gipuzkoa

Andre kalea eta beste emakume izenak

Hainbat urtean Hernaniko Kardaberaz kalea izandakoari izena aldatu zioten iaz; Andre kalea izena du orain, XIX. mendean lau urtez izan zuen izena berreskuratuz. Berdintasun Kontseiluko kideen ekimenez egin zen aldaketa, eta orain beste pauso bat egin ...

“Nik ez dut lanik egin eta…”

“Nik ez dut lanik egin eta…”

Eider Goenaga Lizaso

Maite: "Fabrikan baldintzak ez ziren berak gizon eta emakumeentzat. [...] Gizonen lanak beste kategoria bat zuen; beste prestigio bat". Ixabel: "Aita hil zenean, nik hasi behar izan nuen [fabrikan], 17 urte nituela. 33 urte arte ibili nintzen fabrikan, ezkondu arte. Ez zituzten emakume ezkonduak ametitzen fabrikan". Arantxa: "Baserrian nire amak eta jende askok behiak bildu eta dena. Baina ahizpek esaten zuten amak ez ziela behin ere utzi segan... Ez ikasteko segan, eta ezta behiak biltzen ere! Bestela, gizonak ferira joan eta ez zirela etortzen". Hernaniko hiru emakumeren testigantzak dira. Izenak gezurrezkoak dira; bizipenak, ordea, ez. Ilunpetik argitara. Emakume langileak iruditan (Hernani, 1939-1975) liburuan daude jasota, beste 16 emakumeren lekukotzekin batera.

Enplegua izan edo ez, emakumeak eta lana bereizi ezinezko kontzeptu bi dira, eta, Hernaniko emakumeen frankismo garaiko errealitatera hurbilduta, hori frogatu nahi izan dute liburuaren egile Maialen Apezetxea Lujanbiok eta Mikel Ozaita Azpirozek. Kopenhagen izendatu zuten martxoaren 8a Emakume Langileen Nazioarteko Egun, 1910ean. Clara Zetkin politikari komunista alemaniarrak egin zuen proposamena Emakume Sozialisten Nazioarteko II. Konferentzian. Ordutik, emakume eta gizonen arteko eskubide berdintasunaren aldarrikapenak bide luzea egin du, eta egunaren izenak berak ere izan du aldaketa, azken urteotan. Emakume Langileen Eguna izan ostean, Emakumeen Eguna da gaur egun martxoaren 8a.

"Nik ez dut inoiz lanik egin eta..." izan da Apezetxeak eta Ozaitak elkarrizketatutako emakumeen ahotan behin eta berriro entzundako erantzuna. Eta esaldi hori nabarmendu dute liburuaren hasieran. "Inoiz ez dutela lan egin esaten zuten, ez genuela pertsona egokiarengana jo; baina gero hasten ziren hitz egiten, eta zenbat lan egin zuten... Izugarria", azaldu du Apezetxeak.

Lana eta enplegua

Hain zuzen ere, liburuaren sarreran lana kontzeptuaren inguruko gogoeta egiten da. "Lana ikuspegi zabal eta feminista batetik ulertzen da; hau da, esfortzu fisiko eta psikologikoa eskatzen duen jarduera jarraitu gisa. Izan ere, lana lan ordaindu gisa hartzen bada, hots, enpleguari soilik erreferentzia eginez, emakumeei atxiki izan zaizkien —eta oraindik atxikitzen zaizkien— lan gutxietsi eta ikusezinak ez dira kontuan hartzen; zaintza, kasurako".

Hala, emakumeen lanak bost arlotan banatzen ditu liburuak: industria, ostalaritza, merkataritza, baserria eta etxea. "Lana aberastasuna produzitzera bideratutako giza esfortzua bada, aberastasun kontzeptu hau bere esanahi zabalenean ulertu beharko litzateke: giza aberastasuna, aberastasun materiala, kulturala, artistikoa, emozioen aberastasuna...".

Baina ordaindu gabeko lanari balioa ematen ez diotenak, askotan, garai hartako emakumeak beraiek direla nabarmendu du Apezetxeak. "Liburuan beti presente dago, nahiz eta ez dugun gehiegi sakontzen, frankismoak ildo horretan egindako lana. Izan ere, erregimenak lan handia egin zuen emakumeek rol hori barnera zezaten, Seccion Femenina eta halakoekin, eta barruraino sartua zuten". Emakumeak etxean gelditu behar zuen; gizona eta seme-alabak zaintzea eta haiek gustura edukitzea zen zegokiona, kexarik egin gabe, eta etxetik kanpoko lana, egitekotan, ezkondu artekoa izaten zen, "salbuespen batzuk kenduta".

Apezetxeak dioenez, lanak eta betebeharrak neskentzat izaten ziren garai hartan, bai etxekoak eta, askotan, bai etxetik kanpokoak. Eta pribilegioak, berriz, mutilentzat. "Bitaminak mutilentzat ziren; ikasketak egiteko aukera baldin bazen, hori ere mutilentzat. Emakumeei esaten zitzaien 'zu, etxerako', eta ez zuten zalantzan jartzen".

Lekukotza bat aipatu du Apezetxeak, emakumeei aitortzen zitzaien "balio eskasa" nabarmentzeko. Juani: "Emakumeei ez zitzaien baliorik ematen; gizonei ematen zitzaien balioa. Kontatuko dizut kontu bat. Behin, aitarekin kalera atera eta batekin hitz egiten jarri zen. Ni koskortua nintzen ordurako. 'Zenbat ume dituzu?' galdetu zion hark. 'Bost seme', erantzun zion aitak. 'Baina alaba ere baduzu zuk?'. 'Bai, hemen dago, beltxa txar bat, jejeje'. Hori grabatuta gelditu zitzaidan".

