gipuzkoa

[Herriz herri] Aia: Herrigunetik haratago doana

[Herriz herri] Aia: Herrigunetik haratago doana

GIPUZKOA BATETIK BESTERA. Hamabi auzok eta herriguneak osatzen dute Aia, Gipuzkoa iparraldeko herria. Berezitasunak baditu: hiru biztanletik bi inguruko auzoetan bizi dira. 2016ko udal aurrekontuak onartzeko esperoan, eskolaren eraikin berria dute jo...

Izatekotan, bertso ziklogenesia

Izatekotan, bertso ziklogenesia

Zazpi Eskaleren 1995eko diskoa, Pedro Mari Otaño eta Jorge Oteizaren esanak, domino jokoak, magoak, kameleoiak... Askotariko gai eta diziplinak batu ditu azken urteetako Bertso Egunak, baina, izenak dioen bezala, Bertso Egunean "bertsoak behar du zentro". Jon Agirresarobe (Orio, 1983) Bertsozale Elkarteko ordezkariarentzat "urteko saiorik bereziena" da, eta uste du urteen joanarekin lortu dutela saioa "denen neurrira" egokitzea. Bihar, egun osoan, 28 bertsolarik parte hartuko dute Bertso Egunaren barnean izango diren hiru saioetan. Ekitaldi nagusitik haratago, hainbat berrikuntzarekin dator aurtengoa, goizeko eta gaueko saioei dagokienez.

Kaleko ohiko poteoa jaialdi formatuko saio batek ordezkatuko du eguerdi partean. Emanaldia musikatua izango da, gainera. "Beti geunden halako zerbait egiteko gogoz, batik bat baldintza meteorologikoak kaskarrak izaten direlako: ziklogenesiak tokatu zaizkigu, haizeak eraman gaitu ia...". Aurtengo neguak beste itxura bat daraman arren, saioa barrura eramateko aukera aprobetxatu dute, eta "goxotasun bila" joan dira. Formatoa ere ezohikoa izango da. Saioa musikatua den arren, bertsolariak ez dira musikatuta ariko: gai-jartzaileek izango dute musikarien laguntza.

Gaueko ekitaldiari dagokionez, berriz, Kursaalak hartuko du jaia berriro. Bi urte zeramatzaten Manteo kiroldegian egiten, baina Kursaalera buelta eginda "erosoagoa" izango dela uste du Agirresarobek. Eskaintzera doazena ere "handia" izango da: bat-bateko bertsoak eta jarriak; sei bertsolari ariko dira lehenengoetan, eta bost bigarrenen partean.

Azken urteetan bezala, arratsaldeko saioa Kursaalean izango da. Hamar bertsolari oholtzan, Aitziber Garmendia aurkezle, eta 2zio taldearen bi kantu: azken diskoko abestia bata, eta egunerako propio osatutakoa bestea.

Irail aldera hasitako prestaketei azken osatuak eman dizkiete asteotan Bertsozale Elkarteko kideek. Sustapen taldeaz gain, urtero taldetxo bati ematen diote ekitaldiaren gidoia osatzeko ardura. Aurten, Eneko Lazkoz, Urko Casado, Aitor Sarriegi eta Aitor Mendiluze aritu dira. "Gustatzen zaigu Kursaalean kantatzea zer den dakien jendea egotea taldean, gauza berezia delako". Gaia bera ere sustapen taldearekin batera adostu dute. Aurtengoa: bertsolariak antolatzailearen deia jasotzen duenetik oholtzan gaia entzunda kantuan hasi bitartean hartu beharreko erabakiak. "Izan daitezke hartu beharreko erabakiak, edo hartu ahal dituenak, edo hartzeko geratzen direnak...". Agirresarobek dioenez, "bertsogintzatik datorren gai bat" hartzen saiatzen dira, edo gizartean puri-purian dagoen gai bat. "Badakigu indar gehiena bertsogintzatik datozen gai horiek izango dutela, eta oso kontziente gara bertso saio bat egin behar dugula". Gainera, bertsolari talde erakargarria osatzen ahalegintzen dira urtero; kontuan hartzen dute adin ezberdinetakoak izatea, herrialdeen arteko oreka... "Eta ustez jarritako ariketei ondo erantzungo dieten bertsolariak, noski".

Kursaalaren baliabideak

Saioa egiten den tokiak ere badu berezitasuna eta garrantzia: "Kursaalak asko markatzen du". Baliabide aldetik, beste saio batean ez dauzkaten baliabideak eskaintzen dizkie; dena den, Agirresarobek argi du bertsolariei bertsotarako baldintzak eman behar dizkietela: "Inprobisatzen dugu, baina neurrian; laborategia egiten dugu, baina neurrian".

Hori horrela, "oholtzaren neurriko espektakulu bat" emateko lan egiten du elkarteak: "Azken urteetan txip hori badugu; erabiltzen ditugun baliabideak ez dira soberakoak; hor daude ariketari ondo datozkiolako. Ez da esatea: 'Zerbait handia egin behar dugu, eta erabil dezagun hau edo bestea'". Kursaalaren aurretik, Viktoria Eugenian izaten zen ekitaldi nagusia; Astoria antzokian, Karmelo Baldan eta Anoeta pilotalekuan ere egin izan dituzte saioak.

