Irakurtzea: txerto, botika eta antidoto

Leire Narbaiza

Egunotan irakurtzeaz eta liburuez jardun dut hainbat leku eta lagunekin, letren pertzepzioaz eta liburuen plazeraz. Maniez eta apetez, nostalgiaz eta plazerez. Irakurtzeak sortzen digun gozamenez, alegia.

Ez dut gogoan noiz hasi nintzen irakurtzen, ezta zein izan zen nire lehenengo liburua ere. Badakit gaztelaniaz izango zela, gaztelaniaz ikasi bainuen irakurtzen; baina badakit txikitatik irakurri izan ditudala liburuak, egunero, meriendatu bitartean. Laranja orbainak dituzte gordetzen ditudan liburu horiek, askarien lekuko. Atseden tartea ziren eskola eta etxerako lanen artean.

Merienda balira bezala hasi nintzen liburuak dastatzen, gosez. Eskuetara zetorkidana irakurtzen, etxean geneukan bilduma dotoretik ere hartzen, XIX. mendeko klasikoak, nobelagile handiak. Antzerkia ere tarteka. Inoiz poesia.

Askotan lurrean eserita irensten nituen, armairu eta ate ostearen artean zegoen espazioan, kuxin baten gainean. Edo miradorean, lurrean jarrita ere bai. Ezkutalekuak ziren, leku pribatuak, barneratzeko balio zidatenak. Etxez aldatu ginen, eta espazio horiek barik geratu nintzen. Gogorra izan zen oso.

Izarapean ere makinatxo bat irakurketa dut eginda, argia amatatzeko agindua emanda zidatelako, baina liburua laga ezinda hantxe ezkutatzen nintzen, kaleko argiek bidalitako izpiez letrak aletu nahian… Hori ote nire miopiaren jatorria?

Garraio publikoa erabiltzen hasi nintzen, eta bertan ere irakurtzen. Leku guztiak aprobetxatzen nituen. Baita automobilean ere: auto-ilaretan ateratzen nuen liburua, jakinekoa baitzen egunero non egongo nintzen geldirik luzaroan. Ikasturte horretan liburu mardul oso bat irakurri nuen kotxean!

Lekuak leku, irakurgaiek sortutako gozamena azpimarratu nahi nuke, justu hasieran aitatu dudan elkarrizketak eragindako hausnarketa. Lankide batek esan zidan orain ere irakurtzea plazera dela berarendako, baina dagoeneko liburuek ez diotela eragiten lehen sortzen zioten zirrara handi eta magikoa. Harridura eta txundidura hura desagertu direla. Niri ere gertatzen zait, lilura hura joan da. Seguruenik helduagoak izanda gutxiago haluzinatzen dugulako edozerekin, asko irakurri dugulako, eta maisu/maistra lan asko gozatu ditugulako. Pena da, baina hartutako atsegina barruan dugulakoan nago.

Txundidura gero eta urriagoa bada ere, xarmak hor segitzen du, gozatzeko aukera. Eta liburuen aterpea. Izan ere, irakurtzea babeslekua da niretako, abaroa, ihes egiteko parada, beste mundu batzuetan murgildu eta erlaxatzeko unea. Errutinatik babesten gaituzten parapetoak dira liburuak, asperkizunaren kontrako babesleku, errealitateari tiro egiteko lubakiak. Mundutik salbatzen gaituztenak, baita geure buruarengandik ere. Botika bikaina egoera eskasetan.

Hala ezkutatzen naiz liburu baten atzean, edota barnean. Barruan murgilduta, desagertu; eta portada atzean, ostendu. Ez da ona izan behar, gainera. Liburu atsegina izanda ere nahikoa da sarritan; halakoek ere eraikitzen baitute inguruan habia segurua, bihurtzen baitira flotagailu eguneroko ur-nahasietan.

Irakurtzea txerto, botika eta antidoto da niretako. Babestu eta armatzen nauena mundu honetan bizi ahal izateko. Horregatik eramaten dut beti liburu bat poltsan, senda nazan.

“Hutsik geratu diren lantegiak berrerabili beharko genituzke”

“Hutsik geratu diren lantegiak berrerabili beharko genituzke”

Maialen Igartua Arzelus

Ormaiztegin hitzaldia egingo du gaur Irati Otamendi arkitektoak (Beasain, 1986): Industrializazioa: atzo garapen, gaur ondare, bihar...?. Zumalakarregi museoan izango da, 19:00etan. Oria ibai arroko industria ondarea ikertzen ari da Otamendi, eta uste du industria ondareari ez zaiola behar adinako garrantzirik ematen.

