Albisteak

[Herriz herri] Elduain. Gustuko lekuan, aldaparik ez

[Herriz herri] Elduain. Gustuko lekuan, aldaparik ez

Rebeka Calvo

Andra Mari jaiak pasatu berri dituzte Elduainen. Giro jatorra izan dute, urteroko moduan, eta normalean lasai-lasaia den herria trikiti doinuek eta gazte zein helduen hotsek hartu dute. Egunerokoan, lasaitasuna da nagusi. Hala diote bertakoek, hori omen da Elduainen berezitasuna. Besterik ere bada, halere. Hori dio barre txiki artean Jose Angel Urkizu alkateak, aldapan dagoela herria. "Aldapa da, bi aldeetara aldapa. Herria bilduta bezala gelditzen da, ez da sakabanatzen". Aldapan beharbada, baina gustura, elduaindarrek bertako giroa maite baitute; landa giroa, paraje ederrak, mendiz inguratuta egonda mendi buelta emateko aproposa... Besteak beste, Urdelar, Ipuliño, Mugaga, Gaztelu Mendi eta Larte mendiek inguratzen dute. Azken urteetan herria ez dela askorik aldatu dio alkateak: "Beharbada lehengo baserri giroa apaldu da, baina bestelakoan ez dugu aldaketa handirik izan".

25,2 kilometro koadroko azalera du Elduainek, eta 240 biztanle zituen 2014. urtean. Biztanleriak behera egin du azken urteetan, baina ez askorik —duela hogei urte 300 bat biztanle ziren—. Gazteek ez dute bertan geratzeko aukerarik izan urte batzuetan, eta eragina izan du horretan: "Belaunaldi hutsunea egon da, eta orain saiatzen ari gara betetzen". Hori dela eta, etxebizitzak egiteko asmoa du udalak. Erronka garrantzitsua da elduaindarrentzat, hori baita gazteak bertan geratzeko dagoen aukera bakarra. "Dauden etxeak berritzeko aukera ere hor dago. Helburua bera da; gazteek herrian geratzeko aukera izan dezatela".

Gazteen falta bezala, haurrena ere badago Elduainen. Hasi berri den ikasturtean haurtzaindegi zerbitzua mantentzea lortu dute, hiruzpalau ume baitaude haurtzaindegian. Zerbitzua abiarazteko gutxienez hiru haur behar dira, baina etorkizunean ez dakite zerbitzua mantentzerik izango duten.

Garai batean eskola ere bazegoen herrian. Alkatea bera bertan ikasitakoa da: "Orain berrogei bat urte bazegoen eskola herrian, baina adin guztietako haurrak elkarrekin aritzen ziren. Ni laugarren mailan jaitsi nintzen Tolosara. Gaur egun, Berrobi, Ibarra eta Tolosako eskoletan aritzen dira herriko haurrak". Aldapan behera joanda, hortaz. Izan ere, alkatearen hitzetan, aldapan behera egiteko joera dute elduaindarrek, Tolosarako joera. "Goraka, Berastegi aldera baino gehiago, beheraka jotzen dugu gehienbat".

Herri lasaia izan arren, ez dago geldirik. Udalean zerbitzuak eskaintzeko eta herritarren beharrak asetzeko aritzen dira lanean, eta, azken hilabeteetan, udaleko webgunea berritzeaz gain, artxiboa katalogatzen aritu dira. Etorkizunera begira, berriz, udaletxea bera berritu nahi dute; proiektua egiten ari dira, eta, horren arabera, diru laguntzak eskatuko dituzte. Udaletxe zaharra erre egin zen, eta berria zehazki zein urtetakoa den ez dakite. Horretarako egina duten artxiboa katalogatzea ezinbestekoa da; "artxiboa egin dute jada, baina dena katalogatu eta txukundu egin behar da". 1700. urteko agiriren bat azaldu da. Aurkitutako dokumentuen artean, gerraostekoak ere badaude; orduan zerga asko zeuden antza, agirietan irakur daitekeenez: "Txakurrak edukitzeagatik, arrautzak ez dakit zenbat dozena edukitzeagatik, bizikleta edukitzeagatik...". Hurrengo erronka, hortaz, udaletxea berritu, artxiboa kokatzeko lekua atondu eta dena digitalizatzea izango da.

