gipuzkoa

Alkoholiko ezin bada, diabetiko

Danel Agirre

Frontoietan alkohola debekatzearen erabakia hartu duenak, nire mespretxua baino gehiago, errukia bereganatu du, benetan behar duelako norbait miserablea. Izan ere, igandean Astelenara doanari —beti egin dit grazia igandean Astelenara joatearen tradizio horrek— patxaran parea hartzea galarazten dionak motibazio bakarra izan dezake: misantropia. Hurkoarekiko ezinikusi goibel eta sendaezin bat.

Menpekotasunen aurkako neurriaren mozorroa ipini nahi izan diote aldrebeskeriari: "Gizartean alkoholaren kontsumoa gehiegizkoa dela ulertzen dugu", Jon Darpon sailburuari irakurritako arrazoiketa. Doble ikusten ez duen orok aspaldi antzemana du, ordea, gero eta gutxiago edaten dela gurean. Zapatu arratsaldeko tragoxka soziala ez den beste guztiak erretiran dirudi. Txikiteoa, otordu bakoitza baxoerdiarekin laguntzea, besaulkiko pattarra, guztiak ari dira galtzen pixkanaka. Eustatek berretsiko nau, behingoagatik: 2000. eta 2012. urteen artean, alkoholaren kontsumoa %10 apaldu zen EAEn, bai gizonezkoen bai emakumezkoen artean. Euskal herritar batek errusiar batek baino bost aldiz alkohol gutxiago edaten du urtero, batez beste, edo irlandar baten erdia, Eusko Jaurlaritzaren eta Osasunaren Mundu Erakundearen estatistikak uztartuz jakin dudanez.

Zurrut epidemiarik ez badago, zaila da garbizalekeria olatua zerk eragin duen asmatzea. Politikariek herritarren osasuna obsesiotzat dutenik ez du ematen. Badaude etxe bloke bakoitzean Orfidal edo Lexatin gabe lo egiteko gai ez diren bizpahiru koitadu, baina legeak idazten dituztenei ez die deskantsurik eragozten horrek. Milaka lagun gaixotzen eta deprimitzen dituzten lan baldintza toxikoen aurka ez dabiltza tinkoegi, bistakoa da hori ere. Kontrakantxako gin-tonica gure ongizatearentzat mehatxu larria omen, eta industrialdeetako eta eraikitzeko irrikan dauden errauste plantako tximiniek bihotz formadun piruletak isurtzen dituzte, antza. Beotibarren lege lehorra ezarri duen Jaurlaritza berberak xanpainarekin ospatu nahi du transgenikoei alfonbra gorria ipiniko dion TTIPa onartzea. Lehentasun politikoak ezartzeko modu hau bitxiegia egiten zait, konspirazioaren teoria txukunen bat eraikitzeko ere.

Debekuez ari naizela, baditut Anoetako abonua marmarka ordaintzen duten lagunak, beraiei aspalditik alkoholik saldu ez eta palkokoak oraindik ere fin jartzen direlako. Agintarien paternalismoaren beste adibide bat da: guk badakigu paperak galdu gabe edaten, zuek ez bezala —esan beharrik ez dago Realaren emanaldi astun samarrak bultzatzeko zenbat laguntzen duen ttak pare hori hartu ahal izateak—. Halere, kasu honetan, palkokoek inbidia gutxi eragiten didate. Kirol emanaldi bat bertatik bertara ardotxo batekin ikusi ahal izateko ordaindu behar den bidesaria bi orduz zinegotzi baten alboan eserita egotea bada, nahiago Kas Naranjekin segi diabetes batek jo arte.

“Piratez saldu zaigun irudiari ‘glamour’-a kendu nahi izan diogu”

“Piratez saldu zaigun irudiari ‘glamour’-a kendu nahi izan diogu”

Eider Goenaga Lizaso

Zortzi dantzari irten dira jendaurrera, lau neska eta lau mutil. Binaka atera dira; itsasontzia irudikatzen duen kutxa gurpildun handiaren gainean, bikote bat dago; lurrean, sareak konpontzen, bi neska; beste bi bikoteak ondoren sartzen dira. Portu bat irudikatzen dute, "XVI. edo XVII. mendeko Euskal Herriko edozein portu", Aiert Beobide (Donostia, 1978) dantzari eta koreografoak azaldutakoaren arabera.

Horrela hasten da Haatik dantza konpainiaren Itsas Lapurrak ikuskizuna. Orion, iazko uztailean, egin zuten lehendabizikoz, eta Bilboko Kalerki jaialdian gero; pixkanaka, oihartzun handiagoa izaten ari da. Atzo Valladolideko (Espainia) Kale Antzerki Jaialdian aritu ziren, eta udan kostaldeko hainbat herritan dantzatzeko gonbita jaso dute: Pasaia, Deba, Zarautz...

Beobidek dioenez, Olatz Beobide arrebak —aktorea eta zuzendaria— proposatu zien gaia, eta konpainiako kideei interesgarria iruditu zitzaien. "Gure arrantzaleen historiaz jaso dugun irudia beti izan da arrantzale oso trebeak zirela, balearen arrantza, jarduera ekonomikoa, mundu zabalean ibiltzen zirela... baina kortsarioena erdi ezkutuan gelditzen den historia da, eta, pixka bat arakatzen hasiz gero, oso-oso istorio bereziak aurkitzen dira". Eta euskal arrantzale eta marinelak dira protagonista. "Adibidez, Pasaiako udaletxea Arizabalo jauregian dago egun, eta familia horren egoera ekonomikoa Sokoara joan eta hango ontziak gauez lapurtu ondoren hasi zen suspertzen".

Beobidek hainbat historialarirekin eginiko elkarrizketak aipatu ditu, eta handik eta hemendik topatutako materialaz hitz egiten du. "Gaia hain zehatza denean, ikertu beharra daukazu. Eta haritik tiraka hasten zarenean, eta hainbeste gauza aurkitzen dituzunean, aukera pila bat sortzen zaizkizu dantzarako. Hortik abiatu behar duzu, dantzarekin zer kontatu nahi duzun erabakitzeko. Musika jarri eta dantza egitea erraza izan daiteke, baina horrekin zerbait adierazi nahi dugu".

Itsas Lapurrak kalean dantzatzeko xedez sortu zenez, itsasontzia irudikatzea izan zen lan zailenetako bat. Kutxa gurpildun handi bat erabiltzen dute ontzi gisa. "Eta pixka bat kostatu zitzaigun mugimendua eta erritmoa aurkitzen. Guk azkarragoa nahi genuen, baina kutxa gainean dantzatzea arriskutsua izan zitekeen; azkenean, mugimendu geldoak egiten ditugu, eta horiek magia moduko bat sortzen dute, laino baten barruan dantzan ariko bagina bezala, olatuen gainean".

