Ekonomia

Lehorra, ez txarra eta ez ona

Lehorra, ez txarra eta ez ona

Eider Goenaga Lizaso

Euria apenas egin duen udan, eta abuztuan ugari izan dira bero zakarreko egunak. Kaletarren artean, iritziak askotarikoak dira: udan hori tokatzen dela, gehiegizko beroa egin duela, egun sanorik apenas izan dela... Bero saparen ostean, ordea, euria iritsi da aste honetan. Beroa eta euria, denen ahotan. Baina, baserritarrentzat, eguraldia hizketarako gaia baino gehiago izan ohi da. Urteko jarduna baldintza dezake uda euritsu batek, negu epel batek edo abuztuko harri ekaitzak. Uda honetako eguraldiak, ordea, ez die denei era berean eragin: ganadua dutenak kezkatuta daude, negurako bildutako belarrarekin iritsiko ez zaielakoan; baratzetik bizi direnek uda oparoa izan dela diote, nahiz eta erregadioari esker izan.

"Gu nahiko ondo defenditu gara. Baina, Goierrin bertan ere, diferentzia handia dago toki batetik bestera; ezberdina da behiak mendira ateratzen dituen batentzat, edo etxe ondoko soroetan dituenarentzat. Gipuzkoan ere errealitate oso ezberdinak daude; kostaldean, normalki, barrualdean baino zailagoa da beroak belarra erretzea". Garikoitz Nazabal (Zaldibia, 1984) EHNE sindikatuko Gipuzkoako idazkari nagusiak haragitarako behiak hazten ditu; 50 behi inguru ditu, eta hori da haren jarduera nagusia.

Behiak Aralarrera eraman ohi ditu Nazabalek, apiriletik azarora bitartean, baina kezkatuta dago, mendira igo ez dituzten edo laster umea egitera jaitsi behar dituzten behiei negurako bildutako belarra ematen hasi beharko duelako. "Noski, aurretik kentzen dena pilan gero faltan izaten da beti. Normalki, udan jasotakoarekin neguan irauteko adina izaten dugu, baina, lehenago hasi behar badugu belar hori ematen, negua bukatu baino lehenago amaituko zaigu belarra". Eta horrek esan nahi du erosten hasi beharko dutela.

Uda lehorrak izandako eragin ezberdinen adibidetzat du Nazabalek Aralarreko larreen aurtengo kalitatea. "Mendian nahiko urte ona izan da. Aralarren lainoa gehiago gelditzen da; itsasaldetik datorren lainoa hor geratzen da, eta nahiko bustia egon da. Abereak oso ondo egon dira aurten: belar ona izan dute. Beste urte baterako sinatzeko moduko uda izan da mendikoa", azaldu du Nazabalek. "Eskerrak mendia dugun", gehitu du, "beheko soroak erreta baitaude".

Behin ganadua mendira atera ostean hasten dira negurako belarra biltzen. "Uztaila bitartean biltzen dugu, eta abuztuan, eguraldia lehorragoa denez, dagoen bezala uzten da, irailetik aurrera menditik jaitsi behar ditugun behiek jana izan dezaten. Baina, aurten, erreta dago belarra; abuztuan, zartaginetik pasatuta bezala gelditu da". Ondorioz, baserri ondoko larreetan bazkarik apenas dagoen behientzat, eta negurako gordetakoa ematen edota osagarriekin hasi beharko dute. "Gu oraindik ez gara hasi osagarriekin, baina lagun mordoxka bat dut jada hasia dena". Neguan lastoa izaten da behien janaria, baina hori osatu beharrean izaten dira, "ez baita elikagai nahikoa".

Artoa, garagarra, zekaleak eta pentsua erabiltzen dituzte osagarri gisa, eta horrek jada diru gastu bat eragiten die ganaduzaleei. "Kontuan izan behar da ohiko kostua etengabe igotzen ari dela eta txekorraren haragia, aldiz, ia-ia duela 30 urteko prezioan saltzen ari garela; eta horri gehitzen badiogu belarretan gehiago gastatu beharko dela, jardueraren bideragarritasuna bera jartzen da kolokan", ohartarazi du Nazabalek.

Baratzea ongi, behiak gaizki

Kezka bera du Begoña Aristik (Tolosa, 1978). Baratzea eta haragitarako behiak ditu, eta uda lehor honetan txanponaren bi aldeak ikusi ditu. "Baratzea ondo joan da, erregadioari esker; ea behiekin ez dugun dirurik galtzen". 35 graduko beroarekin ari da Aristi lanean. Piperrak biltzen jo eta su dabiltza Isastegi Goikoa baserrian. "Udan produkzio handia izan dugu baratzean, eta lanez lepo gabiltza oraindik, udako produktuak biltzen". Beroarekin baratzean jardutea gogorra dela dio, baina nahiago duela berotan euritan baino.

Nabarmendu du baratzeari ez diola kalterik egin uda lehorra eta beroa izateak. "Baratzetik bizi denak, normalki, erregadio sistema bat izaten du, eta, ondorioz, uda lehorra izateak ez digu eragin. Egun oso beroak izan direnean, tomate batzuk erre zaizkigu, baina, gainerakoan, produkzioa oso ona izan da. Piperrak, tomateak... pila bat izan dira, eta berdin udako produktu guztiekin; berenjena, kalabazina... dena oso ondo".

Euri zaparradaren bat gehiago egin balu eskertuko zuela aitortu du, ordea, Aristik. "Erregadioa ez baita euri zaparrada on bat bezala. Hor ez dago dudarik: euriak beste freskotasun bat ematen dio produktuari, beste bizitasun bat. Nabarmena izaten da barazkiak euri ura edo erregadiokoa jaso duen".

Neguko barazkiak landatzeari dagokionez ere, lurra lehorra egotea bustia egotea baino hobea dela dio. "Lehorra egoteak ez du kalterik egiten. Alderantziz, lurra lehorra dagoenean sar gaitezke baratzera landaketak egitera; lurra bustita badago eta euria ari badu, aldiz, ez. Hori bai, hemendik aurrera euri pixka bat egiten badu, hobeto, horrek landatutakoa aurrera ateratzen lagunduko baitigu". Aurtengo udan, arazorik izan bada, "arrekin eta halakoekin" izan dela nabarmendu du Aristik. "Negua oso-oso arina izan denez, zomorro gehiago izan ditugu udan".

Haren kezka iturria behiak dira. "Euririk egiten ez badu, larrerik ez dator, eta bazterrak jada gorrituta daude. Eta larrerik ez badago, laster behiak barrura sartu beharko ditugu jatera, eta barrura sartzeak esan nahi du erositakoa eman behar diezula jaten. Eta horrek poltsikoan eragina du, eta ez txikia". Aristik haragitarako behiak ditu, dozena bat inguru, eta etxe ondoan libre ibiltzen dira, uda zein negu. Udan etxe ondoko larreetan jaten dute, eta, oro har, udazken osoan horrekin nahikoa izaten dute. "Neguari puska polita kentzen diozu. Baina aurten laster sartu beharko ditugu, eta irailean sartzea oso goiz da".