Karobi eta errotak

Ondare historikoa berreskuratzeko hainbat lan ere egin dituzte, Burdina taldekoekin batera. Izan ere, zortzi urte dira jada Burdina taldea eta Elduaingo Udala elkarlanean hasi zirela, eta bost karobi eta errota bat berreskuratuak dituzte.

Orain, Errotazarren berreskuratze lanen azken fasean sartuko dira, eta, guztia garbitu eta hainbat elementu berregin ondoren, errota egonkortuko dute herritarren eskura uzteko. "Galduta daude elementu horietako asko, baino batzuk berreskuratuz balioa eman nahi diegu".

[Museora] Zumalakarregi. Bidaia XIX. mendera

[Museora] Zumalakarregi. Bidaia XIX. mendera

Eider Goenaga Lizaso

XIX. mendeko Euskal Herria ezagutu eta gozatzeko erreferentzi zentroa". Zumalakarregi museoaren webguneak horrela aurkezten du bere burua. Tomas Zumalakarregi jeneral karlista bizi izan zen etxean dago, Ormaiztegin, eta 1989an ireki zuten. "1980ko hamarkadaren erdian, Tomas Zumalakarregiren bilduma pertsonala erosteko aukera izan zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta haren etxea izandakoan [lehendik ere aldundiarena zen] museoa irekitzea erabaki zuten", azaldu du Mikel Alberdi (Irun, 1962) museoko dokumentazio zentroaren arduradunak.

[Museora] Oiasso. Irungo Erroma txikia

[Museora] Oiasso. Irungo Erroma txikia

Eider Goenaga Lizaso

Europan, Afrikan eta Asian hedatu zen erromatar inperioa. Euskal Herrian ere bai. "Euskal Herriko kostaldean, erromatar garaiko arkeologiarik ez zegoen, eta historiografian ere beti zabaldu izan da erromatarrak ez zirela hemendik igaro. Argi genuen Iruñean baietz, Pompeyopolis deitu zioten; Iruña-Veleian ere bai, Araban; baina hemen hutsune handi bat zegoen. Noski, arkeologian gauzak ez dira agertzen bilatzen dituzun arte", azaldu du Maria Jose Noainek, Irungo Oiasso museoko jardueren arduradunak.

Ilaretan galdutakoa

E. Goenaga Lizaso
Astelehen gauetik astearte goizera, eta ostegun gauetik ostiralera. Orduan igarotzen da kamioi gehien Biriatutik. Nazioarteko garraioa da, Europa iparraldera joan-etorrian ibiltzen direnak. "Ilaren kronika egin behar baduzu, hobe aste...

Irailarekin barealdia heldu da

Irailarekin barealdia heldu da

Eider Goenaga Lizaso

Uda luze joan zaie Gipuzkoa eta Lapurdi banatzen dituen Biriatuko ordainlekutik egunero pasatu behar izaten duten auto zein kamioi gidariei. Etxetik irtetean ezin jakin helmugara noiz iritsiko. Egun batean bai, hurrengoan ere bai, auto ilarak izan dira bertan. Motzagoak batzuetan eta oso luzeak zenbaitzuetan. Abuztuaren 18an hautsi zen udako marka, hemezortzi kilometroko ilarekin.

Irailarekin batera, oporren amaierarekin batera, A-8 autobideko zirkulazioa asko arindu da, eta ilarak ia desagertu dira. Gipuzkoako Foru Aldundia, ordea, beldur da edozein unetan berriro ere ilarak izan daitezkeelako, batez ere zirkulazio handiko egunetan. "Frantziako Gobernuak larrialdi egoera mantentzen duen bitartean, zenbait egunetan auto ilarak gerta daitezke. Ikusiko dugu udazkenean Frantziak neurri bereziekin jarraitzen duen, hori baita ilaren arrazoia", esan dio Hitza-ri Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak.