Kultur nahasketa

Portuetako kultur nahasketa da landu duten gaietako bat. "Hegoaldeko eta Iparraldeko arrantzaleak nahasten ziren, gipuzkoar eta bizkaitarrak, frantsesak, irlandarrak, ingelesak... Pentsa nolako kultur nahasketa zegoen eta zenbat hizkuntza hitz egiten ziren portuetan". Zortzi dantzariak irteten diren uneak irudikatzen du nahasketa hori. Desafio modukoak egiten dituzte dantzariek, batak zer dakien erakusten dio besteari, eta besteak berearekin erantzun. "Tradizioz etorri zaizkigun dantzak ezberdinak dira Gipuzkoan, Bizkaiko kostan zein Lapurdin, eta sarrera horrek hori erakusteko aukera ematen digu; eta Europa iparraldetik etorritako kultura horiei keinu bat egiten ere ahalegintzen gara. Azkenean, portu batean seguru sortzen zen festa giroa sortzen da".

Itsasoratzea da ikuskizunaren hurrengo zatia, agurra. Ondoren, itsasoratutako gizon-emakumeen bizipenak kontatzen dituzte, musika eta dantza bidez. "'Ze bizimodu polita piratena!'. Piraten inguruan saldu zaigun irudiari glamour pixka bat kendu nahi izan diogu guk. Modu gordinago batean eman nahi dugu, bizimodua gogorra zelako, asko ez zirelako itzultzen, alargun asko zeudelako portuan".

Baina emakumeak ez ziren soilik gizonen zain portuan gelditzen; bazeuden itsasoratzen zirenak ere, sineskeriek emakume batek itsasontzian zoritxarra eragiten zuela zioten arren. "Eta kortsaritzan, gutxiago ziren noski, baina bazeuden emakumeak; eta, ez dakigu zergatik, baina pisu handia hartu zuten, liderrak ziren". Beraz, itsasoratzen diren dantzarien artean, emakume bat ere badago

Sineskeriekin jarraituta, dantzarien itsasontziak laminekin egiten du topo. Laminek, dantzarekin, ekaitza eragin eta arroketara eramaten dute ontzia, eta ozta-ozta libratzen dira kortsarioak hondamenditik. Beste ontzi batek abordatzen ditu, orduan. Borroka egiten dute, eta, azkenik, portura itzultzen dira, zaurituta, ontzirik gabe, porrot eginda... "Guk erakutsi nahi genuena zen dena ez dela hain polita, beti ez zela irabazten, eta amaiera negar bat da, dantzariak negar egiten du".

“Ikusi behar dugu arazoa ez dela soilik emakumeena”

“Ikusi behar dugu arazoa ez dela soilik emakumeena”

Aizpea Amas

Irungo Lakaxita gaztetxean, matxismoa deseraikitzeko lanean hasi da gizon talde bat. Datozen asteetan, hainbat tailer eta hitzaldi egingo dituzte. Lehenengoa joan den ostegunean izan zen, Ibon Arrizabalaga de Mingoren eskutik (Orio, 1973). Mikromatxismoen inguruan aritu zen. Arrizabalaga gizartearen eraldaketan lanean ari den Arremanitz kooperatibako kidea da, eta berdintasuneko masterra egina du. Gizon taldeekin ere lan egiten du.

Zergatik bereizten dira mikromatxismoa eta matxismoa?

Ez naiz mikromatxismoak aipatu zale, baina badirudi beharrezkoa dela aipatzea jende bat erakartzeko. Matxismoa aipatuta interesik izango ez lukeen jende askori badirudi interesa pizten zaiola mikromatxismoa entzunda. Nire ustez, mikromatxismotzat jotzen badira oharkabean edo ikusi gabe gertatzen diren matxismoak, oso gauza handiak izango lirateke mikromatxismo, gaur egun daukagun itsutasuna kontuan hartuta. Ez nago batere konforme hitz horrekin.

Mikromatxismoa matxismoa baino sotilagoa da, edo hori horrela ulertzea uste okerra da?

Badaude gauza sotilak, baina badaude gauza itzelak ikusi nahi ez baditugu ikusiko ez ditugunak, edo ikusteko trebatzen ez bagara ikusiko ez ditugunak. Neskek egunero jasaten dituzte egoera batzuk euren gogoz kontrakoak, eta mutilek ez ditugu ikusten. Sotilak direnak badaude, baina mikromatxismoan edozer gauza sar daiteke. Batzuetan ez gara kontziente emakumeek duten lanegun bikoitzaz edo hirukoitzaz. Hori mikro da, edo makro da? Normalean, ez dugu ikusten emakumeek EAEn laurden bat gutxiago kobratzen dutela; jendea ez da ohartzen, eta berdintasunean bizi garela pentsatzen du. Hori sotila da, edo itzela da?

Orduan, matxismoari ematen zaion garrantzi bera eman behar zaio mikromatxismoari?

Ez, mesedez, matxismoari ez zaiolako batere garrantzirik ematen. Mikromatxismoak balio badu gauza horiei garrantzia emateko, eman diezaiogun garrantzia. Matxismoa ez da existitzen: inor ez da matxista. Matxismoa gaur egun ulertzen da oso eskuin muturreko eta adin zaharreko gizon dinosauro batzuek daukaten aspaldiko aztarna bat balitz bezala; gutako inor ez denez horrekin identifikatzen, libre sentitzen gara. Matxismoa ezabatu egin dugu; ez dago. Matxismoaren garrantzi bera ematen badiogu mikromatxismoari, ez du ezertarako balio. Mikromatxismoak interes bat pizten badu, agian balio du jarrera matxistez konturatzeko. Hala ere, nik ez nuke hitz hori erabiliko; June Fernandezek Aizu aldizkarian zioen eguneroko jarrera matxistak dela termino zuzena.

Nola antzeman daitezke jarrera mikromatxistak egunerokoan?

Mikro kenduta, feministek aspaldi asmatu zuten modua konturatzeko ea zerbait matxista edo sexista den: betaurreko moreak jantzi eta gauzak ikusten hastea genero ikuspegitik. Subjektuari generoa aldatzen badiogu esanahia aldatzen da? Orduan, sexismoa edo matxismoa dago. Hizkuntzan ere gertatzen da. Euskaraz, adibidez, joaten naizen ikastetxean karteltxo bat jarrita dago: "Andereñoak". Ez dago jarrita "Gizontxoak". Sexismoaren aztarna bat dago hizkuntzan; ezin da itzuli gizonezkoen termino batera.

Nola jokatu behar da egunerokoan aurkitzen diren jarrera matxistekin? Ez dira gauza bera txiste matxista bat edo irain matxista bat, esaterako.

