gipuzkoa

“Nahiago nuke hemen bizi”

E. Goenaga Lizaso

Asteazkena. 11:30. Ia 30 gradu itzaletan. Fresko egoten da San Telmo museoan, baina ez dabil jende asko. "Atzo bai; asteartetan doan da sarrera, eta jende pila bat etorri zen erakusketa ikustera", dio harrerako langileak. Bake ituna erakusketaren zati bat dago San Telmon; ostiralean inauguratu zuten, Donostia 2016ko egitarauan garrantzi handiko erakusketa da, eta oihartzun handia izan du hedabideetan. Langileek diotenez, ari da jendea erakartzen. "Baina, gaurko beroarekin, jendeak nahiago du hondartzara joan". Hala da, gabarroian jende gehiago dago museoan baino.

Bertaratu direnen artean, turista itxura dute askok. Baina, eguraldiak praka motzak eta elastiko tiraduna janztera gonbidatzen du; ez da erraza turistak bereizten. Adin nagusiko emakume bati euskaldun itxura hartu dio kazetariak, eta hurbildu zaio. "Sorry, I don't understand. I'm from Bath, England", erantzun dio —"Barkatu, ez dut ulertzen. Bath-ekoa naiz, Ingalaterrakoa"—. Alex Kolaçovski du izena. Senarra ingeniaria dela, hura kongresu batera etorri dela eta berak hiria bisitatzeko aprobetxatu duela azaldu du. "Ez nekien ezer, eta oso sorpresa ona izan da kultur hiriburua zela jakitea". Erakusketaren berri izan, eta bertaratu egin da. "Itxura zoragarria du. Ea zerbait gehiago ikusterik dudan bost egunotan". Kultur hiriburutzaren kontua ez zaio arrotza. "Ingalaterran hainbat hiri izan dira kultur hiriburu, eta onura handia atera diote. Ea zortea duzuen".

Denak ez dira turistak, halere. Lore Jauregi Zarauzkoa da, eta Donostian bizi da. Lehen aldiz izan da Donostia 2016ko jarduera batean. "Ez dut parte hartu. Gauza asko egin dira, baina ez naiz etorri". Hernaniko Xabier Gurrutxagarentzat ere lehen aldia da. "Aspaldi nuen San Telmora etortzeko asmoa, eta aitzakia erakusketa honek eman dit".

Aurrerago, adineko gizon bat dago, adi-adi koadro bati begira. Ez du turista itxura. "Hogei urtez irakasle izan nintzen Donostian, baina orain Azkoitian bizi naiz. Egunero pentsatzen dut 'nahiago nuke aurten Donostian biziko banintz'. Propio etorri naiz erakusketa ikustera", dio Esteban Arrietak. Kultur hiriburutzaz zuen iritzia aldatu egin dela aitortu du. "Kongresu, hitzaldi eta halakoak espero nituen gehiago, baina ez, kultura oso zabala da, eta dena hartzen asmatu dutela dirudi".

Donostian bizi dira Itziar Arrizabalaga (Beasain), Maribel Lariz (Eibar) eta Inmakulada Arratibel (Beasain). Elkarrekin iritsi dira San Telmora. Donostia 2016ri buruzko iritzia eskatuta, "oso ondo" erantzun du Larizek. Arrizabalagak ere baietz dio buruarekin: "Jarduera pila bat daude, eta jende askorengana iritsi dela ematen du. Uda gau bateko ametsa ikustera joan nahi genuke, baina sarrerak amaitu dira". Larizek dioenez, 2016aren aurretik jendeak agian bazuen "beldur pixka bat": "Baina orain jendea pozik ikusten dut, eta parte hartze handia izaten ari da".

Erdi eta erdi

San Telmotik, Alderdi Ederrera; Donostia 2016k atondutako informazio gunera. Agus Aduriz, Silvia Santos eta Aloña Ganboa ari dira bertan lanean. Inork baino hobeto dakite jendeak nolako informazioa bilatzen duen eta zer dakien kultur hiriburuaz. 20 minututik gora egin du kazetariak zain, haiekin hitz egiteko tartetxo bat izan arte. "Gaur lasai gaude; egun askotan ilarak kaleraino luzatzen dira", dio Adurizek.

