Gizartea

Beldurrari, aurrez aurre

Beldurrari, aurrez aurre

Eider Goenaga Lizaso

Otsaila. Inauteriak, Tolosan. Gizon bat atxilotu zuten, neska bati ukituak egiteagatik. Ekaina, Ibarrako Gazte Festak. Bi neskak salatu zuten drogatu eta eraso egin zietela. Ekaina. Sanmartzialak Irunen. Lau neskak aurkeztu zuten salaketa, arrazoi beragatik. Uztaila. Madalenak, Errenterian. Neska bati etxerako bidean eraso egin zion gizonezko bat geldiarazi zuten bizilagunek, Lezon, neskaren oihuak entzun ondoren. Abuztua. Donostiako Aste Nagusia. Eraso matxista bat geldiarazi zuen kalean lekuko batek. Adibideak baino ez dira, zerrenda amaigabea baita.

Espazio publikoa, gaua eta festak ez dira neskentzat. "Baina, nahikoa da, nazkatuta gaude. Ez gara geldirik eta isilik geldituko, eraso bakoitzari erantzungo diogu, banako moduan eta talde moduan erantzungo dugu; baditugulako tresnak, badugulako zilegitasuna, eskubidea eta beharra eraso bati nahi dugun moduan erantzuteko". Farrukas taldeko kide Maite Arraizaren hitzak dira.

“Hau da garaia Tolosaldeko osasun zerbitzua publifikatzeko”

“Hau da garaia Tolosaldeko osasun zerbitzua publifikatzeko”

Maite Alustiza
Bost urte dira Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataforma (TOPA) mobilizatzen hasi zela, baina azaroa «erabakigarria» izan daiteke: «Hau da momentua». Bukatzear da Tolosako Asuncion klinikak eta Eusko Jaurlaritzak 2011n sinatu zuten hitzarmena, eta plataformaren arabera, Jaurlaritzak orain du aukera ituna ez berritu eta osasun zerbitzua «publifikatzeko».

Gurpil gaineko etxeak, egunez

Gurpil gaineko etxeak, egunez

Asier Perez-Karkamo

Autokarabanentzako paradisua omen da Hondarribia, batez ere behe denboraldian. Horrela ageri da arloko gidetan, eta ez da harritzekoa. Uda amaitzearekin libre izaten da Hondartza auzoko aparkalekuan sartzea, eta egiten duenak ur lerroan bertan aparkatzeko aukera izaten du, eskuinean badia eta parean Kantauri itsasoa dituelarik. Udaberrira arte jende gutxi ibiltzen da hondartza aldean, eta lotarako leku paregabea bilakatzen da aparkalekua, paradisua.

Baina aurten ezusteko latza hartu dute iraileko festen ondotik Hondarribira etxe ibiltariarekin joan direnek. Aparkatu bai, eguna pasatu bai, baina eguzkia ezkutatzearekin batera udaltzainen abisua jaso dute: "Ezin zarete hemen geratu; lotarako beste nonbaitera joan behar duzue".

[Herriz herri] Gaintza. Paraje ederreko gaina

[Herriz herri] Gaintza. Paraje ederreko gaina

Loinaz Agirre

. Gipuzkoako bigarren herririk txikiena da. 128 biztanle ditu gaur egun; biztanleriaren %19, 19 urtez azpikoek osatzen dute; %59, 20 eta 64 urte tartekoek; eta %22, 65 urtetik gorakoek. Gipuzkoako zati handi bat ikus daiteke Aralarpeko herri horretatik.

Eguraldi onarekin paradisutik gertu dagoen herria dutela esaten dute askok. Ikuspegi ederreko herria da Gaintza, Gipuzkoako herri txikienetako bat.

Zatiketa eragin dute bideek

Zatiketa eragin dute bideek

Olaia Iraola / Eider Goenaga Lizaso Hasi dira Aralarren pista berriak eraikitzen. Joan den astean ekin zioten Intzensaotik Goroskintxura 1,5 kilometro luze izango den pista berria egiteari. 2003tik onartutako pista bat izan arren, urtarrilaren 30ean eman zion Enirio-Aralar mankomunitateak oniritzia proiektu horri, aho batez, eta hamar hilabete geroago gauzatuko da. Bost bat aste beharko dituzte...

