gipuzkoa

Final-laurdenen hasiera, Urretxun eta Errenterian

Asteburuan hasiko dira final-laurdenak. Bihar, Urretxuko Ederrena pilotalekuan izango da saioa, honako bertsolari hauekin: Agin Laburu, Asier Azpiroz, Beñat Iguaran, Eli Pagola, Jexux Mari Irazu eta Nerea Elustondo. Igandean, berriz, Errenteriako Agustina Otaola pilotalekuan lehiatuko dira Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Jon Martin. Bi saioak 17:30ean hasiko dira.

Gaiak, bederatziko txikian

Gaiak, bederatziko txikian

Aurrenak dira txapelketa hasten, eta aurrenak bukatzen. Ondo baino hobeto ulertzen dute elkar: baten proposamenak guztienak bihurtzen dira, eta guztien erabakiak batek plazaratzen ditu bertsolari eta bertsozaleen aurrean. Bederatziko taldea da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako gai-jartzaileena. Bihar hasiko dira final-laurdenak, eta prest dituzte fase osorako gaiak. Astelehen arratsaldean, biharko eta etziko saioetarako "azken orrazketak" egiteko bildu ziren Villabonan Inaxio Usarralde, Itziar Etxezarreta, Asier Iriondo, Iban Narbaiza, Imanol Artola Felix eta Ion Zaldua. "Hemen lege bat dago, gaurko bileran: zerbaitek ez badu balio, hobea ekarri", zioen Usarraldek. Seiokin batera gai-jartzaileen taldea osatzen dute Irati Agirreazaldegik, Iker Iriartek eta Saroi Jauregik.

Iazko urrian egin zuten lehen bilera, txapelketa antolatzen joateko. Geroztik, asteburuetan egin dituzte bilera intentsiboak, eta astean zehar elkartu dira asteburuko saioei heltzeko. Gaiei baiezkoa eman aurretik, zenbait galbahe pasatzen dituzte. Lehena: norberak bere buruari jartzen diona. Bakoitzak bere sormen prozesua dauka gaiak ateratzerakoan. Felixek sakelakoan apuntatzen ditu burura datozkionak; edo tabernan lanean ari dela, paper batean: "Gaia suertatu egiten da, edo entzun egiten duzu...". Etxean ordenatzen ditu gero, bileran "txukun" aurkezteko. Narbaizak ere gailuak baliatzen ditu, ideiak ahaztu baino lehen. Gertatu izan zaio: "Kristoren ideia izan, gauean idaztera joan eta ahaztu". Eguneroko martxan datozkienez gain, espresuki gaiak pentsatzeko tarte bat hartzen dute batzuek. Zalduak aurten eutsi dio horri: paper zuri bat hartu, eta saio oso bat osatu du goitik behera, ariketaz ariketa.

Etxeko lanak azken orduan egiten ere ibili izan dira. Hala kontatu du Iriondok: "Gertatu izan zaigu larunbatetan elkartu, eta gaien artean pilotari buruzko gai asko ekartzea. Zergatik da? Ibili garelako gaiak jartzen Joxean Tolosa eta Xabier Euzkitzeri begira". Bromari jarraipena eman dio Zalduak: "Horrek behintzat esan nahi du ez dela Pedro Mari Goikoetxeara iritsi, Boxeo Izarretara...". Eta Narbaizak gehitu: "Gai erotikoetara joaten dena ja... asko luzatu zaiolako".

Bigarren galbahea taldearena da. Gai-jartzaile bakoitzak taldekideei aurkezten die etxetik daraman gai zerrenda, eta hor erabakitzen dute gaiak balekoak diren ala ez. Gustuko dituzten ikusten dute, aurreko urteetatik ezagunak egiten zaizkien... Bertsolarientzat ere egokiak izatea ezinbestekotzat du Zalduak: "Ikusten dugu bertsolariak zer esan dezakeen gai horrekin. Ofiziotan, bi pertsonarentzako gaia bada, ea biek lan bertsua daukaten, edo batek askoz errazagoa edo zailagoa daukan...Behintzat biek zeresana izateko".