Harrera ona izan ohi du Bertso Egunak ikusleen aldetik; "askotan betetzen da, eta betetzen ez bada, hortxe-hortxe". Agirresarobek dioenez, badu bere publikoa, kontsolidatua. Eta tartean dira oso bertsozaleak direnak eta bertsolaritzari hain lotuak ez direnak, urtean hainbeste saiotara joaten ez direnak. "Gustuko saioa izaten da; normalean iritzi zorrotzagoa izaten du bertsolaritzari jarraipen handiagoa egiten dionak, baina hori beste edozein kasutan ere hala izaten da".

"Urte guztian zain"

1968ko urtarriletik, San Sebastian Egunaren bueltan egin izan da Bertso Eguna Donostian; urtero, 1970 eta 1980. urteetan izan ezik. Lehenean "emergentzia egoera" ezarria zegoen; 1980an, berriz, urte horretako Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken saioa Donostian jokatu zen, eta besterik ez egitea erabaki zuten, nahikoa zelakoan.

Antolaketaz Kultur eta Turismo Ekintzetxea arduratu zen hasieran. Bertsolarien Omenaldiak izenarekin, plazetan zebiltzanak omenduz hasi ziren; "bat, bi eta hiru ere bai, noizbait".

Txomin Garmendiak, 1967ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazitakoak, hala gogoratu zituen 2007an Bertso Egunaren lehen aldiak: "Urte guztian egun orren zai egoten ziran senar-emazte pranko baziran; nolaz gelditu aurreko urtean berak aukeratutako bertsolaria besarkatu gabe?". Hala zioen, lehen urte haietan entzuleek aukeratzen zituztelako omenduak: sarrera txarteletan jartzen zuten hurrengo urteko omenduaren izena. Manuel Olaizola Uztapide izan zen lehen omendua; zerrenda horren parte dira, besteak beste, Fernando Aire Xalbador, Manuel Lasarte, Mattin Treku eta lñaki Eizmendi Basarri ere.

Bertsozale Elkarteak bilduta daukan informazioaren arabera, ordea, oso gazterik omentzen zituzten bertsolariak, eta hori ez zen oso begi onez ikusten bertsolarien aldetik. 1981etik aurrera, beraz, batzorde batek hartu zuen omenduak aukeratzeko ardura, uste baitzuten ez zela bidezkoa bertsolari gazteak omentzea, "eta, aldiz, bertsolari izandako eta erretiratutako bertsolariez ahaztea". Ordutik aurrera, Bertsolari Eguna izena eman zioten, harik eta Bertsozale Elkarteak Bertso Egunaren gidaritza hartu zuen arte —Donostia Kulturaren lankidetzarekin betiere—.

1990eko hamarkadan norabidea aldatzea proposatu zuen elkarteak. "Eguneratze bat" behar zuela sinetsita, helburu berriak jarri zituzten; hala nola orduko bertsogintzaren aldaketak islatzea, esperimentatzea, kanpoko esperientziak ezagutaraztea... Eta hortik etorri ziren Zazpi Eskaleren 1995eko diskoa, Pedro Mari Otaño eta Jorge Oteizaren esanak, domino jokoak, magoak, kameleoiak...

 BERTSO EGUNA

Honako hauek dira biharko Bertso Egunean izango diren saioak eta parte hartuko duten bertsolariak:

Saio musikatua

12:00etan, Picachilla garagardotegian (Kursaal parean). Sarrera, doan. Bertsolariak: Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Miren Amuriza. Parte hartzaileak: Rosi Lazkano, Nerea Elustondo, Estitxu Eizagirre, Idurre Eskisabel, Eñaut Asurabarrena, Arkaitz Goikoetxea eta Ainhoa Agirreazaldegi.

Ekitaldi nagusia

18:00etan, Kursaaleko areto nagusian. Sarrera arruntak, 18 euro. Bertsolariak: Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Xabier Terreros, Jon Maia, Oihana Bartra, Julio Soto eta Agin Laburu. Aurkezlea: Aitziber Garmendia. Odei Barroso bertsolariaren 2zio taldea zuzenean ariko da.

Afaria eta festa

21:00etan, Kursaalean. Ekitaldirako sarrera eta afaria: 45 euro. Bat-bateko bertsoak eta prestatutakoak tartekatuko dituzte. Bertsolariak: Amets Arzallus, Unai Mendizabal, Xabi Igoa, Onintza Enbeita, Alaia Martin, Eli Pagola, Maddalen Arzallus, Eneritz Artetxe, Iker Zubeldia, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre. Alaitz Rekondok gidatuko du saioa. Aurrez afaria izango da. Menua: entsalada, txanpiñoiak, bakailaoa ajoarriero erara, arrain zopa, arkume errea patata purearekin eta arroz esnea. Edariak, txotxa eta kafea.

Sarrerak

Arratsaldeko ekitaldi nagusirako eta afarirako sarrerak www.bertsosarrerak.eus helbidean eskura daitezke. Geratuz gero, bihar ere salgai jarriko dituzte Kursaaleko leihatilan, arratsaldean, 16:00etatik aurrera.

