Gizartea

[Herriz herri] Altzaga, artearen itzalpean

[Herriz herri] Altzaga, artearen itzalpean

Loinaz Agirre
Gipuzkoako herririk txikienetan hirugarrena da Altzaga, 167 biztanlerekin. Goierriren bihotzean dago, 279 metroko garaieran. Ordizian N-1 errepidea utzi, eta Aramatik gora GI-3871 errepidean joanda dago Altzaga herria. Altzagarate auzoan ...

‘Primum non nocere’

‘Primum non nocere’

Maite Alustiza

Lehen gauza kalterik ez egitea da. Hipokratesena da Primum non nocere medikuntzako printzipioa. OEIT Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak bere egin du esana, eta hainbat ikerketa zientifiko aztertu ondoren atera du ondorioa: erraustegiak kalteak eragiten ditu osasunean. Taldeko medikuetako bi dira Jose Luis Paulin eta Koro Zabaleta, eta Hernanin izan dira aste honetan, Biteri kultur etxean. Osasuna jarri dute lehentasun: "Gure agintarien erantzukizuna da herritar guztien osasuna babestea".

2000ko urteen hasieran piztu zitzaien jakin-nahia, errausketak osasunean kalteak eragin zitzakeela entzun zutelako. Hainbat dokumentu eta argitalpen aztertu ondoren, ohartu ziren ez zela susmoa, errealitatea baizik. Hala, manifestu batean bildu zuten aurkitutako informazioa, eta Gipuzkoako 500 osasun langileren baino gehiagoren babesa jaso zuten. "Inork ez zuen zalantzan jartzen hor baieztatzen zena".

Paulinek dioenez, erraustegiaren aldekoek ere ez zituzten datuak ukatu, baina argudio nagusi bat zuten, alde agertzeko: "Esaten zuten azken belaunaldiko erraustegiekin ez zela kalterik egongo. 2002-2004 urteak ziren; geroztik, ikertzen jarraitu dugu, eta gerora egindako ikerketek diote arazoek hor jarraitzen dutela". Bat dator Zabaleta: "Hau ez da telefonoak bezala, urtarrilean bat erosi eta urrirako berriago bat dagoela. Hemen azken erraustegiak 2000. urtekoak dira".

Erraustegiaren alde esaten diren hainbat baieztapen baliatu ditu Zabaletak azalpenak emateko. Batetik bederatzira zerrendatu ditu.

Bat. "Diote birziklatu ezin dena soilik erretzen dela, produktu toxikoak ez daudela. Gezurra da: erraustegira iristen den guztia erre egiten da; gainera, bereizi gabe". Paulinek Bilboko Zabalgarbi errauste plantan ikusi ahal izan zuen bertatik bertara: "Denetik zegoen han: plastikoa, papera, jostailuak, tresna elektronikoak... Dena barrura zihoan, labera".

Bi. "Isuriak kontrolatu egiten direla diote. Teknikoki ezin da egin, ezin da 24 orduz kontrolatu tximiniatik zer ateratzen den... ez da erreala".

Hiru. Kontrolen fidagarritasuna zalantzan jarri du Zabaletak: "Kontrolak egiten dira, baina aldez aurretik abisatu egiten dute; halako egunetan eta ordutan egingo dugu ikuskatzea. Egun horretan denak primeran funtzionatzen du, eta kito".

Lau. "Esaten dute iragazkiak azken belaunaldikoak direla, eta ez dela ezer isurtzen. Iragazkiak dira, ez tapoiak. Zulotxoak dituzte; nahiz eta oso txikiak izan, beti egongo dira mikropartikulak, gutxienez. Mikropartikulak izateak ez du esan nahi ez direla osasunarentzat txarrak".

Bost. "Energia berdea lortuko dela uste dute, baina dena erretzeko, gasa erabiltzen dute. Zabalgarbin ikusi dugu energia asko ateratzea zutela helburu, baina ez dutela ezer ateratzen, gastatu egiten dutela. Tenperatura oso handia behar dute erretzeko, eta gasa erabiltzen dute".

Sei. "Diotenez, legez ezarrita dauden igorpen kopuruak errespetatzen dira, baina ez dugu ezagutzen kopuru segurua zein den. Naturak ez du irakurtzen gizakiek idazten duguna; natura natura da, eta zifrak guk jartzen ditugu".

Zazpi. Errausketarekin zabortegirik ez dela behar esatea okerra da Zabaletarentzat. Haren arabera, erraustegian ateratzen diren toxikoak norabait eraman behar dira; "berez, legez", zabortegi bereziak daude.

Zortzi. "Esaten dute Europan erre egiten dela gehien birziklatzen den tokietan. Guk dakigunez, Danimarkan gutxi birziklatzen dute, eta asko erretzen da". Kontuan hartzekoa da, OEITko medikuen ustez, Europako Parlamentuak 2012an onartutako ebazpena: zabortegi eta erraustegiak apurka desagertzea aipatzen du ebazpen horrek. Paulinen arabera, "zaila da ulertzea, Europak hori esanda, erraustegirik ez dagoen toki batean erraustegia egitea proposatzea".

Bederatzi. Beste industria batzuek ere kutsatzen dutela diotenen argudioa. "Guk ez dugu kutsatuko duen beste bat nahi; horrek ez du justifikaziorik. Beste zerbait egongo da".

Tabakoa eta efektuak

OEITko medikuek diotenez, urte asko behar dira efektuak egiaztatzeko; "ezin da hamabost egunez edo urtebetez behatu eta ondorioak atera". Tabakoarekin konparatu du Paulinek: "Erre edo ez erre, denek dakigu tabakoa txarra dela. Eta posible da guztiok ezagutzea bizitza guztian erre duen norbait, ezer gertatu ez zaiona. Baina osasun arazo bat izan duen erretzaileari, 10-15-20 urteren buruan hasi zaizkio kalteak agertzen".

Errauste planten eragina aztertzean ere beharrezkotzat jo du urte kopuru bera ikertzea, benetan kaltegarria dela egiaztatzeko. Gutxieneko pertsona kopuru bat ere behar du ikerketak, estatistikoki baliagarria izan dadin.

Aztertu dituzten ikerketen artean, Espainian 2012n egindako bat aipatu du Paulinek, "kalitate handieneko bat". Behaketa horrek hala dio: hilkortasuna, minbiziagatik, igo egin da erraustegitik bost kilometroko erradio batean dagoen biztanlerian, gizon zein emakumeetan.

