Lehorretik, oso lehorrera

E. Goenaga Lizaso

Aurtengo uda oso beroa izan den ustea nahiko orokorra den arren, Euskalmet meteorologia agentziaren txostenek diote ekaineko eta uztaileko batez besteko tenperaturak "normalak" izan direla. Abuztukoak, berriz, "beroak". Muturreko tenperaturetara egun jakin batzuetan soilik iritsi dela diote Euskalmeten txostenek: ekainean, bero handiko egun bakarra izan zen; uztailean, bi egunetan gainditu zen muturreko tenperaturen muga —35-40 gradu artekoa—; eta abuztuan, berriz, zortzi egunetan.

"Mende honetako abuzturik beroenetako bat izan da, baina urrun dago 2003an eta 2012an izandako tenperaturetatik", dio Euskalmeten abuztuko txosten meteorologikoak. Gipuzkoan, Lasarte eta Arrasateko neurketak jasotzen dituzte Euskalmeten txostenetan. Horien arabera, Lasarten 20,5 gradukoa izan zen abuztuan batez besteko tenperatura —azken hamar urteotan altuena 2012an izan zen: 21,3 gradu; eta baxuena, 2007an: 18,2—. Arrasaten, berriz, 20 gradu izan da abuztuko batez bestekoa —21 gradu izan zen 2012an, eta hotzena, 18,1 gradukoa, 2014an—.

Euri gutxi

Prezipitazioei dagokienez, azken hamar urteko batez bestekoaren azpitik egin du euria hiru hilabeteotan. Euskalmetek dioenez, ekaina eta uztaila hilabete "lehorrak" izan ziren, eta abuztua, "oso lehorra". Hilabete osoan pilatutako euriaren azken hamar urteetako batez bestekoa, Lasarten, 89,95 mm da, eta aurtengo abuztuan, berriz, 41,9 mm baino ez dira jaso; Arrasaten, batez bestekoa 41,79 mm da, eta joan den hilean 14,6 mm bakarrik jaso ziren.

Batean zein bestean 2007a izan zen urterik euritsuena, eta kopuruetan alde izugarria dago: 290,6 mm bota zituen Lasarten urte hartan, eta 169 mm Arrasaten. Hala ere, aurtengoa ez da izan azken hamar urteetako abuzturik lehorrena; izan ere, 2012. urtean 36,9 mm bildu ziren Lasarten, eta, 2014an, Arrasaten, 13,9 mm bakarrik.

Lehorra, ez txarra eta ez ona

Lehorra, ez txarra eta ez ona

Eider Goenaga Lizaso

Euria apenas egin duen udan, eta abuztuan ugari izan dira bero zakarreko egunak. Kaletarren artean, iritziak askotarikoak dira: udan hori tokatzen dela, gehiegizko beroa egin duela, egun sanorik apenas izan dela... Bero saparen ostean, ordea, euria iritsi da aste honetan. Beroa eta euria, denen ahotan. Baina, baserritarrentzat, eguraldia hizketarako gaia baino gehiago izan ohi da. Urteko jarduna baldintza dezake uda euritsu batek, negu epel batek edo abuztuko harri ekaitzak. Uda honetako eguraldiak, ordea, ez die denei era berean eragin: ganadua dutenak kezkatuta daude, negurako bildutako belarrarekin iritsiko ez zaielakoan; baratzetik bizi direnek uda oparoa izan dela diote, nahiz eta erregadioari esker izan.

"Gu nahiko ondo defenditu gara. Baina, Goierrin bertan ere, diferentzia handia dago toki batetik bestera; ezberdina da behiak mendira ateratzen dituen batentzat, edo etxe ondoko soroetan dituenarentzat. Gipuzkoan ere errealitate oso ezberdinak daude; kostaldean, normalki, barrualdean baino zailagoa da beroak belarra erretzea". Garikoitz Nazabal (Zaldibia, 1984) EHNE sindikatuko Gipuzkoako idazkari nagusiak haragitarako behiak hazten ditu; 50 behi inguru ditu, eta hori da haren jarduera nagusia.

Behiak Aralarrera eraman ohi ditu Nazabalek, apiriletik azarora bitartean, baina kezkatuta dago, mendira igo ez dituzten edo laster umea egitera jaitsi behar dituzten behiei negurako bildutako belarra ematen hasi beharko duelako. "Noski, aurretik kentzen dena pilan gero faltan izaten da beti. Normalki, udan jasotakoarekin neguan irauteko adina izaten dugu, baina, lehenago hasi behar badugu belar hori ematen, negua bukatu baino lehenago amaituko zaigu belarra". Eta horrek esan nahi du erosten hasi beharko dutela.