Egoera zein den edo nolako pertsona zaren, gauza bat edo beste bat egin beharko duzu. Egoera horiei aurrea hartu eta guztiok aktibatu: hori egin beharko litzateke benetan. Ikusi arazoa ez dela hori jasaten dutenena, emakumeena edo emakume batzuena edo emakume feministena... guztioi dagokigun egiteko bat dela eta denek sortu behar ditugula egoerak eraso horiek egiten dituztenak ez daitezen libre sentitu hori egiteko. Adibidez, parranda giroan. Mutil kuadrilla bateko mutil bat sobratzen ari da neska batekin, eta neskak ez du harekin ezer nahi, baina berak berean segitzen du, eta, bitartean, lagunak barrez. Egunerokoa da. Ez dakit mikro edo makro den. Lagunei dagokie gelditzeko esatea. Guri ere badagokigu. Berdintasunaren alde gauden edo egon gaitezkeen gizonen kolektiboa aktibatu behar da.

Emakume eta gizon feministak ezberdin jabetzen dira mikromatxismoarekin?

Nik uste dut oso gutxi jabetuta gaudela gure eguneroko jarreretan non dagoen ikuspegi matxista edo sexista bat. Esango nuke emakume feministek, pairatzen duten neurrian, sentsibilitate bat garatzen dutela, eta gizonentzat, berriz, oso erraza da esatea berdintasunaren alde nagoela, baina gero, "ez dut ezer ikusi nahi". Badago sentsibilizazio mailan egiteko asko, egiteko handia.

Gizonak aktibatu behar direla aipatu duzu. Zein rol jokatu behar dute borroka feministan?

Kolektibo oso garrantzitsu bat aktibatu beharrean gaude, eta urteak, hamarkadak eta mendeak daramatzagu desaktibatuta. Modu guztiak erabili behar dira kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko, eta ahal den neurrian eta erritmoan ekintzara ekartzeko.

Zein da gizon taldeen muina? Zein lanketa egin behar dute?

Esango nuke gizonen arteko giro ez-lehiakor bat sortzea dela muina. Gizarte honek elkarren lehian jartzen gaitu, elkarrengandik urruntzen gaitu, eta horrek ez digu uzten tarterik ohartzeko zer ari garen bizitzen gu ere horrelako gizarte batean bizitzeagatik; zenbateraino insentsibilizatu behar dugun eta deshumanizatu behar dugun ohartzeko emakumeek pairatzen dutena, etorkinen aurkako bortizkeria, adinekoei eragiten zaizkienak, zenbat jende dagoen gizarte honek kaltetua... Gu, gizon izateagatik ditugun pribilegio horiengatik, itsu eta gor bihurtzen gara besteen egoeren aurrean. Uste dut lehiak elikatzen duela urruntze hori. Gizon taldeetan lehia hori desaktibatzea lortzen denean, ikusten dugu gure lekutik ere sentsibilitate bat garatzeko aukera dagoela, eta elkarrekin zerbait egitea lor dezakegula, ez bakarka.

Sortzen ari al dira gizon taldeak? Zein da haien egoera?

Euskal Herrian, duela 30 urtetik gora hasi ziren gizon taldeak. Hasieran, oso modu pribatu eta intimoan hasi ziren. 2001ean, Emakundek egin zuen nazioarteko batzar bat gai horren inguruan, eta ikusi zen ordura arte garatu ziren gizon taldeak ikusarazteko garaia iritsi zela. Orduz geroztik, egitasmo gehiago sortu ziren, gizon talde gehiago, Emakundetik ere Gizonduz sortu zen... Halako boom mediatiko bat egon zen, eta uste dut onura baino gehiago kalte egin ziola. Etorri dira gizonak, eta, ezer egin gabe, toki guztietan eta komunikabideetako titulu guztietan daude, eta horrek eragin zuen gizon talde batzuk murriztea eta beste batzuk desagertzea. Badaude, garai batean baino gizon talde gehiago daude; egoera kaskarra da oraindik, baina, behintzat, lortu dugu hamarkada batzuetan eustea.

Lagun egitea baita laguntza

Lagun egitea baita laguntza

Eider Goenaga Lizaso

Niri esaten didatenean azterketa bat gainditu dutela, hunkitu egiten naiz. Muxuak eta besarkadak... Kontaktu fisiko hori pila bat gustatzen zaie. Esklusibotasun hori sentitzea... ez baitaude ohituta. Etxe batean gazte asko bizi dira, eta oso ondo zainduta daude; batzuetan txundituta gelditzen naiz zer lan egiten duten beraiekin. Baina ez daukate esklusibotasunik. Eta nirekin daudenean, sentitzen dute ni naizela beraientzat bakarrik, eta beraiek direla niretzat bakarrik. Hori nahi dute, eta gustatzen zaie: goraipatzea, hunkitzea, sentitzea gure bizitzaren parte direla... eta hala dira". Elixabete Rikondok bi neska izan ditu iloba: 15 urtekoa bat, familia biologikoarekin itzuli zena eta oraindik harremana mantentzen duena; eta 13 urtekoa bestea —egun, Izeba proiektuaren barruan—.

2009an sortu zenetik Izeba egitasmoan parte hartu duten 130 osaba-izebetako bat da Rikondo. Ana Esnaola bezala. Hitza-n Izeba proiektuari buruzko hitzaldi bat zegoela irakurri, hara joan, eta berehala hartu zuen erabakia. "Nik ere nahi dut iloba bat". 16 urte zituen Rukshar Ahamed gazte pakistandarrak Esnaolak egitasmoan parte hartzeko pausoa eman zuenean. Egun, gazteak 19 urte ditu, eta jada ez daude egitasmoaren barruan, baina eusten diote oraindik harremanari.

"Ume eta gazte hauentzat plus bat garela iruditzen zait. Daukaten errealitate horretatik kanpora, harrera zentrotik kanpora, goxotasun bat jasotzen dute; zentroan dituzten betebehar, arau eta ordutegietatik kanpora, osaba-izebek zerbait ezberdin egiteko aukera ematen diegu, kapritxo batzuk ematen dizkiegu". Osaba-izebek ilobekin egiten duten bezala, araurik eta betebeharrik gabeko aisialdi denbora bat eskaintzen zaie gaztei. Batzuetan, nahikoa da lagun egitea, etxeko sofan jarri eta telebista elkarrekin ikustea, edo erosketak egitera elkarrekin joatea, elkarrekin bazkaldu edo afaltzea; beste batzuetan, osaba-izebek iloba zinemara, hondartzara edo ezohiko zerbait egitera eramaten dute. "Guk ematen diegun jarraibidea da gauza bereziegiak ez egitea. Gauza normalak egin behar dira; umeak eta gazteak zure bizimodura atxiki behar dituzu. Azken finean, normaltasun hori bizi ahal izatea da egin nahi diegun eskaintza, familia giro natural eta ohikoan bizitzea", azaldu du Izeba proiektuaren arduradun eta Baketik-eko kide Kristina Soaresek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Baketik fundazioak 2009an egindako hitzarmenaren fruitua da Izeba proiektua. Diputazioaren babes sistemaren barruan eta bere tutoretzapean dauden ume eta gazteei eskaintzen zaien bitarteko bat da. Harrera zentro edo etxeetan dauden adingabeekin izeba edo osaba rola betetzen duten familien sare gisa definitu du Soaresek egitasmoa. "Programa hau 2009an jaio zen, gazte atzerritar asko iritsi zelako Gipuzkoara familiarik gabe. Behar horri erantzuteko bitarteko gisa sortu zen, gazteei familia giroa eskaintzeko, eta, aldi berean, haien inguruan zegoen irudi eta pertzepzio ezkor hori hausteko", azaldu du Soaresek. 6 eta 17 urte arteko ume eta nerabeek har dezakete parte programan, nahiz eta haien egoera ez den beti bera izaten. "Guk bereizketa egiten dugu, ez hainbeste atzerriko eta bertako umeen artean, baizik eta familiak hurbil dituztenen eta urrun dituztenen artean". Familia gertu dutenak, gehienak bertakoak, 2012an hasi ziren egitasmoan parte hartzen.

