gipuzkoa

Maldan Behera, baina goraka

Maldan Behera, baina goraka

Maialen Igartua

Kirola da, ala festetako ekitaldi zoro bat? Goitibeherei buruz hitz egitean, galdera soil horrek behin baino gehiagotan amaitzen du eztabaidarako gai izaten. Kirola dela defendatuko dute batzuek, prestaketa eskatzen duena, eta lehia bultzatzen duena. Beste batzuek, berriz, ikuskizuna eskaintzen duen ekitaldi baten modura ikusiko dute; eta gazteen ustezko erokeriarekin eta burugabekeriarekin lotzen duenik ere izango da. Legazpiko Maldan Behera elkarteak garbi du: kirola da. Gizarteak ere beraiek bezain garbi izan dezan dute helburu, eta, horretarako, hainbat ekintza antolatzen dituzte, haurrekin hasita.

2013an sortutako elkarte bat da Maldan Behera, inertzia kirolak indartzeko asmoz. Gipuzkoan sortutako lehenengo inertzia kirolen elkartea izan zen. Hainbat legazpiarren eta oñatiarren artean sortu zuten: Iker Aztiri, Aitor Aztiri, Iker Mugertza, Joseba Astondoa, Xabi Mugertza eta Julen Agirreburualde. Denak goitibehera pilotuak ziren, eta, hasieran, funtzio hori betetzen zuen Maldan Beherak: pilotuen elkarte izatea. Gero, ordea, taldekide asko rallyen mundura pasatu ziren, eta, gaur egun, Agirreburualdek baino ez du jarraitzen. Kide berri batzuekin batera osatzen du elkartea, baina, gaur egun, oso bestelako norabideari jarraitzen diote. "Elkarteko pilotu bakarra ni naiz; orain elkartearen xedea ekitaldiak antolatzea da, goitibeheren inguruko afizio bat sortzeko", azaldu du Agirreburualdek.

Besteak beste, Challenge Gipuzkoa txapelketa antolatzen dute. Herriz herri egiten diren hainbat lasterketatan lortzen dira puntuak txapelketa horretarako. "Challenge-arekin hasi ginenetik nabari da gorakada", esan du legazpiarrak. "Jendea ilusionaturik ikusten da; lehen beren herriko lasterketan baino parte hartzen ez zuten batzuk inguruko herrietara mugitzen hasi dira, puntuak lortzeko".

Dena den, Maldan Behera elkartearen asmo nagusia harrobi indartsu bat sortzea da; hau da, txikitatik afizio bat sortzea. Horretarako, herriz herri erakustaldiak egiten dituzte Sputnik izeneko goitibeherekin. Goitibehera sinple-sinpleak dira Sputnik-ak, edozeinek erabiltzeko modukoak. "Betiko goitibehera cuatropaloak dira, baina modernizatuta".

Kalixto Garciak, Bizkaian bizi den madrildar batek, patentatutako modeloa da Sputnik. Dena den, Agirreburualdek ere parte hartu zuen produktuaren sortze prozesuan, ideiak emanez eta ekarpenak eginez. "Gaur egun, haurrek ez dute ohiturarik garajean sartu eta goitibehera bat sortzeko; hortaz, beharrezkoa ikusi genuen sortutako zerbait jartzea haien eskura", azaldu du legazpiarrak. Frenoak jartzea ere ezinbestekoa iruditu zitzaien.

Hasieran, Sputnik goitibeherak alokairuan uzten hasi zen Maldan Behera elkartea. Zortzi ibilgailu zituzten, eta erakustaldiak egiten zituzten herriz herri, haurrek proba zitzaten. Orain, pauso handi bat eman dute, ordea: Sputnik-ak ekoizteko eta saltzeko lizentzia lortu dute zazpi urte eta erdirako. Espainiako Estatuan lizentzia hori duen elkarte bakarra da. Irailean hasiko dira ekoizten, eta lehenengo labekada 80 goitibeherakoa izango da.

Agirreburualderen hitzetan, orain arteko erakustaldietan "arrakasta handia" izan dute Sputnik-ek. "Azken finean, gurasoei beren gaztetako goitibeherak gogorarazten dizkiete, eta lotura bat sortzen da haurren eta gurasoen artean". Hainbat abantaila ditu, legazpiarraren esanetan: esaterako, txikia dela eta edozein lekutan erabil daitekeela. "Ekitaldiro galdetzen ziguten ea non eros zitezkeen, eta orain badugu saltzeko modua".

Europako txapelketara doa

Agirreburualdek ongi daki zenbaterainokoa den harrobi sendo baten garrantzia. Izan ere, bera ere umetan hasi zen goitibeherak egin eta haien gainean maldan behera. Hamabi urterekin egin zuen lehen goitibehera, lagun artean, eta hamaseirekin lehiatu zen lehenengoz, Urretxuko jaietan. Umetan afizio soil zuen hura, ordea, ia-ia ofizio bihurtu zaio. "Ez da ofizioa, ez dudalako ezer irabazten, baina egunero-egunero dedikatzen diot denbora", adierazi du.

Eta eguneroko dedikazio horrek fruitua eman du. Agirreburualdek Inertzia Kirolen Europako Txapelketan parte hartuko du, gaur hasi eta igandera arte, Belgikan. Ez du lehenengo aldia: iaz, Italian izan zen, Europako Txapelketa jokatzen orduan ere. Espainiako federazioak aukeratuta doa, zortzi bat laguneko taldetxo batekin. Gipuzkoar bakarra izango da, baina ez euskaldun bakarra: bizkaitar batek ere parte hartuko du, baina Suitzako selekzioarekin.