Planta batetik gertu eta haren eraginetik urrun daudenen artean, honako konparaketa hau egin du: gibeleko ehun minbizia dauden tokian, 129 egongo dira; birikako ehun minbizia daudenetan, 114; eta leuzemiaren ehun kasuren tokian, 121. Erraustegiek isurtzen dituzten gasak askotarikoak dira: metal pisutsuak, dioxinak... "Hori guztia airera doa, urera, lurrera; animalietara pasatzen da, landareetara... Dioxinak munduan egon daitezkeen pozoirik garrantzitsuenetako bat dira".

Minbizia izan gabe, Paulinek ohartarazi du metal pisutsuek —bromoak, merkurioak...— patologia batzuk eragin ditzaketela, neurri ezberdinetan: "Batzuetan, diabetes bat izan daiteke. Sinplea irudi dezake diabetes batek, askotan gehiegi pentsatzen baitugu minbizian eta abarretan, baina egunerokoan gehien kezkatzen gaituzten beste gaixotasun batzuk baditugu hor. Ez dugu ahaztu behar kasu askotan inguruneko esposizioaren ondorio direla".

[Herriz herri] Alkiza: Naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea

[Herriz herri] Alkiza: Naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea

Jon Miranda

Kareharrizko erliebe karstikoa eta 2.158 hektareako eremua duen Hernio-Gazumek balio handiko paisaia multzoak ditu. Paisaia horietan arriskuan diren fauna espezie batzuk daude: hildako egurrean bizi diren intsektu deskonposatzaileak, saguzarrak eta hegazti harrapariak. Europako Batasuna aspaldi biodibertsitatearen galera antzematen hasi zen bere lurraldean. Arazo horri aurre egiteko, espezieak eta horien habitatak babestea erabaki zuen, eta Natura 2000 Sarea eratu. Kontserbazio bereziko eremuek (KBE) osatzen dute sarea, eta eremu horiek Europako Batasunaren zuzentarauaren arabera kudeatu behar dira. Eusko Jaurlaritzak 2013ko apirilean eman zion izendapena Hernio-Gazumeri. Kontserbazio bereziko eremua izanik, Alkizan garrantzia eman nahi izan diote arlo horri, Jon Umerez alkatearen esanetan: "Iruditzen zaigu erpin hori baliatu behar dugula herrian, hori baita garapen integralagoa lortzeko modua".

Ingurunearen balioa ezagutarazteko asmoz, Fagus Alkiza Hernio-Gazumeko interpretazio zentroa zabalik dute udaletxeko goiko solairuan. Biodibertsitateari buruzko informazioa aurki daiteke erakusketan, baita mendigunean egin diren eta egiten ari diren kontserbaziorako lanak ere. Gainera, ikusgai dira bertako baso eta kobazuloen erreplikak. Udaletxeko teilatua eraberritzeko lanek iraun duten bitartean, instalazioa moldatu eta baliabideak gehitu dizkiote erakusketari. Astelehenean erakutsiko diete herritarrei espazio berria, otsailaren 29an, 19:00etan.

"Interpretazio zentrotik harago, bisitaria mendira bidali nahi dugu, aberastasun hori bertatik bertara ikus dezan", dio Umerezek. "2014an berritu genituen Herniorainoko mendi bideak, eta eremuan aurki ditzakegun habitat eta espezie babestuen inguruko informazioa jaso genuen seinale eta panel informatiboetan. Interpretazio zentroko erakusketarekin batera, eskola taldeek edo interesatuek txango gidatuekin osa dezakete bisita".

Ez da Alkizako lurretan egin daitekeen ibilbide bakarra. Iazko uztailean, Tolosaldea Tour-ek seinaleztatua zuen bide bat baliatu zuten Alkizako baserri paisaiak bisitatu eta horren inguruko gogoeta bultzatzeko. Udalaren eta Tolomendiren proiektua da bidea. Iker Karrera eskualdeko landa garapeneko elkarteko arduraduna da: "Paisaia horiek ez dira zerutik erortzen. Norbaitek egin du lana ganaduarentzat belarra prestatuz edo soroan barazkiak ekoitziz. Lan horien guztien ondorioa da paisaia, eta bistakoa da baduela bere balioa".

Egun baserriak pairatzen duen egoera kontuan hartuta, Fagus Alkiza zentroak hausnarketarako gune eta aukerak bilatzeko abiapuntu ere izan nahi du. Honela dio Umerezek: "Alkizarrontzat nortasun elementu garrantzitsua da kokatuta gauden tokia, eta horrek izan behar du herriaren garapenerako motore". Bide berriak topatzeko ahalegina egin dute, adibidez, Garaikoetxea baserrian. Han ekoizten dute Inazio Urruzola txakolina. Garai batean, sagarrondoz inguratuta zegoen baserria, eta mahastiz apainduta ikusten da gaur egun.

Naturaren eta gizakiaren arteko harremanetik sortutako kultura, hori dute hirugarren ardatza Fagus Alkiza proiektuan. Gizakiak ingurunearekin izandako harremanetik sortu diren kultur ondasunek —txondorra, karobia— tokia dute interpretazio zentroan. "Belaunaldi berriei erakutsi nahi dizkiegu horiek denak, kontuan harturik garaiak aldatuz doazela, eta horrekin batera ohiturak, ingurumenarekiko harremanak, kontsumoa…".

Eskola herriko eragile

Alkizak 375 biztanle inguru ditu, eta hirutik bat adingabea da. Horregatik, herriko eskola txiki geratu zaie. Eraikina zahartua dago, eta ez ditu beharrezko baldintzak betetzen: "Aspalditik gabiltza arazo horrekin bueltaka. Bere garaian, proiektu berri bat egitera iritsi ginen, baina, azkenean, bertan behera geratu zen. Eraikuntza berri bat nahi genuke guk, edo behintzat behin betiko soluzioa ematea auziari". Urte hauetan guztietan udalak bere esku dituen lokalak eta espazioak egokitu ditu, eskolak erabil ditzan. Zortzi urte dira Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin harremanetan direla irtenbide bat bilatu nahian, eta gaur bertan Lakuan dute bilera eskolako arduradunek.

