Maite Alustiza
Musika "dena" da Leire Zabalzarentzat. Asteko hiru egunetan kirol denda batean egiten du lan, eta beste bitan Nafarroako Down Sindromearen Elkartera joaten da, Iruñean, Itaca proiektuan parte hartzera. Eguneroko martxa horretan, ordea, astearte arratsaldeak bereziak dira: entsegua izaten du Motxila 21 taldearekin. Tinbala jotzen du Zabalzak; 26 urte ditu, eta 12 urterekin hasi zen musika tresna hori ikasten. Abestu ere egiten du. Downen sindromea duten 23-40 urte arteko hamabi neska-mutilek eta bederatzi boluntariok osatzen dute Motxila 21. "Familia bat bezala gara".