Nola ez, Maldan Behera elkarteko kide batek lagunduko dio bere abenturan. Izan ere, pilotuak bezainbesteko garrantzia izaten du ibilgailuak inertzia lasterketetan. Kideak lagunduko dio beharrezko moldaketak egiten. Hain zuzen ere, horretan pasatzen dute urte osoa: ibilgailua probatu eta aldaketa txikien bidez xehetasunak hobetzen.

Agirreburualdek bitan irabazi du Euskal Liga, eta Espainiako Kopan bigarren eta hirugarren postuak ditu lortuak. Europako txapelketan, C8 kategorian lehiatuko da. Motorrik gabeko car-ak lehiatzen dira kategoria horretan. Agirreburualdek iaz erosi zuen C8 kategoriako ibilgailua, eta, aurten, hainbat lasterketatan parte hartu du harekin.

Legazpiarrentzat zein gipuzkoar guztientzat erreferentzia izan daitezke Agirreburualde eta Maldan Behera elkartea. Egun, Eskoriatzan baino ez dago beste goitibehera elkarte bat, baina haiek herriko jaietako lasterketa baino ez dute antolatzen. Legazpiarren helburua harago doa. Goitibeherekiko eta inertzia kirolekiko sentitzen duten maitasuna helarazi nahi diete gainontzekoei. Gogor ari dira lanean, behera irrist eginez gora eta gora egiteko.

“Jaiak ikuskizun hutsa ziren, eta hori ez zen Piraten ustea soilik”

“Jaiak ikuskizun hutsa ziren, eta hori ez zen Piraten ustea soilik”

Eider Goenaga Lizaso

Herri jaiak abordatzera! Aste Nagusia abordatzera! Hiria abordatzera! 2003an, zazpi baltsa atera ziren Donostiako portutik Kontxako hondartzara; hura izan zen Piraten mugimenduaren lehen harria. Hamahiru urte geroago, Aste Nagusiaren atarian, Donostiako Piraten mugimenduak heldutasuna, esperientzia eta, batez ere, jendearen aitortza irabazi dituela uste du Batiste Ezeizak (Donostia, 1985), mugimenduko bozeramaileetako batek. "Ez dut uste orain dela hamahiru urte inork esperoko genuenik mugimendu honek lortu duena lortuko zuenik. Mugimendua asko zabaldu da, profil ezberdineko jende askok bat egiten du Piratekin eta, zazpi baltsa izan ondoren, iazko abordatzean 350-400 baltsa irten ginen".

Piratek egitarau propioa aurkezten dute Aste Nagusian, La Flamenka gunean —portuan—: herri bazkaria, umeentzako jarduerak, kirol ekintzak, kofradien jokoak, kontzertuak... eta, nola ez, abordatzea. "Urteekin, jendearen aitortza, jendearen ezagutza lortu dugu Piratek. Hasierako inpresioa agian bazen 'hauek astapotro kuadrilla bat dira', baina irudi hori joan da aldatuz; jendeak ulertzen du zer den Piraten mugimendua eta zertarako ari garen lanean".

Jaien egitarau ofizialak urteotan lehengoari eutsi diola eta horren kontra ezer ez dutela nabarmendu du Ezeizak. "Guk ez dugu esaten lehen egiten zena kendu behar denik. Suak daude, eta Saguesko kontzertuak ere bai; jendea joaten da horietara, eta egin behar dira. Baina guk beste osagarri bat gehitu diogu; jai herrikoiak eta parte hartzaileak antolatu ditugu, Aste Nagusiko betiko eskaintza osatu dugu, eta aberastu egin dugu". Hala, gaur egun Aste Nagusia Piraten mugimendua gabe ulertzerik ez dagoela iritzi dio, Aste Nagusiaren sinbolo bilakatu direla. "Pentsa, iaz Noticias de Gipuzkoa egunkariak Piraten irudi batekin ilustratu zuen Aste Nagusiko egitaraua, eta TVEko berriemailea pirataz jantzita ibili zen Aste Nagusiko erreportajeak grabatzen".

2003ko abordatze hura ez zen gazte batzuen burutazio eroa izan. "Parte Zaharreko tabernariek sustatu zuten, beste mota bateko Aste Nagusi baten beharra ikusten zutelako; gero, gazteek hartu zuten beren gain, eta, orain, duela bost urtetik, kofradiek hartu dute antolaketaren pisua. Gabezia handi bati erantzutera etorri zen Piraten mugimendua. Aste Nagusia ikuskizun hutsa zen, ez zen batere parte hartzailea, eta horren falta sumatzen zen. Denborarekin ikusi da hori ez zela Piraten ustea soilik".

Jai parte hartzaileak nahi dituzte piratek, herri jaiak, eta, jaiak eraldatzetik abiatuta, hiriari berari eta bizitzeko moduari buruzko gogoeta eta ariketa praktikoa sustatu nahi dute. "Jaiak esperimentazio eremu oso polita dira, egunerokoa apurtzeko eta konbentzioak hausteko aukera ematen dute, eta hori baliatzen dugu".

Piratek kontsumo eredu eta gizarte eredu jakin bat sustatzen dute, eredu euskaldun eta parekidea bultzatzen dute, hiri parte hartzailea, hainbat gai eta balio jartzen dituzte mahai gainean, bai Aste Nagusiaren testuinguruan eta bai urte osoko jardueretan. "Eta ikuspegi hori txertatzen saiatzen gara egiten ditugun gauza guztietan; betiere, jai giroak ematen dituen aukerak baliatuta". Aurten Aste Nagusiko leloa Gora kai herrikoiak izango da.