Oreka bilatzen ahalegintzen dira, bai gai baten barruan, eta baita saioan orokorrean ere. Horretarako, gai taula bat darabilte bileretan, Etxezarretak azaldu duenez: "Saiatzen gara bertsolari bakoitzari antzeko gaiak ez tokatzen, antzeko egoerak ez jartzen, ariketa bakoitza zer pertsonari tokatzen zaion begiratzen dugu...". Behin gai bat balekoen zakura sartzen duten momentutik, baten gaia bederatziena bilakatzen da. "Berdin du nork ekarri duen; talde bezala erantzuten dugu beti".

Gai zerrenda osatu ondoren, talde txikiagotan elkartzen dira, binaka edo hirunaka, gaiak ariketaka hartzeko. Zortziko handiko gai guztiak hartu, eta errepasoa egiten diete; sei puntuko motzekoak hartu, eta berdin... Denak txukundu eta saioak osatuta dauzkatenean, azken orraztua egiten diete. Detaile txikiak dira, baina askotan luze aritzen dira horien gainean: "Zalantza izan daiteke kaletik joan edo kaletik etorri. Ez gara ados jartzen. Buelta asko ematen dizkiegu; batzuetan, gehiegi", dio Zalduak. Igogailuan trabatuta geratu ziren duela gutxi egindako bilera batean: bertsolaria igogailuan behera zihoala jarri, edo igogailuan gora. "Behera badoa, dena libre dauka, baina gora badoa, leku jakin batera doa...".

Bertsolariek kantatu behar dutena kokatzen saiatzen dira gai-jartzaileak, euren irudimenean. Beren "pelikulak" egiten dituztela dio Usarraldek, eta gero dezepzioak izaten dituztela batzuetan. Bertsolarien araberakoa ere bada emaitza, Narbaizaren arabera: "Pasatzen da bi bertsolarirentzako sekulako gaia izatea, kristoren zukutua ateratzea; eta beste biri jarri eta sekulako kaka plastekoa egitea".

Baserritik teknologietara

Gaiei berei dagokienez, ariketa bakoitzak "bere karga" du, eta gaiek ere norabide hori hartzen dute. Zortziko txikian eta koplatan, adibidez, "gai arinagoak" izaten dira normalean. Urteekin, gai-jartzaileen proposamenak ere aldatu dira. Usarraldek dioenez, baserria ia desagertu egin da gaietan, ez bada nekazaritza turismo edo halakoren bat aipatzen dela. "80ko hasieran ugariak ziren baserriko langintza eta handik sortutako erreferentziak. Gaur egun, berriz, sare sozialak, Internet, informatika...". Normaltzat dute. Eurek ere, gai-jartzaile jardunean, asko erabiltzen dituzte teknologia berriak, elkarri dokumentuak pasatzeko eta abarretarako.

Gai-jartzaileak ere sortzaileak direla dio Zalduak, eta naturalki, norbere ingurutik sortzen duela: "Ez dugu nekazaritza gairik sortuko, mundu hori asko ezagutzen ez badugu. Errazagoa da sare sozialetatik-edo gehiago sortzea, gure erreminta delako". Baserri munduko gaiak desagertzea "klixe batzuk" puskatzearekin lotu du Narbaizak: "Ematen du bertsolaritza euskal kulturako zerbait dela, baserria... Badago apurtze esplizitu bat horrekin. Euskara ezin egon ahal da sare sozialetan, Twitterren?".

Bertsolariek gaia ezagutuko ote duten. Kezka hori ere izaten dute gai-jartzaileek, eta batzuetan "autozentsura" ere egiten dute. Adibidea jarri du Usarraldek: "Jar dezagun zaintza partekatua. Bolada batean modan jartzen da gai bat, baina horretaz zer esan behar da? Ahoz, prosan hitz eginez ere, argi daukagu zer esan? Alde edo kontra? Bertsolaria txapelketan kontserbadorea bihurtzen da, eta asko dauka jokoan".

Aurkezle lanak

Gaiak prestatzeaz gain, saioetan jende aurrean egotea ere tokatzen zaie gai-jartzaileei. Gipuzkoa Bertsotan fasean bina saio aurkeztea tokatu zitzaien, eta beste bina egokitu zaizkie gerokoetan. "Ez dago aurkezle eskolarik". Beraz, bakoitza bere estiloarekin eta hainbat irizpideri jarraituz aritzen da oholtzan: neutraltasuna agertu behar da, gai-jartzaileak ez luke bertsolariak daraman urduritasunaz gain gehiago erantsi behar...