Esteban Murumendiaraz Hiru sindikatuko idazkari teknikoak ere beldur bera du. "Guk ez dugu aldaketa handirik espero udazkenerako. Turismoen joan-etorria jaitsi den neurrian, zertxobait arinduko da, baina kontrolak jartzen badituzte, arazoak jarraitu egingo du". Garraiolarien sindikatuko ordezkariak nabarmendu du, gainera, auto ilarak udan "ikusgarriagoak" izan diren arren eta jende gehiagori eragin dioten arren, arazoa lehenagotik datorrela, eta garraiolariek hilabeteak daramatzatela Biriatuko ordainlekuan ilaran "orduak galtzen".

Ordainlekuan muga

Azaroaren 14an, Parisko Bataclan aretoan zein hiriburuko hainbat kaletan izandako atentatuen biharamunean ezarri zuen François Hollande presidenteak larrialdi egoera. Mugak itxiko zituela iragarri zuen, eta ordutik polizien presentzia ia etengabea izan da Biriatuko ordainlekuan, Baionarako bidean. Ekain amaiera bitartean, ordainlekuak dituen hamar kabinetatik bi bakarrik irekitzen zituzten: bat turismoentzat eta bestea kamioientzat.

Garraiolariek hilabeteak zeramatzaten ilarak pairatzen, ekainaren 20an afera lehertu zenean. Frantzian Eurokopa jokatzen ari zirela eta, Jendarmeriak ia erabat itxi zuen kamioientzako ordainlekua, eta egun horretan hogei kilometroko kamioi ilarak sortu ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiak egoera "eutsiezina" zela adierazi zuen, eta bai Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta bai Bide Azpiegituretako diputatuak Frantziako agintariekin eta autobideko arduradunekin bilerak eskatu zituztela jakinarazi zuten. Kontaktuek izan zuten emaitzarik; ekain amaieran hasi baitziren Biriatuko ordainlekuan kabina gehiago irekitzen (bi turismoentzat eta hiru kamioientzat). Baina aldi berean hasi zen udako oporraldia, eta ibilgailuen joan-etorria handitzearekin, ezin ilarak murriztu.

"Frantziako agintariak jakitun dira hartu dituzten neurriek zer eragin duten alde honetan. Elkarlanerako borondatea badago. Horren adierazgarri da itzulera operaziorako bederatzi kabina zabalik izan zituztela, baina beti muga efektuarekin; hau da, ibilgailu guztiak, segundo batzuetan bada ere, geldiaraziz eta, ondorioz, auto ilarak sortuz", azaldu du Oiarbidek.

Murumendiarazek argitu du kamioi gehienek, T Bidea sistema dutenez, ordainlekuetan ez dutela gelditu behar izaten. "Baina Biriatun sistema hori desaktibatu egin dute, eta kamioia erabat gelditu behar izaten da. Gainera, hainbatetan, itxi ere egin dute kamioien bidea, inori pasatzen utzi gabe, edo oso tantaka pasatzen utziz". Garraiolariei ordainlekuan sortutako ilarek sekulako galera eragiten dietela nabarmendu du Hiruko ordezkariak. "Egunero joan-etorrian ibiltzen den garraiolariak batez beste 2-3 ordu gal ditzake ilaretan. Gainera, turismo bateko gidariak, bi ordu ilaran egon ondoren, nahi adina jarrai dezake aurrera, gogoa baldin badu. Guri, berriz, takografoak mugatu egiten digu denbora, eta ilaran gauden denbora hori galdutako denbora da. Nazioartekoa egiten duten garraiolariei mugako gorabeherek asteburua etxean igarotzea baldintza diezaiekete".

Hiruk ordainlekuko kabina guztiak irekitzeko eskaera egina du aspalditik, baina zail ikusten du Murumendiarazek hori baino gehiago egitea. "Oso nekeza da horren kontra ezer esatea. 'La sécurité, la sécurité' esaten dute, eta zer esango duzu zuk horren aurrean? Benetako arriskua dagoela esaten badute... Ez zait iruditzen Biriatun egiten dutenak Frantziak duen arazoa konpontzeko balioko duenik, baina guk ezin dugu horren kontra egin".

Kontrola egiteko moduarekin ere ez dago konforme Hiru sindikatua. "Ez dute egiten kontrol batean egin ohi dena; alegia, ez dute kamioi bat edo ibilgailu bat baztertu, eta hura miatzen duten bitartean gainerakoei pasatzen utzi. Ez, kamioiak ordainlekuan geldiarazi, ordainlekua ia erabat itxi, eta kito, miaketak apenas egiten dituzten. Oso noizean behin irekitzen dute kamioiren baten ate bat, eta gainetik begiratzen dute; baina, bitartean, sekulako ilara sortzen dute".