Hernanin etxetik kanpo lan egiten zuten emakumeak asko zirela jasotzen du Ilunpetik argitara liburuak. "Ematen du orain hasi garela emakumeak etxetik kanpora lan egiten, baina emakumeek orduan ere egiten zuten lana fabrikan, ostalaritzan, merkataritzan, baserrian... Hernanin, gainera, ehungintza fabrikak zeuden; gaileta fabrika ere bazen, eta horietan emakume asko aritzen ziren". Horietako asko umetan hasten ziren lanean, eta, ezkontzen zirenean, utzi egin behar izaten zuten kanpoko lan hori. Loli:"Eskola, 13 urte arte, eta kitto. Lanera! Banku txiki bat jarri zidaten, ez nintzelako plantxara iristen". Maite: "Emakume ezkonduak lan egiten ez zuenez, edo ezin zuenez, edo egin beharko ez lukeenez, modu kamuflatuan egiten zen lana. Ezagutu ditut emakume alargunak, edo alargundu gabeak ere bai, etxean jendea hartzen zutenak lau txakur txiki ateratzeko".

Lan ordaindua egiten zutenetako askok, ordea, merkatu beltzean egiten zuten lan; ez zen errolda ofizialetan agertzen. Eta, horren adibide, zelofanezko poltsak egiten zituztenak aipatzen ditu Apezetxeak. "Zelofanezko poltsak egiten zituzten fabrika baterako, baina etxean eta ezkutuan egiten zuten lan hori, inork ikusi gabe. Poltsa bakoitzeko diru bat jasotzen zuten".

Baserria

Baserrian, berriz, "lan esparruaren eta etxeko lanaren arteko muga lausoa" aipatzen du liburuak; "ez zegoen argi noiz bukatzen zen bat, eta noiz hasten zen bestea". Horren eraginez, emakumeak "denbora osoko prestasuna" zuten lanerako, eta eremu pribatuan jarduteak "besteekiko harreman sozialak mugatzea zekarren".

Merkataritza eta ostalaritzari dagokionez, bezeroen generoak eta bertara joateko arrazoiak dira ezberdintasun nagusia: "Merkataritzan, merkataria eta bezeroak batik bat emakumeak baziren, ostalaritzan bezeroa gizonezkoa zen erabat. Era berean, merkataritza eguneroko beharrizanak asetzeko jarduera bat zen, non bezeroa lanean zegoen; ostalaritza, berriz, gizonezkoen aisialdi eremuaren baitan kokatzen zen". Emakumeak tabernan ikustea ia ezinezkoa zen garai hartan, eta argazkietan ageri diren emakumeak edo sukaldean edo barratik barrura agertzen dira. Rosi: "Poteoan? Gizonak bai. Emakumezkoa, gizonarekin joaten bazen igandeetan ere, kanpoan; atearen ondoan geratuko zen emakumea, gizonak sartu eta baxoerdi bat hartuko zuen". Joxepa: "Denak gizonak. Zer uste duzu, emakumeak orain bezala joaten zirela tabernara? Bazkaltzera eta afaltzera bai, baina, bestela, txikiteora... uiii".

Jendea adinean aurrera doan neurrian, lekukotzak bilatzea gero eta zailagoa dela aitortzen du Apezetxeak, baina, liburua argazki bilduma gisa planteatu zutenez, lan zailena irudiak bilatzea izan dela dio. "Orain argazki pila bat ateratzen ditugu, baina garai hartan oso egun berezietan ateratzen ziren argazkiak, ospakizun berezietan edo norbait etortzen zenean. Lanean oso gutxi. Taberna eta komertzioetakoak errazago lortu ditugu, baina fabriketakoak oso gutxi daude, eta asko kostatu zaigu". Askotan, hitz eginaraztea baino gehiago kostatu zaie elkarrizketatuek argazkiak erakustea. "Gauza intimoa dira; altxor txiki bat". Hala, Apezetxea eta Ozaita eskaner txiki batekin joan ziren etxez etxe. "Eskaner bat erosi genuen, argazkiak etxeetatik atera behar ez izateko".

Ilunpetik ateratzen

Ilunpetik argitara liburua Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailak ematen duen ikerketa beka baten emaitza da. Hirugarrena da 2002an lehen beka deialdia egin zutenetik, eta laugarren ikerketa bekarako deialdia egin dute, hirugarren liburua argitaratzearekin batera. "Beka hauen helburua emakumeak ikusaraztea da", azaldu du Irantzu Jauregi Artolak, udaleko berdintasun teknikari eta Berdintasun Kontseiluko koordinatzaileak. "Emakumeak beti izan gara Hernaniko herritarren %50, gutxienez. Baina joaten zara liburuetan begiratzera, artxiboetara, sinboloetara, eta emakumerik ez da agertzen ia". Horrek bultzatu zuen Berdintasun Kontseilua ikerketa bekak martxan jartzera. "Liburu honek Ilunpetik argitara izena du, eta horixe bera da beken filosofia ere", gehitu du Jauregik.