Errefuxiatuen krisiari begirada kritikoa

Errefuxiatuen krisiari begirada kritikoa

Ikerne Zarate

Harresirik Gabeko Lurraldeak egitasmoko hamalau kide Italiako Lampedusa uhartean izan ziren abuztuan. Entzun, ikusi eta ikastera joan ziren errefuxiatuen krisian sinbolo bihurtu den uharte horretara; beraiek dioten moduan, ascoltare teknika —entzun esan nahi du— praktikatzera joan ziren. Orain, esperientzia hori konpartitu eta errenteriarrak gaiaren gainean sentsibilizatzea dute helburu. Bide horretan urratsa egin zuten joan den astean. Batzar irekia egin zuten Mikelazulo kultur elkartean. Mediterraneoko uharte horren kontrasteak agerian utzi zituzten: turismo masifikatuaz, Atzerritarrak Barneratzeko Zentroaz, uhartearen militarizazioaz... mintzatu ziren, eta migranteen krisiaren gaiaren sozializazioa eta sentsibilizazioa lantzen jarraitzeko hurrengo pausoak jakinarazi zituzten.

Esperientzia sakona eta interesgarria izan da guztientzat. "Eta, nahiz eta pentsatu aurreiritzirik ez genuela, bagenituela ikusi dugu. Gaiarekiko ideia bat eraikitzen duzunerako, hankaz gora jartzen zaizu". Lampedusa aukeratzeko bi arrazoi izan dituzte: "Errefuxiatuen krisiaren sinbolo bihurtu da, salbamendurako irla, eta baita Europaren lotsaren sinbolo ere". Bestalde, Askavusa Lampedusako elkartearekin harremana egin zuten. Hanka hutsik esan nahi du Askavusak, eta elkarte horrek errefuxiatuen krisiaren gaineko ikuspuntu oso kritikoa duela diote: "Ideologikoki oso gertuko sentitu genituen, haiek gonbidatu gintuzten joatera".

Lampedusan zirela 300 migrante heltzen ikusi zituzten uhartera. "Gauez eta diskrezioz ekarri zituzten itsasontzi batean, eta, hori gertatzen ari zen bitartean, ehun metrora yate batean turistak jai izugarria egiten ari ziren. Oso gogorra izan zen une hori guretzat".

Kontrastea izugarria da bertan, turismo masifikazio handia baitu irlak —6.000 biztanle ditu uharteak, eta udan 30.000—; eta, bestetik, Europara heldu nahi duten errefuxiatu askorentzat atea da. Egitasmoko kideren batek migranteak pateran heltzen ikustea espero zuela aitortu zuen Lampedusara heldu aurretik: "Uste nuen itsasertzean zain izango ginela, hara helduko zirela eta lagundu egin beharko geniela. Inondik inora ez da horrela. Han ohartu ginen guztiz sistematizatuta dagoela migranteen ekarrera. Ez dira etortzen, ekarri egiten dituzte. Sistema oso konplexua da, eta ekonomikoki irabaziak ere ematen ditu".

Argi dute migranteen gainean negozioa dagoela. "Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak migrante bakoitzeko dirua jasotzen du: heldu bakoitzeko, 30 euro, eta haur bakoitzeko, 90 euro. Zentroa udalaren eskuetan zegoenean, urtean 3.000 migrante jasotzen zituzten, baina, estatuaren eskuetara igaro eta lehiaketa publikoan Misericordia enpresak hartu zuenean, 30.000 jasotzen hasi ziren. Mafiarekin harremanak dituela ere badiote".

"Arrantzatuak"

Gaur egun, salbamendu itsasontziek Libia eta Aljeriako kostetan jasotzen dituzte migranteak, eta Lampedusaraino eramaten dituzte; "arrantzatuak dira". Portura heltzen direnerako zain dituzte militarrak; autobusetan sartu, eta Atzerritarrak Barneratzeko Zentrora eramaten dituzte: "Hori guztia gauez egiten dute. Zentroan zer gertatzen den ez dakigu, inor ez delako bertan sartu. Lampedusarrek ere ez dakite zer dagoen bertan. Kartzela da".

