gipuzkoa

Zenbakia: 880. Itxaron zerrendan daudenak

ITXARON ZERRENDAN DAUDENAKGipuzkoan egoitza batean sartzeko zain dauden adineko guztietatik 292k (%33) ez dute inolako zerbitzu edo laguntzarik jasotzen; 588 (%67) lagunek, aldiz, bai. Horietatik 160 eguneko zentroetan daude.Zentro pribatuetan. Le...

Handitzearen kontra, ingurunea babesteko

Handitzearen kontra, ingurunea babesteko

Maite Alustiza

Gomistegi harrobia handitzeko proiektua abian da. Oñatin, Arantzazura daraman errepidearen inguruetan kokatzen da: bost bat hektarea ditu egun, eta handitzeak bikoiztea ekarriko luke. Udala proiektuaren kontra dago, eta alegazioa jarria dio harrobiaren ingurumen eraginaren azterketari. Mikel Biain alkateak azaldu duenez, "orokorkerietan" oinarritzen da azterketa hori, "suposizioetan", eta ez da propio bertarako egina. Hori horrela, handitzeko eskaera bertan behera utz dezala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

VII. Mikologika: egitaraua

Gaur, urriak 21Elkarteen arteko pintxo lehiaketa. Zerkausian, 18:00etan.Txanpi On Fest. Berdura plazan, 18:30etik 23:30era.Bihar, urriak 22Azoka. Mikologika Azoka Trianguloan, 12:00etatik aurrera. Tolosaldeko eta Goierriko hainbat jatetxetako sukalda...

Sortu bezala, desagertu

Sortu bezala, desagertu

Rebeka Calvo

Kasino elkarteak duela zazpi urte erabaki zuen garai bateko Aste Mikologikoa berreskuratzea, eta ordutik ez du huts egin. Urriro mikologia herritarrengana gerturatzeko ekitaldiak antolatu ditu. Urtez urte ekitaldi berriren bat erantsi diote egitarauari, eta, aurtengoan, gazteekin du zerikusia; izan ere, Mikologika gaztetu beharraz ohartuta, horiei begira Txanpi On Fest egingo dute. Garai honetan loratzen diren txanpiñoiei ongietorria egiteko festa izatea da asmoa, eta gaur bertan izango da, Berdura plazan, 18:30etik aurrera.

Mikologika antolatzen hasi zirenean sartu zen Juan Urretabizkaia Kasino elkartean. Mikologiari eskainitako festa antolatzen ibili da urte hauetan, eta aurten bereziki Txanpi On Fest prestatzeko lanetan ibili da buru-belarri. Ekitaldiaren helburua gazteak erakartzea dela esan du. "Nik neuk lekuz kanpo ikusten nuen neure burua. Ikusten nuen Mikologikak ez zuela ezer eskaintzen gure adinekoentzat. Txuletaren Festan gazteentzako Zizka-Mizka Koxka gunea jarri zen, Bixigu Azokan Zizka-Mizka Boga... eta, horien harira, guk ere gure festan gazteak parte egingo zituen zerbait egin nahi genuen".

Pentsatu, eta egin. Buruari eragin eta gero, Europako hainbat hiriburutan egiten diren moduko ekitaldiren bat egitea erabaki zuten. "Ohiko festa bat izan beharrean, barra bat jarri eta pintxo batzuk eskainiz, esaterako, beste zerbait eskainiko duen gunea izatea nahi dugu. Erabaki ausartagoa da, lan handia eskatzen du... Sortuko dugun espaziora joaten denak beste leku batean dagoela sentitzea nahi dugu. Horretarako, Pop Up espazio bat planteatu dugu; hau da, aldaeraz eta izatez aldatzen den espazio bat sortuko dugu; ekintza zehatz baterako aldatzen den espazioa da, eta epe muga bat dauka".