Etxezarretak aurkeztuko du biharko saioa, eta Felixek igandekoa. Lasai daude biak. Lehenak patxadan pasatu ohi du astea, saioa hasi aurreko momentura arte. Felixek ondo entseatuta darama egin beharreko guztia: "Jada ez dago punturik kantatu beharrik; lasai nago, beraz! Hor ateratzen ziren nire zailtasun minimoak kantatzeko garaian. Etxean bonbilla bat daukat, goitik behera datorrena, eta hura hartzen dut, hamar aldiz gai bera irakurtzen dut, posizioak aldatuz eta abar. Etxeko paretek eta katuak dena onartzen dutenean...".

Badu izaera eta nortasuna txapelketako gai-jartzaileen taldeak, eta giro "oso ona" bederatzi kideen artean, gertukoa. Gipuzkoako txapelketa ofizialetan elkarrekin aritutakoak dira —eskolartekoan, Orixe sariketan...—. Horrez gain, duela lau urteko Gipuzkoako txapelketan ere batera aritu ziren gehienak. Azkenekotik baja batzuk izan dira, eta "filialetik" Felix fitxatu dute aurtengorako. Hura da taldera batu den kide berri bakarra. Ezagun baten bidez heldu zitzaion proposamena, eta gustura hartu zuen erronka: "Bilera batera azaldu, eta taldearen parte naiz orain. Aurretik inoiz ez dut saiorik aurkeztu; hemen ez da esperientzia eduki beharrik".

Lehia hasi aurretik, badakite kritikatuak izango direla. Kiroletan gertatzen denarekin alderatu du Narbaizak: "Epaileak eta gu, errudun". Dena den, ezberdintasunak badira bi taldeen artean, Usarralderen arabera: "Epaileena agian ezberdina da. Puntuazioa banan-banan ikus dezakezu, eta agian pertsonaliza daiteke. Baina gure lanean, batek dakarren gaia denona egiten dugu, eta horrek sekulako lasaitua eta babesa ematen dizu".

Bertsozale Elkartea lanean hasi zenetik, haien lanarekiko errespetua nabari du Usarraldek: "Urte osoan elkarrekin lan egiten dugu hainbat proiektutan, eta hor badago harreman bat". Irizpide bat ere badute: txapelketan dena entzuten dute, baina erantzutean ez dira sartzen. "Garai batean foroak-eta modan jarri zirenean, keinu bat egin genuen erantzuteko, baina ikusi genuen ez zela ideiarik onena. Gainera, bakoitzari joan zaizkion ikuspegitik hitz egiten dira gauzak".

Ernairi deialdia etsi-etsian

Mutil koskorra nintzela, ez nuen ulertzen nola inori ez zitzaion okurritzen Talaimendi magalean, Orio eta Zarautz artean, Osborne zezen bat paratzea. Bi herrietatik bikain ikusiko zatekeela imajinatzen nuen, autobidetik eta itsasotik zer esanik ez.

Artean ez nekien gurasoekin oporretan autoko leihotik ikusten nuen ikur hura pattar marka baten logoa zenik. Eta nire errezeloa da silueta beltza ez zutela espainiarrek oraindik merchandising txuskero-aren ikur bihurtu. Katiluak, banderak eta Seat Leon-a edertzeko itsasgarriak azken hogei urteetan zabaldutako kontua direla esango nuke. Edo beharbada ez. Ni ere txikitan txuskero samarra nintzen, eta autobideetako zerumuga lausoetako Osborne zezen haiek monumentalak iruditzen zitzaizkidan. Oraindik ere, pattar markarena ezagutzen dudan publizitate kanpainarik jenialena da, nire aburuz. Sinplea, ederra eta iraungitze-datarik gabekoa.