Osaba-izeben bila

2009tik, 130 familia eskaini dira ilobak hartzeko, baina kopuru hori ez da nahikoa, eta foru aldundia eta Baketik fundazioa boluntario gehiago lortzeko kanpaina betean dabiltza. Gaur egun, hogei adingabe daude osaba-izeba familia bat izateko zain; 14-17 urte bitartekoak dira horietako hamabost. Soaresek azaldutakoaren arabera, uneotan, nerabeen adin tarte hori hartuko duten boluntarioak behar dituzte batik bat. "Guk, normalki, ez dugu lehentasunik jartzen nerabeei dagokienez. Saiatzen gara, familien ezaugarriak eta nahiak kontuan hartuz, gazte eta umeen ezaugarrietara gehien egokituko diren familiak lortzen. Eta bikoteak egiten ditugu. Egia da, halere, jende gehiago eskaintzen dela txikien osaba-izeba izateko, eta adin tarte hori gehiago mugitzen dela. Horregatik, agian, gaur egun behar handiagoa dago nerabeentzat".

Hain zuzen ere, osaba-izeben zain dauden adingabeak pilatu zaizkielako abiatu dute boluntarioak bilatzeko kanpaina. "Normalean, hamar bat egoten dira zain, eta familiak tantaka agertzen dira, hilean bat edo bi. Zerrenda mugituz joaten da. Baina, orain, hogei ditugu zain, eta ezin diegu zerbitzu hau eskaini". Soaresek dioenez, ez litzateke batere arazorik izango, kanpainari esker hogei boluntario beharrean 50 lortuko balituzte. "Hilean bizpahiru eskaera berri iristen zaizkigu zentroetatik, eta, seguruenik, urte amaierarako beharko dira 40-50 boluntario gehiago".

Baketik-ek bi zerrenda izaten ditu esku artean. Osaba-izeba nahi edo behar duten adingabeena, eta osaba-izeba izan nahi duten boluntarioena. "Familiak aurkezten direnean, elkarrizketa egiten diegu, familiaren egunerokoa nolakoa den ezagutu, familiaren denbora librea nola antolatzen den jakin, zaletasunak zeintzuk diren... Ezaugarri horietan sartzen da, era berean, seme-alabak dituzten edo ez, seme-alaben adina, pertsona bakarreko familia den... Adingabeen informazioa ere gure esku dagoenez, konpatibilitateak bilatzen ditugu, eta proposamena egiten diegu bi aldeei". Bi aldeek onartzen dutenean hasten da harremana.

Nerabeei programan parte hartzeko borondatea baino ez zaie eskatzen; familiei, berriz, borondatea eta "gutxieneko konpromiso bat". Astean behin gutxienez kontaktua izatea eskatzen zaie. "Egonkortasun bat lortu eta harreman bat sortzeko gutxienekoa da hori". Hortik aurrera, familiak eta adingabeak erabakitzen dute zeintzuk izango diren harremanaren ezaugarriak. "Batzuek meriendako tartetxo hori eskaintzen dute; beste batzuek asteburu osorako eramaten dute umea edo gaztea etxera".

Harremana sendotzen

Soaresek onartzen du lehen harremana "nahiko modu artifizialean" egiten dela. "Nahiko hotza izaten da, baina, harrera etxekoen eta Baketik-en laguntza eta koordinazioarekin, pixkanaka, sendotuz joaten da, harremana normalizatu arte". Rukshar Ahamed gazteak oso gogoan du Ana Esnaola ezagutu zuen eguna. Izeba proiektua zer den azaldu zioten, eta parte hartzea erabaki zuen. "Legorretako zentroan nengoen, eta behin, eskolatik iritsi nintzenean, esan zidaten banuela izeba bat. Oso pozik nengoen. Ana hurrengo asteazkenean etorriko zela esan zidaten, eta egun horretan oso urduri nengoen, egun osoa eman nuen etxean hura etortzeko zain".

Zalantzaz beteta hasi zuen harremana Esnaolak ere. "Hasieran, banituen nire kezkak. Nire seme-alabak kanpoan daude, eta ni bakarrik bizi naiz etxean. Batzuetan, Rukshar etortzen zen, meriendatzen genuen elkarrekin, eta arratsalde osoa pasatzen zuen etxean, telebista ikusten edo sakelakoarekin. 'Gustura ote dago? Ez al da aspertuko?', pentsatzen nuen. Beste batzuetan, gauzak egiten genituen elkarrekin, paseotxo bat, irteeraren bat. Eta nik, neure artean: 'Ondo dagoela ematen du'. Zentroan galdetu ere egin nuen, eta lasai egoteko esan zidaten, oso gustura etortzen zela".

"Orain bazkaltzera eta afaltzera gonbidatzen nau tarteka", dio Ahamedek. "Orain, 19 urte ditu, eta ez da lehen hainbat etortzen etxera, baina noizean behin bai. Oso atsegina da, eta egiten ditugu gauzak elkarrekin", gehitu du Esnaolak.

Izeba-iloba harremanaren nolakotasunak ere kezka sortu zion bere garaian Rikondori. "Nik izeba-irakasle rola hartu nuen, eta, hasieran, zalantza banuen, baina konturatu naiz ona izan dela. Elkartzean, galdetzen nien: 'Zer moduz astea? Zer moduz azterketak? Etxeko lanik baduzu? Aurkezpenen bat egin duzu? Irakaslearekin ondo?'. Denborarekin konturatzen dira benetan inporta dizula, eta orain bera etortzen da astean egin duena kontatzera, nik galdetu baino lehen".

18 urtetik aurrera

18 urterekin foru aldundiaren babes sistematik at gelditzen direnean osaba-izebek gazteei babes handia ematen dietela dio Kristina Soaresek. "Estres handiko egoera izaten da gazteentzat, eta osaba-izebak helduleku bat dira beraientzat". Une hori oso inportantea da gazteen bizitzan, babesgabe gelditzen dira bat-batean, eta haietaz kezkatzen den norbait izatea oso garrantzitsutzat du programaren arduradunak. Ahamedek oso gogoan du une hori: "Etxea utzi baino lehen, oso urduri nengoen. Eta Anak esan zidan lasaitzeko, jarraituko genuela elkar ikusten. Urrun bidaliko ninduten kezka nuen [Lazkaon bizi da Esnaola], baina, azkenean, Alegiara joan nintzen, eta jarraitu dugu harremanetan".