Berdura plazan kokatuko dute espazio berri hori, Alde Zaharraren bihotzean, Kale Nagusiaren ondoan. Hain zuzen, duela urte batzuk "gaztetu" den kalea da, eta, orain, Artekale izenez ere ezagutzen dute herritarrek. "Kale Nagusiak duen indarrarengatik aukeratu dugu Berdura plaza; gunea Alde Zaharrean nahi genuen, argi eta garbi. Kale Nagusia, Artekalea, gaztetu den kale bat da, eta, guk ere Mikologika gaztetu nahi dugunez, plaza egokia dela ikusi dugu. Lotura ona dauka, eta justu Berdura plazak Kale Nagusira ematen du. Sortuko dugun gunea plaza bat, elkargune bat izatea nahi dugu, eta, bide batez, Artekaleari ez duen plaza eskainiko diogu. Guneak, gainera, artearekin izango du zerikusia, urbanoarekin, koloreekin...". Gaur arratsaldean Berdura plazara joaten direnek, hortaz, espazio desberdin batekin egingo dute topo: "Plaza koloretsu bat aurkituko dute, eta gure nahia espazioa jendeak betetzea da; gazteek emango diote nortasuna plazari".

Giro "informal eta gaztea" osatuko dute, beraz, Alde Zaharraren erdi-erdian, eta gazteek espazioari ematen dioten nortasuna ikusteko badago ere, lagungarriak izango dituzte. Hiru food truck egongo dira —janari zein edaria kalean saltzen dituzten furgonetak—. Batean, Astoria 7ko bi koktelgile egongo dira; beste batean, zerbeza kuboak salduko dituzte bost euroan, beste hainbat edarirekin batera; eta, azkenik, jatekoa egongo da: krepe gozo eta gaziak egongo dira aukeran. Gaziak shiitake eta txanpiñoiez beteko dituzte.

Musika ere egongo da. Kute DJ tolosarrak lagunduko du txanpiñoiei ongietorria emateko festa girotzen. VII. Mikologika joan den asteartean hasi zen, eta bihar amaituko da. Gaur, Txanpi On Fest ekitaldiaz gain, elkarteen arteko pintxo lehiaketa egingo dute Zerkausian. Bihar, Mikologika Azoka egongo da Trianguloan, eta baita amaierako afaria ere. Mikologika Azokan Tolosaldeko zein Goierriko hainbat jatetxetako sukaldariek parte hartzen dute. Perretxikoekin pintxoak egiten dituzte, eta euro baten truke dasta daitezke. Aurtengo beste berrikuntzetako batek pintxo horiekin du zerikusia: "Pintxoak dastatzeko txartela erosten dutenek bi zati dituela ikusiko dute. Zati batekin pintxoa ordainduko dute, eta bestearekin zozketa batean parte hartuko dute. Datuak jarri, kutxa batean sartu, eta, irabaziz gero, mikologia otar bat eskuratu ahal izango dute".

Urretabizkaiak, Txanpi On Fest-en antolakuntzan ez ezik, bestelako ekitaldien antolakuntzan ere parte hartu du zazpi urte hauetan, eta txertatutako berrikuntzez ere hitz egin du. "Dena joan da bere garrantzia eta lekua hartzen. Urtero berrikuntzaren bat sartu nahi izan dugu, eta, funtzionatu dutenez, geratu egin dira; hala, geroz eta egitarau osatu eta luzeagoa egin dugu. Udalaren laguntza ere nabarmena izan da. Azokaren maila hartzen ari den festa bat dela ikusi baitu".

“Identitateari eutsiz proiektu berritzaile bat garatu dugu denon artean”

M. Alustiza

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (Huhezi) 40 urte egin ditu. Eskoriatzan, asteartean hasi ziren urteurreneko ekitaldiekin. Begoña Pedrosa dekanoak (Areatza, Bizkaia, 1975) azaldu duenez, 40 urtez "eragiten" aritu dira, eta "gutxienez beste 40 urtez" horretan jarraituko dute.

1976an, euskarazko irakaskuntzan aitzindari izan zen Eskoriatzako irakasle eskola. Nola suertatu zen martxan jartzeko ideia?

Momentu hartan zegoen behar bati erantzuteko pertsona batzuen artean sortutako proiektua izan zen. Egoera politiko eta soziala nahiko berezia zen, delikatua, eta helburua izan zen proiektu berritzaile bat abiatzea, orduan ere berritzailea zena, eta eragitea. Gizartean zegoen behar bati erantzutea zen asmoa, eta gaur egun ere jarraitzen dugu hori egiten; gure proiektuaren ardatza ez da bakarrik hezitzailea, ordutik hona bilakaera izan baitugu. 7.000 profesional inguru formatu ditugu, eta horietatik 5.000 irakaskuntzan aritzen dira.