Mutil koskorra nintzela, zezen-plaza ezartzen hasi ziren festetan Zarauzko Aritzbatalden. Pare bat urte iraun zuen egitasmoak, eta toreatzaileek etorritako autobide beretik alde egin zuten azkar. Gertaera eta ekintza txuskeroak ez, ordea, horiek oparo jasan behar izan ditugu hurrengo hamarkadetan ere, lehengo moduan. Azkenak pertsonalki erasan dit. Inoiz ez bezala.

Nik Osborne zezena proiektatutako muino berean hotel galant askoa eraikitzen ari dira egun. Orio eta Zarauztik mehatxari begiztatzen da, autobidetik eta itsasotik zer esanik ez. Eskuzabal behatuta ere, txuskero samarra da operazioa. Aiako EAJko alkate ohiak bertako arau subsidiarioak modu irudimentsuan interpretatu zituen, Zarauzko EAJko zinegotzi batek negozio ikusgarria —pasa bertatik, ez ikustea da zaila—abia dezan.

Mutil koskor nintzela hain kuttun nuen tokia profanatu dutela ikustean, niri ere Aiako alkate ohiaren pareko irudimena erabiltzea beste erremediorik ez zait geratuko azkenean. Horrela, Espainiako sinboloen eraiste lanetan ari den Ernaiko komandoari gonbita zabaldu nahi diot hemen. Duela pare bat aste Tuteran lurreratu zenuten Osborne zezena Talaimendin ipin dezazuen erregutzen dizuet, hotel ditxosozkoa birrindu ondoren. Ideia martzianoa irudituko zaizue beharbada nik proposatutakoa komandoko partaideoi. Baina gogoeta eta analisian iaioak zaretenez, bizkor ulertuko duzue askoz espainiar eta txuskeroagoa dela porlan tona pilo hori Osborne zezen bat baino.

Hala ez dela deliberatzen baduzue, izan erruki, eta nigatik bakarrik burutu ekintza otoi. Mutil koskor baten aspaldiko ilusioa beteko duzue behintzat.

“Olentzeroren pelikula berria ez da Gabonetan gertatuko, lehen aldiz”

“Olentzeroren pelikula berria ez da Gabonetan gertatuko, lehen aldiz”

Abenduan kaleratuko du Baleuko ekoiztetxeak Olentzeroren inguruko bosgarren pelikula, eta berritasun nabarmenak izango ditu. Batetik, istorioa ospitale batean gertatuko da, eta ez landa eremuan. Bestetik, pelikulak apenas egingo dien erreferentziarik Gabonei. Salto horren arrazoiak eta pelikularen inguruko beste hainbat xehetasun argitu ditu Txetxu Altolagirrek (Legazpi, 1969). Bera da istorioa idazteaz arduratu den gidoilaria.

Zer du berritik Olentzeroren inguruko bosgarren filmak?

Esaldi batean laburtuta, galdera honi erantzungo lioke pelikulak: "Non dago Olentzero Gabonak ez direnean?". Diseinu aldetik ere marrazkiak oso ezberdinak dira; teknika berriak erabili dituzte.

Zergatik erabaki duzue salto hori ematea?

Gaur egun ere Olentzero existitzen delako. Lehen ematen zuen istorio hori sinisgarria izateko gugandik urruti kokatu behar genuela, mendian, zehaztu gabeko garai batean... Bosgarren pelikula izanda, zerbait desberdina egiteko garaia zela pentsatu genuen, eta horrela erabaki genuen saltoa ematea. Ekoiztetxearen hausnarketa prozesu baten emaitza izan da.

Labur azalduta, zein da argumentua?

Istorioa ospitale batean kokatzen da. Hainbat haur daude ospitale horretan, gaixo: batek minbizia du, beste batek osteogenesi ez-perfektua du —kristalezko hezurrak—, eta, azkenik, Amila dago, pertsonaia nagusia. Amila ospitalean dago, baina inork ez daki zer gertatzen zaion; frogak egiten ari zaizkio. Olentzero, berriz, ospitaleko mantentze lanak egiten dituen gizona da: Lorentzo.

Olentzero agertu arren, Gabonen inguruan ez kokatzea erabaki duzue.