Etxeko belardietan jaten dutenez, belarrik ez dute biltzen Isastegi Goikoan. "Sagardotegiko patsa sartzen dugu siloan negurako, eta, horrekin, lastoarekin eta pentsuarekin eusten diogu". Haragitarako behien mozkina txikia izaten dela —"gaizki ordaindutako produktu bat da"— eta belarretarako dirua jarri behar baldin bada galerak izatea ere posible dela uste du Aristik. "Beraz, batekin ondo zabiltzanean, besteak herren egiten du. Niri horregatik gustatzen zait baserrian gauza bat baino gehiago edukitzea; batek kale egin badizu, besteak laguntzen du".

Ikusten ez denaz, langileekin

Ikusten ez denaz, langileekin

Olatz Mitxelena

Euskotrenek astelehenean inauguratu zuen Altzako geltokia, Irungo Arasoko egoitza berria zabaltzearekin batera. Arasokoa Euskotrenen Gipuzkoako bigarren egoitza da —orain arte Donostiako Amara auzoan zuen egoitza bakarra Euskotrenek—. Eta egoitza berria zabaltzearekin batera, trenen maiztasuna ere handitu du. Aurrerantzean, 15 minutuz behin irtengo dira trenak Amaratik Irunera eta Irundik Amarara; eta 30 minutuz behin irtengo dira Zumaiarako trenak. Horrez gain, goizez, zerbitzu berriak eskainiko dituzte.

Euskotreneko langileak aldaketen berri izan zutenez geroztik ari dira borrokan, trenen maiztasuna handitzea euren lan balditzen kaltetan gerta ez dadin. Oraingoz, baina, ez dute eskatutakorik lortu, eta lanuzteak egiten ari dira. Aste osoan izan dira lanuzteak, eta hurrengo asterako ere antolatu dituzte.

Irune Zarate, Xabier Untzueta eta Esther Gonzalez greba batzordeko kideak dira. Beraiek azaldu dituzte langileen aldarrikapenak."Euskotrenek ezarri dituen maiztasun berriak bermatu ahal izateko tren kopurua handitu du", azaldu du Zaratek, eta horregatik eraiki dituzte instalazio berriak Arason, tren guztiak gordetzeko nahikoa leku izateko. Horrek, baina, tren gidarien lekualdaketa ekarri du. Langileek jakinarazi dutenez, lehen 66 tren gidari zituen Euskotrenek Gipuzkoan, eta, orain, horietatik hemeretzi geratu dira Amaran, eta beste guztiak Arasora lekualdatu dituzte.

Irunera lanera joan behar duten langileentzat Euskotrenek garraioa berma dezan eskatzen dute langileek."Amara trenaren geldialdi komertziala da, eta langileek ez zuten lanera joateko inolako eragozpenik. Trenean bertan joaten ziren", azaldu du Untzuetak.

Arason, ordea, trenak ez du geldialdirik, eta hor sortu da lehen eragozpena: "Langileek trenari geratzeko eskatuz gero arazorik ez zela egongo esan ziguten hasieran, baina, uztailetik negoziazioak apurtuta daudenez, enpresak ez du ezer egin, eta denek gure autoarekin joan behar izan dugu lanera".

Asteburuetan, jai

Lanera joateko garraioa lortzea, hala ere, ez da aldarrikapen nagusia. "Lantaldea handitzea, tren gidari gehiago kontratatzea gure asteburu libreen kopurua mantentzeko, hori da gure aldarrikapen nagusia", argitu du Gonzalezek. Izan ere, astelehenetik ostiralera ordutegi bera izango duten arren, larunbat gehiagotan lan egin beharko dute aurrerantzean. "Larunbatetan, lan txanda askoz gehiago izango dira, eta jende gehiagok aritu beharko du lanean, enpresak proposatutako lantaldearen handitzearekin ez delako nahikoa orain arte libratzen genituen asteburuak libratzen jarraitu ahal izateko".

Bereziki kezkatuta daude gai horrekin. "Kontuan hartuta guk urteko egun guztietan egiten dugula lan, eta oporrak sei txandatan ditugula, lana eta familia kontziliatzeko aukera bakarra asteburuetan dugu", nabarmendu dute.

Negoziazioak etenda

Euskotrenek "inposizioaren" aldeko hautua egin duela salatu dute langileen ordezkariek, eta jakinarazi dute uztailetik negoziazioak "apurtuta" daudela: "Azken bilera eduki genuen uztailean, eta esan ziguten eskertzen zutela gure lan guztia eta gure proposamenak, lan ona egin dugula, baina ezetz esateko unea zela", gogoratu du Untzuetak.

Enpresari langileekin esertzea "asko kostatu" zaiola uste du Zaratek: "2015eko irailetik ari gara enpresari bilerak eskatzen, baina aurtengo maiatzera arte ez dira eseri". Langileak mobilizatzen hasi eta gero lortu zuten lehenbizikoz enpresarekin biltzea.

Langileek aspalditik zekiten Arasora lekualdatuko zituztela, eta trenen maiztasuna handitu behar zutela jakin zutenean ekin zioten biltzeari, "aldaketekin kezkatuta". Batzar horietan definitu zituzten langileen eskaerak, eta enpresari helarazi. Oraingoz, baina, ez dute bat bera ere onartzerik lortu.

Apirilean hasi ziren mobilizazioekin. Paskinak banatu dizkiete erabiltzaileei lanuzteak iragarriz eta beren aldarrikapenen berri eman asmoz. Horrez gain, elkarretaratze isilak egiten dituzte Amaran. Baina ez da nahikoa izan."Ekainean enpresak eskatu zigun mobilizazioak bertan behera uzteko negoziazioekin jarraitzeko baldintza gisa".

Langileek baldintza hura onartu zuten. Aitzitik, keinu hura ez dela aintzat hartua izan salatu dute orain langileek:"Horren truke, enpresak inposatu ditu koadroak, eta ateak itxi dio edozein akordiori". Hori ikusita, Euskotreneko langileek mobilizazioei berriz ekitea eta lanuzteetara deitzea erabaki dute.

Denona norbere egiteko aukera

Denona norbere egiteko aukera

Maite Alustiza

2017ko aurrekontu zirriborroa prestatzen hasi da Gipuzkoako Foru Aldundia. 812 milioi euro izango ditu, eta "2016an hasitako lanari" jarraipena eman nahi dio —diru kopuru osoaren %46 gizarte politiketara bideratu du aurten, iaz baino 1,2 puntu gutxiago—. Aurrekontu "errealaren" gainean proposamen bat osatu du, eta orain "proiektu garrantzitsuenei buruz" galdetuko die herritarrei, Aurrekontu Irekiak egitasmoaren bidez. Imanol Lasa aldundiko Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak jakinarazi duenez, 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, eta hiru bide dituzte horretarako: etxeetan banatu diren esku orriak beteta, herriz herri ibiliko den karpara joanda edo Gipuzkoa. eus/irekia/partaidetza webgunearen bidez. Irailaren 26tik urriaren 13ra arte hamasei herritatik pasatuko dira; gainontzeko bi bideetatik jada eman daiteke iritzia. Ekarpenak baliozkotzat jotzeko, beharrezkoa izango da norbere datuak ematea, parte hartzeko bide bat aukeratu edo beste.

