Iritzia

450

Donostiako I. Kros Berdean parte hartutakoak. 450 korrikalarik hartu zuten parte I. Kros Berdean, joan den igandean, Donostian. Atletico San Sebastian taldeak eta Kristina Enea fundazioak antolatu zuten lasterketa.

Googlek esango digu zer jakin behar dugun?

Azkenaldian, nahiz eta gauza guztiz berria ez izan, arreta berezia ipintzen ari natzaio Interneteko bilatzaileen emaitzen auziari. Batetik, iradokizunen kontua dugu. Google bilatzaile ezaguneko bilaketa kutxatxoan edozer idazten hasi orduko, hainbat iradokizun topatuko ditugu. Esaterako, aurrekoan, lagu… idazten hasi eta, n hizkira iritsi aurretik, nire bilaketa errazte aldera edo, bilatzaileak lagun izoztua, laguardia airport, laguna beach… iradoki zizkidan. Gauza bera egingo bazenute zuen ordenagailuetan, oso bestelako emaitzekin egingo zenukete topo seguruenik. Bestetik, egin ezazue honako hau: eskatu hainbat laguni termino zehatz bat bilatu eta emaitzen berri eman diezazueten. Akaso inoiz entzun gabe edo jabetu gabe zeundeten, baina batzuei zein besteoi luzatutako emaitzak ez dira berdinak izango; izan ere, bilaketak egitean, 57 faktoreri erreparatzen omen die Googlek; besteak beste, gure bilaketen historialari, gure kokaguneari, erabiltzen ari garen nabigatzaileari, ordenagailuari eta hizkuntzari. Duela hilabete batzuk, gainera, Googlek bere bilatzailearen ezarpenak aldatu eta Google + sare sozialaren emaitzak integratu zituen. Horrela, Googleko kontu batean sartuta gaudela egiten badugu bilaketa, gure zirkuluetan ditugun lagunen informazioa, argazkiak, eta abar lehenetsiko ditu emaitzak proposatzean. Horretaz gain, duela oso gutxi gure nabigazio historiala gordetzeko modua ere aldatu du, zerbitzu guztiak bateratuz.

Google gure pentsamendua irakurtzen saiatzen ari da, eta banakakoon pentsamendua irakurri bitartean, munduaren burmuinak —munduak burmuinik balu— zer pentsatzen duen jakin nahian dabil, denon interesak eta portaerak klasifikatuz. Google, baina, ez da bakarra honetan. Facebook, The New York Times, The Wahington Post… denek ere antzeko filtroak erabiltzen dituzte. Internetek guk jakin nahi omen duguna erakusten digu, bere ustetan betiere; ez, ordea, edo ez derrigor, guk behar duguna. Gero eta zailagoa dirudi erabiltzaile arruntarentzat iragazki horretatik kanpoko ezer topatzea. Eli Pariserrek TED hitzaldi entzutetsu batean esan zuen bezala, erabiltzaileok geure burbuilan sartuta gaude, eta burbuila horretara informazio mugatua iritsiko zaigu, gure gustuen eta lehentasunen araberako informazioa. Horrek gero eta gehiago mugatuko ditu bai gure iturriak bai gure ikuspuntua. Okerrena da ez dugula guk izango azken hitza burbuila horretara helduko dena erabakitzeko orduan, beste batzuen esku egongo da egiteko hori ere. Honek guztiak, ez dago esan beharrik, kezka puntu bat sortzen dit.

Sentimendu kontrajarriak datozkit burura. Alde batetik, pertsonalizazio honek bere alde onak izan ditzake. Nire gustuak eta zaletasunak ezagutzen baditu, errazago topatuko dut nire gustuko jatetxea, edo erosi nahi ditudan prakak, euskara ariketak egiteko nahiago dudan webgunea, ikerketa baterako datuak… Azken finean, horren atzetik ibili gara, ezta? Bestalde, baina, zer gertatzen da seinale horiek gaizki interpretatzen baditu? Eta emaitzak gero eta mugatuagoak jasotzearen ondorioz, gure ikuspuntua —eta, harago joanda, gure pentsatzeko era— mugatzen ari bada?

Informazioaren iragazia ez da ezer berria, Internet aurretik ere komunikabideen iragazkien menpe egon gara, baina gehienok jakinaren gainean egonda. Hori izan liteke alde nagusia: egun, muga horiez kontziente ez izatea. Filtro sistema hauek gardenagoak izatea eskatzeaz gain, konpetentzia digitala lantzeaz gehiago arduratu beharko genukeela iruditzen zait. Google ahaldunak erantzunak ematen dizkigu; guri dagokigu, ordea, gauza hauei guztiei buruzko galderak egitea.

