Gizartea

Urre beltzaren asteburua

Urre beltzaren asteburua

Babarruna da Tolosaren bereizgarrietako bat, zalantzarik gabe, eta horregatik ospatzen dute urre beltz esaten zaion produktu horri eskainitako festa ere. Asteburu osoan izango dira babarrunari lotutako ekitaldiak, baina aipagarrienak hauek dira: Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketa eta Lehiaketa Gastronomikoa.

Tolosako Babarrunaren Elkartean lanpeturik dabiltza festa aurreko egunetan; izan ere, Xabier Goikoetxea teknikariak azaldu bezala, eurentzat "erakusleiho garrantzitsua" da: "Ia urte guztiko lana erakusgarri jartzen da".

Elkartea 1994an sortu zen, eta urte berean ekin zioten festa ospatzeari, nahiz eta ordurako Tolosako Gure Kaiola elkartekoek babarrun jatea eta sukaldarien arteko lehiaketa bat egiten zuten. Igandetan izaten zen lehiaketa, eta larunbatean nekazarien arteko lehiaketa bat gehitzea otu zitzaien, eta hurrengo egunean irabazlearen babarruna izatea prestatuko zena.

Orduan, elkartea 33 ekoizlerekin hasi zen lanean, eta guztien artean ez ziren hiru hektarea ereiten. Goikoetxearen esanetan, Tolosako babarruna "oso atzenduta" zegoen orduan; autokontsumorako zen. Aldiz, orain produktu "estimatua" dela uste du Goikoetxeak, eta era berean, "oso errotua" dagoela; azken finean, tolosarrak eta euskaldunak "identifikatzen" dituen produktu bat.

Euskal Herrira eta mundura zabaltzen lan handia egin du elkarteak. Aurten, 20.000 kilo babarrun zabaltzea espero dute; hau da, aurten, kantitate aldetik ez dute uste ona izango denik: "Etxe batzuetan produkzio ona jaso da, baina beste etxe batzuetan, oso gutxi". Kalitateari dagokionez, ordea, "azken lau urteetako babarrunik onena" dela uste du Goikoetxeak. Atzerapena eta kantitatean izandako gorabehera eguraldiak eragin duela uste du, abuztuan "eguraldi arraroak" egin baitzituen.

Guztira, hogei ekoizlek erein dituzte babarrunak aurten 40 hektareatan, Gipuzkoako lurrak guztiak. Elkartea sortu zenean Tolosaldeko ekoizleak biltzen bazituen ere, hori "berehala apurtu zen", lurra eta eguraldia bera baitzen; Eusko Labelek ere zehazten du produktuak "EAEko eremu berdean" ekoitzia izan behar duela.

Tolosako Babarrunaren Elkarteko lehendakaria, hain zuzen ere, zumaiarra da: Joxe Mari Aramendi. Ekoizleen saria irabazi zuenean, txisteren bat ere entzun behar izan zuen horregatik: "Tolosakoak zer hasi behar dugu? Antxoak egiten, ala?".

Karguan berria da Aramendi. Aurretik, Mari Karmen Iradi izan da lehendakari, 18 urtean. Kargu horietara "ohitu gabe" dagoela dio Aramendik, baina zalan- tzarik gabe aurtengo Tolosako babarrunaren asteburu fes- ta "berezia" izango da berarentzat.

Aramendi Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako irabazle izan zen 2013an, eta uste du ekoizle batentzat polita dela sari hori irabaztea. Babarruna saltzeko orduan izena izatea ona dela dio, eta, gainera, sariak berak ere poztasuna ematen duela.

Aramendiri babarruna egiteko dituen trukoei buruz galdetuta, sekreturik ez duela dio, baina bere familian lurra "analizatu" egiten omen dute, eta babarruna ondo zaindu. Lurrari ematen dio garrantzia Aramendik, egokia behar baitu babarruna ereiteko. Bere lurrak Zumaiako Artadi auzoan daude, eta han ereiten du "hektarea bat eta erdi edo bi eskas". Ekainaren erdialdean landatzen dute —giro ona bada, behintzat—, semearen eta bien artean.