Emakumeen historia ikuspegi zabalagotik aztertu zuten aurreko bi ikerketa lanek. Hirugarren bekarako, berriz, argazki liburu bat izatea jarri zuten baldintza gisa. "Udal artxiboko langileak esan zigun hor hutsune handia zegoela, ez zegoela ia argazkirik", dio Jauregik. Eta ideia hori Apezetxeak berretsi du. "Lan honekin hasi ginenean, gu ere joan ginen artxibora argazki bila, baina ez zegoen ezta bat ere. Azaltzen ziren alkatearen emaztea eta horrelakoak, laguntzaile gisa, baina emakumeak protagonista edo ekintzaile gisa, ez zegoen. Horren ondorioa da emakumeak lanean agertzen dituen argazki bakar bat ere ez dela artxibokoa".

Historia liburuetan inon islatzen ez den eta ia inon ageri ez den emakumea eta emakumeen ekarpena azaleratzen doaz apurka-apurka Hernanin. "Eta guk Hernani aztertu dugu, hori delako gure lan eremua, baina egoera horiek Gipuzkoa osora eta Hego Euskal Herrira zabal daitezke", nabarmendu du Jauregik.

Mantendu bai, dena ez

Mantendu bai, dena ez

Maite Alustiza

Harridura marka bat darama barruan ertz gorriko triangeluak. Arriskua adierazten du. Gipuzkoako errepideak mantentzeaz arduratzen diren langileek seinale hori zabaldu dute aste honetan, bai errepideetako zubietan zintzilikatu dituzten pankartetan, bai egin dituzten elkarretaratzeetan. Greba mugagabea hasi zuten asteartean, eta eguerdian, Donostian bildu ziren protestarako, sirena hots etengabearekin. Ozen egin zuten eskaera: "Diputazioa, soluzioa". Errepideak mantentzen jarraitu nahi dute; ez, ordea, egungo baldintzak mantenduta.

Gipuzkoan lau dira errepideen mantentzeaz eta ustiapenaz arduratzen diren aldi baterako enpresa elkarteak, eta horietatik hiru batu dira ELAren greba deialdira: UTE Goierrialdea 2014, UTE Miramon 2014 eta UTE Urola Deba 2014. Diputazioaren menpe daude, eta hirurek 95 langile inguru barnebiltzen dituzte —sektorean 130 bat langile dira guztira—. Langile horiek ordainpekoak ez diren errepideen %75-80ren mantentze lanez arduratzen dira, N-1 errepidea barne.

Greba egiteko arrazoi nagusia bat da, Manu Tena ELAko Gipuzkoako eraikuntzako arduradunak azaldu duenez: "Adjudikazioena da benetako arazoa. Urtetik urtera merkeago egiten ari dira, eta iritsi da momentu bat non diputazioak, pribatuan eta birritan, hori onartu egin duen. Eskatzen dugu adjudikazioen politikak prezio justu batera aldatzeko, horrela enpresen eta langileen baldintzak hobe daitezen". Hala ez den bitartean, argi dute greba mugagabean jarraituko dutela.

Zerbitzu berri bat adjudikatzeko, erreferentzia moduan aurreko adjudikazioa erabiltzen dela dio Tenak, eta aurreko adjudikazio hori dagoeneko merkatuta dagoela: "Beherantz doan marra bat da. Iritsiko da momentu bat non enpresek ezingo dieten aurre egin legeak ezartzen dizkien baldintzei". Langileek eurek ere, egoerari aurre egiteko, greba egitea beste aukerarik ez zuten, Jone Irureta UTE Miramon 2014ko langile eta ELAko delegatuak dioenez: "Badirudi azken urteetan diputazioak murrizketak aplikatzeko politika bat izan duela, eta enpresa hauei ez zaie inolako tarterik gelditzen hobekuntzak egin ahal izateko. Beste irtenbiderik ez dugun momentua iritsi da".

Lan baldintzei dagokienez, Gipuzkoako eraikuntzaren hitzarmeneko baldintzak dituzte. Tenak dioenez, itunak sei urte daramatza geldirik; beraz, "langileen baldintzetan ez da inolako hobekuntzarik egon urte hauetan". Lau urtean behin sartzen dira zerbitzura aldi baterako enpresa elkarteak, eta horietara subrogatzen dira langileak. Iruretaren arabera, arazoa duela zenbait urtetatik dator: "Gure lan espezifikoa dela eta, urte askotan eraikuntza hitzarmenaren barruan egon gara, baina badaude gauza asko itun horrek hartzen ez dituenak. Nahi genuke hori erregulatzea, eta guretzako neurrira eginda egongo litzatekeen hitzarmen bat lortzea, bai alde ekonomikoan, bai bestelako arloei dagokienez". Besteak beste, soldata igoerak, plusak eta erreformaren kontrako klausulan jasotakoa betetzen dela berma dadin nahi dute.

Eragina herritarrengan

Errepideetan askotariko lanak egiten dituzte langileok: garbiketa eta mantentzea, mantentze elektrikoa, errepideko gertakarien artapena, neguko errepide planak, abisu eta gertakarien kudeaketa, tunelen zaintza... Horregatik, herritarrei "barkamena" eskatu die Tenak, grebaren ondorioz sor daitezkeen arazoengatik. "Ulergarria da herritarrak minduta egotea, baina haiek gu ulertzea nahiko genuke. Mantentze lan hauek denon zergekin ordaintzen direla esaten diegu, eta kontziente izan behar dira adjudikazioak okerrak direla".

