gipuzkoa

Kirola, emakumeen azaletik

Kirola, emakumeen azaletik

Julene Frantzesena
Gizartean gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak "geroz eta txikiagoak" badira ere, kirolean "oso handiak" dira oraindik. Hala dio Mariate Bizkarra EHUko irakasleak (Gasteiz, 1964): "Prentsan gutxiago agertzen dira emakumeak, ...

Oso gustu txarreko artikulua

Danel Agirre

Eskuineko borobiltxoko erretratua kendu eta hutsunean hankartearen irudi bat paratuko banu, ez luke egitera noanak bezainbesteko atentziorik emango: izan ere, datorren paragrafoan nire diru-sarrerak xehatzera noa, zintzo.

Behin alokairua eta autonomoen kuota ordainduta, laurehun eta zortziehun euro artean geratzen zaizkit beste gastu guztietarako hilero, urte-sasoiaren arabera. Neguan aurreztea tokatzen zait, lan aldetik askoz makalagoa izan ohi den uda partean txalupa hondora ez dadin. Hau idazten nabilela berrehun euro batzen ez dituzten bi kontu-korronte daude nire izenean, bata Kutxabanken eta bestea Alemaniako GLSn. Ez daukat ez autorik, ez higiezinik, ez akziorik, ez pentsio-planik. Gurasoak baino luzeago biziz gero haien etxebizitzaren zati bat jasoko dudala errepikatu izan dit aspaldi amak —gurasoak Franco bezalakoak dira, guztia lotua dutela erakustea asko gustatzen zaie, xanpain apur bat edan dutenean batez ere—. Azken hori gerta dadin ez dago inongo presarik, argitu dezadan. Baina oso garbi daukat: nire belaunaldian hainbeste bezala, familiaren salbamendu-jaka gabe kaka eginda biziko nintzateke.

Irakasle edo foru aldundiko bulegari soldata baduzu eta zurekin alderatuta estu samar nabilela iruditu bazaizu, lasai, ez dizut dirurik eskatuko eta. Azpeitikoei inbidia emateko moduan bizi naiz, erraz eta eroso. Ezohiko striptease hori okurritu zait sosak erlijio bakar izanda, txanponen monoteismoan bizita, norberaren ekonomiaz askoz modu naturalagoan hitz egin beharko genukeela uste dudalako. Sekula ez dut ulertu plazara diru eske irtendakoan BERRIAko langileek zergatik ez duten aho beteka esaten, adibidez, mila euro eskas egiten dituztela hilero. Bulegoren batean norbaitek ordu laurdenez gorbata estuago sentitzea lortuko lukete behingoagatik akaso. Diru-sarrerez hitz egitea ez da "gustu txarrekoa", batzuen eta besteen diru-sarreren artean tamainako leizeak daudenean.

Alkondaran itsatsitako pegatina batean gure ondasunak idatzita kalera irtengo bagina, mundu hau askoz ulerterrazagoa izango zen. Bilera eta negoziazioak askoz interesgarriagoak lirateke, esaterako. Seychelleetan offshore bat duen jeltzaleak ez luke pegatina hori eraman beharra onartuko, bistan denez. Edo ziria sartuko liguke, gaineratuko didazu. Eta ez zaizu arrazoirik falta, baina are goibelagoa da zapatuan hiru garagardo lasai hartzeko ez daukanak ere ez lukeela nahiko, auzo-lotsak jota. Zortziehun euro kostata egin, eta subkontzienteak alferra edo behar bezain argia ez dela esaten diolako. Zoriona arrakasta ekonomikoarekin parekatzen duen gizarte honek, eta haren profeta diren ekonomista, coach eta beste hainbat iruzurtik, bera bezalakoak susmagarritzat dituelako. Nik neuk galdetu izan diot neure buruari zerbait gaizki egiten ari naizen, pasa den urtetik hortz batean pitzadura bat edukita, fakturari beldurra diodalako dentistara ez naizelako oraindik joan.

Inor ez dela lan eginez aberastu dio obrako atsotitz zahar eta zuhurrak. Horregatik, kontu korrontean armiarma-sareak baino ez dauzkanak abantaila bat eduki behar luke: kontu korrontean armiarma-sareak baino ez dauzkala umiliazio gabe esan ahal izatea.

