte, eta, egun, herriko ikastetxe bat egokitzen dute egoitza gisa —bertan lo egiten dute talde guztiek—. Gazteluzar eskolan egongo dira aurten.

Hogeigarren ekitaldi honetan, Georgiatik, Poloniatik, Perutik eta Ukrainatik etorriko dira dantzariak. Aspaldiko partez, Ozeano Atlantikoa gurutzatzea lortu dute. Nazioarteko taldeak ekartzea, ordea, ez da batere lan samurra izaten, eta administrazio arloko tramiteei —oztopo nagusia— ekonomikoa batu behar zaie. "Gaur egun, jaialdiaren kostuaren zati handi bat boluntario lanaren bidez ateratzen da aurrera; esate baterako, janariak, lo egiteko tokia, garbiketa, kartelak banatzea eta abar haien esku dago". Horiek gabe ezingo litzatekeela jaialdia sostengatu, Riberak zehaztu duenez.

Gaztefolk errotuta dagoen arren, jaialdiak gazterian eta Irungo gizartean eragin handiagoa izan dezan oraindik ere bide luzea duela aitortu du Eraiki dantza taldeko kideak. Gaur egun, hori gauzatu ahal izateko aukerak aztertzen ari dira. Helburuak lortzeko estrategia batzuk ekintza gehiago denbora laburragoan kontzentratzea edo kalean denbora gehiago pasatzea izan daitezke, Riberaren iritziz.

Orain lanean ari diren ildo nagusia elkarlanarena da. Horrela, beste elkarte batzuekin lan egin nahi dute, lagundu dezaten eta jaialdia haz dadin. Dagoeneko hasi dira Solas Jolas udalekuekin lanean, zahar egoitzekin, musika eta kulturaren arlo batzuekin... Esaterako, aurten, Irungo bandaren laguntza izan dute inaugurazio ekitaldian, eta talde bakoitzaren pieza bana jo dute.

Riberaren esanetan, beste erronka bat da jaialdiaren sostengu ekonomikoa eta baliabideak mantentzea. Egun, udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasotzen du. "Atzetik babesa eduki behar dugu, eta, askotan, kosta egiten zaigu hori aurkitzea".

Datozenek, doazenentzat

Datozenek, doazenentzat

Julene Frantzesena
Herritarrek mundu zabaleko edozein tokitara egindako bidaien azalpenak jasotzeko eta bizipenak gainerako herritarrekin partekatzeko, www.neubidaiari.eus ataria sortu dute hiru azpeitiarrek. Bidaia batetik datozenek bidaia batera doaz...

[Herriz herri] Berrobi. Guztia estal ez dezan

[Herriz herri] Berrobi. Guztia estal ez dezan

Maite Alustiza

Urteko "proiektu garrantzitsuena" egin bidean du Berrobiko Udalak: eskolako patioa estaltzea. Adjudikatua dute, eta obrak hastear dira. "Umeak eskolan ez zeudela aprobetxatu nahi genuen. Atzeratu egin da, baina irailerako izango dugu, bai", ziurtatu du Iñigo Aiertza alkateak. Herrian beste edozein egitasmo gauzatzeko bezala, diru laguntza bat behar izan dute estalkia egin ahal izateko —60.000 euro jaso dituzte—. "Ez badaukagu diru laguntzarik, ezin dugu ezer egin". Eskola berriak orain hamar bat urte egin zituzten, eta kanpoan saskibaloian, futbolean eta abarretan jokatzeko tokia du, baina aire zabalean: "Negu partean badakizu zer izaten den hau...". Beste futbol zelai bat badaukate herrian, baina hori ere estali gabe dago.

Patioko kostuarekin "baldintzatuta" dauden arren, udalak ez du nahi horrek gainerako guztia estaltzea. Martxan edo buruan dauzka beste hainbat proiektu, herriko baratzeena, esaterako. Ekogunearekin elkarlanean, baratzeak jartzen ari dira, eta hamalau familiak hartuko dute tokia; "adin desberdinetakoak, emakume zein gizon". Igone Saldias Ingurumen eta Landa Garapeneko zinegotziak azaldu duenez, baratzeetara iristeko bidea egokitu egin dute, eta herritarrek jada probatu ahal izan dute lurra: "Oso ona dela esaten dute. Talde bezala oso ondo ari dira funtzionatzen, Ekoguneak ere ikastaroak ematen dizkie...".