Bien bitartean, leku estu batean baina bizi jarraitzen dute ikasleek. Eskola orduetan plazan lasai jolasean ibiltzeko gogoak bultzatuta, Alkizako herri eskolako ikasleek, irakasleek eta gurasoek galdeketa bat bultzatu zuten aurreko udazkenean. Eskola orduetan plaza oinezkoentzat itxi nahi ote zuten galdetu zieten hainbat herritarri; %87,5ek baietz erantzun zuten. 104 herritarrek parte hartu zuten galdeketan.

Emaitza udalaren esku utzi zuten, eta azaro amaieran etorri zen baiezko erantzuna. "Udalak behin baina gehiagotan egin die dei plazaren erabiltzaileei arazoari irtenbidea emateko. Hain zuzen, guraso eta eskolako langileak baitira, gehienetan, arazoa sortzen dutenak. Guk egindako deiak ezer konpontzen lagundu ez duenez, ikasleek galdeketan ateratako emaitzaren babesarekin udalari egindako eskaera aintzat hartu eta neurri batzuk hartzea erabaki dugu". Abendu hasieratik eskola pareko plazaren zatia ibilgailuentzat itxita dago eskola orduetan —bizilagunentzat izan ezik—.

Isilik egotea ez da aurrea hartzea

Isilik egotea ez da aurrea hartzea

Maite Alustiza

Orain, hemen, suizidioari aurrea hartzen ari gara, komunikazio ekintza hau prebentzioa da. Gutariko bakoitza da agente antisuizida bat". Mediku psikiatra da Mercedes Navio, Madrilgo osasun zerbitzuko langilea. Donostiako San Telmo museora bildutakoei ari zaie hizketan, Gazteetan suizidio arriskua detektatzea eta prebenitzea hitzaldian. Suizidioari aurre egiteko "radarrak" falta direla dio, suizidioaren ondorioak "tragedia izugarriak" direla; hala ere, ezinbestekotzat du prebentzioa lantzea eta, bereziki, gaiaz hitz egitea: "Isiltasunaren eta zarataren artean, badago modu bat suizidioaz hitz egiteko". Naviorekin batera, Julio Guija Sevillako Unibertsitateko irakasle eta auzitegi medikuak parte hartu zuen mintegian, joan den ostiralean.

Tabua da biek gehien darabilten hitzetako bat. Suizidio kasuengatik izaten den dolua gogorrenetarikoa dela dio Naviok, are gehiago gertuko batena denean. "Ez dut arinkeriaz aritu nahi, baina suizidioa armairu sozialetik atera behar da; inork ez du sartu nahi. Gizarte moduan kulpa sentimenduak oso indartsuak dira". Garaiak aldatu arren, Naviok hainbat hamarkada egin du atzera egungo egoera arrazoitzeko: "Duela 50 bat urte norbere burua hiltzea delitua zen, eta bekatua. Lortzen ez zuena kalabozora zihoan. Tamalez, zigor horren izaera sinbolikoa ez da aldatu".

Guijak gertutik ezagutu du senideekiko harremana, errudun sentitze hori. Autopsia psikologikoak egiten ditu, eta horietan, heriotza gertatu eta hilabete batzuetara biltzen da familiarekin, sei-zortzi hilabetera. "Emozioak deskargatzera datoz, kulpa sentimendua dute, are gehiago hildakoa semea edo alaba badute. Esaten dute: 'hura esan zidanean beste hura esan nahi zidan, eta ni ez nintzen konturatu...'". Bizpahiru orduz hitz egin ondoren elkarrizketak balio ote dien galdetzen die: "Ia denek baietz diote, sentitzen dutena esan ahal izan dutela".

Eskolan ere dolua lantzea garrantzitsua dela uste du Naviok, hildakoa eskolako kide bat denean ere. "Isiltzeak fantasiak elikatzen ditu, eta aukera dago gertatutakoa guztiz gaindituta ez geratzeko". Suizidioaren inguruan dagoen mito bat gehitu du Guijak: "Uste da gaiaz hitz egiten badugu horretara bultzatzen ari garela".

Gertatu ez dadin, ordea, prebentzioa posible da: "Aurrea hartu dakiokeen heriotza da suizidioa". Eta, horretarako, bi gako aipatu ditu Guijak: arazoa kuantifikatzea eta arrisku faktoreak zeintzuk diren identifikatzea. Osasunaren Mundu Erakundeak emandako datuen arabera, 15 eta 29 urte arteko gazteen artean heriotzaren bigarren kausa da suizidioa mundu osoan —2012ko datua da—. Dena den, datuak zuhurtziaz hartu behar direla dio, beti ez baitira errealitatearekin ondo egokitzen.

Arrisku faktoreak

Jokaera suizidan eragina duten arrisku faktoreei dagokienez, berriz, hiru talde bereizi ditu: indibidualak, familiakoak eta inguruari lotutakoak. Argi utzi du hasieratik: "Suizidio baten atzean ez dago kausa bakarra". Indibiduoari lotutakoen artean zerrendatu ditu suizidio aurrekariak izatea, nahasmendu portaerak, faktore biologikoak... Familiakoen artean, besteak beste, senide baten suizidioak izan dezakeen eragina nabarmendu du: "Hildakoa aita izan bada, bi aldiz biderkatzen da arriskua; ama izan bada, aldiz, bost bider". Guraso eta nerabearen arteko harreman gatazkatsuak eta gurasoak banantzea ere arrisku faktore izan daitezke, baina betiere "beste patologiei lotuta doazenean". Berdin gertatzen da bullying-arekin inguruari lotutako faktoreetan, Naviok gaineratu duenez: "Bullying-a ez da kausa bakarra, baina bai suizidio asko lasterragotzen dituena".

Posible al da portaera suizidari aurrea hartzea? "Datuek baietz diote". Guijaren ustetan, beharrezkoak dira ezagutza eta kontzientziazioa. Prebentzioaren globalizazioaz hitz egin du: "Suizidioa ez dagokio osasun sistemari bakarrik; lehen mailako arreta zerbitzuari, irakasleei eta gizarte langileei ere badagokie".

Prebentzioa lantzerakoan ere, hiru maila bereizi ditu: lehen mailakoa litzateke jokaera suizida agertu aurreko fasea; bigarren mailakoa, agertu denean tratamendua jartzea; eta hirugarren mailakoa, tratatu ondoren jarraipena egitea.