Etengabea da joan-etorria; tartean turista espainiar, frantziar eta ingelesak etorri dira informazio bila, baina baita bertakoak ere. "Nik uste dut erdi eta erdi izaten direla, turistak eta bertakoak —donostiarrak, gipuzkoarrak eta nafarrak, batik bat—", azaldu du Adurizek. Turismo bulegoa delakoan sartzen dira asko informazio gunera. "Eta ilara oso luzea ez bada, denbora hartzen dugu kultur hiriburutzari buruz informazio osatua emateko. Bestela, egitarauak ematen dizkiegu, astekoak eta hilabetekoak".

Urteroko oporrak Europako kultur hiriburuetan egiten dituzten turistak ere joan izan zaizkie informazio bila. "Ni harritu nintzen lehenengoak etorri zirenean. Ez dira asko, baina batzuk badira. Eta konparazioa egiten dute hiriburu baten eta bestearen artean. Gehienei asko gustatu zaie Donostiako eskaintza, eta esaten dute beste hiriburu batzuetan ez dela halako egitarau zabalik izan".

Bertakoei dagokienez, jendearen ezagutza eta jarrera "errotik" aldatu dela uste du Adurizek. "Iraultza moduko bat izan da, batez ere Aste Santuetatik hona. Ezezagutza handiagoa zen lehen. Orain, egun-pasa etortzen den jende asko dator hona, eta badakite eskaintza zabala dela; etortzen dira galdetzera ea zer egin dezaketen gaur, eta aukeratu egiten dute".

1978an bi neska gazteren eskaera, parte har zezaten

Neskek Irungo alardean parte hartzeko lehen ahaleginak 1970eko hamarkadan egin ziren. 1976an hasi ziren planteatzen, Alardeko Musika Bandako zuzendariordeak hiru emakume sartzea proposatu zuenean. Alardearen Batzordeari egin zion proposamena, baina ba...

Etxean ikusia, plazan erakutsia

Etxean ikusia, plazan erakutsia

Maite Alustiza

Urdanibia plazan nabari da sanmartzialen atarian daudela. Txosnak muntatuak dituzte, baina botilak barra gainean daude oraindik, eta lurrean. Lurrean ere jendea, gazteak eta helduak, giroa berotzen, nahikoa bero ez balego bezala: astearteko iluntzeko zortziak dira, eta 30 gradu markatzen ditu kaleko termometroak. Skola Musik akademiako nerabe eta gazteak kontzertuak ematen ari dira plazako agertokian. Lukas Grahamen 7 years abestia kantatzen ari da neska bat: "Once I was twenty years old...". (20 urte izan nituen behin...). 20 urte badituzte han dabiltzan lau neskak, eta laster plazara iristear den beste musika batez galdetu die kazetariak. "Alardea? Egunean bertan joango gara, baina entseguak ikustera... Hemendik ere entzuten da". Aurten, hogei urte dira emakumeek lehenengoz Irungo alardean parte hartu zutenetik, eta urteurren horren aitzakian, hogei urteren bueltako gazteen iritziak bildu ditu Hitza-k, entsegu egunak aprobetxatuta.

Hallelujah kantua hasi dute oholtzan, eta minutu gutxira iritsi da Urdanibia plazara Ama Xantalen konpainia, Peña kaletik barrena. Irungo alde zaharreko konpainia da, neskez eta mutilez osatua. Haiei begira ari da lagunekin Ane Erasun, 22 urteko irundarra. Bi urtez atera da alardean, baina, ikasketak kanpoan egiten ari denez, azken urteetan ez du parte hartzerik izan. Dena den, kanpotik bada ere, neska-mutilak babesten ditu. Dioenez, parekidean parte hartzeagatik ez du kontrako jarrera "bortitzik" jaso, baina kontra egote horrekin ez dator bat: "Ez dut ulertzen jarrera hori, are gehiago jende gaztearen partetik". Uste du etxetik jasotakoak zerikusi handia duela: "Niri betidanik erakutsi izan didate beste edozein gauzatan bezala, festatan edo kiroletan, neskek eta mutilek berdin-berdin parte har dezaketela". Txikitatik bizi baitute askok alardea Irunen. Horren erakusle dira Ama Xantalenekoei begira dauden aitona-amonak eta bi bilobak; txaloka ari dira guztiak, eta neska txikiak, karrotxoan eserita, txilibitua du eskuan. Berriro plazatik pasatu direnean desadostasun keinu bat egin die gazte batek; behin baino gehiagotan errepikatu du. "Ez zaizu gustatzen?", galdera. "Ez". Zergatiaz galdetuta: "Zergatik ez". Eta barrea.

