Politika

Tantaz tanta, zaparradaren zain

Tantaz tanta, zaparradaren zain

Eider Goenaga Lizaso

Badajozkoa naiz, hitz egidazu gazteleraz, mesedez", erantzun du Jose Chaparrok Tolosaldeko Giltzarria taldearen infogunean botoa ematetik atera denean. Larunbata da, azoka eguna Tolosan, eta jendea batera eta bestera dabil kalean. Arostegieta kalean dago infogunea, eta jende asko igarotzen da bertatik larunbatetan; erosketak egitera doazenak zein pasieran dabiltzanak maiz gelditu dira erakusleihoan dagoen informazioari begira. Boto aurreratua emateko ordutegia dago jarrita bertan, baita igandean paratuko diren bozkalekuen mapa eta bozkatzeko behar diren agirien inguruko informazioa ere. "Joan den astelehenean hasi ginen boto aurreratuak jasotzen. Bost egunetan 50 bat lagunek bozkatu dute, baina jende gehiena informazio bila etorri zaigu", azaldu dio Hitza-ri Zorion Ortigosa Giltzarria taldeko kideak.

Batuketari izkin, tranpekin

Batuketari izkin, tranpekin

Maite Alustiza

Iruzurra, trikimailua, tranpa. Hitzok aipatu ditu Iñigo Iruin abokatuak Espainiako Estatuak euskal presoen zigor batuketan izandako jokabidea definitzean. Azaldu duenez, antz juridiko handia dute Parot doktrinak eta zigor batuketa ez onartzeak: "Urratzen diren oinarrizko eskubideak berak dira, eta helburua bera: espetxealdiak luzatzea". Giza eskubideez eta Espainiako Estatuaren tranpez aritu zen Iruin, asteartean, Hernaniko Biteri kultur etxean. Pakito Lujanbio preso ohia eta Idoia Ibero Sare plataformako kidea ere mahai bueltan izan ziren.

“Europan dago borroka eremua”

“Europan dago borroka eremua”

Maite Alustiza
"Motxila bete esperientziarekin" iritsi da Askapena erakunde internazionalista bere 30. urteurrenera. Urteotan, zubiak eraiki ditu hainbat herrialdetako eragileekin; lorpenen artean, berriz, internazionalismoa Euskal Herrian presente egotea aipatu du Iraitz Gesalaga kideak.

Herritar antolatuen aldarriak

Herritar antolatuen aldarriak

Maite Alustiza

Plataformak, mugimenduak, elkarteak, taldeak. Herritarrak mobilizatu egin dira Donostian, nor bere aldarrikapenarekin. Asko aipa daitezke: SOS Miracruz 19, Satorralaia, Uliako Lore-Baratzak, Parte Zaharrean Bizi... Honako hauek dira urte osoan presente izan diren gaietako batzuk:

[Urtekaria] Azaleratu da borondatea

[Urtekaria] Azaleratu da borondatea

Maite Alustiza

Ekainaren 5a "egun historikoa" izan zen, mugarri bat, "egun oso inportantea". Estatus politikoari buruzko galdeketak egin zituzten Goierrin, Debagoienean eta Azpeitian. "Garbi daukagu ekainaren 5ean ez dela ezer bukatuko: zerbait egiten baldin bada, hasi egingo da", azaldu zuen Gure Esku Dago dinamikako Angel Oiarbidek.

“Krisiak ez zuen eragin handirik izan Legazpiko lantegian”

“Krisiak ez zuen eragin handirik izan Legazpiko lantegian”

Tere Madinabeitia

Legazpiren XX. mendeko historia jasotzen duen trilogiari amaiera emateko, Legazpi siglo XX, 1975-2000. El final de un ciclo industrial liburua (Legazpi XX. mendea, 1975-2000. Ziklo industrial baten amaiera) idatzi du Jose Mari Urzelaik. Aurreko bi lanetan, XX. mendeko mugarriak eta 1940-1975 urteak landu zituen. Liburu berriarekin zikloa itxi egin du Urzelaik. Orain, atseden hartzeko unea iritsi zaio; 1960ko hamarkadan herriko berriemaile gisa hasitako ibilbidearen helmugara iritsi da.

