gipuzkoa

Bizikidetzara iristeko zubiak

Bizikidetzara iristeko zubiak

Urko Etxebeste
Zubiak erabiltzeko dira. Lehenik eraiki, gero erabiltzeko. Errenteriako Orereta ikastolak bizikidetzaren gaia lantzeko iniziatiba hartu du, hainbat adarretatik zubiak eraikiz: ikastetxearen barruan, herrian, Ipar Euskal Herriko ikastolek...

Errenteria, elkarbizitza eta bake eredu

Orereta ikastolak elkarbizitzaren gainean egindako gogoeta testuinguru orokorrago batean jarri behar da. Errenteria 2013tik ari da herrian izan diren giza eskubideen urraketen gaineko gogoeta partekatua egiten, aitortzan, errespetuan eta memoria guztiak aintzat hartu eta bizikidetzan aurrera egiteko baliagarria izango den eredua lantzen. Hala, Errenteriako eragile nagusietakoa den heinean, Orereta ikastolak bide horrekin bat egin nahi du.

Herrian bakegintzan egin diren urratsik handienen artean daude 2013ko hasierako Eraikiz zinema zikloa eta 2015eko azaroan aurkeztutako Memoria partekatu baterantz dokumentua —motibazio politikoko indarkeria kasuak jasotzen ditu azken horrek—.

Erretiroa ere, prestaturik

Erretiroa ere, prestaturik

Myriam Aranburu

Hirurogei urteko muga pasatu, eta erretiratu berriak dira Rosario Urdangarin (Ataun, 1954), Joxe Angel Zinkunegi (Bidania, 1955) eta Joxepi Urdangarin (Idiazabal, 1955). Argi dute beren bizitzako beste fase batean murgiltzen ari direla, ezagutzen. Etapa berri hori prestatzen lagundu nahi du Goieki Goierriko Garapen Agentziak, eta erretiroa prestatzeko bost saio egin dituzte bi astean —hasieran lau izan behar zuten—. Enpresa munduan lan egin eta erretiroa hartu duten hamazazpi lagunek hartu dute parte. Goierri Eskolaren eta Orkli enpresaren laguntzarekin antolatu dituzte saio horiek.

"Zer egin dezaket hainbeste denbora librerekin? Ez ote naiz aspertuko?", galdetzen diote oraindik ere askotan euren buruari. Bizitzako hainbat pauso emateko edo hainbat fase berriri aurre egiteko, prestatu egiten da gizakia. Are gehiago, laguntza eta prestakuntza ere jasotzen ditu. Erretiroa hartzeko orduan, ordea, ez dira asko formazioa jasotzen dutenak.

Biztanleriaren bizi itxaropena handitzen ari da, eta geroz eta adineko gehiago daude. Eustat Euskal Estatistika Erakundearen 2015eko datuen arabera, %20,6 ziren 65 urtetik gorakoak Gipuzkoan. Horietatik ia %80k, gainera, ez dute dependentziarik, eta euren kabuz ondo moldatzen dira. "Urte asko ditugu aurretik, ostertz zabal bat", agertu du Joxepi Urdangarinek. "Hogei bat urte biziko dira gure adineko asko eta asko". Eta ez, ez daude ados erretiratuen topikoarekin. Paseatu eta kartetan jolasteaz gain beste gauza asko egiten dituztela agerian utzi nahi dute. Honela dio Urdangarinek: "Oraindik ere asko dugu eskaintzeko".

Etapa berrira egokitzen

Erretiroari dagokionez "hasiberriak" direla azaldu du ataundarrak. Antolakuntza beharrezkoa ikusten du fase berri horri gogoz heltzeko, eta denbora libre hori betetzeko elementuak sartu behar direla uste du: "Antolatuz joan behar dugu, gure denbora planifikatuz". Bat egin du Zinkunegik: "Bizitzako etapa guztiak antolatuak ditugu: gazte izateari utzi eta heldu bihurtu, etxebizitza, familia...". Horregatik uste du erretiroa hartzea beste etapa bat dela, eta ez du duda egiten: "Erretiratu hitzak ez luke existitu behar; etapa bat da, besterik ez".

