Sailkatugabeak

Bilduk eta EAJk 2012ko aurrekontuak adostu dituzte

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012ko aurrekontuak aurrera atera ahal izango ditu, Bilduk eta EAJk lortu duten akordioari esker. Iragan igande arratsaldean lortu zuten akordioa bi aldeek, eta, EAJren taldeko eledun Markel Olanok jakinarazi duenez, akordioa...

Udal kaltetuek gizartera atera nahi dute autobide elektrikoaren eztabaida

Autobide elektrikoaren eztabaida instituzioetatik kalera atera nahi dute udalek. Horretarako, bihar, 400 hautetsi inguru elkartuko dira Iruñean: orain arte egin dutena azaltzeko, eta fase baten amaiera irudikatzeko. Goi tentsioko linea berriaren aurkako ibilbide horretan, lekukoa herritarrei eta eragileei pasatu nahi diete.

120 kilometroko azpiegitura erraldoi horrek Gipuzkoako 48 herriri eragiten die, eta Nafarroako 100 ingururi. Udal kaltetuek proiektuaren aurkako mozioak onartzen jarraitzen dute, eta jadanik, ehundik gora agertu dira autobide elektrikoaren aurka.

2011ko abuztuaren hasieran, Gipuzkoako herri kaltetuek, Espainiako Ingurumen Ministerioaren eskutitza jaso zuten. REE Red Electrica de España SAk, Deikaztelu (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso artean, goi tentsioko 120 kilometroko linea eraiki nahi zuela azaltzen zen bertan. Dokumentuen artean, 400 kilowatteko linearen hasierako proiektua aurkitzen zen: Ingurumenaren Gaineko Inpaktuaren Ebaluazioa. Udalek 30 egun zituzten iradokizunak sartzeko. Abuztua izaki, eta oporrak tarteko, udal kaltetuek luzapena eskatu zuten, eta ministerioak 15 eguneko luzapena eman zien.

Irailaren 15ean, Deikazteluko Udalak eta Lurra taldeak sinatzen zuen eskutitza iritsi zitzaien udal kaltetuei: irailaren 17an, Berriozarren, herri kaltetuek egingo zuten bilerarako gonbidapena zen. Bertan, ondorengo gaiak aztertu zituzten: iradokizun bateratu bat aurkezteko aukera; mozio kanpaina abian jartzea; proiektuaren ezaugarrien inguruko publikazioak egitea, eta oposizio lanean jarraitzeko beharra.

Nafarroako hainbat udalerrik, dagoeneko ospatua zuten euren arteko lehen bilera bat; izan ere, lehendik ezaguna zuten autobide elektrikoaren gaia. 2010ean, REE enpresa, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa batzen zituen goi tentsioko linea eraikitzeko asmotan ibili zen. Arabako udalek, Arabako Foru Aldundiak eta herritarrek aurkako jarrera erakutsi zutenez, REEk proiektua atzera bota zuen.

Bigarren saioa, ordea, aurrekoaren antzekoa da: ibilbidea bakarrik aldatzen da. REEtik udaletara bidali zuten informazioaren arabera, linearen ibilbiderako 69 alternatiba daude. Ziurra zera da: autobide elektrikoa Gipuzkoara Leitzatik etorriko litzatekeela. Tolosaldea zeharkatu ondoren, Goierriko herrietatik barrena iritsiko litzateke Ezkio- Itsasoraino.

REEren arabera, 120 kilometroko ibilbidean, 40 metrotik gorako dorreak eraikiko dituzte, elkarrengandik 400-500 metrora. Horrez gain, goi tentsioko linea berria egin ahal izateko, errepide berriak eraiki beharko lirateke.

Kezka nagusi udaletan

Gipuzkoako udal gehienek azpiegituraren aurkako mozioa onartu dute, eta Baliarrain ez da atzera gelditu. Tolosaldeko herri honetan goi tentsioko linea herri gunetik 280 metrora igaroko litzateke. Martzelino Dorronsoro alkatea harriturik dago: "Ez dugu sinesten eta ez dugu sinetsiko ere; egun, horrelako proiektu bat egitea izugarrizko astakeria da".

Zerainen bi aukera aurkeztu zizkien: herri gunetik 500 metro baino gutxiagora, industrialderako duten eremuaren gainetik pasatzea, edo herriaren atzeko partetik, izendapen berezia duten meategien ondotik. Jose Manuel Oria alkateak ez ditu gustuko bi aukerak: "Gutxienez legediak dioena bete beharko lukete; herri gunetik 500 metrora egotea, eta izendapen berezia duten eremuak zapalduak ez izatea. Gure herriari dagokionez, baldintza horiek ez dira betetzen".