Uda lehorrak izandako eragin ezberdinen adibidetzat du Nazabalek Aralarreko larreen aurtengo kalitatea. "Mendian nahiko urte ona izan da. Aralarren lainoa gehiago gelditzen da; itsasaldetik datorren lainoa hor geratzen da, eta nahiko bustia egon da. Abereak oso ondo egon dira aurten: belar ona izan dute. Beste urte baterako sinatzeko moduko uda izan da mendikoa", azaldu du Nazabalek. "Eskerrak mendia dugun", gehitu du, "beheko soroak erreta baitaude".

Behin ganadua mendira atera ostean hasten dira negurako belarra biltzen. "Uztaila bitartean biltzen dugu, eta abuztuan, eguraldia lehorragoa denez, dagoen bezala uzten da, irailetik aurrera menditik jaitsi behar ditugun behiek jana izan dezaten. Baina, aurten, erreta dago belarra; abuztuan, zartaginetik pasatuta bezala gelditu da". Ondorioz, baserri ondoko larreetan bazkarik apenas dagoen behientzat, eta negurako gordetakoa ematen edota osagarriekin hasi beharko dute. "Gu oraindik ez gara hasi osagarriekin, baina lagun mordoxka bat dut jada hasia dena". Neguan lastoa izaten da behien janaria, baina hori osatu beharrean izaten dira, "ez baita elikagai nahikoa".

Artoa, garagarra, zekaleak eta pentsua erabiltzen dituzte osagarri gisa, eta horrek jada diru gastu bat eragiten die ganaduzaleei. "Kontuan izan behar da ohiko kostua etengabe igotzen ari dela eta txekorraren haragia, aldiz, ia-ia duela 30 urteko prezioan saltzen ari garela; eta horri gehitzen badiogu belarretan gehiago gastatu beharko dela, jardueraren bideragarritasuna bera jartzen da kolokan", ohartarazi du Nazabalek.

Baratzea ongi, behiak gaizki

Kezka bera du Begoña Aristik (Tolosa, 1978). Baratzea eta haragitarako behiak ditu, eta uda lehor honetan txanponaren bi aldeak ikusi ditu. "Baratzea ondo joan da, erregadioari esker; ea behiekin ez dugun dirurik galtzen". 35 graduko beroarekin ari da Aristi lanean. Piperrak biltzen jo eta su dabiltza Isastegi Goikoa baserrian. "Udan produkzio handia izan dugu baratzean, eta lanez lepo gabiltza oraindik, udako produktuak biltzen". Beroarekin baratzean jardutea gogorra dela dio, baina nahiago duela berotan euritan baino.

Nabarmendu du baratzeari ez diola kalterik egin uda lehorra eta beroa izateak. "Baratzetik bizi denak, normalki, erregadio sistema bat izaten du, eta, ondorioz, uda lehorra izateak ez digu eragin. Egun oso beroak izan direnean, tomate batzuk erre zaizkigu, baina, gainerakoan, produkzioa oso ona izan da. Piperrak, tomateak... pila bat izan dira, eta berdin udako produktu guztiekin; berenjena, kalabazina... dena oso ondo".

Euri zaparradaren bat gehiago egin balu eskertuko zuela aitortu du, ordea, Aristik. "Erregadioa ez baita euri zaparrada on bat bezala. Hor ez dago dudarik: euriak beste freskotasun bat ematen dio produktuari, beste bizitasun bat. Nabarmena izaten da barazkiak euri ura edo erregadiokoa jaso duen".

Neguko barazkiak landatzeari dagokionez ere, lurra lehorra egotea bustia egotea baino hobea dela dio. "Lehorra egoteak ez du kalterik egiten. Alderantziz, lurra lehorra dagoenean sar gaitezke baratzera landaketak egitera; lurra bustita badago eta euria ari badu, aldiz, ez. Hori bai, hemendik aurrera euri pixka bat egiten badu, hobeto, horrek landatutakoa aurrera ateratzen lagunduko baitigu". Aurtengo udan, arazorik izan bada, "arrekin eta halakoekin" izan dela nabarmendu du Aristik. "Negua oso-oso arina izan denez, zomorro gehiago izan ditugu udan".