[Herriz herri] Astigarraga. Hazkundeari aurre hartzen

[Herriz herri] Astigarraga. Hazkundeari aurre hartzen

E. Goenaga Lizaso

GIPUZKOA, BATETIK BESTERA . Sagardoa eta sagardotegiak bai, baina Astigarraga hori baino gehiago da, eta hori aldarrikatu nahi du udalak. Populazio hazkundeari erantzutea —bikoiztu egin da 25 urtean—, herria egituratzea eta Astigarraga ezagutaraztea jomugan jarrita ari dira lanean.

Donostiako erdigunetik 5 kilometrora eta Hernanitik 3,5era, Astigarraga sagardozaleen paradisua da. Sagardoetxea euskal sagardoaren museoa bertan dago, eta, hemeretzi sagardotegirekin, 300 biztanleko sagardotegi bat dute herrian. "Sagardoak mapan jarri gaitu, horretan ez dago dudarik. Hori eskertu eta zaindu behar dugu, eta zaintzen dugu. Baina Astigarraga sagardoa eta sagardotegiak baino gehiago ere bada". Jesus Mari Santos jeltzaleak (Astigarraga, 1964) urtea egingo du ekainean alkate gisa, eta herriak dituen erronken harira hitz egin du Hitza-rekin.

Asko handitu da herria azken urteotan; 1990etik bikoiztu egin da populazioa. "44 falta zaizkigu 6.000 biztanlera iristeko". Eta epe laburrean hazkunde handiagoa espero dute. Urumea inguruan 800-900 etxebizitza inguru eraikiko dira, eta horrek jende gehiago eramango du Astigarragan bizitzera. "Guk prestatu egin behar dugu jende hori etortzerako. Izan ere, horrek herrian behar batzuk sortzen ditu, zerbitzu gehiago eskaini behar zaizkie herritarrei, herritarren beharrak askoz ere handiagoak dira, eta horretara egokitu behar dugu".

Santosek dioenez, udalaren erronka Astigarragan bizi denak bizimodua herrian egitea da; umeak bertan eskolatu, erosketak bertan egin, aisia herrian antolatu... "Astigarragara etortzen diren gehienak Donostiatik datoz, baina guk ez dugu lotarako herri bat bihurtu nahi. Astigarragan bizi dena astigartar izatea nahi dugu". Ostiraletan merkatua antolatzea da ildo horretan emandako azken pausoetako bat. "Probako proiektu bat da. Ikusten ari gara nolako harrera duen. Lau astez egin da jada, eta ematen du ari dela martxa hartzen. Jendea hurbiltzen ari da, eta hori inportantea da guretzat". Krisiaren eraginez, komertzio txiki asko itxi dira, eta galera horri nolabait erantzun nahi diote.

Herrian enplegua sortzeari begira ere lanean ari dira Astigarragako Udalean. "Hiru industrialde ditugu, eta laugarren poligonoa ari gara eraikitzen. Jendeak hemen lan egiten badu, errazagoa da bizimodua hemen egitea, eta horrek herria egituratzen laguntzen du".

Kultur etxe berria

Kultur etxe berriaren eraikuntza ere aipatu du alkateak. Hurrengo urtean hasi nahi dituzte obrak. "Oraingo kultur etxea ez da udalaren eraikina, fundazio batena da, eta txikia gelditu zaigu. Badira hiru legegintzaldi gaia hor dagoela, eta guk martxan jarriko dugu. 3 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du, eta proiektu handinahikoa izango da". Kultur etxe berriak herriak dituen beharrak asetzeko adinako eskaintza eta tamaina izango duelakoan dago alkatea.

Herrigunearen garrantzia ahaztu gabe, auzoei behar duten arreta eskaintzea ere ezinbesteko jotzen du udalak. "Astigarragan pisu handiko auzoak ditugu, eta horietan ere inbertsioak eta lanketa egin beharra dago. Auzoetatik hori ari zaizkigu eskatzen, azken zortzi urteetan apenas egin baita ezer". Horrez gain, herriko hainbat guneri balioa emateko ahaleginean ari dira. "Astigarraga herri polita da, eta oso txukun dago. Baina gure ingurunea, landa gunea, izugarri ederra da, eta horri balioa ematea ezinbestekoa da. Santiagomendin, adibidez, proiektu paisajistiko bat lantzen ari gara. Santiagomendi harribitxi bat da; ermitara igotzen zara eta ikuspegi zoragarria dago. Itsasoa ikusten da, Aiako Harria, Ernio... ni maiteminduta nago toki horrekin".