Mutiloan ere bi aukera dituzte, herri gunetik 125 metrora edo garai bateko meategietatik barrena. Aurrekoetan bezala, hemen ere udalak proiektuaren aurkako mozioa onartu du. Iñaki Ugalde alkatea kezkatuta dago, eta informazio handirik ez dutela jaso salatu du: "Herritarrak galdezka etortzen direnean, bi aukera horiek daudela esaten diegu, baina nondik pasako den zehatz-mehatz ez dakigula".

Gipuzkoako Foru Aldundia ere gertutik ari da jarraitzen gaia; REEk aurkeztu zuen aurre proiektuaren inguruan txosten bat egin zuten, ondoren ministeriora bidaltzeko. Behin proiektua zehazten dutenean, jarrerak finkatzeko garaia izango dela dio Ainhoa Iraola Foru Aldundiko Ingurumen Saileko zuzendariak. Hala eta guztiz ere, ministeriora bidalitako txostenean nahiko argi gelditzen da Ingurumen Sailaren jarrera: "Txosten horretan gauza oso garrantzitsu bat azpimarratu genuen, proiektuak ez duela zero alternatiba aurreikusten. Hori, azpiegitura berrien ez beharra da; lehendik daudenak egokitu edo berritu daitezkeen aztertzea".

Bide zaharrak berritzearen aldekoa ez da Antonio Gonzalez, REEk EAE, Nafarroa eta Kantabriarako duen ordezkaria. Argi utzi nahi izan du, eurek "Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren eskariari" erantzun besterik ez dutela egiten. Antonio Gonzalezek azpiegitura zergatik aurkeztu duten argi du: "Nafarroako parke eolikoetatik lortzen den energia garraiatzeko, abiadura handiko trenaren iritsiera bestela ezinezkoa litzatekeelako, eta Lizarraldeak nahiz Gipuzkoak duten energia defizita konpontzeko".

Belaunaldiz belaunaldi, odolean musika nagusi

Ezkontzea eta jendaurrean abesteari uztea, biak bat izan ziren Unai Hirukoa musika taldeko Arantxa Frantzesenarentzat (Azpeitia, 1947): "Horren pena dut; agian ez genuen ezer gehiago egingo, baina orduan emakume batek ez zuen halakoetan jarraitzea pen...

BI EGUN, BI LEKU, ABESLARI BERA

Aretxabaletako Loramendi elkartearen 25. urteurreneko ospakizunen harira, kontzertua emango du gaur Anarik, 22:30ean, herriko udaletxe zaharrean. Bakarrik egiten ari den kontzertuen artean beste bat izango da gaur emango duena. Bestalde, bihar, 21:00e...

Aldundiak Foru Funtsa %1 igo nahi du 2013rako

Gipuzkoako Foru Aldundiak biltzen duen diru kopuruaren %57 Foru Funtsera bideratu du orain arte, Gipuzkoako udalerrien artean banatuz. Udalek egoera ekonomiko "larria" bizi dutela iritzita, kopuru hori igotzeko asmoa adierazi zuen Martin Garitano ahal...

Uholdeen eraginez, udalen gastuek gora egin dute

Bestela ere nahiko zaila bazen udal askorentzat 2011ko gastuei aurre egitea, duela hilabete gertatutako uholdeen ondorioz, askorentzat ezinezkoa izango da. Ibaiek Gipuzkoako hainbat lekutan egin zuten gainezka, eta kalte material handiak eragin zituen...

Jana, edana eta festa

San Tomas egunaDonostiaUrtero legez, txistor usaina nagusituko da datorren asteazkenean, San Tomas egunez, Donostiako kale eta auzo gehienetan. Izan ere, XIX. mendearen erdialdean jatorria duen ohiturak indar handiz eusten dio Gipuzkoako hiriburuan. G...

Hamar milioi eurotik gora zor duten udalak.

Gipuzkoako zazpi udalerrik hamar milioi eurotik gorako zorra dute: Azkoitiak, Bergarak, Tolosak, Zarautzek, Errenteriak, Irunek eta Donostiak. Diru sarrerekin alderatuta, zorpetuen daudenak Azkoitia, Zarautz eta Donostia dira.

Urtea zorpetuta amaituko dute lau udaletatik hiruk

Berriak dira Gipuzkoako udal gobernu gehienak; ekainetik dihardute euren karguetan, eta ez dute urterik samurrena aukeratu lanean hasteko. Aurrekontu askotan topatutako "zuloaz" mintzatu izan dira hainbat udal gobernu, eta, aurreikuspenen arabera, zorrarekin amaituko dute urtea Gipuzkoako herrien %73k.

