Ekonomia

[Herriz herri] Gaztelun ote paradisua?

[Herriz herri] Gaztelun ote paradisua?

Rebeka Calvo

Bilatzen denaren araberakoa izango da; batzuentzat paradisua izango da, eta beste batzuentzat, galduta eta ezer eskaintzekorik ez duen herria. Gazteluk 170 biztanle inguru ditu, eta Leaburutik irteten den errepidea bertan bukatzen da. Ez da pasabide bat, beraz. Horrek ere egiten du berezi Gaztelu.

“Egonkortasun” aurrekontua

“Egonkortasun” aurrekontua

Maite Alustiza

Hurrengo urterako aurrekontuak aurkeztu zituzten asteartean Gipuzkoako Aldundiko diputatuek Batzar Nagusietan, eta atzo hasi zuen diputazioak aurrekontu proiektuari buruzko elkarrizketa erronda alderdiekin. 838 milioi euroko aurrekontu proposamena egin du, aurtengoa baino %3,16 handiagoa. Markel Olano ahaldun nagusiaren arabera, "egonkortasun aurrekontua" da, "Gipuzkoak egun dituen erronka nagusiei erantzutera bideratuta". Abenduaren 23ko osoko bilkuran onartzea aurreikusi dute.

[Herriz herri] Gaintza. Paraje ederreko gaina

[Herriz herri] Gaintza. Paraje ederreko gaina

Loinaz Agirre

. Gipuzkoako bigarren herririk txikiena da. 128 biztanle ditu gaur egun; biztanleriaren %19, 19 urtez azpikoek osatzen dute; %59, 20 eta 64 urte tartekoek; eta %22, 65 urtetik gorakoek. Gipuzkoako zati handi bat ikus daiteke Aralarpeko herri horretatik.

Eguraldi onarekin paradisutik gertu dagoen herria dutela esaten dute askok. Ikuspegi ederreko herria da Gaintza, Gipuzkoako herri txikienetako bat.

Adegiren “immobilismoa” bukatu ezean, grebara joko dute

Adegiren “immobilismoa” bukatu ezean, grebara joko dute

Maite Alustiza

Gipuzkoako grafikagintzako negoziazio mahaitik altxatuko zirela ohartarazi zuten sindikatuek urriaren 11n, eta greba iragartzear daude orain. Maiatzean eratu zen mahaia sindikatuen eta patronalaren artean, sektoreko langileen lan baldintzak berritu ahal izateko, eta ordutik zazpi bilera egin dituzte. Asteazkenean ziren zortzigarrengoz biltzekoak, baina Adegik bilera "atzeratzea" eskatu zuen, "sindikatuen proposamenak aztertzeko eta negoziazioak aurrera egiteko helburuarekin". Hala diote sektorean ordezkaritza duten LABek, ELAk, CCOOk eta UGTk. Atzerapena onartzea erabaki dute: "Sektoreko langile guztiekiko dugun erantzukizunagatik, sindikatu guztiek proposamena onartzea erabaki dugu, eta, horren ondorioz, bilera atzeratu egingo da, nahiz eta denbora sobera izan duela uste dugun". Azaroaren 8an dira biltzekoak —hurrengo asteartean—, eta horretan ere proposamenik ez badago grebara deituko dutela jakinarazi dute. "Negoziazioaren hasieratik erakutsitako jarrera immobilista berarekin jarraituko balu, sektorea konfrontaziora eramango luke". Egunak badituzte: azaroaren 16a eta 30a, eta abenduaren 12a.

211 enpresa eta 1.550 langile daude sektorean. Langileen ordezkarien artean, LABek du gehiengo osoa (%52,63); ELAk %42,11, CCOOk %3,51 eta UGTk %1,75. Patronalaren aldetik, Adegik %82,58 eta Garenek %17,42. Sindikatuetako ordezkariak ziur daude "hitzarmen duin bat" lor daitekeela, baina, diotenez, bileretan agerian geratu dira patronala ordezkatzen duten bi elkarteen arteko ikuspuntu ezberdinak. Garenen proposamena baloratu egiten dute; honako hauek biltzen ditu, besteak beste: itunaren urtebeteko indarraldia, Gipuzkoako KPIaren soldata igotzea, kontratazioa egonkortzeko neurriak hartzea, behin-behinekotasuna mugatzea, aparteko ordainsariak soldata osoaren arabera ordaintzea eta sektoreko gutxieneko soldata igotzea. Adegiren jarrera, ordea, bestelakoa dela diote: "Ez du inongo proposamenik egin, eta, gainera, sindikatuok egindako guztiak baztertu ditu".