Bat dator Navio, eta erakundeen ekintza faltaz kexu da: "Badakigu zer egin behar den, baina ez dago borondate politiko argirik, eta gizartea ez da ondo egituratzen. Nekatuta dagoen jende asko topatzen dugu eskoletan, Polizian, farmazietan... Egunerokoan lanean ari dira, baina kostu eta boluntariotza handiarekin. Sare handi bat osatu behar dugu, eta hori gutako edonork ehun dezake". Sare horretan barruan hedabideak "aliatu handienak" izan beharko liratekeela uste du: "Oso tristea da gaiari ematen zaion trataera; kasu konkretuetan agertzen da, eta xehetasun morbosoekin askotan".

Erosotasuna subjektiboa da

Erosotasuna subjektiboa da

Maite Alustiza

Bi autobus baino ez daude, geldirik, eta bidaiaririk ez da inguruan. Itxita daude txartelak erosteko leihatilak, eta apenas dabilen jenderik. Urte luzez geltoki izan ondoren, Donostiako Pio XII.a plaza ez da dagoeneko autobus geraleku, baina motxiladun turista despistaturen bat inguruan dabil oraindik. "Barkatu, hau dagoeneko ez da autobus geltokia, ezta? Nondik da?".

Astebete da geltoki berria Atotxan ireki zutela. Hara iristeko, Amaran topatutako turistak Urumea ibaira gerturatu eta Maria Kristina zubira arteko bidea egin beharko du. Bai bisitariak, eta baita Donostiara iristen den autobusak ere. Geltoki berrian, horretaz kexu da Iruñerantz irtetear den Conda konpainiako gidari bat —ez du izenik eman nahi—: "Ulertzen dut erabiltzaileentzat erosoagoa izatea; estalitako gune bat daukate, berria, eta zerbitzuak batera dituzte, baina guretzat korapilatsuagoa da Donostia sarreratik honaino etortzea". Ildo beretik hitz egiten du Arrasaterantz ateratzera doan Pesako gidariak ere: "Oraindik ohitzen ari gara, baina nik neuk ez nuke geltokia hemen egingo, hobe ikusiko nuke Loiolako Erriberan egitea". Dioenez, hamar bat minutu gehiago behar dituzte orain bidaia egiteko, batik bat Donostiako sarreran egoten den trafikoa dela eta. Hiriko irteera, berriz, tren geltoki alboko errepidetik egiten dute, Martuteneruntz. Azpiegiturari berari ere aldaketak egingo lizkioke: "Gasteizko geltokia, adibidez, hobe ikusten dut. Hemen estuagoa da espazioa, mugatuagoa".

Erabiltzaileek, berriz, erosotasuna aipatzen dute abantaila nagusien artean. Euria ari du kanpoan, haizea; barruan, 15,5 gradu markatzen ditu termometroak. Eserita dago Julio Otxoa, janari makinen pareko aulki batean, Gasteiztik datorren lankide baten zain: "Amaran zegoena ez zen itxurazko geltoki bat, eta are gutxiago halako eguraldia egiten duen egunetarako. Han ez zegoen busti gabe zain egoterik, kafetegi batean ez bazen. Komunik ere ez zegoen eta!".

Nasen aldameneko pantailek diote Bilbo, Arrasate, Iruñe, Loiu eta Zaragozara (Espainia) doazela hurrengo autobusak. Lehenaren zain dago Amaia Jauregi, motxila bizkarrean eta maleta eskuan. 2008tik ia astero egin du Donostia eta Bilbo arteko bidaia, ikasketa eta lan kontuak medio. Lehenengo bidaia izango du geltoki berrian, eta kokalekuari ikusi dio abantaila nagusietako bat: Tolosatik iritsi da Renfe trenean, eta bi geltokiak gertu izateak denbora dezente aurreztea ekarriko dio.

Autobusen antolaketa ere egokiagoa dela iruditzen zaio: "Lehen nahiko kaotikoa zen. Guk bagenekien, baina turistentzat, adibidez, leihatila aurkitzea ez zen erraza, aparte zegoen. Horrez gain, ez zenekien autobusa non geldituko zen, aldiro ibili behar zen batera eta bestera begira; igande iluntzeetan batik bat ikasle pila bat elkartzen ginen, maletekin, eta nahaspila izaten zen". Hori horrela, begi onez ikusi du Gipuzkoako Diputazioak igandeetako zerbitzurako iragarri duen aldaketa —17:00etatik aurrera autobusak orduerdiro aterako dira aurrerantzean—. Diputazioak "ikasleek eta unibertsitarioek egindako eskaerari" erantzun nahi izan dio modu horretan.

Turistak galdezka

Bien bitartean, ilara luze samarrak sortu dira Alsa eta Pesa konpainien leihatiletan. Azken horretan daude Elena Zanetti eta Giulia Montevecchio italiarrak, txanda noiz tokatuko zain. Sienatik iritsi ziren Donostiara pasa den astean, lagunak bisitatzera, eta Loiuko aireportura joateko txartela erostera doaz. Etorritakoa baino pisu gehiagorekin bueltatuko dira: bi maleta daramatzate, eta beste bi poltsa handi. "Lagunek janariz bete gaituzte!". Pisu gehiago izan arren, oinez egin dute bidea Alde Zaharretik, nahiz eta Montevecchiok autobusa hartzea proposatu: "Eskerrak ez genuen beste geltokira joan behar, bestela ez dakit iritsiko ginatekeen", dio barrez.

Txartelen leihatila erraz topatu dute, baina informazio falta ere sumatu dute maletak takiletan utzi nahi zituztenean. "Nahiz eta argibide batzuk idatzita egon, ondo legoke galdetu ahal izateko jende gehiago egotea, are gehiago orain, jendeak ez duela toki berria ezagutzen".

Orokorrean geltokia normaltasunez ari da funtzionatzen, baina nabari da ireki berria dela. Geltoki kanpoan lanetako hesiak, behin-behineko seinaleak eta langileak daude oraindik; barruan ere, konponketa txikiak egiten dabiltza, parkingetik ateratzeko txartel makinan, esaterako.

Makinan ordaintzen ari dira Cristina Bilbao eta Peio Arrizabalaga. Bilbotarra da Bilbao, eta haren hirian ere geltoki berriago bat nahiko lukeela dio —martxan dago Termibus berritzeko prozesua—. Gustatu zaio Donostiakoa. "Kosta zaienarekin...!", erantzun dio Arrizabalagak. Azken egunetan irekiera datarekin izandako gorabeherak kontatu dizkio autora bidean —urtarrilaren 16an ziren geltokia irekitzekoak, baina ke proba gainditu ez zuenez, joan den astera atzeratu zuten—.

