Jon Miranda
Oiloak direla esaten zaie alkizarrei, eta duela hogei urte, gaur egun herriko alkate den Inaki Irazabalbeitiak proposatu zuen herri aldizkarirako izena: Oilategitik. Aurrez, ordea, herri aldizkari bat argitaratzearen ideia buruan zebilkien Pello Joxe Aranburuk (Alkiza, 1936): "2000. urtean zaharberritzeko lanak amaitu, eta irailean inauguratu zen eliza berritua. Hori ospatzeko ekintza bereziak antolatu zituen batzordeak, eta nik buru-belarri parte hartu nuen. Gogoan dut Elizegiko atariko mahai baten inguruan orduko errektore Felix Azurmendi eta biok geundela nola aipatu nion kanpotik etorritako zenbait jenderekin aldizkari bat egiteko asmoa nuela. Ondo iruditu zitzaion. Batzuekin eta besteekin hizketan hasi, elkarri animoak eman eta eltzea berotzen joan zen". 2001ean sortu zuten. 20 urtera egitera doa, beraz.