Bi ariketa egin ahalko ditu erabiltzaileak. Batetik, 1etik 10era zerrendatu beharko ditu bere "lehentasunak", garrantzitsuena denetik gutxienera. Zerrendan, 2019ra arteko Kudeaketa Plan Estrategikoan dauden lan lerroak agertzen dira: gizarte zerbitzuak, lurralde oreka, ingurumena, enpresen lehiakortasuna, kultura... Bestetik, proiektu zehatzen inguruko iritzia eman ahal izango da. Diputazioak hamasei aukeratu ditu, eta herritarrak horietatik zortzi lehenetsi beharko ditu. Proiektu horien artean daude, adibidez, Antzuola-Bergara zatiaren obra —55,5 milioi euroko aurrekontua dauka—; langileen parte hartzea enpresetan —bi milioi—; iruzur fiskalaren aurkako programa —1,3 milioi—; eta mendekotasunari aurre egiteko zentroak —1,1 milioi—.

Lasak azaldu duenez, "erabakiak hartu baino lehen, agenda publikoan dauden gai garrantzitsuenak kontrastatu" nahi dituzte. Dena den, zehaztu du bildutako proposamenak egingarriak diren ala ez ikusi beharko dutela: "Batzuetan agian ez dira gure eskumenekoak, edo gerta daiteke proiektu bat lizitatuta edo adjudikatuta egotea, eta ziur asko aldaketa gutxi egin daiteke". Azken horien artean obrak aipatu ditu.

Epeak

Egitasmoarekin, parte hartzerako "ate berri bat" ireki nahi du diputazioak, eta "berme osoa" duen prozesu bat eskaini. Dagoeneko hasi da lehen erantzunak jasotzen. Urriaren 14an bukatuko da iritzia emateko epea, eta, ordura arte, etxean jasotako esku orriak foru aldundiaren erregistroan edo tokian tokiko erregistro publikoetan aurkeztu ahal izango dira.

Gero, memoria bat osatuko du aldundiak, eta horretan zehaztuko ditu aintzat hartu dituen proposamenak eta arrazoiak. Aurreikusi dutenez, urri bukaeran onartuko dute aurrekontu proiektua, eta azaro-abenduan izango da eztabaida Batzar Nagusietan. Lasak uste du ez dela egokia diputazioaren egitasmoa hauteskunde kanpainarekin lotzea: "Epeak horiek izanda, ezin genuen atzeratu. Orain da momentua".

“Herrietako argiteria ez da arrazionalki kudeatzen udaletan”

“Herrietako argiteria ez da arrazionalki kudeatzen udaletan”

Maialen Igartua

Raul Lacalle (Ordizia, 1969) Aizkorpe Elektrikariak enpresako kudeatzailea da iazko irailetik. Hamar bazkideko kooperatiba bat da Aizkorpe, 1999an Zeles Sodupe elektrikariak sortua, eta Idiazabalgo Goardi poligonoan kokatuta dago. Hamazazpi urteko ibilbidean, garapen handia izan du enpresak, eta gaur egun ez dira instalazio elektrikoetara soilik mugatzen.

2013an Gonerlan sortu zuten, efizientzia energetikoaren ikerketaz eta garapenaz arduratzen den enpresaren ingeniaritza atala. Bide horretan, Gonerlux produktua kaleratu dute: bizikleta elektriko bati lotzen zaion argia neurtzeko luxometroa da, herri bateko argiteriaren diagnosia egiteko. Goiekik, Goierriko garapen agentziak, saritu egin du Gonerlux, berritzailea izateagatik.

Hasiera batean ohiko elektrizitate enpresa bat zen Aizkorpe, baina azken urteetan asko dibertsifikatu duzue jarduera. Nolatan?

Gure merkatua oso zabala da, eta sektore asko ukitzen ditugu. Lehen, batez ere, eraikuntza enpresentzat lan egiten genuen, baina azken lau urteetan, krisiagatik, dibertsifikatu egin behar izan dugu gure jarduera. Dibertsifikatzeko asmo horrekin, Aizkorpe Elektrikariak enpresaren barruan ingeniaritza atal bat sortu genuen 2013an: Gonerlan.

Zein da horren helburua?

Gonerlanen enfokea eraginkortasun energetikora bideratuta dago. Hortaz, Aizkorpek gaur egun ez ditu instalazioak soilik egiten. Proiektuak diseinatzen ditugu, auditoria energetikoak egin eta abar. Jendeak merkatuan oraindik ez gaitu identifikatzen enpresa integral baten modura; marketina aldatu beharra daukagu, elektrikariak baino gehiago garela komunikatzeko. Eta Goiekik emandako sariak lagunduko digu marketin hori egiten.

Gonerlux produktuagatik eman dizue saria Goiekik. Zein berezitasun ditu?

Merkatuan ikusi genuen behar bati erantzuteko sortu dugun produktua da. 2008an lege bat atera zuen Espainiak, eta lege horrek hainbat neurri betearazten dizkie udalei, argiztapen publikoari dagokionez. Bestalde, udalek gero eta eskaera gehiago egiten zituzten argiztapen publikoa aldatzeko. Errealitate horren aurrean, arazo bat identifikatu genuen: udaletan eta zerbitzu publikoetan, argiztapenari dagokionez, ez dituzte datuak garbi. Eta, aldaketa bat egiteko, datuak izan behar dira lehenik. Enpresa industrialetan hala funtzionatzen du: datuak jasotzen dira, diagnosi bat egiten da, eta aldaketak egiten dira datuek erakusten duten arazoa konpontzeko. Baina administrazio publikoak ez du horrela jokatzen. Herri txiki askotan ez dakite zenbat farola dituzten, ezta zein motatako farolak dituzten ere. Argiterian aldaketak egiteko diru laguntzak etortzen direnean, argiteria osoa aldatzen dute, baina aurretik zuten egoera ezagutu gabe. Aldaketa ez da datuetan oinarritzen.

Zein irtenbide aurkitu duzue arazo horrentzat?

Hauxe pentsatu genuen: lagundu egin behar diegu udalei herriko argiteriaren diagnostikoa egiten. Argi gutxi dago, asko dago, nahikoa da, ongi banatuta dago edo potentziatu beharra dago?

Diagnosi hori egiteko, sistema berritzailea garatu duzue. Nola funtzionatzen du?