Katean batzen doaz udaberrira

Katean batzen doaz udaberrira

Maite Alustiza

Pasaiako badia izango da erabakitzeko eskubidearen aldeko hurrengo geralekua. Igandean, 8,4 kilometroko giza katea osatu asmo dute, Oiartzualdean egingo duten galdeketarako "giroa epelduz joateko". 2017ko martxoaren 19an eman ahal izango dute botoa Errenterian, Pasaian, Lezon eta Oiartzunen; eguna iritsi bitartean, "lehen erronka nagusi" gisa igandeko giza katea jarri du Demoarso mugimenduak.

Zortzi kilometro pasa horiek osatzeko, Errenterian 4.000 lagun biltzeko helburua jarri dute, 2.100 Pasaian, 1.600 Oiartzunen eta 800 Lezon. Orotara, 71.000 lagun bizi dira lau herriotan. 12:00etan eratuko dute katea, eta, ordubete geroago, boto sinbolikoa eta ekitaldia egingo dituzte Errenterian, Gamon zumardian. Iluntzera arte musika eta bestelako jarduerak izango dira.

Goierrin, Debagoienean eta Azpeitian badakite zer den herri galdeketa bat antolatzea eta gauzatzea —ekainaren 5ean egin zituzten—. Oraindik ere lanean jarraitzen dute, ordea. Bihar, adibidez, batzar irekia egingo dute Seguran, Hemendik aurrera zer? izenburuarekin. 10:30ean izango da, kultur etxean.

2017ari begira, Gipuzkoako beste zenbait herritan martxan dira. Euskal Herri osoan ehun herri ingurutan izango dute botoa emateko aukera hurrengo urtean, eta horiek antolatzen laguntzeko prestakuntza saioak eman dizkie Gure Esku Dago-k 150 bat laguni, Eibarren.

DONOSTIA-BETERRI

Hernanin eta Astigarragan azaroaren 12an dute begirada jarria. BagaGiltza dinamika ekainean abiatu zuten, eta 2017ko udaberrian bukatuko dute prozesu hori, galdeketarekin. Azaroaren 12an, hain justu, galdeketaren eguna zein izango den jakinaraziko du antolaketa batzordeak. Data ezagutzera ematearekin batera, sinadura bilketa abiatuko dute; 500 atxikimendu bildu nahi dituzte asteburu horretan. Hori guztia festa giroan egingo dute, Udaberri Festaren barruan. Ave Maria parkean izango da —eguraldi txarrarekin Gay Murreko patio estalira lekualdatuko dute—.

Usurbilgo Gure Esku Dago-k 2017rako iragarria du kontsulta, data zehaztu gabe, eta Lasarte-Orian ere lanean ari dira hurrengo urtera begira, Loratu prozesuan. Sinadura bilketan 1.832 atxikimendu jaso zituzten —1.700 zuten helburua—, batzorde sustatzaile bat eratu dute prozesua gidatzeko, eta lantaldeak osatzen ari dira gaika antolatuko diren zereginetarako: ekonomia, kale presentzia, protokoloa, komunikazioa...

UROLA KOSTA

Datorren udaberrian egingo dituzte galdeketak Azkoitian, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian. 54.000 herritar bizi dira herriotan, eta tokiko batzordeak hasiak dira prestaketa lanetan: Ontziratu (Zumaian), Zarahitz (Zarautzen) Urrats (Azkoitian), Baliza (Orion), Brankan (Getarian)...

Azpeitiak, eskualdean galdeketa egiten lehena izanda, lekukoa pasatu die seioi. Hala mintzatu zitzaien Laxaro Azkune Hitzartuko kidea talde antolatzaileei: "Subiranotasun edo herri antolaketa auziak modu baketsuan, demokraziaren arauei jarraituz eta herritarron parte hartzean sakonduz bideratu behar dira, aukera guztiak errespetatuz eta posible eginez, erabakiak herritarron borondatean eta nahieran oinarrituz". Azpeitian egin zuten moduan, berme gisa sinadurak bilduko dituzte sei herrietan, eta gutxieneko bat lortu ondoren deituko dute ofizialki galdeketara.

TOLOSALDEA

Eskualdeko 28 herrietan badute estatus politikoaren inguruko galdeketarako eguna: 2017ko martxoaren 19a, Oiartzualdekoen egun bera. 38 laguneko batzorde sustatzailea aurkeztu berri du Giltzarria dinamikak, eta eskualdean "ilusioa berreskura" dadin lan egingo dute —bideo bat sareratu dute jendea animatzeko—. Herri bakoitzeko ordezkari bana dago taldean, beste hamar lagunekin batera. Galdeketa "baldintza egokietan" egin dadin, sinadura bilketa jarriko dute martxan datozen asteetan, Gure Esku Dago-ren protokoloan zehazten den bezala.

