Azkenaldian ezagunekin elkartu eta zer berri dudan galdetzen didatenean, hemen, Gipuzkoako Hitza-n, hamabostean behin idazten hasi naizela aipatzen diet, hori baita nire bizitza errutinazkoan dagoen nobedade bakarra. Askotan, komentario horrek garamatza blogaz hitz egitera, eta bertan futbolaz idatzi nuenean izan nuen erantzun iraingarriez ere egin izan dugu berba: ia bederatzi urtean erantzun onak eta politak izanda, eta kirol sakratuari kritika eginda, deskalifikazioa!
Horren guztiorren gainean hitz egin ostean, ia beti galdera bat egiten didate: "Ez zaitu beldurtzen iritzia emateak?". Lehenengoz hori galdetu zidatenean ahoa bete hortz laga ninduten. Izan ere, beldurra ez da eragiten didana; beste pertsona batzuk mintzeak ematen dit erreparoa, nahi gabe mina sortzeak, ez besterik.
Agian, oso normala da niretzat gaiei buruz iritzia izatea. Alde batetik, euskaltegian irakasle izanda, ikasleei idazlanetan hori eskatzen zaielako/diegulako idazlan eta azterketetan: eman zure iritzia tabako legeaz/zezenketak debekatzeaz/tabernen ordutegi berriez... ia eguneroko kontua da gurean. Beste aldetik, bloga sortu aurretik ere eibartarren posta zerrendan makinatxo bat eztabaida edukitakoak gara, mila gairi buruz, inongo ikara barik.
Hori dela eta, aho zabalik segitzen dut, hainbat jenderi —pentsamendu, bizimodu eta adin desberdinekoei— entzun diedalako, aurrerago aitatutako egoera berean, beldurraren kontu hori. Horrek zeharo nahasita utzi nau, eta buruari eragin diot galderaren zergatiaren bila. Azkenean, itaunak adierazten du lagun horiek beldurra diotela posizionatzeari, besteek jakiteari zer duten gogoan. Masaren anonimotasunean ezkutatu beharra sentitzen dutela, alegia. Inork ez dezala jakin beren buruetan dabilena, badaezpada ere!
Egia esatera, gure herrian diskretu izatea bertutea da. Diskretu, ez nabarmentzearen zentzuan, jakina. Politikari zenbaitzuek ere diskrezioz jokatzen dutela diote, ona balitz bezala. Eta hala izango da batzuetan, ezer ez baita ona edo txarra beti; baina, nire iritziz, sarritan diskrezioak imajinazio falta, zenbaki bihurtzea eta aspergarri izatea esan nahi du. Sentitzen dut!
Baina nondik ote datorkigu pentsamendua kamuflatu edo ezkutatu nahi hori? Zerk eragin ote du beldur madarikatua? Ez dakit, baina esango nuke frankismoaren arrastoa dela. Bai, oraindik ere, gerraren ondorioak, berrogei urteko diktadurak eta errepresioak markatzen gaitu, ez gaude salbu, zoritxarrez. Hainbeste eta hain luzaroan sufritu duen gizartean aztarna sakonak laga ditu errepresioak. Gizartean ez ezik, geure barruan ere bai, ezinbestean. Nahiz eta sasoi hori bizi transmititu egin da familietan eta sozietate osoan.
Frankismoaren hipotesia darabilt beste leku batzuetan ikusi dudanagatik. Ez naiz oso kosmopolita, munduan ez naiz gehiegi ibili. Baina uste dut beste herrialde batzuetan, Frantzian, adibidez, askoz errazago eztabaidatzen dutela, ideien trukea naturalagoa dela. Seguruenik ohitura badutelako, eztabaidak badirelako, haserretu gabe, ahots bolumen normalean, oihu barik, beldur gabe iritzia emateko orduan.
Beldurra. Ba ote da gehiago mugatzen eta paralizatzen duen sentimendurik? Uxatu behar dugu, beraz, adierazi, bota dezagun pentsatzen duguna!