LPP, egitasmo handiak batean

LPP, egitasmo handiak batean

Eusko Jaurlaritzak hirugarrengoz atera du informazio publikora Donostia aldea-Bidasoa Beheko LPP Lurralde Plan Partziala. 2003an atera zuten lehendabizikoz, 2010ean bigarrengoz, eta, hirugarrenean, pentsatzekoa da Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Sailak planari behin betiko onarpena eman nahi diola. 2010eko LPPari hainbat orrazketa eginda aurkeztu dute plan berria, eta igandera bitarteko epea dago hari alegazioak aurkezteko.

LPPak egitean, Eusko Jaurlaritzak hamabost eremu funtzionaletan banatzen du autonomia erkidegoa, eta horietako bat da Donostiako Eremu Funtzionala, hamahiru herrik osatua: Andoain, Urnieta, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Usurbil, Donostia, Pasaia, Lezo, Errenteria, Oiartzun, Irun eta Hondarribia.

LPPk 2030 arteko plana egiten du, eta Jaurlaritzak aurrera atera asmo dituen azpiegitura handiek markatzen dute haren edukia: AHTa, Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistiko intermodala, Donostiako metroa, errauste planta eta espetxe berria.

Azpiegitura handiez gain, bestelako egitasmoak ere jasotzen ditu LPPk —besteak beste, bidegorriak egitea, uholde arriskua eragiten duten ibaietako egokitzapenak, hirietako esparru berdeen sorrera...—; baina, ohi bezala, LPPn jasotako azpiegitura handiek sortu dute gatazka eta kontrakotasuna, eta horiek izan ziren, halaber, 2010ean alegazio gehien jaso zuten puntuak ere.

Izan ere, duela bost urte LPPn jasotako hainbat egitasmoren kontra aurkeztutako alegazioek babes zabala izan zuten: adibidez, Irun eta Oiartzun arteko autobidearen bigarren ingurabideak lau alegazio izan zituen, 4.464 herritarren babesarekin aurkeztutakoak; Lezo-Gaintxurizketa korridoreko plataforma logistikoaren aurka 18 alegazio aurkeztu ziren, 8.436 herritarren babesarekin; eta Pasaiako kanpoko portuaren kontrako alegazioak 65 izan ziren, 8.475 herritarren babesarekin aurkeztuak.

2015eko LPPk bazter utzi ditu proiektu horietako bi. "Ez da kontuan hartuko Pasaiako portuaren kanpoaldeko dartsena eraikitzeko aukera hipotetikoa", dio LPPk Pasaiako portuan egitekoa zen proiektu erraldoiari buruz. Errepideen gaian, "Gipuzkoako Foru Aldundiaren adierazpenak kontuan harturik, bigarren ingurabidearen etorkizuneko luzapenaren hipotesia ezabatzea" erabaki du LPPk. "Eta ezabatu egingo dira, halaber, A-1 autobiaren Andoain eta Lasarte arteko bikoiztea, N-121 errepidearen Irun eta Endarlatsa artekoa, eta N-634 errepidearen Usurbilgo eta Aginagako saihesbideak". Hondarribiko aireportua handitzeko aukera ere "ezabatua" geldituko da 2030ra bitartean egin beharrekoetatik. Lezoko plataforma intermodalari, ordea, eutsi egin dio, eta baita horri begira egin beharreko errepide eta trenbide obrei ere. "Mantendu egingo da Lezo-Gaintxurizketako intermodala eraikitzeko proiektua".

LPPk orotara 3.200 milioi euroko gastua aurreikusten du —ez dira sartzen sustapen pribatuko etxebizitzak—, eta horietatik 2.000 milioi AHTa eta Donostiako metroa eraikitzeko izango lirateke.

Lurralde Plan Partzialak bete beharrekoak dira, eta udaletako edo foru aldundiko egitasmoek harekin talka egiten badute, LPPn jasotako egitasmoek dute lehentasuna, gainerako planak baliogabetuz. Hurrengo hamabost urteetarako lurralde antolaketa eta azpiegiturak zehaztuta geldituko dira, beraz, LPPren behin betiko onarpenarekin. Horietako batzuk dira ondoren azaldutakoak.

LEZO-GAINTXURIZKETA

Lurralde planak aurreikusten duen azpiegitura garrantzitsuena da plataforma intermodala. Lezo-Gaintxurizketa korridorean eremu logistiko handia egingo da, Lezo eta Oiartzungo lurretan. "Egun libre dagoen 180 hektareako lur azalera batean Gipuzkoako plataforma logistiko eta intermodalen gune nagusia eraikitzea planteatzen da", dio planak.