Bost saio egin dituzte Goierriko Eskolan, eta hainbat gai landu dituzte, hala nola osasun fisikoa eta mentala, elikadura eta garapen pertsonala. Askok, hasieran, zalantza ugari zituzten saio horien inguruan, ea zertarako izango ziren, eta zerbaitetarako baliagarriak izango ote ziren. Saioak amaitu ostean, baina, gogoz gelditu dira. "Gehiagotan biltzeko gogoa jarri zaigu", adierazi du idiazabaldarrak. "Herri txikietan bizi garenok murgildu egiten gara bertan, eta nik behintzat ez nekien horrelako saioak egiten zirenik".

Badakite lehenengo urte hau egokitzapen urtea izango dutela. Baina zalantzati daude aurrera begira: "Ondoren etortzen omen dira kezka nagusiak", azaldu du Urdangarin ataundarrak. Horregatik, erretiratuta urte batzuk daramatzaten pertsonekin bildu nahi dute, haien esperientzia zein den aditu eta haien errealitatearen berri izateko.

Hasierako zalantzak

Erretiroa hartuta oso pozik daude, baina fase horretara iristeko orduan ere izan dituzte batzuek arazoak. "Orduan ulertu nuen zer zen deprimituta egotea", onartu du Zinkunegik. Lanean hainbeste urte igaro ostean, erretiroa hartzeko ordua iritsi zitzaiola esan zioten, eta kolpe latza izan zela oroitarazi du. Eguneroko lana utzi beharrak ezinegona sortu zion, eta aitortu du behin baino gehiagotan buruan izan duela "orain ez al naiz, ba, gai lana egiteko?" galdera. "Beti urruti ikusten nuen erretiroa, eta bat-batean iritsi zen, espero gabe". Hala ere, hasierako trantze hori pasatu ondoren, ilusioa berreskuratu du. "Bakoitzak ilusioa pizten dion hori egin behar du".

Joxepi Urdangarinek duela ia bi urte utzi zion enpresan lan egiteari —eszedentzia bat zela medio—. Ezin du irribarrea gorde, eta kanpoko itxurak bat egiten du barnean sentitzen duenarekin. Erretiroa hartuta oso-oso pozik dagoela azaldu du: "Gerra asko emateko gaude oraindik".

Urte askoan ibili izan dira lanean, eta, erretiratu ostean, beretzako denbora antolatu nahi dute. "Erretiroa hartzerakoan, lurreratu beharra dago", dio Rosario Urdangarinek. Lasaitasuna bai, baina ez du gelditu nahi. "Ez dut nahi semeak gaur zerbait erakutsi eta bihar ere galdetu beharra izatea". Horregatik gomendatu die beste parte hartzaileei aktibo egoteko, eta, poliki bada ere, gauzak egiten jarraitu behar dela uste du: "Gure kabuz gauzak egiteko gai izan behar dugu, eta gakoa asko saiatzea eta konstantea izatea besterik ez da".

“Gure Esku Dago-k jendeari ilusioa sortu dio, eta eragitera animatu dira”

M. Alustiza

Kasualitateak eta "dena probatu nahiak" eraman zuten Beñat Zamalloa Akizu (Aretxabaleta, 1986) kazetaritzan bertsolaritza lantzen hastera. Besteak beste, Rikardo Arregi saria jaso zuen duela bi urte, hainbat hedabidetan 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaz egindako jarraipenagatik —tartean, BERRIAn—. Kazetaritzari lotuta, beste hainbat lanetan ere badabil egun.

Txikitako zein oroitzapen dauzkazu Aretxabaletan? Nola gogoratzen duzu?