Bi mundu daudela diote, bat agerikoa eta bestea ezkutukoa, migranteena. Horien arteko selekzioa egiten dutela gero azaldu dute, "ekonomikoak eta politikoak bereizten dituzte". Heldu berri direnei ez dietela informazio pertsonalizaturik eskaintzen salatu dute: "Ziurrenik beren hizkuntzan ere ez diete hitz egingo; beraz, ezin ulertu. Izen eta abizenak, jaioterria eta bertara zergatik iritsi diren zehaztu behar dute. Askotan, bete gabe uzten dute atal hori, eta horrek, zuzenean, migrante ekonomiko gisa sailkatzera eramango ditu. Akats ugari daude prozesu guztian".

Legez, zentroan 72 ordu baino gehiago ezin dituzte eman, baina hilabeteak pasatzen dituzte bertan. "Kartzela publikoa da. Duintasunaren kontrakoa da erabat". Ateratzen dituztenean Siziliara eramaten dituzte, ferryan, ilaran eta polizia artean. Migrante politikoak direnei asiloa emango diete. Paperak lortzeko bi urtez itxaron beharko dute, ordea, eta bitartean ezingo dute ez lanik, ez ikastarorik egin, ezta asiloa lortu duten herrialdea utzi ere: "Bizitza eteten zaie. Askok badakite, gainera, familiak Europako beste herrietan dituztela, eta itxarotea ez die merezi, nahiz eta automatikoki ilegal bihurtzen diren". Migrante ekonomikoen kasuan, astebete ematen diete euren kabuz euren herrira itzultzeko.

Uharteak errefuxiatuen krisiaren aitzakian jasaten duen militarizazioa izugarria izan dela salatu dute egitasmoko kideek: "Halako uharte txikian —20 kilometro koadro da— hamaika radar, azken teknologiako tresneria... Izugarria da bertan dagoena". Asko ikasita eta asko entzunda, aurreiritzi asko bidean utzita eta hunkituta heldu dira Lampedusatik: "Elkarte solidario batean ari den mutil batek egindako marrazkia ikusi genuen. Telefonoz ari zen mutil bat azaltzen zen. Egileak esan zidan etorkin bat zela. Lampedusara heldu bezain pronto etxera deitu zuen, eta 'ama, bizirik nago' esan zuen. Horrek izugarri hunkitu ninduen". Horietako marrazki batzuk Mikelazulon dituzte.

Etorkinen gainean dauden usteak eta aurreiritziak desagerrarazi nahi dituzte, begirada kritikoz so egin, eta migrantearen definizio zehatza ere egin dute: "Bizitzaren alde borrokatzen den pertsona da etorkina. Ez diegu mesederik egiten, guk jasotzen dugu mesedea, munduan milioika pertsona ari direlako erakusten zer den bizitzaren alde borrokatzeko egiteko prest daudena, bidean izugarrizko infernua pasatu behar badute ere".

Harresirik Gabeko Lurraldeak egitasmoaren webgunean (Harresirikgabe.eus) idazten eta irudiak biltzen, ikuspegi kritikoa lantzen jarraituko dute. Baina, harago joan, eta sarea sortzea dute orain helburu: "Ikuspegi kritikoa duen jendea bildu nahi dugu sare horretan, eta Mikelazulok parte bat izan nahi du hor". Horren harira, tokian tokiko errefuxiatuekin lanean ari diren pertsonak ekarri nahi dituzte Errenteriara beren esperientziak parteka ditzaten, ikusten dutena, bizi dutena, entzuten dutena… konta dezaten eta ikuspegi kritiko hori eraikitzen lagun dezaten.

Hitzaldiak, 21etik 27ra

Parte hartzaileak zein izango diren erabat zehaztu gabe badago ere, azaroaren 21etik 27ra hitzaldiak egingo dituzte Mikelazulo kultur elkartearen egoitzan. Askavusako kideak (Lampedusa), Hendaiako Atzerritarrak Barneratzeko Zentroaren inguruan lanean ari diren elkarteetako kideak, Melillako talde solidario bateko kideak, Grezian lanean ari den elkarte bateko ordezkari bat eta Calaisen (Frantzia) ari den beste pertsona bat izan nahi dituzte esperientziak kontatzen.