Ez, Gabonei ez zaie erreferentziarik egiten. Bukaera-bukaeran bakarrik, Olentzero ospitaletik ateratzen denean, Gabonak prestatzera. Horrek bi abantaila ditu. Batetik, pelikula aproposa izango da urte guztian ikusi ahal izateko. Bestetik, Euskal Herritik kanpo bizi den eta Olentzero ezagutzen ez duen edonork ulertu ahal izango du istorioa.

Hori da asmoa, pelikula Euskal Herritik kanpora zabaltzea?

Bai. Olentzeroren pelikulak, harrigarria badirudi ere, asko saldu dira nazioartean: Asian, Errusian... Ez da hori helburu nagusia, baina aukera hori beti izaten dugu buruan, eta gidoia idaztean ere kontuan izaten dugu. Gaztelaniazko bertsioaren titulua, esaterako, El secreto de Amila izango da; Olentzero ez da aipatzen.

Zein da Amila?

Lamiaren eta gizakiaren arteko alaba da Amila. Kondairak esaten du Lamiaren eta gizakiaren alaba izanik adin jakin batera iristean aukeratu egin behar duela Lamia ala gizakia izan. Horretarako, mundu mitologikora pasatu behar du, Lamiaren orrazia laku batetik erreskatatzera. Orrazi horrek botere handia eskaintzen du.

Amilak, ordea, etsai bat izango du, ezta?

Mundu mitologikoan Tasuri dago. Tasuri gaiztoa da, eta Amilaren orrazia lortu nahi du, boterea lortu eta Mariren lekua hartzeko. Hortaz, esan daiteke gure munduaren eta mundu mitologikoaren artean saltoka dabilen istorio bat dela.

Eta Olentzerok zein rol jokatzen du istorioan?

Ospitaleko mantentze lanen mutila da; Amila arazoak izaten hasten denean, ordea, bere benetako izaera agertzen du, lagundu ahal izateko. Olentzerorekin batera, Amilaren lagunak mundu mitologikora pasatuko dira, Amilari laguntzera. Eta hainbat abentura izango dituzte han.

Zergatik kokatu duzue istorioa ospitale batean?

Gaixo dauden haurren kasuan, askotan, ahaztu egiten dugu haurrak direla. Atentzio gehiago jartzen diogu gaixotasunari, haurrari berari baino. Ezin da ahaztu gaixotasuna hor dagoela, noski, baina haurrei kasu egin behar zaie. Hori transmititu nahi izan dugu.

Horrez gain, zein balio erakusten dizkie filmak haurrei?

Elkartasuna, adiskidetasuna... Adibidez, Tximasek, minbizia duen mutikoak, ez du adiskidetasunean sinesten. Ospitale askotatik pasatu da, eta uste du ospitale batean sortzen diren adiskidetasun harremanak behartuak direla. Aurrerago, ordea, konturatuko da beti ez dela hala izaten, eta bere inguruko jendea laguntzeko prest dagoela. Bestalde, uste dut generoaren aldetik ere lan polita egin dela. Protagonista ez da betiko mutil maskulinoa, neska bat baizik. Balio asko lantzen dira.

Ahots ezagunak ere bilatu dituzue.

Gorka Aginagaldek, Jon Plazaolak, Barbara Goenagak, Gorka Otxoak eta Miren Ibargurenek egin dituzte bikoizketak. Ahalegina egin nahi izan da pelikula erakargarriagoa egiteko, jendea zinemara joan dadin.

Haurrentzako pelikulak idazteko, haurren azalean sartu beharko duzu. Nola egiten duzu hori?

Kanpoan zer egiten den eta besteek zer egiten duten ikustea garrantzitsua da. Nik ere baditut haurrak, eta horrek ere lagunduko duela pentsatzen dut. Dena den, urte asko daramatzat haurrentzat idazten. Betizu saioko gidoilari izan nintzen, eta hau Olentzeroren inguruan idazten dudan hirugarren pelikula da. The Wish Fish [Desioen arraina] ere nik idatzi nuen, haurrak arraina jatera bultzatzeko pelikula bat. Haurrentzako bi ipuin ere idatzi ditut... Neure burua definitu beharko banu, haurrentzako edukien sortzailea naizela esango nuke. Nire makineria dagoeneko horretarako prestatuta dago. Lan handiagoa emango lidake orain helduentzako zerbait idazteak.

