gipuzkoa

Gazteei besoak zabaltzen

Gazteei besoak zabaltzen

Erik Gartzia

Pasaiako badiako bokaleak ematen dio izena udalerriari, eta Euskal Herrira iristeko —eta hura uzteko— ateetako bat izan da historian. Migrazioen tokia izan da Pasaia. Eta, gaur egun, beste bide batzuetatik bada ere, etorkinak hartzen ditu oraindik ere udalerriak. Adingabe etorri berriei harrera egiteko asmoz, Pasaiako Udalak Ongi etorri, gazte! programa abiarazi du. Helburua da herrian bizi diren gazteek harrera egitea etorri berriei.

“Nire helburua da gutxienez saiatzea nire marka sortzen”

“Nire helburua da gutxienez saiatzea nire marka sortzen”

Imanol Garcia Landa

Kutxa Kultur Moda programak bultzatuta, Gipuzkoako sei moda diseinatzaile berri eta amateur egonaldia egiten ari dira Donostiako Tabakaleran dagoen Kutxa Kultur Fabrika gunean. Bildumak egiteko baliabideak, prestakuntza, sustapena eta aholkularitza profesionala ere jasotzen dute bertan.

Egonaldia egiten ari dira Elena Silvestre (Pispiripispo), Goiuri Unanue & SOIA, Miguel Angel Lima, Saioa Matxain, Julen Linde eta Inge Zubeldia (Alegia, 1993).

Korrika Kulturala: egitaraua

Honako hauek dira Korrika Kulturalaren egitarauan aurki daitezkeen ekitaldietako batzuk:

Bihar

Andoain. Erradikalak gara, Beatriz Egizabal eta Ane Labakarekin. 19:00etan, Bastero kulturgunean. Sarrerak, 8 euro, eta Korrika laguntzaileentzat, 6. Ernaitza liburu dendan eta Bastero kafetegian.

Igandean

Arrasate. Kepa Junkera & Sorginak: Maletak. 20:00etan, Amaia antzokian. 15 euro.

Donostia. Binakako V. Lasterketa: sei kilometroko ibilbidea, hiru modalitatetan: neska-mutil, neska-neska eta mutil-mutil. 10:00etan, Bretxatik. 20 euro bikoteko (aurrez). Izen-ematea: Herrikrosa.eus.

Martxoaren 16an

Zarautz. Bertso Korrika. 20:00etan, Urpekoak elkartean. Markel Eizagirre, Beñat Jauregi, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Ane Peñagarikano.

Martxoaren 19an

Lasarte-Oria. Bertso Korrika: saio musikatua. 19:00etan, Furia Beltza tabernan. Bertsolariak: Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal, Ane Labaka eta Alaia Martin. Musikariak: Ixak Arruti eta Gari Otamendi.

Martxoaren 24an

Donostia. Ez dok hiru!, Mikel Martinez eta Patxo Telleriarekin. 20:00etan, Intxaurrondoko kultur etxean. Sarrerak, 5 euro.

Martxoaren 29an

Ordizia. Bertso Korrika. 18:00etan, erdigunean. Nerea Elustondo, Aratz Igartzabal Potto eta Iban Urdangarin.

Martxoaren 30ean

Hernani. Erradikalak gara, Beatriz Egizabal eta Ane Labakarekin. 20:00etan, Biteri kultur etxean. Sarrerak, 7 euro; AEK euskaltegian eta Biterin.

Apirilaren 1ean

Lasarte-Oria. Erradikalak gara, Beatriz Egizabal eta Ane Labakarekin. 20:00etan, kultur etxean. Sarrerak, 5,5 euro; kultur etxeko leihatilan eta Kutxabanken.

Apirilaren 7an

Tolosa. Ez dok hiru!, Mikel Martinez eta Patxo Telleriarekin. 19:00etan, Leidor aretoan. Sarrerak, 8 euro, eta Korrika laguntzaileentzat, 6. Leidorren eta Ikatza tabernan.

Kultura, euskararen ibilbidetik

Kultura, euskararen ibilbidetik

Maite Alustiza

Zenbaki borobila du aurten Korrikak: hogeigarrena. 1980an egin zuten euskararen aldeko lehen lasterketa, eta martxoaren 30ean abiatuko da 2017koa, BatZuk leloarekin, Otxandiotik (Bizkaia) Iruñera —Gipuzkoan apirilaren 4an sartuko da—. Hogeikoa ez, baina bide majoa egina du Korrikari lotutako kultur ibilbideak ere. 1993an, Korrikaren 8. aldiarekin jarri zuten martxan Korrika Kulturala, Denok maite dugu gure herria euskaraz leloaren bueltan. Aurtengoan ere, askotariko kultur ekitaldiak prestatu ditu AEK-k. Agenda osoa Korrikaren sakelakoetarako aplikazioan kontsulta daiteke.