Adegiren jarrera

Bilerek fruiturik ematen ez zutela eta, irail bukaeran mobilizatzen hasi ziren langileak. Elkarretaratzea egin zuten Lan Harremanetarako Kontseiluaren aurrean, Adegi hitzarmen kolektiboaren negoziazioa "blokeatzen" ari zela salatzeko. Adegiren arabera, ordea, bera "negoziatzeko prest" dago, "enpresen jardunari eta langilegoari eusteko". Era berean, ordea, uste du egindako proposamenak sektoreak "bizirik irauteko" behar duenaren "antipodetan" daudela. Soldatak ere aipatu zituen, iraileko bileraren ondoren kaleratutako oharrean: "Gipuzkoako enpresek estatukoen batez bestekoak baino %14 gehiago ordaintzen dute, eta sektoreko langileek urtean 76 ordu gutxiago lan egiten dituzte bere estatuko lehiakideen aldean". Patronalaren arabera, enpresak "ahalegin ikaragarria" egiten ari dira jardunari eusteko.

Iraileko bileraren ondoren, Garen patronalak ere oharra atera zuen —enpresari txiki eta ertainen interesak babesteko sortu zen Garen—. Salatu zuenez, arte grafikoetako sektorea "Gipuzkoan eta Euskadin orokorrean gutxienekoetan dago, duela urte askotatik ez du bururik altxatzen, eta sindikatuak zentzudunak izan beharko lirateke errealitate horren aurrean". Hala ere, uste du badaudela negoziazio mahaian adostu daitezkeen atalak: "Adegik proposamenik ez egiteak lan gatazka ekar dezake. Sektoreko hitzarmenean akordiorik ez badago, enpresaz enpresa egingo da negoziazioa, eta hori oso negatiboa litzateke beraientzat".

[Herriz herri] Gabiria. Herrian, gaztetasuna potentzia

[Herriz herri] Gabiria. Herrian, gaztetasuna potentzia

Aimar Maiz

. Herri txikia izanda, 490 biztanlerekin eta jarduera ekonomiko apalarekin, auzolana eta herritarren lanerako konpromisoa ditu ardatz Gabiriaren orainaldiak. Etorkizunera begira, gazteak herrian bertan geratzea da erronka, etxebizitza ziurtatuta.

Ostirala, urriaren 21a, arratsaldeko bostak. Gabiriako kirol guneko kantxaren zorua margotu behar dela eta, 25 nerabe ari dira lanean; arrabolak eskuan hartu, eta margo gorrizta zabaldu dute, di-da batean. Beren jolaslekua da, eta, ondo zaintzeaz gain, ez dute makurrik lana egin behar denean ere arrimatzeko.

Larunbata, urriak 22, goizeko zortziak. Kultura Batzordeak sustatutako Hartu-Eman saio bat hastera doa. Perretxikoak dituzte gaur gai, eta, bi herritar aditu gidari hartuta —Iñaki Oiarbide eta Jon Ander Jaka—, basora joan dira gabiriarrak. Arratsaldean, bildutako 50 mota sailkatu eta erakutsi dituzte. Mokadutxoa janez bukatu dute ekitaldia, iluntzean.

Gabiriako herrian azkena izan diren bi auzolanen adibideak dira horiek. Herritar borondatetsuak ditu, lanerako, daukatena emateko eta erakusteko nagirik gabeak. Behar ere bai, udalerri txikia izanik, bizirik jarraitzeko horixe delako baliabide edo diru gabeziaren antidotoa: norberak egitea.

