Iritzia

‘Dolce far niente’

Bizizale esaten didaten bakoitzean —mindu nahian edo—, poz-pozik jartzen naiz. Neure burua zaintzen ematen dudan denbora piloa hurkoek aitortzen dutela ikusteak buruestimua goxatzen dit. Bainuontzian gomazko ahateekin ibiltzen naizela kontatzea gustatzen zait, egia borobila delako. Baina, batez ere, lanarekin, haurrekin eta betebehar zerrenda amaiezinarekin itota daudenei potrojorran pasatzen dudan ordu piloaz hitz egitea maite dut. Funtsean, deus ez egitea baino egiteko zoriontsuagorik ez dagoela aspalditxo ikasi nuelako. Dolce far niente, slow filosofia, diletantismoa. Zuk jarri izena, haren zale ni.

Eguneko 26 orduak beharrean igarotzen dituzten politikari gogaikarri batzuk oso bestelako pentsaera dute, ordea. Ezker abertzalea astindu eta astindu ari dira, moteltasuna eta erabakiak atzeratzeko joera egotzita. Gorbatadunei bururatzen zaien ia guztiarekin bat ez natorrela kontuan hartuta, salaketa ez zait hain larria ere iruditzen. Zenbait jendek orduan eta lan gutxiago egin, ia hobe. Baina Bildukoak alferrontzi paperean deseroso daudelakoan nago.

Derrigor bukatu behar ziren eta izoztuta dauden lanen zerrenda edonor nekatzeko modukoa da, bai horixe. Portua, kartzela edo erraustegia, lurralde osoari eragiten dietenen artean. Industrialde, bariante eta eraikin-koxkor andana, udaletxeetako plenoetan entzuten denaren arabera. Bitxiagoa suertatzen zaidana, horiek denak burutu eta Bilduko kutxazainari milioikadak xahutzearekin batera defizita ez puztearen beharraz ohartaraztea da. Alfer konpletoa naiz, eta ez dut kalkulagailuari hautsa kentzen hasteko gogorik, baina politikari batzuek xoxekin nik zapatu gauetan baino zuhurtasun gutxiagorekin obratzen dutela begitantzen zait. Zuhurraren poltsan bi zulo, bai. Gordetzeko txanponik dagoenean.

Matraka kolektiboa ikusita, aldundiaren bi urtetako defizita jokatuko nuke norbaitekin, baietz Bilduk belarriak jaitsi eta aipatu proiektuetako asko bere egiten amaitu. Etxean entzuna dut (kaixo, aita, gaur ere!) erraustegia azkenean ezker abertzalearen eskutik Zubietan bertan egingo denaren iragarpena. Pasaiako kanpoko portuarekin ausartzeari zailxeagoa deritzot nik. Ez bizitzak ezusteko handiagorik eman ez digulako, festa hori Raxoiren kontura izango litzatekeelako baizik. Eta hemen estu bagabiltza, Madrilgo altxortegiak National Geographic-en agertzeko moduko armiarma sareak ditu.

Gure jarduna ahal den murritzena izan dadin saiatu ohi garen hezur-haragizko Bartlebyak ez gara gehiegi ere muturtuko Bildukoek birjintasuna galdu eta lehen garabiak jirabiran ipintzen dituztenean. Dolce far niente-aren plazerik handiena leihotik begira egotea baita, mundu guztia presaka lanera doanean.

%3,3

Gipuzkoako enpresen salmenten jaitsiera. Urrian %3,3 jaitsi dira Gipuzkoako enpresen salmentak, iraileko joerari jarraituz. Kanporako salmentak %4 inguru handitu badira ere, ez dira aski izan salmenta orokorren datu txarra iraultzeko. Industriako enpresen salmenten jaitsiera adierazgarria da (%3,1 hirugarren hiruhilekoan), nahiz eta urte hasiera datu onekin hasi zuen: %10,3 handitu ziren lehen hiruhilekoan, eta %5,6 igo zen bigarrengoan.

HAMAZAZPI PUNTU ESKASEKO TARTEAN

Igandean jokatu zen Gpuntua Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren finalaurrekoa, erabaki dira finalistak, eta harrigarrizko berdintasuna izan da, puntuetan behintzat: hamazazpi puntu eskaseko tartearekin sailkatu dira zortzi finalistak. Jexux Mari Irazu, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Unai Agirre, Agin Rezola, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Jon Martinek abenduaren 18an kantatuko dute finalean, Ilunben, eta sumatzen da estu egongo dela lehia.