Txiki-txikitakoak familia arteko oroitzapenak dauzkat herrian. Arrebekin eta lehengusuekin igarotako garaiak. Artean plan asko egiten genituen adin bertsuko lehengusuekin. Etxe pareko plazoletan —Urbaltzekoan— inguruan bizi ginen haurrak eta gaztetxoak ere biltzen ginen, eta hor adin tarteak zabalagoak ere izaten ziren.

Zer da Aretxabaletatik gehien gustatzen zaizuna?

Inguru hurbila gertu izatea. Egun, herritik gehien erakartzen nauena hori da: ilobak, lagunetako batzuk, familiakideak… gertu izatea, eta eurekin elkartu eta egoteko aukera maiz izatea.

Eta zer aldatuko zenuke?

Ez dago herrian eta herria bizitzeko proiekturik, eta uste dut beharrezkoa dugula. Arlo guzti-guztietan, nolako herria nahi dugun erabaki, eta proiektua garatu beharko genuke. Herriak esango nuke ez duela aparteko bizitzeko eta elkarbizitzarako ilusiorik sortzen, eta unean uneko ekimenak egiten dira, norabide bakoak.

Kultur mugimenduko hainbat saltsatan ibili zara eta zabiltza: Ba mugimendua koordinatzen, Zast taldean kontalari... Nola ikusten duzu Aretxabaleta alde horretatik?

Mugimenduetatik herria gutxien bizitzen nabilen garaia da. Mugimendu handiena, beste herri batzuetan bezala, Gure Esku Dago-k sortu du. Jendeari ilusioa sortu diola ikusten dut, eta eragitera animatu direla. Gainontzean, ez dakit oso ondo neurtzen mugimenduak zein egoeratan dauden.

Bertso munduarekin gertuko harremana duzu. Hedabideetan berri emateaz gain, Aretxabaletako bertso eskolaren sustatzaileetako bat ere bazara. Nondik datorkizu zaletasuna?

Osaba Almeneko bertso eskolako sustatzaileetako bat izan zen, eta aiton-amonak bertso saioetara joaten zirela maiz entzun izan dugu. Amaren aldetik bertsoa oso presente izan dugu, beraz. Lehenago, zaletasun handiagoa nuen; egun, gehiago kostatzen zait bertsozaletasunari lotutako planak egitea.

Aholkatu herriko txoko bat.

Galartza auzoa aukeratuko nuke. Espazioa eta duen ikusmira baino gehiago, bertan bizi izandakoengatik gustatzen zait. Urrun gabe dago Ametza. Amamaren baserria izandakoa dago han. Osabak dauka baserria han, eta leku aproposa dugu bistengatik begiek eta konpainiarengatik barruek goza dezaten.

Aretxabaletan biziko ez bazina, non bizitzea gustatuko litzaizuke?

Izan nituen garaiak oso aretxabaletar sentitu nintzenak, eta inondik ere irtengo ez nintzatekeenak. Kurioski, garai horietan bizi izan nintzen gehien herritik kanpora. Egun, proiektu pertsonal edota profesional interesgarririk banu, ez nuke arazorik izango beste nonbait bizitzeko.

“Itsasoan bildutako guztiari ematen diot beste erabilera bat”

“Itsasoan bildutako guztiari ematen diot beste erabilera bat”

Iosu Iturrioz Dorronsoro

Egurrak zertarako? Balea itxura duten eskulanak egiteko. Hortik Joseba Mercaderren (Tolosa, 1978) azken proiektuaren izena: Balegur. Bi horiek uztartuta sortutako eskulanak sortzen ditu. Itxuraz gauzak ez dihoazkio batere gaizki. Besteak beste, Balegur proiektua Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzarako hautatua izan da.

Itsasoan topatutako egur zatiei beste bizi bat ematen diezu.

Duela bi urte, hasiera eman nion Balegur proiektuari. Itsasertzean jasotako egur zatiekin hainbat eskultura egiten ditut. Bakoitzak etxean itsasoan barrena ibilitako egur zati bat izatearen ideiatik sortutako egitasmoa da. Eskultura polit bat edukitzeaz gain, proiektuak badu beste interpretazio bat: jendea kontziente izatea zer botatzen duen itsasora. Askotan ez gara jabetzen zer-nolako kaltea egiten dugun.