Haren kezka iturria behiak dira. "Euririk egiten ez badu, larrerik ez dator, eta bazterrak jada gorrituta daude. Eta larrerik ez badago, laster behiak barrura sartu beharko ditugu jatera, eta barrura sartzeak esan nahi du erositakoa eman behar diezula jaten. Eta horrek poltsikoan eragina du, eta ez txikia". Aristik haragitarako behiak ditu, dozena bat inguru, eta etxe ondoan libre ibiltzen dira, uda zein negu. Udan etxe ondoko larreetan jaten dute, eta, oro har, udazken osoan horrekin nahikoa izaten dute. "Neguari puska polita kentzen diozu. Baina aurten laster sartu beharko ditugu, eta irailean sartzea oso goiz da".

Etxeko belardietan jaten dutenez, belarrik ez dute biltzen Isastegi Goikoan. "Sagardotegiko patsa sartzen dugu siloan negurako, eta, horrekin, lastoarekin eta pentsuarekin eusten diogu". Haragitarako behien mozkina txikia izaten dela —"gaizki ordaindutako produktu bat da"— eta belarretarako dirua jarri behar baldin bada galerak izatea ere posible dela uste du Aristik. "Beraz, batekin ondo zabiltzanean, besteak herren egiten du. Niri horregatik gustatzen zait baserrian gauza bat baino gehiago edukitzea; batek kale egin badizu, besteak laguntzen du".

Jardunaldiak irailak 24an: egitaraua

Irailaren 24an, Hernanin

09:30-09:45. Aurkezpena Biteri kultur etxean.

09:45-10:45. Emakumeen etxeak eta feminismoaren eraldaketak hitzaldia, Mari Luz Esteban Galarzarekin. Biteri kultur etxean.

10:45-11:15. Atsedenaldia.

11:15-12:30. Basauri, Arrasate eta Ermuko esperientziak. Emakumeen Topalekuan.

12:30-14:00. Hernaniko Berdintasunaren aldeko eta mugimendu feministaren txango historikoa tailerra.

14:00. Klownklusioak, Virjinia Imaz Quijera Oihulari Klown taldeko kidearen eskutik.

20:00. Ekhiñe, Kandela eta Pantxaren kondaira-ren ibilbidea, Zinkoenetik hasita.

21:00. Andrekale ikus-entzunezkoaren emanaldia (Kalandriak eta Señora Polaroiskak elkarlanean egindakoa). Andre kalean izango da —euria egingo balu, udaletxeko aterpean—.

(*) Saio guztiak doakoak dira, eta aldibereko itzulpen zerbitzua egongo da.

Nolako Emakumeen Etxea nahi duten erabakiko dute Hernanin

Nolako Emakumeen Etxea nahi duten erabakiko dute Hernanin

Maite Alustiza

Berdintasuna eta feminismoa bultzatzeko "erreferentziazko guneak" dira Emakumeen Etxeak. Hala uste du Garazi Etxarri Hernaniko Berdintasun zinegotziak: "Mugimendu feministaren eskakizun historikoetako bat da, baita Hernanin ere". 2013tik Plaza Feminista daukate herrian. Eraikin publiko bat da; Berdintasun Saila han dago, eta herrian lan egiten duten eragile ugari biltzen dira: Bilgune Feminista, Gizon Taldea, Plax gazteentzako aholkularitza zerbitzua, emakumeentzako jabetza eskolak... Gune hori, ordea, txiki geratu zaie, eta beharrei erreparatuta erabaki du udalak Emakumeen Etxea sortzea: "Egun herrian dagoen mugimendu askotarikoa handituz joan den heinean, emakumeen etxe baten beharra azaleratu da".

Etorkizuneko Emakumeen Etxea definitzeko, parte-hartze prozesu bat martxan jarriko du udalak. Dagoeneko zehaztuta daukate zein izango den eraikina: Gabriel Zelaiako aurreko eraikina, Elizatxo ikastola izandakoa, Florida auzoan. Prozesuaren antolaketan Aztiker soziologia ikergunea ari zaio laguntzen udalari, eta, Maitane Basterretxea teknikariak azaldu duenez, irailaren 24an jarri dute prozesuaren abiapuntua. Egun horretarako Emakumeen etxea, espacio para la igualdad jardunaldia antolatu dute: "Gaia herrian sozializatzea da jardunaldiaren helburu nagusia. Gaia herrian plazaratzea eta agenda publikoan txertatzea. Beste herri batzuetako esperientziak ezagutzeko aukera ere izango da jardunaldietan". Adibidez, Arrasateko, Ermuko eta Basauriko (Bizkaia) esperientzien berri emango dute irailaren 24ko saioan.

