Moriartik pozez eta “harrotasun pixka batekin” jasoko du Abadia saria

Moriartik pozez eta “harrotasun pixka batekin” jasoko du Abadia saria

Olatz Mitxelena

Loreak filma izan da orain artean beren ekoizpen ospetsuena, baina ez bakarra. 80 egunean euskaraz ondu zuten, eta baita bestelako hamaika film labur ere, Zarautzen erosi zuen, esate baterako. Orain dela hamabost urte sortu zuten Moriarti ekoiztetxea, eta sorreratik ekoitzi dituzte lanak euskaraz. Horregatik, urte hauetan guztietan ikus-entzunezkoen esparruan euskarari egin dioten ekarpenagatik jasoko dute Anton Abadia saria.

Gehiago bildu ordez, gutxiagok eskatzea

Gehiago bildu ordez, gutxiagok eskatzea

Maite Alustiza

"Beti pentsatzen dugu ezin dugula gehiago bildu, baina elikagai kopurua gehitzen doa". Jose Manuel Pineda Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidenteak emandako datuen arabera, 2014ko bilketan 575.000 kilo jaso zituzten, eta, iaz, 626.850 kilo. Aurten, hala ere, "zail" ikusten du kopuru horiek gainditzea: "Batzuek diote gipuzkoar bakoitzeko kilo bat jaso beharko genukeela, baina gure helburua ez da kiloak eta kiloak pilatzea, baizik eta laguntzen dugun pertsona kopurua gutxitzea".

“Krisiak ez zuen eragin handirik izan Legazpiko lantegian”

“Krisiak ez zuen eragin handirik izan Legazpiko lantegian”

Tere Madinabeitia

Legazpiren XX. mendeko historia jasotzen duen trilogiari amaiera emateko, Legazpi siglo XX, 1975-2000. El final de un ciclo industrial liburua (Legazpi XX. mendea, 1975-2000. Ziklo industrial baten amaiera) idatzi du Jose Mari Urzelaik. Aurreko bi lanetan, XX. mendeko mugarriak eta 1940-1975 urteak landu zituen. Liburu berriarekin zikloa itxi egin du Urzelaik. Orain, atseden hartzeko unea iritsi zaio; 1960ko hamarkadan herriko berriemaile gisa hasitako ibilbidearen helmugara iritsi da.

Ankerrak, baina modernoak oso

Danel Agirre
Donald Trumpen garaipenaren harira, egunkarietan nonahi topatu dut post-egiaren aroan sartu garen iragarpena. Egun, politikariek ez dituzte arazo eta premisa errealak aurkeztu behar segidan irtenbideak saltzeko (lehen bai, antza). Ziriak e...

[Museora] Luberri. Paleozoikotik gaur arte

[Museora] Luberri. Paleozoikotik gaur arte

Eider Goenaga Lizaso

Geologia, Paleontologia eta Lur Zientzien azterketa eta zabalkundeari eskainitako interpretazio zentroa da Luberri, eta Aranzadi zientzia elkarteko geologia saileko kide Jose Angel Torresek eta Klara Gutierrezek (Donostia, 1959) sortu zuten, 2003an. "Museo bat da berez, baina jendearengana hurbiltzea xede duen museo bat da hau. Ez dugu izan nahi soilik bertan dauden piezak ikusteko museo bat, gure helburua erakustea baita, zabaltzea, azalpenak ematea, interesa piztea...".

“Mugak jartzea ondo dago, gehiegizko kontrolean erori gabe”

“Mugak jartzea ondo dago, gehiegizko kontrolean erori gabe”

Aitziber Arzallus

Interneten eta sare sozialen erabilerak hezitzaileengan —irakasle eta gurasoengan— sortzen dituen kezkei erantzun nahian, egitasmo bat abiatu dute Azpeitian eta Azkoitian. Bi herri horietako ikastetxe guztiek eta Ementic Eusko Jaurlaritzak Internet segurua sustatzeko duen zerbitzuak gaiaren inguruko jardunaldi batzuk antolatu dituzte Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleentzat, hezitzaileentzat eta gurasoentzat.