Gero eta zailago

Urte osoan aritzen dira Piratak hiri eredu berri bat lantzen lagunduko dieten altxorren bila. Baina, dudarik ez: haien ikurra abordatzea da. "Gero eta zailago jartzen digute, hala ere. Portua oso espazio berezia da, eta, baimenak eskatzean, Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala eta Espainiako Gobernua sartzen dira tartean; eta batzuetan batzuek eta besteetan besteek jartzen dizkigute zailtasunak". Oztopo horiek, ordea, hurrengo urtean areagotuko direlakoan dago Ezeiza. "Obrak egin behar dituzte Donostiako kaian, eta guk erabiltzen dugun espazioa ezingo dugu erabili. Bestalde, azken urteetan abordatzea Aste Nagusiko egitarau ofizialaren parte da; beraz, ikusiko dugu ea zein konponbide topatzen dugun".

Aurtengoari begira, berriz, piratak jada ari dira abordatzerako ontziak prestatzen. Ezeizak ziurtasun osoz erantzun die abordatzearen segurtasunari buruz egin diren adierazpenei: "Legeak ezartzen dituen segurtasun neurriak baino gehiago hartzen ditugu. Ekitaldi segururik baldin badago, hori abordatzea da".

Hamabostaldia hamaseialdian

Hamabostaldia hamaseialdian

Eider Goenaga Lizaso

ultur eskaintzaz betetako urtean, 2016ko abuztuko egitaraua osatzera dator aurten Donostiako Musika Hamabostaldia. Musika eskaintza zabalarekin, aurten ere aritu, aditu, zale eta abarren belarriak gozamenez betetzeko asmoz prestatu dute egitaraua, abuztuaren 4tik 31ra. Ohi bezala, musika Donostiako txoko guztietara helaraziko du Hamabostaldiak, eta baita Gipuzkoan barrena, Lapurdira, Nafarroara eta Arabara ere. Euskadiko eta Bilboko orkestra sinfonikoek aurrenekoz elkarrekin eskainiko duten emanaldia izango da egitarauko harribitxietako bat.

INAUGURAZIO EGUNA

Dantzak eta musikak emango diote aurten hasiera Hamabostaldiari. Hamahiru proposamen egin dituzte abuztuaren 4ko egitarauan, musikaz betetako hilabeteari merezitako hasiera emateko. 12:00etan, hiru toki ezberdinetan egingo dira lehen emanaldiak: udaletxeko batzar aretoan, Johannes Fleischmann biolin jotzaileak eta Anna Magdalena Kokits pianistak Beethoven, Stravinsky eta Xostakovitxen piezak joko dituzte; Jose Maria Sert plazan, Dana laukoteak Dvorak eta Mozarten lanak eskainiko ditu; eta, Intxaurrondoko Sagastieder plazan, Crespo's Brass taldeak metalen kontzertua emango du.

Dantzak, ordea, protagonismo berezia izango du egun horretan. 19:00etan, Tio Teronen Semeak dantza taldeak FreshCool ikuskizuna eskainiko du, Kursaaleko terrazetan; eta, egunari amaiera jartzeko, 20:00etan, Kresala dantza taldearen Oteizaren kaxa beltza ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute ikusleek, hipodromoan.

KURSAAL AUDITORIUMA

Nazioarteko orkestra garrantzitsuak izango dira aurten Kursaal auditoriumean. Budapest Festival Orchestrak hiru emanaldi egingo ditu: abuztuaren 20an, bakarkako kontzertua izango da, Stravinsky, Bartok eta Dvoraken obrekin; abuztuaren 21ean, Gustav Mahlerren 3. Sinfonia interpretatuko dute, Orfeoi Txikiarekin eta Donostiako Orfeoiarekin; eta, abuztuaren 23an, Mozarten azken urtea emanaldia eskainiko dute, Belgikako Collegium Vocale Gent abesbatzarekin. Frankfurteko Irratiaren Orkestra Sinfonikoak beste bi kontzertu eskainiko ditu: abuztuaren 27an, Andra Mari abesbatzarekin, eta abuztuaren 28an, bakarka.

Aurten, baina, nazioarteko orkestrek baino pisu handiagoa izango dute hemengoek. Izan ere, aurreneko aldiz, elkarrekin joko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak, abuztuaren 31n, eta haiekin batera ariko dira Donostiako eta Iruñeko orfeoiak, Easo Eskolania eta Araoz gazte abesbatza. Hector Berlioz, Francisco de Madina eta Pablo Sorozabalen obrak eskainiko dituzte.

Kursaaleko egitaraua, besteak beste, balletak eta operak osatuko dute aurten. Abuztuaren 7an, Genevako Antzoki Nagusiko Balletak Richard Wagner konpositorearen Tristan eta Isolda balleta taularatuko du; eta, abuztuaren 13an, Mozarten Don Giovanni opera eskainiko dute, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak lagunduta.

ORGANO ZIKLOA

Nazioarteko interprete entzutetsuenek osatutako egitarauan, hamabi kontzertu programatu ditu Hamabostaldiak Organo Zikloan. Emanaldiak, Donostian ez ezik, Ataunen, Tolosan, Usurbilen, Azpeitian, Azkoitian, Deban eta Orion izango dira, abuztuaren 7tik abuztuaren 12ra bitartean.

Ohi denez, organo jotzaile esanguratsuak gonbidatu dituzte aurten ere Hamabostaldira; tartean, besteak beste, Juan Paradell —abuztuaren 8an— Vatikanoko Sixtoren Kaperako organo jotzailea, Daniel Roth frantziarra, Burkhard Ascherl alemaniarra eta nazioarteko hainbat lehiaketa irabazi dituen Joonho Park hego-korear gaztea.