“Esperientzia hunkigarria izan da disko hau grabatzea”

“Esperientzia hunkigarria izan da disko hau grabatzea”

Landarbaso abesbatzak ahotsa jarri du Fernando Velazquez soinu banden konpositore bizkaitarraren Concert suites, music for films disko berrian (Kontzertuetako suiteak, filmetarako musika). El orfanato, Zipi y Zape eta Ocho apellidos vascos filmetako soinu bandak bildu dituzte, besteak beste. Iñaki Tolaretxipi zuzendariak (Errenteria, 1972) esan duenez, erronka izan da Errenteriako abesbatzarentzat, halako zer edo zer egiten duten lehenbiziko aldia baita. Pozik daude emaitzarekin, "polita eta aberasgarria" izan delako. Gainera, Landarbaso abesbatzak mende laurdena beteko du martxoan, eta buru-belarri ari da urteurrena ospatzeko ekitaldiak antolatzen.

Fernando Velazquez konpositorearen azken diskoan parte hartu duzue. Nolakoa izan da prozesua?

Berarekin duela bi urtetik hitz egina genuen proiektu komun bat egitea. Aukera zuenean gurekin kontatuko zuela esan zidan, bazekielako kalitate handiko abesbatza garela. Iritsi da unea, eta diskoa grabatu dugu berarekin eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera. Berehalakoa izan zen, hamabost eguneko kontua; grabazioa, berriz, bi egunetan egin genuen, iazko irailean.

Zergatik zen Landarbaso egokia disko horretarako?

Nagusiki esan behar dut ez dela ausazkoa izan grabaziorako Landarbaso abesbatza hautatzea. Nazioarteko hamalau sari ditu, eta Fernandok hori badaki; badaki maila handiko taldea garela, eta talde txikian lan egiteko gaitasuna dugula. Talde txikia da gurea, ganbera taldea. Bi aukera daude, sinfonikoa edo ganberakoa; gu bigarren horretan ibiltzen gara.

Soinu banden disko bat grabatzen duzuen lehenbiziko aldia da. Zer esan nahi du horrek zuentzat?

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren talde batzuekin parte hartu izan dugu, baina Fernandorekin ez. Dena berria izan da, polita; ez da zaila izan, egia esateko. Oso esperientzia hunkigarria izan da disko hau grabatzea, berarekin eta halako talde profesional batekin lan egitea.

Nolakoa izan da grabazioa? Zer izan da zailena, politena...?

Bukaeratik hasita, politena dena izan dela esan dezaket. Musika oso erraz entzuten da, hunkigarria da oso. Azkenean, zinema musika da, eta publiko guztiei begirakoa. Oso alaia da musika hori, eta berehala iristen da. Grabazioaren zailena, berriz, kaskoekin grabatzea izan dela esango nuke, gu ez gaudelako ohituta hiru edo lau orduz musika belarrian edukita grabatzera. Errazena da ez dela oso musika konplikatua, ez da ahots askotara egiten. Gu ohituta gaude hamabost edo hamasei ahotsetan abesten, eta, egia esan, zazpi ahotsetan egitea guretzat ez da batere zaila izan. Partiturak ez dira batere konplikatuak izan guretzat.

Salmenten diruaren zati bat, gainera, Errenteriako Juneren Hegoak elkartearentzat izango dela erabaki du Velazquezek.

Juneren Hegoak elkarteari diruaren zati bat ematea hunkigarria da benetan. Elkarte horrek zuzenean ukitzen nau zuzendari gisa, June nire iloba zelako, eta nire arreba hor sartuta dagoelako... Hunkigarria izan da, eta [Amaia Tolaretxipi] arrebak esan zuen moduan, detailea da Fernando Velazquezek diruaren zati bat elkarteari ematea. Musikak batzen gaitu, baina musikaren barruan badaude pertsonak, eta esango nuke hunkigarritasun hori kaleratu nahi dela nolabait ere. Ezustea izan da diruaren zati bat Juneren Hegoak elkarteari ematea erabaki izana, bai niretzat eta baita arrebarentzat ere.

Diskoa publiko zabalarentzat dela esan duzu. Zer aurkituko du entzuleak?

Zineman funtzionatzen duen musikak etxean ere funtzionatzen duela jabetuko da entzulea. Beste formatu batean iritsiko zaie musika. Nahiz eta pelikula barruan ez egon, musika hori bihotzera heltzen da, eta sentimenduak mugitzera ere heltzen dela esan daiteke. Edonoiz entzuteko musika da, eta entzuteko oso erraza.

Non da Landarbaso abesbatza gaur egun? Zein egoeratan zaudete?

Abesbatzak 25 urte beteko ditu martxoan. Bihar eguerdian urte osoko proiektua aurkeztuko dugu, Errenteriako udaletxean, alkatearekin batera. Interculturrek, munduan den abesbatzen elkargorik garrantzitsuenak, Landarbaso abesbatza munduko 50 onenen artean sailkatua du, 43. postuan gaude zehazki. Abesbatzak azken hamar urteetan egin duen jauzia garrantzitsua da, eta horren erakusle da Musikasten parte hartzea: ziklo korala itxiko dugu. Hori, herrian bertan. Donostiako Hamabostaldian, berriz, hiru kontzertutan parte hartu genuen iaz. Pisu handia dugula erakusten du horrek.Taldea, gainera, oso momentu onean dago: 43 abeslari daude, denak gazteak, mutilak eta neskak ongi orekatuta, eta gaur egun oreka hori izatea ez da hain erraza. Giro paregabea dugu, eta kalitate handiko talde moduan sailkatuta gaude.