Orain arte bazegoen sistema bat. Auto baten gainean jartzen zituzten neurgailu batzuk, eta errepideko argia neurtzen zuten. Hori baliagarria izan daiteke autobide bateko argiteria neurtzeko, baina ez Gipuzkoako herri txiki bateko kaleetako argiteria neurtzeko. Batetik, kale guztietan ezin direlako autoak sartu. Bestetik, altuera horretan neurtutako datuak ez direlako guztiz errealak. Guk garatu dugun sistema karro txiki bat da, neurgailu batzuekin —zunda luxometrikoak—. Lurretik 20 zentimetrora jartzen dira. Legediak hori eskatzen du, argia neurri horretara neurtzea. Karroa bizikleta elektriko bati ezartzen diogu. Horrela, gai gara, herri bateko kale eta bidegorri guztietatik pasatuz, argia neurtu eta geolokalizatzeko. Eskailerak badaude, eskuan hartzen dugu karroa, eta kitto.

Zein abantaila ditu zuen sistemak?

Oso ekologikoa da. Horrez gain, puntu zehatz bakoitzean zein argi kantitate dagoen esaten digu. Datu guztiak ordenagailuan sartzen ditugu, eta ordenagailuak grafikoetara pasatzen ditu. Horrek diagnostiko zehatz bat egitea ahalbidetzen digu. Grafikoan oso garbi ikusten da herriko zein gunetan dagoen argi gehiegi edo gutxiegi. Oso modu bisualean ikusten da argiaren banaketa herrian zehar.

Udalei zer eskaintzen diezue Gonerlux erabilita?

Sistema honen bidez, udal bati esan nahi diogu: zure gaixotasuna hau da. Gero udalak ikusiko du aldaketak egin nahi dituen edo nolako aldaketak egin nahi dituen. Udalak nahi izanez gero, guk proposatzen diegu nola egin aldaketak. Aldaketak egin ondoren, berriro neurtzen da herri osoko argiteria, eta beste grafiko bat egin. Bi grafikoak alderatuta, oso ongi ikusten da herriak izan duen hobekuntza.

Zein da udalek datu faltagatik egiten duten akatsik ohikoena?

Argiteria ez da arrazionalki kudeatzen udaletan. Oso ohikoa da herri osoan LED argiak jartzea, baina jartzeagatik jartzen dira. Ez dute pentsatzen agian argi gehiegi jartzen ari direla, edo ez dagoela ongi banatuta. Lehen zeuden bonbillak kentzen dituzte, berriak jarri, eta kitto. Eta kontuan izan behar da udal baten faktura elektrikoaren ia erdia argiteriak eramaten duela. Hori asko da. LED argiztapenarekin beti aurreztuko duzu dirua, edozein LED mota jarrita ere. Baina dena ez da aurreztea izaten. Sistema on eta eraginkor bat izatea da helburua.

Zein herritan probatu duzue Gonerlux?

Gabirian, Seguran, Getarian, Eibarren... Zerbitzua erabilgarri dago, eta, udalen bat interesatuta egongo balitz, gurekin harremanetan jarri besterik ez du. Beasaingo Udalak ere eskatu digu diagnosia.

Zein sari eman dizue Goiekik? Eta zer esan nahi du zuentzat sari horrek?

Enpresan buruturiko proiektu berritzailerik onena da Goiekik eman berri digun saria. Horrelako sariek erakusten dute enpresa txikiek ere badakitela gauzak egiten, eta geure buruarengan sinesteko balio digu. Bestetik, marketinerako oso garrantzitsua da. Gure enfokea momentu honetan Gipuzkoa da, eta sari bat jasotzeak gure produktua ezagutzera ematea ahalbidetzen digu.

Produktu honek balio erantsia ematen dio enpresari, eta hori saltzen jakin behar dugu orain. Guretzat garrantzitsua da jendeak ikustea ez garela instalazioak egitera bakarrik mugatzen. Horrelako sariek laguntzen dute horretarako.

Hegaldirik galdu gabe

Hegaldirik galdu gabe

Erik Gartzia Egaña

Urteak zeramatzan Hondarribiko aireportuak Espainiako Estatutik kanpoko helmugetara hegaldirik eskaini gabe. Hilaren 22an, Madalen Egunean etengo da madarikazio hori. Izan ere, egun horretan hasiko dira Hondarribiko eta Lutongo aireportuak —Londresko erdigunetik 48 kilometrora— lotuko dituzten hegaldiak. Horrela, udaran ohikoa izaten den Mallorcako hegaldiari batuko zaizkie. Irailaren 4ra arte egongo dira indarrean zerbitzuak, astean bina hegaldi eskainita: astearte eta ostegunetan.

Guztira, 48 hegaldi izango dira, eta, kalkuluen arabera, 2.400 bidaiari gehiago erakarriko dituzte Hondarribira. Air Nostrum hegaldi operadoreak eskainiko ditu bi hegaldi horiek. Urte osoan Madrilekin eta Bartzelonarekin lotzen dituzten hegaldiekin lan egiten du enpresak —Valentzian du egoitza—. Aireportuan lan egiten duen beste konpainia Vueling da, baina Bartzelonara joaten diren hegaldiak bakarrik eskaintzen ditu.

Londres-Lutongo aireportuarekin uda honetan Hondarribiatik egingo den lotura "proba" modukoa izango da, AENAko iturrien arabera —Hego Euskal Herriko lau aireportuak eta beste 42 kudeatzen ditu—: "Londresera joango den hegaldia termometro gisakoa izango da, eta, bezeroek emango dioten erantzunaren arabera, hegaldia mantendu ala ez erabakiko du Air Nostrumek. Bai operadore horrek baita gainontzeko konpainiek ere aztertuko dute zein eskari dagoen, eta horretan oinarrituta beste helmuga batzuk eskain ditzakete". Gipuzkoa "oso erakargarria" dela uste dute, turismorako zein negozioetarako, eta, horregatik, AENAk espero du gero eta nazioarteko hegaldi gehiago eskaini ahal izatea.

Bidaiari gehiago

Azken urteetan Hondarribiko aireportuak jasotzen duen bidaiari kopurua handitzen ari da, modu nabarmenean. Maiatzean eman zituen AENAk azkeneko datuak. Iazko hilabete berarekin alderatuta, bidaiari kopurua %3,5 hazi da. Operazio kopurua, berriz, %9,3 handitu da, eta maiatz arteko urteko operazio kopurua %6,3 igo da.

Datu horiek kontuan hartuta, maiatzean 27.358 bidaiari pasatu ziren terminaletik, eta urteko lehen bost hilabeteetan, berriz, 104.901 izan dira hegaldiren bat hartu dutenak. Astean, guztira, hamabi eta hamasei hegaldi artean eskaintzen ditu Hondarribiko aireportuak, eta horiei charterrak, hegaldi pribatuak edo aisia helburu dutenak batu behar zaizkie.