Nondik datorkizu arkitekturarekiko zaletasuna?

Etxekoek badute arkitekturarekiko interesa. Txikitatik, mundu hori estimatzen erakutsi didate bateko eta besteko harriak ezagutzeko txangoetan, batik bat aitak emandako azalpenen bidez. Hala ere, esango nuke benetako zaletasuna unibertsitate garaian iritsi zitzaidala. Ez pentsa karrera hasi baino lehen arkitektura zer zen banekienik.

Orain, doktoretza tesia egiten ari zara. Zeri buruz ikertzen ari zara, zehazki?

Oria ibai arroko arkitektura ondare industriala ari naiz ikertzen, lurralde mailako analisitik abiatu eta industria multzo batzuen azterketan sakonduta. Industria ondare horren baloraziorako, babeserako eta zaintzarako irizpide orokor egokiagoak bilatzea da nire ikerketaren helburua.

Zergatik aukeratu zenuen industria ondarearen gaia?

Beasaindarra izanik, arkitektura industriala ikusiz hazi naiz. Gainera, etxean kontu asko entzun ditut fabrika haundie zela edo Bernedoko sirenak jotzean bizikletaz eta motorrez azaltzen ziren langile pila zirela... Azken finean, industriak herrian eta herritarrengan zuen eraginari buruz. Bestalde, eraikin industrial horiek nahiko txikitatik atentzioa ematen zidaten —zergatik ez banekien ere—, eta, gero, arkitektura ikasketetan hasita, begirada teknikoagoarekin agian, arkitektura industrialaren soiltasunak izugarri erakarri ninduen.

Oria ibai arroan zentratu zara. Zergatik?

Gipuzkoan, ibai ibilgu nagusien inguruan garatu zen industria, uraren indarra baliatzeko besteak beste, eta Oriaren ibai arroa izan zen industrializatuenetako bat. Gainera, probintzian indar handiena izan zuten industria sektoreek —papergintza, ehungintza, metalurgia...— gure arroan presentzia nabarmena izan zuten. Adibidez, papergintzaren hiriburu izan zen Tolosa, eta ibaian gora eta behera ere zabaldu zen. Metalari dagokionez ere, Fabrica de Hierros San Martin izan zen nagusietako bat [CAFen aurrekaria]. Beraz, esan daiteke Oriaren ibai arroko kasua probintziakoaren eredu dela, eta, ondorioz, gertuko ikerketak errealitate orokorra ulertzen lagun dezake.

Gaur hitzaldia emango duzu Ormaiztegin. Zeri buruz hitz egingo duzu?

Gipuzkoako industrializazio prozesuaz hitz egingo dut, eta, ahal dudan neurrian, Goierriko adibideak jarriko ditut. Ormaiztegira gero eta gehiago gerturatu, hobe. Industriak eragindako aldaketez ariko naiz: paisaian, ohituretan... Eta, noski, industria horrek utzitako ondare arkitektonikoaren garrantzia ulertarazten saiatuko naiz. Garai bateko industrialariek oso argi zuten fabrika zela negozioaren propaganda, eta oso lantegi modernoak eraikitzen zituzten. Arkitektura moderno horren adibide dira Beasaingo Olaran fabrika edo Legorretako paper fabrikako bulegoen eraikina. Eta Oria ibai arroan beste asko daude.

Lantegi zaharrak berrerabiltzeko aukera defendatzen duzu.

Lantegi asko hutsik daude, eta herrietan lurrik gabe gaude. Zergatik ez lantegi horiek berrerabili? Hutsik geratu diren lantegiak berrerabili beharko genituzke. Esaterako, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkea lantegi bat zen, eta begira orain zein erabilera ematen zaion. Beste herrialde batzuetan oso ohikoa da industria ondarea kultur ekintzetarako berrerabiltzea. Beste industria bat jartzeko ere erabil daitezke, eta, eraikinaren arabera, etxebizitzak egiteko ere bai. Ingalaterran edo Alemanian, esaterako, hori oso barneratua dute. Etxebizitzak, eskolak eta abar ikus ditzakezu industriarako erabilitako eraikinetan.

Gipuzkoan lantegi asko daude erabilpenik gabe eta berrerabiltzeko moduan?