Amuarrainak, uretan hobeto

Amuarrainak, uretan hobeto

Aimar Maiz

Arrantza sasoia ofizialki hasteko hilabete eta erdi falta den arren, Agauntza errekan (Lazkao) 40 arrantzale dabiltza, belaunetaraino uretan sartuta, kanabera bota eta amuarrainak atera nahian. Arrantza intentsiboko barrutia da, Araxes eta Leitzaran ibaietako zati banarekin batera Gipuzkoan dauden hiruretatik bat. Urte osoan egin daiteke arrantza, federatuta eta baimen berezia lortuta.

Otsail hasiera izanagatik —hilaren 6an jokatu zen Lazkao-Agauntza Irekia arrantza lehiaketa—, amuarrain mordoxka dabil ur lasaietan. Negu epelaren ondorioz, Lareoko urtegiaren emari-erregulatzaile funtzioaren laguntzaz eta herriko arrantzaleen zaintzari esker, arrantzarako paradisu bihurtu da Agauntza, 2014ko urritik.

Trukean, amuarraina harrapatu —salabardoaren laguntzarekin ateratzen dute—, eta atzera uretara itzultzea da prezioa. Hil gabeko arrantza modalitatea egiten delako hiru barrutiotan. Geroz eta arrantzale gehiagok egiten du hala, batez ere gazteen artean.

Bi denboraldiko esperientziarekin gustura daude herriko arrantzaleak. "Urte asko ibili gara barrutia lortzearen atzetik. Iaz Gipuzkoako Federazioak laguntza eman zigun, eta hasteko behintzat aukera eman zigun. Txapelketa batzuk antolatzen ditugu urte osoan", dio Olain Irizar arrantzale lazkaotarrak.

Aldundiaren liga

Agauntzaren kasuan, Lazkaoko udal barruti ia osoa da arrantza intentsibokoa, Zubierreka industrialdearen paretik Senpere auzora. Araxesen, Urkola presatik Oriako ahoraino da. Leitzaranen kasuan, berriz, Erreka arrain haztegitik Oriako ahoraino.

Arraina hil gabeko arrantza modua sustatzeko, federazioak Aldundiaren Liga txapelketa antolatzen du. Orain arte hiru barrutietan jardunaldi bana izaten zen, baina datorren urterako aldaketa bat sartuko dute: Araxesen eta Agauntzan egun berean izango da arrantzaldia, eta Leitzaranen beste batean. "Horrela arrantzale bikote gehiago sartuko ditugu, 32 bikote. Espainia guztiko jendea etortzen da", azaldu du Gipuzkoako Arrantza Federazioaren lehendakari Martin Lasak.

Gune horiek ezagutarazteaz eta hil gabeko modua indartzeaz gain, orokorrean arrantzarako zaletasuna bera piztu nahi dute. "Arrantza mundua oso baxu dago, eta bultzada bat emateko asmoarekin ari gara. Lazkaoko festetan neska-mutikoentzat ere txapelketa txiki bat egin genuen iaz, zaletzeko eta arrantza ezagutzeko", dio Irizarrek.

Erreketako faunari eusten

Arrantza intentsiboko barrutietan urte osoan ibili ahal izateko, federatuta egon beharra dago batetik —segurua sartzen da hor—, eta baimen berezi bat atera behar da bestetik. Internet bidez egin daiteke izapidea, eta 16 urtera artekoei ez diete ezer kobratzen.

Ehizan bezala, arrantzan ere polemika badago harrapakina hil gabe utzi ala ez. Askori pentsaezina egiten zaie amuarraina uretatik atera eta atzera libre utzi behar denik. Barrutiok hil gabekoak direlako kexatzen denik ere bada. Baina Gipuzkoako erreken aberastasun ekologikoa ere jokoan dago. "Usoak kanpotik etortzen dira, baina amuarrainak autoktonoak dira. Ateratzen baldin baditugu, ez da ezer gelditzen. Amuarrainak badaude batzuk, baina oso gutxi, eta etxekoa zaintzen ez badugu...", dio Irizarrek.

Amuarrainak ekarri eta errekan botatzen dituzte arrantza elkarteek. " Diru aldetik, kostu handia dakar". Hilean, "pare bat aldiz" birpopulatzen dituzte errekak. Uraldiek eragin handia daukate, eta ubarroiek ere amuarrain asko jaten dute. "Errekak txikiak dira, eta presio hori ezin dute mantendu. Mantentze lana egiten dugu, amuarrainak libratzeko garaian", azaldu du Irizarrek.

Jendea ari da kontzientzia aldatzen. Eta erreken egoera ere azken urteetan "asko hobetu" da.

[Herriz herri] Aduna: Bi mundu herri txiki batean

[Herriz herri] Aduna: Bi mundu herri txiki batean

Jon Miranda
. Industrialdearen eta landa eremuaren arteko orekan bizi da Tolosaldeko herri hau. Askok ezaguna izango dute sagardotegiengatik. Horiekin batera bisitariei eskaintzen dizkien baliabide turistikoak erakusteko 'Adunako grazia' ikus-entzunez...

250 urte… baino gehiago

250 urte… baino gehiago

Erik Gartzia Egaña

Gipuzkoan biztanleria aldetik bigarren udalerria den arren, 250 urte bakarrik dira Irunek hiribildu estatusa jaso zuela. Aduana Ebrotik kostaldera lekualdatzeak, trena iristeak eta industrializazioa hedatzeak hiriaren demografia puztu bazuen ere, mende luzeetan izan du garrantzia Irunek, toki estrategikoa izan baita beti. Urteurren seinalatua ospatze aldera, batzorde bat osatuko dute Irunen, aurrera begirako ekitaldiak prestatzeko asmoz.

Aurrera begiratzea ez ezik, iraganeko ondarea gordetzea ere badu xede Irungo Udal Artxibategiak. Ikust Alaia eraikinean dago artxiboa, eta han lan egiten du Sagrario Arrizabalagak. Artxibozaina izateaz gain, Historia de Irun liburua idatzi zuen Lourdes Odriozola historialari errenteriarrarekin batera. Lehenago, Francisco Gainza, Serapio Muxika eta Luis Uranzu saiatu ziren hiriaren historia jasotzen. Zatikako obrak izan ziren, arrazoi batengatik edo besteagatik osatu ez zirenak.