Udalek bi diru iturri nagusi dituzte: alde batetik, zergak eta tasak, eta bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Udalen Foru Funtsetik urtero ematen dien diru partida. Krisiarekin, zerga bidez bildutakoa ez da hazi, eta Foru Funtsetik jasotakoa ere aurreikuspen baikorregietan oinarrituta kalkulatu zuten; orain, udalek 44 milioi euro itzuli behar dizkiote Foru Ogasunari.

Guzti horrekin ari dira udalak datorren urteko aurrekontuak diseinatzen; askok urtea defizitarekin amaituko dute, eta 2012an gastuak nondik murriztu asmatu ezinik dabiltza. Gipuzkoako 88 udalen erdiek milioi bat eurotik gorako zorrarekin amaituko dute urtea; zazpik, hamar milioitik gorakoarekin.

Zarautzek, esaterako, 23 milioi euroko zorrarekin amaitu zuen 2010. urtea. Aurtengorako, zorra 21 milioitara jaisteko asmoa zeukan hango udalak, baina ziurrenik iazkoaren pare geldituko dela azaldu du Iñaki Eizagirrek, Zarauzko Udaleko Hirigintza, Ogasun eta Finantza zinegotziak: "Beste herrietan ez dakit; Zarautzen kasuan, aurrekontuak ez dira beteko. Sarrerak puztu egin zituzten, eta gastuak betetzen ari dira". Onenean ere, zorra "pixka bat" jaitsiko dela argitu du, aurreko udal gobernuak abiatutako proiektu batzuk bertan behera gelditu direlako.

Zarauzko Udalak zazpi kreditu ditu ordaintzeko, bost finantza erakundetan. Horietatik lau, 2018rako amortizatu behar ditu; beste hirurak, 2022rako, 2024rako eta 2025erako. Zarauzko Udalak egindako kalkuluen arabera, urtero-urtero bi milioi euro eta erdi bideratu beharko lirateke zor hori dagokion epean ordaintzeko: "Derrigortuta gaude, hemendik hamar urtera arte, urtero-urtero gure sarreren %10 bankuei ordaintzera".

Aurreko udal gobernuaren kudeaketa txarrari egotzi dio errua Eizagirrek. Izan ere, 2008an 11 milioi euroko kreditu bat hartu zuen Zarauzko Udalak: "Segun eta nori galdetzen diozun, esango dizu diru horrekin udaletxeko eraikin berria, azoka eta Eguneko Zentroa egin zirela". Zinegotziak azaldu duenez, ordea, proiektu horietarako sei milioi euro baino ez zituzten erabili, eta gainontzekoa "aurreproiekturik ere ez daukan" egitasmo batera eta "inork nahi ez dituen lurrak erostera" bideratu zuten. "Udal langileen soldatak ere ia milioi batekoak ziren; orain 400.000 euro ingurukoak dira. Liberazioak finkatu genituenean %42 jaitsi genituen", esan du Eizagirrek.

Epe luzerako hipoteka dauka Zarauzko Udalak, eta urtez urte ordaintzen joan nahi badu, lehenbailehen hasi beharko du neurriak hartzen. Nondik aurreztu asmatzea, ordea, ez da batere erraza. Eizagirrek azaldu duenez, zorrotzago aztertuko dituzte udaleko zerbitzuak, eta horien berrantolaketa egingo dute: "Funtzio bat betetzeko oinarrizko lanerako bideratuko da dirua, baina ez hortik kanpo dagoen inolako zerbitzurik betetzeko. Gauzak egingo dira, funtzionatzen jarraituko dute, baina gehiegikeriarik gabe".

Kudeaketa eraginkorragoa

Zarautz herri zorpetuenetako bat da, baina ez bakarra. Proportzioan, okerrago dago Azkoitia; hamar milioi eurotik gorakoa da herri horrek daukan zorra, bost kreditu baititu ordaintzeko. Urrategi Alberdi Azkoitiako Udaleko Ogasun Batzordeko arduraduna da; hark azaldu duenez, urtero-urtero milioi bat eta erdi euro erabili beharko ditu udalak zor hori amortizatzeko. Azkoitiarentzat gastu handia da hori: aurrekontuaren %20, hain justu.

Horrek datorren urteko kontuak zorroztera behartu du udala. Alberdiren hitzetan, ez dituzte gizarte zerbitzuak eta integraziokoak ukituko, baina gainontzean, ahal duten lekutik aurrezten saiatuko dira, besteak beste, kale garbiketan egindako azpikontratazioetan eta zabor bilketan.

Alberdik esan duenez, udal politika errotik aldatu nahi dute Azkoitian: "Ahal izan dugunaren gainetik ibili gara orain arte. Eraikuntza handiak, espekulazioak… horiek alde batera utzi behar ditugu, horrek eraman baikaitu egoera honetara. Auzolana, kontsumo arduratsua eta bidezko merkataritza bezalako asmo xumeagoekin lan egiten saiatuko gara".