Itxita lantegi asko daude. Batez ere, azken urteetan, krisiaren eraginez. Hala ere, oraindik eta gehiago dira dagoeneko desagertuta daudenak. Gure inguruan, industria gehiena ibai ertzean kokatzen zen, uraren indarra aprobetxatzeko. Industriak lur onenak hartu zituen, lauenak. Orain, hiria hazten den momentuan enpresa indarrean ez badago, hiriak enpresa jaten du. Etxeak eraikitzeko ere leku onenak horiexek direlako. Tolosako paper fabrikak, esaterako, ia denak desagertu egin dira.

Martxan dauden industria ondareak ere badaude.

Noski. Esaterako, Beasaingo CAFeko lantegi batzuk babestuta daude, nahiz eta oraindik martxan egon.

Zergatik esango zenuke garrantzitsua dela industria ondarea babestea?

Industria ondareak nondik gatozen eta nor garen, garai bakoitzean nola eraiki den eta industria prozesuek zein aldaketa izan dituzten erakusten digu. Beste era batera esanda, industria ondarearen parte diren arkitektura elementuek balio arkitektoniko-tekniko, historiko-teknologiko eta soziologiko esanguratsua dute. Hala ere, oraindik gizarteak eta administrazioak zailtasunak dituzte hori guztia ulertzeko. Horregatik uste dut beharrezkoa dela balioa ematea, eta balioa emateko lehen pausoa daukaguna aztertzea eta ondo ezagutzea da. Ezagutzen ez dena ez da sekula baloratzen. Eta noski, ez dugu ezer egiten ezagutza hori lau burutan gelditzen bada; behar-beharrezkoa da ikasitakoa gizarteari helaraztea.

Oso zabalduta dago industriak eta lantegiek herriei itxura itsusia ematen dieten ustea.

Bai, eta ulertzekoa ere bada, neurri batean. Oso irudi gordinak dauzkagu gure buruetan: greba garaiak eta amaierarik gabeko lanaldiak, paper fabrikek botatako isurketengatik aparrez estalitako ibaia, kea, usain txarra... Industriaren alde ilun hori ahaztea ez da erraza.

Baina, bestalde, posible izango al litzateke egun daukagun guztia edukitzea industriarik izan ez balitz? Argi dago ikuspegia aldatu beharra daukagula, guztiz, eta, gutxienez, etorkizun jasangarriago bat eraikitzeko eraikin berrerabilgarri gisa ikusi beharko genituzkeela eraikinok. Datozen beharretara moldatzeko baldintzarekin eraikitakoak izaten dira lantegi industrialak. Ondorioz, erabilera berriak hartzeko ere potentzial handiko eraikinak dira.

Erretiroan, borroka bikoitza

Erretiroan, borroka bikoitza

Eider Goenaga Lizaso

Felix Casadok zailtasun handiekin igo ditu eskailerak. Arnasestuka, hamar eskailerako tartean bi edo hiru geldialdi egin behar izan ditu. Lazkaon ibiltzeko, motor elektriko bat jarri diote, edozein aldapa txiki gainditu ezinezko oztopoa baita harentzat. Baina, oztopoak oztopo, gaurkoa egun seinalatua da Casadorentzat. Izan ere, duela bost urteko martxoaren 18an, kirofanora sartu zuten, bertatik bizirik ateratzeko %20ko probabilitate eskasarekin. Biriketako minbizi "oso txar" bat topatu zioten eskuineko birikaren erdi-erdian, eta ebakuntzan birika osoa eta perikardio zati bat kendu behar izan zioten.

"Bizirik jarraitzeko apustua" egin zuen orduan Casadok, eta horretan segitzen du. "Bost urte asko dira. Gurea bezalako kasuetan, bizi itxaropena sei hilabete eta bost urte artekoa izaten da", gehitu du Felipe Cuñadok. Cuñadori iaz egin zioten ebakuntza, hari ere biriketako minbiziagatik. Mendian ibiltzeko ohitura handia zuen Cuñadok, minbizia topatu zioten arte; orain, maldarik gabeko tokietan baino ezin da ibili. Minbiziaren jatorriari buruz, zalantza izpirik ez. "Orain dela 40 urte Olaberriko Aristrain fabrikan lan egindako zortzi urteak. Nik ez dut ordutik harreman gehiago izan amiantoarekin, eta nire gaitza amiantoaren ondorio zuzena da", azaldu du Casadok.

