gipuzkoa

1978an bi neska gazteren eskaera, parte har zezaten

Neskek Irungo alardean parte hartzeko lehen ahaleginak 1970eko hamarkadan egin ziren. 1976an hasi ziren planteatzen, Alardeko Musika Bandako zuzendariordeak hiru emakume sartzea proposatu zuenean. Alardearen Batzordeari egin zion proposamena, baina ba...

Etxean ikusia, plazan erakutsia

Etxean ikusia, plazan erakutsia

Maite Alustiza

Urdanibia plazan nabari da sanmartzialen atarian daudela. Txosnak muntatuak dituzte, baina botilak barra gainean daude oraindik, eta lurrean. Lurrean ere jendea, gazteak eta helduak, giroa berotzen, nahikoa bero ez balego bezala: astearteko iluntzeko zortziak dira, eta 30 gradu markatzen ditu kaleko termometroak. Skola Musik akademiako nerabe eta gazteak kontzertuak ematen ari dira plazako agertokian. Lukas Grahamen 7 years abestia kantatzen ari da neska bat: "Once I was twenty years old...". (20 urte izan nituen behin...). 20 urte badituzte han dabiltzan lau neskak, eta laster plazara iristear den beste musika batez galdetu die kazetariak. "Alardea? Egunean bertan joango gara, baina entseguak ikustera... Hemendik ere entzuten da". Aurten, hogei urte dira emakumeek lehenengoz Irungo alardean parte hartu zutenetik, eta urteurren horren aitzakian, hogei urteren bueltako gazteen iritziak bildu ditu Hitza-k, entsegu egunak aprobetxatuta.

Hallelujah kantua hasi dute oholtzan, eta minutu gutxira iritsi da Urdanibia plazara Ama Xantalen konpainia, Peña kaletik barrena. Irungo alde zaharreko konpainia da, neskez eta mutilez osatua. Haiei begira ari da lagunekin Ane Erasun, 22 urteko irundarra. Bi urtez atera da alardean, baina, ikasketak kanpoan egiten ari denez, azken urteetan ez du parte hartzerik izan. Dena den, kanpotik bada ere, neska-mutilak babesten ditu. Dioenez, parekidean parte hartzeagatik ez du kontrako jarrera "bortitzik" jaso, baina kontra egote horrekin ez dator bat: "Ez dut ulertzen jarrera hori, are gehiago jende gaztearen partetik". Uste du etxetik jasotakoak zerikusi handia duela: "Niri betidanik erakutsi izan didate beste edozein gauzatan bezala, festatan edo kiroletan, neskek eta mutilek berdin-berdin parte har dezaketela". Txikitatik bizi baitute askok alardea Irunen. Horren erakusle dira Ama Xantalenekoei begira dauden aitona-amonak eta bi bilobak; txaloka ari dira guztiak, eta neska txikiak, karrotxoan eserita, txilibitua du eskuan. Berriro plazatik pasatu direnean desadostasun keinu bat egin die gazte batek; behin baino gehiagotan errepikatu du. "Ez zaizu gustatzen?", galdera. "Ez". Zergatiaz galdetuta: "Zergatik ez". Eta barrea.

Entseguari arreta handirik jarri gabe baina plaza inguruko giroan dabil mutil kuadrilla bat, 20-25 urte bitartekoa. Aritz Fernandezek eta Josu Antiak ondo ikusten dute nesken parte hartzea. "Lehengoa ez dut ulertzen, eta orain batzuek daukaten pentsamendua ere ez. Ze arazo dago? Berez kontzientziatuago egon beharko genuke, baina gai honetan ez du horrela funtzionatzen", dio Antiak. Bat dator Fernandez: "Denoi gustatzen zaigu festa egitea; beraiek lehengo modura nahi badute, behintzat utz diezaietela atera nahi duten neskei lasai ateratzen".