Zikloa amaitzeko, Organo Erromantikoaren Nazioarteko Ikastaroan jardun diren ikasleek eskainiko dute kontzertua. Abuztuaren 12an izango da, 20:00etan, Koruko Andre Mariaren elizan.

HAURRENTZAKO EGITARAUA

Haurrentzako eskaintza berezia landu du aurten ere Musika Hamabostaldiak. Abuztuko larunbat guztietan, Kursaalean, ipuin kontalariek gozatuko dituzte etxeko txikienen belarriak, musikari gazteen laguntzarekin. Abuztuaren 6an, Saioa Aizpurua ipuin kontalariak Ane Artetxe harpa jotzailearen laguntza izango du; 13an, Amaia Fernandez ipuin kontalaria eta Elena Setien biolin jotzailea izango dira; 20an, Fernandezek, ipuina kontatzeaz gain, gitarra eta eskusoinua ere joko ditu; eta, 27an, Gaizka Segi piano jotzailea izango du laguntzaile Fernandezek.

Haurrentzako egitarauan, ordea, Haurren Eguna izango da ekitaldirik garrantzitsuena, abuztuaren 30ean. Musika Bai musika udalekuetako umeek eta gazteek emanaldia eskainiko dute, 17:00etan, Okendo plazan. Eta, ordu berean, Kursaalean, Ur gaineko etxea ikuskizunerako sarrera duten umeek tailerra egingo dute, Maushaus taldearekin, eta Noeren Ontzia eraikiko dute, hainbat material erabilita. 19:00etan izango da Ur gaineko etxea ikuskizuna: Noeren Kutxari buruzko mitoaren moldaketa garaikidea da, eta kontaketak, txotxongiloek, keinu bidezko antzerkiak eta proiekzioek osatzen dute.

Abuztuaren 31n, Kursaalean, Elena Odriozolarekin egingo dute tailerra umeek, 11:30ean; eta, ordu berean, Joklabs elektronikarekin musika instrumentuak sortzeko tailerra egingo dute Tabakaleran.

DONOSTIATIK KANPO

Hainbat ikastarok, Antzinako Musika Zikloak, Interprete Gazteen Zikloak, Hamabostaldia Araban eta Musika Aitzaki zikloak osatzen dute Hamabostaldiko egitaraua. Musika Aitzakik Donostiatik kanpora eramaten du Hamabostaldiaren eskaintza, eta, aurten, Gipuzkoatik at ere bai: abuztuaren 19an eta 26an, Senperen (Lapurdi) izango dira kontzertuak, eta, 20an, Leireko monasterioan (Nafarroa). Abuztuaren 26koan, Senperen, aurretik Pasai San Pedron, Deban, Orion eta Getarian eskainitako emanaldi bera eskainiko dute Labradorreko (Kanada) Newman Sound abesbatzak eta Easo abesbatzak.

Hamabostaldiak urtero Arantzazun antolatzen duen kontzertua, berriz, abuztuaren 25ean izango da. Aurten, Ara Malikian biolin jotzaile armeniarraren eta haren taldearen emanaldia izango da.

Isiltzera doa ‘eskandalue’

Isiltzera doa ‘eskandalue’

Julene Frantzesena
Aurreneko aldiz Marea Arroxaren kalejira baterako elkartu ziren. Egun berean baina sei urtera, bihar, Skandalue elektrotxarangak ibilbideko azken kontzertua emango du. Izan ere, 2010eko uztailaren 30 hartan, "behin jotzeko" elkartu ...

“Ilusioa berpiztea eta helburuak lortzea dira gure bi oinarriak”

“Ilusioa berpiztea eta helburuak lortzea dira gure bi oinarriak”

Iñaki Gurrutxaga

Ume-umetan hasi zen errugbian jokatzen Javi Perlines (Ordizia, 1972). Orain ez urte askora arte, jokalari izan da —hirugarren lerroko postuan—, eta Ampo Ordiziako bigarren taldeko entrenatzaile ere aritu da. "Errugbia nire pasioa da". Gaur-gaurkoz, ORE Ordizia Rugby Elkarteko kirol zuzendaritzako burua da. Egin duten hausnarketaren eta hartutako erabakien inguruan hitz egin du.

Lehen taldearen denboraldia bukatu berritan, OREko zuzendaritza bidegurutze batean zegoela nabarmendu zuen klubak. Zer da zehazki gertatu dena?

Hausnarketa serio bat egin dugu, jende askok parte hartu du, eta elkartu garenok gogo handiarekin gaude, ilusio handiarekin. Espero ez diren emaitzak lortzen direnean, badirudi dena kolokan jartzen dela. Denboraldi hasieran, bost partida jarraian irabazi genituen, ilusioa berpiztu zen; gero, bolada eskasa etorri zen, eta badirudi ilusio hori guztia pikutara joaten dela bat-batean. Hausnarketarekin jarraituko dugu denboraldi guztian, baina, oraingoz, hau egin dugu. Arlo askotan lan asko egiten ari gara, eta oso gustura gaude egiten ari garenarekin.

Barne krisi hitza ere aipatu da. Nola bideratu duzue? Zein izan dira hartutako lehen erabakiak?

Krisia baino gehiago, hausnarketa baten beharra esango nuke. Egonezin hori sumatzen zen, bai klubean, bai zaleen artean eta bai herrian. Askotan, emaitzei lotutako egonezina da. Emaitzak onak badira, gaitz guztiak desagertu egiten dira, baina horrelako eskualde txiki batean segituan sumatzen da taldearen martxa, eta horrek asko exijitzen du. Lanean ari zen taldea oso murritza zen, eta, orain, klubean beste zeregin batzuetan aritu garenok egin dugu urratsa, horietako asko gazteak. Lehen taldearen emaitzek eragindako hausnarketa bat izan da, gainontzeko taldeek denboraldi ona egin baitute. Krisirik ez dago.

