Nola eta zer, informazioa eta erabakia

Maite Alustiza

Herritarrek nola har dezakete parte herriko bizitzan? Eta udalaren bizitzan? Nolako informazioa izan behar dute eskuragai? Denaren inguruan erabaki dezakete? Galdera horiei erantzuteko hasi zuen Aretxabaletako Udalak parte-hartze ordenantza definitzeko prozesua, uztailean, eta azken fasera iritsi dira: behin-behineko zirriborroa egina daukate. Udal ordezkari eta langileek, elkarteetako kideek eta herritarrek jardun dute prozesuan, Aztiker ikerguneak gidatuta. Aretxabaletak bezala, aurretik hainbat herrik egin dute araudia osatzeko bidea, eragile eta herritarrekin: Azpeitiak, Astigarragak, Legorretak, Orexak, Villabonak... Araudi propiorik izan gabe ere, udaletako parte-hartze departamentuen bidez, askotariko galdeketak bultzatu dira azken urteetan: azpiegiturez, hondakinen kudeaketaz, aurrekontuez...

Aste honetan bertan, Donostian, Arrokako frontoiaren (Amara) inguruko prozesua abiatu du udaleko Herri Partaidetzako Departamentuak. Auzotarrek bi proposamenen artean aukeratu beharko dute: frontoia mantendu ala bota. Lehen fasean, bi aukerei buruzko informazioa banatu diete buzoietan, eta, bozkatu ahal izateko, gutun pertsonalizatu bat jasoko dute —barra kode bat eramango du, auzotar bakoitza identifikatzeko—. Martxoaren 8tik 19ra arte bidali ahal izango dute beren aukera, posta bidez. Botoen zenbaketa, berriz, hilaren 21ean egingo dute, udaletxean.

Duñike Agirrezabalaga Partaidetza zinegotziak zehaztu duenez, horren ondoren "lan kolektibo eta sortzaile bat" egingo dute auzoan, aukeratutako proiektua zehazte aldera: "Auzotarrek azken diseinua zehaztuko dute, aukera irabazlea zein den gorabehera". 16 urtetik gorako 2.558 auzotarrek parte hartu ahal izango dute.

Parte-hartze prozesuaren inguruan hainbat desadostasun agertu ditu Amara Bai auzo elkarteak. Udalak hiru bilera planteatu ditu: bat auzoko elkarteekin hitz egiteko, beste bat Amara Bai elkarteak bere proposamena azaltzeko —frontoia mantendu eta egokitzea nahi dute—, eta azken bilera, Hirigintza Sailaren planteamenduaren berri emateko —pilotalekua bota eta plaza bat egitea—. Elkartearen arabera, bilera bakarra egitea litzateke egokiena, bi proposamenak batera aurkeztu eta ondoren herritarrekin eztabaidatzeko. Horrez gain, posta bidez egin ordez hautetsontzi batean eta modu presentzialean egitea aproposagoa dela iritzi diote.

Getarian, umeei eman berri diete hitza. Zehazki, Potzuaga eremuan zein parke nahi duten aukeratu zuten astelehenean 2 eta 12 urte bitarteko haurrek. Udalak antolatutako lehiaketa publikora bi proiektu aurkeztu ziren, eta bien artean, Garra enpresarena lehenetsi dute umeek, 171 botorekin —Jolas enpresarenak 19 boto jaso ditu—. Prozesuan, ikasleek 3D irudien bidez irudikatu ahal izan dituzte bi proiektuak, gustukoena aukeratzeko. "Erabakia haurrena izatea adostu dugu, horrela umeen artean parte hartzea bezalako balioak sustatzen ditugulako", azaldu zuen Ibon Gereka Parte Hartze Saileko zinegotziak prozesuaren aurkezpenean. Parkea berritzeko proposamena bera ere herritarren aldetik iritsi zitzaien, eta 2016ko aurrekontuetan parkea berritzeko diru sail bat gorde zuen udalak.

Azpeitian ere, Karmelo Etxegarai ikastolako Haur Hezkuntzako eraikinaren jolastokia berrituko dute, eta parte hartzea izan da proiektuko faseetako bat: gurasoei galdetegi bat bidali diete seme-alabentzat zer-nolako jolastokia gustatuko litzaieken zehazteko. Herenegun aurkeztu zuten proiektua udalak eta ikastetxeak elkarlanean, eta lanak pare bat hilabeteren buruan hastea aurreikusten dutela iragarri zuten. Aurrekontuetan ikastetxeetako jolastokiak eraldatzeko diru sail bat gordeta dauka udalak; hortaz, Karmelo Etxegarairen ondoren, beste ikastetxeetan hasiko dute prozesuan.