DEBABARRENA

Datorren urtean antolatu nahi dute galdeketa Soraluzen. Duela bi aste aurkeztu zuten antolaketa taldea; hemezortzi lagun inguru bildu dira, "adin eta sentsibilitate ezberdinekoak", baina taldea zabalik dago. Asteazkenero bilera egingo dute Elkargunean, eta 16 urtetik gorakoei parte hartzeko deia egin diete, "soraluzetarren esku" egongo delako Soraluzen ere herritarrei galdetzea. Lanean ari dira beste hainbat herritako batzordeak ere; Deba eta Mendarokoak, besteak beste.

“Denon artean egingo dugu”

“Denon artean egingo dugu”

Maite Alustiza

Diada munduari azaltzen erreportajea zekarren asteleheneko El Punt Avui egunkariak. Vilaweb atariak ingelesezko bertsioan tartea egin dio Aste Katalanari, eta #catalanWeek traolak zabaldu du egitasmoa sare sozialetan. ANC Biltzar Nazional Katalanak mundu osora hedatu nahi du independentziari buruzko eztabaida, eta indar berezia jarri du irailaren 11ren bueltan. "Aste Katalana sortu da mundu mailan, ikusten delako prozesua internazionalizatu egin behar dela. Eta kasu egiten ari zaizkio: Kataluniako prentsan kanpoko ekintzen berri ematen ari da, ANCtik bertatik ere zabaltzen ari gara...". Begotxu Olaizola Euskal Herriko ANCko ordezkaria da. Atzerriko beste batzorde ugarik bezala, Euskal Herrikoak ere bat egin du Aste Katalanarekin, eta ekitaldi sorta prestatu dute. Bihar, Donostian, bertsolariek eta glosadoreek saioa eskainiko dute eguerdian, eta ekitaldi bukaeran mezua irakurriko du ANCk.

Errealitate ezberdinak izan arren, sinergiak sortzea garrantzitsua da Olaizolarentzat: "Ezin dugu pentsatu han egiten dena hemen kopiatu behar denik, ez, baina sinergiak egon behar dira. Bakoitzak bere bide orria egin behar du, baina Euskal Herria eta Katalunia, biok gara estaturik gabeko herriak, biok daukagu nahi bat estatua edukitzeko, eta estatu hori sortu nahi dugu herritarren borondatean oinarrituta. Momentu honetan hori da modu bakarra gure kultura, gure herria, herri justu eta dezente bat sortzeko".

"Talde txikia" da Euskal Herriko ANC. Duela ia hiru urtetik ari dira lanean, eta "presentzia handiagoa" eduki nahiko luke. 8-10 laguneko "nukleo gogorra" biltzen dira, eskubide osoko 60 bat bazkide, eta unean-unean laguntzaile gehiago. "Saiatzen gara urtean zehar hitzaldi pare bat antolatzen, eta Sant Jordi eguna eta Diada eguna ere egiten ditugu".

Katalunia barruan, lurraldeko biltzarrak ditu ANCk, eta atzerrikoak handik kanpo. Olaizolak azaldu duenez, Euskal Herrikoa izan zen Espainiako Estatuan sortu zen atzerriko lehenengo biltzarra. "Atzetik sortu ziren Madrilen eta Galizian, eta Kanarietan antolatu nahian dabiltza". Mundu osoan badira 60 inguru, baina "aktibo" 30 bat daude. "Ingalaterran oso aktiboak dira, baita Irlandan ere; eta Txilen, Argentinan, Mexikon, Frantzian, Suitzan, Herbehereetan, Italian, Polonian...". Australiakoa atzerrian dauden entitate katalanen elkartean sartuta dago —hura da atzerriko ANCko biltzarren bozeramailea—, eta AEBetan ere asko daude —17 hiritan bat egin dute Aste Katalaneko ekitaldiekin—.