Goierri eskualdean dago Gabiria, 420 metroko garaieran, eta 15 kilometro koadro ditu. Urtearen hasieran 490 bizilagun zeuden erroldatuta. Bi auzo nagusi ditu: Alegia eta Aztiria.

Haur eskola badago —lau ume joaten dira—; HH eta LH ematen duten eskola publikoa ere bai, 29 ikaslerekin, eskola txikien familiakoa. Hiru elkarte daude bertan, eta beste bitan ere ibiltzen dira gabiriarrak, Gabiria parte den aldameneko herrietako auzoetan. Dantza taldea, musika eskola, bertso eskola, eskolaz kanpoko jarduerak haurrentzat, helduentzako yoga edo pilates saioak. Horixe du eguneroko eskaintza.

Urtean behin, han antolatzen dute euskal automobilismo egutegia hasten duen rallyesprinta. Bi mendi lasterketa ere egiten dira; baita bertsolari gazteen Osinalde bertso sariketa entzutetsua eta errezil sagarraren azoka ere. Oihartzuna ematen diote ekitaldi horiek herriari.

Gizarte gihar hori tenkatzeko, eta etorkizuna ziurtatzeko, gaztetasunari heldu nahi dio Gabiriako Udalak. 65 urtetik gorakoak bezainbeste (%21,8) dira ia 20 urte baino gazteagoak (%20,4).

Etxebizitzaren gaia kezka

Udalarentzat etorkizun hurbilerako zaindu beharreko arloa "herriko gazteak bertan geratzea" da. "Gure etorkizuna gazteetan dago, eta nola edo hala gazte horiek herrian bertan gelditzea lortu behar da", dio Arantxa Bidegain zinegotziak, kirol pista auzolanean margotzen ari diren nerabeei begira.

Etxebizitzaren gaia kezka iturri ikusten dute udal arduradunek. "Etxe solte batzuk badaude salgai, baina, noski, ekonomikoki ere egoera ez da oso egokia gazteentzat". Gabiriako etxebizitza dentsitatea 17,8 etxekoa da, hektareako (Goierrikoa 61,3, Gipuzkoakoa 60,3). Biztanle dentsitatea ere eskualdekoa eta herrialdekoa baino askoz txikiagoa du: 33 biztanle kilometro koadroko (Goierrin 194, Gipuzkoan 375). Hutsik dauden familia etxebizitzak, berriz, %25,4 dira: lautik bat, Goierrikoa (%15) eta Gipuzkoakoa (%12,7) baino altuagoa.

"Udalaren jabetzakoa den etxebizitza bakarra daukagu, une honetan, alokairuan. Hutsik dauden etxeak mugitzea bultzatu beharko litzateke, ea horiek nola martxan jarri. Biderik zuzenena hori dela uste dut", azaldu du Iñaki Etxezarreta alkateak (Gabiria Hautesle Elkartea).

Auzoetan begia jarrita

Gabiriako herri gunea 420 metrora dago, eta udalerriaren mutur banatan bi auzo gehiago ditu: Aztiria da herriko bizitoki garaiena (600 metro), eta Alegia beheren dagoena, Irizar autobus fabrikaren parean (207 metro). Gune horietan ere arreta jartzea da udalaren beste jardunbide bat.

"Badugu asmoa datorren urtean Aztiriko tabernara iristeko modua erraztekoa —udal jabetzakoa da eraikina—. Beste auzoetan ere landu nahi dugu zerbait. Gabiriar senti daitezela nahi dugu, eta ez dauzkagula baztertuta", dio Etxezarretak.

Horretarako, baliabide ekonomiko murritza da galga. Industria gutxi du, eta 2008tik jarduera are gehiago murriztu da, enpresa batzuk itxita, edo ekoizpena utzita. Gaur egun, 31 enpresak daukate Gabirian egoitza soziala. Lehen sektorean bakarra dago, bigarrenean hiru, eta gainontzekoak zerbitzuetan edo hornikuntzan.