Hondarribiaren menpe

Gaztelako Alfontso VIII.ak hiri gutuna eta Donostiako Forua eman zizkion Hondarribiari, hiribildu bilakatzeko. Haren menpe gelditu ziren egun udalerri diren hainbat toki: Oiartzun, Errenteria —XIV. mendean lortu zuten biek udalerri izatea—, Irun, Pasai Donibane eta Lezo. Azken horiek mendeak eman zituzten Hondarribiaren menpe.

Arrizabalagak azaldu duenez, garai hartako dokumentazio gutxi dago, baina 1203. urtekoa da Irun izeneko toki bat bazela aipatu zuen lehenengo dokumentua. Garai hartan, zehazki, Irun-Uranzu zuen izena egungo hiriak —independentzia lortu eta gero ere hala izan zen hainbat urtez—.

Ahaide nagusien —banderizoak ere deituen— arteko gerraren aurrekarietakoa da hurrengo dokumentua. Garai hartan, liskarrak egon ziren Euskal Herrian sortutako hiribilduen eta landa eremuko jauntxoen artean, hiribilduek azken horien pribilegioei mehatxu egin zietelako. Hondarribiko hiribilduaren eta Irungo hainbat jauntxoren artean borrokak egon ziren, eta 1299an sinatu zuten bakea lortzeko hitzarmena, Donostiako elizgizon baten bitartekaritzarekin. "Dokumentazio askorik ez dagoen arren, liskar ugari bazela pentsa daiteke. Hondarribiak, hiribildu gisa, eskubide guztiak zituen, eta Irun-Uranzu unibertsitatea zen. Elkarren arteko talka sortu zen".

Ia bi mendeko jauzia egin du artxibozainak hurrengo gertaera historikoa azaltzeko. XV. mendean, Irun hazten ari zen, eta gero eta desadostasun handiagoa zuen menpeko egoera harekin. "Hainbeste hazi zen, ezen irundarrek aita santuari Hondarribiko elizatik bereizteko eskaera egin baitzioten. Izan ere, irundar asko ziren sakramentuak jaso gabe hil zirenak. Elizen bereizketa arlo zibilean ere baliatzeko aitzakia zela uste dut". Gainera, Hondarribiak sute asko jasan zituen, eta han bizi ziren asko Irunera joan ziren bizitzera.

Frantziarren inbasioa

1476an Frantziako tropek Gipuzkoa inbaditu zuten, eta Irunen ezarri zuten euren kokagune nagusia. Inguruko herriei egin zieten eraso, eta horrek ere irundarren eta hondarribiarren arteko liskarrak sortu zituen. Hiribilduko ordezkariak kexatu egin ziren erregearen aurrean, eta Irunen batzarrak egitea debekatu zuten, baita merkataritza jarduerak egitea ere. "Ekonomikoki Irun itotzen saiatu ziren". Gainera, harrizko etxeak eraikitzea galarazi zuten 1499ko agindu batean. Irundarrek, baina, bere hartan jarraitu zuten, eta hondarribiarrek euren agintariak bidali zizkieten, zigortzeko asmoz. 1499an sindikoa hil zuten irundarrek.

Gainontzeko herriek ordaintzen zituzten hondarribiarrek ordaindu behar zituzten zerga guztiak. Ez zuten dirurik euren jarduerak finantzatu ahal izateko, eta irundarren artean partekatzen zituzten euren ondasunak: "Denak elkartzen ziren, eta diru gehien zuenak ematen zuen gehien". Hori ere galarazi nahi izan zieten hiribilduko agintariek, eta, gainera, irundarren basoak, Bidasoa ibaiaren zatia eta nekazaritza lurrak ustiatzen zituzten. Horren aurkako altxamenduan Hondarribiko probestua zauritu zuten, udal enplegatua.

1521ean, San Martzialeko batailan, irundarrek okupatzaileekiko jarrera aldatu zuten. Oldartu, eta frantziarrak kanporatu zituzten. Horrez gain, nafarren kontrako Noaingo guduan ere parte hartu zuten irundarrek, eta Karlos I.a Espainiako erregeak parte hartu zuten soldaduen jaioterriak saritu zituen —Hondarribiak hartu zuen irundarren partea—. Horrela, Irungoek sinesgarritasuna irabazi zuten erregearen aurrean.

Arriagaren hilketa

Aldabe mendian izandako gudaldi haren ondoren, konfiantza hartzen hasi ziren irundarrak, eta euren herria kudeatzen hasi ziren politikoki, arlo militarrean eta ekonomikoan, eta diru kontuek hobera egin zuten.

Auzien zerrenda amaigabea izan zen XVI. mendean. "Dirutza ikaragarria xahutu zuten bi aldeek, auzi horiek guztiak ordaindu behar baitziren". Auziak ez ziren juridikoak bakarrik izan: indarkeria kasuak izan ziren hiribilduko agintarien kontra; 1512an, 1537an eta 1547an, esaterako.

1560ko hamarkadan, jurisdikzio propioa irudikatzeko bi sinbolo eraiki zituzten Irungo plazan: alde batetik, udaletxea altxatu zuten; beste aldetik, San Joan Harria. Izaera administratiboa zuen, baina San Joanen irudia jarri zuten gainean, guruztoki gisa kamuflatzeko, 1564. urtean. Urte hartan bertan, Hondarribiko alkate Miguel Arriaga eta haren segizioa Irunera joan ziren, legea ezartzeko asmoz. Istiluak hasi, eta hiribilduan bizi zen soldadu irundar batek dagarekin hil zuen alkatea.

XVI. mendearen bukaeran, 1596an zehazki, Legazpiren ereduari jarraitu, eta independentzia lortzeko lehenengo ahalegin serioa egin zuen Irunek, baina helbururik lortu ez. Bigarren saiakera egiteko ez zuten urte askorik itxaron behar izan: 1615ean Gipuzkoako 32 herrik eskatu zuten udalerri izatea, baina Gerra Kontseiluak kanpoan utzi zuen Irun.

Ordutik aurrera, ahalegin gehiago egin zituzten: 1628-1629an; 1701-1702an eta 1732an. Hala ere, dena ez zen gatazka izan: hainbat irundar eta hondarribiarrek ermandadearen alde egin zuten, Gipuzkoako beste hainbat herrik egina zuten bezalaxe. Proposamenak ez ziren gutxi izan: 1656an, 1665ean eta 1703 eta 1712 bitartean. Denek porrot egin zuten.