Hogei urte geroago, irakasle eskola Mondragon Unibertsitateko fakultate bihurtu zen. Zer ekarri zuen horrek?

Horrek eman zigun beste ikusgaitasun bat gizartean, beste mugarri bat izan zen. Gure proiektuaren identitatea mantenduz proiektu komun bat egin genuen.

Hezkuntzatik beste esparru batzuetara salto egitea ere ekarri zuen, ezta?

Gaur egun eskaintza daukagu hezkuntzan, komunikazioan, kooperatibismoan, kulturgintzan... Gure proiektuari eutsi diogu, gure sustraiak indarberritu ditugu; identitateari eutsiz proiektu berritzaile bat garatu dugu denon artean.

Graduetan ez ezik, masterretan ere eskaintza zabala osatu duzue.

Egun, 1.100 ikasle inguru formatzen ditugu. Gure aktibitatea ez da bakarrik mugatzen gradu presentzialetara edo masterretara; gure aktibitatearen barruan sartzen da on line eskaintza zabala. Bere momentuan aitzindariak izan ginen euskarazko on line eskaintzarekin, Psikopedagogia lizentzia atera genuenean. Bide bat egin dugu on line eremuan: egun, hiru master ofizial dauzkagu, eleaniztunak —euskaraz, gazteleraz eta ingelesez—, eta badauzkagu hezkuntzan graduak ere euskaraz. Gure proiektuaren beste ikurretako bat da on line eskaintza, eredu pedagogiko berritzaile batekin.

Datozen urteei begira, zeintzuk dira Huheziren erronkak?

Berrikuntzan jarraitzea. Oraintxe garatu dugu gure plan estrategiko berria, 2020ra artekoa, eta jarraitzen dugu gure eskaintza guztietan berrikuntza egiten. Adibidez, aurreko ikasturtean berritu genuen gure ikus-entzunezko gradua, erronketan oinarritzen den metodologia berritzaile batekin. Hor pasatzen gara ohiko ikasgaietatik konpetentzietan eta ikaste emaitzetan oinarritzen den eredu batera. Gaur egun, profesional munduan aldarrikatzen den profilera hurbiltzen den prestakuntza integrala da.

Balioetan ere indar handia jartzen dugu. Proiektu oso polita daukagu. Hezkuntzako gure eskaintza guztietan eta komunikazioko guztietan daukagun erronka da beste ezagutza arlo batzuk integratzea; adibidez, kooperatibismoaren inguruan daukagun ezagutza. Proiektu interdiziplinar bat izatea. Pentsatzen dugu gure ikasleek eta profesionalek beste modu bateko prestakuntza bat jaso behar dutela, bereizgarria dena. Bai presentzialean, bai on line-an, bereizgarritasuna da pertsonei aukera ematea bizi proiektu bat eraikitzeko gure artean dauden bitartean. Gauza horiek eskaintzea euren garapen profesionala eta pertsonala bermatzeko. Hori da unibertsitatearen bereizgarririk nabarmenetako bat.

Hasi zarete 40. urteurreneko ekitaldiekin. Zer dakar egitarauak?

Berez, irakasle eskola 1976ko martxoan hasi zen, eta pentsatu genuen hori aitzakia moduan hartuta ospakizunak udaberrira pasatzea. Maiatzean hori konpartituko dugu gizartearekin eta gure komunitate osoarekin: irakasleekin, ikasleekin, hemendik pasatu diren profesionalekin... Ekarriko ditugu mahai inguru batera kulturgintzan eta euskara munduan erreferenteak diren hainbat eragile, punta-puntako nazioarteko figuraren bat... Betiere, gure proiektuak gizarteari egiten dion ekarpena indartzeko.