Lehen zeregina kirol zuzendaritza berria eratzea izan da, eta zu zara talde horretako buru. Zein izango da edo zein ari da izaten zure egiteko nagusia?

Nire egitekoa eta nire ondoan daudenena ditugun talde guztiak sendotzea izan da. Bitan banatu dugu kirol zuzendaritza: batzuk, 16 urtetik gorakoekin, eta beste batzuk, beherakoekin. Lan handiena lehen taldeari itxura ematea da, postu guztiak ondo betetzea. Prestatzaile fisiko berriarekin ere oso gustura dago jendea.

Organigrama berriaren helburua lanak banatzea da, bakoitzak bere zeregina hobeto egin ahal izateko. Nola osatu duzue?

Kirol arloa, kudeaketa eta zuzendaritza batzordea daude, eta kirol arloan hori egiten ari gara, lanak banatzen. Guk helburu batzuk jarri dizkiogu geure buruari; norberak bete beharreko estatutu moduko batzuk ere sortu ditugu, eta erabakiak taldean hartzen ditugu, hori baita lan egiteko modurik onena. Zortzi laguneko talde bat osatu dugu, eta entrenatzailea ere [Wade Kelly] tartean dago. Kanpotik ematen duena baino lan gehiago du honek.

Borondatezko lana da zuena, eta esker txarrekoa ere bai askotan seguru asko. Iruditzen zaizu zaleak-eta kontziente direla zer ardura eskatzen duen horrelako klub bat gidatzeak?

Bada esker txarrekoa, eta liskarrak ere sortzen ditu, baina nik uste dut zaleak konturatzen direla hemen egiten den lanaz; batez ere, errugbia jarraitzen urteak daramatzatenak.

Zuzendaritza berri honekin aro berri bat ireki nahi duzue. Zein oinarri sendotu nahi dituzue aro berri horretan?

Batik bat, guk dugun ilusioa taldeetan eta zaleen artean zabaltzea, hori da lehenengo gauza. Ilusioa, Altamira zelaia berriz ere jendez beterik ikustea, klubari eta lehenengo taldeari buruz jendeak ondo hitz egitea...

Urte oparoak izan ditu Ordizia Rugby Elkarteko lehen taldeak: 2012an eta 2013an Espainiako Kopa irabazi zuen, ligan ere erregular, eta Altamira gotorleku zela. Zertan ez da asmatu azken denboraldietan?

Ez dakit, baina giroan zerbait arraroa sumatu da. Pasio hori galdu egin dela dirudi, baina hori barrutik kanpora transmititu behar da, eta lan hori da bereziki egiten ari garena. Espainiako Kopa bi urtez jarraian irabazi genuen, hori egia da, baina urte bat lehenago mailari eusteko hil ala biziko partida bat jokatu genuen Sevillan. Pentsa gauzak nola aldatzen diren urte batetik bestera. Etxekoen ilusioan dago gako nagusia. Egia da lehen taldean belaunaldi aldaketa bat-batekoa izan zela, eta jende oso gazteak heldu behar izan ziola lehen taldeari. Partida batzuetan alde handiz galdu dute, eta horrek beldurra ere sorrarazten du, proiekzio handia daukaten gazteak errugbia uztera irits baitaitezke.

Etxeko jendea heztea izan da klubak historikoki izan duen erronketako bat. Zer espero duzue gazte horietaz?

Pazientzia eduki behar da. Jokalari oso onak dira, lan asko egiten dute, eta errugbia zer den badakite. Eta hori guztia beheko mailetan egon direnean egin duten lanarengatik eta eduki dituzten entrenatzaileengatik izan da. Giro oso ona daukate taldean, eta horrek esan nahi du goizago edo beranduago emaitza oso onak lortuko dituztela, ziur nago.

Fitxaketak ere egiten ari zarete. Orain arteko entzutetsuena Julen Goiaren itzulera da. Zer profiletako jendearekin osatu nahi duzue taldea?

Fitxatu berriek Ordizian denbora asko pasa dezaketela pentsatu nahi dugu, eta etxeko gazteen formakuntzan ere lagunduko dute. Gazte asko daude lehen taldean, eta, formazio egokia izan dezaten, jokalari beteranoak ondoan izatea da egokiena, jokalari zailduak. Lehen lerroa asko indartu dugu, eta beste postuak ere bai, eta uste dugu horretan asmatzen ari garela. Etorri direnak eskarmentu handiko jokalariak dira, horietako hiru argentinarrak, eta Julen Goiaren itzulera ere poztekoa da. Jokalari gehiago ere etorriko dira.

Eta denboraldi-aurrea?

Denboraldi-aurrearen lehen zatia egin dute, orain hamabost eguneko oporraldia izango dute, eta abuztuaren aurrenean hasiko dira berriz. Irailaren 3an jokatuko dugu VRAC Quesosen aurka, eta hilaren 10ean Burgosen aurka. Abuztuaren bukaerarako beste partida bat lotu nahian gabiltza. Denboraldia irailaren 18ko asteburuan hasiko da.

Horrez gain, orain gutxi arte Altamiran eta herrian zegoen errugbi giroa berpiztu nahi duzue. Bazkide kanpaina bat egiten ari zarete, 1.000 bazkide izatera iritsi nahi duzue...