Casado eta Cuñadorekin batera, Julian Garcia eta Jose Robles agertu dira Hitza-rekin eginiko hitzordura. Garciak eta Roblesek ez zuten lanean amiantoarekin harremanik izan, baina galdaragintzan egin zuten lana biek, eta soldadurako gasen eraginez gaixotu dira. Garciari biriketako minbizia antzeman zioten iaz. "Zorterik handiena nik izan dut", gaineratu du Roblesek. Izan ere, Robles da lauren artean minbizia izan ez duen bakarra. "Oraingoz", zehaztu du. "Neumologoak esan zidan lana aldatzen ez banuen oxigeno botila bizkarrean nuela ibili beharko nuela. Enpresari postu aldaketa eskatu, eta erantzuna ezezkoa izan zen". Erretiroa hartu zuen orduan.

GEPEren kanpaina

GEPE Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteko kideak dira laurak, eta gaixotasunak eragindako zailtasunak gorabehera, modu aktiboan ari dira parte hartzen elkarteak gaixotasun profesionalen inguruan abiatu duen kanpainan, eta baita Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkartean (Asviamie) ere.

Antton Karrera GEPEko koordinatzailea lagun dutela ari dira batera eta bestera mugitzen, hitzaldiak ematen, euren errealitatea azaltzen eta amiantoarekin eta beste gai toxikoekin lan egin duten langileen artean kontzientzia pizten. "GEPEn konturatu ginen erretiratu ostean jende askori ari zitzaizkiola jatorri profesionaleko minbiziak eta bestelako gaitzak diagnostikatzen, eta gaitz horiek triskantza ari zirela egiten gure artean. Zerbait egin behar genuen, eta kanpaina jarri dugu martxan", azaldu du Karrerak.

Kanpaina ez da soilik amiantoarekin lan egin dutenentzat. "Egia da amiantoak eragiten duela gaixo gehien, baina Euskal Herriko lantegietan minbizia sortzen duten gai asko erabili da —silizea, soldadurako gasak, disolbatzaileak...—, eta erabiltzen da". Eta horiei guztiei egiten die deia, mugi daitezen eta erretiroaren osteko osasun azterketak eska ditzaten.

Izan ere, jatorri profesionala duten gaitz asko gai toxikoekin kontaktua izan eta urte askotara agertu ohi dira —Casadoren kasuan, adibidez, 40 urtera—, eta langile asko eta asko erretiratuta daudenez, enpresako ohiko azterketarik ez dago haientzat. "Asviamie elkartekoak saiatzen gara amiantoarekin lan egin izan dutenak Osalanen protokoloan sartzen; Euskadin, hiru lurraldeetan, 7.000 lagun daude sartuta. Baina, askoz gehiago izan beharko lukete, eta GEPEren kanpaina horiei begira ari gara egiten", azaldu du Casadok.

"Ni naiz prebentzioak eta Osalanen bidez egiten diren osasun azterketek duten garrantziaren adibidea", gehitu du Cuñadok. 2007an sartu ziren Cuñado eta beste hainbat langile Osalanen protokoloan, eta ordutik urtean behin egin dizkiote azterketa espezifikoak. "Eta 2014ko irailean egindako azterketari esker nago bizirik orain. Oso minbizi azkarra zen nirea, asko zabaldu zen epe motzean, eta azterketa bi hilabete geroago egin izan balidate, hilerrian nengoke orain".

Hala, GEPEk Osalanera bideratzeko, aldiriko osasun azterketak bermatzeko, eta Gizarte Segurantzan gaixotasun profesionala onartua izateko laguntza eta aholkularitza eskaini nahi duela dio Karrerak. "Arazo nagusia langileak amiantoarekin edo bestelako gai toxikoekin lan egin duela frogatzea da; behin hori frogatzen denean, ikuspegi juridiko-legaletik ez dago arazorik Gizarte Segurantzan ezintasun absolutua onartzeko". Karreraren arabera, asko borrokatu da hori hala izan dadin; lehen, zailtasun askorekin lortzen zen ezintasunaren onarpena, baina orain, errazagoa da.