Gazteak adingabe diren bitartean, bai foru aldundiak eta bai Baketik-ek jarraipen estua egiten diote harremanari. Behin 18 urte egitean, Izeba proiektutik at kokatzen da harremana. "Hala ere, guk jarraipen bat egiten jarraitzen dugu. Ez hain zorrotza, tutoretzapean daudenean bezala, baina gure laguntza eskaintzen jarraitzen dugu". Gaur egun, 93 gaztek dute harremana osaba-izebekin, baina horietako gehienen harremana egitasmotik kanpokoa da, 56 kasutan gazteak adin nagusiak baitira jada.

Izan ere, osaba-izebek ezin diote besterik gabe utzi osaba-izeba izateari. "Nik beti nire iloba gisa aurkeztu ditut; 12 iloba ditut, eta bi neska hauek bat gehiago dira", dio Rikondok. "Nik ez daukat iloba propiorik, baina Rukshar nire iloba da", Esnaolak.

Harrera etxeen osagarri

Edurne Gonzalezek harrera etxeetan lan egiten dutenen ikuspegia ematen du, Izeba proiektuari dagokionez. Harrera etxe bateko arduraduna da, Larratxo fundazioan, eta osaba-izeben ekarpenak gazteei onura handia egiten diela dio. "Guk harrera etxean eskaintzen diegu testuinguru ahalik eta normalenean bizitzeko aukera. Haien bizimoduak errutina eta arau batzuk ditu, eta edozein nerabek dituen betebeharrak dituzte". Osaba-izebek harrera etxeek eman ezin duten familia alternatiba bat eskaintzen dietela dio. "Edozein familiatan gertatzen den bezala, gurasoek arauak jarri eta exijitu egin behar dute, baina badaude beste pertsona batzuk, izan aitona-amonak, izan osaba-izebak, eta horiek exijentzia txikiagoko aisialdi momentuak eskaintzen dizkiete".

Gazteentzat, harrera pisua ez den toki bat, etxe bat edukitzea oso garrantzitsua dela azpimarratu du Gonzalezek. "Etxe bat dutela sentitzen dute, familia bat dutela, beraiena bakarrik dena, eta ez dutena pisuko beste zazpi kideekin partekatu behar. Izan ere, hezitzaile taldea partekatu egiten dute, baina Izeba familia bakoitzarena da". Horrek "berezi" sentiarazten ditu gazteak.

Gonzalezek azpimarratu du harrera etxeak gazteen oinarrizko behar guztiak betetzen dituela. "Baina, gure baliabidearen ezaugarriengatik, hainbat gauza ezin dizkiegu eman, eta, ikuspegi emozional batetik, osaba-izeben ekarpena handia da. Izan ere, gazte hauek behar handi-handiak dituzte. Bakoitzak bere motxila darama, bizi esperientziaz betetakoa, eta, maila emozionalean, bete gabeko behar handia dute, osaba-izebek modu ezin hobean betetzen dutena".

Motxilaren ideia Rikondok ere erabiltzen du, bere ilobei buruz ari denean. "Nire ilobak oso gardenak dira, eta dena kontatzen dizute. Askotan, beren istorio pertsonalak kontatzen dizkizute, eta orduan konturatzen zara nolako motxila daramaten, eta, hala ere, zer normalak diren. Gogorra da zein babes gutxirekin bizi izan diren entzutea, zenbat sufritu duten entzutea".

Tapoiak biltzeko edukiontziak

Azpeitia: Liburutegian, kiroldegian, Coviran supermerkatuan eta Sanjuandegiko Eroski supermerkatuan.Azkoitia: Eroski eta Lidl supermerkatuetan eta Floreaga ikastetxean.Getaria: Isarri kafetegian.Zarautz: Eroski supermerkatuan.Donostia: San Martin az...

Gaixotasun arraroei izena jartzeko saialdia

Gaixotasun arraroei izena jartzeko saialdia

Ikerne Zarate

Aita, zerbait egin beharko dugu gaixotasun arraroak dituzten haur euskaldunak laguntzeko". Hala esan zion Sergio Gomezi Santos semeak, berak eta Lautaro anaiak zelula amen tratamendua jaso ondoren. Esan eta egin. Gaixotasun arraroak dituzten haurren bizi kalitatea hobetzeko, Elkartasuna eta Itxaropena elkartea sortu zuten joan den urtean. Sergio Gomez eta Lidia Fernandez argentinarren bi semek muskulu distrofia dute, eta kanpaina bat abiatu zuten, behar zuten tratamendua egin ahal izateko bitartekoak lortzeko. Azpeitian sortu zuten elkartea, eta dagoeneko ekinbidea martxan dute, helburu argi batekin: ahalik eta diru gehiena lortzea gaitz arraroen gaineko ikerketa sustatzeko.

Azken zortzi urteetan Azpeitian bizi da familia, eta plastikozko tapoiak biltzen dituzte elkartean. Horretarako, Elkartasuna eta Itxaropena elkarteak edukiontziak jarri ditu Azpeitian, Azkoitian, Getarian, Zarautzen, Donostian eta Lezon. Jasotzen dituzten tapoiak Azkoitiko Recuperados Isasi lantegiak erosten ditu. Tapoi tona bakoitzeko 170 euro ordaintzen dizkio lantegiak elkarteari. "Oraingoz, hamar tona lortu ditugu, eta 1.700 euro ikerketara bideratzeko". Mugarik ez dagoela gaineratu du Gomezek: "Ahalik eta diru gehiena bildu behar dugu ikerketa egiteko eta mediku tratamenduak bilatzeko, haur hauen guztien bizi kalitatea hobetzeko; merezi dutelako".

Ikerketa zentroekin harremanetan hasiak dira, jasotako dirua bideratzeko. Biogurutzeta Gurutzetako ospitaleko Ikerketa Zentroa (Barakaldo, Bizkaia) da horietako bat: "Biogurutzeta zentroarekin harremanetan jarri nintzen, baina oraindik ez dut erantzunik jaso; horren zain nago. Jakin badakigu oso garestia dela ikerketa, eta horregatik beharrezkoa da ekinbide honekin ahalik eta diru gehiena biltzea".

Gaur egun, Gipuzkoako sei udalerritan dituzte tapoiak biltzeko edukiontziak, eta horietako bitan soilik dute akordioa udalekin: Azpeitian eta Lezon. Lezon, hilabete hasieran aurkeztu zuten egitasmoa Gomezek eta Jesus Maria Martiarena alkateak. Agerraldian izan zen Markel Merino lezoarra ere, bere ama Sonia Angulorekin. Sei urte ditu Merinok, eta garun paralisia dauka, ia %90ekoa.