Diada Katalunian

Igandeko Diadak bost kokaleku izango ditu Katalunian: Bartzelona, Salt, Berga, Lleida eta Tarragona. 200.000 lagun pasatxok eman dute izena, iaz baino 60.000 gutxiagok —joan den ostiralean 203.808 atxikimendu zituen—. Olaizola kezkatuta azaldu da jende gutxiagok eman duelako izena, baina sare sozialetan-eta mugitzen ari dira, eta itxaropentsu da aurreko egunetako bat egiteekin: "Badago joera azken momentuan izena emateko. Espero dugu azken egunetan mugitzea, eta beste urteetan bezain erraldoia izatea". Dioenez, deszentralizaziora jota "apustu handia" egin du ANCk, zerbait ezberdina egiteko: "Kataluniako hainbat lekutan egiteko aukera planteatu zen pentsatuz errazagoa zela jendea mobilizatzeko; erraztasunak eman nahi ziren Bartzelonaraino mugitu beharrean gertuago joateko aukera izateko. Polita izango da".

Horrela egitea erabaki aurretik, apiril edo maiatz inguruan, bestelako aukera bat izan zuten mahai gainean: Bruselan "zerbait erraldoia" egitea. "Pentsatu zen orain egongo ginela ia-ia Errepublikaren atarian, eta hori zen asmoa. Baina atentatua egon zen, eta gero Katalunian egondako tirabirekin, ikusi zen berriro egin behar zela indarra Katalunian, bat egin egin eta jendea han bildu".

Gure Esku Dago-rekin

Besteak beste, Gure Esku Dago-rekin elkarlanean ari da Euskal Herriko ANC —atzo, adibidez, erabakitzeko eskubideari buruzko hitzaldia antolatu zuten Bilbon—. "Ikusten dugu antzekoa dela, eta nahiko aktiboa. Gu gusturago sentitzen gara Gure Esku Dago-rekin zerbait planteatzen, alderdi politiko batekin baino. Gizarte zibileko mugimendu bat gara, eta hemen ere jendea denetik dago: ideologia ezberdinekoak, batzuk afiliatuak, besteak ez... ANC denean beste guztia utzi behar dugu, eta ANC gara; ez gara ez Junts Pel Si, ez CUP, ez beste ezer... Gure Esku Dago-ren filosofia ere ildo horretatik doa".

Euskal Herriko prozesua "poliki baina aurrera" doala ikusten du: "Kontsulta batzuk egin dira, eta badatoz gehiago. Ikusten da Euskal Herrian ere jendea hasi dela hitz egiten zein herri mota nahi dugun; garrantzitsua da guk erabakitzea hori". Hala ere, uste du "askoz gehiago" hitz egin beharko litzatekeela: "Ez gu bezala pentsatzen dutenekin bakarrik, baizik eta beste guztiekin. Hau denon artean egingo dugu, denok kontatzen dugu, baita oso ezberdin pentsatzen dutenek ere. Harekin hitz egin beharko dut, eta adostu zer egingo dugun".

Aurrean "bide luze bat" aurreikusten du, "gizartean dauden zauriak sendatzeko eta ondo josteko". Dena den, mugimendua gorpuzten doala nabari du: "Gero eta jende gehiagorengana iristen da mezu hori, etorkizuna guk erabaki behar dugula eta eskubidea dugula horretarako. Oso pentsaera ezberdineko jendea batzen ari da, gero eta gehiago ikusten dut taldeetan heterogeneotasun bat, eta hori da bilatu behar dena. Geratzen bagara gu bezala edo ia gu bezala pentsatzen dutenekin, ez goaz inora".

Herritarrak hitza hartzera doaz

Herritarrak hitza hartzera doaz

Eider Goenaga Lizaso Maite Alustiza

Iritsi zaie momentua. Igandean, erabakitzeko eskubidea gauzatuko dute Gipuzkoako 32 herritan. 09:00etatik 20:00etara, boto kutxak jarriko dituzte Goierriko 23 herritan, Debagoieneko zortzitan eta Azpeitian. Bi galdera izango dira. Goierrin, honako hau: "Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?". Eta Azpeitian eta Debagoienean: "Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?". 16 urtetik gorakoek izango dute bozkatzeko aukera; Goierrin 58.066 hautesle egongo dira, Debagoienean 54.533 —Aramaio barne—, eta Azpeitian 12.142. Emaitzak 22:00 baino lehen izatea aurreikusi dute.

Galdeketa aurreko egunetan, Ordizian, Azpeitian eta Arrasaten izan da HITZA, giroa ikusi eta herritarrekin hitz egiteko. Denetariko iritziak bildu ditu; baiezkoak eta ezezkoak: galdeketaren berri dutenak eta parte hartuko dutenak, dakitenak baina joango ez direnak; ezer ez dakitenak...