1732ko independentzia eskaeren ondoren, Irunen aldeko joera nagusitzen hasi zen, eta Hondarribiak, haserre, 1754an Gipuzkoa utzi eta Nafarroara bat egitea galdegin zuen, baina ez zuen lortu. Bere menpekoek —Irun, Donibane eta Lezok— aurre egin zioten, eta gainbehera hori baliatuta, Irunek, azkenean, independente izatea lortu zuen. 1766ko otsaila zen.

Baserri txikien iraultza

Baserri txikien iraultza

Eider Goenaga

Baserritarraren ikuspegi tradizionala apurtu egiten dute: bai baserriari begiratzeko moldeagatik, bai egindako bizi apustuagatik eta baita baserria bizitzeko eragatik ere; eta, azalekoari erreparatuta, itxuragatik ere bai. Nekazaritza ekologikoa egiten dute, eta agroekologia da haien jarraibidea. Modu iraunkorrean ekoiztea, garaian garaikoa errespetatzea eta, bitartekaririk gabe, hasi eta buka, prozesu guztia eurek egitea. Horrek egiten ditu berezi.

Ion Ruiz de Egino Azkarate-Askasua (Bergara, 1987), Nere Aspiazu Baskaran (Bergara, 1988) eta Julen Azkoaga Baritxinaga (Mañaria, 1988) dira Eskubaratz proiektuaren atzean dauden izenak. Baratzea da haien proiektuaren ardatza, eta otarrak prestatuz eta azoketan zein denda berezituetan salduz ateratzen dute bizimodua. Izurtzan (Bizkaia) dute ortua, eta han dute hitzordua Hitza-rekin. "Ortura joango gara", esan diote kazetariari. Ezin espero, ordea, haren tamaina. 3.000 metro koadro dituzte negutegietan, eta beste 10-12 mila metro koadro kanpoan. Harrotasunez erakusten dituzte ortuak. "Ikusiko bazenu nola hasi ginen".

Duela hiru urte egin zuen lehen urratsa Eskubaratzek. Ilara anitzeko negutegi batean hasi ziren. "Ilara batekin hasi ginen, eta urtea amaitzerako osoa hartua genuen". Alokairuan dituzte lurrak, eta hurrengo urterako beste lursail bat alokatzekotan dira. Otarrak etxez etxe banatzen zituzten hasieran. "Orain, Durango eta Bergarako azoketan egiten dugu banaketa", azaldu du Azkoagak. 60 bat "elikadura talde" dituzte: "Kontsumo talde izena ez zait izen egokia iruditzen".

Agroekologiaren bidetik

Ingurumen Zientziak ikasi zituzten hirurek, baina karrerak ez zituen asebete. Bakoitzak bere bideari ekin zion ondoren, orain hiru urte berriro elkartu ziren arte. Agroekologian masterra egin zuen Azkoagak Jaenen (Espainia), eta han ikasitako teoria praktikan jarri nahi zuen. Eskozian etxalde batean aritu zen Ruiz de Egino, eta han egin ahal bazen hemen ere egin zitekeela pentsatzen zuen: "Agroekologikoki lantzen zuten, baina elite batentzat ekoizten zuten". Aspiazuk ere bazuen ortu txiki bat, eta interesa sortu zion beste bi kideek buruan zuten proiektuak. Halaxe osatu zuten hiruko taldea. Elkarrekin lan egiten dute, eta elkarrekin bizi dira. Horrek aberastu egiten ei du lana; baina ortuaren kudeaketari harremanen kudeaketa gehitzen dio. "Garrantzitsua da harremanak eta zaintza ondo kudeatzea, bestela proiektua pikutara joan daiteke berehala".

"Baserriak taldean bizitzeko gunea izan behar du. Lehen, esku asko izaten ziren baserrian, eta logikoa da", gehitu du Naroa Ariznabarretak (Eibar, 1983). Amarekin eta ahizparekin bizi da baserrian, eta baserrirako apustua egin zuenean, oso beltz jarri zioten etorkizuna. "Aitak eta amak baserritik ezin zela bizi esaten zidaten, hartzeko egun erdiko lan bat". Baina baserria da egun bere ogibidea. "Diru gutxi ateratzen da, baina nik gutxi behar dut bizitzeko". Amak kanpoan egiten du lan, eta berak baserria mantendu eta kudeatzen du. "Oreka lortu dugu horrela", dio.

Etorkizunera begira, buruan beste proiektu bat du Ariznabarretak. Baserrian obra egin nahi dute, jende gehiago bizi dadin egokitzeko. "Jende gehiago etortzea nahi dugu. Azkenean, osatuko dugu familia bat, baina guk aukeratutako familia, baserrian eta baserritik bizi nahi duen familia bat. Gurera etorri nahi duenak aukera izango du, nahi badu, kanpoan lan bat izan eta gero baserrian bizitzeko, edo lanaldi erdiz kanpoan eta beste erdiz baserrian aritzeko, edo lanaldi osoz baserrian aritzeko". Lehen hala izaten zela dio, batzuk baserrian soilik aritzen zirela eta beste batzuk baserrian zein kanpoan. "Garai batean hala izaten zen, eta erabateko zentzua du".

Baserriaren jabetza bertan bizi diren guztien artean banatzea litzateke proiektuaren funtsa. "Horrela lortzen dugu baserri hori eta lursail hori sekula ez erabili ahal izatea beste kontu batzuetarako, esplotazio handietarako edo espekulaziorako; alegia, agroekologia ez den ezertarako".

Baserria edo fabrika

Ruiz de Egino, Azkoaga eta Ariznabarreta baserrian jaioak dira, era batera edo bestera baserriarekin harremana izandakoak. Aspiazu da baserrian jaio ez den bakarra: "Ortuan hasi ginenean, jendeak esaten zidan zoratuta geundela: 'Oso gogorra da, ikusiko duzu...'. Baina ni fabrika batean aritua naiz, hilabete osoa pieza bera muntatzen, eta hori da nik inondik inora nahi ez dudana. Eta halako lan bat izango banu, jendeak zoriondu egingo ninduke".

"Bai, baina esan behar da hau oso bizimodu prekarioa dela; nik ez diot inori gomendatzen hutsetik hastea", gehitu du Azkoagak. "Hau ez da bukolikoa. Zuretzat zentzua baldin badu, bai, aurrera, bizi daiteke honetatik, eta merezi du saiatzea; eta behar dira nekazari gazteak, eta pila bat gainera; eta, gainera, hau da esperientzia bat bizimodua goitik behera aldatzen dizuna. Baina ez da bide erraza".