Aurretik, beste herri batzuetako prozesuetan ere parte hartu izan dute haurrek, beste zenbait talderekin batera: Villabonan, Larrea parkea estaltzearen inguruan; Legazpin, Latxartegiko parke berriaren aukeraketan; Zestoan, parke berriaren izenean...

2017ko aurrekontuetan

Iaz herri askotan egin zuten bezala, aurtengo aurrekontuen ere zati bat herritarren esku utzi dute udal batzuek. Urnietan, adibidez, bukatu berri dute 100.000 euro zertan gastatu erabakitzeko prozesua. Herritarrek beraien auzo eta kaleetan hobetzeko, konpontzeko edo egiteko ikusten dituzten gauzak proposatu dituzte; orain, udaleko teknikariek iradokizun guztiak aztertuko dituzte teknikoki eta ekonomikoki, eta lehenetsi egingo dituzte. 2017ko aurrekontuak osatzen parte hartu dute Hernanin, Legazpin, Tolosan, Urretxun, Zaldibian, Zarautzen...

Bazen behin banda bat

Bazen behin banda bat

Miriam Luki

Legazpiko Musika Banda 1867. urtean osatu zuten lehenengoz. Aurtengoa, tartean izandako etenen gorabeheran, bandaren 150. urteurrena da. Hastapenetako banda hark jai nagusietan zein berezietan jotzen zuen, eta kontzertu bakoitzeko pitxer bat ardo eta lau librako ogi bat ematen zieten ordainsari gisa. Hiru urtez aritu ziren, baina beste karlista gerra baten eztandaren beldurrak jota, taldea desegin zuten, eta musikari batek baino gehiagok Amerikara emigratu zuen. Bigarren saiakera bat egon zen 1907an, baina kale egin zuen. 1931n beste ahalegin bat egin zuten, eta hark arrakasta izan zuen.

Ahoz Aho: hitzaldiak

Honako hauek dira Ahoz Aho jaialdian Ordizian eta Tolosan egongo diren hitzaldiak:TolosaMartxoaren 3an. Numancia Rojas. Amarotz auzoko etxean, 22:00etan.Martxoaren 9an. Nono Granero. Alondegia tabernan, 22:30ean.Martxoaren 10ean. Carlos Perez Aradros....

Kalabazak ematea, sinbolikoki

Kalabazak ematea, sinbolikoki

Maite Alustiza

Azken urteen antzera, Sar dadila kalabazan! leloa eta kuia koloretsu baten irudia daramatza Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiak. Aurten, ordea, hamargarren aldia du, eta, lehenengoz, Urrezko Kalabaza sariak emango dituzte, urteotan jaialdiarekin zerikusia izan duten lagunak omentzeko. Sari "sinboliko" horietatik harago, dena den, ekintza sorta zabala prestatu dute, "ohikoa baino zabalagoa". Martxoaren 2tik —datorren osteguna— hilaren 25era arte, 30 ekitaldi izango dira: gehienak Tolosan eta Ordizian, eta hitzaldi bana Donostian, Albizturren eta Irunen. Hitzaldiekin batera, bi ikastaro, bi gala eta narrazio lehiaketa bat prestatu dituzte.

Kandelak, azak eta aurrera doan herria

Leire Narbaiza

Deba, Ispaster, Lemoiz, Tutera. Mantra bat bezala errepikatzen ziren udalerri hauen izenak txikia nintzenean. Espantu keinu batez, zentral nuklear proiektu banari lotuta zihoazelako. Lemoiz baino eraiki ez bazen ere, izen zerrenda bihurtu zen laukotea, eta eguzki antinuklearrez bete zitzaizkigun bazterrak. Hogeita hamahiru urte pasatu dira bertan behera laga zituztenetik—Lemoiz eta beste proiektuok—; hala ere, entzundakoak ez zaizkigu ahaztu. Hiru hamarkada igaro dira, eta kandelen argia ez dugu behar izan, ez bada meditaziorako edo Arraten Ama Birjinari azterketak gainditzeko eskatzeko. Gure menuak ere aberastu dira atzerriko makina bat jakirekin, iragartzen ziguten aza-jan hutsa ezerezean geratuta!