Hurrengo erronka?

Martxoan disko berria kaleratuko dugu abesbatzaren 25. urteurrenaren harira, Konplize ditut eta izenburupean. Mikel Markezen kantuaren izena hartu dugu diskoarentzat; hamar kantu izango ditu, eta pista bakoitza konplize bat da. Markez bera izango da lehena; berekin batera grabatu dugu lehen abestia. Baina badaude Golden Apple Quartet, Iñaki Salvador, Amaia Zubiria, Amets Arzallus, Xabi Solano... Bakoitzarekin pista bat egin dugu, eta urtebete pasatxoko lana eskatu digu diskoa argitaratzeak. Martxoaren 5ean aurkeztuko dugu, Viktoria Eugenian [Donostia]. Publizitatearekin hasi ez bagara ere, 900 sarreratik 400 baino ez dira gelditzen kontzertu horretarako. Kantak ezagunak dira, denetik dago.

Urteurrena ospatzeko ekitaldi asko antolatu dituzue?

Ez ditugu asko ere egingo, baina egingo ditugunak pisukoak izango dira. Jende asko sartuko dugu bidean. Bi urte daramatzagu prestatzen, eta ilusio handiz ari gara.

Adin ertaineko gizona eskean dago

Adin ertaineko gizona eskean dago Kutxabankeko bulego baten atean. Lurrean jesarrita dagoelako eta kartel bat duelako aurrean, bestela inork ez luke esango eskalea dela, bere itxura arrunta baita. Dagoen lekutik beste ikuspuntu bat du, literalki lurre...

“Irakurketa errazeko irizpideei jarraitu diegu elikadura gidan”

“Irakurketa errazeko irizpideei jarraitu diegu elikadura gidan”

Ordiziako D'elikatuz zentroak hamar urte daramatza elikaduraren eta jarduera fisikoaren inguruan herritarrak sentsibilizatzen eta hezten. D'elikatuz gidak izaten dira horretarako baliabideetariko bat. Orain, zazpigarren gida kaleratu berri du, eta adimen urritasuna dutenak hartu ditu kontuan. Idoia Noain D'elikatuz zentroko nutrizionistaren esanetan (Ordizia, 1974), elikadura egokia eta jarduera fisikoa sustatu nahi dituzte haien bizi kalitatea hobetzeko. Ana Elbusto sendagile nutrizionistaren, Aritz Aranbarri haur-neuropsikologoaren eta Sasoian kirol zentroaren laguntza izan du D'elikatuz-ek.

D'elikatuz Bizi kanpainaren azken gidan, adimen urrikoak hartu dituzue kontuan. Zergatik? Zein berezitasun dute?

Osasuna sustatu nahi dugu, bai elikadura aldetik, eta bai ariketa fisiko aldetik. Urtero publiko desberdinengana iristen saiatzen gara: gazteak, lan eremuan daudenak, erretiratuak... Aurten, urritasun intelektuala dutenak aukeratu ditugu. Gida berri hau formatuagatik da berezia, irakurterraza baita. Ematen diren mezuak ez dira berriak; biztanleriari orokorrean iritsi beharreko mezu garrantzitsuenak ematen dira, baina irakurketa errazeko irizpideei jarraitu diegu. Letra gutxi, oso erraz ulertzekoa, marrazkiak....

Eduki aldetik, nola banatu duzue gida?

Dekalogoa egin dugu, D'elikatuz-ek hamar urte bete dituelako. Elikadurari eta ariketa fisikoari buruzko gomendioak ematen ditugu, tartekatuta. Bukaeran, atal psikologikoa lantzen duten gomendioak ere badaude.

Elikadurari dagokionez, zer azpimarratuko zenuke?

Lehenengo eta behin, egunean bost otordu egin behar direla. Baina, askotan, eguneko lehenengo otordutik hasten dira okerrak, gosaria baita otordu guztietan garrantzitsuena. Bost otordu egitea bezain garrantzitsua da eguneko aurreneko erdian —gosaria, hamaiketakoa eta bazkaria— bigarren erdian —askaria eta afaria— baino gehiago jatea.

Bestetik, frutaren eta barazkien garrantzia: hiru fruta eta bi barazki anoa jan behar dira egunero. Azkenik, elikadurarekin lotuta, ondo hidratatzearen garrantzia nabarmendu nahi dugu. Ura da garrantzitsuena, baina badaude beste likido batzuk: zukuak, saldak eta infusioak, adibidez.

Jarduera fisikoaren inguruan, zein aholku bete behar dira?

Gorputza mugitzearen garrantzia azpimarratzen dugu. Alde batetik, ariketa aerobikoak daude, eguneko martxan egiten ditugunak: lanera oinez joatea, eskailerak oinez jaistea edo igotzea... Eta, bestetik, giharrak indartzeko ariketak daude. Azken finean, denborarekin muskulatura galduz goazelako. Galera hori egiteko garrantzitsua da indar ariketak ere egitea.

Eta alde psikologikoari dagokionez?