Tolosarentzat ere "oso urte txarra" izango da datorrena, Lore Agirre alkateordearen hitzetan: udalak eta haren sozietateek ia hamazazpi milioi euroko zorra dute bankuekin, eta beste zortzi milioikoa duela 22 urte desjabetutako lur batzuen jabearekin. Hortik hiru milioi 2012an ordaindu beharko dituzte: "Horrek izugarrizko desoreka sortu digu aurrekontuetan". Maileguak "karga handia" izango diren arren, gastuak aurtengoaren pare mantentzen saiatuko da udala: "Gastu soziala mantendu egin behar da. Proposatzen duguna da udalaren kudeaketa efizienteago bat, udalaren barneko baliabideekin".

Auzolana, irtenbide gisa

Aurrekontuetako gorabeherak herri txikietan nabaritzen dira gehien. Errezilgo zorra, esaterako, bere tamainako herrien ohiko mugen barruan zegoen duela bost urte, %6 inguru. Aurreikuspenen arabera, %13,6an amaituko du aurtengo urtea; 830.000 euroko zorrarekin, hain justu.

Koldo Arzallus Errezilgo Udaleko Ogasun eta Finantza Batzordeko kideak azaldu duenez, aurreko agintaldian egindako hainbat inbertsiok ekarri dute egoera hori: "Inbertsio txikiak dira, baina izugarrizko arazoak sortu dituzte aurrekontuak koadratzerako garaian". 2012ra begira, badakite sarrerek ez dutela gora egingo. Dirua aurrezteko, bukatzera doan lan hitzarmen bat ez berritzeko aukera ari dira aztertzen. Azpikontratatutako zerbitzuetatik ere aurreztu dezaketela uste du Arzallusek: "Orain azpikontratatutako enpresek egiten dituzten lan batzuk auzolanean planteatu nahi ditugu".

Gipuzkoako 88 udalen artetik, hamalauk batere zorrik gabe amaituko dute urtea. 2.000 biztanletik beherako herriak dira horietako 11; beste hirurak Orio, Zumaia eta Hondarribia dira. Iñaki Arrizabalaga Zumaiako alkateak azaldu duenez, 2009tik gelditutako soberakin bat erabili zuten iaz inbertsioak egiteko: "Gaur egun ez daukagu zorrik, baina geldikin asko ere ez dago".

Gainera, udalarena den Zumaia Lantzen S.A. enpresak lau milioi euroko mailegua eskatu behar izan du, eta guzti horrek udalaren jarduna mugatuko du: "Inbertsio handienak iaz egin genituen, beraz, derrigortuta ez gauden guztia bertan behera laga dugu".

Kopuru absolututan, Donostiak du zor handiena: 204 milioi eurotik gora. Horietatik 116 udalarenak berarenak dira; gainontzekoa udalaren enpresa, fundazio eta patronatuena. Proportzioan, ordea, kopuru "baxua" da, Javi Vitoria Ogasun delegatuaren hitzetan; diru-sarreren %6 baino gutxiago da zorra.

"Indize hori ona da", eta gobernu batzordearen asmoa hori mantentzea da: "Zorrarekin, inbertsioak egin ditzakegu, eta momentu honetan egin behar dira, gastatu behar da. Krisian gaude, baina horrek ez du esan nahi dena murriztu behar denik".

Foru Funtsaren auzia

Udalen diru iturri nagusi bat aldunditik iristen zaien Foru Funtsa da. Diputazioak, bere bilketa aurreikuspenen arabera, diru kopuru bat bideratzen du udal bakoitzera, haren ezaugarriak kontuan hartuta. Herri batzuentzat finantzazio iturri garrantzitsua da hori; Zarautzen kasuan, esaterako, sarreren %40 inguru hortik datoz.

Sistema horrek daukan arazoa da banaketa prospekzioen arabera egiten dela, eta likidazioa, bilketa errealaren arabera. Aurten, espero baino diru gutxiago bildu du Foru Ogasunak, eta beraz, udalek dirua itzuli beharko diote; guztira, 44 milioi euro. Urte luzez, udalek etekin handia atera izan diote arrisku partekatuko sistema horri, baina krisi garaietarako ez du balio, Vitoriak azaldu duenez: "Zu gastatzen hasten zara sarreren espektatibaren arabera, eta azkenean esaten dizute: 'Esan genizuen 111 milioi izango zirela, baina azkenean 102 milioi izango dira. Urrian esaten dizute hori, eta berehala hasi behar duzu murrizketak egiten; bestela, zama bat da datorren urterako".