Oraingoz, gure helburuen artean ez dago ez dakit zer titulu irabaztea. Helburua ilusioa berreskuratzea da, hori da hitzik garrantzitsuena, hori da guztiaren oinarria. Ilusioa berpiztea eta helburuak lortzea dira gure bi oinarriak, eta idatzita daukagu gainera. Gero beste zerbait etortzen bada, ongi etorria izango da.

Askatasunerako bidean lagun

Askatasunerako bidean lagun

Eider Goenaga Lizaso

Aurten beteko dira 75 urte Comete sarea sortu zutenetik. II. Mundu Gerran, Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herrirako muga zeharkatzen laguntzen zieten Cometeko mugalariek iheslariei, Bidasoa ibaia gurutzatuz lehenik eta mendiz gero. Belgikatik antolatu zuten Comete sarea, eta gerran eroritako hegazkinlari aliatuei laguntzen zieten Frantzia zeharkatu eta Espainiatik barrena Gibraltarrera hel zitezen, handik Londresera itzultzeko.

"Baina Euskal Herrian ez zen soilik Comete sarea ibili, laguntza sare pila bat izan ziren [Margot, Nana, Alsace, Buckmaster...]; eta baita sare batean egon gabe lagundu zuten euskal herritarrak ere. Comete da ezagunena, baina gehiago ere izan ziren", dio Bidasoa Askatasun Bideak elkarteko kide Joe Linehan-ek (Waterford, Irlanda, 1947).

Abuztuaren 19an beteko dira 75 urte Comete sarearen bidez heldutako lehen iheslariek Bidasoa ibaia gurutzatu zutela; eta Bidasoa Askatasun Bideak elkarteak bi eguneko ibilaldi bat antolatu du, abuztuaren 19an eta 20an, Donostia 2016ko egitarauaren barruan, bide hura oinez zein autobusez egiteko, eta ihesbidean laguntzaile izan ziren guztiak omendu eta esker ona adierazteko.

Linehanen arabera, mugalariez asko hitz egin eta idatzi da, baina Bidasoaz alde honetara aritu zirenak "erdi ezkutuan, erdi ahaztuta" gelditu izan direla uste du. "Oarsoaldea eta Donostia aldea oso inportanteak izan ziren; behin Bidasoa igarota, Donostiara heltzea izaten zen iheslarien helburua, eta hor jende askoren laguntza jaso zuten. Hala, antolatu dugun egitarau honekin, gure helburua horri guztiari balioa ematea izango da".

Lehen omenaldia Irungo San Miguel auzoan egingo dute, abuztuaren 19an; partaideek oinez egingo dute Urruñatik Irunerako bidea. Handik, gauez, mugalariek eta iheslariek egiten zuten moduan, Oiartzunera joango dira, eta goizaldeko bostak inguruan, Ergoienen, bigarren omenaldia egingo dute. Hurrengo egunean, lau tokitan izango dira esker ona adierazteko ekitaldiak: Oiartzungo Altzibar auzoan, Errenteriako Biteri kalean, Donostiako Gros auzoan eta Loidin, Hernanin, bertako lau mugalariri eskainitako monumentua dagoen tokian.

1936ko gerran euskal herritarrak izan ziren, gauez eta modu klandestinoan, gerratik ihesi Bidasoa gurutzatzen zutenak, Ipar Euskal Herrian aterpe hartzeko. Kontrabando bideak ziren horiek, eta errepresiotik eta gerratik ihes egiteko baliatu zituzten euskal herritar ugarik. Handik gutxira, II. Mundu Gerraren atarian, nazien errepresiotik ihesean zebiltzan europarrak hasi ziren Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga igarotzen. Juan Carlos Jimenez de Aberasturi historialariak honela idatzi zuen Comete sareak Euskal Herrian egindako lanari buruzko ikerketa batean: "Hasieran juduak, poloniarrak eta britainiarrak izan ziren, Frantziatik ihesi, euskal muga zeharkatu zutenak".

Ihesa modu antolatuan egiten hasi ziren gero, eta Andree de Jongh Dedee gazteak Bruselan sortutako Comete sareak aurretik zehaztutako bide horiek baliatu zituen naziek botatako hegazkinlari aliatuei ihesa errazteko, 1941etik aurrera. Kanadarrak, ingelesak, estatubatuarrak... ehunka lagunek lortu zuten berriro ere Londresera iristea, mugalariek Euskal Herrian eskainitako laguntza horri esker, eta, Joe Linehanek dioenez, ihes egin zuten horiek eta haien ondorengoek beti eskertu izan dute laguntza hori. "Eta guk ere bat egin nahi dugu esker on horrekin".

Iturrioz, aitzindari

Mugalarien aitzindari gisa, II. Mundu Gerran nazien okupaziotik ihesean zebiltzanei laguntzen lehena Manuel Iturrioz aipatzen du Linehanek. Manuel Iturrioz Orexakoa zen, eta 1936ko gerran hainbatetan atxilotu eta ihes egin zuen, bai frankisten eskutik, bai kontzentrazio esparru batetik, baita, ondoren, polizien eskutik ere... Iparraldera bizitzera joan, eta klandestinitatean bizi beharrak muga ondo baino hobeto ezagutzera eraman zuen, eta, Linehanen aburuz, bera izan zen ondorengo ihesbideak zehaztu zituena. "Haren lekukoa Florentino Goikoetxea hernaniarrak hartu zuen, eta gero bera izan zen Comete sarearen antolatzaile nagusietako bat hemen; baina Manuel Iturriozek irekitako bidea ezin da ahaztu".