Berrobin jaiotakoak ez ezik, gerora kanpotik etorritakoak ere animatu dira parte hartzera. "Baserritarren jarraipenekoak ez direnak daude tartean. Baserria daukagun askok ez dugu segitu nahi, eta ez daukatenek, berriz, nahi dute. Horrela norberarentzat badute lur sail bat, seme-alabekin joateko... martxa onean ari dira".

Udalbiltzan sartuta dago Berrobi, eta horretan, udalak energia burujabetzarantz pausoak eman ditzaten bultzatu nahi dituzte —kontsumoaren murrizketa, efizientzia, tokian tokiko energiaren sorkuntza...—. Bide horretan, Aiertzak jakinarazi du ikerketa bat hasiko dutela irailean, estaliko duten eskolako patioan: "Estalkia nahiko laua izango denez, eta azalera handikoa, eguzki plakak jartzeko ikerketa bat egingo dugu. Lehenengo ikusi egingo dugu ea jartzea komeniko litzatekeen".

Herriko argiteriari lotuta, kaleetako argiak aldatzen ari dira. "Ez da merkea, baina pixkanaka ari gara LEDak jartzen". Erreka ondoko paseoa argiztatzeko asmoa ere badute: "Jende asko ibiltzen da paseatzen, eta negu partean oso iluna geratzen da. Diru laguntza bat eskatu dugu".

Kanpai hotsak ere berreskuratzekotan dira. Aiertzak azaldu duenez, egungo kanpaiak makineria oso zaharra dauka, eta konpontzen saiatu arren, desgastatuta dago, eta berritzeko asmoa dute: "Jendeak faltan sumatzen du kanpaien soinua". Gaztetxean ere izango dira berrikuntzak: peletako galdara jartzea onartu dute.

Ondo hornituta

Herri txikia izateko "ondo hornituta" daudela uste du Aiertzak. 560 biztanle inguru dauzka Berrobik, eta Tolosatik bost kilometro eskasera dago: "Garraio aldetik jendea gustura dago; autobusa daukagu, eta Tolosaldean gehien erabiltzen den linea da". Mediku zerbitzua astean bitan izaten dute, eta jendea "konforme" dagoelakoan daude. Horrez gain, denda bat dute, farmazia, okindegia, harakina, elkartea eta bi taberna.

Azpiegituren aldetik dituzten asmoez gain, herritarrei begira jardun nahi du udalak. Jendea "aktibatu" nahi dute, eta, Saldiasen arabera, zeregin horretan dabiltza: "Giroa nahiko hotza edo urrunekoa zegoen udalaren eta herritarren artean, eta dinamizazio lana egiten saiatzen ari gara. Saiatu gara herria pixka bat mugitzen, bai gazteak, erretiratuak... parte hartzea gehitzen".

Herritarren hitza

Abuztuaren 28aren bueltan izango dituzte festak Berrobin, sanagustinak. Herritarren parte hartzea aintzat hartuta, jaiak haiekin antolatu nahi izan dituzte, Saldiasek azaldu duenez: "Umeen Eguna eurekin antolatu nahi izan dugu, erretiratuena eurekin... Nahiz eta festa batzorde bat osatuta eduki, egun bakoitza dagokionarekin osatzen saiatu gara. Umeena aberasgarri joan da; beraiek hartu dute protagonismoa, eta ez da egin beti bezala, handien burutik pentsatuta".

Festetatik aparte ere, parte hartzeari garrantzia eman nahi dio udalak, aurrekontuak osatzerakoan, adibidez. Proposamenak gauzatu ahal izateko, ordea, patioaren estalkiak jartzen dizkien mugak gogoratu ditu Aiertzak: "Larri gabiltza patioko kostua ordaintzeko, eta badauzkagu jendeak egin dituen eskaerak, baina ezin ditugu aurrera eraman nola ibiliko garen ziurtatu arte". Bat dator Saldias: "Aurten orain arte ez dugu erantzun berezirik eman aurrekontu aldetik harrapatuta gaudelako, baina zerrenda luze bat badaukagu, herritarrek behar bezala ikusten dituztenekin. Horra joko dugu estalkiarena bukatu ondoren". Besteak beste, herriko parkea, herrian dagoen baranda falta eta txakur kaken inguruko neurriak aipatu dituzte. "Oso kontziente gara horiez, eta aurre egin nahi diegu, baina zifra ekonomikoak egin arte".