Gomezek esan du oso garrantzitsua dela Lezoko eta Azpeitiko udalek emandako babesa. Edukiontziak Gipuzkoa osora zabaldu nahi ditu orain, eta, oraintxe, Zumarragako eta Irungo udalekin harremanetan da: "Garrantzitsua da udalek bat egitea kanpainarekin". Gaineratu du kanpaina ugari antolatzen direla, baina hasi bezala amaitzen direla, jarraipenik ez zaiela ematen: "Guk dirua lortzen dugu tapoien bidez ikerketarako, eta, gainera, birziklatzen laguntzen dugu". Inplikazioa ezinbestekoa dela dio: "Gipuzkoa zerbait bada, solidarioa da. Harro egoteko modukoa da herrialdea, bizitzeko, lan egiteko... Izugarria da hemengo jendeak duen jarrera".

Edukiontzietan bildutako tapoiak Lapatxeko zabortegian utzi dieten eremu batean biltzen dituzte, Azpeitian. Tapoiak ez ezik, erakunde, elkarte eta norbanakoen donazioak jasotzeko aukera ere badago: "Santander bankuan kontu korrontea du elkarteak [0049 4613 04 2716166018], eta hor egin dezakete diru sarrera. Banketxe horrek hasieratik eman zion baiezkoa elkartearen ekinbideari ".

Elkartasuna eta Itxaropenak ibilbide laburra badu ere, tapoiak biltzeaz gain, Gomezek dio ideia ugari dituela ikerketarako dirua biltzen jarraitzeko. Tartean, euskal kantari eta artistekin batera egiteko ekinbide bat abiatu nahiko luke: "Baina, horretarako, haien prestasuna eta laguntza behar ditut, eta, horren harira, dei egin nahi diet elkartearekin harremanetan jar daitezen".

Herritarrei eskerrak

Etxean bizi du berak gaixotasun arraroak izatea esan nahi duena, eta hunkitu ere egin da edukiontziak dauden herrietan bizilagunek erakutsi duten jarrerarekin: "Izugarri polita da ikustea haurrak, aitona-amonak edo gurasoak, plastikozko poltsa tapoiz beteta edukiontzira bidean. Eskertzeko jarrera da, eta, horrela, jarraitzera animatu nahi ditut, guztia gutxi delako".

Gipuzkoara egitasmoa zabalduta, argi du herrialdea ere gainditu nahi duela, eta Euskal Herrira jauzi egin: "Espainiako Estatuan 3 milioi lagunek dute gaixotasun arraroren bat, eta hamaika gaitz daude. Garrantzitsua da horiei aurre egin ahal izateko sare solidario hau handituz joatea". Udal, kantari eta artistengana ez ezik, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarengana heltzea du helburu, "laguntza guztia ere ez delako nahikoa".

Informazio gehiago webgune honetan:

www.solidaridad guipuzcoa.es

Gipuzkoako ibilbidea

Honako bide hau egingo du Gipuzkoatik joango den zutabeak:

Gaur, maiatzak 20

Hendaia-Santiago zubia (Irun). 17:00etan aterako da, Hendaiako Herriko Etxeko plazatik. Santiago zubira 17:10ean helduko da.

Santiago zubia-Lakaxita gaztetxea. 17:10etik 17:45era.

Lakaxita-Landetxa. 17:45etik 18:00etara.

Landetxa-Gaintxurizketa. 18:00etatik 18:30era. Amaiera, Gaintxurizketa gaineko biribilgunean.

Gaintxurizketa-Lezo. 18:30etik 18:45era. Bukaera, Lezoko Gurutze Santuaren plazan.

Lezo-Errenteria. 18:45etik 18:55era. Bukaera, Errenteriako Niessen plazan.

Errenteria-Herrera (Donostia). 18:55etik 19:35era. Bukaera, Herrerako Euskotren geltokian.

Herrera-Ategorrieta. 19:35etik 19:50era, Ategorrietako biribilguneraino.

Ategorrieta-Egia. 19:50etik 20:15era. Bukaera, Gladys Enean.

Egia-Amara. 20:15etik 20:30era, Amarako Prebostes plazaraino.

Amara-erdigunea. 20:30etik 20:45era, Emakumeen Etxeraino.

Erdigunea. 20:45etik 20:55era. Emakumeen Etxetik Artzai Onaren plazaraino.

Erdigunea-Parte Zaharra. 20:55etik 21:05era. Amaiera, Bretxa plazan.

Parte Zaharra-Kontxa. 21:05etik 21:20era. Bukaera, La Perlan.

Kontxa-Antigua. 21:20etik 21:30era. Bukaera, Bentaberri plazan. Txantxarreka gaztetxean lo.

Bihar, maiatzak 21

Antigua-Añorga. 11:30etik 11:54era. Alfonso XII plazatik abiatu, eta Añorgako biribilguneraino.

Añorga-Zubieta. 11:54tik 12:10era, Zubietako plazaraino.

Zubieta-Lasarte. 12:30etik 13:00era. Bukaera, Lasarte-Oriako Euskotren geltokian.

Lasarte-Hernani. 13:00etik 13:32era. Bukaera, Atsegindegin.

Hernani-Urnieta. 13:35etik 14:00etara, Sarobe arte eszenikoen guneraino.

Urnieta-Andoain. 14:00etatik 14:40era. Bukaera, Andoaingo tren geltokian (Manuel Lekuona).

Andoain-Zizurkil. 14:40etik 15:22ra, Zizurkilgo Zelatun biribilguneraino.

Zizurkil-Villabona-Anoeta-Tolosa. 15:25etik 16:15era, Tolosako Belate pasealekuraino.

Tolosa-Alegia. 16:15etik 17:00etara, Alegiako plazaraino.

Alegia-Ikaztegieta-Legorreta. 17:00etatik 17:35era. Bukaera, Legorretako Korta eta Zapas enparantzan.

Legorreta-Itsasondo-Ordizia. 17:35etik 18:05era, Ordiziako Foruen pasealekuraino.

Ordizia-Beasain. 18:05etik 18:31ra. Bukaera, Beasaingo tren geltokian.

Beasain-Ezkio-Itsaso. 18:35etik 18:55era. Amaiera, Ezkio-Itsasoko Santa Lutziko ostatuan.

Ezkio-Itsaso-Urretxu. 18:55etik 19:10era, Urretxuko gaztetxera arte. Urretxuko aterpe batean lo.

Igandea, maiatzak 22

Urretxu-Antzuola. 10:00etatik 10:55era. Antzuolako plazan elkartuko dira.