Goikoetxeak, Iturriozek eta beste hainbatek muga igarotzen laguntzen zieten iheslariei, baina, Linehanen aburuz, hori bezain garrantzitsua zen iheslari horientzako aterpe etxeen sarea izatea, eta aterpetik aterpera joaten laguntzen zuten herritarren sarea. "Babesa ematen zieten etxean iheslariei, arrisku handiarekin, eta gero batetik besterako bidea egiten laguntzen zieten; autoa baldin bazuten, autoan, edo bizikletan, edo ahal zen moduan. Ildo horretan, emakumeek izan zuten egitekoa nabarmendu nahi dugu, asko izan baitziren iheslariei lagundu zieten emakumeak, eta haiei buruz oso gutxi hitz egiten da". Denei egingo diete omenaldia abuztuaren 19ko eta 20ko ibilbidean.

Comete sareari esker 800 lagunek lortu zuten ihes egitea, gehienak hegazkinari aliatuak. Belgikatik Gibraltarrerako ibilbidean 1.700 laguntzaile izan zituen Cometek —horietako 700 atxilotu eta 200 inguru hil zituzten—, eta horien artean asko euskal herritarrak izan ziren.

“Mugalariek egiten zuten ibilbidearen errepresentazioa egin nahi dugu”

E. Goenaga Lizaso

1936ko gerra, II. Mundu Gerra eta garai hartako kontuak urrunekoak eta arrotzak egiten zaizkien belaunaldiei, belaunaldi gazteei, memoria historikoaren gaineko kontzientzia piztea da Bidasoa Askatasun Bideak elkartearen xedeetako bat. Jon Martin (Oiartzun, 1995) buru-belarri dabil horretan; bera da, 21 urterekin, gazteen artean gaiak piztu dezakeen interesaren lekuko. Abuzturako prestatu duten egitarauari buruz azalpenak eman dizkio Hitza-ri.

Nondik sortzen da bi eguneko ibilbide hau antolatzeko ideia?

Mugalariek egiten zuten ibilbidearen errepresentazio bat egitea da Bidasoa Askatasun Bideak elkartearen helburua. Comete sarearen eta beste hainbat sareren bidez Bidasoa ibaia zeharkatu eta Donostiara heltzeko egiten zuten bidea berregin nahi dugu. Errepresentazio hitza erabiltzen dugu, ez delako mendi ibilbide soil bat izango; adibidez, ibilbidearen zati bat gauez egingo dugu, haiek egiten zuten modu berean.

Ibilbidea bi egunetan egingo duzuen arren, abuztuaren 18an elkartuko zarete jada Donostian. Zertarako?

Ibilbidea abuztuaren 19an eta 20an egingo dugu; baina partaideak abuztuaren 18an elkartuko ditugu, Donostian. Informazio bilera bat egin nahi dugu, hurrengo bi egunetan egingo dugunaren berri emateko. Gero afari bat egingo dugu, jendeak elkar ezagut dezan, eta Olarain ostatuan egingo dugu lo.

Oraingoz, 10-12 lagunek eman dute izena, eta denak kanpokoak dira; baina taldea oraindik itxi gabe dago. Espero dugu hemendik eta abuztuaren 18ra bitartean jende gehiago animatzea. Bestalde, esan behar da egitarau osorako eman daitekeela izena, baina baita ibilbide edo ekitaldi zehatz bakar baterako ere. Beraz, malgutasun osoa dago, jende gehiago etor dadin.

Abuztuaren 19an egingo duzue oinezko zatia.

Urruñara [Lapurdi] autobusez joango gara, eta han hasiko dugu oinezko ibilaldia. Bi zati izango ditu. Lehenengo ibilaldia Urruñatik Irunerakoa izango da, mugalariek Bidasoa zeharkatzeko egiten zuten bidean barrena. Irunen, mugalari eta iheslari guztiei egingo diegu omenaldia, baina Maritxu Anatol, Irungo mugalari ezaguna, aipatuko dugu bereziki. Ibilbidearen bigarren zatia Irunen hasi eta Oiartzungo Ergoien auzoan amaituko dugu. Goizaldean, 05:00ak inguruan iristea aurreikusten dugu. Han bigarren omenaldia izango da, Sarobe Berri baserrian.

Nolako omenaldiak dira?

Omenaldi ez-formalak izango dira, omenaldi xumeak. Hitz batzuk egingo ditugu, mugalariak oroituko ditugu... Partaideez gain, ordea, espero dugu inguruko jendea ere hurbiltzea, eta gauza polit bat egin ahal izatea.

Abuztuaren 20an beste lau omenaldi egingo dituzue.

Bai. Oiartzundik Donostiara joango gara lo egitera, eta goizean, autobusez, egitarauaren bigarren zatiari ekingo diogu. Oiartzunera itzuliko gara, goizean, eta 10:00ak inguruan, Altzibarren, bigarren omenaldia egingo dugu. Maria Garaiar eta Pedro Arbide aipatuko ditugu han. Handik, zortzi bat laguneko taldeak bizikletaz egingo du Errenteriako bidea, garai hartan egiten zuten moduan. Biteri kalean bigarren omenaldia egingo dugu, eta hurrengo geldialdia Grosen izango da, Bernardo Arakama izan zenaren etxe aurrean. Eta handik Hernanira. 13:00 alderako jarri dugu ordua, Loidin; herriko lau mugalariren omenez jarritako oroitarriaren ondoan egingo dugu azken omenaldia. Gero, bazkaria eta agurra.

Egitaraua zuek antolatu arren, Donostia 2016ko programaren barruan joango da, ezta?

Gure egitasmoak bat egiten du Donostia 2016k dituen balioekin —bakea, memoria historikoa, elkarbizitza...—, eta proposamena egin genienean berehala ikusi zuten uztargarriak direla. Hala, haien egitarauan sartzea erabaki zuten.