Greba oihartzun handia izaten ari da. Lehen egunean, esaterako, deialdiak %98ko babesa jaso zuen, batik bat bulegoetako langileak lanera joan zirelako; errepideko langileek, berriz, %100ek egin zuten greba. Hala ere, ziurtatu dute gutxieneko zerbitzuak errespetatzen ari direla, eta diputazioari eta enpresei ere hala egiteko eskatu die sindikatuak: "Bestela, publikoki eskatuko dugu enpresa horiei kontratuak eteteko". Iruretak azaldu duenez, grebak gidarientzat ez dakar arriskurik, hitzartu dituzten gutxieneko zerbitzuak direla eta: "Abisuak, bideko garbiketa garrantzitsuenak eta abarrak beteko dira, baina eguneroko mantentze lanak ez ditugu egingo, larrialdiak bakarrik".

Negoziatzeko eskatu

Urritik hona hainbat bilera egin dituzte langileen ordezkariek enpresetako zuzendaritzekin, baina Tenak dioenez, ez dira bat etorri. "Ez dugu ahaztu behar enpresak direla zerbitzu honetan sartu direnak, beraiek dira sartu diren zerbitzuaren erantzule". Diputazioko ordezkariekin bildu zirenetik hilabete igaro da: "Geroztik ez dugu haien erantzunik jaso".

Arazoa "serioski" plantea dezala eskatu dio Iruretak aldundiari: "Onartu du arazoa badagoela, baina ez du oraindik soluziorik emateko pausorik eman, ez alternatibarik eman. Diputazioak pauso bat noiz emango zain gaude". Negoziatu, eta enpresa eta langileentzat baldintzak onak adostu ditzatela nahi dute. Aldundiak, ordea, joan den astean adierazi zuen hiru enpresei eta sindikatuei dagokiela negoziatzea, eta bilera horiek dakartenaren zain egongo dela. Haren egitekoa gutxieneko zerbitzuak bermatzea dela gaineratu zuen, eta hala izango dela ziurtatu.

Gorde egin dute kaskoa

Gorde egin dute kaskoa

Julene Frantzesena

Eusko Jaurlaritza osatzen ari den suhiltzaileen lege proiektua hautsak harrotzen ari den honetan, hainbat suhiltzaile boluntariori harrera egin zien Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den astean. Urolako (Azpeitia), Goierriko (Ordizia) eta Korostiko (Legazpi) parkeetako hogei bat boluntario izan ziren omenaldian, eta egindako lana eskertu zien aldundiak. Izan ere, aurrerantzean ez da suhiltzaile boluntariorik izango parke horietan. Gipuzkoako Foru aldundia pausoak ematen ari da Suak Saihesteko eta Itzaltzeko eta Salbamendurako Foru Zerbitzua osatzeko, eta bide horretan hartu du erabakia.

Suhiltzaile kaskoak kendu dituzten dozenaka gipuzkoarretako bi dira Iñaki Etxezarreta (Matxinbenta, Beasain, 1948) eta Iñigo Iriondo (Urrestilla, Azpeitia, 1962). Biak Azpeitiko suhiltzaile parkean aritu dira urteetan lanean. Etxezarreta 1991. urtean hasi zen boluntario lanean; urte batzuetara batu zen taldera Iriondo, 1995ean. Orotara, 25 eta 21 urte egin dituzte suhiltzaile lanean, hurrenez hurren. Urte horietan guztietan, lantaldeak ez ezik, lan egiteko moduak ere bilakaera izan duela diote biek: "36 boluntario izatera iritsi ginen, eta 13 izan gara azken urteetan. Hasieran, etxeetako eta basoetako suteez eta lokaletatik ura ateratzeaz soilik arduratzen ginen, eta, gerora, istripuetara-eta bertaratu behar izaten genuen. Profesionalek egiten zituzten lanak egiten hasi ginen".

Casto Orbegozo Enbil alkate zela sortu zuen Azpeitiko Udalak suhiltzaile boluntarioen taldea, 1922an. Etxezarretak dioenez, orduan "bitarteko askorik ez", eta "ahal zen moduan" ibiltzen omen ziren. Urteek aurrera egin ahala, osatzen joan zen suhiltzaileen taldea, eta, 1983an, hitzarmena sinatu zuten udalak eta aldundiak. Akordio haren arabera, Azpeitiko suhiltzaileek Urola erdialdean lan egin beharko zuten aurrerantzean, eta udalak materiala ekarri beharko zien behar bezala lan egiteko.

Done Jakue kalean urteak igaro ostean, Azpeitiko Urola kaleko seigarren zenbakian izan zuten suhiltzaileek parkea egin bitarteko bilgunea. "1996an, berriz, istripuak eta suhiltzaile profesionalek egiten zituzten lanak egiten hasi ginen. Gainera, kamioi berriekin hasi ginen lanean, praktikak-eta egin ondoren", gogoratu du Etxezarretak. Iriondok dioenez, 2001a bitartean suhiltzaile boluntarioak soilik ziren Azpeitian. "Donostian, Zarautzen eta Irunen, adibidez, profesionalak ere baziren ordurako. Hala, 36 suhiltzaile boluntario aritu ginen urte haietan. 2001ean egin zen eskualdeko suhiltzaile parkea, Arria auzoan. Orduan hasi ginen profesionalak eta boluntarioak elkarrekin lanean".