Sagardotegiekin elkarlana

Alkateak behin baino gehiagotan esan du Astigarraga sagardoa baino gehiago dela. "Baina gaizki ariko ginateke sagardoak eta sagardotegiek guretzat duten balioa eta garrantzia gutxietsiko bagenu. Sagardoak herria eraikitzen lagundu du; jende askok ezagutzen badu Astigarraga, sagardoari esker ezagutzen du". Ildo horretan, sagardotegiek udalaren laguntza dutela eta udalak laguntzen jarraitzeko eta elkarlanean jarduteko asmoa duela iragarri du Santosek. Aurten, adibidez, udalak sagardotegietarako autobus zerbitzuak jarri dituela eta eskaintza hori sagardotegiekin elkarlanean landu dutela nabarmendu du.

Baina batak ez du bestea kentzen. Eta sagardotegien eskaintzari muzin egin gabe, eta sagardoari merezi duen balioa aitortuz, Astigarragak herritarrei zein bisitariei zerbait gehiago eskaini nahi diela azpimarratu du alkateak. "Asko etortzen dira sagardotegiengatik, eta ongietorriak dira, baina guk gai izan behar dugu horiei Astigarragak duen guztia erakusteko".

Hilabete honetan, esaterako, 3.000 bisitari inguru espero dituzte, Eternal Running lasterketan. "Lehen aldiz antolatuko dugu, eta itxaropentsu gaude. Hamar kilometroko ibilbide bat da, 80 oztoporekin, eta eskaintza berri bat da. Ikusiko dugu nola joaten den. Loiun izan ginen hango lasterketa ikusten, eta sekulako giroa sortu zen herrian. Gauza polita da, kirol eskaintza bat, herrira jendea ekarriko duena. Ikusiko dugu nola ateratzen den".

Tren geltokia

Astigarragak duen gabezia handienetako bat tren geltokia dela dio alkateak. Izan ere, trenbidea pasatu pasatzen da Astigarragatik, baina Renfeko aldiriko trenak ez du egiten geldialdirik bertan, ez dago geltokirik. "Aspaldiko eskaera bat da geltokia egitea. Erabakia hartuta dago, proiektua egina dago, lur eremua ere berreskuratu da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak emana dute oniritzia. Adif-ek egin beharko luke obra, eta hark ere onartua du".

Urumea inguruan eraikiko diren etxebizitza berrien ondoan joango litzateke geltoki berria, eta geltokia egitearekin batera, udalaren asmoa trenbide gaineko pasabidea kentzea da. "Onena abiadura handiko trenaren obrekin batera egitea litzateke, eta hori lortzeko lanean ari gara. Biak batera eginez gero, asko merkatuko litzateke. Logikoa da".

Tren geltokia egin artean, astigartarrek autobusa dute garraio publiko bakar gisa. "Nik uste dut nahiko ondo daudela maiztasunak, bai Donostiara eta bai Hernanira joateko". Ospitaleetara zuzenean joaten zen A3 linearen ordezko bat topatzeko ere lanean ari direla dio Santosek. Linea horrek "oso erabiltzaile gutxi" zituela-eta, urte hasieran bertan behera gelditu zen. "Hernanira joan, eta handik beste autobus bat hartuta joan behar da orain ospitaleetara. Kontua da Hernanin hogei minutu inguru itxaron behar dela beste autobusa hartzeko, eta hori konpondu nahian gabiltza foru aldundiarekin".

Herritarren beharrei ahal bezain ondo erantzutea eta herritarrek udala gertu sentitzea lehentasunen artean jartzen du Santosek. "Ildo horretan, gure programan herritarrei hitza emango geniela esan genuen, eta apirilean egin dugu atez ateko hondakin bilketari buruzko galdeketa. Oso polita izan zen, giro onean joan zen, eta oso gustura gaude parte hartzearekin. Baita emaitzarekin ere. Guk bosgarren edukiontzia jartzeko proposamena egin genuen, uste genuelako kopuru onak ematen dituela, eta herritarrentzat erosoagoa dela". Bosgarren edukiontzia ahal bezain laster jarri nahi du udalak; ahal bada, uztailean, herriko festen aurretik.