Ariketa fisikoa lagunekin egitea garrantzitsua da, dibertigarriagoa izateaz gain ohitura bihurtzea errazagoa izango delako eta jendearekin egoteak psikologikoki ondo sentiarazten gaituelako.

Segidan aritzea izaten da askotan zailena, ordea.

Bai, eta, horretarako, ekintza horiek guztiak gure ohituretan sartu behar ditugu. Ez dugu ezer ere lortzen egun batean gauza bat egin eta hurrengoan ez badugu egiten. Jokaera on bat ohitura berria bihur dadin, hiru astean errepikatu behar da. Beti egitura bera izatea komeni da. Eta norbait lagun hartuta egiteak ere laguntzen du.

D'elikatuz-en bisita asko izaten dituzue, adin tarte guztietako herritarrenak. Jendeak kontuan hartzen ditu gomendio horiek?

Asko orokortzea da, baina egia da gazteek gero eta barazki eta fruta gutxiago jaten dituztela. Zerealak eta koilararekin jan beharrekoak ere gero eta gutxiago jaten dituzte. Bestetik, geroz eta gehiago kontsumitzen ditugu aurrez prestatutako janariak. Horrelako gauzak tarteka ez daude gaizki, baina dituzten koipeengatik ez da komenigarria egunero hartzea. Aurrez prestatutako janariei buruz ari naizenean, ez naiz pizzei buruz bakarrik ari. Gosarian, ume gehienek esnea kakaoarekin eta gailetekin edo madalenekin hartzen dute. Eta horiek ere arazo bera daukate.

Gizartea sentsibilizatzen ari da?

Nire esperantza da jendea gero eta gehiago kontzientziatuko dela. Ea berriz lehenagokora itzultzen garen. Izan ere, orain dela 50 urte hemen oso ondo jaten zen. Nik uste dut okerrenean egon garela, eta pixkanaka buelta ematen hasi garela. Presaka bizi gara, baina aurreikuspenean, planifikazioan dago gakoa.

Asteko menu bat egitea, adibidez, lagungarria da?

Bai, noski. Eta asteko plan hori egiteak laguntzen digu erosketetara zerrenda itxiarekin joaten. Erosketako tartea oso-oso garrantzitsua da elikadura osasuntsu baterako, erosten dugunaren arabera elikatzen baikara gero.

Gidaren 2.000 ale argitaratu dituzue. Non eskura daiteke?

D'elikatuz zentroan bertan eskura daiteke, eta, Interneten, www.delikatuz.com eta www. gipuzkoa@delikatuz.com webguneetan. Ahalik eta zabalkunderik handiena emateko, banaketa Goyeneche Fundazioarekin, Gautenarekin eta Aspacerekin egingo dugu.

Olatuari neurria hartzen

Olatuari neurria hartzen

Emakumeen arrauna loraldian da. 2008an Kontxako Banderan emakumeen traineruei lekua egin zitzaienetik, gorantz egin du etengabe. Taldeak gero eta gehiago dira, oihartzuna ere handiagoa, ligak eta txapelketak ia gizonen pare jokatzen dituzte eta, ikuskizunaren mesedetan, lehia estu-estua da puntako ontzien artean. Baina, goranzko bide horretan, hartxintxarrak ere badaude. Aurten, Zumaiak ezin izan du trainerua osatzeko neska nahikoa bildu; orain arte punta-puntan egon da, baina trainerurik ez du itsasoratuko aurten. Oiartzun ere, berdin.

Olatz Agirregabiria (Itziar, 1991) da lehiatzeko gogoz baina trainerurik gabe gelditu den nesketako bat. "Bateletan eta trainerilletan ibiliko naiz Zumaiarekin, baina hitz egiten ari naiz traineruetan Oriorekin ateratzeko". Penatuta baina esperantzaz begiratzen dio geroari. "Batzuetan, lau pauso aurrera eman ondoren, bat eman behar da atzera, berriro indar gehiagorekin jarraitzeko".

Agirregabiriaren pena konpartitua da. "Baina poza ere bai, ezta? Bat gutxiago", galdetu die aldamenean dituen hiru kideei. San Juan taldeko Ane Pescador (Errenteria, 1992), Orioko Nadeth Agirre (Orio, 1993) eta Getaria-Zarautzeko Aizpea Peñarentzat (Getaria, 1993), talde bat ez ateratzea arraunaren kalterako da.

"Lehiakide bat gutxiago da, bai, baina aurrera egindakoan atzera egitea esan nahi du, eta horrek adierazten du zerbait ez doala ondo", erantzun du Peñak. Pescadorrek alde guztietatik kalterako ikusten du talde bat galtzea. "Iaz, lau traineru oso-oso pareko genbiltzan, eta, orain, bat desagertu da. Hondarribia aterako da, bai, baina Zumaiak trainerua ez osatzeak lehiari eta ikuskizunari, guztiari egiten dio kalte".

Ezin osatuta

Zumaiari eta Oiartzuni bezala gertatu zitzaien aurretik Getaria-Tolosari eta Hondarribiari ere —aurten berriro aterako da—. Kostata osatzen dituzte ontziak, eta horretan ados daude lau arraunlariak. Arrazoiak zehaztea zailagoa egiten zaie. "Neskekin zailagoa izaten da ontzia osatzea; ez dakit zergatik, baina uste dut gehiago kostatzen zaigula segida ematea", dio Peñak.