Hiru sindikatuko kidearen ustez, Biriatun egiten dutenak beste azalpen bat ere badu. "Segurtasuna aipatzen dute, baina badakigu Jonqueran ez dituztela horrelako mozketak egiten; eta ezta Frantziara Italiatik zein beste herrialdeetatik sartzeko bideetan ere. Gure susmoa da, autobidean hirugarren bidea irekitzeko obrak egiten ari direnez, ordainlekua erabiltzen dutela zirkulazioa arintzeko. Ez dute nahi kolapsatzerik, eta ordainlekuak itxiz lortzen dute zirkulazio lasaiago eta orekatuagoa, kamioiak tantaka pasatzen utzita". Muruamendiarazen ustez, A-63 autobideko lanek iraun bitartean jarraituko du arazoak.

Oiarbidek Gipuzkoako Foru Aldundia gaiaren gainean dagoela eta Frantziako agintariekin kontaktuan daudela azaldu du. "Beti gaude harremanetan, eta guztiok gara bestearen errealitatearen jakitun. Gure helburua atentatuen aurreko egoera berreskuratzea litzateke, mugarik gabeko egoera, baina hori Frantziako Gobernuaren esku dago".

“Denon artean egingo dugu”

“Denon artean egingo dugu”

Maite Alustiza

Diada munduari azaltzen erreportajea zekarren asteleheneko El Punt Avui egunkariak. Vilaweb atariak ingelesezko bertsioan tartea egin dio Aste Katalanari, eta #catalanWeek traolak zabaldu du egitasmoa sare sozialetan. ANC Biltzar Nazional Katalanak mundu osora hedatu nahi du independentziari buruzko eztabaida, eta indar berezia jarri du irailaren 11ren bueltan. "Aste Katalana sortu da mundu mailan, ikusten delako prozesua internazionalizatu egin behar dela. Eta kasu egiten ari zaizkio: Kataluniako prentsan kanpoko ekintzen berri ematen ari da, ANCtik bertatik ere zabaltzen ari gara...". Begotxu Olaizola Euskal Herriko ANCko ordezkaria da. Atzerriko beste batzorde ugarik bezala, Euskal Herrikoak ere bat egin du Aste Katalanarekin, eta ekitaldi sorta prestatu dute. Bihar, Donostian, bertsolariek eta glosadoreek saioa eskainiko dute eguerdian, eta ekitaldi bukaeran mezua irakurriko du ANCk.

Errealitate ezberdinak izan arren, sinergiak sortzea garrantzitsua da Olaizolarentzat: "Ezin dugu pentsatu han egiten dena hemen kopiatu behar denik, ez, baina sinergiak egon behar dira. Bakoitzak bere bide orria egin behar du, baina Euskal Herria eta Katalunia, biok gara estaturik gabeko herriak, biok daukagu nahi bat estatua edukitzeko, eta estatu hori sortu nahi dugu herritarren borondatean oinarrituta. Momentu honetan hori da modu bakarra gure kultura, gure herria, herri justu eta dezente bat sortzeko".

"Talde txikia" da Euskal Herriko ANC. Duela ia hiru urtetik ari dira lanean, eta "presentzia handiagoa" eduki nahiko luke. 8-10 laguneko "nukleo gogorra" biltzen dira, eskubide osoko 60 bat bazkide, eta unean-unean laguntzaile gehiago. "Saiatzen gara urtean zehar hitzaldi pare bat antolatzen, eta Sant Jordi eguna eta Diada eguna ere egiten ditugu".