Hitzaldi horiek Mikelazulok antolatzen duen Herrien Astearekin paraleloki antolatuko dituzte; beraz, hitzaldiez gain, kultur ekitaldiak ere egingo dituzte.

[Herriz herri] Gabiria. Herrian, gaztetasuna potentzia

[Herriz herri] Gabiria. Herrian, gaztetasuna potentzia

Aimar Maiz

. Herri txikia izanda, 490 biztanlerekin eta jarduera ekonomiko apalarekin, auzolana eta herritarren lanerako konpromisoa ditu ardatz Gabiriaren orainaldiak. Etorkizunera begira, gazteak herrian bertan geratzea da erronka, etxebizitza ziurtatuta.

Ostirala, urriaren 21a, arratsaldeko bostak. Gabiriako kirol guneko kantxaren zorua margotu behar dela eta, 25 nerabe ari dira lanean; arrabolak eskuan hartu, eta margo gorrizta zabaldu dute, di-da batean. Beren jolaslekua da, eta, ondo zaintzeaz gain, ez dute makurrik lana egin behar denean ere arrimatzeko.

Larunbata, urriak 22, goizeko zortziak. Kultura Batzordeak sustatutako Hartu-Eman saio bat hastera doa. Perretxikoak dituzte gaur gai, eta, bi herritar aditu gidari hartuta —Iñaki Oiarbide eta Jon Ander Jaka—, basora joan dira gabiriarrak. Arratsaldean, bildutako 50 mota sailkatu eta erakutsi dituzte. Mokadutxoa janez bukatu dute ekitaldia, iluntzean.

Gabiriako herrian azkena izan diren bi auzolanen adibideak dira horiek. Herritar borondatetsuak ditu, lanerako, daukatena emateko eta erakusteko nagirik gabeak. Behar ere bai, udalerri txikia izanik, bizirik jarraitzeko horixe delako baliabide edo diru gabeziaren antidotoa: norberak egitea.

Goierri eskualdean dago Gabiria, 420 metroko garaieran, eta 15 kilometro koadro ditu. Urtearen hasieran 490 bizilagun zeuden erroldatuta. Bi auzo nagusi ditu: Alegia eta Aztiria.

Haur eskola badago —lau ume joaten dira—; HH eta LH ematen duten eskola publikoa ere bai, 29 ikaslerekin, eskola txikien familiakoa. Hiru elkarte daude bertan, eta beste bitan ere ibiltzen dira gabiriarrak, Gabiria parte den aldameneko herrietako auzoetan. Dantza taldea, musika eskola, bertso eskola, eskolaz kanpoko jarduerak haurrentzat, helduentzako yoga edo pilates saioak. Horixe du eguneroko eskaintza.

Urtean behin, han antolatzen dute euskal automobilismo egutegia hasten duen rallyesprinta. Bi mendi lasterketa ere egiten dira; baita bertsolari gazteen Osinalde bertso sariketa entzutetsua eta errezil sagarraren azoka ere. Oihartzuna ematen diote ekitaldi horiek herriari.

Gizarte gihar hori tenkatzeko, eta etorkizuna ziurtatzeko, gaztetasunari heldu nahi dio Gabiriako Udalak. 65 urtetik gorakoak bezainbeste (%21,8) dira ia 20 urte baino gazteagoak (%20,4).

Etxebizitzaren gaia kezka

Udalarentzat etorkizun hurbilerako zaindu beharreko arloa "herriko gazteak bertan geratzea" da. "Gure etorkizuna gazteetan dago, eta nola edo hala gazte horiek herrian bertan gelditzea lortu behar da", dio Arantxa Bidegain zinegotziak, kirol pista auzolanean margotzen ari diren nerabeei begira.

Etxebizitzaren gaia kezka iturri ikusten dute udal arduradunek. "Etxe solte batzuk badaude salgai, baina, noski, ekonomikoki ere egoera ez da oso egokia gazteentzat". Gabiriako etxebizitza dentsitatea 17,8 etxekoa da, hektareako (Goierrikoa 61,3, Gipuzkoakoa 60,3). Biztanle dentsitatea ere eskualdekoa eta herrialdekoa baino askoz txikiagoa du: 33 biztanle kilometro koadroko (Goierrin 194, Gipuzkoan 375). Hutsik dauden familia etxebizitzak, berriz, %25,4 dira: lautik bat, Goierrikoa (%15) eta Gipuzkoakoa (%12,7) baino altuagoa.