Orotariko aldaketak

Hainbat aldaketa eragin zituen suhiltzaile parke berria egiteak; hala nola lan taldea eta lan egiteko modua aldatu ziren. "Gertaeren aurrean, berdin-berdin jokatzen genuen profesionalek eta boluntarioek, baina, boluntario aritzen ginenok beste lanbide batzuk genituenez, taldeka eta asteka antolatzen ginen. Lauzpabost boluntariok urte osoa pasatzen zuten bilagailuarekin, eta asteka txandatzen zuten besteek", azaldu du Iriondok. Azken urteetan gauzak aldatu egin direla dio Etxezarretak, eta boluntarioak "babesa" izan dira profesionalentzat: "Deia edo mezua jaso, eta denok parkera joaten ginen, baina, normalean, profesionalak lehenago iristen ziren gertaeraren tokira. Azken urteetan, profesionalen laguntzaile izan gara, eta irteera gutxi egin ditugu. Dena den, sute handi bat gertatutakoan, guri deitzen ziguten laguntzeko. Orain suhiltzaile parke asko dago inguruan, eta, Azpeitian sutea gertatzen bada, berehala hemen dira Zarauzko edo Tolosako suhiltzaileak; izan ere, oraingo errepideak ez dira lehengoak, eta garraioa eta materiala hobetu egin dira".

Espero zen erabakia

Gerta zitekeen kezka zuten, eta Imanol Lasa aldundiko bozeramaileak deitu zien erabakiaren berri emateko. "Azaldu zigun zergatia, eta harrituta gelditu ginen, baina tira. Finean, parkeak, bitartekoak, suhiltzaile profesionalak, mendikoak... arrazionalizatu egin nahi ditu aldundiak. Panorama horrekin aurkitu gara, eta gu izan gara ondorioak jasaten aurrenak", diote aldundiak boluntarioen figura desegiteko hartutako erabakiaz.

Halaber, Etxezarretak esan du ez daudela ados Azpeitiko Udalak eurekin izan duen jokabidearekin: "Ez digu kasurik egin; gutun bat soilik bidali digute. Ez dakit ahaztua zuten suhiltzaile boluntarioak bazirela herrian edo zer. Bere garaian, diputazioaren esku gelditu zen suhiltzaileen kontua, baina... Bazegoen kontu honi irteera ematea, eta prebentzioaren gaia lantzea, adibidez. Azpeitian oso gutxi landu da gaia, eta suhiltzaile boluntarioek egin zezaketen hori. Udalak gurekin elkartu eta gaiaz hitz egin behar zuen".

Kaskoa kenduta

Kaskoa kendu badute ere, harekin itzuli ziren etxera aldundiko harreratik. "Etapa bat bukatu da, baina kaskoa gurekin daramagu, lehendik zituen kolpeekin-eta. Aurrerantzean, deituz gero, kaskoa jantzi eta joan egin behar al dugu?", diote, barre artean. Urte hauetan guztietan izan dute anekdota eta pasadizorik: "Kamioi zahar-zahar batean abiatu ginen behin Beizamara, baserri bat erretzen ari zela-eta. Noizko ailegatu... Iritsi eta belarriak tapatu behar izan genituen: hori da maldizio pila. Azkar erantzun behar zaio suari, eta nahia eta ezina sartzen zaizkizu gu bezala kamioian ttirriki-ttarraka makal-makal zoazenean. Egun hura ez dut sekula ahaztuko", dio Etxezarretak.

Beste behin, Oranda aldean "estutasun ederra" pasatu zutela dio Iriondok: "Mendian sua piztu zen, eta hara joan ginen. Kamioiko ura gastatu zitzaigun, eta sua genuen goitik eta behetik. Inguratu egin gintuen, eta ezin genuen alde egin. Haizea aldatu zen halako batean, eta azkar alde egin genuen handik".

"Une gogor asko" pasatu badituzte ere, oso esperientzia aberatsa izan dela dio Iriondok: "Taldean gustura ibili naiz. Ederra da suhiltzaile izatea, baina arriskua du. Aro bat bukatu da; gure eskuetan zegoena egin dugu. Mundiala izan da esperientzia, eta berriz ere errepikatuko genuke".

[Herriz herri] Altzaga, artearen itzalpean

[Herriz herri] Altzaga, artearen itzalpean

Loinaz Agirre
Gipuzkoako herririk txikienetan hirugarrena da Altzaga, 167 biztanlerekin. Goierriren bihotzean dago, 279 metroko garaieran. Ordizian N-1 errepidea utzi, eta Aramatik gora GI-3871 errepidean joanda dago Altzaga herria. Altzagarate auzoan ...

“Irakurri izan dugu Bach izan zela bere garaiko ‘metaleroa'”

“Irakurri izan dugu Bach izan zela bere garaiko ‘metaleroa'”

Itzea Urkizu

2009an Lasarten sortu zenez geroztik, Hilotz taldeak metamorfosi txiki bat izan du: laukote batek abiarazitakoa hirukote berri batek gorpuzten du orain. Aldaketa hori, gainera, maketatik diskorako soinuan ere islatzen da; bi urteko asmo, indar eta lanaren ondoren, argitaratu berria dute Giza ankerkeria lehen lan luzea. Mikel Iarzak (baxua eta ahotsa), Etxahun Urkizuk (bateria) eta Pablo Cabasesek (gitarra) Tolosako entsegu lokala dute metal musika sortzeko aterpe, baina zentzumenak zabalik dituzte edozein generok emandako plazerak dastatzeko. Uztartze horretatik sortutakoa zuzenekoetara eramanez, datozen hilabeteotako kontzertu bakoitza aukera bat da, beren musika gainontzekoentzat ere gozamen bilakatzeko.