Bidaiari kopurua hazteko faktore bat izan daiteke Donostia 2016 kultura hiriburutza. AENArekin jarri da harremanetan Gipuzkoako Hitza, eta, enpresako ordezkariek esan dutenez, "oraindik goiz da" faktore horrek izan duen pisua aztertzeko: "Urte bukaeran ikusiko dugu ea zer-nolako eragina izan duen". Hala ere, ekitaldi garrantzitsuek beti puztu dute bidaiari kopurua; kongresuek, kirol ekitaldiek, kontzertuek edo dena delakoek.

Donostia, Gipuzkoa eta Euskal Herria, oro har, momentu gozoan daude turismo aldetik. AENAren arabera, aireportuetan "asko nabaritzen" ari da turisten etorrera: "Arlo horretan, erakunde publikoak egiten ari diren lana txalotzekoa da. Eskaintza turistikoa ongi egiten ari dira. Gipuzkoa zenbat eta ezagunagoa kanpoan, orduan eta jende gehiago etorriko da hona".

Esparruak ugaritu

Hondarribiko aireportuaren negozio esparruak ugaritzeko lanean ari da AENA. Astean zehar egiten diren bidaia komertzialen artean, ez dituzte sartzen hegaldi pribatuak. Izan ere, kopuru nahiko aldakorra da, eta sasoiaren arabera gehiago edo gutxiago egoten dira. Berez kopuru osoaren ehuneko oso txikia dela dio aireportua kudeatzen duen enpresak. Gainera, bidaiari gutxi mugitzen dituzte hegaldi bakoitzean. Hala ere, arlo hori lantzen ari dira, "negoziobide interesgarria" delako. Izan ere, tokiko ekonomian "eragin handia" dute, mota horretako hegaldiak egiten dituzten bezeroek eroste ahalmen handia dutela ziurtatu dutelako.

Operadore berriei dagokienez, Hondarribira erakartzeko lanean ari direla baieztatu du AENAk. "Kudeatzen ditugun aireportu guztiak eskaintzen dituen marketin saila dugu, eta ahalik eta operadore gehien erakartzeko lanean ari dira, Hondarribikora barne". Hori bai, konpainiak dira bide berri bat ezarri edo hegaldien maiztasuna areagotzea —ala gutxitzea— erabakitzen dutenak.

Orain dela bost urte Brusela eta Erroma helburu zituzten hegaldiak irteten ziren Bidasoaren bokalean dagoen aerodromotik. Ordutik, ez du lotu Espainiako Estatutik kanpoko aireporturik. Horretarako, Loiu (Bizkaia), Miarritze (Lapurdi) edo Noainera (Nafarroa) joan behar da.

Hondarribiko aireportuak, beraz, beste hiru ditu ehun kilometro baino gutxiagoko distantzian. AENAren ustez, "ongi" erantzuten die Bartzelonarekiko eta Madrilekiko lotura eskatzen duten bezeroei. Horrez gain, azpiegitura "egokiak" ditu etorkizuneko balizko eskaintza komertzialak jasotzeko, baita hegaldi charterrak edo pribatuak ere. Horregatik, ez dute aireportua handitzerik espero.

Amaierarik gabeko ilarak

Amaierarik gabeko ilarak

Aizpea Amas

Biriatuko ordainlekuaren erabiltzaileentzat, auto ilarak eguneroko traba bihurtu dira. Egun batean bai eta hurrengoan ere bai, ilarekin egiten dute topo. Azken zazpi hilabeteetan, 170 egunetan behintzat bai: hamar egunetik zortzitan. Luzeagoak edo motzagoak, gehiago edo gutxiago irauten dutenak, baina ohiko bihurtu dira, eta dagoeneko jendea nazkatzen hasia dago. Eguneroko erabiltzaile horien artean daude kamioilariak. "Etsita daude. Egoera hau pixka bat jasangaitza bihurtzen ari da. Egunero igarotzen dute muga, eta normala da haserre egotea", esan du Jaione Ugalde Hiru garraiolarien sindikatuko komunikazio arduradunak.

Eurokoparen harira eta muturreko talde islamisten mehatxuak direla medio, Frantziak kontrolak zorroztu ditu, hala nola bidesarietan. Biriatun sortzen diren ilarak horregatik dira, hein handi batean, baina ilarak ez dira sortu futbol ekitaldiarekin batera; areagotu bai, ordea. "Parisko atentatuen ondorenetik hasi ziren sortzen, kontrol gehiago jartzearekin batera. Hilabete batzuk daramatzagu horrela".

Egun guztietan ez dira izaten ilara berdinak, eta badira arazo gehiago sortzen dituzten egunak; normalean asteartea eta ostirala izaten direla azaldu du Ugaldek: "Egun horietan iristen dira mugara penintsulan kargatu eta Europa iparraldera joaten direnak. Lau ordu ere galdu izan dituzte". Horrek, batetik, ondorio ekonomikoak ekartzen ditu. "Gidatzea araututa dago, eta takografo bidez kontrolatzen da: ordu finko batzuetan gidatu behar dute, eta beste hainbat orduz atseden hartu. Gidatzeko lau ordu badauzkate atseden hartu aurretik, eta geldituta bi badaude, kilometro horiek egiten ez dituzten orduak dira". Horrek karga berandu iristea eta galera ekonomikoak ekar litzake, baina, Ugaldek nabarmendu duenez, lan egoera ere okertzen da. "Azkenean, estres edo deserosotasun bat sortzen du itxaroten egon beharrak, badakizulako ez duzula beteko zure bezeroarekin, geldirik zaudela eta ez zarela lanean ari".

Joan den astean, horixe gertatu zitzaion Raul Gaspar kamioilariari; haren kasuan, ordea, ostegunean izan zen: "Hiru ordu egin nituen gasolina zerbitzugunean geldirik, eta, gero, beste bat errepidean. Denbora tartea badugu entregak egiteko, baina ez nuen iristerik izan". Valentzia-Paris ibilbidea egiten du astero Jose Ramon Ibañezek, eta ilarek denbora estutzen dietela dio hark ere: "Normalean aurkitzen ditugun oztopoei —obrei, adibidez—, beste bat gaineratu behar zaie orain". Azaldu du, gainera, kontrola tokatuz gero beste 30 minutu gehitu behar zaizkiola. Horietan, takografoa, gasolioa eta karga begiratzen dituzte, garraiolariaren esanetan. Horrenbestez, helmugaren arabera, lauzpabost ordu edo egun bat beranduago iristea eragin dezake horrek guztiak, Ugalderen arabera, "eta horrek eragina izan dezake garraiatze osoaren prezioan".

Mugetako kontrolak ez daude Biriatun bakarrik. Baina kamioilariek adierazi dute beste toki batzuetan ez dela horrelako ilararik izaten. Gasparrek bezala, Ibañezek ere Junquerako (Herrialde Katalanak) muga igarotzen du, eta, dioenez, han ere tarteka badira ilarak, baina ez hain luzeak; "Gehienez, 25 minutukoak". Ugaldek dio Frantzia eta Belgika areko mugetan ere ez direla horrelako ilarak sortzen: "Ez dugu ondo ulertzen zein den arrazoia".