Zezenik ez izatea, zezenik galantena

Danel Agirre
Goiz osoa eman dut Youtuberi begira eta kronikak irakurtzen, Jose Tomasek hain erromesaldi leialak nola eragiten ote dituen ulertu nahian. Zezenketak arrotzak zaizkit, eta, kontsultatu ditudan ABC-ko kazetariek lexiko oso bitxia darabilten...

“Herri txikia izanik, denok ezagutzen dugu elkar. Gustuko dut hori”

Olaia Iraola

Herrian bertan dagoen mandrilak egiteko enpresa batean egiten du lan Joseba Esnaolak (Berrobi, 1993). Egun lesio bat duen arren, duela gutxira arte harri jasotzen ibili da. Lesioa sendatu ostean txapelketetara bueltatzea da bere nahia.

Nola aldatu da herria txikia zinenetik?

Etxe berri asko egin dituzte, baita eskola berriak ere. Okindegi bat ere jarri dute, eta horrek ere eragin du herrian. Izan ere, duela gutxira arte herriko denda txiki batean edo harategian erosten genuen ogia. Jende asko ibiltzen da bai okindegian eta baita tabernan ere. Horrez gain, kanpotik jendea etorri da, eta hori ere nabaritu da herrian.

Herritik zer da gehien gustatzen zaizuna?

Herria txikia izanik, denok ezagutzen dugu elkar. Gustuko dut hori.

Zerbait aldatuko al zenuke?

Ezer gutxi aldatuko nuke. Kiroldegi bat egotea, adibidez, ondo legoke. Jende asko joango litzateke bertara; izan ere, orain herritik irten behar da kiroldegi batera joateko.

Zein da herriko txokorik gustukoena?

Lagunekin, familiarekin... herriko tabernan egoten naiz askotan. Kalean ez naiz asko ibiltzen, eta egoten naizen gutxi hori tabernan egoten naiz. Horrez gain, herriak askorik ez du ikusteko, baina oinez ibiltzera irteteko ondo dago. Herritik irten eta bi aldeetan mendiak daude.

Herrian zu baino lehenago ez da harri-jasotzailerik egon...

Txikitatik gustatu izan zait harri-jasotzea. Berrobin inor ez zen izan lehenago, eta nire familiatik ere inor ez. Mendizabal tabernakoari [Azpeitia] ahari bat ematera joan ginen behin. Bertakoak harria jasotzen probatzeko aukera eman zidan, eta egun batetik bestera hasi nintzen horretan.

Erakustaldi bat edo beste ere egin duzu...

Mendizabalekin hasi eta hiru-lau hilabetera Kintopeko Txapelketan irten nintzen, Zestoan. 21 urtetik beherakoen txapelketa zen. Hori izan zen nire aurrenengo erakustaldia. Lauk hartu genuen parte, eta hirugarren gelditu nintzen. Hasiberria nintzen, eta, azkena ez geldituta, gustura gelditu nintzen.

Gero, denboraldi batez bakarrik ibili nintzen. Handik gutxira, Adunako Iñaki Gorostidi harri jasotzen ibili zenarekin entrenatzen hasi nintzen. Berrobiko plazan, 18 urte nituela, 200 kiloko harria jaso nuen, eta, handik gutxira, 215 kilokoa. Ondoren, 220 kilokoa altxatu nuen Alegiako festetan. Horiek dira egin ditudan saio nabarmenenak harria jasotzen.

Orain lesio bat duzu...

Gerriko lesio bat daukat, eta ordutik geldirik nago. Beldurra ematen dit orain, baina, aldi berean, jendea harria jasotzen ikusteak inbidia ematen dit.

Zerbait txarra ba al dauka harri-jasotzeak?