Zein osagai behar ditu haurrentzako eduki batek?

Ez dago errezeta magikorik. Baina argi izan behar da haurrentzako edukiak egitean helduentzako egiten dituzunean bezainbeste zaindu behar dituzula. Haurrek helduek adina kontrolatzen dituzte ikus-entzunezkoak. Haur bat ezin duzu engainatu, eta gakoa da edukiak seriotasunez egitea. Eta ez haurrak direlako bi tontakeriarekin konbentzituko direla pentsatzea.

Nola hasi zinen gidoilari?

Aktore lanetan hasi nintzen, eta gero telebistatik deitu zidaten, ETBko saio baten aurkezle izateko. Aurkezle nintzela, saio hartarako gidoiak idazten hasi nintzen. Saioa bukatu zenean, gidoilari bezala jarraitzeko aukera eman zidaten ekoiztetxe hartan. Orduan justu Betizu sortzen ari ziren, eta lantaldean sartu ninduten, gidoilari bezala. Kamera aurretik kamera atzera pasatu nintzen, hortaz. Zorte handia izan dut; izan ere, oso jende gutxi bizi da gidoiak idaztetik. Egoera txarra da, beste lanbide askotan bezala.

“Askok euskaltegian dute euskaraz aritzeko aukera bakarra”

“Askok euskaltegian dute euskaraz aritzeko aukera bakarra”

Hamahiru urte daramatza Borja Arbelaitzek AEKn (Errenteria, 1976), horietatik hamabi Oiartzualdeko zuzendari. Euskara ikasteko eredu berri bat martxan jarriko dute eskualdean, eta, dioenez, ikasleak aspalditik egiten ari diren eskaera bati erantzungo dio. Bizitza erritmora gehiago egokitzen dela dio, baina, era berean, euskaltegian eta beste ikasleekin euskaraz aritzeko harremana galdu gabe.

Euskara ikasteko eredu berri bat proposatu duzue. Zein berezitasun ditu?

Orain arte, nagusiki bi ikastaro mota zituen onartuak HABEk: aurrez aurrekoak eta autoikaskuntza. Ikastaro berria bien arteko nahasketa bat da. Hainbat saio izango dituzte ikasleek astero; kasu honetan, bi orduko bi saio, eta, horrez gain, tutoreak lan batzuk emango dizkie euren kabuz egin ditzaten. Tutoretza saioak ere izango dituzte.

Zergatik eredu hau?

Beharra bazegoen. Ikasleek aspalditik eskatzen duten kontu bat da. Geroz eta gehiago eskatzen dizkigute ikastaro motzagoak, eta ez ematea hainbeste denbora euskaltegian. Horrek arazoak sortzen dizkigu, ikasketa prozesua luzatu egiten baitu. Ikasleen eskaeraren aurrean, halako ikaskuntza konbinatua ontzat jo genuen. Arazoa zen ez zegoela homologatua. Aurten lehen aldiz HABEk aukera eman du.

Non eskainiko dituzue ikastaro horiek?

Erabaki dugu proba gisa martxan jartzea Bilbon eta Oarsoaldean. Guk geure burua eskaini genuen, eta aukeratu gaituzte.

Zenbat lagunek eman dute izena zuenean?

Hogei inguru daude izena emanda ikastarorako, eta, agian, bi talde sortzeko ere emango du kopuru horrek.

Zein abantaila ekarriko dizkio eredu berriak ikasleari?

Gaur egungo gizartearen erritmoa kontuan hartuta, gehiago egokitzeko aukera. Ikastaro arruntak astean 6-8 ordukoak izaten dira. Autoikaskuntzak, berriz, diziplina handia eskatzen du, eta, horrez gain, ikasleak oso harreman txikia egiten du taldearekin eta euskaltegiarekin, eta guk oso garrantzitsutzat jotzen dugu hori. Euskaltegian, euskara ikasteaz gain, ikasleek euskaraz aritzeko harreman sare batzuk sortzen dituzte. Horregatik egiten ditugu horrenbeste kanpo ekintza. Horrenbestez, eredu honek autoikaskuntzaren malgutasuna eta aurrez aurrekoaren abantailak elkartzen ditu.