Talde handia osatu behar dela gehitu du Agirrek; hamalau laguneko ontzia denboraldi osoan ondo eramateko hemeretzi neska behar direla, gutxienez. "Eta gu ez gaude honetan diruagatik, baina, Orion behintzat, mutilak nahiko ondo daude, eta neskak, ez. Sarietakoa bakarrik jasotzen dugu, eta gainerakoa gure patrikatik. Kanpotik datozenek, Tolosatik edo Donostiatik adibidez, diru gehiago gastatzen dute jasotakoa baino. Dirua lagungarri litzateke".

Pescadorrek amatasuna ere aipatu du arrauna uzteko zioen artean. "Ama izan ostean arrauna egin daiteke, aitak umearen ardura hartuta; baina, haurdunaldia eta hurrengo urte osoa ez dizkizu inork kentzen, eta horrek eten egiten du aurretik egindako lana". Agirregabiriak gehitu du Zumaian badituztela arraunera itzulitako amak. "Ama todoterrenoak dira; entrenamenduak, estropadak, umeak, etxea, lana... denetara iristen dira, eta ez dakit nola. Egoera horretan eta, gainera, Bermeotik etortzen zen bat geneukan iaz. Aurten, pena handiz, baina utzi egin du", azaldu du Zumaiakoak.

Traineruaren osaketari erreparatzen dio Agirregabiriak. "Ontzien adinari begiratzen badiozu, mutiletan gazteak oso gutxi dira; badaude batzuk, baina puntan ibiltzen direnak 30 urtetik gorakoak dira. Nesketan ezberdina da, batez bestekoa asko jaisten da".

Arrauna kirol lotua eta sakrifikatua dela uste dute; halere, lau neskak gustura daude egiten dutenarekin. "Baina nik uste dut ia denok urtero izaten dugula krisi momenturen bat. Esaten duzu, 'azkeneko urtea'; gero, iristen da iraila, pentsatzen duzu 'bueno, beste urte bat', eta jarraitu egiten duzu". San Juanekoak hori esan bitartean, Oriokoak eta Getaria-Zarautzekoak buruarekin baietz egiten dute; ez, ordea, Zumaiakoak. "Niri ez zait inoiz gertatu; nik jarraituko nuke betirako, baina badakit ez dela erraza izango".

Lau neskek bide luzea egin dute arraunean. Pescador eta Agirregabiria dira denbora gehien daramatenak: 11 urte. Agirre da arraunean urte gutxien egindakoa: bederatzi. Esperientzia handia dute, eta laurak izan dira emakumeen arraunak izan duen bilakaeraren lekuko. "Neskak lehen ere aritzen ziren arraunean, baina gazteagotan. Lehen gertatzen zen ez zeukatela erreferenterik. 'Zertarako ibili hain gogor lanean, gero ez badaukat non segitu?'. Hori aldatu da; ikusten dute badutela segida, eta ona da", dio Zumaiakoak.

Erreleboarekin du kezka San Juanekoak. "Polita da ekipo gazteak ikustea; Getariak egin du apustua, eta Hernanik ere bai, baina ez da apustu erraza. Urte pila bat daramatzagu arraunean, eta beti aurpegi berak ikusten ditugu. Ematen du erreleboa ez dela iristen. Talde berriak eta gazteak ikustea pozgarria da, nahiz eta haientzat ez den erraza, bloke oso egonkorrak eta esperientziadunak dituztelako aurkari".

Agirrek nabarmendu du gazteen mailatik trainerurako pausoa ematea asko kostatzen dela. "Salto hori kosta egiten da. Taldeak eginak daude, egonkortuta daude, eta jende berriari tokia egitea... Apustua egin behar da; zaila da".

Pescadorrek argi dauka beraiek errazago izan zutela oraingoek baino. "Gu arraunean hasi ginenean, emakumeen arrauna hasten ari zen, eta orduan denak sartu ginen. Garai hartan ontzia osatzen zen zegoenarekin, ezin zen aukeratu. Gazteen mailakoa izanik, taldeko beteranoena nintzen ni, eta amaren adinekoak ere bagenituen ontzian. Hori bai, ilusioa oso handia zen". "Asko aldatu da", gehitu du Agirregabiriak, Pescadorren hitzak entzunda. "Emakumeen arrauna profesionalizatu egin da, entrenamendua bera, prestatzaile fisikoak...".

Jarduna bera ere aldatu da. Klubek Kontxarako osatu zituzten traineruak 2008an; egun, lehiaketa gehiago dira. Kontxa dago, eta Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak ere bai. Baina, horretaz gain, bi liga daude. "Gipuzkoako Ligan ontzi guztiei ematen zaie irteteko aukera; horrez gain, Euskotren Liga dago, eta hor lau onenak daude. Hori oso ona da Euskotrenetik kanpora gelditzen garenontzat, estropadak egiteko aukera daukagulako", azaldu du Getaria-Zarautzekoak: "Lehen, kanpoan gelditzen zirenek ez zuten udan ia estropadarik izaten, eta etsigarria da uda osoa entrenatzen aritzea, hiru astean behin soilik estropada bat jokatzeko".