Auzia bertatik bizitzea

Urdanibia plaza utzita, Oiasso museo aldera doa kazetaria, Erromes plazatik aterako den konpainiarengana. Istillaga plazatik pasatzean, ordea, txistu hotsak entzun eta bidea desbideratu du. Neska-mutilen Santiago konpainia ari da ibilbidea egiten, eta haien bide bera egiten, espaloitik, dozena erdi bat lagun. Olatz Ugarte kantineraren taldeak ere gazte ugari biltzen ditu. Kale paraleloetako batean, errepidea noiz libratuko zain daude Maider Arana eta Iraia Jauregi, autoaren aldamenean. 20 urte ditu Aranak, eta 23 Jauregik. Hondarribitik eta Donostiatik etorriak dira Irunera, erosketak egitera. Alarde tradizionalaren alde egin du Aranak. "Nik uste gaia ulertzeko handik bizi behar duzula. Berdintasunaren alde nago, baina ondo ikusten dut alardea lehen egiten zen bezala egiten jarraitzea". Tolosako eskopetarietan neskak eta mutilak normaltasunez ateratzen direla azalduta, ildo beretik erantzun du: "Ez da gauza bera".

Familiako tradizioa

Erromes plazara bidean galdetzaileen artean lauzpabost gaztek uko egin diote gaiaz hitz egiteari. Plazara iristerako, 21:30 dira. Jai giroan dabiltza neska-mutilak, aita-amak, aitona-amonak. Plaza txikia da, balkoiez betetakoa, eta leihoetan jendea ageri da jada. 7-8 urteko mutiko bat danborra astintzen dabil; haren inguruan hiru neskatilak salto egiten dute, danbor kolpeen erritmoan.

Buenos Amigos konpainia tradizionalaren entsegua hastear, plaza erdialdera gerturatu da neska gazte talde bat. Nerea Telleria eta Junkal Amenabar dira horietako bi; 21 eta 22 urtekoak. "Aitona ateratzen zen, osaba ere bai, aita... Ondo iruditzen zait tradizioari jarraitzea, eta nik gozatzen dut ikusten aterako banintz bezainbeste", dio Telleriak. Alardeetan kantinera ez den beste postuetan andreen parte hartzeak sortzen duen gatazka aztertuko duela iragarri berri du diputazioak. Horri buruz galdetuta, alderdi politikoen arteko ika-mikak txarretsi ditu Amenabarrek: "Kontua gehiago nahastu nahi dute batzuek, eta ez esaten duten bezala berdintasuna eta abar".

Etxeko atarian sartzen ari da Julen Martin. 18 urte ditu, eta ez dio aparteko interesik eragiten alardeak. "Niri berdin zait bat ala bestea, ez zait interesatzen. Bakoitzak egin dezala nahi duena". Bien bitartean, plazan inguratu dute Sonia Villaverde kantinera, eta eman diote oparia, kantinerei oparitu ohi dieten upeltxoa. Jarraian, borobilaren erditik atera eta erdian jarri da txistua eskuan duen mutila. Hasi dira jotzen. Kide baten kamisetak hala dio: Irungo alardea 1880tik.

Errenterian zarata mapa aurkeztu nahi du udalak

Errenterian zarata mapa aurkeztu nahi die udalak herritarrei, eta, horretarako, hainbat bilera egin ditu inguruko auzotarrekin. Azkenengoak Galtzaraborda, Igantzi, Kaputxinoak eta Alaberga auzoekin egingo dituzte, herriko udaletxeko areto nagusian, da...

Soinu maila baxuan

Soinu maila baxuan

Olaia Iraola
Eskola Agenda 21 programaren barruan, Urnietako Egape ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleek soinu maparen inguruko lana egin dute. Proiektuaren helburu nagusia eskola eta herria garapen iraunkorrerantz bideratzea izan da. Ikastolako musik...