Ezintasunaren onarpena ia berehalakoa da enpresa desagertuta dagoen kasuetan. "Enpresa existitzen ez denez, astebetean onartu zidaten gaixotasun profesionalak eragindako ezintasun absolutua", azaldu du Garciak. Enpresak jarraitzen badu, bidea konplexuagoa da. Casadoren kasuan, mutualitateak bi helegite jarri zituen, eta kasua EAEko Auzitegi Nagusiraino heldu zen. "Noski, enpresa ez badago martxan, Gizarte Segurantzak ordaintzen du pentsio osoa; baina, enpresak jarraitzen badu, ezintasun absolutuari dagokion diferentzia mutualitateak ordaindu behar du", azaldu du Casadok. Karrerak, horren harira, nabarmendu du herritar guztien dirutik ordaintzen direla enpresa askok egindako kaltearen ondorioak, eta hori "iruzurra" dela.

Kalte-ordainik ez

Ezintasunaren onarpena eta horri dagokion pentsioa kobratzea gauza bat da, ordea, eta bestea, langileak dagokion kalte-ordaina lortzea. Enpresarik ez badago, kalte-ordainik ez dago. Enpresa baldin badago, hark ordaindu behar du, bere garaian hartu ez ziren segurtasun neurriengatik atzerapen moduan. "Baina hori oso zaila da. Niri abokatuak esan zidan 30 milioi pezeta [180.000 euro inguru] kobratu beharko nituela, baina ez dut dirurik ikusi", azaldu du Roblesek. Casadoren kasuan, Espainiako Auzitegi Gorenean dago Arcelor Mittalek ordaindu beharko liokeen kalte-ordainaren kasua. "Joan den hilean onartu zidaten prestazioen errekargu bat, baina ez dizut esango zenbatekoa den, helegitea jarriko dutelako, ziur".

Hain zuzen ere, kalte-ordainik izango ez duten horientzat konpentsazio funts bat sortzea da GEPEren, Asviamieren eta kaltetutako langile ohien aldarrikapen nagusietako bat. "Gure osasuna itzuli ezin digutenez, gutxienez laguntza bat litzateke hiltzeko garaian", dio Cuñadok, eta baita gure alargun eta seme-alabentzat ere", gehitu du Roblesek. "Kontua da Eusko Jaurlaritzak esaten duela ez dela bere eskumena, eta Espainiako Gobernuari eskatzen dio funtsa sortzeko. Nik ez dakit nork sortu behar duen, Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak, mutualitateek edo enpresek, baina ezinbestekoa da lehenbailehen sortzea. Eta askorentzat, gainera, beranduegi izango da".

Funtsak berebiziko garrantzia izango luke, Cuñadoren arabera, senarraren arropak garbitzeagatik gaixotu diren emakumeentzat. "Hemen, Bergaran hildako emakume bati aitortu diote gaixotasun profesionala. Kontua da pentsiorik ez dagokiola, ez duelako inoiz kotizatu. Kalte-ordaina gizonaren enpresak ordaindu beharko lioke. Baina, zer gertatzen da enpresa itxita badago? Nork ordaintzen dio?".

Amiantoarekin gertatutakoa ondo olioztatutako sistema baten ondorio dela dio Cuñadok, langilearen bizitzari baliorik ematen ez dion sistema baten ondorio. "Terrorismoaren biktimak omendu dituzte gaur [martxoaren 11n egin zen elkarrizketa], eta nik aldarrikatu nahi dut gu ere terrorismoaren biktimak garela. Etorriko zenaren jakitun izan arren, enpresek gauzatu zutena, mutualitateek babestu zutena, eta laneko inspektoreek ahalbidetutakoa; izan ere, denek zekiten amiantoak minbizia sortzen zuela". "Eta horri gehitu behar diozu bere garaiko agintariek eta gobernuek, batez ere frankismo garaian, onartu zutela, beste alde batera begiratu zutela, babestu zutela. Legeak egin arren, ez baitziren inoiz bete", gehitu du Karrerak. Eta gobernu askori egozten die ardura GEPEko kideak. Izan ere, amiantoari buruzko lehen arauak 1940koak ziren, baina hura erabiltzeko debekua ez zen 2001eko abenduaren 30 arte indarrean sartu.

Gobernuen eta, batez ere, enpresen arduragabekeria hori orain garesti ordaintzen ari dela nabarmendu dute bostek. Orain, milaka langile ohi ari dira gaixotzen, milioika eurotan zenbatzen dira pentsioak eta kalte-ordainak. "Prebentzio neurriak ez hartzeagatik, begira orain zein garesti ari garen ordaintzen. Eta enpresak ere bai, enpresa baten iraupenarentzat ere ez baita gozoa orain kalte-ordainak ordaindu behar izatea. CAFen, adibidez, 30 bat dira orain arte amiantoaren ondorioz hildakoak, eta dirutza bat da kalte-ordainetan", azpimarratu du Casadok.