MIKEL ETXABE

Bergara, 1979

"Kexa asko izaten dugu askotan, baina egin? Ezer ere ez"

"Kuadrillan-eta hasieran ez genuen giro handirik, baina bi lagun hasi ginen pixka bat sartzen, animatu ginen hitzaldi batera eta ikusi genuen interesa zeukala. Hortik gehiago animatu ziren. Askotan kexa asko izaten dugu, baina egin? Ezer ere ez. Ez antolatu, ezta antolatzen dituzten gauzetan parte hartu ere. Ikusten duzu jendea esfortzu bat egiten ari dela, denontzako ona izango den zerbait, eta pena da hori ez aprobetxatzea. Behintzat parte hartzea; gero emaitza beste gauza bat da. Herri dinamiketan badabiltza gazteak, gaztetxean, kontzertuak antolatzen...Eta hau ere aukera izan daiteke gazte jendea inplikatzeko".

OLATZ AGIRRE

Azpeitia, 1991

"Herria mugitzeko eta dinamizatzeko balio izan du honek"

"Jende gehiena bezala, pixkanaka joan naiz sartzen kontu honetan. Iruditzen zait herriarentzako gauza oso ona izan dela. Ez bakarrik herri galdeketaren kontuagatik, baizik eta sortu den giroagatik; herria mugitzeko eta dinamizatzeko balio izan du. Gero eta jende gehiago joan da parte hartzen. Jendea animatuta ikusten dut. Galdeketa egiteak berak, erabakitzeko aukera emateak, ilusioa pizten du. Emaitza ez da hain inportantea, galdera egitea eta erabakitzeko aukera ematea, bai. Gustatuko litzaidake hau zabaltzen joatea, baina ez dakit... Logikoa denez, orain galdeketa egitera doazen herriak aukeratutakoak dira, eta Azpeitia ez da Euskal Herriko beste herriak bezala".

MARIA LUISA IRULEGI

Errezil, 1951

"Espainiatik gauza gutxi iritsiko zaigu, eta hauxe da guk geuk egitea"

"Barrutik jarraitu dut prozesu guztia, Hitzartu-n ibili naizelako lanean, eta aitortu behar dizut igandekoak beldur pixka bat ematen didala. Gazte jendea mugituko dela uste dut; baina nire adineko jendea ez dut animatuta ikusten. Azpeitian gauza pila bat egin dira jendea mugitzeko, baina hoztasuna sumatzen dut,batez ere nire adinekoen artean. Niri beldurtzeko moduko ilusioa egiten dit. Espainiatik ezer gutxi iritsiko zaigu, guk geuk egin behar dugu; eta hauxe da guk egitea, euskaldunok euskaldunontzat lan egitea. Azpeitikoak eredu izan beharko luke, beste herriei begira, eta mundu guztiak parte hartu beharko luke. Askotan eskatu dugu erabakitzeko eskubidea, eta orain daukagu aukera. Baina, jende ezberdina elkartzea lortu dugun arren, beldur naiz ez ote den betiko jendea bakarrik mugituko. Nahiago nuke bestela balitz. Uste dut jendea zain dagoela hemen zer gertatzen den, gero beste herrietara zabaltzeko".

ALBERTO GARMENDIA

Ordizia, 1963

"Kontsulta egitea eta herritarrei galdetzea den guztia ondo ikusten dut"

"Gaia jarraitu dudan arren, ez dut orain arteko ekintzetan parte hartu. Dena den, kontsulta egitea eta herritarrei galdetzea den guztia ondo ikusten dut. Giro aldetik, Goierriko inguru honetan gauzak mugitu direla iruditzen zait, eta pentsatzen dut jendeak parte hartuko duela. Galdetzearen ariketa den aldetik oso ona iruditzen zait, beharrezkoa da jendeak zer nahi duen jakitea, eta honek horretarako bidea ematen du".

PATXI BASTIDA

Azpeitia, 1955

"Dudarik ez dut egiten parte hartze handia izango dela Azpeitian"

"Ilusioz jarraitu dut urte honetako prozesua, eta ilusio handiarekin nago. Ilusioa beti. Nik sumatu dudanagatik, eta lagunei-eta entzundakoagatik, jendea esperantza handiarekin dagoela iruditzen zait. Nigandik hasita. Nik esperantza eta ilusioz begiratzen diot igandeko galdeketari. Giroa badagoela uste dut, eta ea honen atzetik zer etortzen den. Dudarik ez dut egiten parte hartze handia izango dela Azpeitian".