Mikel Agirre Ementiceko kidea arduratu da saio horiek gidatzeaz, eta oso balorazio baikorra egin du orain artekoaren inguruan. Gazteekin Interneten eta sare sozialen erabilerak dituen arriskuez eta aukerez jardun dela azaldu du, eta hezitzaileekin, teknologia berriek hezkuntza esparruan ematen dituzten aukerak ere aztertu dituela. Datozen egunetan hainbat hitzaldi emango dituzte Azpeitian eta Azkoitian, batez ere gurasoei begira.

LH-4ko gazteekin jardun zara lanean. Adin horretako gazteek teknologia berriak erabiltzen dituzte, baina hasita al daude sare sozialak erabiltzen ere? Jabetzen al dira zer arrisku dituzten?

9 urterekin, oro har, hasiak dira mundu honetan murgiltzen. Haiekin hizketan hasi orduko ohartu gara batzuek gaia landuta dutela eta besteek ez. Gaur egungo haurrek eta gazteek berehala hartzen dituzte gaitasun teknikoak, baina ikusi dugu erreminta horiek erabiltzeko eta lantzeko garaian hutsune etiko argi bat dutela. Badakite Whatsapp eta sare sozialak erabiltzen, baina erreminta horien erabilerak eragin ditzakeen egoera gatazkatsuen inguruan hutsune asko ikusi ditugu. Nik planteatu arte ez zeuden konturatuta hainbat arrisku egoeraz. Egia da gaitasun teknikoak izatea inportantea dela, erreminta maneiatzeko ezinbestekoa dela, baina hori bezain garrantzitsua iruditzen zaigu etikoki horrek zer esan nahi duen jakitea: zer ondorio izan ditzakeen talde batean norbait baztertzeak, norbaiten argazki pribatuak zabaltzeak, norbaiti iseka egiteak... Horretan gabezia nabarmenak antzeman ditugu.

Nola landu dituzue gai horiek?

Bi orduko hiru saio egin ditugu talde bakoitzarekin. Lehenengo bi saioetan, batez ere sare sozialen eta Interneten inguruko etika hori landu dugu, zer dagoen ondo eta zer gaizki, eta ekintza bakoitzak zer ondorio eta arrisku izan ditzakeen erakutsi diegu. Konturatu gara, baita ere, ziberbullying kasuetan-eta oinarrian dagoena heziketa falta dela. Guk gure egunerokoan, auzoko plazan, oso garrantzitsutzat dugu balio batzuen transmisioa, eta sare sozialen erabileran hori falta zaie gazteei.

Baina hezitzaileek, nola irakasleek hala gurasoek, badute formakuntzarik eta gaitasunik teknologia berrien inguruan gazteak egoki gidatzeko?

Teknologia berrien garai honetan gauza kurioso bat gertatzen ari da: historian lehen aldia da haurrak hezitzaileen aurretik doazela. Horrek testuinguru berriak sortu ditu, eta horiei aurre egiteko hainbat jarrera har daitezke. Bata da arbuiatzea eta nork bere burua gutxiestea: niri teknologia berriak ez zaizkit interesatzen edo nik erakutsiko diot bada, nik baino gehiago baldin badaki? Jarrera horrek hezitzaileek gazteengan duten autoritatearen galera dakar ezinbestean.

Horren adibide izan daiteke duela gutxi izan genuen kasu bat: ume bat sartu zen Youtuben edo antzerako leku batean, eta publizitatea saltzen ari zelakoan publizitatea erosten ari zen. Epe labur batean zor izugarria metatu zuen. Kuriosoa da ume haren erreferente izan behar zuketen helduei galdetzerakoan, erantzun zutela eurek ez zekitela ordenagailua pizten ere.

Dena dela, denak ez dira horrelakoak; badago jende inplikatua ere, ohartu direnak Internetek eta sare sozialek arazoak eta arriskuak izan ditzaketen modu berean abantaila eta aukera asko ere eskaintzen dituztela. Eta jendea horretaz jabetzen ari den heinean, ari da zer diren ezagutzeko ahalegina egiten.

Beraz, zer esango zenieke beren burua jokoz kanpo ikusten duten hezitzaile horiei?