Euskal literatur zaleen bilgune

Euskal literatur zaleen bilgune

Maialen Igartua
Futbolak, auto lasterketek, txirrindularitzak, musika taldeek... zale ugari mugitzen dituzte. Ez da literaturaren kasua. Gutxi dira literatur zaleak, eta eremua are gehiago murrizten da euskarazko literaturari buruz aritzean. Hain zuzen...

[Herriz herri] Beizama. Biztanleria kezka, haztea xede

[Herriz herri] Beizama. Biztanleria kezka, haztea xede

Julene Frantzesena

Gipuzkoako herririk garaiena da Beizama; 485 metrora dago kaskoa. Udalerriari Erdi Arotik datorkio Unibertsitate titulua, garai hartan herriak Saiaz Handiko udalerrien interesak defendatzeko ardura zuelako. Beasainekin, Albizturrekin, Bidaniarekin, Errezilekin eta Azpeitiarekin egiten du muga, eta Urola Kostako herri txikiena da biztanleei dagokienez; izan ere, 164 lagun bizi dira gaur egun Beizaman.

Datu horrek kezkatzen du, besteak beste, Nekane Otaño alkatea (Beizama, 1966). "Aurreko agintaldian etxe batzuk egin zituzten, eta 25 bat lagun-edo etorri ziren bizitzera. Baina beheraka doa biztanle kopurua. Adinekoak hil ahala, baserriak ere husten ari dira. Gazteak hemen geldi daitezen etxeak egin behar dira. Baserrietatik ere alde egin dute gazteek, eta zaila da horiek berriz itzultzea. Erronka ederra daukagu, eta ez dakit jendea erakartzea lortuko dugun. Dena den, bada mendi ingurua-eta gustatzen zaion jendea, eta gure helburua hori da, jende hori erakartzea, herriari bizia emateko".

Horri lotuta, etxe berriak egin nahi dituztela dio: "Diru gutxi dugu, eta ateak jotzen ari gara dirua lortzeko. Izan ere, gazteak erakartzeko bidea izan daiteke etxeak eraikitzea".

Aizarnazabal (%12,2) eta Azkoitiaren (%11,5) ostean, Urola Kostan langabezia tasa altuena duen herria da Beizama: aurtengo maiatzean hamar herritar zeuden lanik gabe (%11,4); 2015eko maiatzean, berriz, bost. Otañok dioenez, langabezia tasa igo egin da, baina, Beizama hain herri txikia izanik, "herritar bat langabezian gelditzean asko igotzen da ehunekoa". Gainera, "industriarik ez dagoenez, beizamar gehienek herritik kanpo lan egiten dute".

Beizamako Udalak joan den martxoan onartu zuen behin-behinean Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, hau da, herria nola antolatuko den jasotzen duen txostena. Alegazioak sartu dizkiote txostenari, eta, orain, arkitektoa ari da hura osatzen. Bukatzean onartuko dute plana, udalbatzarrean. Otañok adierazi duenez, "garrantzitsua" da plan orokorra, han jasotzen delako "herriaren diseinua nolakoa izango den, etxeak eta lantegiak non eta nola eraiki ahalko dituzten edo aisialdiko ekintzak non egin ahal izango diren".

Alkateak dioenez, aurreko plana "zaharkituta" gelditu da, eta orain arte "egin ezin ziren hainbat lan" gauzatzea ahalbidetuko du berriak: "Plana esku artean ditugun egitasmoetara egokituko dugu, eta behar berriei erantzuteko aukera emango digu. Adibidez, etxebizitzak egiteko aukera gehiago izango dugu, edo lehendik eta zahartuta dauden baserrietan aldaketak egin ahal izango ditugu".

"Asmatu" dute parkearekin

Aisialdiari lotuta eman ditu pausoak udalak. Joan den agintaldian hasitako proiektua, umeentzako parke estalia, urtarrilean inauguratu zuten. Herriko plazako Ostatu Zaharraren beheko solairuan dago jolastokia, eta, alkatearen ustez, "asmatu" dute parkearekin: "Bertako nahiz kanpoko bisitarientzat toki egokia da. Jendea ibiltzen da bertan, batez ere, asteburuetan. Ondo funtzionatzen du".