LPPren arabera, AHTa, Renfe trenbide sarea eta Euskotren sarea elkartuko dira plataforma horretan, eta estuki lotuta dago AHTaren Astigarraga-Lezo zatiaren eraikuntzarekin. Bestalde, bertara errepidez iristeko egungo azpiegiturak zabaldu eta moldatzea aurreikusten du, hala nola Lezo-Errenteriako saihesbidea eta Altamirako tunela bikoiztea aurreikusten du LPPk, baita A-8 autobidetik Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikora zuzenean sartzeko lotune bat eraikitzea ere.

Errepide eta tren bidezko garraioari ez ezik, itsasoko garraioari begira ere egina dago plataforma intermodalaren proiektua; hain zuzen ere, Pasaiako kanpo portuaren aldeko Jaizkibia elkartearen proposamena izan zen lehendabizikoz horrelako gune bat eraikitzea. LPPk Lezoko plataformatik Pasaiako portura zuzenean joango den trenbidea eraikitzea aurreikusten du: "Eredu horrek aukera ematen du UIC zabalerako trenbide berri bat antolatzeko Lezoko plataformatik porturaino, egungo ADIF sarearen trazadurari jarraiki".

Azkenik, gaur egun Irungo geltokian egiten diren hainbat jarduera Lezon egitea aurreikusten du LPPk, "Irun erdialdea transformatzen laguntzeko elementu gisa".

IRUN

Irungo erdialdean Trenbide Espazio Berria izeneko eremua eraikitzeko asmoa jasotzen du LPPk, eta bertara iristeko autobidetik errepide bidezko gaitasun handiko lotune bat eraikitzea. Halaber, Irungo Hegoaldeko Saihesbidea eraikitzea eta Irungo Bentak auzotik Behobiarainoko errepide zatian noranzko bakoitzean hiru erreietara zabaltzea aurreikusten du, "Irun erdialdeko etorkizuneko lotuneak edo erdilotuneak sortuko duen trafiko berriaren inpaktua murrizteko".

Trenbide Espazio Berriarekin, Irun erdialdeko hiri ingurunearen birmoldaketa planteatzen du LPPk. Hala, egun Irunen dauden trenbide instalazioen eremuan honako hauen kokapena aurreikusten du: ADIF edo Renfe geltoki berria —aldirikoak, ibilbide luzekoak eta AHTa elkartuko dituena—, ETS edo Euskotreneko geltoki berriak —Donostiako metroaren egitasmoarekin lotuta—, autobus geltoki berria, Irungo geltokiaren eta aireportuaren arteko zuzeneko loturak eta gune komertzialak.

ZUBIETA

Zubietan aurreikusten diren hainbat egitasmoren baieztatzea dakar lurralde planak. Izan ere, bertan kokatzen ditu bai Gipuzkoako Foru Aldundiak egin asmo duen errauste planta —"Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko zentroa" izena erabiltzen du—, bai kartzela berria eta baita Añarbeko sistema amaierako ur biltegi berria ere.

"Zubietako goialdeak, espazio erabilgarritasun handikoa izaki eta hirigintza okupaziorik eta landa jarduerarik gabe egonik, jarduera ekonomikoentzako lurzoru berriez gain, ezarpen berriko ekipamendu periferiko handiak hartzeko aukera eskaintzen du, hala nola Gipuzkoako hondakin solidoak tratatzeko instalazioa eta Gipuzkoako espetxe berria bertan ezartzeko", dio lurralde planak.

Hala, LPPk Arzabaletako eremua planteatzen du "etorkizuneko Gipuzkoako Hondakin Kudeaketa Zentroa" eraikitzeko toki "ideal eta eskuragarri" gisa. Espetxe berriari buruz, "interes orokorreko eta kokapen estrategikoko ekipamendu" gisa definitzen du, eta toki berean kokatzen du.