"Udalaren jabetzakoa den etxebizitza bakarra daukagu, une honetan, alokairuan. Hutsik dauden etxeak mugitzea bultzatu beharko litzateke, ea horiek nola martxan jarri. Biderik zuzenena hori dela uste dut", azaldu du Iñaki Etxezarreta alkateak (Gabiria Hautesle Elkartea).

Auzoetan begia jarrita

Gabiriako herri gunea 420 metrora dago, eta udalerriaren mutur banatan bi auzo gehiago ditu: Aztiria da herriko bizitoki garaiena (600 metro), eta Alegia beheren dagoena, Irizar autobus fabrikaren parean (207 metro). Gune horietan ere arreta jartzea da udalaren beste jardunbide bat.

"Badugu asmoa datorren urtean Aztiriko tabernara iristeko modua erraztekoa —udal jabetzakoa da eraikina—. Beste auzoetan ere landu nahi dugu zerbait. Gabiriar senti daitezela nahi dugu, eta ez dauzkagula baztertuta", dio Etxezarretak.

Horretarako, baliabide ekonomiko murritza da galga. Industria gutxi du, eta 2008tik jarduera are gehiago murriztu da, enpresa batzuk itxita, edo ekoizpena utzita. Gaur egun, 31 enpresak daukate Gabirian egoitza soziala. Lehen sektorean bakarra dago, bigarrenean hiru, eta gainontzekoak zerbitzuetan edo hornikuntzan.

Udalaren diru iturrientzat muga da hori, eta laguntzen menpe geratzen dira proiektuak: "Orain, adibidez, egin behar ditugun obra guztiek %50etik gorako finantzaketa laguntza daukate. Bestela ez dugu obra hasten", gaineratu du alkateak.

Ordainetan, auzolana, elkarlana eta gizarte konpromisoa indartzen dituzte. Iraupen ekonomia denak gizartearen bizitza suspertzen laguntzen du, azken batean. "Iritzi guztiak entzuten saiatzen gara, eta ondoren horrekin irtenbidea bilatzen. Batzordeak daude, eta babes handia dira udalarentzat. Etsenplua kirol zelaiarena da. Hamar metro laburtu nahi genuen, baina gazteek esan digute ez dutela mozterik nahi. Eta euren nahia egingo dugu. Azken batean, jendeak parte hartzen du, eta hori nahi dugu".

Beharrari erantzuteko sortua

Beharrari erantzuteko sortua

Eider Goenaga Lizaso

Duela 40 urte, irailaren 27an, 39 ikaslek hasi zuten ikasturtea Irakasle Eskolan, Eskoriatzan. Hura izan zen Huhezi Humanitateen eta Hezkuntza Zientzien fakultatearen abiapuntua. San Viator komentuan —fakultatearen gaur egungo eraikin nagusian— hasi zituzten eskolak, zubiaren beste aldean egiten ari ziren Dorleta eraikina amaitu gabe zegoelako. Irakasle euskaldunen lehen harrobi bilakatu zen. "Garai hartan ez zegoen irakasle euskaldun tituludunik", azaldu du Jesus Garmendiak, hamabost urtez Huheziko zuzendari eta lau urtez dekano izandakoak (Azkoitia, 1941).

Lau minututan erne zen familia musikala

Lau minututan erne zen familia musikala

Maite Alustiza

Musika "dena" da Leire Zabalzarentzat. Asteko hiru egunetan kirol denda batean egiten du lan, eta beste bitan Nafarroako Down Sindromearen Elkartera joaten da, Iruñean, Itaca proiektuan parte hartzera. Eguneroko martxa horretan, ordea, astearte arratsaldeak bereziak dira: entsegua izaten du Motxila 21 taldearekin. Tinbala jotzen du Zabalzak; 26 urte ditu, eta 12 urterekin hasi zen musika tresna hori ikasten. Abestu ere egiten du. Downen sindromea duten 23-40 urte arteko hamabi neska-mutilek eta bederatzi boluntariok osatzen dute Motxila 21. "Familia bat bezala gara".