Bestalde, familientzako eta, oro har, bisitarientzako ibilbide bat ere sortu dute. Beizamako ahotsa jarri diote izena; izan ere, antzinako Beizamako historia jaso dute ibilbidearekin. "Ordu eta erdi inguruko ibilbidean, Beizama inguruak ezagut daitezke. Panel interpretatiboak jarri ditugu, eta, horien bidez, beizamarren bizimoduaren eta bertako ondarearen eta paisaiaren berri izan dezakete bisitariek. Gainera, baserritarren lanak duen balioaz jabetuko dira ibilbidea egiten dutenak".

Beizamako alkateak dioenez, "aterpetxera zetozen bisitariek inguruak ezagutu gabe alde egin ez zezaten" jarri zuten martxan ibilbidea: "Beizama inguruko jendearentzat ere ibilbide interesgarria da. Dena den, neguan jarri genuen martxan proiektua, eta udan ikusiko dugu jendea animatzen den ibilbidea egitera".

Araztegia, azken txanpan

Ur-saneamendu arazoei irtenbidea emateko asmoz, joan den otsailean hasi zituzten Beizamako ur zikinak tratatzeko araztegia eraikitzeko lanak. Gipuzkoako Foru Aldundia ari da proiektua egiten, eta aldundia bera nahiz Gipuzkoako Ur Kontsortzioa arduratu dira lanen finantzaketaz. Lanak hastean araztegia maiatzean martxan izatea aurreikusten bazuten ere, orain geldirik dira obrak. Mikel Zubizarreta Gipuzkoako Urak-eko ordezkariak dioenez, araztegiaren "elementu garrantzitsuenaren zain" daude lanekin jarraitzeko: "Arazte sistema erostean, hobetze aldera, aldaketa batzuk egin ziren, eta tresneria iritsi zain gaude. Merkatuan ez dira halako tresna asko egoten, eta normala da iritsi zain egotea". Dena den, piezak aurki jasoko dituztela eta jaso ahala muntatzen hasiko direla esan du Zubizarretak.

Pixkanaka proiektuak gauzatzen ari da udala, baina, Otañok dioenez, "diru laguntzen arabera" ibiltzen dira beti. "Gure herrian ezin ditugu proiektu asko eta egundokoak egin, oso diru gutxi baitugu. Proiektuak abiatzen ditugu diru laguntzak lortutakoan, eta, hala ere, udalak askotan diruaren zati bat jarri behar izaten du. Herri handiek ere diru arazoak izaten dituzte, ba pentsa txikiek... Dena den, nahi adina ez izan arren, laguntza handiak ematen dizkigute, eta gaitz erdi".

Sanpedroak, ate-joka

Udan sartu berritan, San Pedro jaiak iristear dira Beizamara. San Pedro egunez hasiko dira jaiak, ekainaren 29an, eta asteburuan jarraituko dute. Beraz, izango da zer gozatu Beizaman, uztailaren 3a bitartean. Egun horietan lehiaketak eta txapelketak, otorduak, musika emanaldiak, jolasak eta abar izango dira herrian.

Festen azken egunerako, iganderako, "bertakoentzat eta kanpokoentzat" azoka berezia prestatu dute. "Iaz antolatu genuen azoka aurrenekoz, eta uste genuen baino jende gehiago bertaratu zen. Hori dela eta, aurten ere saiakera berezia egin dugu azoka prestatzeko. Pintxoak eta txotxa ere izango dira, eta trikitilariek alaituko dute giroa", dio alkateak. Azokan, besteak beste, jakiak, bitxiak nahiz eskulanak jarriko dituzte salgai. Igande gauean bukatuko dira sanpedroak.

