Albisteak

Adegik salatu du greba “legez kanpokoa” dela

Adegi patronalak ohar bidez jakinarazi du salaketa bat aurkeztu duela gizarte epaitegietan, gatazka kolektiboagatik. Haren arabera, sindikatuen greba deialdia "legez kanpokoa", "iruzurtia" eta "abusuzkoa" da. Dioenez, greba sei egunerako deitzeak esan...

“Greba egitea esfortzu handia da guretzat, baina bestela zail daukagu”

Asteartea da, arratsaldeko ordubi eta erdiak. Tximiniatik kea botatzen ari da Zizurkilgo Oria paper fabrika, hodeien grisa baino zuriagoa den kea. Erabaki bat hartu izanaren seinale izan ohi da ke zuria, eta hala da oraingoan ere. Fabrikako langileek batzarra egin berri dute, eta sindikatuek sektorean deitutako grebari baiezkoa eman diote bozketa bidez: 32 botoa alde, 13 kontra, eta boto zuri bat. Hala, ELA, LAB, CCOO eta UGTk Gipuzkoako papergintzan egindako deialdia babestu dute. 80 langile inguru ditu enpresak.

Bazkalordua da, eta batzarra amaitu bezain pronto, lan txanda bukatuta dutenak badoaz fabrikatik etxera. Presaka dabilen langile batek sukalde kontuekin irudikatu du lan itunarekin duten egoera: "Kazola bat bezalakoa da hitzarmena. Batek alde batetik tiratzen du eta besteak bestetik. Orain kazola zartagin bihurtu da; hori batek bakarrik dauka eskutik helduta, baina zartaginarekin ezin da bakailaoa prestatu". Batzarretik irten berri da Ibon Goenaga langilea ere. 16 urte daramatza enpresan lanean, eta dioenez, "zuritik beltzera" egin du egoerak lantegian hasi zenetik: "Azken urteetan asko aldatu dira gauzak krisiaren kontuarekin, sartu dituzten erreformekin —erreforma elektrikoak, beste zerga batzuk...— eta abarrekin". Azken urtean soldata jaitsierak izan dituzte, eta atal hori da Goenagarentzat babestu beharreko arlo garrantzitsuetako bat, berarentzat "berme bat" baita. Orokorrean, dena den, hitzarmen osoa errespetatzeko eskatzen dute langileek, sinatzen dutena errespeta dezatela.

Hori lortzen saiatzeko erabaki dute greba babestea, nahiz eta jakin lan ez egiteak ere kaltea ekarriko diela: "Greba egitea esfortzu handia da guretzat, baina zerbait nahi duenak zerbait egin behar du, bestela zail daukagu".

Historia luzeko lantegia da Oria paper fabrika. 1911tik ari da Zizurkilen lanean, eta sektoreko enpresa ugarik itxi behar izan duten arren, jardunari eusten dio hark. Lan aldetik ondo dabiltza, gainera: "Normalean data hauetan baxuena izaten da lan aldetik, eta aurten nahiko ondo ari gara". 300 bazkide finko ditu paper fabrikak, horietatik asko nazioarteko talde editorialak —Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Portugal, Alemaniakoak...—.

Iztukadura gabeko offset papera egiten dute, inprimaketa eta idazkerarako. Urteetan, makineria eta eskaintza egokitzen joan dira, eta duela gutxi ere izan dira aldaketak: "Erreforma batzuk egin dituzte enpresan, eta paper berriak egiten hasi gara, eskaintza irekitzen. Horrek ere denbora pixka bat behar du, emaitzak ikusten joateko".

Gustura irten da batzarretik Gorka Alvarado CCOOko kidea, grebak langileen artean izan duen babesarekin: "Ulertu dute negoziazioa borrokaren bidez desblokeatzen dela. 11 hilabete daramatzagu negoziatzen eta orain borroka besterik ez da geratzen". Goenagak esandakoaren ildotik, Alvaradok badaki greba egitea esfortzu gehigarri dela langileentzat, baina "negoziazioaren bidea bukatu denean", bide bakarra dela sinetsita dago: "Greba ez da helburu bat, tresna bat baizik. Patronalaren erreakzionatu dezan nahi dugu, eta erantzun diezaiela langileen eskaerei".