[Museora] Balentziaga museoa. Jantziek janzten dute

[Museora] Balentziaga museoa. Jantziek janzten dute

Eider Goenaga Lizaso

Jantziek jantzi ohi dute Cristobal Balentziaga museoa, goi mailako joskintzako jantziek gehienetan; baina, maiatzaren 7ra bitartean, Ikatza eta Belusa. Ortiz Echagüeren eta Balentziagaren begiradak herri-jantziari behin-behineko erakusketa dago ikusgai Getariako museoan, eta, jantziak ez ezik, argazkiak ere protagonista dira bertan. Izan ere, Jose Ortiz Echagüe argazkilari eta ingeniari espainiarraren argazkiak eta Getariako jostunaren obrak "elkarrizketan" jarri dituzte erakusketa atontzeko.

“Gure etxetik hasi eta Herniora doan bidea dut gustuko”

J. Miranda

Antzolan sortu zen Koldo Jauregi (Larraul, 1956), eta 18 urte bete arte baserrian lagundu zuen. Gerora ofizio asko izan ditu: baserritar, igeltsero, dendari, mekanikari, eta hiru pelikulatan ere hartu izan du parte. Geldirik ezin egon, eta herriko Dina-7 elkartean dabil.

Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?

Garai haiek nahikoa zailak ziren, eta lana bakarrik egiten genuen. 7 urterekin eskolan hasi, 12rekin utzi, eta erditan joan ez. Baserrian lan egin behar zela-eta ez zen gaur egungo modernitaterik. Gu ez ginen ez Donostiara ez inora joaten. Ez genuen ez baloirik ez ezer; gure jolasa txori habiak bilatzea zen.

Larraul nolakoa zen orduan?

Hemen, garai hartan 30 baserri zeuden —bi erorita—, eta denak baserritik bizi ginen. Aldaketa handia izan da.

Garai bateko bizimodua, ofizioak, ohiturak eta tresneria jasotzeko afizioa izan duzu.

Neronek ere ez dakit esaten nondik datorkidan. Mendian ibiltzea eta baserriko giroa gustukoa izan dut, eta orduan hasi nintzen jaso eta tresneria biziberritzen. Pertsona helduekin gustura egoten naiz, beti ikasten baita zerbait.

Herriko zein toki duzu gustuko?

Euskal Herrian asko ibili naiz, eta baita Europan ere. Gipuzkoan, 9.000 bat baserri egongo dira, eta horietako 6.000 ingurutan egona naiz. Hala ere, gure etxetik hasi eta Herniora doan bide hori dut gustuko, eta Larraulgo mugen barruan toki politak dira, bereziki, Muñoandieta, Lasagasti, Iraulita eta Argibel inguruak.

[Herriz herri] Larraul. Murgilazpin altxor txikia

[Herriz herri] Larraul. Murgilazpin altxor txikia

Jon Miranda

Lasaitasuna transmititzen du Larraul herriak. Herrigunean plaza, eliza, parkea eta frontoia dauzka. Aneli Urbieta alkatearen esanetan, "gurasoak herriko ostatuan patxada ederrean zerbait hartzen ari diren bitartean umeak jolasean ibil daitezke inguruan".

Asteasutik Larraulera igotzen den bidezidorra asfaltatu eta moldatu zutenetik bisita gehiago sumatzen dute herrian. "Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso genuen bidea konpontzeko, bestela geure kabuz ezinezkoa egingo zitzaigun", dio Urbietak.

Nola hil hautatu nahi denean

Nola hil hautatu nahi denean

Eider Goenaga Lizaso

Inork ez daki nola hilko den, noiz hilko den eta zergatik hilko den. Baina, galdetuz gero, gehienen erantzuna bat eta bera da: minik gabe, sufritu gabe... Aldagai gehiago sartzen dira, ondoren, "ez nuke bizi nahi burua galduz gero", "ohean, landare egoeran baino, nahiago dut hil", "ez dut ingurukoentzat karga bat izan nahi", "gertukoak agurtu eta kontu guztiak itxita utzi nahiko nituzke", "maite ditudanak inguruan eduki nahiko nituzke". Horrelako komentariorik egin ez duenik ez da, eta are gutxiago adin batetik aurrerakoen artean. Baina borondate hori idatzita uztea beste kontu bat da. Gipuzkoan, biztanleen %1ek baino gutxiagok daukate egina bizi testamentua edo aurretiazko borondateen adierazpena.