Katalunia barruan, lurraldeko biltzarrak ditu ANCk, eta atzerrikoak handik kanpo. Olaizolak azaldu duenez, Euskal Herrikoa izan zen Espainiako Estatuan sortu zen atzerriko lehenengo biltzarra. "Atzetik sortu ziren Madrilen eta Galizian, eta Kanarietan antolatu nahian dabiltza". Mundu osoan badira 60 inguru, baina "aktibo" 30 bat daude. "Ingalaterran oso aktiboak dira, baita Irlandan ere; eta Txilen, Argentinan, Mexikon, Frantzian, Suitzan, Herbehereetan, Italian, Polonian...". Australiakoa atzerrian dauden entitate katalanen elkartean sartuta dago —hura da atzerriko ANCko biltzarren bozeramailea—, eta AEBetan ere asko daude —17 hiritan bat egin dute Aste Katalaneko ekitaldiekin—.

Diada Katalunian

Igandeko Diadak bost kokaleku izango ditu Katalunian: Bartzelona, Salt, Berga, Lleida eta Tarragona. 200.000 lagun pasatxok eman dute izena, iaz baino 60.000 gutxiagok —joan den ostiralean 203.808 atxikimendu zituen—. Olaizola kezkatuta azaldu da jende gutxiagok eman duelako izena, baina sare sozialetan-eta mugitzen ari dira, eta itxaropentsu da aurreko egunetako bat egiteekin: "Badago joera azken momentuan izena emateko. Espero dugu azken egunetan mugitzea, eta beste urteetan bezain erraldoia izatea". Dioenez, deszentralizaziora jota "apustu handia" egin du ANCk, zerbait ezberdina egiteko: "Kataluniako hainbat lekutan egiteko aukera planteatu zen pentsatuz errazagoa zela jendea mobilizatzeko; erraztasunak eman nahi ziren Bartzelonaraino mugitu beharrean gertuago joateko aukera izateko. Polita izango da".

Horrela egitea erabaki aurretik, apiril edo maiatz inguruan, bestelako aukera bat izan zuten mahai gainean: Bruselan "zerbait erraldoia" egitea. "Pentsatu zen orain egongo ginela ia-ia Errepublikaren atarian, eta hori zen asmoa. Baina atentatua egon zen, eta gero Katalunian egondako tirabirekin, ikusi zen berriro egin behar zela indarra Katalunian, bat egin egin eta jendea han bildu".

Gure Esku Dago-rekin

Besteak beste, Gure Esku Dago-rekin elkarlanean ari da Euskal Herriko ANC —atzo, adibidez, erabakitzeko eskubideari buruzko hitzaldia antolatu zuten Bilbon—. "Ikusten dugu antzekoa dela, eta nahiko aktiboa. Gu gusturago sentitzen gara Gure Esku Dago-rekin zerbait planteatzen, alderdi politiko batekin baino. Gizarte zibileko mugimendu bat gara, eta hemen ere jendea denetik dago: ideologia ezberdinekoak, batzuk afiliatuak, besteak ez... ANC denean beste guztia utzi behar dugu, eta ANC gara; ez gara ez Junts Pel Si, ez CUP, ez beste ezer... Gure Esku Dago-ren filosofia ere ildo horretatik doa".

Euskal Herriko prozesua "poliki baina aurrera" doala ikusten du: "Kontsulta batzuk egin dira, eta badatoz gehiago. Ikusten da Euskal Herrian ere jendea hasi dela hitz egiten zein herri mota nahi dugun; garrantzitsua da guk erabakitzea hori". Hala ere, uste du "askoz gehiago" hitz egin beharko litzatekeela: "Ez gu bezala pentsatzen dutenekin bakarrik, baizik eta beste guztiekin. Hau denon artean egingo dugu, denok kontatzen dugu, baita oso ezberdin pentsatzen dutenek ere. Harekin hitz egin beharko dut, eta adostu zer egingo dugun".

Aurrean "bide luze bat" aurreikusten du, "gizartean dauden zauriak sendatzeko eta ondo josteko". Dena den, mugimendua gorpuzten doala nabari du: "Gero eta jende gehiagorengana iristen da mezu hori, etorkizuna guk erabaki behar dugula eta eskubidea dugula horretarako. Oso pentsaera ezberdineko jendea batzen ari da, gero eta gehiago ikusten dut taldeetan heterogeneotasun bat, eta hori da bilatu behar dena. Geratzen bagara gu bezala edo ia gu bezala pentsatzen dutenekin, ez goaz inora".