Parekotasuna

Emakumeei dagokienez, arrauna ondo dagoela diote; gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak egon badauden arren aldea ez baita hain handia. "Arraunetik bizitzea oso zaila da, eta horretan berdintsu gaude gizon zein emakumeak, mutiletan ere oso gutxi baitira hortik bizi direnak", dio Agirregabiriak.

Egiten dutenak jarraipena eta oihartzuna baduela eta hedabideetan tokia egiten zaiela nabarmendu dute arraunlariek. "Eta hori beste kiroletan ez da gertatzen. Begira Athleticeko neskei. Punta-puntan dabiltzan arren, medioetan ia ez dira azaltzen. Alde horretatik ez gaude kexatzeko moduan", gehitu du Zumaiakoak. Haratago doa San Juanekoa: "Nire ustez, gainera, neskena mutilena baino interesgarriago dago azken urteotan, ikusgarriago. Estuagoa da lehia. Lau ontzi gaude oso parekatuta, segundo gutxiren aldearekin, eta horrek ikuskizunari mesede egiten dio".

Emakume izateagatik gutxietsiak ez dira sentitzen, eta herrietan babesa sentitzen dutela azpimarratu dute lau arraunlariek. "Baina komentario matxistak ere entzuten ditugu, bai barruan eta bai kanpoan", gaineratu du Oriokoak. Peñak, jarraian: "Entrenamenduetan-eta, entzun behar izan dugu 'jo, baina neskak ez zarete nekatzen'. Ez, denbora pasa etortzen gara, ez daukagulako ezer hobea egiteko!".

"Erdi txantxetan" eginiko komentarioak izaten direla gaineratu du Agirregabiriak, "erdi txantxetan, erdi egiatan". Getariako portuan gertatutakoa oroitu du, irribarrez, Pescadorrek. "Turista batzuk zeuden han, eta gu ontzia jaisten ari ginela, esan zuten, 'begira ze jatorrak neskak, mutilentzako trainerua jaisten'. Dena den, ez da ohikoena, eta askotan gu hobeto ibiltzen garelako mutilak ere zirikatzen dituzte".

Agirregabiriak, bestalde, jardunean ere ezberdintasunak badaudela dio. "Trainerilletan luzera bereko estropadak egiten baditugu, zergatik traineruetan motzagoak? Gaitasuna badugu luzera berekoak egiteko. Nire ustez, telebista kontuak dira".

Pescadorrek errespetua ere eskatu du, alde horretatik. "Gertatu izan zaigu estropada bezperan esatea bi luzetara beharrean lau luzetara egingo dugula, eta baita estropada atzeratzea ere, mutilen aurretik egin beharrean ondoren egitea, momentuan bertan abisatuta. Eta horrek asko baldintzatzen du estropada bat. Gizonezkoei egin behar!". Agirregabiriak galdera batekin jarri dio amaiera eztabaidari. "Halakoak gertatzen dira, bai. Kasualitatea? Ez dakit".

Azpeitiarrek daukate hitza

Azpeitiarrek daukate hitza

1. Ekainaren 12an erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera izango dute azpeitiarrek. Nola hartu duzu berria?2. Garrantzitsua dela uste al duzu? Zergatik?3. Zergatik eman diozu babesa Hitzartu egitasmoari?Nahi al duzu izan euskal estatu independente ba...

“Beharrezkoa da zerbitzuak zabaltzea”

“Beharrezkoa da zerbitzuak zabaltzea”

Duela ia 40 urte sortu zen Gautena, Gipuzkoako pertsona autisten gurasoek osatutako elkartea. Beste hainbat elkarte bezala, beharrak bultzatuta sortu zuten Donostia aldeko hainbat gurasok, 1978an. Berritzailea izan zen oso Gautena, autismoaren trataerari dagokionez. Ordura arte, ikuspegi kliniko batetik soilik tratatzen zen sindrome neurologikoa. Gautenak beste ikuspegi bat jarri zuen martxan, gaitzaren gizarteratzea helburu zuena. Pertsona autisten inklusioa dute xede, eta zerbitzu eskaintza zabala dute haien bizi kalitatea ahalik eta onena izan dadin.

Ia 40 urteko ibilbidean, aurrerapauso handiak egin ditu elkarteak. Gaur egun, lurraldeko 800 familia ingururi ematen die zerbitzua. Autismo mota eta gradu guztiak tratatzen dituzte, arinenetik larrienera. Hainbat zerbitzu jartzen dituzte familien eskura, diagnosia egiten denetik hasita. Diagnosiaren arabera, modu batera edo bestera bideratzen dituzte kasuak.

Posible denean, autismoa duten haurrek gainontzeko haurrekin batera ikasten dute ikastetxean, helburua inklusioa delako. Kasu horietan, hezitzaileen laguntza izaten dute. "Hezitzaileak Hezkuntza Sailak bideratzen ditu, baina Gautenako psikologoekin harremanetan egoten dira", azaldu du Javi Garciak, Gautenako kideak. Autismo kasu larrienetan, berriz, Ikasgela Egonkorrak izeneko zerbitzua eskaintzen dute. Gipuzkoan hemezortzi ikasgela egonkor dituzte, guztira.