Entseguari arreta handirik jarri gabe baina plaza inguruko giroan dabil mutil kuadrilla bat, 20-25 urte bitartekoa. Aritz Fernandezek eta Josu Antiak ondo ikusten dute nesken parte hartzea. "Lehengoa ez dut ulertzen, eta orain batzuek daukaten pentsamendua ere ez. Ze arazo dago? Berez kontzientziatuago egon beharko genuke, baina gai honetan ez du horrela funtzionatzen", dio Antiak. Bat dator Fernandez: "Denoi gustatzen zaigu festa egitea; beraiek lehengo modura nahi badute, behintzat utz diezaietela atera nahi duten neskei lasai ateratzen".

Auzia bertatik bizitzea

Urdanibia plaza utzita, Oiasso museo aldera doa kazetaria, Erromes plazatik aterako den konpainiarengana. Istillaga plazatik pasatzean, ordea, txistu hotsak entzun eta bidea desbideratu du. Neska-mutilen Santiago konpainia ari da ibilbidea egiten, eta haien bide bera egiten, espaloitik, dozena erdi bat lagun. Olatz Ugarte kantineraren taldeak ere gazte ugari biltzen ditu. Kale paraleloetako batean, errepidea noiz libratuko zain daude Maider Arana eta Iraia Jauregi, autoaren aldamenean. 20 urte ditu Aranak, eta 23 Jauregik. Hondarribitik eta Donostiatik etorriak dira Irunera, erosketak egitera. Alarde tradizionalaren alde egin du Aranak. "Nik uste gaia ulertzeko handik bizi behar duzula. Berdintasunaren alde nago, baina ondo ikusten dut alardea lehen egiten zen bezala egiten jarraitzea". Tolosako eskopetarietan neskak eta mutilak normaltasunez ateratzen direla azalduta, ildo beretik erantzun du: "Ez da gauza bera".

Familiako tradizioa

Erromes plazara bidean galdetzaileen artean lauzpabost gaztek uko egin diote gaiaz hitz egiteari. Plazara iristerako, 21:30 dira. Jai giroan dabiltza neska-mutilak, aita-amak, aitona-amonak. Plaza txikia da, balkoiez betetakoa, eta leihoetan jendea ageri da jada. 7-8 urteko mutiko bat danborra astintzen dabil; haren inguruan hiru neskatilak salto egiten dute, danbor kolpeen erritmoan.

Buenos Amigos konpainia tradizionalaren entsegua hastear, plaza erdialdera gerturatu da neska gazte talde bat. Nerea Telleria eta Junkal Amenabar dira horietako bi; 21 eta 22 urtekoak. "Aitona ateratzen zen, osaba ere bai, aita... Ondo iruditzen zait tradizioari jarraitzea, eta nik gozatzen dut ikusten aterako banintz bezainbeste", dio Telleriak. Alardeetan kantinera ez den beste postuetan andreen parte hartzeak sortzen duen gatazka aztertuko duela iragarri berri du diputazioak. Horri buruz galdetuta, alderdi politikoen arteko ika-mikak txarretsi ditu Amenabarrek: "Kontua gehiago nahastu nahi dute batzuek, eta ez esaten duten bezala berdintasuna eta abar".

Etxeko atarian sartzen ari da Julen Martin. 18 urte ditu, eta ez dio aparteko interesik eragiten alardeak. "Niri berdin zait bat ala bestea, ez zait interesatzen. Bakoitzak egin dezala nahi duena". Bien bitartean, plazan inguratu dute Sonia Villaverde kantinera, eta eman diote oparia, kantinerei oparitu ohi dieten upeltxoa. Jarraian, borobilaren erditik atera eta erdian jarri da txistua eskuan duen mutila. Hasi dira jotzen. Kide baten kamisetak hala dio: Irungo alardea 1880tik.