Urritik urtarrilera arteko parte-hartze prozesua hiru fasetan gauzatuko dute; orotara, sei-zortzi saio izango dira. Lehenengo, urrian, espazio berriaren izaera eta ezaugarriak definituko dituzte, bi tailerren bitartez. Horietan, beharrak identifikatuko dituzte, eta beharrizanei erantzuteko zerbitzuak zerrendatu.

Lehen fase horren ondoren, azaroan eta abenduan, helburuei egokitutako espazioaren antolaketa zehaztuko dute, bai eraikin barruko antolaketa eta bai ingurukoa —auzolanerako aukerak ere aztertuko dituzte—. Eta, azkenik, funtzionamendua eta arauak finkatuko dituzte —etxea noiz egongo den irekita, zein elkartek izango duten presentzia...—. Otsailerako etxea definitua izatea espero dute, eta hortik aurrera hasiko dira espazioa egokitzen. Etxarrik azaldu duenez, haien asmoa da "ahalik eta gehiena" auzolanean egitea.

Udalarekin eta Aztikerrekin batera, 15-17 herritarreko talde bat ari da parte hartzen prozesuaren diseinuan. "Adin eta profil ezberdinekoak" dira, eta tartean dira mugimendu feministako kideak, beste hainbat elkartetako lagunak, baina baita "interesa azaldu duten norbanakoak" ere. Taldea nahi duten guztiei irekita dagoela gogorarazi du Basterretxeak.

Ikusten ez denaz, langileekin

Ikusten ez denaz, langileekin

Olatz Mitxelena

Euskotrenek astelehenean inauguratu zuen Altzako geltokia, Irungo Arasoko egoitza berria zabaltzearekin batera. Arasokoa Euskotrenen Gipuzkoako bigarren egoitza da —orain arte Donostiako Amara auzoan zuen egoitza bakarra Euskotrenek—. Eta egoitza berria zabaltzearekin batera, trenen maiztasuna ere handitu du. Aurrerantzean, 15 minutuz behin irtengo dira trenak Amaratik Irunera eta Irundik Amarara; eta 30 minutuz behin irtengo dira Zumaiarako trenak. Horrez gain, goizez, zerbitzu berriak eskainiko dituzte.

Euskotreneko langileak aldaketen berri izan zutenez geroztik ari dira borrokan, trenen maiztasuna handitzea euren lan balditzen kaltetan gerta ez dadin. Oraingoz, baina, ez dute eskatutakorik lortu, eta lanuzteak egiten ari dira. Aste osoan izan dira lanuzteak, eta hurrengo asterako ere antolatu dituzte.

Irune Zarate, Xabier Untzueta eta Esther Gonzalez greba batzordeko kideak dira. Beraiek azaldu dituzte langileen aldarrikapenak."Euskotrenek ezarri dituen maiztasun berriak bermatu ahal izateko tren kopurua handitu du", azaldu du Zaratek, eta horregatik eraiki dituzte instalazio berriak Arason, tren guztiak gordetzeko nahikoa leku izateko. Horrek, baina, tren gidarien lekualdaketa ekarri du. Langileek jakinarazi dutenez, lehen 66 tren gidari zituen Euskotrenek Gipuzkoan, eta, orain, horietatik hemeretzi geratu dira Amaran, eta beste guztiak Arasora lekualdatu dituzte.

Irunera lanera joan behar duten langileentzat Euskotrenek garraioa berma dezan eskatzen dute langileek."Amara trenaren geldialdi komertziala da, eta langileek ez zuten lanera joateko inolako eragozpenik. Trenean bertan joaten ziren", azaldu du Untzuetak.

Arason, ordea, trenak ez du geldialdirik, eta hor sortu da lehen eragozpena: "Langileek trenari geratzeko eskatuz gero arazorik ez zela egongo esan ziguten hasieran, baina, uztailetik negoziazioak apurtuta daudenez, enpresak ez du ezer egin, eta denek gure autoarekin joan behar izan dugu lanera".

Asteburuetan, jai

Lanera joateko garraioa lortzea, hala ere, ez da aldarrikapen nagusia. "Lantaldea handitzea, tren gidari gehiago kontratatzea gure asteburu libreen kopurua mantentzeko, hori da gure aldarrikapen nagusia", argitu du Gonzalezek. Izan ere, astelehenetik ostiralera ordutegi bera izango duten arren, larunbat gehiagotan lan egin beharko dute aurrerantzean. "Larunbatetan, lan txanda askoz gehiago izango dira, eta jende gehiagok aritu beharko du lanean, enpresak proposatutako lantaldearen handitzearekin ez delako nahikoa orain arte libratzen genituen asteburuak libratzen jarraitu ahal izateko".