Mugalariak

Abuztuaren 19an eta 20an Bidasoa Askatasun Bideak elkarteak antolatuta egingo diren omenaldietan mugalariak eta iheslariak omenduko dituzte. Mugalari gisa eta iheslariei laguntzen aritu ziren guztien izenak aipatu eta oroitu ezinean, hainbat izen propio nabarmenduko dituzte, tokian-tokian.

San Migel (Irun)

Maritxu Anatol. Familiaren aduana postuan lan egiten zuen Anatolek, Irungo San Migel auzoan, eta hari esker dozenaka lagunek lortu zuten muga igarotzea. Orduko gizarteak eskandalutzat jo zuen Anatolek aduanan lan egitea, emakumezkoentzako lana ez zelakoan. Espainiar eta frantziar naziotasuna zuenez, Anatol mugaren alde bietan lasai ibiltzen zen, eta Comete sareari hainbat aldiz lagundu zion arren, modu independentean egiten zuen lan. Haren egiteko moduak, antza denez, ez zuen sareko arduradunen oniritzi osoa. 1943ko ekainaren 13an Gestapok Anatol eta haren hiru taldekide atxilotu zituen. Alemaniara deportatu zituzten beste hirurak, eta oso egoera txarrean itzuli ziren. Anatol Gestaporen Baionako polizia etxera eraman zuten, eta Miarritzeko kartzelan eduki zuten. Galdeketa gogorrei aurre egin, eta aske gelditu zen, ordea.

Ergoien (Oiartzun)

Sarobe Berri baserria. Ergoien auzora iristen ziren iheslariak Irundik Donostiarako bidean. Han aterpetxe bat zegoen, Sarobe Berri baserrian. Gauez egiten zuten bidea, eta Pako Iriarte baserriaren egungo jabeak oroitzen du nola iristen ziren iheslariak bertara, hankak eta oinetakoak txikituta, atsedena hartzeko beharrean. 8 urte zituen orduan Iriartek.

Altzibar (Oiartzun)

Maria Garaiar eta Pedro Arbide. Bideari jarraituta, Bastero Txiki baserrian hartzen zuten aterpe iheslariek. Sagardotegi bat zen, ostatu-taberna moduan egiten zuten lan, eta jende askoren topalekua izaten zen; iheslariek han egiten zuten Errenteriara joan aurreko azken geldialdia, eta batzuetan gaua ere ematen zuten han. Eguna argitzean, Oiartzundik Errenteriara lanera joaten ziren beharginekin batera bizikletaz egiten zuten bidea iheslariek, langileen artean kamuflatuta. Maria Garaiar zen, batik bat, Comete sarearekin harremana zuena; haren senarrak, jakitun zen arren, nahiago zuen bazterrera gelditu. Garaiar eta Arbide 1943ko azaroan atxilotu zituzten, eta sei hilabetez Ondarretako kartzelan egon ziren preso. Epaiketa gabe askatu zituzten.

Biteri (Errenteria)

Maria Arbide. Biteri kalean, Errenterian, janari denda bat zuen Maria Arbidek —Pedro Arbideren arrebak—, eta han zuten hurrengo aterpetxea Frantziatik ihesean zetozen hegazkinlariek. Bizikletaz heltzen ziren Errenteriara, handik Donostiara eramango zituen trena hartzeko; eta Arbiderenean egiten zuten geldialdia aurretik. Bastero Txiki baserrian hartutako bizikletak Biteri kalean uzten zituzten, eta Maria Garaiar eta Pedro Arbideren seme-alabak joaten ziren haien bila, berriro ere bizikletak Oiartzunera eraman eta hurrena helduko ziren iheslariei uzteko.

Gros (Donostia)

Bernardo Arakama. Donostia zen iheslarien jomuga nagusia Euskal Herrian. Handik Gibraltarrerako bidea Erresuma Batuko enbaxadaren edo kontsuletxearen babesarekin egiten zutelako. Bernardo Arakama zen Donostian haien kontaktua. Arakama gudari ohia zen, Iparraldean egon zen errefuxiatua eta itzuli berria zen Hegoaldera. Garaje bat zuen Grosen. Iheslariak iristen zirenean, Arakamarena zen Bilboko kontsuletxera edo Madrilgo enbaxadara deitzeko ardura. Madrildik autoa bidaltzen zieten hegazkinlariei, eta behin autoan zeudenean immunitate diplomatikoa zuten Gibraltarreraino heltzeko. Guardia Zibilak 1943ko azaroan atxilotu zuen Arakama; Ondarretan eduki zuten preso, eta handik Bilbora eraman zuten, 1944ko ekain arte.

Loidi (Hernani)

Florentino Goikoetxea, Tomas Anabitarte, Juan Manuel Larburu eta Martin Errazkin. Hernanin, Loidiko zubian, Hernaniko lau mugalariren omenezko oroitarria dago jarrita. Goikoetxea, Anabitarte, Larburu eta Errazkin dira lau mugalariak, baina haien artean bat nabarmendu zen: Florentino Goikoetxea. Hura izan zen, Comete sarearen sortzaile Dedee de Jongh-ekin eskuz esku, Euskal Herritik barrena ihes egiten zuten hegazkinlarien ihesaldia antolatzeaz arduratu zena. Erresistentziarentzat mezulari lanak ere egin zituen. Misio horietako batean, gerra ia amaitzear zela, balaz zauritu eta atxilotu egin zuten, 1944ko uztailaren 26an. Erresistentziak, ordea, Goikoetxea erreskatatu eta Baionan espetxeratzea galarazi zuen.