DATUAK GIPUZKOAN. EHME

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, 2015-2016an 23.646 lagun aritu dira musika eta instrumentuak ikasten. Musika ikasketak hiru mailatan banatzen dira: musika eskolak, kontserbatorioak eta goi mailako musika ikasketak.

Musika eskolak

22.792 ikasle. Iazko irailean, ikasturtea hasteko, 22.792 ikasle matrikulatu ziren. Musika eskolak irakaskuntza arautu gabean daude. Musikazaleak prestatzea eta bokazioak azalaraztea da eskola horien zeregina. Diplomak eta ziurtagiriak ematen dituzte.

Kontserbatorioak

483 ikasle. Kontserbatorioek eta ikastetxe baimenduek irakaskuntza arautua ematen dute; hau da, profesional bihurtu nahi duten pertsonentzat da, eta, beraz, jarduera profesionala dago pertsona horien helburuen artean. Titulu ofizial bat eskuratzen da amaieran. Musika eskoletatik heldutakoen maila neurtzeko, kontserbatorioetan sarrera proba bat egiten zaie. Profesionalak kualifikatzea da halako zentroen helburua. Gipuzkoan, Donostiako Kontserbatorioaz gain, Irun eta Errenteriako zentro baimenduak daude. Donostian (Francisco Escudero), 371 ikasle ari dira aurten; Errenterian, 22; eta Irunen, 90.

Musikene

371 ikasle. Musikenek, goi mailako ikasketak eskaintzen dituenez, Gipuzkoako eremutik harago egiten du —nahiz eta Gipuzkoan egon—. Goi mailako titulazioa eskuratzen da ikasketak amaitzean, unibertsitate lizentzia edo gradu baten parekoa.

EHME musika eskolen elkarteak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako musika eskolak biltzen ditu. Gipuzkoako 38 musika eskola daude elkartean: Andoain, Añorga, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Donostia (Zurriola eta udal musika eskola), Eibar, Elgoibar, Errenteria, Eskoriatza, Getaria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lazkao, Legazpi, Lezo, Mendaro, Mutriku, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Soraluze, Tolosa, Urnieta, Usurbil, Zegama, Zestoa, Zizurkil, Zumaia eta Zumarraga.

Txikiek egin arren, handia

Txikiek egin arren, handia

Eider Goenaga Lizaso

M iren Mujika Tolaretxipi musika irakasleak (Andoain, 1969) Villabonan, Anoetan eta berriro Villabonan eman zituen musika eskolak atzo. Altzora ere joaten da, eta Alegian ere ematen ditu eskolak. "Astelehenak dira niretzat egunik nahasienak. Villabonan hasten naiz, eta handik Anoetara, gero Irurara, eta berriro Villabonara, atzera Irurara joan, eta Anoetan bukatu". Pianoa, musika hizkuntza eta abesbatza ematen ditu Mujikak. Aldamenean eserita Ixak Oiartzabal Urretabizkaia dago (Errenteria, 1969); saxofoi, perkusio eta bandako irakaslea da, eta Loatzo musika eskolako zuzendaritzako kidea ere bai. Biek ala biek musika instrumentuak dituzte lanabes. "Baina etxetik irtetean inoiz ahaztu ezin duguna autoko giltza da", azpimarratu du Oiartzabalek.

Izan ere, Loatzoko musika eskola, bakarra izan arren, zortzi herritan dago: Irura, Anoeta, Ibarra, Aduna, Zizurkil, Villabona, Altzo eta Alegia. 19.500 biztanle inguru batzen dituzte zortzi herriek, eta Loatzo musika eskolak 701 ikasle ditu —populazioaren %3,5—. "2002an, hasi ginenean, 300 bat ikasle genituen; orain, 701. Asko da, Tolosako musika eskolan ere ez daude hainbeste ikasle", dio Mujikak. 2006-2007ko ikasturtean gainditu zuen Loatzok 600 ikasleren langa, eta ikasturte honetan 700 ikaslekoa. Loatzo sortu zenetik, ikasle kopuruak etengabe egin du gora. Hurrengo urteko kopurua laster zehaztuko dute, astelehenean hasiko baita ikasle berrien matrikulazioa —barrukoena jada amaituta—.