Batez ere, beldurra galtzeko. Ez daukatela sare sozialen friki batzuk bihurtu beharrik, baina teknologia berrien eta Interneten eta sare sozialen inguruan gutxieneko jakintza batzuk izan beharko lituzketela, gaurko gazteek darabilten lengoaia hori ulertzeko. Bestela, nola landu ditzakegu horren urrun geratzen zaigun mundu bateko gatazkak? Nola landu dezakegu ziberbullying kasu bat ez badakigu Whatsappa zer den ere? Jarrera ezkorra dutenei hori gertatzen zaie gero, egoerak gainezka egiten diela. Gustatu ala ez, gaur egun Internet eta sare sozialak hor dauden errealitateak dira, eta geroz eta garrantzi handiagoa dute gainera, eta, hezitzaileak garen heinean, gure ardura da horietara egokitzea. Gure ardura bada haurrak eta gazteak prestatzea etorkizuneko erronkei aurre egiteko, baliabide digitalak erabiltzeko ere prestatu egin beharko dugu, eta prestatu egin beharko ditugu.

Koherentziaz jokatzean legoke gakoa?

Bai, noski. Adibidez, gazte bati auto bat ez genioke emango inongo formakuntzarik eman gabe, badakigulako abantaila handiak dituen arren arrisku handiak izan ditzakeela. Bada, teknologia berriekin ere berdin. Ez dauka horrenbesteko garrantzia sakelakoa eta ordenagailua noiz edo zenbat urterekin ematen dizkiegun, baizik eta nola ematen dizkiegun. Ziberbullying kasu bat gertatzen bada, badirudi Whatsappa erreminta diaboliko bat dela. Egia da badaudela horrelako kasuak ere, baina egia da etikoki erabiliz gero saihestu daitezkeen gauzak direla. Beti egongo dira, kalean bezalaxe, baina neurri handi batean saihestu daitezke. Eta, hain zuzen, prebentzioaren arlo horretan daukagu lan handia egin beharra, sentsibilizazio kanpainekin-eta. Eta gero, tresna horiek gazteen esku lagatzerakoan, jarraibide etiko batzuk emateko.

Zenbateraino kontrolatu behar dira gazteak? Egoki ikusten al duzu, esaterako, gurasoak gazteen Whatsapp taldeetan sartuta egotea?

Erabilera kontrolatzea, denbora kontrolatzea beharrezkoa iruditzen zait, eta baita gazteek gurasoei jakinarazpen bat ematea ere beren jardunaren inguruan. Arriskutsua dena da erabat beren erara lagatzea. Mugak jartzea ondo dago, baina gehiegizko kontrolean erori gabe, oreka horretan. Gaur egun badaudelako gehiegizko kontrola izateko aplikazioak ere, GPS bidez eskolatik etxerako bidea markatzen dizutenak eta hortik ateraz gero mezua bidaltzen dizutenak. Batzuetan errealitate birtualean hartzen ditugun jokabideekin badirudi beste pertsona batzuk garela. Nire aholkua da zure bizitzan egiten duzun gauza bera egitea Interneti dagokionez ere. Askatasun espazio batzuk eman, baina aldi berean muga batzuk jarrita, azalpen batzuk eskatuz eta batez ere balioen heziketa on bat emanez.

Mugikortasun bideak, gorrian

Mugikortasun bideak, gorrian

Eider Goenaga Lizaso

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017rako aurrekontuen proiektua aurkeztu du, atalez atal. Eta horietako bat Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa sailarena da. 59,8 milioi euroko aurrekontua du sail horrek, guztira, eta horietatik 2,3 milioi euro bizikletaren sustapenera eta oinezko zein bizikletentzako bidegorri sarera joango dira. Marisol Garmendia diputatuak agerraldian esan zuenez, bidegorri sarea garatzen jarraituko du 2017an foru aldundiak. Besteak beste, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldea lotzen dituen Ederbidea bidegorria da hurrengo urtean martxan jarriko duten obretako bat. Baina, egitasmoak egitasmo, bizikleta erabiltzaile asko ez daude gustura foru aldundia egiten ari denarekin.