Herritarrak herritar izateko

Herritarrak herritar izateko

Ilusio handiko ibilbidea izan da. Hesiak ere gainditu behar izan ditugu; norberak bere buruari jartzen dizkion etiketak eta kanpotik jartzen dizkigutenak puskatu behar izan ditugu". Horrela laburbildu du Leire Barandiaran Goierriko Gure Esku Dago-ko k...

Erreparaziorako bidea egiten

Erreparaziorako bidea egiten

Mikel Zabalzaren heriotzaren 30. urteurrenaren atarian, gaurkotasuna hartu du berriro Guardia Zibilak atxilotuta zeukala hildako gazte orbaizetarraren kasuak. Memoriaren Eguna igaro berritan, eta indarkeriaren biktima guztien aitortza ahotik ahora dabilen garaiotan, horixe da Altzan (Donostia) sortu berria den Mikel Zabalza Herri Ekimenaren helburua: Zabalza biktima gisa aitortzea eta haren familiak sufritutakoaren erreparazioa lortzea.

Sortzez nafarra izan arren, Altzan bizi zen Zabalza Guardia Zibilak atxilotu zuenean. Donostian egiten zuen lan, garai hartako Tranbia Konpainian. Altzan ez dute inoiz ahaztu bizilagun izandakoaren patua, eta urtero-urtero antolatu dituzte hura oroitzeko ekitaldiak: manifestazioak, lore eskaintzak, hitzaldiak... "Altzan bizirik dago haren memoria, denok dakigu nor zen Mikel, lanketa handia egin da. Ni neroni naiz horren lekuko", azaldu dio Gipuzkoako Hitza-ri Garazi Castañok, Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideak. 20 urte ditu, Zabalza hil eta hamar urtera jaio zen.

Haatik, Altzan orain arte ez da egitura finkorik izan gaiari jarraipena egiteko. "Orbaizetan bada talde bat, baina Altzan ez zegoen". Aurten sortu dute, eta 30 urte igaro diren arren, egia, justizia eta erreparazioa lortu arte geratzen den bidea luzea izango dela uste dute. "Bide luzeko lasterketa da, pausoz pauso joango gara".

Biktima izaera onartu

Taldearen helburu behinena da Zabalzari ofizialki inoiz aitortu ez zaion biktima izaera aitortzea, eta horrek dakarren erreparazioa lortzea. "Bertsio ofiziala hasieratik kolokan dagoen arren, auzitegietan kasua itxita dago, eta horren ondorioa da Mikeli ez zaiola biktima izaera onartzen, eta haren familiari ere ukatu egiten zaiola merezi duen erreparazioa; izan ere, biktima gisa onartzeak hainbat eskubide aitortzen dizkie senideei, laguntza batzuk zehazten dira, eta Mikelek eta haren familiak ez dute halakorik", dio Castañok.

Lehen pausoak ematen ari dira. "Aztertzen ari gara horra iristeko nolako bidea egin behar dugun". Hala, euskal instituzioetako ateak jotzen ari dira, haien lankidetza bilatzen, bideak nora eramaten dituen ikusteko. "Uste dugu erreparazioaren bidea ezin dela izan herri ekimenak eta senideek bakarka egin beharrekoa, uste dugu instituzioekin batera egin behar dugula bide hori; eta Donostiako Udalean egin dugun moduan, beste erakundeetan ere egingo dugu, ea posible den bidea batera egitea". Bestetik, hainbat kriminologia eta zuzenbide irakaslerekin harremanetan jarri dira, gai horretan aholkua jaso eta sakontzeko.

Epe motzera, Donostiako Udalean dute hurrengo hitzordua Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideek. Izan ere, hurrengo ostegunean, hilaren 26an, aztertuko du beraiek aurkeztutako mozioa udalbatzak. Castañok azaldutakoaren arabera, aurretiaz udaleko alderdi politiko guztiekin landu dute gaia, eta baita Dbuseko sindikatu guztiekin —ELA, LAB eta Kurpil sindikatuen babesa eskuratu dute— eta udaleko langile batzordearekin ere —ELA eta LABeko ordezkariek babestu dute mozioa—.