Futbolaren albo-kalteak

Leire Narbaiza

Aitorpen bat egin behar dizuet: gaztetan oso futbolzalea izan nintzen. Oso! Igandero joaten nintzen Ipuruara Eibar ikustera. Ederki pasatzen genuen, eta gustura ibili nintzen. Gero ez dakit zer gertatu zitzaidan, baina poliki-poliki joateari laga nion; bizitzaren beste arlo batzuetan murgildu nintzen. Eta jakin barik zelan, gorrotatzen amaitu nuen; erretzaile amorratuak tabakoa lagatzen duenean bezala, gero ezin duela usaindu ere egin zigarroaren kea, eta tabakoaren aurkako zorrotzena bihurtu. Pasio zuena, gorroto bilakatuta. Tabakoaren lekuan jarri futbola, eta hori izan zen pasatu zitzaidana. Ez dakit nola. Askotan hausnartu dut zer dela-eta izan nuen aldaketa hura. Ez dut emaitza garbirik aurkitu. Baina esan nezake dena hasi zela kontratu handi eta diru askokoak egiteari ekin ziotenean, Reala euskal herritarrak ez zirenak kontratatzen hasi zenean. Gugandik urrundu zenean astiro-astiro, berba baten. Hor hasi zen nire ziaboga, aldaketa osoa.

Egia esatera, gogo-hoztasun horrek oinarri sendoa zuen. Orduan konturatu ez banintzen ere, hemendik, denboraren distantziak ematen duen perspektibarekin, berrets nezake motibo askotxo neuzkala. Orain argi eta garbi ikusten ditut.

Futbola ez da alferrik herriaren opioa. Hala erabiltzen dute gobernuek. Bestela, nola azaldu partidu zaparrada etengabea? Zelan ulertu astean zazpi egunetan jokatzen dutela futbolariek, ia edozein ordutan, astelehen buruzuri bateko gaueko hamarretan, adibidez? Bai, telebista pribatuak, Txinako zaleak... esadazue gura duzuena, baina atertu gabeko eraso horrek planifikatua dirudi.

Bestetik, aitatu behar dut futbolak eta bere inguruan mugitzen den parafernalia horrek zein errespetu gutxi duen beste kolektiboekiko. Eibarren ondotxo dakigu hori! Egon zintezke urte osoan dantza taldearen emanaldia prestatzen egun zehatz batean herriko plazan jende guztiaren aurrean aurkezteko, baina futbol taldea beste dibisio batera igotzear dagoenez eta hori ospatu behar denez, dantza taldeak aldatu behar du eguna, astebeteko epean! Gero, gainera, ez igotzeko eta ospakizuna (eta dantza emanaldia) bertan behera lagatzeko!

Jarraitu nahi nuke Gipuzkoa-Bizkaiaren arteko ikusezinaz. Gauza asko daude horren atzean —batez ere egunkari talde ezagun bat, gorrotoa hauspotzea komeni zaiolako—. Futbolak sustatu egiten ditu ezinikusi horiek, askorendako identitate ikur bakarra futbol ekipoa delako. Esperientziaz diotsuet: ia beti Bizkaian lan egin duen gipuzkoarra izanik, sarriegitan esan didate "aaaa, Reala, uuu!". Nik aurpegian egin diet barre, jakina! Baina latzena futbolarien ukiezintasuna da. Messirekin gertatu da. Espainiako Estatuan bizi garen guztioi dirutza lapurtu digu —zergarik ez ordaintzea lapurtzea delako—, baina segitzen du normal-normal inongo lotsa barik jokatzen. Gainera, jendearen babesa du! Itzela.

Itzeletan itzelena, baina, Luna eta Enrich Eibarko jokalariena da. Imanol Epeldek bere blogean dioen legez, irakasleak balira aspaldian egongo lirateke kalean, lan barik eta beste inon lanean hasteko aukerarik gabe. Baina, futbolariak direnez, ez da ezer gertatzen. Edo Abasoloren moduan, indultatuta libre, sexu erasoengatik zigortua izan bazen ere.

Horiek dira gure umeen idoloak, eredu dituztenak. Gero hileta jotzen ibiliko gara belaunaldi gazteek ez dituztelako espektatibak betetzen!