Giza ankerkeria-n kritika soziala egin nahi izan duzuela dirudi.

MIKEL YARZA: Bai. Hil ala bizi maketakoak gure lehen konposizioak ziren, bai hitzez, bai doinuz, eta orain gehiago hausnartu dugu munduak funtzionatzeko duen moduaz, botere harremanez, bizimoduaz... Baina badira hitz pertsonalagoak ere.

Autoekoizpenaren bidea aukeratu duzue. Nolakoa izan da prozesu hori?

ETXAHUN URKIZU: Pentsatu gabeko zerbait izan da. Estudio batean grabatzeak kostu ekonomiko handia du, eta, gainera, uste dut ez ginela gai izango disko osoa astebetean-edo grabatzeko. Lagunei esker osatu ahal izan dugu lana. Batetik, Ander Zubillagak bateria grabatu digu, eta Borja Mintegiagaren Lezoko estudioan grabatu ditugu gitarrak. Soinu ona izatea nahiko erraza izan da, lagun horiei esker.

Zuen lana ezagutaraztea, aldiz, zailagoa al da?

E. U.: Guztia guk egin beharra daukagu, hori da kontua: kontzertuak lotu, komunikabideei informazioa bidali...

Akaso, orain arte ohikoagoa izan da erreferentziazko estudioetan grabatzea. Gero eta gehiago dira, ordea, beren lanak ekoizten dituzten taldeak, ezta?

E. U.: Genero honetan, bereziki.

M.Y.: Euskal Herrian ez dago metala edo muturreko metala ekoizten duen erreferentziazko estudiorik, taldeei bultzada bat emateko.

Metala duzue ardatz, baina hainbat adar ditu metalak. Zuek zeini heltzen diozue?

M.Y.: Thrash metala abiapuntua da, eta beste hainbat gauza daude. Diskoaren zabalkundean diogu Giza ankerkeria-k death eta black metalaren ukituak dituela.

Zeintzuk dira ezaugarriak?

E. U.: Thrash metala punketik gertu dago, azkarra da, eta abeslariek oihu egiten dute, baina kantatu ere bai; bien arteko zerbait.

M.Y.: Gitarraren presentzia handia da thrashean. Death metalean, berriz, bateria konplexuagoa da, presentzia handia du.

PABLO CABASES: Egia esan, oso zaila da desberdintasunak azaltzea.

Eta black metalari dagokionez?

M.Y.: Giro bat sortzen du black metalak, sentsazio tristea.

E. U.: Bereizgarrietako bat blast beat-ak dira, batetik —bateria oso-oso azkar jotzea—; eta minor akordeak, bestetik. Hortik datorkio izena, musika ilunagoa delako.

Zuen generoa ezin da komertzialtzat hartu, baina jende asko mugitzen du, ezta?

E.U.: Egia esan, gure eskalan ez askorik. Baina, Alemaniako Wacken jaialdian, edozein kontzertu ikusten 40.000 pertsona elkar daitezke; munduko metal jaialdi garrantzitsuenetakoa da.

M.Y.: Zenbait taldek, garaiagatik-edo, indar handia hartu izan dute, baina baita generoagatik ere. Esan nahi dut Su ta Garrek, metal gogorragoa egingo balu, ez lukeela hainbeste jarraitzaile izango.

E.U.: Anestesia ere gogorra da, baina jarraitzaile asko ditu. 1980ko hamarkadan metal asko entzuten zen Euskal Herrian, eta uste dut talde askok horregatik hartu zutela indarra. Duela urte batzuk, ohikoa zen Gaztean, adibidez, Berri Txarrak, Latzen edo Su ta Gar entzutea, joeran zegoelako.

Irratiak aipatu dituzue. Metalak tarte zabalagoa beharko luke?

E.U.: Metala musika zaila da entzuteko, baita guretzat ere, sarri. Baina tarte gehiago musika genero guztiei eskainiko nieke.

M.Y.: Orain, 1980az bestelako ereduek irabazi dute, baita musika entzuteko ereduek ere. Gaur egun, singleek funtzionatzen dute, nazioartekoek eta bertakoek, eta irratiak dira horren isla.

E.U.: Ez da metalari egindako bazterketa bat, audientzia handiaren aldeko apustu bat baizik. Nik Radio 3en eredua gustukoago dut, esaterako: saio espezializatuak daude, eta hori oso aberatsa da.

Euskal Herrian, hala ere, badira zuen antzeko talde gazteak.

E.U.: Talde oso onak, gainera. Bullets of Misery gernikarrak, adibidez; zuzeneko oso ona dute, eta disko bikaina argitaratu dute.

M.Y.: Gabezia Lasarteko taldea ere bai. Nafarroan, berriz, Evil Killer-ek heavy klasikoa jorratzen du, eta Araban Childrain taldea dugu. Maila oso oneko talde asko dago. Baina metalaren komunitatean, berez txikia izanik, bada makrokontzertuetara soilik bertaratzeko joera bat, eta horrek talde on txikiak itzalean uzten ditu sarri.

Aurreiritzi asko al dago metalaren inguruan?

E.U.: Bai, noski. Ile luzea baldin badaukazu eta larruzko jakak janzten badituzu, jende gehienak ulertzen du heavya zarela. Baina, aldiz, ilehoria izanez gero eta surf marka bateko jertse bat soinean baldin baduzu, jendea harritu egiten da thrash eta death metal talde bateko kide zarela esandakoan.