Errenterian zarata mapa aurkeztu nahi du udalak

Errenterian zarata mapa aurkeztu nahi die udalak herritarrei, eta, horretarako, hainbat bilera egin ditu inguruko auzotarrekin. Azkenengoak Galtzaraborda, Igantzi, Kaputxinoak eta Alaberga auzoekin egingo dituzte, herriko udaletxeko areto nagusian, da...

Soinu maila baxuan

Soinu maila baxuan

Olaia Iraola
Eskola Agenda 21 programaren barruan, Urnietako Egape ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleek soinu maparen inguruko lana egin dute. Proiektuaren helburu nagusia eskola eta herria garapen iraunkorrerantz bideratzea izan da. Ikastolako musik...

Euskal literatur zaleen bilgune

Euskal literatur zaleen bilgune

Maialen Igartua
Futbolak, auto lasterketek, txirrindularitzak, musika taldeek... zale ugari mugitzen dituzte. Ez da literaturaren kasua. Gutxi dira literatur zaleak, eta eremua are gehiago murrizten da euskarazko literaturari buruz aritzean. Hain zuzen...

Kontuz ibili ni ez diren guztiekin

Danel Agirre

Joan den astean, Xabi Alonsoren txio bat bost bider partekatu zuten nire Facebookeko lagunek minutu gutxiren bueltan. Erraustegiak Zubietan aritzen diren futbolarien osasunarengan izango duen eraginagatik egonezina azaleratzen zuen ilegorri txit guapoak. Pozarren barreiatzeko moduko materiala zen hura nire Facebookeko lagunentzat, tamainako VIPak afera polarizatuetan bustitzea ez delako batere ohikoa, are gutxiago erakunde ofizialena ez den kamiseta jantzita. Eta tamainako VIPak afera polarizatuetan bustitzea —are gutxiago erakunde ofizialena ez den kamiseta jantzita— batere ohikoa ez denez, materiala susmagarria zela usaindu, eta benetakoa ote zen egiaztatzea otu zitzaidan. Dagoeneko ez zaitu harrituko partekatutako txio hori Xabi Alonsoren izena erabili nahi izan zuen norbaiten muntaketa bat izan zela irakurtzeak; haren Twitterrean ez dago erraustegiaren inongo aipamenik. Ilegorri txit guapoaren eguneroko kezkak gehiago dira Real Madril eta Espainiako selekzioa, ilegorri txit guapoaren eguneroko kezkak Twitterreko kontu ofizialean azkenaldian idatzitakoak badira behintzat.

Konturatu ez diren nire Facebookeko lagunek ekologiaren eta ardura sozialaren ikonotzat izango dute dagoeneko Alonso. Badaude, ordea, protagonisten ospearentzat askoz kaltegarriagoak izandako asmakizunak. Elkarrizketa batean irakurri nion Mikel Goñiri harrituta zegoela hango eta hemengo festetan basapiztiren batekin zartakoka amaitu zuela dioten kondaira guztiekin. Berari buruz kontatzen ziren trakeskeria asko egia zirela aitortuta, bataila mitologiko horietatik beste mordo bat nonzeberri fantasiosoen fruitua omen ziren, sekula gertatu gabeak. Karlos Argiñanok bere saioan guardia zibilei eta ibai bati buruzko txiste oso aldrebesa lasai bota zuela ere asmatu zuen gisako arduragabe batek. Kiebra jota, Javi de Pedro Murtziako gasolindegi batean lanean ari zela besteak. Lukainken zerrenda nahi adina luza nezake.