Zein kanpo ekintza egiten dituzue?

Afariak, normalean. Garrantzi handia ematen diegu. Izan ere, gure ikasle askok eta askok, batez ere Oreretan, euskaraz aritzeko aukera euskaltegian bakarrik daukate. Ekintza horiekin harreman sare naturalak egiten dituzte, non euskara nagusi den. Horri lotuta, oso garrantzitsuak dira Mintzalaguna eta antzeko egitasmoak. Horrez gain, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez, eskualdeko euskaltegi guztiek Mintzalagun programa egiten dugu. Hilero tailer bat ematen diegu ikasleei, eskualdeko sei euskaltegietan: AEK-ko lautan, eta bi udal euskaltegietan, Pasaiakoan eta Oreretakoan. Aste honetan, esaterako, sakelako telefonoarekin egindako argazkilaritza tailer bat egingo dute. Tailer horiekin helburua da jakintza esparru berri batzuk euskaraz lantzea, ikustea jakintza esparru horiek euskaraz ere landu daitezkeela, eta, horrela, jakintza esparru horiek euskaraz garatzea. Azken finean, ikustea euskara euskaltegiko lau paretetatik kanpo ere ohiko gauzetarako erabil daitekeela.

Probako esperientzia egin ondoren, asmoa zabaltzea da?

Nik uste dut baietz, etorkizuna hortik dator.

Eskualdean zenbat ikasle dituzue? Helburua 500 ikasle lortzea zen.

Iaz eskualdeko AEKtik 525 ikasle pasatu ziren, eta 44 talde izan ziren. Aurten dagoeneko 300dik gora ikasle gaude, eta iaz baino pare bat talde gehiagorekin hasi gara. Gauzak nola doazen ikusita, iritsi eta pasatuko garela uste dut.

Zer-nolako ikasleak dira horiek? Maila, adina...

Denetarik. Badago jende asko beheko urratsetakoa, tamalez, euskaraz asko ez dakiena edo deus ez dakiena. Badago beste jende asko titulu bat atera edo azterketa bat prestatu nahi duena. Adinari dagokionez, nabaritzen da ikaslea geroz eta helduagoa dela. Normala da, duela urte batzutatik hona eskolatik pasatu denak, behintzat, euskara ezagutzen duelako. Zaharrak ere badira. Ikasle asko dauzkagu erretiroa hartu dutenak eta, orain denbora daukatenez, euskara ikastea erabaki dutenak. 85 urteko ikasleak ere baditugu. Inoiz ez da zaharra deus ikasteko, eta are gutxiago Euskal Herrian euskara ikasteko.

Etorri berriak ere animatzen dira?

Ari dira. Badago beraientzat propio bideratutako eskaintza bat: Aisa ikastaroak. Urtero talderen bat sortzen dugu; kasu horretan, udalekin elkarlanean. Talde arruntetan ere badira etorri berri asko, eta geroz eta gehiago. Aitortu behar zaie integratzeko egiten ari diren ahalegina.

Izena emateko garaian, diru laguntzak badira. Zeintzuk?

Bi diru laguntza mota daude. Batetik, udalen diru laguntzak, eta, bestetik, HABEren diru laguntzak. HABEren diru laguntzak lortu ahal izateko titulu ofizial bat lortu behar duzu euskaltegiko ikasle zarela. Udalen diru laguntzak lortzeko aski izaten da udalerri horretako herritar izatearekin, eta, normalean, asistentzia eskatzen dute. Eskualdeko udalen ahalegina eskertzekoa da alde horretatik, baina badago oraindik zertan hobetu.

Eta zertan hobetu behar da?

