Iritzia

546

2010ean I+G arlorako erabilitako dirua, milioi eurotan. Eustatek kaleratutako datuen arabera, 2010. urtean 546 milioi euro erabili ziren Gipuzkoan I+G Ikerketa eta Garapenerako; 2009an, 510 milioi erabili ziren; alegia, %7,1 gutxiago.

Kuba, kupelen artean

Euskaldunok leialak, hotzak eta lotsatiak omen gara, edo hala definitzen gaituzte askok behintzat. Sagardotegiko mahai luze batean bakailao tortilla dastatzen ari naizela, alboan neska kubatar bat dagoela konturatu naiz. Hizketarako duen graziak nahitaez erakarri du gure atentzioa, eta eskuetan duen edalontziari erreparatu diodanean, berealdiko barregura sartu zait; hori dun sagardo pila, neska! Gutxi falta zaio baso horri gainezka egiteko, baina berak ikaragarri gustura dirudi, sagardoa eskuen artean epeltzen duen bitartean.

"Txoootx!", kupelerako bidean, nongoa den galdetu diot. Habanatik gertu dagoen Viñales herrikoa omen da; duela hiru urte bertan izan nintzela eta bere herria ezagutu nuela kontatu diodanean, bere begietan orain arte ikusi ez dudan distira bat atzeman dut, herriminaren ziztada. Lagun batzuk bisitatzera etorri da, baina baimena amaitzear dauka, eta bere herrialdera bueltatzeko gutxi geratzen zaiola esan dit, eta ez dakit seguru bere aurpegian poza edota tristura ikusi ote dudan. Gogotsu bueltatuko omen da, baina batzuetan zaila egiten zaio hango bizitza, hau ezagutu ostean.

Ilaran gaude, eta gure txanda iritsi da kupelaren aurrean; berriz ere leporaino bete du basoa, eta zein naiz ni sagardoa gutxi eta maiz hartu behar dela esateko? Berari halaxe gustatzen zaio, eta bejondeiola! Euskaldunak jatorrak eta bihotz onekoak garela esan dit; "hemen ere, munduko bazter guztietan bezala, txotxolo batzuk badira", erantzun diot. Algaraka hasi da; "que grasiosa que tú eres...", eta bi algaratan, basoa hutsik.

"Txooootx!", eta hor goaz bigarren kupelerako bidean kalejiran. Benetan hain hotzak ote gara? Pentsatzen jarrita, askoz errazagoa da berotasun hori, Habanako kale epeletan saltsa doinuen artean azaltzea, kupel erraldoien arteko hezetasun hotzean baino. Izaera kontua ere bada, baina ez da hori bakarrik. Gure txanda iritsi bitartean esan dit hemengo jende askok hura ezagutu gabe miresten duela hango bizimodua; eta, orduan, bertako erregimenaz eta politikaz hitz egitera ausartu gara. Ba ote dakigu zertaz ari garen herrialde komunista bat aldarrikatzen dugunean? Kuban errazionamendu karta bat dute bertako biztanleek, hilero arroz pixka bat, litro bat esne eta arrautza batzuk izateko eskubide ukaezina onartzen zaielarik. Eta kito, hori da dena. Kalean zoazela, bertako herritarrek ezpainetako margoak, belarritakoak, gozokiak, garagardo bat eta antzeko gutiziak eskatzen dizkizute. Niri ez zidan inork dirurik eskatu, beraiek nahi dituzten gauza asko han saltzen ez direlako, turisten eskutik soilik lor ditzaketelako.

Orain, Raul Castroren eskutik egoera aldatzen ari dela dirudi, baina ni bertan izan nintzenean kubatarrek debekatua zuten hondartza batzuetara, hoteletara eta beste hainbat tokitara sartzea, turistei soilik erreserbatutako tokiak zirelako. Imajinatu herri honetako agintariek debekatu egiten digutela Donostia, Zarautz, Orio edo beste edozein herritako hondartzetara sartzea eta Txindoki nahiz Aizkorrira igotzea. Zure herriaz kanpotar guztiek nola gozatzen duten ikustera behartuta zeundeke egunero, eta turista horien limosnarekin kontentu egon behar gainera.

Hori al da gure herriarentzat nahi duguna? Minimoarekin konformatu, eta kanpotik datorrenaren hondarrekin gure gutiziak erdipurdian ase? Zaila da oreka bat mantentzea. Kapitalismo itogarriaren eta komunismo hutsaren artean mila kolore daude, baina badirudi muturreko erradikalean bizitzera kondenatuak gaudela beti.