Cuñadoren iritziz, enpresek amiantoaren eta bestelako gai toxikoen eraginak epe luzera agertzearekin jokatu nahi izan zuten. "Haiek oso ondo zekiten zeintzuk ziren ondorioak, baina bazekiten denbora asko pasatuko zela ondorio horiek agertu arte. Zenbat jende hil den asbestosia [amiantoaren gaitza] zuela jakin gabe, eta biriketako minbizia zerk eragin zion jakin gabe! Zorionez, zientziaren aurrerapenak ahalbidetu du orain kasu hauek guztiak azaleratzea, eta gaixotasunak amiantoaren eraginez sortu direla frogatzea".

Etorkizunarekin kezkatuta agertu dira laurak. Ez euren etorkizunarekin, ordea, amiantoaren ondorioek ekarriko duen etorkizunarekin baizik. Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, urtean 107.000 lagun hiltzen dira munduan, amiantoaren eraginez, eta kopuru hori handituz joango da. "Puntu gorena 2025-2030en iritsiko da, eta hori izugarria da", amaitu du Cuñadok.

Busti, jokoz kanpo ez gelditzeko

Busti, jokoz kanpo ez gelditzeko

Maite Alustiza
Ohikoa da kirolari eta entrenatzaileak mikrofonoari hizketan ikustea; ez, ordea, kirolari lotuta ez dagoen zerbaiti buruz. "Kirolariak gutxitan bustitzen dira politika edo gizarte gaietan". Arritxu Iribar kirol kazetariak egin du baiezta...

Gero eta herri gehiago galdeketa egiteko bidean

Goierriko 22 herriek eman zuten lehen pausoa herri galdeketa iragartzean, eta gero eta gehiago dira Gipuzkoan erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izango duten herritarrak: Azpeitian, Debagoienean... Prestatzen ari dira beste herri askotan: Usurbilen, ...

Armiarma saretik bingo kantatzera

Armiarma saretik bingo kantatzera

Maite Alustiza

Borobil bat osatu dute zortzi lagunek. Eskuan hari mataza bat hartu du lehenak, eta honela hasi da jolasa: "Nire izena Zuriñe da. Zein da zure izena?". Jarraian beste kide bati pasatu dio hari korapiloa: "Ni Itziar naiz. Zein da zure izena?". Auzoko egitasmoan parte hartzeko bildu dira zortzi lagunak, astelehen arratsaldez, Tabakalerako laugarren solairuan. Lide Lopetegi egitasmoaren dinamizatzaileak argi azaldu du hasieratik: "Hau ez da euskara klase bat, lagun arteko saio bat baizik". Xenofobiaren eta Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatu du ekintza Bagera Donostiako euskaltzaleen elkarteak.

Armiarma sare itxurako bat osatuz doaz pixkanaka. "Ni Camelia naiz. Zein da zure izena?". Errumaniarra da jaiotzez, baina badaramatza bi urte Donostian bizitzen. Tabakaleratik pasatzen ari zela, jarduera ikusi eta parte hartzera animatu da. "Nire izena Timo da. Zein da zure izena?". Antzuolatik datorren senegaldarra lehen pausoak egiten ari da euskararekin: "Gustatzen zait hizkuntzak ikastea, eta baita beste kulturen berri izatea ere". "Nire izena Asun da. Zein da zure izena?". Eta albokoak erantzun: "Nire izena Maite da". Ahizpak dira biak, donostiarrak, eta urtebete inguru daramate euskara ikasten. Aurretik ezagutzen zuten Bagera, eta, "pixkanaka", gero eta erosoago dabiltza.

Herritarrak euskarara hurbiltzeko egitasmoa da Auzoko, eta Lopetegik azaldu duenez, bi alde ditu: auzotarrak eta auzokideak. "Auzotarrek euskara ondo menperatzen dute, eta auzokideei laguntzen diete; bestetik, auzokideak daude, euskarara hurbildu nahi duten pertsonak". Hurbilketa hori jolasaren bidez egiten dute, gehienbat hitzak landuz. "Euskara praktikatzeko tokia da, eta guk nahi dugu kapazak izan daitezen gutxienez beren burua aurkezteko, oinarrizko hiztegia lantzeko, jende guztiak aukera izan dezan bertako hizkuntzarekin harremanetan jartzeko".