"Proiektu horiek sortzen dituzten faktore sinergikoak baliatuta", halaber, Zubietan "jarduera ekonomiko eta logistikoetarako poligono handi bat" eraikitzea aurreikusten du planak: "Eskualdeko izaerako eta sustapen publikoko poligono hori, 70 hektareakoa, zuzenean konektatuko da bide sare nagusiarekin". Ildo horretan, Oria (N-1) eta Txikierdi (N-634) artean errepide berria eraikitzea aurreikusten du LPPk.

URUMEA

Donostia, Astigarraga eta Hernani artean hedatzen den Urumea bailararen eremua "Donostia Erdialde eta Urumeako Hiri Talde" gisa definitzen du LPPk; eta bertan "etengabeko hirigune" bat eraiki eta "bere baitan guztizko hiri zati bat" bilakatzeko apustua egiten du. "Donostiako hiriaren hedapena izango da datozen urteetan emango den funtsezko eraldaketa urbanistiko bat, Amaratik Hernaniraino, Urumea bailaran barrena". Eremu horretan udalez gaindiko planifikazioa ezarri du LPPk, non lurralde planak udalek izan dezaketen edozein proiektu eta egitasmo baldintzatuko duen.

24.000 ETXEBIZITZA

Azpiegitura handiez gain, LPPk Donostia aldean eta Bidasoa Behean eraikiko diren etxebizitzen aurreikuspena egiten du. Guztira, 2030. urtea bitartean 24.000 etxebizitza berri eraikitzeko plangintza jasotzen du. Tartean daude Auditz-Akular (3.000 etxebizitza) eta Antondegiko (3.000 etxebizitza) operazioak, Donostian; 10.600 etxebizitza berri Irunen eta 3.100 etxe Hondarribian; eta 1.000 etxebizitza gehiago Zubietan. Bestalde, "bigarren etxebizitzaren eskaera espezifikoari dagokionez gerta daitekeen gorakadari erantzuteko, Donostiako erdialdean eta Hondarribian hazkunde erresidentzialaren aurreikuspenak areagotzea" eskatzen du.

Azpiegitura handien atalean, "azken urteetan ekonomiak izandako geldialdiari" egozten dio planak Pasaiako kanpoko portuaren eta Oiartzundik Irunerako autobide berriaren eraikuntza LPPtik kanpo utzi izana. Atzeraldiak, ordea, ez die beste hainbat azpiegitura lani eragingo. Aurretik aipatutakoez gain, Donostiako metroa, Andoainen Sorabilla eta Bazkardo arteko N-1aren ibilbide berria, Oiartzun bailaran errepide sarbide berri bat egitea edota A-8 autobidearen ohiko ibilbidean korapilo edo lotune berriak egitea Aritzetan, Loiolako Erriberan, Intxaurrondon, Auditz-Akularren eta Pontika-Loidin.

Esparru publikoa segurtatuz

Esparru publikoa segurtatuz

Emakumeentzat seguruagoa den hiri bat eta emakumeei esker herritar guztientzat seguruagoa dena. Leku arriskutsuak identifikatzeko egin diren proiektu gehienetan ateratako ondorioa da, eta, hori aurrekari gisa hartuta, horri ekin diote Oiartzualdean.

Toki batek argitasun nahikorik ez duenean, inguruan zer dagoen ongi ikusten ez denean, entzunak izateko zailtasuna dagoenean, urbanizazio eskasa dagoenean... kasu horiek dira kontuan hartzen diren irizpideak leku arazotsuez hitz egitean. Oiartzunen, Errenterian, Lezon eta Pasaian irizpide horiek betetzen dituzten guneak ote dauden aztertuko dute.

Lezoko Udalak bultzatuta, Emakunde eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren laguntzarekin eta Errenteria, Pasaia eta Oiartzungo udalen kolaborazioarekin, Oiartzualdeko leku arazotsuen diagnostiko parte hartzailea egingo dute. Itsasne Loroño Fondo Formacion-eko berdintasun teknikariaren esanetan, azken urteetan eskualdeko elkarteek, emakume taldeek eta talde feministek horren inguruko hausnarketa baten beharra dagoela aldarrikatu dute; "eskualdeko emakumeak herri batetik bestera mugitzen dira, gainera".

Leku horiek emakumeen kontrako sexu erasoak errazten dituztela nabarmendu du berdintasun teknikariak: "Nahiz eta objektiboki ez izan toki arriskutsua generoak eragindako ikasketak direla eta, nolabaiteko arriskua sentitzen da". Hala, bi gauza lortu nahi dira: eraso sexistak errazten dituzten tokiei konponbidea eman eta erasoak saihestea, eta segurtasun sentsazioa zabaltzea.