M.Y.: Dena den, metal zaleen barruan ere bada logika horri jarraitzen dion jendea. Askotan, gainera, horrela pentsatzen dutenak izaten dira karratuenak pentsamoldez, eta ez dute metaletik haragoko musikarik entzuten.

Zein dira zuen erreferente musikalak?

E.U.: Black metalean, Behemoth edo Disexion aukeratuko nituzke. Testament edo Anthrax, berriz, thrashean. Eta, noski, heavy klasikoa: Iron Maiden, Judas Priest edo Black Sabbath mitikoak. Eta, guk egiten dugunaz harago, funkya edo soula entzun ohi ditut; Snarky Puppy, adibidez.

P.C.: Nik ez diot aterik ezeri ixten; gustuko baldin badut, gustuko dut. Punka entzuten hasi nintzen, baina, behin batean, Metallicaren Master of Puppets utzi zidaten, eta nire bizitza erabat aldatu zen [barreak].

M.Y.: Metalaren barruan, ia dena gustuko dut, new metala izan ezik, akaso; gustukoago dut musika organikoa, industriala baino. Eta, gure eremutik kanpo, musika klasikoa entzuten dut: Bach, Vivaldi, Mozart... Musika hori sekulakoa iruditzen zait, gorena.

Egiazki, zenbait obra klasiko ez daude metal doinuetatik hain urruti ere, ezta?

E.U.: Irakurri izan dugu Bach izan zela bere garaiko metaleroa.

M.Y.: Baina jende gehienak ez ditu erlazionatzen. Ez musikalki, eta ez sozialki; musika klasikoa entzutea klase sozial altukotzat dugu, eta metala aurkakoa da.

Diskoa entzun duen jendearen erantzunik jaso al duzue?

M.Y.: Gertuko lagunei gustatu zaie lana, eta maketatik honako aurrerapausoa nabaritu dute.

E.U.: Lortu dugun soinua nahiko ona dela azpimarratu digute batzuek, eta horrekin geratu naiz ni.

M.Y.: Diskoa laburra egin zaiela ere esan digute, baina hori seinale ontzat hartuko dugu [barreak].

Orain kontzertu errenkada duzue aurretik. Zuzenekoak dira zuen erakusleihorik onena?

M.Y.: Azkenaldian, asko hitz egin dugu horri buruz. Promozioa gure ardura denez, zuzenean jotzea da jendea gure musikara lotzeko aukerarik onena.

“Pentsioak publikoak, duinak eta parekideak izatea nahi dugu”

“Pentsioak publikoak, duinak eta parekideak izatea nahi dugu”

Aimar Maiz

Gipuzkoako pentsiodunen eta erretiratuen elkarteen plataforma lanketa bat egiten ari da alderdi politikoekin. Espainiako hauteskundeetako kanpainan eskariak eta hartu beharreko neurriak jakinarazi zizkien; Batzar Nagusietako hautetsiekin ere egon dira. Pentsio sistema publikoaren defentsa, pentsioen beheko muga 1.080 euro izatea, eta emakumeena parekatzea aldarrikatu ditu Miguel Gortarik. Euskal pentsio sistema sortzea ez du egingarri ikusten, "oraingoz".

Alderdi politikoekin harremanak hasi ditu Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataformak. Segitzeko asmoa baduzue?

Bai, eta gehiago orain, hauteskunde autonomikoei begira, iristear daude eta. Lagundu dezaten behartu behar dira alderdiak. Gipuzkoa da gure eremua, baina Euskadi osora berdin zabal liteke.

Nolako harrera egin dizuete?

Kanpaina garaian, oso ona. Gure pentsioen alde ari gara borrokan, baina baita aurki edo luze gabe pentsiodun izango direnengatik ere. Orain 50-60 urte bitartean eta 40-50 bitartean dituztenen kasuak dira horiek. Pentsioak antolatu beharra dago. Estatuak bermatutakoak dira, eta, zeregin hori baldin badu, baliabide ekonomiko guztiak jarri beharra dauka irauteko. Kotizazioekin bakarrik ordaindu ezin baditu, estatuaren aurrekontu orokorretara jo dezala.

Ez zarete pentsio plangintza pribatuen aldekoak.

Estatua ere lehentasunak ipintzen ari da jendeak pentsio pribatuak egin ditzan. Nola egingo du jendeak pentsio pribatua, 1.000-1.200 euro irabazten badu, seme-alabak baditu eta etxea ordaintzen ari bada? Ezin du. 2.500 eurotik gora irabazten dutenek egin dezakete. Pentsio pribatuen errentagarritasuna oso duda-mudakoa da. Kobratzera joan eta ezer gabe geratu direnak badira, zer eta diru hori bankuak hondoratu diren bonuetan inbertitu duelako. Estatuak bermatutako pentsio publikoak behar dira.

Nolako pentsioa izan behar du, duina izan dadin?

Publikoak, duinak eta parekideak izatea nahi dugu. Euskadin, muga 1.080 euroan jarri dugu, Europako Gutun Sozialak hor jarri duelako Euskadirako pobreziaren marra. Espainian, 1.000 euro da, nahiz eta azkenaldian 896 euro den pentsioen batez bestekoa. Euskadin, 1.110 euro da batez besteko pentsioa.