“Mendiz inguratuta dago, eta ederra da naturatik hain gertu bizitzea”

J. Frantzesena

Jaioterriaz hitz ederrak baino ez ditu Eneko Otaño aizkolariak (Beizama, 1994). Hantxe, sorterrian hasi zen aizkoran; ezagutu ditu plazak ordutik.

Zer duzu Beizamatik gustukoen?

Bertan jaioa naiz, eta, Azpeititik eta kaletik aparte dagoenez, eskertzen dira hango bakea eta lasaitasuna. Herri polit-polita da.

Txoko bat aipatzekotan, zein?

Inguruan ditugun bi mendi: Illaun eta Murumendi. Horietara buelta asko egiten ditut, asko ibiltzen naiz mendian.

Azpeitia aipatu duzu. Denbora asko pasatzen al duzu han?

Bai, asko. Beizaman baino gehiago. Kuadrilla hangoa dut, eskolan han ibili izan naiz, eta lan egiten dudan enpresa ere Azpeitikoa da.

Azpeitiak ez duen zer du Beizamak? Eta alderantziz?

Mendiz inguratuta dago Beizama, eta ederra da naturatik hain gertu bizitzea. Azpeitian, berriz, lagunartea daukat, eta jendea, giroa, tabernak... denetarik dago han.

Beizamara egun-pasa doanari zer gomendatuko zenioke?

Gazta eta ogia egiten duten bi baserri daude, eta haiek bisita ditzakete. Mendi bueltaren bat ere egin dezakete, eta plazara joanez gero, han dituzte parkea, ostatua... Ez da toki txarra arratsaldea pasatzeko.

Gaia aldatuz. Zer dela eta hasi zinen aizkoran?

Betidanik gustatu izan zait aizkora, txikitatik. Aitarekin joaten nintzen apustuak eta txapelketak ikustera. Etxean ere anaiarekin aritzen nintzen denbora-pasa. 15 bat urterekin apustu bat egin genuen lagunek; nirekin aritu behar zuen laguna lesionatu egin zen, eta ez genuen jokatu. Kilo dezente nituen orduan, eta etxean esaten zidaten kirola egiteko. Baina, aizkoraz aparte, ez nuen gustuko kirolik. Herrian bazen erretiratu bat, aitaren laguna, eta hark behin soziedadean esan zidan lagunduko zidala aizkoran trebatzen; basoan-eta ibiltzen zen. Bengoarekin txapelketa batean aritzeko aukera eman zidaten, eta horrela hasi nintzen.

Mieltxo Mindegiarekin egindako apustua irabazi duzu aurten.

Apustu mundua asko gustatzen zait. Txapelketekin alderatuta, oso desberdinak dira, baina garrantzitsuak iruditzen zaizkit. 2014an [Mikel] Larrañagaren aurka jokatu nuen. Apustua presazkoa izan zen beharbada, baina txikitatik horixe nahi izan dut, eta aukera ona zen. Gainera, apustuak txapelketak baino gehiago gustatzen zaizkit. Larrañagaren aurkakoa galdu egin nuen, eta ez nuen besterik jokatzeko asmorik, baina Mindegiak erronka bota zidan, eta hartu egin nuen. Txapelketan ez nuen zorte onik izan, eta ar hori kentzeko balio izan zidan apustuak. Gustura sentitu nintzen, emaitza ona izan zen eta.

Apusturen bat baduzu esku artean?

Orain ez daukat batere lotuta, baina datorren neguan edo udaberrian bateren batek erronka botatzen badit, ikusiko dut zer egin. Izan ere, ikusi beharko da zer-nolako txapelketak ateratzen diren eta beste aizkolariek zer egiten duten.

Txapelketei dagokienez, zer helburu dituzu?

Uztailaren 3an, Gipuzkoako Bigarren Mailako finala jokatuko dut. Sailkapen fasean bigarren egin nuen, eta finalean aurrena egiten duena Lehen Mailara igoko da. Txapeldunen Kopa ere aurki hasiko da, eta ni astelehenean Arria V.aren kontra arituko naiz, Hernanin.