%3,3

Gipuzkoan nekazaritza errentak iaz izandako jaitsiera. ENBAko presidente Mikel Arteagak sindikatuaren urteko batzarrean jakinarazi duenez, Gipuzkoako nekazaritza errentak %3,3ko jaitsiera izan zuen 2011. urtean.

9

Gipuzkoan haur lapurtuen auzian artxibatutako kasuak. Haur lapurtuen afera dela eta, orotara, Gipuzkoan 121 salaketa jarri dira. Horietatik bederatzi, ordea, artxibatu egin dituzte, delitu zantzurik ez dutelako aurkitu.

Maniak

Ondo ezagutzen nautenek badakite, irakurtzen ikasi nuenetik, parean harrapatutako guztia irakurtzeko ohitura dudala; nire begiek aurrean ikusten duten hitz edo esaldi laburra irakurtzea nire ohitura literarioen parte bilakatu dela. Izan daitezke autoen markak, lantegien eta denden izenak, bizikletenak, erosketako poltsenak… Begiratu batean ikusi eta irakur daitekeen ororen jarraitzaile sutsua bilakatu naiz denboraren poderioz, eta batzuetan, antsietate apur bat sortzen dit ohitura honek. Adibidez, badago Bilbora bidean autobidean zoazenean urrunetik ikus daitekeen lantegi erraldoi bat. Lantegiaren izena ageri den momentutik hasten naiz behin eta berriz hitz berbera irakurtzen, autobusa urrunean desagertzen den arte. Zertarako balio duen horrek? Ezertarako ez! Mania hutsa. Eta etxeko komunean aulkitxo baten gainean pilatzen ditudan aldizkariak? Zenbat titulu memorizatu ote ditut? Gerora ahazten ditudan zenbat esaldi solte?

Azkenaldian, ordea, ikasi dut mania honi probetxua ateratzen, erabat entretenitzeaz gain fantasia eta sormena lantzeko ariketa ezin hobea bihurtu dena.

Gure herriko taberna askotako komunetako ateak, barrualdetik, nire maniarentzako plazer hutsa bilakatu dira. Era guztietako lema eta esaldiekin egin dut topo memoriaren aztarnak jasotzen dituzten ate hauetan. Urteetan egon dira hor beharbada, eta askotan irakurriko nituen, baina azkenaldian zerbait gehiago bihurtu dira, batzuetan inspirazio iturri eta dena! Gutxi gorabehera, esaldi bakoitza atearen zein paretan kokatuta dagoen ikastera iritsi naiz, gogoko ditudanak batez ere. Jolaserako tresna ezin hobea bilakatu dira: hau ez da herrikoa, beste hau euskaraz ikasten ari da, hau aspaldi idatzia dago, beste hau berri-berria da… Garaian garaiko egoeren berri ematen dutenaren zalantza izpirik ez daukat. Orain, adibidez, ez litzateke arraroa izango krisi ekonomikoari erreferentzia egiten dion esaldiren bat topatzea. Baina, dudarik gabe, ordu txikietako kontuen salatariak dira batez ere ate hauek. Ikus daiteke, argi eta garbi, zein herritako parrandazaleak izan diren gurean, ze futbol talderen garaipenekin gozatzen duten, zein den herriko gizasemerik preziatuena batzuen ustetan, ze hiru lagun izango diren odoleko adiskide hil arte, begien aurrean ikusi ezin duenaren izena, bera gabe bizi ezin duenaren erreferentzia… Beti maitemintzen naiz nitaz maitemintzen ez den hartaz. Hau irakurtzen dudan bakoitzean Camilo Sesto datorkit burura. Idatziaren jabeak seguru ez duela sekula Camiloren abesti ezaguna entzun, baina litekeena da bera txikia zela gurasoekin hondartzara joaten zen bakoitzean autoan behin eta berriz abesti bera entzun izana eta niri begietatik bezala berari belarritik sartzea!

Garenaren "zera hori" idazteko beharraren lekuko isilak bilakatu dira gure herrietako komunetako ateak. Nirea mania, denak irakurtzeko ohitura dudalako, baina gauean festara ezabatzea ia ezinezkoa den errotuladorea poltsan edo poltsikoan hartuta ateratzea zer da? Mania guztiak bezalaxe, beharra.