Hori guztia bideratzeko, herri bakoitzean emakumeentzako arriskutsuak diren edo arrisku sentsazioa eta deserosotasuna sor dezaketen guneak identifikatzea izango da lehenengo eginbeharra. "Horrekin batera, beste hainbat alor ere landu nahi ditugu. Badakigu historikoki esparru publikoa emakumeentzako leku arrotza edo debekatua izan dela, eta prozesu honekin horren inguruan hausnarketa egitea bilatzen dugu; hau da, esparru publikoarekin emakumeek duten harremana nolakoa den momentu honetan. Gainera, emakumeen partaidetza aktiboa ere bultzatu nahi dugu", adierazi du Loroñok.

Lantaldeetan parte hartzerik ez baina ekarpena egin nahi duenarentzat, tresna birtuala jarri dute martxan. Herritarrek euren iritzia eta proposamenak bidal ditzakete posta elektronikoaren bidez (komunikazioa@oarsoaldea.net).

Aterik ez duen truke etxea

Aterik ez duen truke etxea

Maite Alustiza / Eider Goenaga Bizitzan edukiko ez dudan ikasketa da. Emakumeen etxe baten barruan egotea, proiektu batekin kolaboratzea, parte hartzea… Asebete egiten zaitu zuk diozuna beste batentzat baliagarria izateak, eta alderantziz». Katia Reimberg (Sao Paulo, Brasil, 1977) ari da hizketan, Donostiako Emakumeen Etxeaz. Han zerbitzua ematen duen Bidez Bide elkarteko kidea da, baita etxeko...

Lohi gainetik, lokaztu gabe

Lohi gainetik, lokaztu gabe

Asier Perez-Karkamo Oinezkoentzako eta bizikletentzako egurrezko pasabide bat inauguratu zuen Hendaiako Herriko etxeak iazko urtarrilean, Bidasoa ibaiaren eskuin ertzean, tren geltokiaren eta Intzurako industrialdearen artean. 880 metro da luzean,  eta lau metro zabalean, eta Hendaia Irunekin lotzen duten hiru zubien azpitik egiten du bidea, Irungo irlen paretik. 2,5 milioi euroko aurrekontua eduki zuen. Azpiegitura horrekin...

Aldundiak bere egin behar du GHKren zorra, eta desegitea aztertu beharko du

Aldundiak bere egin behar du GHKren zorra, eta desegitea aztertu beharko du

Iñaki Petxarroman- Berria Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) ez du betetzen legeak administrazio publikoen arloko erakundeei ezarritako zero defizitaren baldintza. Hala, Gipuzkoako Aldundiari atxikitako erakundea izanik, haren zorra bere gain hartu behar du diputazioak, GHK osatzen duten erakundeetatik handiena delako. Horiek horrela, zorraren eta zero defizitaren helburua betetzen ez duela antzeman den unetik hilabete batera -abenduaren...

Jendetza batu da Donostian, Kortxoenea eraitsi izana salatu eta gaztetxeen eredua aldarrikatzeko

Jendetza batu da Donostian, Kortxoenea eraitsi izana salatu eta gaztetxeen eredua aldarrikatzeko

Jone Amonarriz / Oihan Vitoria Oro har gune autokudeatuen eredua eta, zehazki, Kortxoenearen kultur eredua defendatu dute Donostiako kaleetan herritar askok, gaztetxea eraisten hasi eta ordu batzuetara eginiko manifestazioan. Grosetik abiatuta, Bulebarreranzko ibilbidea osatu du manifestazioak; luze joan da martxa, eta txistu egin dute manifestazioa udaletxe aurretik igarotzean. Larunbaterako manifestaziora deitu dute, eta asteazkenetik larunbatera...

Odol tanta ikusezinen eskertza

Tantaz tanta lortzen da litro erdia. Kantitate horixe da, hain zuzen ere, odol emaileek odol ateraldi bakoitzean ematen duten odol kopurua. Tantaz tanta, litro erdiz litro erdi, beste herritarren baten bizitza salbatzeko egiten duten lan ikusezina da ...