Horrelako istorio batek sinetsia izan dadin egiantza behar zuela uste nuen lehen. Inguruko gure informazio iturriek esandako guztiak frogatu ezin ditugunez, ziriak egiantzekoak direlako filtratu ezin ditugun datu eta istorio faltsuak zirela. Ez da hala, ordea, gezurrak zuritu eta gure egiteko mekanismoak ere baditugulako. Ez den informazio bat zabaltzea komenigarri edo dibertigarri suertatzen bazaigu, gezurra denaz erabat ahazteko kapaz gara. Argiñanoren txistea telebistaz zuzenean entzun zutela dioten bi ezagun dauzkat, urrutira joan gabe. Berdin du bi horiei sukaldariak berak pasadizoa gezurtatu izan duela esateak, gertatu izan balitz Argiñanok 24 ordu baino lehen Manos Limpiasen kereila bat izango zuela arrazoitzeak, edo klipa ezinbestean Youtuben egongo litzatekeela errepikatzeak. Gezur hori bizi izan zutela sinetsita daude, modu zintzoan. Oroitzapenak moldatu dituzte, faltsua eta eraikitakoa bere biografia ofizialaren pasarte bihurtzeraino.

Entzundakoez, ikusitakoez eta bizi izandakoez modu zintzoan idazteagatik ordaintzen didatenez, nik lortu dut mekanismo arriskutsu hori aztertu, identifikatu eta desaktibatzea. Fida zaitez nitaz, beraz.

[Herriz herri] Beizama. Biztanleria kezka, haztea xede

[Herriz herri] Beizama. Biztanleria kezka, haztea xede

Julene Frantzesena

Gipuzkoako herririk garaiena da Beizama; 485 metrora dago kaskoa. Udalerriari Erdi Arotik datorkio Unibertsitate titulua, garai hartan herriak Saiaz Handiko udalerrien interesak defendatzeko ardura zuelako. Beasainekin, Albizturrekin, Bidaniarekin, Errezilekin eta Azpeitiarekin egiten du muga, eta Urola Kostako herri txikiena da biztanleei dagokienez; izan ere, 164 lagun bizi dira gaur egun Beizaman.

Datu horrek kezkatzen du, besteak beste, Nekane Otaño alkatea (Beizama, 1966). "Aurreko agintaldian etxe batzuk egin zituzten, eta 25 bat lagun-edo etorri ziren bizitzera. Baina beheraka doa biztanle kopurua. Adinekoak hil ahala, baserriak ere husten ari dira. Gazteak hemen geldi daitezen etxeak egin behar dira. Baserrietatik ere alde egin dute gazteek, eta zaila da horiek berriz itzultzea. Erronka ederra daukagu, eta ez dakit jendea erakartzea lortuko dugun. Dena den, bada mendi ingurua-eta gustatzen zaion jendea, eta gure helburua hori da, jende hori erakartzea, herriari bizia emateko".

Horri lotuta, etxe berriak egin nahi dituztela dio: "Diru gutxi dugu, eta ateak jotzen ari gara dirua lortzeko. Izan ere, gazteak erakartzeko bidea izan daiteke etxeak eraikitzea".

Aizarnazabal (%12,2) eta Azkoitiaren (%11,5) ostean, Urola Kostan langabezia tasa altuena duen herria da Beizama: aurtengo maiatzean hamar herritar zeuden lanik gabe (%11,4); 2015eko maiatzean, berriz, bost. Otañok dioenez, langabezia tasa igo egin da, baina, Beizama hain herri txikia izanik, "herritar bat langabezian gelditzean asko igotzen da ehunekoa". Gainera, "industriarik ez dagoenez, beizamar gehienek herritik kanpo lan egiten dute".

Beizamako Udalak joan den martxoan onartu zuen behin-behinean Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, hau da, herria nola antolatuko den jasotzen duen txostena. Alegazioak sartu dizkiote txostenari, eta, orain, arkitektoa ari da hura osatzen. Bukatzean onartuko dute plana, udalbatzarrean. Otañok adierazi duenez, "garrantzitsua" da plan orokorra, han jasotzen delako "herriaren diseinua nolakoa izango den, etxeak eta lantegiak non eta nola eraiki ahalko dituzten edo aisialdiko ekintzak non egin ahal izango diren".

Alkateak dioenez, aurreko plana "zaharkituta" gelditu da, eta orain arte "egin ezin ziren hainbat lan" gauzatzea ahalbidetuko du berriak: "Plana esku artean ditugun egitasmoetara egokituko dugu, eta behar berriei erantzuteko aukera emango digu. Adibidez, etxebizitzak egiteko aukera gehiago izango dugu, edo lehendik eta zahartuta dauden baserrietan aldaketak egin ahal izango ditugu".