Afizio ala ofizio?

Afizio. Zalantzarik gabe. Eskulan bakoitzak 35 euro inguruko kostua du, eta lortutako diruarekin justu-justu lortzen dut gasolina ordaintzea. Eratze prozesua, gainera, oso luzea da. Hasteko, egurrak biltzen ditut. Ondoren, behin egurrak ondo lehortuta, forma ematen diet. Azken hori izan ohi da lan mardulena. Behin hori guztia eginda, eskulanei berniz berezi bat eman eta azkenengo ukituak ematen dizkiet. Itsasertzean egurrak hartzen ditudanetik eskulanak amaitzen ditudan arte denbora ugari igarotzen da. Askotan gelditu naiz lanean 02:00ak arte, ez behin eta ez birritan.

Noiztik datorkizu afizioa?

Itsasertzeko arroketan ibiltzea betidanik izan dut gogoko. Asko erlaxatzen nau. Han aurkitutakoa jasotzeko joera ere txikitatik izan dut. Duela bi urte inguru, egur batzuk jasotzen ari nintzela, egurren begiei erreparatzen hasi nintzen. Begia oinarri hartuta, egur zatietan balea bat irudikatzen nuen. Egur horiei beste bizi bat ematea pentsatu nuen. Orduan hasi nintzen begia abiapuntutzat hartuta balea itxurako artelanak sortzen.

Zergatik dituzu baleak oinarri?

Itsasoa gustuko izateaz gain, baleak ere beti izan ditut gogoko. Itsasora arrantzatzera joateko ohitura dut. Duela urte batzuk Bermeora [Bizkaia] joan nintzen. Itsasoaren barrualdean murgildu, eta balea izugarriak ikusi nituen. Zoragarriak! Orduz geroztik, are gehiago gustatzen zaizkit. Oraindik gogoan dut duela lau bat urte Donostian hilik agertutako balea. Berri hura bertatik bertara jarraitu nuen. Hark ere seguru eragina izan duela egungo proiektuaren oinarria balea izatean.

Birziklatzearen ideia proiektuaren funts garrantzitsuetako bat da, ezta?

Itsasertzeko egurrak jasotzeaz gain, aurkitutako ia guztia —baloiak, plastiko zatiak...— jasotzen dut. Itsasoan egon behar ez lukeena biltzen saiatzen naiz. Nahiz eta horietako asko Balegur proiektuaren parte ez izan, itsasoan bildutako guztiari ematen diot beste erabilera bat. Hondartzan uretara zerbait erori eta jaramonik ez egitea ohiko jarrera da. Egitasmo honen bitartez, jendeak horrelako jarrerak saihestea gustatuko litzaidake. Azken batean, nik egindako eskulanek aditzera ematen dute uretara jaurtitako hainbat gauzaren erabilgarritasuna eta edertasuna.

Eskulan horietako bat erosi nahi duenak, zer egin behar du?

Bi ardatz nagusi ditut. Ahoz ahoko salmenta eta Facebook. Nire produkturen bat erosi nahi duenak Facebook sare sozialean ditudan argazkiak ikusi eta zein artelan erosi nahi duen esan besterik ez du. Mezu bat bidaltzea da bide errazena. Salgai ditudan produktuez gain, norbaitek eskulan bereziren bat egitea nahi izango balu, bide beraren bitartez harremanetan jarri beharko luke. Beren eskaera beteko dut, eroslearen beharrak asetzea beharrezkoa da eta.

Gureak taldeko argazkilaria, bideo grabatzailea eta editorea ere bazara. Nola uztartzen dituzu bi lanak?