Mozioa EAJ, EH Bildu eta Irabazi udal taldeen babesarekin aurkeztu dutenez, aurrera egingo duela uste du Castañok, "nahiz eta gerta litekeen beste talderen batek zuzenketaren bat edo aldaketaren bat proposatzea". Mikel Zabalza Herri Ekimenaren mozioa onartzen duenean, Donostiako Udalak konpromisoa hartuko du Zabalza "biktima gisa onartua izan dadin eragiteko".

Donostiako Udalaren esku hartzea lortuta, erakunde gehiagoaren inplikazio bila jarraituko dutela iragarri du Castañok. Euskal erakundeek hainbat adierazpen onartu izan dituzte Zabalzaren heriotzari buruz, eta indarkeria politikoaren biktimen zerrendan ere sartu zuen Eusko Jaurlaritzak. "Baina bidea hor mozten da, ez dakigu zeintzuk diren mugak, zeintzuk diren oztopoak, baina hortik aurrera ezin dela egin ematen du, eta hori egiten saiatuko gara gu. Keinuetatik haratago joan behar da, paperetik jauzi bat eman behar da, eta horretara goaz".

Urratsak batera, bide berean

Urratsak batera, bide berean

Asko sufritu duen herria izan da Hernani, eta sufritzen ari dena". Bizikidetza eta memoriaren lanketan, baina, "oinarrizko pauso bat" eman dute udaleko lau alderdiek. Lehenengoz, elkarrekin agertu ziren Memoriaren Egunean: EH Bilduko, EAJko, Orain H...

Inor konbentzitzen ez duen bertsio ofiziala

Itxi eta ireki, Mikel Zabalzaren heriotza argitzeko auziak 25 urte egin zituen auzitegietan. 2010eko azaroaren 5ean, haren heriotzaren 25. urteurrenaren bezperatan, behin betiko itxi zuten. Egia judizialik ez da izango, beraz, gazte orbaizetarraren heriotzaren inguruan. Haren gorpua agertu zenean, ordea, egiak bere bidea hasi zuen. Gaur egun, ia inork ez du zalantzan jartzen Mikel Zabala hil arte torturatu zutela Intxaurrondon; eta gero haren gorpua Bidasoa ibaira eraman zutela, bertsio ofizialean Guardia Zibilari ihes egin eta han ito zela esateko.

Altzan (Donostia) atxilotu zuen Guardia Zibilak Mikel Zabalza 1985eko azaroaren 26an. Idoia Aierbe bikotekidea, Manuel Bizkai lehengusua eta Jon Arretxe atxilotu zituzten operazio berean. Zabalzaren bi anaia ere atxilotu zituzten Orbaizetan, baina hamar orduren buruan utzi zituzten aske. Abenduaren 15ean topatu zuen Guardia Zibilak Zabalzaren gorpua, Bidasoa ibaian, Gurutze Gorriko urpekariek hiru egunez goitik behera miatutako toki berean.

Guardia zibilen bertsioa: Zabalzak "bere borondatez" Endarlatsa inguruan armaz betetako zulo bat non zegoen esan behar ziela, eta horregatik eraman zutela hara; hiru guardia zibilek eraman zutela, gauez, eta haietako bati barrabiletan ostikoa eman eta ihes egitea lortu zuela; ibaira jauzi egin zuela; ezin izan zutela harrapatu; zulorik ere ez zutela topatu.

"Alde egin zuela? Nora? Igerian ez zekien eta. Neska-lagunaren bila 26 guardia zibil etorri ziren, lo zegoen neska baten bila, eta zulo bat topatzera hiru guardia zibilek eraman zuten, gauez? Faborez". Adierazpen horiek Mariano Lopetergirenak dira, Zabalzaren lagun eta Donostiako Tranbia Konpaniako lankidearenak.

Bertsio ofiziala hankamotz ikusi zuten gehienek hasieratik beretik, eta Zabalzarekin atxilotutakoen bertsioek sentimendu hori indartu baino ez zuten egiten. Manuel Bizkaik atxiloketaren egunean goizaldera arte Zabalzaren oihuak entzun zituela adierazi zuen; ondoren, gehiago ez. Idoia Aierbek deklaratu zuen Zabalza bitan ikusi zuela. Lehenengo aldian, eskuak atzean lotuta eta plastikozko poltsa bat buruan zuela ikusi zuen. "Bigarrenean, Mikelen tankerako gorputz bat ikusi nuen ohatila batean estalita, eta bi guardia zibili 'oso gaizki dago' esaten entzun nien".