[Museora] Eureka. Zientzia ez dadin mamu beltz bat izan

[Museora] Eureka. Zientzia ez dadin mamu beltz bat izan

Eider Goenaga Lizaso

Eureka!", oihukatu zuen Isaac Newtonek, sagarra buru gainera erori zitzaionean. Grabitazio Unibertsalaren Legearen aita izan zen Newton, matematikaria, fisikaria, kimikaria, asmatzailea...; fisikaren eta zientziaren munduan, oro har, iraultza ekarri zuena. Baina, askorentzat, mamu beltz bat dira zientziak, eta mamu hori desagerraraztea eta modu ulergarri eta erakargarrian herritarrei zientzia hurbiltzea da Donostiako Eureka museoaren helburua.

“Ez dakigu nerabeak sare sozialetan non edo zertan dabiltzan”

“Ez dakigu nerabeak sare sozialetan non edo zertan dabiltzan”

Iñigo Terradillos

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko IKT informazioaren eta komunikazioaren teknologien sustatzailea da Iñigo Balerdi. Hezitzaile lana teknologiarekin uztartuz, garai berrietako eskola jazarpenaren inguruan ari da, azkenaldian: ziberbullying-aren inguruan. Ikasleekin prebentzioa bereziki lantzearekin batera, sare sozialen erabileran gurasoak hezteko beharraz ere ohartarazi du.

Zer da ziberbullying-a?

Internet bitartez egindako jazarpena da, oro har: posta elektronikoan, mezuetan, jokoetan eta, nola ez, sare sozialetan. Lehengo bullying-a da, baina IKTak erabiliz. Gaur egun, adibidez, jazarpentzat hartzen da pertsona batek baimendu gabeko argazki bat sarera igotzea eta etiketatzea. Halaber, nortasuna faltsutzea ere ziber-jazarpentzat jo daiteke: beste pertsona baten izena erabiliz, Interneten gezurrak edo zurrumurruak zabaltzea. Jazartzeko nahiko modu berria da, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak martxan jarria du ziber-jazarpenari erantzuteko protokolo bat, eta horrek esan nahi du kasuak gora doazela.

Sei ikasletik batek, behintzat, jasaten omen du.

Bai. Gauza bat da zenbat salaketa jartzen diren, eta beste gauza bat zenbat kasu dauden. Estatistikek diotenaren arabera, seitik batek jasaten du ziberbullying-a. Noski, ziberbullying-ean hainbat maila daude, eta, adibidez, nortasuna faltsutzeak edo sare sozialetan gezur bat zabaltzeak ez dute larritasun bera. Pentsatzen dut salaketa jartzera iristen diren biktimak kasu larrienetakoak izango direla.

Zirikatzea, baztertzea eta manipulatzea irizpidetzat darabiltza Jaurlaritzaren protokoloak, mailak zehazterakoan.

Bai, eta, horren arabera, irakasle batek jazarpen zantzuren bat ikusten badu, martxan jarri behar du protokoloa. Mailaren arabera, bi aukera daude: txostena ikuskaritzara bidaltzea edo arazoa ikastetxean bertan konpontzea. Alde horretatik, ikasleek nahikoa babes badutela iruditzen zait, protokoloa susmorik txikienarekin martxan jarri behar delako. Baina nola jakin ziberbullying hori gertatzen ari dela? Eta nola jakin zein den jazarpena egiten ari dena? Hori da zailena.

Oso ezkutukoa izan daiteke.

Bai. Gainera, kontuan izan behar da badela belaunaldi arteko jauzi bat. Ziberbullying-a adin bertsuko jendearen artean gertatzen da, eta guraso nahiz irakasleek askotan ez dute ezer jakiten: ez dakigu nerabeak sare sozialetan non edo zertan dabiltzan ere; ez dakigu etiketatzea zer den; ez dugu Instagram ezagutzen... Gazteak lasai-lasai dabiltza, baina badira neurriak. Adibidez, Internetera konekta daitezkeen gailuak gelan erabili behar dituztenean, atea ixteko debekua ezartzea, mundura zabalik dagoen leiho hori beren esku utzi gabe. Hori zertxobait kontrolatzea komenigarria da.

Jazarlea atzemateko ala biktima zein izan daitekeen ikusteko?