Errauste plantaren ordez, “irtenbide adostu bat” eskatuko dute Donostian

Errauste plantaren ordez, “irtenbide adostu bat” eskatuko dute Donostian

Maite Alustiza

Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak argi du zein den errauste plantaren alternatiba: "Hondakinak murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea, konpostatzea eta errefusa egonkortzea". Hori aldarrikatzeko, giza katea antolatu du iganderako, Donostia Bizirik taldearekin batera. Donostian egingo dute, Alderdi Ederretik Kontxako hondartzara jaisteko dagoen arrapalan, 11:30ean. Gipuzkoako plataforma ugaritako ordezkariak bilduko dira.

Bi eskaera egingo dizkiete Gipuzkoako diputazioari eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari: erraustegia egiteko asmoa alboratu dezatela, eta gaiari "irtenbide adostu bat" eman diezaiotela. "Benetako" prozesu parte hartzaile bat nahi dute, alderdi politikoekin batera gizarte eragileek eta adituek ere parte hartu ahal izan dezaten.

Giza katearen aurkezpenean adierazi zutenez, hondakinen kudeaketaren inguruko gatazkak "Gipuzkoako agintarien itsukeria interesatuan" dauka jatorria: "Duela ia hamabost urte erraustegiaren aldeko apustua egin zutenen ondorengoek tematuta jarraitzen dute konponbide berberaren atzetik". Haien arabera, gainera, agintariak jakitun daude "oso zaila" dela proiektu bat aurrera ateratzea "gipuzkoarren parte handi bat" aurka dagoenean: "Kontrako jarrera hau gero eta antolatuago dago; behin eta berriz mobilizazio jendetsuen bidez aurkako jarrera bistaratzen ari da".

Uste dute planta egiteak diru publikoaren "xahuketa izugarria" ekarriko lukeela, eta gizakien osasunerako eta ingurumenerako kaltegarria izango litzatekeela: "Gipuzkoan, errausketa zaleen kalkuluen arabera, 163.000 tona errefus sortuko dira 2030ean, baina ozenki diogu 2017an 50.000 tona sortzera pasa gintezkeela; dena erabaki politikoen menpe dago". Horregatik, "absurdoa" da errauste planta bat egitea kopuru hori hartzeko, haien iritziz.

Proiektua esku pribatuetan utzita, gainera, haren kostua eta errefusaren tratamenduarena "ikaragarri" garestituko direla salatu dute: "1.500 milioi euro ordaindu beharko ditugu herritarrok 35 urtean, eta hori ordaindu egin behar dugu errefusa sortu ala ez". Gaineratu dute errauste plantak zabortegiak behar dituela, handik ateratzen diren zepak eta errauts toxikoak tratatu eta gordetzeko.

Adjudikazio, azaroan

Uztail bukaeran onartu zituen GHK-k Zubietako errauste plantaren eraikuntza eta kudeaketa adjudikatzeko agiriak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin —Tolosaldeko eta Urola Erdiko mankomunitateek bakarrik bozkatu zuten kontra —. Enpresek euren proposamenak aurkeztu ondoren, azaroan egin nahi dute behin betiko esleipena, eta obrak 2017 hasieran hasi.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuarentzat, hondakinen kudeaketaren arazoa "behin betikoz konponbidean" jarri du erabaki horrek: "Onarpen honek erakusten du normaltasuna gailendu dela eta agintera iristerakoan gipuzkoar herritarrekin hartutako konpromisoak betetzen ari garela", adierazi zuen adjudikazioak onartu berritan.

Proiektuak lau eraikin izango ditu: TMB tratamendu mekaniko-biologikorako planta, erraustegia, biometanizaziorako planta eta zepak balioztatzeko zentroa. Kalkulatu dute 217,583 milioi eurokoa izango dela erraustegia eraiki eta kudeatzeko kontratua, eta adjudikazioa 35 urterako izango da. Espero dute 2019ko udarako lanean hasteko prest egotea.

Zarautz ere zilarrezkoa da

Euskal Herri osoan, Tolosa eta Zarautz dira zilarrezko mailan jokatzen duten talde bakarrak. Tolosak ez bezala, Zarauzko taldeak urteak daramatza bigarren mailan lehiatzen; azken bi denboraldietan 13. postua lortu du, eta, hala, kategoriaz jaistea sai...