Bereziki kezkatuta daude gai horrekin. "Kontuan hartuta guk urteko egun guztietan egiten dugula lan, eta oporrak sei txandatan ditugula, lana eta familia kontziliatzeko aukera bakarra asteburuetan dugu", nabarmendu dute.

Negoziazioak etenda

Euskotrenek "inposizioaren" aldeko hautua egin duela salatu dute langileen ordezkariek, eta jakinarazi dute uztailetik negoziazioak "apurtuta" daudela: "Azken bilera eduki genuen uztailean, eta esan ziguten eskertzen zutela gure lan guztia eta gure proposamenak, lan ona egin dugula, baina ezetz esateko unea zela", gogoratu du Untzuetak.

Enpresari langileekin esertzea "asko kostatu" zaiola uste du Zaratek: "2015eko irailetik ari gara enpresari bilerak eskatzen, baina aurtengo maiatzera arte ez dira eseri". Langileak mobilizatzen hasi eta gero lortu zuten lehenbizikoz enpresarekin biltzea.

Langileek aspalditik zekiten Arasora lekualdatuko zituztela, eta trenen maiztasuna handitu behar zutela jakin zutenean ekin zioten biltzeari, "aldaketekin kezkatuta". Batzar horietan definitu zituzten langileen eskaerak, eta enpresari helarazi. Oraingoz, baina, ez dute bat bera ere onartzerik lortu.

Apirilean hasi ziren mobilizazioekin. Paskinak banatu dizkiete erabiltzaileei lanuzteak iragarriz eta beren aldarrikapenen berri eman asmoz. Horrez gain, elkarretaratze isilak egiten dituzte Amaran. Baina ez da nahikoa izan."Ekainean enpresak eskatu zigun mobilizazioak bertan behera uzteko negoziazioekin jarraitzeko baldintza gisa".

Langileek baldintza hura onartu zuten. Aitzitik, keinu hura ez dela aintzat hartua izan salatu dute orain langileek:"Horren truke, enpresak inposatu ditu koadroak, eta ateak itxi dio edozein akordiori". Hori ikusita, Euskotreneko langileek mobilizazioei berriz ekitea eta lanuzteetara deitzea erabaki dute.

Hurrengo lanuzteak

Lan gatazka konpondu ezean, aste honetan bezala, datorrenean ere lanuzteak egingo dituzte Euskotreneko langileek. Datak eta ordutegiakLan egunetan, hilaren 23ra bitartean. 07:00etatik 09:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.Bihar eta hilaren 24an. 10:00...

Langileek adostutako eskaerak

Euskotreneko langileek batzarretan adostu dituzte enpresari helarazi dizkioten eskaerak. Proposamena ere landu dute, beren eskaerak antolaketaren ikuspegitik egingarri izan daitezen. Aitzitik, oraingoz enpresak ez du eskaera bat bera ere onartu.Eskaer...

Herritik eta herriarentzat

Herritik eta herriarentzat

Eider Bereziartua
Haurren heziketa eta aisialdia "beste modu batera" egitea du helburu Herri Hezitzaileak egitasmoak. "Gaur egun dauden ereduetatik kanpo badaude beste praktika batzuk hori gauzatzeko", azpimarratu du Amaia Etxabek (Arrasate, 1988), Txa...

Sustatzaileak

Irrien Lagunak

Lizarrako eta Iruñeko Udal Haurreskolen Taldea

Hik Hasi pedagogia egitasmoa

Oarsoaldea garapen agentzia

Euskaltzaleen Topagunea

Ikastolen Elkarteko Aisialdi Taldea

Tabakalera

Amarauna aisialdiko elkarte sarea

Soraluzeko Pil-Pilean elkartea

Txatxilipurdi Euskara eta Aisialdia

Urtxintxa Bizkaia eta Gipuzkoa

Ttakun kultur elkartea

Harremanitz kooperatiba

Elgoibarko Izarra elkartea

Lorea Agirre

Herri Hezitzaileak, zazpi oinarritan

Proiektuaren filosofia zazpi oinarritan batzen da:Haurtzaroaren kultura. Haurrak bizitza jolasaren bidez eraikitzen du. Hori errespetatu behar da.Benetako parte hartzea eta erabakitzeko ahalmena. Haurrekin egin behar da, ez haurrentzat.Aisialdia, ez e...