Balegur zaletasuna da, eta bizitzeko beharrezkoa dut Gureak taldean lan egitea. Uztartzea hainbatetan ez da erraza izaten. Balegur proiektuari ordu asko eskaintzen dizkiot. Normalean, lanetik atera ostean, arroka artean ibiltzera joaten naiz. Ibilaldi horiek nire eskulanetan erabiliko ditudan materialak biltzeko aprobetxatzen ditut. Gainerako guztia, Tolosako Box-en egiten dut. Orduak igarotzen ditut han lanean. Niretzat entretenimendu paregabea da. Horrek bi lanen uztartzea eramangarria izatea dakar.

Etorkizunean afizio hori lana izatea posible ikusten duzu?

Batek daki. Askotan pentsatu dut horretan. Balegur lan bihurtzea ikaragarria izango litzateke. Jada badut proiektu idatzia, baina errealitaterainoko pausoa ez da makala. Besteak beste, materiala biltzeko brigada sortu beharko nuke. Kostaldeko herri gehienek hondartzetan eta arroketan azaldutako zaborrak biltzeko brigadak dituzte. Balegur enpresa izatera iritsiko balitz, gure brigada beharko genuke. Eremu finko bat eduki eta han guk gure materiala soilik bildu. Prozesu konplexua da. Ea oraina nola doan, eta etorkizunean, beharbada, bide horri helduko diot. Laguntzaileak lortzea ere funtsezkoa da. Albaola, Mala Gissona eta Ternuarekin hizketan aritu naiz, baina oraindik ez dut ezer zehaztu. Laguntzaileak lortuz gero, proiektuan urrats handiak egiteko aukera izango nuke. Pixkanaka alor horretan aurrerapausoak emango ditudalakoan nago.

Etorkizunari ez diozu jaramon askorik egiten. Orainari bai, ordea.

Oraina bizitzea funtsezkoa da. Etorkizuna iritsiko da. Oraingoz, gozatzen ari naiz. Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzan parte hartuko dut. Aurkeztutako hainbat proiekturen artean nirea hautatu dute. Urrian, azaroan eta abenduan egurrak biltzea zen nire ideia, eta, ondoren, guztia Tabakalerara eraman eta Donostiako portuan jartzeko balea erraldoi bat sortzea. Oraindik hasteko nago. Donostia 2016ren aginduaren zain nago. Proiektu honekin hasteko gogo handia dut.

‘Au pair’-ak, katiuskak eta xenofobia

Leire Narbaiza

Gaztetxoa nintzenean ez zegoen lanik. Gaztea nintzenean ere ez. Orain bezala. Orduan ere, krisi latza bizi izan genuen. Laurogeiko hamarkadaren amaiera, laurogeita hamarrekoaren hasiera zen. Euskal rock erradikala (RRV) bizi-bizirik zegoen. Sex Pistolsen No future gogoz oihukatzen genuen. Artean, Espainia ez zen Europar Batasuneko kide; artean, Europa ez zen "batasun" ere, komunitate ekonomikoa baino ez. Izen hark hobeto adierazten zuen zer zen, behintzat.

Sasoi hartan, eta Europaren promesarekin bat egiteko, Espainiako Gobernuak hainbat enpresa handi ixtea erabaki zuen Bruselaren aginduz edo negoziazioengatik. Birmoldaketa industriala deitu zioten. Desindustrializazio hutsa izan zen. Gure haragitan sufritu genuen, Euskal Herrian; batez ere, leku industrializatuenetan: Ezkerraldea, Debabarrena, Pasaia aldea...

"No disfrutamos en el paro ni disfrutamos trabajando" (Ez dugu langabezian disfrutatzen, ezta lanean ere) abesten zuen La Pollak. Baina zerbait egin behar, eta gu baino zahartxoago ziren hainbatek Londresko bidea hartu zuten, bertan lana zegoelako, eta, bide batez, ingelesa ikastera.

