Aitziber Arzallus
Bidasoa eta Oria ibaietan badira izokinak; Urola ibaian, ez. «Hori esaten dute, baina ez da guztiz egia», dio Aitor Leiza Naturkon Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten elkarteko kideak. «Urola ibaira ere sartzen dira izokinak; neure begiekin ikusia naiz», baieztatu du. Arrantzale batek erakutsi zion izokin bat Leizari, Zumaian, Urola ibaia itsasoratzen den lekuan. «Arrantzan ari zela harrapatu zuen, eta atzera berriz uretara bota zuen», kontatu du. Baina, orduan, zergatik ez doaz ibaian gora? Argi du erantzuna: «Ezin dutelako, bidean oztopoak besterik topatzen ez dituztelako».
