Baimen Ezarpenak Gorde

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenen cookie-fitxategiak erabiltzen ditu. Zure esperientzia eta zerbitzuak hobetzeko asmoz, cookie teknologiaz baliatzen gara. Ohar hau onartuz gero, teknologia hori erabiltzeko baimen esplizitua ematen diguzu.

Beti Aktibo

Webgunearen oinarrizko funtzionalitatea ahalbidetzen dute; erabiltzaileen saioa hasiera, kontuaren kudeaketa eta abar. Webgunea ezin da behar bezala erabili hauek gabe.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere edukia sare-sozialetan partekatzeko, fedback-a jasotzeko edota bestelako hirugarren batzuren funtzionalitateak erabiltzeko.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko erabiltzaileen portaera estatistikoki neurtzeko eta aztertzeko; horrela, webgunea erabiltzaileen nabigaziora egoki daiteke.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere itxura edo funtzionamendua aldarazten duen informazioa gogoratzeko; adibidez, gogokoa duzun hizkuntza edo zer eskualdetan zauden.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko publizitate guneak kudeatzeko. Kudeaketa hau burutzeko erabil daitezken irizpideak edukia eta maiztasuna izan daitezke.

Ez dago cookie-rik.

Iritzia

“Earki”

Aztoratuta, asaldatuta, urduri nabil azkenaldian, eta hala sumatzen ditut ingurukoak ere. Udaberria ote? Odola alteratzen duela diote; odola bakarrik izango balitz, gaitz erdi. Hematokrito batzuk gora, globulu gorri batzuk behera, oraindik ere geure b...

Jose Luis Korta

Kirola ikuskizun bihurtu aurreko filosofia du, edo grina, edo pasioa, ez dakit. Gaur jokalariak profesionalizatu egin dira eta kontratuaren arabera jokatzen dute, ez dut esango diruaren truke, baina oso ondo bereizten dituzte eguneroko bizitza eta asteburuetako lana. Jose Luis Kortak ere izango ditu bere kontratuak, baina bere ikuspegia da harriturik naukana.

Ez dut telebista ikusteko ohiturarik, gaueko bederatzietatik aurrera ez bada, eta orduan programaren kalitateari ez diot askorik begiratzen, berdintsu zait astrocanali begira egon edo curling emanaldi bat ikusi kirolen kate batean, Barthesek esaten zuen moduan, ohera joan aurretik pentsamenduaren errota gelditzeko balio baitu telebistak, nahiz eta gure errota ezin den harenarekin alderatu.

Modu horretaz esertzen naiz, beraz, igande gauetan afalon-doan pantailaren aurrean eta Finlandia erdi bidean denean (Olazabal-Azkargorta bikotea denoi adarra jotzen ari denean) pasatzen naiz El Conquistador-era.

Programa ez zait batere interesatzen. Partaideak arruntak iruditzen zaizkit. Tamaina horretako kirolariak bizi naizen kalean bertan aurki ditzaket. Kamera aurrean egiten dituzten bakarrizketak aspergarri samarrak dira, egia esan behar bada. Baina, bospasei urteotan programa ikusten jarraitu badut, Jose Luis Kortagatik izan da. Berak nauka programari atxikia eta ez bestek.

Berari begira pentsatzen nuen bizitza joko moduan ikusiko zuela. Gauza jakina da gure iragan apustuzalean dena zela apustu gai: ez pilota, aizkora edo harria bakarrik, baita aisialdiarekin lotutako beste hainbat jarduera ere, artistikoenak barne: zeinek bota irrintzi luzeagoa, zeinek bertso hobea... Jolasa apustu bihurtzen zuten. Umeak ginelarik, herri txikietako gazteak, apustu egiteagatik, zeinek astakeria handiagoak egin ere ibiltzen ziren.

Baina Kortak ez daki jokoa eta jolasa bereizten. Ume batentzat jolasa bera dela esan ohi da gauzarik serioena, nahiz eta helduontzako jolasean dena gezurra den. Horretan eta beste gauza askotan ume bat bezalakoa da, baina 62 urte ditu. Nik ez nuen ezer konprenitzen.

Aspaldi irakurritako liburu bat zabaldu nuen, Javier Echeverriaren Sobre el juego saioa. Han suerte jokoak, estrategia jokoak, erruleta, txinatarren gô famatua, zezenketa, karta jokoa eta beste hainbat aztertzen dira, baina ez nuen Kortaren kasua argituko zidan lerrorik aurkitu. Bere jarrerak, izatekotan ere, lana-jolasa binomioa gainditzeko Fourierek asmatu zuen sistemarekin zuen lotura, baina ezin nuen gizona Fourier irakurtzen irudikatu.

Etsiturik, aktore on bat izan zitekeela erabaki nuen, berea antzezpena izan zitekeela alegia, tarteka bere pertsonaia aterako zuela kameren aurrean paseatzera. Baina hara non joan den igandean zortzi kameren aurrean hasten den negarrez, hain zinez eta benetan non nire azken esplikazioak ere ez didan balio. "Ni irabaztera etorri nintzen eta ez dut asmatu" errepikatzen zuen, malkoak isurtzen zituela. "Irabaztera? Zer irabaztera?" galdetu nion neure buruari eta berriro zerotik abiatzen nintzela ohartu nintzen eta badakit datorren urtean berriro igandetan telebistaren aurrean eseriko naizela.