Bakoitzaren izena esan ondoren, jatorriaz eta bizilekuaz aritu dira borobilean. Gorputz atalak ikasteko fitxekin aritu dira jarraian, baita marrazkiak egiten eta kartekin bikoteak osatzen ere. Bingoan aritu dira gero: "Frutak ikusiko ditugu orain. Hau udarea da. Zer da hau, Zuriñe?", esan dio Lopetegik kideari. Zalantzak sortu zaizkie gereziak eta platanoak atera direnean. "Gereziak da edo gereziak dira?". Berdin pasatu zaie domino jokoan, zenbakiak aldameneko lagunari esaterakoan: "Bi edo bi, edo bi eta bi?". Bi kasuetan, batzuek besteei lagundu diete zalantzak argitzen, eta, hain justu, truke horri eman dio balioa Lopetegik: "Aberasgarria da auzokide eta auzotarrek elkar laguntzea. Auzokideentzat ona da, euskarara hurbiltzen direlako eta bertako jendearekin harremanetan jartzen direlako; auzotarrak, berriz, beste errealitate baten jabe egiten dira". Gaineratu duenez, hizkuntzarekin harremanetan jartzean, "modu batean edo bestean" kulturarekin edo tokiarekin ere harremanetan jartzen dira.

Saioaren bukaeran, ikasitakoaz galdetu die kazetariak parte hartzaileei. "Frutak ikasi ditugu, hiztegiari lotutako gauzak..." Baina, jolastearekin batera, arratsalde pasa ona egin dutela diote denek: "Barre asko egin dugu, ondo pasatu dugu". Tabakaleratik ateratzerakoan ere, euskaraz komunikatzen jarraitzeko aukera eskura jarri die Auzokok: mahai gainean dituzte poltsikoan eraman daitezkeen hiztegiak. Euskaltzaleen Topaguneak egin ditu, eta oinarrizko hitzak dauzka, beste hizkuntza batetik euskararako itzulpenarekin: lekuak, asteko egunak, hilabeteak, koloreak, urtaroak...

Asteleheneko saiotik aparte, Donostian astero elkartzen da taldetxo bat Auzoko egitasmoaren barruan. "Oso ondo funtzionatzen du". Auzotar zein auzokide, jatorri askotariko lagunak biltzen dira: "Izan daitezke Euskal Herrikoak baina ez dutenak euskaraz hitz egiteko aukerarik izan, edo izan dutenak, edo Kamerungoak, Senegalgoak, kolonbiarrak... Oso polita da denen artean sortzen den harreman hori".

Donostian ez ezik, Gipuzkoako herri ugaritan ere badago edo egon da martxan Auzoko: Eskoriatzan, Bergaran, Antzuolan, Aretxabaletan, Arrasaten, Azkoitian, Azpeitian, Ibarran, Oñatin...Herriko taldeetan bat egin nahi duen guztia animatu dute: "Denentzat irekita dago".

Euskara, batzeko tresna

2011tik ari da Bagera elkartea Auzoko egitasmoan lanean, Topagunearen babesarekin. Ez da, ordea, euskararen normalizazioaren eta hizkuntza aniztasunaren alde martxan duen proiektu bakarra. Bide horretan, Topagunearen hiztegiek beste bide bat hartuko dute aurki, Bagera-ren eta Donostia 2016ren eskutik: hiztegi makina bat sortuko dute. Dagoeneko lanean ari da hamar bat laguneko talde bat Tabakaleran, hiztegiak inprimatuko dituen makina sortzen. Hiztegiaren hizkuntzak aukeratu, eta momentuan bertan inprimatuko du makinak. Udaberrian Donostian instalatuko dute, handik pasatzen den edonork hiztegiak eskura ditzan.

Era berean, turistentzako hiztegi txiki bat sortzen ere lagundu du Bagera-k, udalarekin elkarlanean. 80.000 ale banatuko dituzte hiriko hainbat gunetan, zortzi hizkuntzatan: euskara, gaztelania, galegoa, katalana, frantsesa, ingelesa, italiera eta alemana. Euskararen inguruko hainbat datu ere biltzen ditu: besteak beste, historia, egoera eta hiztun kopurua.