Kabina gehiagoren beharra

Ilarak kudeatzeko modua egon daitekeela iritzi dio Ugaldek: "Kontrolak egitea ulertzen dugu, baina agian gauzak beste modu batera bideratu behar dituzte. Adibidez, kabina gehiago irekiz edota polizia gehiago jarriz".

Kabinak dira, kontrolekin batera, inbutua sorrarazten dutenak, kamioilarien esanetan. Horiek irekitzearen alde agertu da Joao Ervideira, Lisboa-Paris ibilbidea egiten duen kamioilaria. Izan ere, Biriatun bi kabina baino ez dituzte bideratzen kamioientzat, eta horri egotzi dio ilarak sortzea Salvador Ponce kamioilariak, haserre. "Kontrolak? Ze kontrol? Ez dute ezer begiratzen eta! Ez niri, ez inori. Hogei kamioitik bat begiratzen dute. Kabina bat edo bi ireki beharrean, guztiak edo lauzpabost irekiko balituzte, ez lirateke ilarak sortuko. Joan den astean, ordu eta erdi galdu nuen. Beti berdin!".

Kabina gehiago irekitzearekin batera, pasabide gehiagorekin zirkulazioa azkartuko litzatekeela uste du Ugaldek. Lan egiten ari denari lan egin ahal izateko moduak jarri beharko litzaizkiokeela gaineratu du Hiruko kideak, eta zehaztapen bat egin du: "Azkenaldian entzuten ari gara kamioiek sortutako ilarak direla. Eta kamioiek ez dituztela ilarak sortzen, pairatu baizik".

Ez dago argi honek guztiak noiz arte iraungo duen, eta luze joko duelakoan dago Ugalde: "Eurokoparen ondoren, Tourra dator. Gainera, udan sartzen ari gara, eta zirkulazioaren gorabeherak handiagoak izaten dira, turismoa dela eta. Uda partean errepideetan komeriak edukitzen baditugu, pentsa honekin zer gerta daitekeen". Horregatik, uste du egoerak lehenean segituko duela edo okerrera egingo duela: "Printzipioz, ez dugu ikusten hobetuko denik".

Oraingoz, beraz, itxarotea tokatzen zaie kamioilariei. Ibañezek filosofiaz hartu du egoera, eta honako hau du ilaran egotea tokatzen zaionetarako erremedioa: "Pazientzia edukitzea".

Bisitatzetik esploratzera

Bisitatzetik esploratzera

Eider Goenaga Lizaso

Miyuki Donostiara etorri da Japoniatik, goi mailako sukaldaritzak erakarrita. "Donostia oso ezaguna da Japonian; batez ere, bere gastronomiagatik. Amestutako jomuga bat zen guretzat". Donostian, Michelin izardun jatetxeak eta pintxoak ezagutzen dituzte, baina hotelean sagardotegi garaia dela esaten diete, eta Astigarragan egiten dute hurrengo geldialdia. Ordiziko asteazkenetako azokari buruz ere hitz egiten diote Miyukiri, eta bertara joan dira bikotekidea eta biak, trena hartuta. "Asian merkatu asko daude kalean, baina bat ere ez da honelakoa", dio, bertako nekazariek ekoitzitako produktuen kalitateari erreparatuta. Japoniako beste familia batekin aurkitzen dira Ordizian, Hokkaidokoak,haiek ere azoka ikustera joandakoak.

Miyuki Gipuzkoako turismo marka berriaren iragarki bateko protagonista da, eta haren istorioa turistak Gipuzkoako barnealdera erakartzeko eraikia dago. Hokkaidoko familia egiazko familia bat da, ordea; iragarkia grabatzen ari zirela Ordizian topatutakoa, eta Donostiara gastronomiak erakarrita etorritakoa. Bideoaren izenburua: Explore San Sebastian Region.

Joan den martxoan, Sevatur turismo azokan aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak turismo marka berria. Logoa eta leloa aldatu dituzte. Visit beharrean Explore da orain; eta Gipuzkoa beharrean, San Sebastian region. Markaren irudiari erreparatuta, kuboekin osatutako Gipuzkoako mapa bat da logo berria, lurraldearen "eskaintza poliedrikoa" islatzen duena eta bertako bi artista handiri —Eduardo Txillida eta Jorge Oteiza— keinua egin nahi diena.

Ornitorrinco publizitate agentziak diseinatu du marka berria, foru aldundiko Turismo Zuzendaritzaren enkarguz. "Arazo batekin etorri zitzaizkigun: turistak Gipuzkoa ez duela ezagutzen eta, ondorioz, Gipuzkoako eskualdeak turismoari saltzeko zailtasunak daudela. Donostiak halako indarra du, turista guztien arreta fagozitatzen duela", azaldu du Xabier Ayalak, Ornitorrincoko gerenteak.

Aurretik Visit Gipuzkoa zen turismoa erakartzeko leloa, eta leloari erreparatu zioten lehenbizi marka berria diseinatzeko garaian. "Visit ingelesezko hitza den arren, aurreko kanpaina diseinatu zutenek ulertu zuten edozeinek ulertzeko modukoa zela: visit, visitar, visiter, bisitatu...". Abiapuntu egokia ikusi zuten horretan Ornitorrincokoek, eta visit ordezkatzeko aditzaren bila hasi ziren.

Bidaia bat zer den eta bidaiariak zer bilatzen duen hausnartu, eta bidaiatzea abentura bilatzea dela, lurralde berriak aurkitzea dela eta esploratzea dela ondorioztatu zuten. "Bidaiariari beti gustatu izan zaizkio ohiko turismo zirkuituetatik kanpoko tokiak; bertakoek aholkatu eta turismo gidetan ez dauden txokoak aurkitzea da bidaiariaren helburua". Eta hori islatuko zuen kontzeptuaren bila, explore aditza aukeratu zuten. "Visit bezala, explore aditza ere egokia da nazioarteko merkatura zabaltzeko: edonork ulertzeko modukoa, ia edozein hizkuntzatan".

San Sebastian Region

Donostiako erakartze ahalmenari nola aurre egin; horixe bigarren buruhaustea. Turistak Donostia ezagutzen du, eta Donostiaz gain, agian bizpahiru leku gehiago bisitatzen ditu —Hondarribia, Getaria, Loiola, Arantzazu...—, baina zaila da bisitaria horietatik ateratzea. "Gure ustez Donostia izan daiteke arazo bat, baina aldi berean aukera bat ere ematen digu. Aprobetxatu dezagun Donostiaren izena lurralde guztia saltzeko. Hori egiten dute bilbotarrek, Bilbo Handiaren aterkipean lurralde guztia hartzen dute; eta erdi-txantxetan Kontxa Bilboko hondartza dela esaten dute. Zergatik ez gauza bera egin?".