Zabalzaren sendiak gorpua agertu aurretik ere txarrena espero zuen. Zeru-lurrak astindu zituzten, desagertuta zegoen senidea azal zedin. Garbiñe Garate amak eraman zuen borroka horren lema. Intxaurrondora bertara joan zen semearen berri zuzenean jakitera. "Semea galdu zaizula diozu? Zoaz eta bila ezazu objektu galduen bulegoan", erantzun zioten han. Ordurako, Zabalza hilik zegoen.

Hogei egun egin zituzten senideek eta ingurukoek Zabalza non zegoen jakin gabe, susmo txarrenak barruraino sartuta. Kalean mugimendu handia piztu zen, eta herritarren zein hedabideen presioa tarteko, epaileak Bidasoa ibaia dragatzeko agindua eman zuen abenduaren 7an. Hiru egun ibaia miatzen igaro zuten Gurutze Gorriko urpekariek. Gorpurik ez zegoela ondorioztatu zuten.

Jose Barrionuevo Barne ministroari ere (PSOE) galdetu zioten Kongresuan gaiari buruz. "Agertuko da", agindu zuen hark. Hiru egunra, guardia zibilek berek topatu zuten Zabalzaren gorpua, oraindik eskuburdinak jarrita.

Lourdes Zabalzak, Mikelen arrebak, honela hitz egin zuen, 25 urte geroago, Guardia Zibilak emandako bertsioari buruz "Bertsio bat eraiki zuten; zorionez, ez zen gai izan inor konbentzitzeko. Iritzi publikoak hasiera-hasieratik, ez zuen sinetsi; aitzitik, gure anaia ziegan jasandako torturengatik hil zela konbentzitu zen".

“Suspertzerako” aurrekontua

“Suspertzerako” aurrekontua

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu du jada datorren urterako aurrekontu proposamena. Batzar Nagusietan, departamentuz departamentu eman dituzte azalpenak, eta prentsaren aurrean ere ari dira agertzen sail bakoitzak bere diru sailarekin egin asmo duen kudeaketa. Guztira, 813 milioi euroren aurrekontuak aurkeztu zituen Markel Olano ahaldun nagusiak azaroaren 9an. Aurreko urtekoaren aldean, %5,4koa da hazkundea, eta 42 milioi eurokoa da aldea kopuru orokorretan.

Kopuru osoaren zati handiena Gizarte Politiken Sailak eramango du, aurrekontuen ia erdia. Iazko aurrekontuekin alderatuta, kopuru orokorretan igoera handiena izango duen saila, ordea, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka izango da. 47 milioi eurotik 70 milioira igoko da departamentu horren aurrekontua—%49,11ko igoera—.

Aurreikuspenen arabera, abenduko hirugarren astean eztabaidatu eta bozkatuko dituzte aurrekontuak, Batzar Nagusietan.

GIZARTE POLITIKAK
Adinekoen laguntzak

Aurrekontu osoaren ia %47 gizarte politiketarako erabiliko du aldundiak. Aurten baino 17 milioi gehiago izango ditu, 346 milioi euro, guztira. Maite Peña diputatuak Batzar Nagusietan azaldu zuenez, pertsonak izango dira sailaren ardatza. Herritar bakoitzeko "480 euro baino gehiagoko inbertsioa" egingo dute.

Hiru lan ildo estrategiko izango ditu sailak: batetik, gizarte zerbitzuen antolaketa, kobertura eta kalitatea hobetzea. Horren barruan kokatu du 2015-2017 epeko gizarte zerbitzuen mapa. Hori ahalbidetzeko, egoitzetan, eguneko zentroetan eta etxebizitzetan 140 toki berri sortuko dituela aurreratu du Peñak. Etxeko arreta sustatzeko zerbitzu eta laguntzak ere indartzea da asmoa.

Bestetik, gizarte zerbitzuak egungo eta etorkizuneko premietara egokitu nahi ditu sailak. Adinekoen arretarako bideratuko du diru gehien, saileko aurrekontu osoaren %37 —128 milioi euro—. Horrez gain, 78 milioi euro zerbitzu edo laguntza ekonomikoetarako izango dira, 42 milioi euro adingabeen babeserako, 39 milioi euro desgaitasunen bat dutenei laguntzeko, eta 25 milioi euro gizarteratze eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arretarako. Kabia eta Uliazpi foru organismoak kudeatzeko 21 milioi baliatuko ditu.