Sorrera

Loatzoren sorreratik beretik dabil Mujika han lanean. "Lehenagotik ere bai", dio. Izan ere, Anoetako musika eskola da Loatzoren ernamuina, eta Mujika hango irakaslea zen. 2002-2003ko ikasturtean eman zituen lehen pausoak Loatzo musika eskolak, eta sortze prozesuan buru-belarri aritu zen Mujika. "1983-1984tik bazegoen musika eskola Anoetan, eta hura legeztatzeko hainbat ahalegin egin genituen Eusko Jaurlaritzan. Musika eskola arautzeko, ordea, gutxieneko tresna kopuru bat eskaini behar zen, eta ez ginen iristen".

Behar horri inguruko hainbat herritan sortutako interesa eta mugimendua gehitu zitzaizkion. Villabonan bazegoen musika eskola, baina musika tailerra, gitarra eta pianoa bakarrik ematen zituzten. "Zizurkilgo ikasleak Villabonara joaten ziren, eta Irurakoak, Anoetara, baina udalek diru pila bat ordaindu behar zuten ikasle bakoitzeko". Ibarrako ikastolak eta bertako gurasoek, bestalde, herrian musika ikasketak eskaintzeko interesa agertu zuten. "Hala, Anoetako irakasleok pare bat urte egin genituen Villabonara eta Ibarrara joaten, han eskolak ematera. Baina egoera oso irregularra zen".

2001. urtearen bueltan ekin zioten proiektu berria martxan jartzeko gogoetari. "Musika eskola sortzeko mankomunitate publiko bat sortu zen. Lehen urtean, 2002-2003an, Anoeta, Zizurkil, Ibarra eta Villabona sartu ziren, eta besteak pixkanaka joan dira gehituz, zortzi herriko mankomunitatea eratu arte".

Loatzoren sorrerak eta herri gehiagok mankomunitatearekin bat egiteak musika eskola txiki bat handi egin dute. "700 ikasle eta 22 irakaslerekin, Irura batean edo Altzo edo Aduna batean, ikasleek ia-ia Donostiako kontserbatorioan izango luketen adinako musika-tresna aukera dute, herritik irten gabe. Instrumentu familiak kontuan hartuta, familia guztiak ditugu, eta, gainera, kontserbatorioan ematen ez diren eta gure-gureak diren tresnak ikasteko aukera ere badago: trikitia, alboka...". Herri guztietan instrumentu guztiak ikasteko aukera dago, berdin Villabonan —6.000 biztanle inguru—, berdin Altzon —400 biztanle inguru—.

Loatzorekin batera hazi da ikasleen kopurua herriotan, eta, ondorioz, baita zaletasuna ere. Altzon, adibidez, 51 ikasle ari dira aurten musika eskolan —zortzi biztanletik bat ari da musika ikasten—. "Irurakoak Anoetara joaten zirenean, ez ziren dozenara iristen", oroitu du, bestalde, Mujikak. Egun, 85 ikasle daude matrikulatuta Iruran. "Dudarik ez dago: Loatzo sortu ez balitz, herri hauetan ez zen hainbeste ikasle izango".

Hiru hankako finantzaketa

Udalen musika eskola guztien modura, Loatzoren finantzaketak hiru hanka ditu. "Eusko Jaurlaritza, udalak eta gurasoak. Baina diru gehiena udalek jartzen dute. Jaurlaritzari heren bat dagokio, baina urteak daramatza hori bete gabe; ez dakit inoiz bete duen", azaldu du Oiartzabalek. "Gehienez ere %25era iritsi zen urte batean", gehitu du Mujikak. "Kontua da Jaurlaritzak diru poltsa bat duela eta diru hori banatzeko lehentasun irizpideak jartzen dituela. Adibidez, urte batean Musikeneko obra baldin badago, obra horretara doa diru gehiena, eta musika eskolei gutxiago iristen zaie". Oro har, erakundeen atzetik ibili behar izaten dutela dio Mujikak, eta erakundeek jartzen ez dutena gurasoek jarri behar izaten dutela. "Aurten %5 igo da matrikula; jada Tolosakoaren mailan gaude".

Mujikak uste du musika eskolek ez dutela kultur jarduera bat diren neurrian merezi duten aitortzarik. "Nik argi daukat: Loatzo beste mota bateko proiektu bat balitz, kultura ez dena, askoz diru laguntza gehiago jasoko zukeen erakunde guztietatik, beste oihartzun bat izango zukeen... Ez zaio ematen merezi duen balioa".