AMAIA AZKUEREN HILKETA, EPAITEGIAN

Astelehenean hasi zen, Donostiako auzitegian, Amaia Azkueren ustezko hiltzailearen aurkako epaiketa: hasieran esan zuenaren aurka, epaiketan ukatu egin zuen Azkue hil zuela. Hain justu, gaur urtebete agertu zen hilik Azkue. Urteurrenaren harira, Urola...

100

Aldaketa fiskalarekin bilduko den diru kopuru gehigarria. Urte hasieran zerga sisteman egin dituen aldaketen bidez aurten 100 milioi euro gehiago bilduko dituela espero du Gipuzkoako Foru Aldun- diak.

Zuzeneko arteak, bizirik

Lehengo astean prentsaurreko bat eman zen Donostian, Bilbon eta Gasteizen aldi berean; Euskal Aktoreen Batasunak, Eskenak eta kultur arloko beste hainbat erakundek batasunean eginikoa. Bertara joan nintzen; Euskal Aktoreen Batasuneko afiliatu gisa, a...

Antton Irizar

Haserrea sentitzen dut oraindik, haserre bizia, sabela ziztatzen duen horietakoa. Gerora baretuko da seguru, eta orduan etorriko dira tristura, hutsunea eta negarra. Baina oraintxe bertan barneko gorrotoak ematen didan indarrarekin, gertatutakoaren er...

Leon eta Kastillo Donostiako metroan

Orain dela gutxi azpiegitura proiektu handien kontra Donostian egin zen manifestaziora elkarrekin joan ziren Leon eta Kastillo. "Elkarrekin? Beharko! Txanpon bereko bi aldeak dira eta!", hartu dit kargu aldamenetik ari zaidan batek. Arrazoi du. Beharbada, elkarrekin joan zirela idatzi beharrean, elkarrekin ondo hartuta joan zirela edo horrelako zerbait idatzi behar nuen; manifestazioan zalantzarik gabe parte hartu zutela, alegia.

Baina Leon eta Kastillo txanpon bereko aldeak direla bezain egia da elkarri bizkar emanda bizi direla eta, ondorioz, eztabaidak sarri baino sarriago izaten dituztela. Donostiako manifestazio hura ez zen salbuespena izan.

Bulebarretik euripean abiatu bezain laster, antolatzaileek banatutako esku orria irakurtzen hasi zen Leon, eta, horrekin batera, arbuiatutako proiektuak zerrendatzen: AHTa, Pasaiako kanpo portua, errauskailua, Donostialdeko metroa…. "Metroa?", harritu plantak egin zituen Kastillok (plantak baino ez, manifestazioetara joan aurretik deialdien xehetasunak irakurri ohi dituen horietakoa baita). "Bai, metroa —berretsi zion Leonek—, zergatik harritzen haiz?". Kastillok ez zuen erantzuteko aukera pasatzen utzi, jakina.

Haren iritziz, metroa proiektu bat baino gehiago etiketa bat da, edo nahi bada, Jaurlaritzak hainbat proiektu zaku berean sartzeko erabiltzen duen etiketa. Proiektu horietatik batzuk interesgarriak ez ezik oinarrizkoak ere izan daitezke garraio publikoa sustatuko bada. Esaterako, zenbait tartetan trenbidea ez bada bikoizten, nekez areagotuko da inoiz zerbitzuen maiztasuna.

"Eta inork ez dik ezer horren kontra —argudiatu zuen Leonek—. Baina proiektu horien guztien izarra eta, azken batean, etiketaren beraren sorburuan dagoena Donostiako pasante delakoa duk. Neurriz gaineko proiektu erraldoia duk, eta garestia, are gehiago krisi garaian".

Kastillok ez zion arrazoi kendu, baina ez zen horregatik ñabardurak egin gabe geratu. Gipuzkoan garraio publikoa sustatzeko balizko proiektu guztiak premiaren, inbertitzeko dagoen diruaren eta, azken batean, eragingarritasunaren arabera zerrendatuko balira, pasantea seguruena azken postuan agertuko litzateke (beharbada azken aurrekoan, AHTa kontuan izanda, baina tontoenak ere badaki horrek ez duela garraio publikoaren sustapenarekin inolako zerikusirik). Beraz, ados: ikuspuntu askotatik begiratuta, metroa proiektu eztabaidagarria da. Baina balizko eztabaida hori ez da inolaz ere AHTaren, Pasaiako portuaren edo errauskailuaren inguruan egin daitezkeenen senide. Ez, behintzat, Kastilloren iritziz.

