Eider Goenaga Lizaso
Inoiz ez da berandu. Beti da garaiz ikasten jarraitzeko, eta ideia horri eusten diote Helduen Hezkuntza Etengabeko (HHE) zentroek euren egunerokoan. Askotarikoa da, ordea, bertaratzen diren ikasleen jatorria, adina eta, batez ere, motibazioa. Bere garaian ikasteko aukerarik izan ez zuten adineko pertsonak, lanean oso gazte hasi eta ikasketak utzi behar izan zituztenak, gogo edo motibazio faltagatik nerabezaroan derrigorrezko hezkuntza bukatu ez zuten ikasle gazteagoak, lanerako edo oposizioetara aurkezteko DBHko titulazioa behar duten adin ertainekoak, titulazioa eskuratu ostean ikasten jarraitu nahi dutenak, gaztelera ikasten ari diren atzerritarrak... 2014-2015eko ikasturtean, Gipuzkoan, 8.304 ikasle aritu ziren Helduen Hezkuntzan.