"Asmatu" dute parkearekin

Aisialdiari lotuta eman ditu pausoak udalak. Joan den agintaldian hasitako proiektua, umeentzako parke estalia, urtarrilean inauguratu zuten. Herriko plazako Ostatu Zaharraren beheko solairuan dago jolastokia, eta, alkatearen ustez, "asmatu" dute parkearekin: "Bertako nahiz kanpoko bisitarientzat toki egokia da. Jendea ibiltzen da bertan, batez ere, asteburuetan. Ondo funtzionatzen du".

Bestalde, familientzako eta, oro har, bisitarientzako ibilbide bat ere sortu dute. Beizamako ahotsa jarri diote izena; izan ere, antzinako Beizamako historia jaso dute ibilbidearekin. "Ordu eta erdi inguruko ibilbidean, Beizama inguruak ezagut daitezke. Panel interpretatiboak jarri ditugu, eta, horien bidez, beizamarren bizimoduaren eta bertako ondarearen eta paisaiaren berri izan dezakete bisitariek. Gainera, baserritarren lanak duen balioaz jabetuko dira ibilbidea egiten dutenak".

Beizamako alkateak dioenez, "aterpetxera zetozen bisitariek inguruak ezagutu gabe alde egin ez zezaten" jarri zuten martxan ibilbidea: "Beizama inguruko jendearentzat ere ibilbide interesgarria da. Dena den, neguan jarri genuen martxan proiektua, eta udan ikusiko dugu jendea animatzen den ibilbidea egitera".

Araztegia, azken txanpan

Ur-saneamendu arazoei irtenbidea emateko asmoz, joan den otsailean hasi zituzten Beizamako ur zikinak tratatzeko araztegia eraikitzeko lanak. Gipuzkoako Foru Aldundia ari da proiektua egiten, eta aldundia bera nahiz Gipuzkoako Ur Kontsortzioa arduratu dira lanen finantzaketaz. Lanak hastean araztegia maiatzean martxan izatea aurreikusten bazuten ere, orain geldirik dira obrak. Mikel Zubizarreta Gipuzkoako Urak-eko ordezkariak dioenez, araztegiaren "elementu garrantzitsuenaren zain" daude lanekin jarraitzeko: "Arazte sistema erostean, hobetze aldera, aldaketa batzuk egin ziren, eta tresneria iritsi zain gaude. Merkatuan ez dira halako tresna asko egoten, eta normala da iritsi zain egotea". Dena den, piezak aurki jasoko dituztela eta jaso ahala muntatzen hasiko direla esan du Zubizarretak.

Pixkanaka proiektuak gauzatzen ari da udala, baina, Otañok dioenez, "diru laguntzen arabera" ibiltzen dira beti. "Gure herrian ezin ditugu proiektu asko eta egundokoak egin, oso diru gutxi baitugu. Proiektuak abiatzen ditugu diru laguntzak lortutakoan, eta, hala ere, udalak askotan diruaren zati bat jarri behar izaten du. Herri handiek ere diru arazoak izaten dituzte, ba pentsa txikiek... Dena den, nahi adina ez izan arren, laguntza handiak ematen dizkigute, eta gaitz erdi".

Sanpedroak, ate-joka

Udan sartu berritan, San Pedro jaiak iristear dira Beizamara. San Pedro egunez hasiko dira jaiak, ekainaren 29an, eta asteburuan jarraituko dute. Beraz, izango da zer gozatu Beizaman, uztailaren 3a bitartean. Egun horietan lehiaketak eta txapelketak, otorduak, musika emanaldiak, jolasak eta abar izango dira herrian.

Festen azken egunerako, iganderako, "bertakoentzat eta kanpokoentzat" azoka berezia prestatu dute. "Iaz antolatu genuen azoka aurrenekoz, eta uste genuen baino jende gehiago bertaratu zen. Hori dela eta, aurten ere saiakera berezia egin dugu azoka prestatzeko. Pintxoak eta txotxa ere izango dira, eta trikitilariek alaituko dute giroa", dio alkateak. Azokan, besteak beste, jakiak, bitxiak nahiz eskulanak jarriko dituzte salgai. Igande gauean bukatuko dira sanpedroak.