"Ezta duen balio soziala kontuan hartzen ere", gehitu du Oiartzabalek. Perkusio irakaslearen esanetan, Loatzon garrantzi handia ematen zaio taldekako lanari. Musika instrumentuarekin hasten direnek, bakarkako eskolak hartzeaz gain, taldeko dinamikak ere lantzen dituzte —bandan, instrumentu taldeetan...—. "Antzeko adina duten gazteak dira, baina herri ezberdinetakoak, eta hori oso aberasgarria da; eskualdeko harremanak estutzen ditu".

Ikasleak

Horrekin ados daude Garazi Otegi (Villabona-Amasa, 1999) eta Xumai Aizpuru (Alegia, 2000) ikasleak ere. Musika tailerretan hasi ziren biak, 5-6 urterekin. 8 urterekin hasi ziren musika tresna jotzen: Otegik, pianoa; eta Aizpuruk, perkusioa. Otegik uste du musika eskola herrian izan ez balu ez zela hain txikitan hasiko. "Azken batean, gurasoek proposatu zidaten Loatzon hastea; Tolosara edo Donostiara joan beharko banu, ez dut uste gurasoek hain txikia nintzenean proposatuko zidatenik musika ikasten hastea. Beraz, aukera paregabea da Loatzoren moduko eskola bat izatea". Herrian bertan egiten ditu entseguak Aizpuruk, eta bandarekin jotzera Irurara joaten da. "Ondo dago, herrian ikas dezakezulako, baina beste herrietara joatea ere aberasgarria da. Nik lagunak egin ditut bandan. Hogei bat izango gara, adin bertsukoak, baina herri ezberdinetakoak, eta harreman bat sortzen da".

Otegik eta Aizpuruk musikarekin jarraitzeko asmoa dute, baina ez musikari profesional gisa. Musika eskolatik kontserbatoriorako pausoa emango dutenik ere ez dute uste. "Afizio gisa bai, ofizio gisa ez", dio Aizpuruk. "Musika oso gustukoa dudan arren, ez dut neure burua profesional gisa ikusten", Otegik.

Elkarbizitzara kondenatuak

Elkarbizitzara kondenatuak

Olatz Mitxelena

Galtzerdiari buelta nola, hala eman behar omen zioten buelta Pasaiako badiari. Jaurlaritzako lehendakari zela Juan Jose Ibarretxek egindako adierazpenak sonatuak izan ziren. Ordutik, ordea, ez da urrats handirik egin Pasaiako badiaren biziberritzean. Gipuzkoako Foru Aldundiak hasierako onarpena eman zion lehengo astean portuaren Plan Bereziari. Aste berean, San Pedroko lonja berria eraikitzeko lanetan 7 milioi euroko gainkostua salatu dutela jakin da. Biziberritzearen bidean orain arte egin den obrarik esanguratsuena, beraz, susmopean da, eta obrak geldirik daude otsailaz geroztik.

Onartzear den Portuaren Ordenaziorako Plan Bereziak 7,9 hektarea gordetzen ditu hiri erabilerarako, eta 97.000 metro koadro portuko biltegietarako: 46.000 kaiko Herreran eta 51.000 portuaren gainontzeko lurretan. Hala iragarri zuen Portu Agintaritzak plana berrikustea adostu zuenean, iazko irailean. Portuak orduan esan zuenez, kanpo kaiaren proiektua baztertu izanak eragin du plan aldaketa, "portuko eta hiriko beharren arteko oreka" bilatzeko.

Bilaketa horretan, baina, herritarrak galtzaile direla argi du Herrera Herrira plataformak. Portuaren Plan Bereziak "Herreraren kolonizazioari" eusten diola uste du, eta egoera arindu ez ezik, okertu egingo duela: "Hasierako planak [2010. urtekoa] kaiko Herreraren iparraldea eta mendebaldea mistotzat hartzen zituen, eta herritarrentzako erabilerak baimendu, baina plan berrian aukera horri ateak ixten zaizkio erabat, eta egungo portuaren eremuei eusten zaie".