Gipuzkoak ezagutzeko moduko toki asko dituen arren, horiek nazioarteko bezeroari saltzea konplexua dela dio Ayalak. "Ikuspegi zabala izan behar dugu. Izan ere, Zumarragako Antiguako ermita oso-oso polita izango da, baina jomuga turistiko bakar gisa, ez du funtzionatzen". Nazioarteko hainbat ereduri erreparatuta, Gipuzkoa erabili beharrean San Sebastian Region kontzeptuaren aldeko apustua egin zuten publizitate agentziakoak: "Loirako eskualdea edo Akitaniako eskualdea saltzen diren bezala, guk Donostiako eskualdea salduko dugu".

Aldaketa horrek beldur pixka bat ematen ziela aitortu du Ayalak. "Ez genekien oso ondo jendeak nola hartuko zuen. Denis Itxaso diputatuari eta Maite Cruzado zuzendariari aurkeztu genien, eta gustatu zitzaien; baina gero esan ziguten eskualdeei aurkeztu behar geniela, eurentzat ezinbestekoa zela eskualdeek ere kanpainarekin bat egitea". Hala, eskualdeetako turismo mankomunitateen aurrean egin zuten aurkezpena Xabier Ayalak berak eta kanpainaren diseinuaren ardura izan duen Jesus Arak. "Beti Donostia, beti Donostiarekin bueltaka... Jendeak hori gaizki har zezakeela pentsatzen genuen. Baina, hamalau bat lagun etorri ziren, eta berehala harrapatu zuten ideia, gustatu zitzaien. Turistek Gipuzkoa ezagutzeko modua zela ikusi zuten, eta bat egin zuten gure ideiarekin". Ayalaren hitzetan, "inportantea" da eskualdeen iritzia kanpainaren onarpenerako. "Azkenean, eurak dira hau sinistu behar dutenak"

Donostia izena lelotik kanpo gelditzeari buruz ere egin zuten gogoeta. "Baina, nazioartean zabaltzeko lelo bat behar genuen, eta nazioartean euskarazko izena ez, baizik eta San Sebastian izena ezagutzen dute. Beraz, zalantzak izan genituen arren, hori izan zen apustua".

Eskaintza poliedrikoa

Logoaren koloreek Gipuzkoak eskaintzen dituen itsasoa eta mendia islatzen dituela dio Ayalak; "itsasoa iparrean eta mendia hegoaldean". Gipuzkoako mapa kuboekin eraikitzeak, berriz, bi arrazoi nagusi ditu. "Batetik, ulertzen dugulako Gipuzkoak itsasoa eta mendia baino askoz gehiago eskaintzen duela, eskaintza poliedrikoa dela: gastronomia, tradizioa, kultura, artea... Ildo horretan, arteari egiten diogu keinua logoarekin. Gipuzkoan bi eskultore handi ditugu, Txillida eta Oteiza, euskal eskulturgintzaren ikurrak biak. Haien lanetan asko erabiltzen dira karratuak eta kuboak, ertz oso markatuak, eta hori ere islatu dugu".

Kuboekin lurraldeko mapa egiteak, bestalde, leloan agertzen ez den Gipuzkoa hitza ordezkatu nahi duela azaldu du Ayalak. "Nik uste dut eskualdeetan ondo hartu zutela leloa, logoak Gipuzkoa oso garbi islatzen duelako, eta oreka bat dagoelako".

Marka eraikita, orain marka hori zabaldu eta ezagutarazteko garaia da. Ayalak itxaropenez begiratzen dio etorkizunari: ohiko bideetatik zein sare sozialetatik Explore San Sebastian Region leloa zabaltzen ari dela eta emaitzak izango dituela iritzi dio.

Herri txikiak “erakargarri eta lehiakor” egiteko, lau neurri

Herri txikiak “erakargarri eta lehiakor” egiteko, lau neurri

Maite Alustiza

Eskualde "sendoak" ditu Gipuzkoak, baina haien barruan desoreka "handiak" daude herri txikien eta handien artean. Herri txikiek eta landa eremukoek zailtasunak dituzte, besteak beste Internet sare egoki bat izateko. Desoreka horiei aurre egin nahi die Gipuzkoako Diputazioak, eta, horretarako, 25 milioi euroko diru saila jarri du Landagipuzkoa+ programarako. Markel Olano ahaldun nagusiak azaldu duenez, Gipuzkoako herritar guztiek oinarrian "pareko bizi kalitatea" izatea da helburua. Asmoa bikoitza da: biztanleriari eustea batetik, eta landa eremuak "erakargarri eta lehiakor" egitea bestetik. Joan den ostiralean eman zieten planaren berri herrietako ordezkari eta eragileei, Albizturren.

Lau neurri biltzen ditu egitasmoak, bi ataletan banatuta. Planaren lehen atala 2.500 biztanle baino gutxiago dituzten Gipuzkoako 48 udalerrientzat da. Horren barruan, bi ekintza egingo dituzte: zuntz optikoa jartzea eta sustapen ekonomikoko "proiektu estrategikoak" garatzea.

Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko diputatuak ziurtatu du legealdi honetan iritsiko dela zuntz optikoa 48 herriguneetara —baita herri horietako beste auzo batzuetara ere—. Neurri horrekin, informazio eta komunikazio teknologien garapena herriguneetara eraman nahi du aldundiak: "Udalerri horietako bizilagunei zerbitzu bat eskaintzeaz gain, jarduera ekonomikoarekin ere guztiz lotuta dago".

Proiektu estrategikoei dagokienez, berriz, herri txikietan aktibitate ekonomikoa bultzatu nahi dutenei babesa ematea biltzen du foru aldundiaren programak. Hortaz, 48 udalerrietan dauden edo egon daitezkeen egitasmo "lehiakorrenak eta erakargarrienak" diruz lagunduko dituzte. Toki bakoitzean herriko ordezkariekin adostuko dute zein proiektutara bideratu laguntza hori.

Egitasmoaren bigarren atalarekin, landa eremuetan antzemandako "gabeziei" erantzun nahi die diputazioak. Bi izango dira lan lerroak: baserri bideak konpontzea, eta argindar sarea berritzeko plana.

Lurraldeko landa eremu guztiak sartzen dira planaren bigarren atal horretan, ez soilik 2.500 biztanle baino gutxiagoko 48 herriak. Aizpururentzat, baserri bideak berritzea "ezinbesteko inbertsioa" da baserritarren bizi kalitatea bermatzeko. Azaldu duenez, Gipuzkoan ia 3.400 kilometro baserri bide daude, eta gehienak "gaizki" daude. Une honetan egoeraren argazkia eta balorazio ekonomikoa egiten ari da diputazioa, baina, aurreikusi duenez, gutxienez 1.500 kilometrotan egingo dituzte hobekuntzak.