Aurreko legegintzaldian Gipuzkoako Aldundiak proiektu partekatu bat bultzatu zuen. Han parte hartu genuen aldundiko ordezkariek, hainbat udalerritako teknikariek eta euskaltegietako zenbait ordezkarik. Helburua zen aztertzea euskara ikasteko diru laguntzak nola hobetu eta nola egin eraginkorrago. Alde batetik, epeetan aurreratzea proposatu zen. Izan ere, badago jendea nahiz eta jakin matrikularen zati bat itzuliko diotela, aurreratzeko ez daukana. Bestetik, kopuruak handitzea; eta, azkenik, doakotasunerako pausoak ematea, ez delako justua zure herriko hizkuntza ikasteagatik ordaindu behar izatea. Gero, agian lehentasun bezala pertsona talde batzuk markatu behar dira. Adibidez, gurasoak —familia bidezko transmisioa bermatzeko—, edo merkatariak —herrien barruko bizitza sozialean gakoa direlako—. Euskararen maila unibertsalizatzeko bidean pausoak eman behar dira. Alegia, euskararen ezagutza maila bat bermatzea, izan daitekeena B1 maila, eta horretara arte ikasteko prozesua debalde izatea.

Hemen lan egiteko lanean

Hemen lan egiteko lanean

Itsaso Andueza EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko lehendakariak "kezkatuta" hitz egiten du Adegiko presidente Pello Gibelaldek urriaren hasieran egindako adierazpenen harira. Ez dio balio gazteei buruz esandakoak esan eta gero barkamena eskatzeak. ...

Hormak hizketan hasiak dira

Hormak hizketan hasiak dira

Paretei bizia ematea da asmoa, bizikidetzaren mesedetan jarri, kale artearen gaineko eztabaidarako euskarri bihurtu. Xede horrekin, Donostia 2016k artisten esku utzi ditu bost horma. Judas Arrieta da hautatutako bost horma horietako batean esku hartze...

Bost pareta eta hamaika hausnarketa

Donostian hiru, eta beste bat Errenterian. Urumeako igogailuan, Intxaurrondoko Zubiaurre pasealekuan, Altzako Ramon Irigoien parkean eta Errenteriako Alaberga auzoan daude proiekturako hautatu dituzten beste lau hormak. Horiek irudikatzeko ardura, ber...

Final-zortzirenak bukatuta, hilaren 24an ekingo diote berriro lehiari

Final-zortzirenak bukatuta, hilaren 24an ekingo diote berriro lehiari

Asteburuan atseden hartuko du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Dagoeneko osatuta dago final-laurdenetan ariko diren bertsolarien zerrenda, eta hilaren 24an hasiko dute hurrengo fasea, Urretxu-Zumarragan. Guztira, bost saio jokatuko dituzte fase horretan; azaroaren 8an izango da azkena.

Final-zortzirenen ondoren, 23 bertsolarik lortu dute final-laurdenetara sailkatzea, horietako seik saioa irabazita: Jon Maiak, Arkaitz Oiartzabal Xamoa-k, Beñat Lizasok, Manu Goioganak, Felix Zubiak eta Jokin Urangak —hura da, gainera, fase guztian puntuazio altuena lortu duena, 457,5 punturekin—. Puntuazioaren arabera pasatu direnen artean, berriz, Ane Labaka izan da onena: bigarrena izan zen bere saioan, Beasainen, eta hirugarrena da sailkapen orokorrean (444 puntu). Azken sailkatuak, Mikel Artolak, 415 punturekin egin du aurrera.

Faseko 23 sailkatuei beste zazpi bertsolari batuko zaizkie final-laurdenetan. Horiek zuzenean sartuko dira datorren fasean, 2011ko Gipuzkoako txapelketan lortu zuten postuari esker: Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean igaroko da finalaurrekoetara, eta puntu gehien biltzen duten hamahiru bertsolariekin osatuko da lehia.

Finalaurrekoak

Final-laurdenak azaroaren 8an bukatuko dira, eta azaroaren 22an hasiko dira finalaurrekoak. Hiru saio izango dira: Zarautzen, lehena; Tolosan, azaroaren 29an; eta Eibarren, abenduaren 6an. Aurreko fasetik sailkatzen diren hemezortzi bertsolariak ariko dira: sei bertsolariz osatutako hiru talde egingo dituzte, eta saio bakarrera lehiatuko dira.

Aurreko faseetan bezala, finalaurreko bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da finalera, eta puntu gehien batzen duten bost bertsolariekin osatuko da finaleko zortzikotea.

Abenduaren 20an izango da finala, Donostian, Illunben, 17:00etan. Aitor Sarriegi egungo txapelduna ez da lehiara aurkeztu; beraz, buruz aldatuko da txapela.