Hirugarren ildoa erakundeen arteko elkarlana izango da, gizarte zerbitzuen legea garatzeko.

BIDE AZPIEGITURAK
Errepideen kontserbazioa

Bide Azpiegituren Sailak 77,7 milioi izango ditu, aurten baino 7,5 milioi gehiago. Aurreko urteetan bezala, errepideen kontserbazioak eta artapenak hartuko dute aurrekontuaren zati handi bat: 56 milioi. Joan den legealdiarekin alderatuta, ia %5 igo da bideen artapenerako ohiko aurrekontua. 56 milioi horietatik 11 programa berezi batera bideratuko dituztela jakinarazi du Aintzane Oiarbide diputatuak. Datorren urtean abiatuko dute, artapen bereziei zuzenduta eta prebentzioan arreta jarriz.

Etzegarateko ordainlekua martxan jartzeko 10 milioi izango ditu diputazioak, baita "N-1 errepideko trafikoa berrordenatu eta errepide hori erabilita Gipuzkoa igarotzen duten kamioiek paga dezaten".

Gainera, Gipuzkoako Biribilgunea deiturikoa osatu nahi du. Horretarako, ia hiru milioi daude jasota GI-632ko Bergara-Antzuola zatirako proiektu berria idatzi eta obrei hasiera emateko. Horrekin batera, Azkoitia-Urretxu eta Deba-Mutriku errepideak hobetzeko proiektuak ere biltzen ditu aurrekontu proiektuak.

EKONOMIA SUSTAPENA
50 milioiko plana

Gehien haziko den sailetako bat izango da Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekarena: 47 milioi euro izan ditu aurten, eta 70 milioi izango ditu 2016an. Kopuru horretatik gehiena aldundiaren apustu nagusienetako batera bideratuko dute, Ekonomia Suspertzeko Planera. Lau urterako plana da, eta urtero 50 milioi euro jasoko dituzte aurrekontuetan. Helburua: ekonomia bultzatzea, eta ongizate estatua eta lurraldearen gizarte kohesioa bermatzea. Datorren urterako, honela egin du banaketa: 27 milioi industriak eramango ditu, 10 milioi turismoak eta kulturak, 8 gizarteratzeak, eta 5 lehen sektoreak.

MUGIKORTASUNA
Lurraldebus eta Pasaia

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 58,6 milioi euro izango ditu 2016an, ia 10 milioi gehiago. Marisol Garmendia diputatuak sailaren lehentasunen artean aipatu ditu Lurraldebus eta Pasaia.

Lurraldebusi dagokionez, zerbitzua kudeatzeko 31,5 milioi euro izango ditu. Zerbitzua "hobetzea eta modernizatzea" da erronka, eta arreta berezia jarri nahi du erabiltzaileengan. Hori horrela, Lurraldebus Gunea sortuko du Donostian, herritarrei informazioa emateko. Milioi bat finkatu du horretarako.

Pasaialdea "erabat" biziberritzea da departamentuaren beste lan ildoetako bat. "Biziberritzea ez bakarrik hirigintzari dagokionez, baita ekonomiari, gizarteari eta kulturari dagokienez ere". 7,8 milioi jaso dituzte aurrekontu proiektuan; horietatik lau milioi Jaurlaritzarekin egindako akordioaren baitakoak dira, eta gainerako 3,8 milioiak aurretik hitzartu eta orain "berrabiatu" egingo diren ataletarako izango dira.

Donostia aldeko metroaren proiektua garatzeko 400.000 euro aurreikusi ditu aldundiak, proiektuaren lehen zatirako. Obren kostu osoa eta pagatu beharrekoaren zenbatekoa zehazten denean handituko da kopurua —obrak urte amaieran lizitatzea espero da—.

KULTURA ETA KIROLA
Kulturari protagonismoa

Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Sailak ia 55 milioi izango ditu, aurten baino %15,9 gehiago. Gobernuak "protagonismo handiagoa" eman nahi dio kulturari, "gizartea eraldatzeko tresna bihurtu". Donostiaren Europako Kultur Hiriburutzari 4,9 milioiko ekarpena egingo dio, 3 milioi Tabakaleraren eraikinerako eta 1,6 milioi hango jardueretarako. Gipuzkoako ohiko kultur ekitaldietarako diru sailei eutsiko die; Zinemaldiari, esaterako, milioi bateko ekarpena egingo dio, iaz baino 115.000 euro gehiago. Proiektu "estrategiko" handiak kudeatzeko, Parte Hartze eta Berrikuntza Unitatea sortuko du —12 milioi euro—.