1.742

Iazko hirugarren hiruhilekoan jaiotako haur kopurua. Eustaten arabera, iazko hirugarren hiruhilekoan 1.742 haur jaio ziren Gipuzkoan, 2010eko epe berean baino %5,8 gutxiago.

AMAIA AZKUEREN HILKETA, EPAITEGIAN

Astelehenean hasi zen, Donostiako auzitegian, Amaia Azkueren ustezko hiltzailearen aurkako epaiketa: hasieran esan zuenaren aurka, epaiketan ukatu egin zuen Azkue hil zuela. Hain justu, gaur urtebete agertu zen hilik Azkue. Urteurrenaren harira, Urola...

100

Aldaketa fiskalarekin bilduko den diru kopuru gehigarria. Urte hasieran zerga sisteman egin dituen aldaketen bidez aurten 100 milioi euro gehiago bilduko dituela espero du Gipuzkoako Foru Aldun- diak.

Zuzeneko arteak, bizirik

Lehengo astean prentsaurreko bat eman zen Donostian, Bilbon eta Gasteizen aldi berean; Euskal Aktoreen Batasunak, Eskenak eta kultur arloko beste hainbat erakundek batasunean eginikoa. Bertara joan nintzen; Euskal Aktoreen Batasuneko afiliatu gisa, a...

450

Donostiako I. Kros Berdean parte hartutakoak. 450 korrikalarik hartu zuten parte I. Kros Berdean, joan den igandean, Donostian. Atletico San Sebastian taldeak eta Kristina Enea fundazioak antolatu zuten lasterketa.

Googlek esango digu zer jakin behar dugun?

Azkenaldian, nahiz eta gauza guztiz berria ez izan, arreta berezia ipintzen ari natzaio Interneteko bilatzaileen emaitzen auziari. Batetik, iradokizunen kontua dugu. Google bilatzaile ezaguneko bilaketa kutxatxoan edozer idazten hasi orduko, hainbat iradokizun topatuko ditugu. Esaterako, aurrekoan, lagu… idazten hasi eta, n hizkira iritsi aurretik, nire bilaketa errazte aldera edo, bilatzaileak lagun izoztua, laguardia airport, laguna beach… iradoki zizkidan. Gauza bera egingo bazenute zuen ordenagailuetan, oso bestelako emaitzekin egingo zenukete topo seguruenik. Bestetik, egin ezazue honako hau: eskatu hainbat laguni termino zehatz bat bilatu eta emaitzen berri eman diezazueten. Akaso inoiz entzun gabe edo jabetu gabe zeundeten, baina batzuei zein besteoi luzatutako emaitzak ez dira berdinak izango; izan ere, bilaketak egitean, 57 faktoreri erreparatzen omen die Googlek; besteak beste, gure bilaketen historialari, gure kokaguneari, erabiltzen ari garen nabigatzaileari, ordenagailuari eta hizkuntzari. Duela hilabete batzuk, gainera, Googlek bere bilatzailearen ezarpenak aldatu eta Google + sare sozialaren emaitzak integratu zituen. Horrela, Googleko kontu batean sartuta gaudela egiten badugu bilaketa, gure zirkuluetan ditugun lagunen informazioa, argazkiak, eta abar lehenetsiko ditu emaitzak proposatzean. Horretaz gain, duela oso gutxi gure nabigazio historiala gordetzeko modua ere aldatu du, zerbitzu guztiak bateratuz.

Google gure pentsamendua irakurtzen saiatzen ari da, eta banakakoon pentsamendua irakurri bitartean, munduaren burmuinak —munduak burmuinik balu— zer pentsatzen duen jakin nahian dabil, denon interesak eta portaerak klasifikatuz. Google, baina, ez da bakarra honetan. Facebook, The New York Times, The Wahington Post… denek ere antzeko filtroak erabiltzen dituzte. Internetek guk jakin nahi omen duguna erakusten digu, bere ustetan betiere; ez, ordea, edo ez derrigor, guk behar duguna. Gero eta zailagoa dirudi erabiltzaile arruntarentzat iragazki horretatik kanpoko ezer topatzea. Eli Pariserrek TED hitzaldi entzutetsu batean esan zuen bezala, erabiltzaileok geure burbuilan sartuta gaude, eta burbuila horretara informazio mugatua iritsiko zaigu, gure gustuen eta lehentasunen araberako informazioa. Horrek gero eta gehiago mugatuko ditu bai gure iturriak bai gure ikuspuntua. Okerrena da ez dugula guk izango azken hitza burbuila horretara helduko dena erabakitzeko orduan, beste batzuen esku egongo da egiteko hori ere. Honek guztiak, ez dago esan beharrik, kezka puntu bat sortzen dit.