Euskal pentsio sistema eskatzen dute zenbait sektorek eta alderdik. Egingarria da?

Gogoa badago, baina, oraingoz, ez dut ikusten. Nahia da bat, baina ez dakit ahal den. Abenduaren 31n, Euskadin 533.000 pentsiodun zeuden. Batez bestekoa 1.110 euro da, eta 591,6 milioi euro dira horiek, hilero. Hamalau ordainketa direnez, urtean 8.282,8 milioi euro. Uste dut Eusko Jaurlaritzak badituela gauza garrantzitsuagoak egiteko, Pentsioen Kutxa hartu eta hori ordaindu baino. Baina denborarekin izan liteke. "Pentsioak hemen" esatea oso polita da, baina errealista izan behar da, eta oinak lurrean. Orain goizegi da; aurrerago, ikusiko da.

EAJk euskal gizarte segurantza sortzeko nahia adierazi du.

Bai. Duintasuna elkartea ere horren aldekoa da. Baina egin kontu hauteskunde kanpainan gaudela ia, eta bakoitzak botatzen dituen aldarriak dira, nahi duzuna eta gehiago eskainiz. Ez dut uste orain denik momentu egokiena.

Baina, estatuan, pentsioen Erreserba Funtsa ukiezina bazen ere, aldian aldiko gobernuak gordailuko dirua beste inbertsio batzuetara bideratu izan du. Nola ikusten duzu hori?

Erreserba Funtsa 2000. urtean eratu zuten. Gizarte Segurantzaren altxortegiak izaten dituen soberakinekin hornitzen da. Kotizazio asko zeudenean, diru sarrerak gastuak baino gehiago ziren, eta irabaziak funtsera joaten ziren. Garai txarrak etorriz gero, aurre egiten laguntzeko sortu zuten. Baina gobernuek, sozialistenak lehenengo, PPrenak orain, pentsio kutxa horretan eskua sartu dute. Aldian aldiko gobernuen txanpondegia izan da.

Zenbat diru atera dute Erreserba Funtsetik pentsioak ordaintzeko ez diren beste egiteko batzuetarako?

2000tik 2014ra, kotizazio gabeko pentsioetan bakarrik, 44.000 milioi euro gastatu du gobernuak. Beste horrenbeste gutxiengoen osagarrietan. Mundu guztiak sartu du hor eskua. Kutxa horrek orain 39.000 milioi dauzka, baina 120 edo 130 mila milioitan egon behar zukeen.

Hain zuzen, plataformatik egin dituzuen sei eskarietatik bat Erreserba Funtsa berriz osatzea da, atera den dirua itzultzea.

Funtsera sartu gabe geratu diren diruak osatzeko eskatu diogu gobernuari. Enplegua sustatzeko neurriak —500 euroko laguntza, tarifa laua...— funtseko diruarekin ordaindu zituzten. Estatuaren aurrekontu orokorretik ordain dezatela. Azken urteetan ere bidegabeki atera dute hortik dirua. Alegia, sortu zutenerako izan ezik, beste edozertarako erabili dute. Gaur egungo egoera larria leuntzeko soilik erabili izan balute, Erreserba Funtsa nasaiagoa izango zatekeen, eta bizi itxaropen luzeagoa izango zukeen.

Pentsioak ordaintzeko sistema arriskuan ikusten duzu?

Ni baikorra eta errealista naiz. Pentsioak ez dira agortuko. Beste gauza bat da jaitsi egingo diren. Zeren, jakina, lehen KPIaren arabera eguneratzen ziren, baina oraingo FAI eta koefiziente horiek ez dute ezertarako balio. Orduan, plataformakook nahi dugu pentsio duinak izatea, eta pobreziaren marra baino beherago dauden kopuruetakoak ez izatea. Urtero egunera ditzatela pentsioak, eta KPIaren arabera. Hau da, kalakarik ez. Horrela arnasa gehiago eta erosmen handiagoa izango dugu.

Gauza bat dira alderdien kanpainako promesak, eta beste bat benetan zer egiten den gero. Zer espero duzue zuek?

[Espainiako] Gobernua nola osatzen den, hor dago gakoa. Toledoko Ituna nola geratzen den ikusi nahi dugu. Euskadin, EAJko, EH Bilduko eta Ahal Dugu-ko arduradunekin hitz egin dugu, diputatu guztiekin. Erkidegoko hauteskundeetan ere egongo gara. Pentsioak Madrilen esku daude, baina hemengo erakundeek ere zeresan handia dute, gutxieneko duintasun bateraino osa ditzaketelako Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, aldundiek eta batzar nagusiek. Alderdietan arreta jarrita segituko dugu.

Emakumeen pentsioak gizonenekin berdintzeko esan duzue.

Emakumeen pentsioen alde ere ari gara borrokan, baita soldatekin ere. Zeren, jatorriz mespretxagarria den soldata batek pentsio mespretxagarria ekartzen du. Emakumeek diskriminazio handiagoa dute soldatetan; gizonena baino %26 txikiagoa da. Soldata arduratsuak eta parekideak nahi ditugu.

Kendu luntx hori nire bistatik

Danel Agirre
Duela bi aste jokatu Saskibaloiko Espainiako Kopan, kreditazioa jaso, Diario Vasco-ko ezagun bat agurtzea saihesteko ez ikusiarena egin, prentsako tribunan eseri, eta pipertuta topatu nituen inguruko kazetariak. Jangela eraikin kaotikoare...