Neskak umeak zaintzera joan ziren, "oper" esaten genien —au pair idatzi behar zela deskubritu genuen geroago—. Eta halaxe ibili zen makina bat emakume euskaldun Ingalaterran. Edo hoteletan oheak egiten, edo pizzerietan... Dena zegoen ondo, lana zelako, denbora betetzen laguntzen zuelako. Miseriak kontatzen zituzten askok, eta etxe okupatuen kontuak ere bai. Arestian esan bezala, 1992ra arte Espainia ez zen izan Europako kide, eta Erresuma Batura joateko pasaportea ere behar zen.

Hara joandako asko beltzean ari ziren, ilegal, paperik gabe, alegia. Deportatutakoren bat ere ezagutu genuen. Batzuek diru laguntza britainiarrak jasotzen zituzten, besteek bertako segurantza sozialeko odontologia zerbitzuak erabilita aho osoa konpondu zuten ia doan. Dena britainiarren lepotik.

Hau guztiau orain 30 urte inguru gertatu zen. Ez da historiaurrea, historia garaikidea baizik. Ni ere Irlandara joateko puntuan izan nintzen karrera amaitutakoan. Billetea erostera joan behar nuen egunean bertan, lan eskaintza bat egin zidaten, eta horregatik ez nintzen abiatu. Auskalo nolakoa izango zatekeen nire bizitza orain, dei hori jaso izan ez banu.

Aurreko artikulu baten aitatu nuen errefuxiatuen begietan gure familia ikusten nuela. Orain laurogei urteko kontuak. Baina orain hogeita hamar urte gure bizilagun asko ibili ziren ilegal Europan, paper gabe, laguntza sozialak kobratzen. Eta ahaztu egin zaigu.

Ahaztu egin zaie oraingo foru aldundiko kideei AGI kendu dutenean. Aberats berri krudelen moduan portatu dira, zorri hil berpiztuak legez. Marine Le Penen moduan, Hedoi Etxartek ederki adierazi zuen eran.

Erakartze efektua aitzakia hartuta, baina xenofobia arrazoi ezkutua izanda, gizarteko ahul eta zaurgarrienak ahulago eta zaurgarriago bihurtuko dituzte. Lotsa eta higuina ematen dit neurriak. Gezurrak esanda eraiki dutelako arau berria, erabaki neoliberal janzki merkez jantzita. Eta jarraituko dugu katiuskak jasotzen, elikagaiak batzen Lesbosko errefuxiatuendako. Bitartean, baina, ahaztu zaizkigu gure artean ditugunak, miseriatik ihesi etorritakoak, inoiz gure tapakiak jasoko ez dituztenak. Izugarria!

EGITARAUA

Atzo eman zitzaion hasiera Sagardo Apuruari, Donostian, baina beste hiru egun gelditzen dira sagardoaz eta sagardoaren inguruko jarduerez gozatzeko.Gaur11:30. V. Sagardo Apurua Pintxo Txapelketa.12:00. Pintxo txapelketa herrikoia.12:30. V. Sagardo Apu...

“Gazte oso gutxi ikusten zen saioetan”

“Gazte oso gutxi ikusten zen saioetan”

Maite Alustiza

Herrian bertso eskolarik ez zegoen artean, baina bazen mugimendua Lasarte-Orian. Patxi Etxeberria herrikideak, esaterako, urteak zeramatzan Euskal Herriko plazetan kantatzen, eta erreferentzia zen inguruko bertsolari askorentzat. Honela kantatu zion Unai Muñoa bertsolari lasartearrak, 2009an egindako saio batean: "Nik romantiko jarri nahi nuke/ Patxirekin zor bat daukat/ bertso eskolara etortzen baita/ eta hartzen gaitu aintzat/ ta helarazi nahi nizkioke/ musu eta besarkadak/ berari esker dakidalako/ dakidanaren zati bat". Earra bertso eskola sortu zutenetik 25 urte dira aurten. Ttakun euskara elkartean zebilen lagun talde batek hasi zuen bidea.