Lau gazteentzat baserria ez da bizibidea ateratzeko bitarteko soila; gehiago da, eta horrek ematen die motibazioa. Ez dute baserria ulertzen irizpide agroekologikoetatik kanpo, eta agroekologiak, kontsumo eredua aldatzeaz gain, gizarte eredua aldatzea dakar. "Iraultza txiki bat da gurea, eta iraultza handiagoa nahi dugu. Gizarte eredua aldatzera goaz. Hau ez da erabaki pertsonal soila, konpromiso kolektibo bat da, konpromiso bikoitza: ingurumena eta elikadura barne hartzen ditu", azaldu du Ariznabarretak.

Azkoagarentzat "sistema kapitalistari eta patriarkalari alternatiba bat" ematen diote agroekologiaren bidez. "Izan ere, aldaketa ez da elikagaiak beste era batera sortzea soilik, eragina dauka elikaduraz askoz ere haratago. Elikadura kontrolatzen baduzu, zure elikaduraren jabe bazara, aurretik gauza asko aldatu dituzu horra heltzeko". Elikadura burujabetzarako bidean gizarte osoa aldatu behar dela uste du Azkoagak, ez dela kontua ehun nekazari gehiago egotea, baizik eta gizartea aldatzea. "Beste elikadura eredu batek beste kontsumo eredu bat eskatzen du, beste kontsumo eredu batek beste gizarte eredu bat eskatzen du, eta hori da gure iraultza".

Gazteak, eragile

Gazteak eta baserritarrak izatea bera ere bada iraultza txiki bat. Hala uste du Aspiazuk. "Nik uste dut gure presentzia hutsak jada eragin bat duela. Nire lagun artean nekazaria den Nere bat egoteak ireki ditu leihotxo pila bat; agian ez da kontzientzia absolutu bat, baina ireki du tartetxo bat". "Eta ez lagun artean bakarrik, azoketan ere bai. Azkenean, hor eragileak gara; gure presentzia hutsarekin eta bakarrik hor egonez, eragin egiten dugu", gehitu du Ruiz de Eginok.

Azokei dagokienez, postuak dituzten baserritarren gehiengoa adin nagusikoa dela diote lau gazteek, eta baserrietan ere hori dela joera. Haize berria dira beraiek. Hala, gazteak baserrian hasten direla ikusteak, egiteko modu berriekin datozela ikusteak, hasieran beste baserritarren errezeloa pizten duela diote, baina gero gainditzen dela hori. "Batzuek esaten dute 'jausiko dira', baina nik uste dut beste askori ilusioa ere egiten diela", dio Ariznabarretak. "Bai, eta beste baserritarrek ere pentsatzen dute agian balioko duela azokara jende gazte gehiago erakartzeko; ez da gertatu, baina...", gehitu du Aspiazuk.

Eurek egindako apustuak, tamalez, gizartean islarik apenas duela berretsi du Azkoagak. "Batzuetan ortuan zaude, eta burbuila bat bezalakoa da. Gauzak goitik behera aldatzen ari garela pentsatzen ari zara, eta, gero, jaisten zara kalera, eta konturatzen zara, 'ai, errealitatea lehengoa da oraindik'".

Hala ere, ziur daude baserrian belaunaldi apurketa bat izaten ari dela eta horrekin egiteko moduetan ere aldaketa egongo dela. "Egon behar du", dio Azkoagak; bestela Euskal Herrian baserriak etorkizun kaskarra izango duelakoan dago. "Arazoa da baserritik bizi nahi duenak koltxoi bat behar duela, bestela oso zaila dela", dio Ariznabarretak. Horretarako formula egokia Aspiazuk jarri du mahai gainean. "Hainbeste baserri daude galtzera doazenak, hainbeste baserritar baserrirako ondorengorik ez dutenak... Harreman bat sortu beharko litzateke: arduratuta dauden baserritarrak, lurdunak, eta interesa duten gazteak, lurrik ez daukatenak. Harreman ederra litzateke, eta denontzako onuragarria". "Horrela etorkizuna ematen diozu baserriari, bestela dena basoak jaten du. Baina jende bat badago nahiago duena sasiak bere lurra jatea, beste norbaiti uztea baino", gehitu du Ruiz de Eginok.

Baserria XXI

Lau gazteak Baserria XXI elkartearen sorrera prozesuan parte hartzen ari dira. Garrantzitsutzat dute agroekologian dabiltzanentzako elkargune bat sortzea, ildo horretan Gipuzkoan hutsunea sentitzen baitute. "Bizkaian EHNEk badu lanketa bat egina, erreferentzia bat da nekazarientzat, baina Gipuzkoan erreferentzialtasun hori falta da", dio Ruiz de Eginok. "Orain urte batzuk jende batek EHNEtik martxa egin behar izan zuen, ibili ziren bilerak-eta egiten, ulertzen zutelako nekazaritza eredu konkretu bat zeramatenak gelditzen zirela kulerotan, ez zutela ordezkaririk, eta ez zirela kontuan hartuak. Hortik hasi zen prozesua", azaldu du Ariznabarretak.

Azken jardunaldiak joan den astean egin zituzten, Andoainen. "Berrogeitik gora lagun azaldu ginen; kopuru polita da. Gure helburu, arazo, hutsune eta erronkak zein diren zehaztu dugu, eta orain, gure lan ildoak erabakita, antolaketa ereduaz ari gara hizketan". Baserria XXIek ez dauka sindikatu bokaziorik, "sindikatua modu tradizionalean ulertuta", eta ez dator martxan den beste erakunde, elkarte edo eragilerik ordezkatzera, "asmoa ez da beste txiringito bat muntatzea". Modu ekologikoan jarduten duten baserritarren elkargune izan nahi du. "Kolektibo baten sorrerak berak halako babes bat ematen dizu, erreferentzialtasun bat, eta inportantea da", dio Aspiazuk.

Aldameneko baserritarra lehiakide gisa ez baizik bidelagun gisa ikusi behar dela uste dute, eta horretan urrats bat dela Baserria XXI. "Agroekologiak iraun behar badu, horrela izan behar du, ezin du izan lehiarik; bidelagun eta lagun izan behar dugu, lehia alde batera utzita", amaitu du Azkoagak.