Unai Zubeldia
Ez da argazki lehiaketa soil bat, eta ez da erakusketa arrunt bat ere. "Ekintza honek Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteari laguntzeko erronka dauka oinarrian". Hala azaldu du Artgazki Arrasateko argazki elkarteko presidente Anibal Carmonak. 2015. urtean sortu zuten elkartea, eta 2016tik antolatu dute Udazkena Euskal Herrian argazki lehiaketa-erakusketa. Aurten 61 egileren 171 argazki jaso dituzte —gehienez hiru argazki bidal ditzake argazkilari bakoitzak—, horietatik 45 argazkik gainditu dute galbahea, eta ikusgai izango dira, gaurtik hilaren 26ra arte, Arrasateko Kulturateko erakusketa aretoan, astelehenetik larunbatera, 17:30etik 20:30era.