Turismo Sailera 1,6 milioi euro bideratuko dituzte. Kirol esparruan Kirolgiri bultzada eman nahi dio aldundiak, eta gazteen kirola eta kirol egokitua sustatu. Lankidetzari dagokion aurrekontuak 3,8 milioi izango ditu (%0,30eko igoera).

OGASUNA ETA FINANTZAK
Iruzurrari aurre egin

2015eko kopuru antzekoetan mantentzen da Ogasuna eta Finantzak sailaren datorren urteko aurrekontua; 46 milioi euro izango ditu Jabier Larrañaga diputatuak zuzentzen duen departamentuak kudeaketarako. Ogasuna zergadunei hurbiltzeko eta haiei eskaintzen zaizkien laguntza eta arreta zerbitzuak hobetzeko 11 miloi euroko sail bat izango da.

Baina diru kopuru handiena zerga administrazioak eramango du: 20 milioi euro. Larrañagak nabarmendutakoaren arabera, zerga iruzurraren aurkako borrokarako baliabideak bere horretan mantenduko dituzte. Bestalde, "zerga eginbeharrak betetzearen inguruko mentalitate aldaketa" landu nahi du, eta hori ere sartuko da sail horretan.

GOBERNANTZA
Eraldatzearen euskarri

39 milioi euro pasatxo izango ditu Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko departamentuak. Ia erdia, %45, Suteen Aurkako Babes eta Salbamendu Zerbitzura joango da; %14,72 aldundiaren zerbitzu orokorretara; %13,14 Funtzio Publikoak eramango du; %10,6 departamentuko zerbitzu orokorrek; %7,51 Modernizazio eta Zerbitzuen Hobekuntzako zuzendaritzara joango da; %5,23 Idazkaritza, Aholkularitza eta Defentsa Juridikora; %2,66 Herritarren Partaidetzak eramango du; eta %1,21 Kanpo Harremanetarako izango da.

Imanol Lasa diputazioko bozeramailearen arabera, "aldundiaren kudeaketa eraldatzeko euskarri nagusia" izango da departamentu hori.

INGURUMENA
Errauste planta

Ingurumen eta Obra Hidraulikoen departamentuak ia 21,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2016an, eta horien artean GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketari zuzendutako 6,2 milioi euroko sail bat ageri da, errauste planta eraikitzeko izango dena. "Aurreikusten diren azpiegiturak egiteko" jartzen du atal horretan, eta 2019ra bitarteko "kredituak" aurreikusten ditu, orotara 84,4 milioi euroko inbertsio batera iritsi arte. Kopuru hori foru aldundiak GHKn duen pisuaren araberakoa da, eta obra osoaren herena finantzatuko luke. Aurtengo 6,2 milioiei, 26 milioi pasatxo gehitu behar zaizkie 2017ko aurrekontuan; beste 40 milioi 2018koan; eta, azkenik, 12 milioi euro gehiago 2019an.

DIPUTATU NAGUSIA
Hizkuntza Berdintasuna

Diputatu Nagusiaren Kabinetea osatzen duten bost zuzendaritzetatik, Hizkuntza Berdintasunerakoak izango du aurrekontu handiena hurrengo urtean: 6,1 milioi euro —sailaren aurrekontu osoaren %35,6—. Mikel Irizar zuzendariak azaldutakoaren arabera, euskararen biziberritze prozesuan "apalaldia" sumatzen da, eta horra zuzendu nahi du bere jarduna. "Berrikuntza premia nabaria da, diskurtsoetan bezala ekintzetan".

Kabineteko gainerako zuzendaritzen artean honela banatuko da dirua: Estrategia Kudeaketarako zuzendaritzak —berria da— 2,6 milioi euro izango ditu; Emakume eta Gizonen Berdintasunerako zuzendaritzak ia 1,9 milioi; Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaritzak 1,5 milioi eta Komunikazio zuzendaritzak 12,4 milioi.