Kirol guztietan gertatzen den moduan, lesioak izateko arriskua dago. Gainera, indar eta esfortzu handia eskaini beharreko kirola da. Hala ere, jendeak ematen dizun indarra ezin da hitzekin azaldu. Ikaragarria da harria jasotzean nahiz gero duzun poztasuna.

Zein da harria jasotzen eduki duzun ibilbideko unerik politena?

Guztiak dira politak, baina Berrobin egindako lehenengo erakustaldiarekin gelditzen naiz, 200 kiloko altxaldiarekin. Ikaragarria izan zen.

Herri bete euskaldun berri

Herri bete euskaldun berri

Olaia Iraola

Duela 42 urte hasi ziren Lazkaon helduentzako euskara eskolak ematen. Hasierako ikastaro horiek uztailean izaten ziren. Ikasleek herritarren etxeetan pasatzen zuten gaua, eta jatorduak herriko eskolan ematen zituzten. Pixkanaka-pixkanaka, hedatuz joan zen egitasmoa, eta, 1988an, gaur egun martxan dagoen Maizpide barnetegi euskaltegia sortu zuten.

"Barnetegiaren helburua jendeak euskara ahalik eta azkarren eta ahalik eta ondoen ikastea da. Barnetegiak 24 orduz euskaraz bizitzeko aukera ematen die", azaldu du Jon Urdangarin Maizpideko zuzendariak (Lazkao, 1965). Egunean zortzi eskola ordu hartzeaz gain, barnetegiko ikasleek irakasleekin bazkaltzen eta afaltzen dute. Gainera, kultur ekintzak eta tailerrak ere egiten dituzte. Larunbatetan klaseak izaten dituzte, eta igandeetan txango bat egiten dute. Duela urtebete, 516 ikaslek jaso zituzten udako ikastaroak Maizpiden, eta aurten ere kopuru horretara heltzea espero dutela azaldu du Urdangarinek: "Ikasle kopurua aurreikustea ez da erraza; izan ere, jendeak azkeneko momentuan ematen du izena. Hala ere, aurreko urteko kopuruaren bueltan ibiliko garela uste dut".

Urtean zehar profil ezberdinetako jendea animatzen da Maizpiden euskara ikastera, zuzendariaren esanetan: "Urtean zehar ikasle gehienek lanerako euskara behar dutelako ematen dute izena euskaltegian. Udan profila aldatzen da, eta kanpoko jendea etortzen hasten da. Gaztetxoak ere etortzen dira, eta baita oposizioak prestatzen ari direnak edota lanerako euskara behar dutenak ere". Euskaltegiko ikasleen profila, berriz, honela definitzen du: euskalduna, bizkaitarra eta emakumea, 30-40 urtekoa.

Maila ezberdinetako jendeak ematen du izena Maizpideko ikastaroetan. Nerea Zabaleta (Iruñea, 1982) B1 mailako klasean dago. Betidanik gustatu izan zaio euskara, eta etorkizunerako positiboa izango dela uste du. "Hemen euskara ikastea erraza da, une oro ari baikara euskaraz hitz egiten. Gainera, azkar pasatzen da denbora", azaldu du iruindarrak. Bost hilabete daramatza euskara ikasten, eta gogorra den arren merezi duela azpimarratu du.

Urdangarinen iritziz, C1 mailan erakustea edo hasiera mailan erakustea ez da berdin: "Euskaraz ez dakien norbaiti erakustea ez da erraza, gaizki-ulertuak sor baitaitezke. Jendearekin harreman estua eduki behar duzu, eta hizkuntzaz kanpoko estrategiak ere erabili behar dira euskaraz hutsetik erakusteko. Maila altua duten ikasleei erakustea eta egiten dituzten akatsak zuzentzea, nire ustez, errazagoa da".