Udalaren diru iturrientzat muga da hori, eta laguntzen menpe geratzen dira proiektuak: "Orain, adibidez, egin behar ditugun obra guztiek %50etik gorako finantzaketa laguntza daukate. Bestela ez dugu obra hasten", gaineratu du alkateak.

Ordainetan, auzolana, elkarlana eta gizarte konpromisoa indartzen dituzte. Iraupen ekonomia denak gizartearen bizitza suspertzen laguntzen du, azken batean. "Iritzi guztiak entzuten saiatzen gara, eta ondoren horrekin irtenbidea bilatzen. Batzordeak daude, eta babes handia dira udalarentzat. Etsenplua kirol zelaiarena da. Hamar metro laburtu nahi genuen, baina gazteek esan digute ez dutela mozterik nahi. Eta euren nahia egingo dugu. Azken batean, jendeak parte hartzen du, eta hori nahi dugu".

“Pobrezia iraunaraztea ez da justifikagarria”

“Pobrezia iraunaraztea ez da justifikagarria”

Maite Alustiza

Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna baliatuta —astelehenean izango da—, Europako Batasunak AEBekin eta Kanadarekin dituen merkataritza libreko itunen ondorioak salatuko dituzte Donostian. Zero Pobrezia plataformak, beste hainbat gizarte talderekin batera, askotariko ekintzak antolatu ditu TTIP eta CETA itunen kontra. Bizi ala Irentsi leloarekin, gaur hasiko dituzte mobilizazioak. Zehazki, merkataritza itun horiek ekologian, gizartean, enpleguan eta ekonomian izango dituzten ondorioak plazaratu nahi dituzte. Deitzaileek manifestuan ohartarazi dutenez, pobreziak gorabidean jarraitzen du, eta TTIP-CETA onartzeak pobrezia eta desberdintasunak handitzea ekarriko luke, baita giza eskubideak urratzea ere. "Arazo horien aurkako borroka justizia globaleko kontu bat da; izan ere, munduko pertsona guztien giza eskubideak bete daitezela ari gara eskatzen".

Lankidetza Transatlantikoaren Ituna (TTIP) 2013tik ari dira negoziatzen, eta EBren eta AEBen arteko harremanak arautzeko esparru berri bat ekarriko luke; "munduko merkatu handiena". Gizarte eragileen arabera, ordea, merkataritza itun bat baino gehiago da: enpresa handiei egiten die mesede, eta kalte ekoizle txikiei, kontsumitzaileei eta orokorrean herritarrei. Gainera, prozesu osoaren negoziazioa "isilean eta ilun" egiten ari direla salatu dute, "parlamentuen eta herritarren kontroletik at, eta Zuzenbide Estatuaren oinarrizko printzipioak urratuz". Mundu osoko gizarte eragile, sindikatu eta alderdi ugari agertu dira TTIPen kontra, baita zenbait gobernu ere —Alemaniakoa, Frantziakoa eta Austriakoa—.

Oraingoz kolokan daude TTIPen negoziazioak. Irail bukaeran EBko kideek ezinezkotzat jo zuten aurten ituna ixtea, eta AEBetako azaroko hauteskundeak direla medio, etena izango da presidente berriak gobernua martxan jarri arte. Kanadaren eta EBren arteko CETA ituna, aldiz, 2017. urte hasieran sar daiteke indarrean.

Itun horiek alboratu, eta beste eredu ekonomiko eta sozial bat aldarrikatu dute gizarte taldeek: aberastasunaren banaketa zuzena, ingurumenarekiko begirunea eta genero berdintasuna bilduko dituen eredu bat. Horrez gain, zerga politika giza eskubideen betebeharrarekin lotzeko eskatu diete arduradun politikoei; diru sarrerak handitu ditzatela politika publiko hobeak ezartzeko, eta susta dezatela kudeaketa garden eta parte hartzaile bat. "Pobrezia eta desberdintasunak iraunaraztea ez da ez justifikagarria ez saihetsezina, herritarren eta politikarien borondatearen baitakoa baizik. Herritar guztiek aldarrika dezakete horien amaiera, salatuz, mobilizatuz, gizartean parte hartuz".