Antzuola-Bergara. 10:55etik 11:25era. Bukaera, Labegaraieta kiroldegian. Lau zutabeak 12:00ak aldera elkartuko dira. 12:30ean, manifestazioa egingo dute Bergaratik Angiozarrera. Ordubete geroago ekintza sinbolikoa egingo dute AHTaren lan eremuan, eta amaiera ekitaldia 14:00etan izango da, Angiozarko pilotalekuan. Herri bazkaria 14:30ean hasiko da.

Euskal Herriko erresistentzia mapa, osatzen

Euskal Herriko azpiegituren aurkako erresistentzia mapa osatzen ari dira Txirrinka egitasmoko bultzatzaileak. Mapa hori lurralde bakoitzeko iraganeko eta oraingo borroken isla izan dadin nahi dute. Ildo nagusiak igandean aurkeztuko dituzte.

Gipuzkoan, hainbat puntu kokatu dituzte jada. Gaintxurizketako errauste planta da jaso dutenetako bat. 2003an hasi zituzten inguru horretan errauste planta bat egiteko tramiteak, eta 2004tik Txingudi Bizirik koordinadorak manifestazioak, hitzaldiak eta beste antolatu zituen. Plantaren ingurumen azterketari 13.000 alegazio aurkeztu zizkioten. Nahiz eta 2005 eta 2006an azpiegiturarako diru sail bat aurreikusi, 2007an deuseztatu zuten. Zerrendan daude Arrasateko Udalaitzeko barne harrobia —behin betiko erabakiaren zain— eta Oñatiko golf zelaia ere —oraingoz alboratuta dago—.

Pedal kolpeak “txikizioari”

Pedal kolpeak “txikizioari”

Maite Alustiza

Lau zutabe, lau lekuko, lau paper, baina mezu nagusi bat: proiektu "txikitzaileen" aurka daudela. Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu izenarekin, bizikleta martxa antolatu dute AHT Gelditu Elkarlana koordinakundeak eta beste hainbat eragilek. Gaurtik igandera bitarte, X formako ibilbidea osatuko dute: Gipuzkoako zutabea Hendaiatik (Lapurdi) aterako da, gaur; gainerako hirurak, berriz, Muskiztik (Bizkaia), Gasteiztik eta Iruñetik irtengo dira, bihar. Bergaran batuko dira guztiak, igandean. Lau lekukoek daramatzaten mezuak Angiozarren egingo duten ekitaldian irakurriko dituzte.

AHT Gelditu Elkarlaneko kide Amagoia E. Larrañagak azaldu duenez, ahalik eta mugimendu sozial, kultural eta sindikal gehien bildu nahi izan dituzte Txirrinkan: "Saiatu gara ahalik eta jende gehien batzen; denek ekarpen berdinak egin ez arren, batuta gaudela adieraziko dugu". Gipuzkoatik pasatuko den zutabean 31-32 talderen artean pasatuko dute erreleboa. Martxarekin bat egin duten taldeen artean daude Askekintza, CNT, mugimendu feminista, Eleak mugimendua, Eguzki, Fracking Ez, Aire Garbia plataforma, hainbat herritako gazte asanbladak... Dena den, parte hartu nahi duten guztiek aukera izango dute nahi duten toki eta orduan ibilbidera sartzeko.

Martxaren bitartez "inposatutako eta alferrikako azpiegitura handiak" salatu nahi dituzte. Abiadura handiko trena jarri dute adibide nagusi bezala, baina oro har "hormigoi politika" kritikatu dute: "Lehenengo proiektu txikitzaile bezala AHTa jarri dugu, baina dakigun bezala Euskal Herrian bata bestearen atzetik ditugu". Erraustegia, goi tentsioko linea, fracking egitasmoak, zentral termikoak... aipatu ditu. "Gure helburua da adieraztea benetan ez dela proiektu zehatz bat gauza baterako; ez direla interes orokorrerako proiektuak, politikariek defendatzen duten bezala. Argi utzi nahi dugu denak lotura duela, eta momentu honetako krisira garamatzatela; izan daiteke krisi ekonomikoa, soziala, eta beste hainbat krisi ere bai".

Bultzatzaileek diotenez, lurra "hipotekatzen" ari dira, eta azpiegitura handi horiek "kapitalismoaren ezinbesteko oinarri" dira. Hortaz, beharrezkotzat dute lurra zaintzea eta gizarte eredua "goitik behera" aldatzea. Larrañagaren arabera, azpiegitura horietarako erabilitako baliabideak herritarren zerbitzura jarri beharko lirateke.

Martxa bukatzeko Angiozar ingurua aukeratu izana ez da kasualitatea. Bi arrazoirengatik egingo dute han amaierako ekitaldia. "Batetik, AHTaren lanengatik, bai eta inguru horretan zabortegi bat ireki nahian dabiltzalako ere". Bestetik, AHT Gelditu Elkarlanarentzat esanguratsua da tokia, koordinakundeak egin zuen lehenengo mobilizazioa Bergaratik Angiozarrera izan zelako.

Txirrinkak indarrak batzeko balioko duela espero du Larrañagak: "Beharrezkoa da batera egotea muturren aurrean ditugun egoerei aurre egiteko. Ezin gara lasai egon inguruan gertatzen ari denari begira". Haren ustez, batuta bakarrik ikusiko dute zer-nolako gaitasuna izan dezaketen aurrera begira pausoak emateko: "Askotan ez dugu sinesten; nor bere kasa gabiltza, eta nahiko genuke hori adierazi. Ez gara lau katu; goazen batzera eta gure esku dagoena egitera".

Txirrinka egitasmoak Euskal Herriko lurralde eta eragileak batuko ditu, baina, Larrañagak dioenez, azpiegitura handiena lurraldetik haratago doa. Hala, Euskal Herrikoak Europako hainbat mugimendutako kideekin batuko dira Baionan, uztailaren 15etik 17ra, "azpiegitura inposatu eta alferrikakoen foroan". Europa mailan egiten den seigarren foroa izango da, eta parte hartzeko deia egin du AHT Gelditu Elkarlanak.

“Buruak lagundu egin behar dizu margolanak egiten”

“Buruak lagundu egin behar dizu margolanak egiten”

Julene Frantzesena

Urrategi auzoko etxean, ezin toki lasaiagoan du Udane Juaristi artistak (Azkoitia, 1985) sormenaren txokoa. Naturaz inguratutako gunean sortzen ditu Udatxok —hori du izen artistikoa eta marka— bere lan "urbanoak". Arte Ederrak ikasi zituen, Bilbon, eta pinturan espezializatu zen. Ikasketak bukatutakoan hasi zen erakusketak jartzen, eta "saltseatzen eta ikasten" aritu da urteotan.

Zaletasuna eta lana. Non dago batetik besterako muga?

Gehiago da zaletasuna. Enkargu bidez zerbait eskatzen didatenean eta asko gustatzen ez zaidanean, lan bihurtzen da. Egin beharrekoa derrigorrezkoa denean, alegia. Kamisetak, altzariak, koadroak, erakusketak... sortzen dudan guztia zaletasuna da. Eta ederra da nire zaletasuna, askotan lan bihurtzen delako. Gustura sortzen dut, gustura aritzen naiz.

