Miriam Luki
Ebokazioa antropologiarako erreminta gisa: lotura hori ari zen azaltzen Teresa del Valle irakaslea EHUko Gizarte Antropologiako masterreko ikasgelan. Ikasgela hartan zegoen Elixabete Garmendia kazetaria ere (Ormaiztegi, 1953), ikasle. Ebokazioaren azalpena entzunda, taladrina usainaren oroitzapenak "zirkuitulabur" baten moduko sentsazioa eragin ziola azaldu du; garai batean jaioterrian ezagutu zuen emakume eta fabrikako langile baten mahonezko txabusinari zerion taladrina usainarekin akordatu zen bat-batean. Ebokazio hark bete-betean bat egin zuen masterreko proiektuaren nondik norakoarekin: 1970eko hamarkadan Ormaiztegiko lantegietan lanean ari ziren emakumeek ezkondu ostean lanean jarraitzeko egin zuten urratsa aztertu du Garmendiak proiektuan.