TXISKU MASID

Lazkao, 1964

"Galdeketa egitea bera lorpen bat da; jada irabazi dugu"

"Hasieratik parte hartu dut antolaketan: giza katea, gero estadioetakoa eta orain galdeketa. Prozesua oso polita eta aberatsa izan da; Ordizian jende ezberdin asko bildu gara. Aldi berean, azken urteak uste baino lan gehiago eman digu; burokratikoagoa da lana, eta gauzak ondo lotu behar dira. Bestetik, egin den lanari esker, sentsibilitate ezberdinak elkartzea lortu dela iruditzen zait, lehen sumatzen zen zatiketa haustea lortu dela nolabait, eta iritsi gara orain arte mugitu ez den jende batengana. Ez dakit nola aterako den, baina herrian egin den lan hori jada irabazi dugu. Asko kostatu da muga haustea eta elkarrekin lanean hastea, baina lortu dugu, eta eutsi egin behar zaio, baita ekainaren 5aren ondoren ere. Eta denak ez gaude ados, baina niretzat galdeketa egitea bera ere lorpen bat da; jada irabazi dugu. Galdera planteatu dugu, herritarrei galdetuko zaie, eta hor egongo da. Teoria hutsetik harago, praktikan jarri dugu, eta horrekin jada irabazi dugu. Gero, parte hartzea, ikusiko dugu...".

ANAJE RUIZ

Arrasate, 1953

"Eguneroko gauzen inguruan galdetzea gustatuko litzaidake"

"Badakit galdeketa egongo dela, baina ez dut gaia askorik jarraitu. Ez naiz bozkatzera joango; hala ere, herritarrei galdetzea den guztia oso ondo iruditzen zait. Gustatuko litzaidake eguneroko gauzen inguruan galdetuko baligute; politikari asko hauteskunde programan jartzen dutenarekin doaz aurrera, horretan babesten dira gero nahi duten guztia egiteko, eta ez naiz alderdi konkretu batez ari. Hondakinekin hemen daukagun kontuarekin, Epelekoarekin-eta, adibidez, gustatuko litzaidake galdetzea. Benetan galdetzea egunerokoan denei eragiten diguten gauzez, gauza erabilgarriez. Baina zaila ikusten dut; askok kontrakoa esaten duten arren, agintzen dutenen interesak herritarrenen gainetik daude askotan".

FILO PEREZ

Extremadura (Espainia)

"Galdetzea ona da; askotan eman dugu botoa alfer-alferrik"

"Nik hau normal-normal bizi izan dut. Galdetzea normala iruditzen zait. Galdetzea ona da, eta gero norberak erabakiko du zer boto eman, hori norberarena da. Baina uste dut herritarrei galdetu behar zaiela, herriak bere iritzia eman behar duela. Azpeitian piztu da giroa, eta jendea ari da gaiari buruz hizketan. Agian nahastuta egongo naiz, ikusiko dugu, baina jende askok parte hartuko duela iruditzen zait. Bestetik, Katalunian pareta batekin egin dute topo, eta agian guk ere pareta joko dugu, baina segi egin behar da aurrera. Galdeketarekin zer lortuko dugun, hori beste gauza bat da, baina jendeari galdetzea beti da ona. Iganderako ilusioa badut; askotan eman dugu botoa alfer-alferrik, eta honek behintzat balioko du jendeak zer nahi duen neurtzeko, honi buruz ez baitzaigu sekula galdetu".

ANDER GOÑI

Arrasate, 1997

"Inguruan ikusten dut askok ez dutela interesik jartzen"

"Inguruko gehienek badakite igandean galdeketa dagoela, baina ikusten dut askori ez zaiela inporta, ez dutela interesik jartzen horrelako gauzetan. Asko ez dira botoa ematera joango; hauteskundeetan ere, badaude lagunak bozkatzera joaten ez direnak. Niri garrantzitsua iruditzen zait; gero politikariez kexatzen gara... Aukera daukagun momentuetan iruditzen zaiguna esaten ez badugu, ez dugu nahi duguna lortuko. Egia esan ez dakit etorkizunean zer gertatuko den, noraino helduko den hau, baina jendeak erabaki ahal izatea gauza oso positiboa da".