San Martinetik pasatu eta atzera berriz Bulebarrera iritsi ziren. Kioskoko ekitaldiari adi, Leonek eta Kastillok elkarren arteko eztabaidan behin-behineko etenaldia egitea adostu zuten. Metroaren inguruan egin den propaganda lotsagarria, handikeria, finantzaketa arazoak, lehentasunak… gauza asko geratzen dira pendiente. Ondoren jarraituko zuten, etxeko bidean. Topoan.

SOLASALDI EMANKORRA IKASLEEKIN

2012an Andoainen ospatuko den Kilometroak jaiaren egitarauaren harira, goi mailako hainbat kirolari herriko ikasleekin izan dira asteon. Naroa Agirre, Sonia Lopez, Kattalin Olasagasti, Dani Estrada, Eñaut Zubikarai, Joseba Llorente eta Abel Barriola, hain zuzen. Goi mailako kirola ikasleei gerturatzeaz gain, ikastolaz gaindiko ikasle ororen parte hartzea sustatu nahi izan du Andoaingo ikastolak.

312

Iaz aldundiak atzemandako zerga iruzurra, milioi eurotan. Aldundiak 312 milioi euroren zerga iruzurra atzeman zuen iaz. Igoera handiena PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan izan da, %39,4koa.

Yin eta Yang, arin jan, gutxi edan

Pasa den astean gure poeta mediatikoenetako bat Frantzian izan zen, sukaldaritza makrobiotikoari buruzko ikastaro bat egiten. Bueltakoan bazkaritara gonbidatuko ninduela esan eta isilik geratu nintzen, baina alde egin zuenetik kezkatuta nabil. Oso parrandero fina zen nik ezagutzen nuen hura, eta beldur naiz bueltan etorri dena zer bilakatuko ote den. Alkohola oso Yin omen da, eta gure poetak te txinatarrez betetako termoa bizkarrean duela egin beharko ditu urteroko Sonar-eko dantza saio luzeak. Pizgarririk gabe azkar asko egiaztatuko du alboan dituen lagunak —besteok pizgarririk ez dugu faltako, dedio!— ez direla berak gogoratzen zituen bezain tipo berezi eta dantzari trebeak.

Ez dira bi edo hiru izan azkenaldian dieta makrobiotikoarekin bizi direla jakinarazi didaten hurkoak. Eta bai, larriagoa iruditu zitzaidan adibidez ehunka artaburu Power Balance pultserarekin harro ibili ziren bolada hura. Edo Azpeitia hankaz gora jarri zuen krisialdi bitxia, beste hainbatek coaching ikastaro garestiak ordaintzeagatik bizitza aldatuko zitzaiela uste zutenekoa. Baina Yin eta Yangaren kontu honek ere arduratuta nauka. Izan ere, bizimodu hori usadio orokor bihurtuz gero, akabo sagardotegi heze eta pub ilunen negozioa. Eta haiekin, bizioak beste ezeren gainetik maite ditugunon bizimodu traketsa.

Badut Xato txakurrari otordu begetariano zorrotzak ipini dizkion lagun lorezain xelebre bat ere. Ohitura aldaketak zomorroa biziberritu omen du, eta itxura hobea izateaz gain inoiz baino jostagarriago dabilela ere entzun diot —lagun lorezainari, Xato ez dut zuzenean ezagutzen—. Dieta makrobiotikoa bere egin duten asko antzeko susperraldi baten peskizan dabiltza, jakina. Gizarte modernoaren izurritea dirudien bizkarreko mina hobetze aldera batzuk. Geroko ilunagoa duten gaitzekin beste asko. Gorputzak tirriki-tarraka kexu handiegirik gabe erantzuten digunok ez dugu zortea tentatu nahi izaten, ordea. Eta, miso zopa gozo askoa den arren, nik behintzat arima deabruari salduko nioke Iratiko gazta jateari uko egin baino lehen.

Ahal ditugun bekatu ezberdin gehienak ahal dugun maizen egiten ditugunok ez gaitu gure osasunak askorik kezkatzen. Dieta makrobiotikoa hasten duten askok matxuraren bat izan dutenez, berriz, ezin bizimodu horren balizko onurak argitu. Zaila baita jakiten horiek denak bizitza luzeagoa izango duten ala ez. Baina, anaiak behin esan zidan bezala, tokatzen zaiena luze demonio egingo zaie behintzat!