Koadroak ez ezik, arropetarako-eta diseinuak ere egiten dituzu.

Marrazkiak egiten hasi nintzen. Ideia nondik sortu zitzaidan ez badakit ere, arropekin probatzea erabaki nuen. Unibertsitatean serigrafia ikasi nuen, eta ideia bat baneukan. Polita da teknika. Materiala erosi, Interneten saltseatu, eta estanpatzen hasi nintzen. Dena etxean egiten dut, eta diseinu berriak sortu eta sortu nabil: elastikoak, jertseak, poltsak, kuxinak, edredoi nordikoen azalak... Astorerekin ere egin dut lan: arropetarako diseinuak egin dizkiet, udarako eta negurako.

Zer teknika erabiltzen dituzu koadroak egitean?

Hasieran, pintura soilik erabiltzen nuen obretan, eta, gero, papera sartzen hasi nintzen. Batez ere, argazkiak eta pintura erabiltzen ditut orain. Collageak egiten ditut, transfer teknika erabilita. Argazkiekin eta paperarekin testura desberdinak lortzen ditut, eta horiei kolore biziko pinturak gehitzen dizkiet. Errotuladoreak, arkatzak, Lego piezak, egur zatiak eta metakrilatoa erabiliz egiten ditut nahasketak. Olio pintura ere egin izan dut, baina denbora asko eskatzen du. Gehiago disfrutatzen dut gauza azkarrak egiten.

Zure lan askotan pertsonak, hiriak, bizikletak, autoak, ateak, leihoak... ikus daitezke. Diseinuetan, berriz, animaliak.

Bai, batez ere horiek gustatzen zaizkit. Hiriak atsegin ditut, baina beti sartzen diet natura ukitu bat lanei. Aurpegiekin ere izan nuen bolada bat. Dena den, egiten ditudan koadroak urbanoak, zikinak dira; lerro askokoak. Papera erabiltzen dut margolanetan, eta horrek narras ukitua ematen die. Argazkien zatiak erabilita, fantasiarekin osatzen ditut lanak. Koadroetan, abiapuntua beti argazkia izaten da, edo argazkiekin egindako muntaketa. Eta horri gehitzen dizkiot elementuak.

Zertan inspiratzen zara koadroak eta diseinuak egiterakoan?

Nire margolanak nahikoa kaotikoak dira, gauza asko nahasten baititut. Diseinuak, berriz, askoz ere sinpleagoak dira: animaliekin hasi nintzen, asko gustatzen zaizkit-eta margotzeko. Orain hasita nago koadroetako urbano ukitu hori sartzen diseinuetan: bizikletak, arrantzaleak... Arropetan diseinuak nola gelditzen diren begiratzen dut, batez ere. Koadroetarako, berriz, argazkiak ateratzen ditut bidaietan, eta horiek bideratzen dute margolana. Ditudan argazkien araberakoak izaten dira.

Erakusketa ugari ari zara jartzen azkenaldian, ezta?

Bai. Orain aste gutxi, Tabakalerako Non Galleryn izan dut erakusketa bat. Eta, orain, berriz, Donostiako Aldamar kaleko Tirikitauki galerian dauzkat nire lanak ikusgai.

Zer aurkituko du Tirikitaukiko Eraikiz erakusketara doanak?

Eraikiz izena jarri diot, lanak argazki batetik hasitakoak eta elementuak gehituz osatutakoak direlako. Eraikuntza lanak dira, toki desberdinen nahasketak, eta errealitatea eta fantasia dituzte nahastuta.

Saltzen al dituzu lanak halako erakusketetan eta?

Tabakalerakoa oso ondo joan zen; lan batzuk saldu nituen. Aste Santua zen, eta... Ez dakit tokiagatik edo zergatik, baina ondo joan zen. Tabakalera handia da, baina galeria horiek bereziak dira. Toki informala eta ederra da, eta denetarik saltzen dute han: liburuak, koadroak, arropa... Nire lanentzat aproposa zen tokia.

Erakusketetara begira, lanak egin egiten dituzu, edo aurretik dituzunak eramaten dituzu?

Normalean, prestatu egiten ditut. Tabakalerako kasuan, baina, astebete lehenago deitu zidaten, eta eginda nituenak eraman nituen. Asko neuzkan gordeta, eta gaitz erdi. Oraingo erakusketarako, berriz, batzuk egin ditut, eta aurretik eginda nituen batzuk eraman ere bai. Hala eta guztiz, margolan denek dute lotura elkarren artean. Ez dut edozer jartzen erakusketetan.

Margolaritzan aritzeko, teknika edukitzea nahikoa al da?

Teknika ikas daitekeen zerbait da, eta garrantzitsuagoa iruditzen zait inspirazioa-eta edukitzea. Buruak lagundu egin behar dizu margolanak egiten. Ikasi egin daiteke, teknikari dagokionez, baina gero norberak landu behar du sormena. Imajinazioa ere landu daiteke, ideiak hartuz besteengatik, baina... Pertsona batzuei atera egiten zaie barrutik, eta hori da ederra. Plus bat dauka pertsona horrek. Baina, esan bezala, ikas daiteke. Ikasitakoarekin disfrutatzeak helburua izan behar du, ez emaitza.

Mural bat baino gehiago egin duzu urteotan kalean, Azkoitian.

Bai, lau bat-edo badaude ikusgai, eta Azpeitian ere bai beste batzuk. Neure kasa egin izan ditut kaleko margolanak, eta horiek enkarguak ekarri izan dizkidate; tabernetarako eta etxeetarako, adibidez. Muralena ederra da, eta baita etxe barrukoena ere. Kalekoa beti dago hor ikusgai, edonork ikus dezake, eta hori gustatzen zait. Zestoako etxe batean egin dut mural bat orain dela gutxi. Kale bat margotu diet, eta ematen du kale horretan bertan zaudela. Hain dira handiak muralak, bertan zaudela sentiarazten dute. Koadroekin, aldiz, ez da hori gertatzen. Aurreneko kaleko murala Azkoitiko fabrika zahar batean egin nuen. Esne Beltzako DJak hura ikusi zuen, eta harremanetan jarri zen nirekin. Hori dela eta, Gazta Zati Bat proiektuaren bira egin nuen musika taldearekin, zuzenekoetan margotuz. Gainera,Gora diskoaren azala ere nik egin nuen.

Enkarguak eskatzen dizkizutenean, jendeak nahi duzuna egiteko esaten dizu, edo ideia zehatza izaten du?

Normalean, ez dit ia inork esaten "libre-libre, nahi duzuna egin". Ideia bat denek izaten dute, eta muga gehiago edo gutxiago jartzen dute horren arabera. Nik nahiago dut zer nahi duten esaten badidate; izan ere, gauza bat da nik nahi dudana egitea, eta bestea eskatu didanari egindako hori gustatzea.