MARTIN ARNAIZ

Arrasate, 1943

"Ez da disparate bat demokrazia batean herritarrek erabakitzea"

"Parte hartuko dut, hauengatik besterik ez bada —bilobari seinalatuz—. Guk ez dakit jada zerbait ikusiko dugun, baina inportantea da hau bizitzea, gogo hori edukitzea eta praktikan jartzea. Uste dut Goierrin lan oso inportantea egin dutela, Debagoienera ere iritsi da, eta aprobetxatu behar dugu. Etxean geratuta ez da ezer aldatuko; langileen borrokak ikusi ditugu, beraien eskubideak defendatzen, eta inportanteena dena, denok elkarrekin. Askotan ikusi da gauzak lor daitezkeela, baita parean dagoena handia izanda ere. Orain Espainiatik-eta traba asko jartzen dituzte, baina hemengoa hemen erabaki dezakegula uste dut. Ez dut uste disparate bat denik, demokrazia batean, herritarrek erabakitzea zer nahi duten. Hori edonork ulertzeko modukoa da".

ROSARIO ZEBERIO

Ordizia, 1943

"Guretzat, adineko pertsonentzat, kezkak beste batzuk dira"

"Egia esan kontu hau ez dut askorik jarraitu, baina entzun asko entzun da. Hala ere, ni ez naiz asko ibiltzen herrian. Ez daukat parte hartzeko asmorik. Ez, ez, ez, nik ez dut saltsa horretan sartu nahi. Nahiago dut beste lan batzutan aritu, politika kontuetan ez dut sartu nahi. Nazkatuta nago, entzutearekin bakarrik nazkatu egiten zara, beti jira eta buelta kontu bera dabilelako; eta soluziorik ez da bilatzen, eta hori da txarra. Esango bazenuke honek soluzio bat ekarriko duela, segituko nioke, baina ez diot soluziorik bilatzen. Eta guretzat, adineko pertsonentzat, kezkak beste batzuk dira".

AITOR ELUSTONDO

Azpeitia, 1979

"Bada garaia erabakitzeko eskubidea izan dezagun"

"Aurretik hainbatetan eskatutakoa egingo dugu, eta ikusi da herriak baduela interesa. Eskubide bat aldarrikatuko dugu, bada garaia erabakitzeko eskubidea izan dezagun. Espero dezagun hau lehen pausoa izatea. Izan ere, nonbaitetik hasi behar da, zer edo zer egin beharra dago; guk sinistu eta egin behar dugu. Eta guk sinesteko, ondo dago erakustea herritarrek zer nahi duten. Nik uste dut jendeak baduela parte hartzeko gogoa. Nola esango diogu ezetz horrelako aukera bati? Lan handia egin da Azpeitian, jende asko mugitu da, mugimendu zabala izan da".

LURDES ZUBIA

Arrasate, 1969

"Politikari askoren jarrera ikusita, nahiko ezkorra naiz"

"Erabakitzeko eskubidearen alde nago, eta inguruan ikusten dut ilusioa badagoela. Ni ez naiz askorik inplikatu, baina botoa ematera joango naiz. Hilabete honetan bi boto ematea tokatuko zaigu... gauza oso ezberdinetarako, baina bietara joango naiz. Aukera gutxi egoten dira, eta dagoenetan ez bagoaz... Hala ere, politikari askoren jarrera ikusita, nahiko ezkorra naiz. Baina egia da beraiek agintzen digutena egitera mugatzen bagara berdin jarraituko dugula".

ANDER ITURBE

Azpeitia, 1959

"Ez nago hemen erroldatuta; beraz, ez dut interes handirik jarri"

"Ez dut gai hau askorik jarraitu, baina entzun dut zerbait, eta ikusi ditut ikurrinak-eta balkoian. Kontua da, hemengoa izan arren, ez nagoela Azpeitian erroldatuta, eta ezin dut botoa eman; horregatik, agian, ez dut askorik jarraitu gaia, ez dut interes handirik jarri. Bestalde, ni politika kontuekin hain nazkatuta nago, bai herri mailan eta bai estatu mailan... desilusionatuta nago erabat. Aukera edukiko banu, bai, emango nuke botoa. Baina, orain dagoen egoerarekin, azken momentura arte ez nuke jakingo ze boto eman".

