Leire Narbaiza
Orain pare bat urte izango zen. Automobilean nindoan, eta atzean iloba biak neramatzan, orduan bost eta zazpi urte inguru zituzten. Jolasean zihoazen euren aulkitxoetan jarrita, gaztelania makarroniko batean, baina gaztelania hutsean. Asaldatu egin nintzen. Oso nekatuta egoteak ere lagunduko zidan; izan ere, egun osoan kanpoan bueltaka ibilita, leher eginda gentozen. Aztoramen horren erdian, errieta egiten hasi nintzaien: ea zertan zebiltzan, nolatan egiten zuten erdaraz, ea ez zekiten zenbat jendek egin zuen borrokan eurek euskaraz egiteko eskubidea izan zezaten, askok ez zutela izan euskaraz egiteko aukerarik... Hau dena zeharo suminduta, gidatzen nuen bitartean. Ume koitaduak isilik, izeko zoroa egokitu zitzaiela pentsatzen, ziurrenik. Jaitsi nuen tonua eta goxoago azaldu nizkien kontu batzuk, zergatik haserretzen ninduen hainbeste eurei erdaraz entzuteak, esate baterako. Orduan, zaharrenak jaurti zidan: "Leire, baina jendeak badaki hori? Irratian kontatu beharko zenuke! —orduan kolaborazio bat egiten nuen jakitun zegoen eta—.