Xedea: lurraldera zabaltzea

Pertsona autistak 20 urtera arte egoten dira hezkuntza sisteman, eta Garciaren esanetan, bitarte horretan ia erabat aseta egoten dira beren beharrak. Arazoa behin hezkuntza prozesua amaitutakoan etortzen da, ordea. Gautenak bi zerbitzu eskaintzen ditu ikasketak amaitzen dituztenerako. Batetik, eguneko zentroak dituzte: hiru Donostian eta bat Errenterian. Bestetik, pertsona autistak bizi ahal izateko etxebizitzak: bost Donostian eta bat Urnietan.

Hortaz, zein da gabezia? Bada, bi zerbitzu horiek Donostia aldean baino ez direla eskaintzen. Gipuzkoar guztien eskura daude, noski, baina ez da batere erosoa Donostiaraino mugitu beharra. Jose Conejo legazpiarrak, esaterako, egunero Donostiara eramaten du semea, eguneko zentrora. "Ni, nire lanagatik, molda naiteke, baina hori ez da irtenbidea. Helburua izango litzateke zerbitzua familiaren bizilekutik ahalik eta gertuen eskaintzea".

Gabezia horretaz jakitun, zerbitzuak lurralde osora zabaltzea da Gautenaren hurrengo erronka, Donostiako erabiltzaileek dituzten aukera berberak izan ditzaten gainontzeko eskualdeetan ere. "Helburua da bizitzako etapa guztietan beharrak aseta izatea, bakoitza bizi den eremuan, autismoak bizitza osoan irauten baitu", esan du Garciak. Dagoeneko harremanetan daude Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Gautenaren zerbitzuak gainontzeko eskualdeetara zabaltzeko.

Elkargunea Zumarragan

Garciak uste du agintaldi honetan aurrera aterako dela proiektua. "Edo hori gustatuko litzaiguke, behintzat; gutxika ari gara pausoak ematen". Antza denez, lehenik Goierrin hasiko dira eguneko zerbitzua eta etxebizitza zerbitzua eskaintzen. "Nik ospitalearen adibidea jartzen dut beti: garai batean ospitalea Donostian zegoen, eta hara joan behar zen derrigor; gaur egun eskualde guztietan dago ospitale bat", esan du Conejok. "Bada, guk ere ospitalearen bide bera egin nahi dugu, gure zerbitzuak zabalduz; bidearen hasieran gaude oraindik, eta baikorrak gara".

Conejok esan bezala, zerbitzu guztiak lurraldera zabaltzeko bidearen hasieran daude oraindik. Pauso batzuk emanak dituzte, ordea. Zumarragan, esaterako, Goierri osoari —Goierri garaiari zein Goierri beheari— zerbitzua ematen dion elkargunea ireki zuten duela bizpahiru urte. Hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte han. Adibidez, autismoa duten haurrak han biltzen dira psikologoarekin, eta psikiatria zerbitzua ere badute.

Bestalde, aisialdirako elkargune modura ere funtzionatzen du. Autistak zein haien gurasoak elkartzen dira udalak utzitako lokalean. Sukalde bat, telebista eta sofa pare bat dituzte, eroso egoteko. Psikologoaren kontsultetarako, berriz, aparteko gela bat dute, beharrezko materialarekin.

Eskualdean zenbait ekintza antolatu ahal izateko ere balio izan die Zumarragan egoitza izateak. Hitzaldiak eta tailerrak egiten dituzte, esaterako. Zumarragan antolatzen diren arren, Goierri osoko herritarrentzat dira jarduerak. Garciaren esanetan, berebiziko garrantzia du antolatzen diren ekintzetan jendeak parte hartzeak. "Eskualdean egiten diren ekintzetan gero eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta argiago geratuko da beharrezkoa dela Gautenaren zerbitzuak lurralde osora zabaltzea".

Gizarteratzeko balio izan du

Eta, batez ere, autismoa gizartean ikusarazteko balio izan du Zumarragako egoitzak. Gautenaren izena eta logoa atean grabaturik dituen lokal bat izate hutsak elkartea zein gaitza ezagutzera ematen lagundu die. "Aurreko batean kalean geratu ninduen ezagun batek, eta esan zidan lagun bat Gautenara bideratu zuela, semeari autismoa diagnostikatu diotelako; poztu egin nintzen, horrek esan nahi duelako jendeak badakiela hor gaudela", esan du Garciak.

Conejo baikorra da, eta bide onean doazela uste du. Autismoa gizarteratzea da Gautenaren helburu nagusietako bat, eta bide horretan aurrerapauso handiak eman direla iruditzen zaio. Oraindik estereotipo asko egon arren, jendeak duela hogei urte baino askoz gehiago dakiela adierazi du. "Nire semeari autismoa diagnostikatu ziotenean, nora jo ere ez genekien", gogoratu du. "Neure artean pentsatu nuen: 'Hau niri bakarrik pasatzen zait, edo zer? Nola da posible beste inori gaitzaren inguruan ezer ez entzutea?'". Gaur egun, egoera bestelakoa da.

Elkarteko kide guztiak gurasoak dira, Garcia eta Conejo bezala, eta gogor lan egiten dute beren seme-alaben bizi kalitatea ahalik eta onena izan dadin. Bide luzea dute aurretik, batera egiteko.