ROS INSAUSTIONDA

Lazkao

"Sentsazio onak ditut; iruditzen zait behar zela horrelako zerbait"

"Kanpotik baina interesarekin jarraitu dut prozesua, eta baita aurretik egin diren gauzak ere. Igandeari begira sentsazio onak ditut; iruditzen zait behar zela horrelako gauza bat. Nik uste dut herritarrok badugula gogoa gure esku dagoena egiteko, eta hau oso gauza positiboa da. Eta ikusi dena da sentsibilitate ezberdinak mugitu direla, eta iruditzen zait elkarrekin lan egiteko ordua iritsi dela. Azkenean, inor ez da etorriko guri galdetzera, eta guk egin beharko dugu pauso hori. Espero dut, bai Lazkaon eta bai Goierri osoan, parte hartze txukuna izatea, eta ea Goierri beste eskualde batzuen eredu bihurtzen den".

JOKIN ETXEBESTE

Arrasate, 1987

"Galdeketa antolatzeak berak ekarri du aldaketa bat"

"Joango naiz botoa ematera, noski. Ikusten dut geldirik gaudela, edo bestela gauzak okerrera doazela. Aldaketa bat behar dugu, eta uste dut galdeketa antolatzeak berak ekarri duela aldaketa bat, jendea mugitzeko gogoz zegoela. Hemen, eskualde oso bat inplikatu da kristoren ekintza pila antolatuz. Espero dut jendeak parte hartzea, emaitza baino garrantzitsuagoa izango da igual. Gogoratzen dut giza katea izan zenean Kataluniarekin konparatzen genuela, eta ni behintzat ez nintzen oso baikorra, ez nuen uste erantzun hori izango zuenik. Orain, pauso gehiago eman ditugu, eta herri askotan eman ahal izango dugu botoa. Uste dut, gainera, gure ondoren gehiago animatuko direla".

LEIRE VIANA

Ordizia, 1980

"Herrian egin diren ekitaldietan lortu da jendea mugitzea"

"Antolatu diren zenbait ekintzatan parte hartu dut, antolaketan ibili ez arren. Nik uste dut herrian egin diren ekitaldietan lortu dela jendea mugitzea. Eta galdera egitea bera oso ondo iruditzen zait, inportantea da herritarrei zer nahi duten galdetzea. Ez dakidana da nolako parte hartzea izango den; ez daukat pertzepzio argi bat. Niri agian ez zait iruditzen ezer berezia sumatzen denik, baina nire pertzepzioa da. Hala ere, espero dut parte hartze handia izango dela".

JON GURRUTXAGA

Azpeitia, 1996

"Hainbeste eskatu ondoren, herritarroi galdetu egingo zaigu"

"Herria nahiko aktibo dagoela esango nuke. Lan handia egin dute Hitzartu-koek, eta uste dut asmatu dutela herrira iristen. Mugimendu honetan, bai Azpeitian eta bai Euskal Herrian, gazteak bezala jende heldua ere mugitu da, oso mugimendu zabala izan da, eta jende askorengana iristea lortu dute; beste mugimendu politiko batzuek lortu ez dutena.

Nik ilusioa badut, eta uste dut hori dela pertzepzio orokorra. Hainbeste urtetan eskatu ondoren, herritarroi galdetu egingo zaigu. Guk hitza emango dugu, eta ez dakit zeinek hartuko duen, nahi duenak hartuko du, eta nahi ez duenak ez, baina hemen egin beharko ditugu gauzak, garbi baitago ez Madrildik eta ez Paristik ez digutela galdetuko".

MAITE MENDIOLA

Bergara, 1979

"Gauzak ez dira egun batetik bestera aldatuko"

"Nik uste dut askok irudikatu dugula nolako etorkizuna nahiko genukeen. Askorentzat urrutiko gauza bat da edo zerbait ezinezkoa, baina pixkanaka bakarrik heldu gaitezke horretara. Gauzak ez dira egun batetik bestera aldatuko; ikusten ari gara Katalunian, han dagoen indarrarekin ere, ez dela bide erraza. Dinamika politak ateratzen ari dira herrian; galdeketaren inguruan egin diren ekintzez eta hitzaldiez gain, Kilometroen antolaketan-eta ere mugimendua dabil. Gazteena garrantzitsua iruditzen zait. Beraiek izan behar dute interesik handiena, beraien esku baitago datorkien guztia erabakitzea".