Herrera Herrirako kide Iñaki Aristik azaldu duenez, herriaren erabilerarako bi eremu baino ez ditu aurreikusten plan berriak: Trintxerpeko kaian inguru bat lur azpiko aparkalekuak eraikitzeko, eta Herrerarako Eusko Tren geltokirainoko sarbidea.

Planari hasierako onarpena eman diotenez, orain alegazioetarako tartea zabaldu dute. Hilabete eta erdiz aurkez daitezke alegazioak, eta urte bukaerarako plana behin betiko onartua egotea aurreikusia dute.

Hori dela eta, diputazioak hiru partekatze saio antolatu ditu Trintxerpen, portuaren Ordenaziorako Plan Berezia ezagutarazteko asmoz. Lehenengo partekatze saioa asteazkenean izan zen. Herrera Herrira-k, saioan parte hartzeko gonbidapenari uko egin, eta elkarretaratzera deitu zuen egun eta toki berean, "inposizioa" salatzeko. "Eskandalagarria" iruditzen zaio Herrera Herrira-ri diputazioak antolatu duen prozesua, eta "erabat arduragabea" Pasaiako udal gobernuaren jarrera, "halako garrantzia duen gai baten kudeaketa herrikoak ez diren eragileen esku uzteagatik". Aristik salatu du prozesua plana azaltzeko baino ez dela izango; "ez da inolaz ere izango eztabaidarako aukera". Aldundiak antolatu dituen saioetara gonbidapenarekin baino ezingo da sartu, eta tokia mugatua izango da, Pasaiako Udaleko Hirigintza zinegotzi Nahikari Oterminek esan duenez, saioak "operatiboak" izan daitezen. Horrez gain, partekatze saioetan bi talde bereiziko dituztela aurreratu zuen Oterminek: herri eragileak batetik, eta portuko enpresetako kideak bestetik, "oso bestelako interesak defendatzen dituztela" argudiatuta.

Aitzitik, Herrera Herrira-k uste du halako foroek "aurrez idatzitako gidoi bat legitimatzeko baino ez dutela balio", eta kezka agertu dute, haien ustez, portuaren Plan Bereziak Pasaiako "etorkizuna beste behin hipotekatuko duelako".

"Irizpideak inposatu nahi dizkigute herritarrek udalerriaren etorkizuna eraikitzeko bidean hartutako erabakiak ezinezko izan daitezen, batez ere kaiko Herreran", ohartarazi du Aristik, eta ohartarazi du ez dutela onartuko. "kanpoko erakundeen injerentziarik". "Ez dira nor gure herrian zer egin behar dugun erabakitzeko".

Aristik gogoratu du Pasaiak aspaldi erabakia duela kaiko Herrera nola ordenatu. Pasaiako Udalak 2011. urtean adostu zuen kaiko Herreraren ordenazioa, Herrera Herrira-k dinamizatutako parte hartze prozesuan erabakitakoak bere eginda. Herrera Herrira-k salatu du akordio hura urratzea lekarkeela egungo plana onartzeak. Pasaiako alkatetzan den PSE-EE, ordea, Herrera Herrira-k proposatutakoen kontra agertu da izan da beti, baita 2011ko bozketan ere. Izaskun Gomez alkateak argi adierazi izan du ez duela bere egiten akordio hura.

Lonjako lanak, etenda

San Pedroko lonja berria eraikitzeko lanetan atzeman dituzten gainkostuez galdetuta, Aristik "oso larritzat" jo ditu ustezko irregulartasunak. Larriena, edonola ere, Pasaiako udal ordezkariak jokatzen ari diren rola dela uste du: "Alkateak irregulartasun horiek ikertzearen kontra bozkatu du, baita hirigintza zinegotziak ere". Gaineratu du Pasaiako herritarrak "erabateko desanparoan" direla. "Ea zerk ematen duen honek guztiak, baina erne jartzen gaitu". Gogoratu du Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euro eta erdi jarri behar dituela "jende beraren eskuetan".

“Pasaiako etorkizunaren alde”, akordioa

"Premiazko" topagunea izan zen lehengo larunbatean Trintxerpen, Herrera Herrirak deituta. Batzar haren ondorio da Pasaiak Ahal Du-k, Ezker Anitzak, EH Bilduk eta Herrera Herrira-k berak izenpetutako akordioa, "Pasaiaren etorkizunaren alde".Funtsean, P...