Jatorri euskalduna duen baina Euskal Herrian bizi ez den jendea ere animatu da Maizpideko ikastaroak jasotzera. Horietako bat urtean zehar on line jardun da euskara ikasten AEBetatik, eta udan praktikatzera etortzen da: "Aitona-amonak hemengoak zituen, eta badu lurraldearekiko eta euskararekiko lotura", azaldu du zuzendariak. Hemen bizi direnek baina jatorriz hemengoak ez direnek ere badute euskara ikasteko interesa Urdangarinen arabera: "Vietnamen jaio baina hemen bizi direnak, marokoarrak eta hona bizitzera etorri direnak, bartzelonarrak nahiz madrildarrak ere pasa dira Maizpidetik".

Lazkaoko herritarren laguntza ere badutela dio lazkaotarrak: "Maizpide Lazkao erdian dago, eta euskaldun berriak hartzeko goxotasuna daukate herritarrek. Leku ona da euskara ikasteko. Tabernariek txantxak ere egiten dizkiete ikasleei: 'baso bat ur' esan beharrean 'ur baso bat' eskatuta basoa hutsik ateratzen die. Asko laguntzen die".

Atzerritarrak barnetegian

Aurtengo udan, besteak beste, AEBetako eta Alemaniako jendea iritsi da Lazkaora euskara ikasteko helburuarekin. Juliette Blevins (New Jersey, 1960) eta Rebecca Blevins (Ingalaterra, 1997) ama-alabak dira, eta Maizpideko barnetegian ari dira euskara ikasten. Ama hizkuntzalaritzako irakaslea da, eta alaba, hizkuntzalaritzako ikaslea. Laugarren egunerako jada hitz solteak ikasiak dituzte. "Alemana, frantsesa, gaztelania eta txinera dakizkit. Orain, euskaraz hitz egiten ikasi nahi dut. Orain arte entzun ere egin gabe nengoen, eta ama eta biok etorri gara barnetegira", azaldu du Rebeccak. Julietteri bere ikasle batek sortu zion euskararekiko interesa: "Ikasle batek Euskal Herriaren inguruan egiten ari zen lan baterako laguntza eskatu zidan. Historiarekin lagundu nion, baina euskaraz ikasteko beharra sentitu nuen momentu batean. Uste nuen bestela ezingo nuela lanarekin jarraitu, eta hemen gaude". Australian nahiz Indian egon da hizkuntza gutxituen inguruko ikerketak egiten, eta Maizpide oso ondo antolatuta dagoela azaldu du: "Munduko hainbat eskolatan egon naiz hizkuntzak aztertzen, eta onenetariko bat da Maizpide". Alaba erraz ari da euskara ikasten; amak, aldiz, adinean aurrera joan ahala hizkuntza bat ikasten gehiago kostatzen dela esan du.

Simon Dold (Alemania, 1986) duela hamahiru urte etorri zen lehenengo aldiz Euskal Herrira. Ordutik urtero etorri izan da hemengo lagunak bisitatzera. Konstantzako (Alemania) unibertsitate batean ikasten du, eta ikasgai bat euskaraz dauka. Doktoretza linguistikoa ari da ikasten, eta euskarak gaztelanian duen eragina ari da aztertzen. Abuztutik Baionan bizi da, eta urritik ekainera arte AEK-ko ikastaroekin euskara lantzen aritu ostean orain Maizpiden dago. "Pixkanaka-pixkanaka nire martxan ari naiz euskara ikasten. Ez da zaila, eta, gainera, oso logikoa da".

Euskararen egungo egoera

Euskararen egoera hobeto ikustea gustatuko litzaioke Urdangarini: "Ahalegina egin da, eta eskolan euskara erakusten da, baina ez du fruiturik eman. Eskolatik irtetean jendeak ez du erabiltzen euskara, eta horregatik ez du maila altua". Behar baino gutxiago baloratzen dela baina jendeak euskararekiko ikuspegi txarrik ez duela azaldu du zuzendariak: "Jendea euskarara gonbidatu behar da, baina batzuetan zaila da; izan ere, euskal mundua zaila da, eta asko dago egiteko".

Hala ere, euskarari etorkizun positiboa ikusten dio Urdangarinek: "Jatorri ezberdinetako jendea ari da Maizpiden euskara ikasten, eta arrazoi desberdingatik daude denak. Horiek euskarak lotzen ditu, eta poza ematen du horrek. Euskarak duen berezitasunak eta txikitasunak badu lekua munduan, eta hala izango du gerora ere".