"Euskararen bueltan zegoen beste elkargune bat zen". Hasieratik aritu da bertso eskolan Joxe Kruz Labaka (Zubieta, 1962); lehenengo, ikasle gisa, eta, gero, bestelako saltsetan. Gogoan du hasieran zortzi-hamar laguneko taldea elkartzen zirela: "Arraro samarra zen Lasarten bertso eskola izatea, baina jendea juntatu ginen". Garai hartan, bazebiltzan hainbat talde inguruan: Hernanin, Usurbilen, Goierri aldean, Tolosa aldean, Zarautzen...

17-18 urteren bueltako lagunak elkartu ziren Lasarteko eskolan, baina baita 30 ingurukoak ere. "Bakoitza ama baten seme-alabak ginen, ezberdinak; kuadrilla berekoak bi-edo egongo ziren". Lokal batean biltzen ziren hasieran, eta kultur etxean gero. Xanti Zabala Lexo-rekin hasi ziren ikasten: "Oinak oso poliki ikasiz hasi ginen; idatziz egiten genuen, gainera. Noizbait, bateren bat ausartzen bazen, bertsoa nolabait borobildu, eta bota egiten zuen". Pixkanaka, batzuk bat-batean hasi ziren, txapelketetan-eta parte hartzen: Andoni Otamendi, Pablo Suberbiola... Beste batzuek bestelako kontuei heldu zieten, Labakak bezala: epaile, gai-jartzaile... "Bertso eskoletan ez dute zertan denek bertsolari atera". Gerora, beste hainbat lagun izan zituzten irakasle: Eusebio Igarzabal, Nikolas Zeberio...

Bertso eskolan batu ziren gehientsuenak bertsozaleak ziren, baina orduko eta oraingo zaleak ezberdinak direla dio Labakak: "Arraro samarrak ginen. Duela 25-30 urte, gazte oso gutxi ikusten zen saioetan. Gertatu izan zait Usurbilgo festetara joan eta bertso saioan gazteak ni eta beste pare bat izatea. Gero, buelta eman diogu, eta eskerrak!".

Labakaren arabera, herrian beti egon izan da bertsozaletasuna: "Lasarten beti ezagutu ditut bertso saioak; festetakoa beti egon da, eta, horrez gain, baita bertso afariak ere". Bereziki gogoratzen ditu Mattin eta Lazkao Txiki elkartzen ziren saioak, Xalbador eta Mattin, Xabier Amuriza... Gaur egun ere, askotariko saioak antolatzen dituzte herrian: udaberrian saio berezi bat egiten dute, bestelako diziplinekin nahastuta. "Beti arrakasta izan du". Festetako saioa ere ezberdina izaten da: desafio moduko bat antolatu izan dute, santa eskean ateratzen dira...

25 urteko ibilbidean, gorabeherak izan ditu bertso eskolak: "Oso urte onak izan dira, jende askorekin; gero izan dira bi taldeko urteak ere; geroxeago, gazte batzuk sartu dira, inguruko herrietako batzuk ere etorri dira... Normala da, batzuk badoaz, gero berriro bueltatu egiten dira...". Hainbat urtean helduen bertso eskola bakarrik izan dute, baina, azken urteetan, martxa onean ari dira gaztetxoekin.

Aldatu dira garaiak. "Orain ia herri guztietan daude bertso eskolak, eta bertsolariak orain badira erreferente bat ere; orduan ere bai, baina ez hainbeste". Labakak gogoratu duenez, bertso txapelketako finala Karmelo Balda pilotalekuan egiten zen lehen, Donostian: "Ez zeukan zerikusirik oraingoarekin. Han gehienez 800-1.000 pertsona kabituko ziren, eta begira orain". Telebistan eta irratian ere gehiago zabaltzen da: "Lehen, irratian egoten zen zerbait, baina, orain, prentsan bertsolariak agertzen dira, eta, bertsolari izateaz gain, idazle dira, dantzari...". Ikasle eta irakasleen maila eta prestakuntza ere handiagoa dela azaldu du Labakak. "Hezkuntza arautuan ikastetxe gehienetan ematen da orain bertsolaritza, eta askoz ere prestatuagoak daude".