Sentimendu kontrajarriak datozkit burura. Alde batetik, pertsonalizazio honek bere alde onak izan ditzake. Nire gustuak eta zaletasunak ezagutzen baditu, errazago topatuko dut nire gustuko jatetxea, edo erosi nahi ditudan prakak, euskara ariketak egiteko nahiago dudan webgunea, ikerketa baterako datuak… Azken finean, horren atzetik ibili gara, ezta? Bestalde, baina, zer gertatzen da seinale horiek gaizki interpretatzen baditu? Eta emaitzak gero eta mugatuagoak jasotzearen ondorioz, gure ikuspuntua —eta, harago joanda, gure pentsatzeko era— mugatzen ari bada?

Informazioaren iragazia ez da ezer berria, Internet aurretik ere komunikabideen iragazkien menpe egon gara, baina gehienok jakinaren gainean egonda. Hori izan liteke alde nagusia: egun, muga horiez kontziente ez izatea. Filtro sistema hauek gardenagoak izatea eskatzeaz gain, konpetentzia digitala lantzeaz gehiago arduratu beharko genukeela iruditzen zait. Google ahaldunak erantzunak ematen dizkigu; guri dagokigu, ordea, gauza hauei guztiei buruzko galderak egitea.

Antton Irizar

Haserrea sentitzen dut oraindik, haserre bizia, sabela ziztatzen duen horietakoa. Gerora baretuko da seguru, eta orduan etorriko dira tristura, hutsunea eta negarra. Baina oraintxe bertan barneko gorrotoak ematen didan indarrarekin, gertatutakoaren er...

Leon eta Kastillo Donostiako metroan

Orain dela gutxi azpiegitura proiektu handien kontra Donostian egin zen manifestaziora elkarrekin joan ziren Leon eta Kastillo. "Elkarrekin? Beharko! Txanpon bereko bi aldeak dira eta!", hartu dit kargu aldamenetik ari zaidan batek. Arrazoi du. Beharbada, elkarrekin joan zirela idatzi beharrean, elkarrekin ondo hartuta joan zirela edo horrelako zerbait idatzi behar nuen; manifestazioan zalantzarik gabe parte hartu zutela, alegia.

Baina Leon eta Kastillo txanpon bereko aldeak direla bezain egia da elkarri bizkar emanda bizi direla eta, ondorioz, eztabaidak sarri baino sarriago izaten dituztela. Donostiako manifestazio hura ez zen salbuespena izan.

Bulebarretik euripean abiatu bezain laster, antolatzaileek banatutako esku orria irakurtzen hasi zen Leon, eta, horrekin batera, arbuiatutako proiektuak zerrendatzen: AHTa, Pasaiako kanpo portua, errauskailua, Donostialdeko metroa…. "Metroa?", harritu plantak egin zituen Kastillok (plantak baino ez, manifestazioetara joan aurretik deialdien xehetasunak irakurri ohi dituen horietakoa baita). "Bai, metroa —berretsi zion Leonek—, zergatik harritzen haiz?". Kastillok ez zuen erantzuteko aukera pasatzen utzi, jakina.

Haren iritziz, metroa proiektu bat baino gehiago etiketa bat da, edo nahi bada, Jaurlaritzak hainbat proiektu zaku berean sartzeko erabiltzen duen etiketa. Proiektu horietatik batzuk interesgarriak ez ezik oinarrizkoak ere izan daitezke garraio publikoa sustatuko bada. Esaterako, zenbait tartetan trenbidea ez bada bikoizten, nekez areagotuko da inoiz zerbitzuen maiztasuna.

"Eta inork ez dik ezer horren kontra —argudiatu zuen Leonek—. Baina proiektu horien guztien izarra eta, azken batean, etiketaren beraren sorburuan dagoena Donostiako pasante delakoa duk. Neurriz gaineko proiektu erraldoia duk, eta garestia, are gehiago krisi garaian".

Kastillok ez zion arrazoi kendu, baina ez zen horregatik ñabardurak egin gabe geratu. Gipuzkoan garraio publikoa sustatzeko balizko proiektu guztiak premiaren, inbertitzeko dagoen diruaren eta, azken batean, eragingarritasunaren arabera zerrendatuko balira, pasantea seguruena azken postuan agertuko litzateke (beharbada azken aurrekoan, AHTa kontuan izanda, baina tontoenak ere badaki horrek ez duela garraio publikoaren sustapenarekin inolako zerikusirik). Beraz, ados: ikuspuntu askotatik begiratuta, metroa proiektu eztabaidagarria da. Baina balizko eztabaida hori ez da inolaz ere AHTaren, Pasaiako portuaren edo errauskailuaren inguruan egin daitezkeenen senide. Ez, behintzat, Kastilloren iritziz.

San Martinetik pasatu eta atzera berriz Bulebarrera iritsi ziren. Kioskoko ekitaldiari adi, Leonek eta Kastillok elkarren arteko eztabaidan behin-behineko etenaldia egitea adostu zuten. Metroaren inguruan egin den propaganda lotsagarria, handikeria, finantzaketa arazoak, lehentasunak… gauza asko geratzen dira pendiente. Ondoren jarraituko zuten, etxeko bidean. Topoan.