Ziberbullying-a jasaten ari den pertsona bati nabaritzen zaio jarreran aldaketa bat, ordenagailua erabiltzerakoan: urduriago edo tristeago egoten da. Normalean, ohiko bullying-a jasaten dutenek ziberbullying-a ere jasaten dute gaur egun, eta hori ere adierazle bat izan daiteke. Adi egon behar da, eta ondo legoke gurasoek, noizean behin, seme-alabekin gai horiez hitz egitea. Baina ez da erraza.

Gurasoek teknologia berriez ikastea ere komeni da?

Bai. Ondo dago gazteak beren gisara sakelakoekin-eta Interneten ibiltzea, baina, era berean, gurasoek ere eskubidea dute seme-alabek sarean egiten dutenaren zati bat ezagutzeko. Horretarako, gurasoek egokitu egin behar dute teknologia berrien erritmora.

Salaketa jartzen duten biktimen %6 urritasunen bat duten pertsonak dira, beste %6 arrazismoarekin lotutako kasuak, eta %14 eraso sexista edo homofoboak. Datuak bat datoz errealitatearekin?

Gizartean errotuta dagoen zerbait da, eta, azken finean, beti ahulenari eragiten dion zerbait da, izan bullying-a edo izan ziberbullying-a. "Nire segurtasun faltari eta nire autoestimu faltari aurre egiteko, besteak hondoratuko ditut", hori da irizpidea. Baina, egia esan, gure ikastetxean ez dugu halakorik izan.

Prebentzioan sakontzen duzue gehien, ezta?

Bai. Uste dut indarrik handiena hor egin behar dela, horrek duela garrantzia. Ziber-jazarpena saihesteko eta salatzeko jarduera digital bat sortu dugu Tknika-n, eta lan ildo horretan dago etiketa arauen inguruko esparru bat. Ariketa batean, adibidez, rol-joko bidez hainbat paper esleitzen dizkiegu ikasleei: erasotzailea, erasotzaileak akuilatzen dituztenak, erasotzaileen laguntzaileak, biktimak, biktimaren defendatzaileak eta, azkenik, ikusleak. Behin jokabideak banatuta, sare sozialetan beren rolaren arabera jokatzeko eskatzen diegu, eta, amaieran, ikasle bakoitzak rol horretan sentitu duena azaldu behar izaten du. Helburua argia da: enpatia sortzea eta sentsibilizatzea.

Fruiturik ematen al du?

Ondorio moduan, sare sozialetan jarraitu beharko liratekeen arauak zerrendatzen ditugu. Beste pertsona baten argazki bat igo baino lehen baimena eskatzea izan liteke arau bat. Halaber, Instagramera argazki bat igo eta beste pertsona bat etiketatzerakoan, etiketa hori iraintzeko edo min emateko ez erabiltzea ere araua da. Bide beretik, helarazten diegu ez dela ezer gertatzen pertsona baten lagun eskaerari ezezkoa emateagatik; horrekin kezka izaten dute. Eskaera guztiak onartzeko joera oso orokorra da, baina ezetz esatea ere garrantzitsua da.

Posible al da konturatu gabe ziberbullying-a egiten aritzea?

Bai, noski. Askotan, etiketa arau horiek irakurtzen ditugunean konturatzen gara akaso inoiz halako zerbait egin izan dugula, batez ere, argazkien kontuarekin. Irudi eskubidea zaintzeko kontzientzia hori oso berria da, eta pixkana-pixkana aurrerapausoak ematen ari garela uste dut.

Gurasorik joan izan zaizue informazio eske edo kezkatuta?

Nik dakidala ez. Eta, egia esan, ziber jazarpena salatu eta saihesteko ariketa hori, ikasleekin ez ezik, gurasoekin ere abian jarri beharko genuke, batez ere kontura daitezen jazarpen hori badela, existitzen dela. Izan ere, batzuetan beste jazarpen mota batzuen gainean jartzen dugu begirada, eta ez dugu pentsatzen halako jazarpenik badenik ere. Ni neu guraso eskolara joaten naiz, eta joera handia dugu adimen emozionala, arazoen ebazpenak eta komunikazioa lantzeko. Aldiz, gutxiago lan egiten dugu ziberbullying-aren eta antzeko gaien inguruan, teknologia berriak ezagutzea eskatzen baitu. Baina, tresna ezagutu gabe, nekez jakingo dugu seme-alabak non eta zertan dabiltzan.