Kristoren zorra

Inbidia Viagra balitz, ETBko umore programek egotzi izan diguten gatazka sexuala aspaldi gainditua genuke. Money makes the world go round dio abesti ezagunak, dirua omen da mundua jiran darabilena. Baina, xoxak baino gehiago, bekaizkeria daukat nik egunero ohetik goizeko ordu txikietan jaikitzera bultzatzen gaituen erregaitzat. Inbidiarik gabe, oreinak lantzaz ehizatzen geundeke oraindik basoetan. Eta dirua bakarrik ez, depresioa ere asmatzeke legoke oraindik.

Lehengo batean okulistara bidean Amarako estaziora trenez iristen ari ginela, alboan eserita neukan bikotea marmar batean altxa zen aulkitik, Lasarte aldera abiatzera zihoazen bagoi berri-berriak ikusita. Urola Kostatik datozenak zaharkin onartezinak omen, eta lotsagarritzat jo zuten Euskotrenen utzikeria. Bi minutu geroago, atarian laga nuen bikotea, Donostiako Metroari buruz paratutako erakusketari begira. Zanpateko galanta jasoko zuten, seguru, aldundiko aurrekontuetan hura gauzatzeko tarterik batere ez dagoela entzundakoan. Bilbokoak adina izateko dirurik ez, beraz.

Eta Gipuzkoa plazan bakarrik ez, inguruko udaletxeetan ere estu antzera omen dabiltza, sortutako zulotzarrak ezin estaliz. Excelen 1.500 bat milioi gorriz margotuta omen dituen aldundiari berandu baino lehen txanpon mordoxka bueltatu behar, eta alkateak zeharo larritu dira. Zorrak kitatzeko modu xelebrea bururatu zaie: zorrik ez kitatzea. Aurten galdutakoak hiruzpalau urtean ordaintzeko plan bat gura omen dute, gainean dugun ekaitza baretuko delakoan (inuzenteak!). Formula balekoa den argitzeko boluntario aurkeztu naiz: asteburu honetan bertan Fernandori —Itxaskiko zerbitzari den errugbi jokalari itxurako argentinar erraldoiari— Gin-Tonica eskatu eta 2015ean ordainduko diodala esango diot, ea zer iruditzen zaion.

Herriko kiroldegian —eskualdeko inbidia izan dadin— hammam bat edo luxuzko hidroterapia gune bat izateko udaletxe bat zorpetzea eskandaluzkoa ote den, ez dakit. Horretarako udal langileen soldatak izoztu behar badira, baiezkoan nago. Hala eta guztiz ere, anabasa honek daukaguna bakarrik erabiltzeko ikasgaia barneratzen lagunduko baligu, gaitz erdi. Gaurko apetak asetzeko etorkizunetik sekula existituko ez den dirua ekartzea ez baitzaigu hain borobil ere suertatu.

Norbaitek autotzarra eta etxe ezin garestiagoa ordaintzeko kreditu bat lortu duela esaten digunean, zoriondu egiten dugu. Zorretan dabilela badio, ordea, tragoxka ordaindu eta kontsolamendua ematen saiatzen gara. Eta ekonomia zientzia zinez bitxia da, baina egin kasu niri. Kreditu bat eskatu eta zoriontzen bazaituzte, ez dena sinetsi, zorretan eta zeharo izorratuta egongo zara eta.

GAZTEEN AURKAKO ZIGORRA SALATZEKO

Espainiako Auzitegi Nazionalak Segikoak izatea egotzita Oiartzualdeko sei gazteri seina urteko espetxe zigorra jarri diela salatzeko, manifestazio bat egin zuten Errenterian igandean, Euskal gazteria libre ta legala. Gazte 1+ ez! lelopean, Eleak mugim...

%1

2011n Gipuzkoan izandako bidaiarien igoera. Iaz 2010ean baino %1 bisitari gehiago ailegatu ziren Gipuzkoara, Eustaten datuen arabera. Bisitariek igarotako gauei dagokienez, berriz, %2koa izan zen igoera.

29,2

DBus konpainiak iaz izandako bidaiari kopurua, milioitan. Donostiako Dbus autobus konpainiak 29,2 milioi erabiltzaile izan zituen iaz, eta marka historiko berria ezarri du. Hala, 2010ean baino 200.000 erabiltzaile gehiago izan zituen 2011n. Erabiltzaile kopuruak zazpigarren urtez jarraian egin du gora.

%24

Getariako Txakolina sor-markaren ekoizpenaren igoera. Getariko Txakolina sor-markaren ekoizpena %24 igo da iazkoarekin alderatuta. Alegia, aurten, 2,9 milioi botila merkaturatuko dituzte. Asteartean egin zuten 2011ko ekoizpenaren aurkezpena, urtero legez, San Anton egunez, eta Getarian.