Baserri bideak txukuntzeaz gain, landa eremuetako sare elektrikoak dituen arazoei irtenbidea eman asmo die diputazioak. Aizpuruk esan duenez, Gipuzkoako sare elektrikoa 1990. urte inguruan jarri zen martxan: "Orain, kontagailu digitalekin-eta, zaharkituta geratu da. Potentzia igoerarekin edo ustiapen hazkundearekin izen emate gehiago egin diren neurrian, beharrei ez zaie egokiro erantzun".

Hori hala, "modernoagoa" izango den eta "ahalmen handiagoa" edukiko duen sare bat osatu nahi dute; diputatuak ziurtatu du legealdi bukaerarako jarrita egongo direla 37 transformadore berri, eta "kilometro ugaritan" lineak berrituko dituztela.

Txikien garrantzia

Programaren berri ematean, Olanok nabarmendu du herri txikiek Gipuzkoan duten garrantzia. Haren arabera, "Gipuzkoako nortasunaren oinarrietako bat" dira, eta Gipuzkoa "lehiakorra, adimentsua, orekatua eta sortzailea izan dadin, ezinbestekoa da herri txiki eta eskualde indartsuak izatea".

Ateekin batera aukerak zabal daitezen

Ateekin batera aukerak zabal daitezen

Maite Alustiza
Kontserba potoak prest daude, baina hutsik. Prest daude hozkailuak, baina ez dute ezer hozten. Makinak muntatuta eta ekoizleak lanean hasteko gogoz. Hirurehun metro koadroko espazio batean daude denak, Zaldibiako Goizane zentroan. Nekaza...

“Prezioa da puntu ahulena”

“Prezioa da puntu ahulena”

Maite Alustiza

Gaur ez da antxoetara ontzirik aterako. Azken asteetan asko arrantzatzen ari dira, eta, salmentak dezente merkatzen ari direnez, hala adostu dute Kantauriko kofradiek. "Ostirala izaten da egunik txarrena salmentarako prezio aldetik, eta horregatik hartu da erabaki hori". Miren Garmendia Gipuzkoako Arrantzale Kofradien Federazioko idazkariak azaldu duenez, kuota kontsumitzen doa pixkanaka, eta ez dute kanpaina "azkarregi moztu nahi". Asteazkenean, esaterako, Ondarroako (Bizkaia) salmentak eten behar izan zituzten, guztientzat kutxarik eta izotzik gabe geratu zirelako —milioi bat kilo porturatu ziren—. Aste honen ondoren, berriro balorazioa egingo dute kofradiek; arrantza nola doan ikusten joango dira, eta horren arabera hartuko dituzte erabakiak.

Ondo doa antxoaren kanpaina. Arrantzak erregularki egiten ari dira, eta barku gehienak egunero ekar dezaketen gehieneko kopurua ekartzen ari dira: ontzi handiek 10.000 tona antxoa arrantzatu ditzakete; txikiek, berriz, 8.000 tona. Era berean, arrantzaleak gertu harrapatzen ari dira antxoa, eta hori ere positibotzat jo du Garmendiak: "Egoera onean dagoenez, antxoa zabal dago, gertu kostatik. Horrela gastu gutxiago izaten dira".

Kanpainari alde txarrik ateratzekotan, bat aipatu du Garmendiak: "Prezioa da puntu ahulena". Dioenez, gorabeherak daude antxoaren tamainaren arabera, baina orokorrean ez da oso ona izaten ari. Kofradien federazioak emandako datuen arabera, antxoa oso handiak lau edo bost euroan egon daitezke, baina batez bestekoa bi eurotik beherakoa da, 1,30 eta 1,50 euro artekoa. "Bi eurotik gora ondo legoke, baina hori ere tamainaren arabera. Oraingoz egon da fabrikatarako antxoa, lehengo urtean kexatzen ziren, baina prezioan ez dugu ikusten alderik egon denik iaztik".

Arrantzaleek oraindik ez dakite zenbateko kuota izango duten. Bruselak iaz egin zuen banaketa kontuan hartuta, Espainiari 22.500 tona antxoako arrantzua dagokio, baina Madrilek ez du oraindik erkidegoen artean kuota banatu. Uneotan Madrilekin negoziatzen ari dira kuota zehatzaren inguruan; aste honetan bilerak izan dituzte. "Aldaketa bat eskatzen dugu. Guk kudeaketa plan bat adostuta daukagu frantses arrantzaleekin eta zientzialarien babesarekin, eta plan horretan baditugu formula batzuk non kuota hori igotzen den". Esperantza badauka Garmendiak: "Aukera badago, eta hori baliotu nahi dugu. Komite kontsultiboan administrazioaren aldetik hori baliotzen bada, gero tramite administratiboa bakarrik geratuko litzateke".

Kuota igo ahal izateko arrazoien artean, arrantzaren egoera ona aipatu du Garmendiak, biomasaren eta stockaren aldetik. 2005. urtetik 2009ra debekatuta egon zen antxoa arrantzatzea, asko gutxitu zirelako, baina azken urteetan susperraldia izan du: iazko datuen arabera, antxoaren biomasa 142.000 tonakoa da Bizkaiko golkoan, kopururik handiena 1987. urtetik. "Biomasak balio historikoak eman ditu bai iaz eta bai aurten, eta horren baitan ikusten dugu aukera badagoela zerbait gehiago arrantzatzeko. Gauzak gaizki daudenean denok egin behar dugu esfortzua gauzak murriztuz; ba, ondo daudenean ere zergatik ez. Aukera gehiago baldin badago, aprobetxatu egin behar dugu".

Berdela eta hegaluzea

Berdelaren kanpaina martxoan hasi zen, eta azkenetan da. "Kuota oso mugatua daukagu, erraz betetzen da. Gutxi batzuei geratzen zaie zerbait arrantzatzeko, baina laster bukatutzat emango dugu". Prezioei dagokienez, iazkoarekin alderatuta "zertxobait" igo dela dio Garmendiak, baina "oso gutxi". Urteko lehen berdelak kiloko 0,77 euroan saldu zituzten, batez beste.

Hegaluzearen kanpaina, berriz, uztailean hasiko da. Iazkoa betez gero pozik leudekeela dio Garmendiak. Iaz guztira 5 milioi kilo hegaluze harrapatu zituzten —2014an 2,9 milioi eta 2013an 3,6 milioi—. Stocka ondo dago, Garmendiaren arabera, baina hegaluzearen kanpaina beti dute kezka: "Itsasoak agintzen du. Hegaluzea migratorioa da, eta batzuetan gehiago sartzen da golkoan, besteetan urrutiago dago... Ikusi beharko da".

Maiatzean urtebete da Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek Euskal Kofradien Federazio Nazionala sortu zutela. Sektorearen interesak elkarrekin defendatzeko batu ziren, eta elkarlana bide onetik doa: "Kuoten banaketan, berdelarena eta txitxarroarena elkarrekin kudeatu ditugu, eta hori positiboa da. Gure berezitasunak ditugu alde batean eta bestean, baina gero eta harreman hobea dago euskal arrantzaleen artean, eta horrek eramango gaitu elkartasun osora".