Kontuz ibili ni ez diren guztiekin

Danel Agirre

Joan den astean, Xabi Alonsoren txio bat bost bider partekatu zuten nire Facebookeko lagunek minutu gutxiren bueltan. Erraustegiak Zubietan aritzen diren futbolarien osasunarengan izango duen eraginagatik egonezina azaleratzen zuen ilegorri txit guapoak. Pozarren barreiatzeko moduko materiala zen hura nire Facebookeko lagunentzat, tamainako VIPak afera polarizatuetan bustitzea ez delako batere ohikoa, are gutxiago erakunde ofizialena ez den kamiseta jantzita. Eta tamainako VIPak afera polarizatuetan bustitzea —are gutxiago erakunde ofizialena ez den kamiseta jantzita— batere ohikoa ez denez, materiala susmagarria zela usaindu, eta benetakoa ote zen egiaztatzea otu zitzaidan. Dagoeneko ez zaitu harrituko partekatutako txio hori Xabi Alonsoren izena erabili nahi izan zuen norbaiten muntaketa bat izan zela irakurtzeak; haren Twitterrean ez dago erraustegiaren inongo aipamenik. Ilegorri txit guapoaren eguneroko kezkak gehiago dira Real Madril eta Espainiako selekzioa, ilegorri txit guapoaren eguneroko kezkak Twitterreko kontu ofizialean azkenaldian idatzitakoak badira behintzat.

Konturatu ez diren nire Facebookeko lagunek ekologiaren eta ardura sozialaren ikonotzat izango dute dagoeneko Alonso. Badaude, ordea, protagonisten ospearentzat askoz kaltegarriagoak izandako asmakizunak. Elkarrizketa batean irakurri nion Mikel Goñiri harrituta zegoela hango eta hemengo festetan basapiztiren batekin zartakoka amaitu zuela dioten kondaira guztiekin. Berari buruz kontatzen ziren trakeskeria asko egia zirela aitortuta, bataila mitologiko horietatik beste mordo bat nonzeberri fantasiosoen fruitua omen ziren, sekula gertatu gabeak. Karlos Argiñanok bere saioan guardia zibilei eta ibai bati buruzko txiste oso aldrebesa lasai bota zuela ere asmatu zuen gisako arduragabe batek. Kiebra jota, Javi de Pedro Murtziako gasolindegi batean lanean ari zela besteak. Lukainken zerrenda nahi adina luza nezake.

Horrelako istorio batek sinetsia izan dadin egiantza behar zuela uste nuen lehen. Inguruko gure informazio iturriek esandako guztiak frogatu ezin ditugunez, ziriak egiantzekoak direlako filtratu ezin ditugun datu eta istorio faltsuak zirela. Ez da hala, ordea, gezurrak zuritu eta gure egiteko mekanismoak ere baditugulako. Ez den informazio bat zabaltzea komenigarri edo dibertigarri suertatzen bazaigu, gezurra denaz erabat ahazteko kapaz gara. Argiñanoren txistea telebistaz zuzenean entzun zutela dioten bi ezagun dauzkat, urrutira joan gabe. Berdin du bi horiei sukaldariak berak pasadizoa gezurtatu izan duela esateak, gertatu izan balitz Argiñanok 24 ordu baino lehen Manos Limpiasen kereila bat izango zuela arrazoitzeak, edo klipa ezinbestean Youtuben egongo litzatekeela errepikatzeak. Gezur hori bizi izan zutela sinetsita daude, modu zintzoan. Oroitzapenak moldatu dituzte, faltsua eta eraikitakoa bere biografia ofizialaren pasarte bihurtzeraino.

Entzundakoez, ikusitakoez eta bizi izandakoez modu zintzoan idazteagatik ordaintzen didatenez, nik lortu dut mekanismo arriskutsu hori aztertu, identifikatu eta desaktibatzea. Fida zaitez nitaz, beraz.