Europa aintzat, etxegabetzerik egon ez dadin

Europa aintzat, etxegabetzerik egon ez dadin

Maite Alustiza

"Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak argi eta garbi esan du: epemuga aurreratuaren klausula abusuzkoa eta baliogabea da". Rosa Garcia Kaleratzeak Stop plataformako kideak azaldu duenez, klausula horrekin bankuek eskubidea daukate hipotekaren kuota bat pagatzen ez denean bezeroari mailegu edo zor guztia erreklamatzeko. Urtarrilaren 26an eman zuen epaia Europak; horren ondotik, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak galdera bat egin dio: klausula baliorik gabea izan arren, ea jarrai dezakeen hipoteka exekuzioarekin. Gorenaren jarrera hori salatu du plataformak, eta Europari kasu egiteko deia egin die Gipuzkoako epaileei.

[Museora] Ibarraundi museoa. Erdi Aroko jauregia, museo bihurtua

[Museora] Ibarraundi museoa. Erdi Aroko jauregia, museo bihurtua

Eider Goenaga Lizaso

Kulturaren transmisioarekin kezkatuta zegoen herritar, irakasle eta guraso talde batek jarri zuen Ibarraundi museoaren lehen harria, 1980ko hamarkadan. "Kezkaz ikusten zuten gurasoek bertan jaiotakoen umeek eta kanpotik etorritakoen umeek ez zutela kulturaren transmisioa modu berean jasotzen, eta orduan pentsatu zuten inguruko baserrietara joan, lanabesak-eta bildu eta horrekin erakusketa bat egitea", azaldu du Saioa Altzua Ibarraundi museoko langileak (Arrasate, 1975).

Irakaslearen gorrotoa

Leire Narbaiza

Gaur, idazten jarri aurretxoan, izan dudan irakaslerik txarrena ikusi dut. Txarrenetan txarrena. Sailkapena egitea gaitza bada ere, bera dago desohorezko lehenengo postu horretan. Bigarrenari alde handia atera diola esan dezaket, gainera.

“Egunerokoarekin jarraitzea da giltza”

“Egunerokoarekin jarraitzea da giltza”

Ariane Vierbücher

Orain dela hogei urte baino gehiago diagnostikatu zioten epilepsia Eluska Arrietari (Beasain, 1981). Gaur egun, Gipuzkoako Epilepsia Elkarteko idazkaria da; gizartea epilepsiaren inguruan sentsibilizatzeko lanean ari dira. Horretarako jarri dute abian Elkar Ezagutzen proiektua.

Zer da epilepsia?

Gaixotasun neurologiko kroniko bat da. Neuronek seinaleak modu anormalean transmititzean gertatzen da. Neuronen ohiko jarduera asaldatzen da, eta hainbat ondorio izan ditzake: sentsazio, emozio eta jokabide arraroak, muskulu espasmoak eta konorte galera. Bat-bateko krisi moduan agertzen da, itxuraz arrazoirik gabe. Krisiak aldizkakoak izaten dira, eta maiztasun finkorik gabekoak.

Zer dira epilepsia krisiak?

Bat-batean eta ustekabean agertzen den manifestazio klinikoa da, garuneko neurona gutxi-askoren jarduera ezohiko eta bat-batekoen eraginez sortzen dena. Normalean, bukatu ere modu bizkorrean bukatzen da. Esan daiteke epilepsia duten pertsona adina krisi mota daudela. Dena den, bi talde nagusitan banatu daitezke: absentzia krisiak eta krisi orokortuak.

Zeintzuk dira bien artean dauden ezberdintasunak?

Absentzia krisia jarduera kontzientearen etenaldi labur bat da, eta, ondoren, pertsona bere onera bueltatzen da. Horrelakoetan, pertsonak begirada finkoa izaten du, eta uneko jarduera eteten du. Hezitzaileak pentsa dezake arreta gabeziarekin edo bestelako jokabideren batekin lotuta dagoela. Nik neuk horrelakoak izan ditut.

Krisi orokorrak dituztenena izango litzateke bigarren taldea, konbultsioengatik ezagunagoak. Horiek erraz identifika daitezke, oso bortitzak baitira; pertsonak bat-batean konortea galtzen du, eta lurrera erortzen da eta gorputz osoko muskuluen astinaldi erritmikoak eta kontrolatu gabeak jasaten ditu. Sintoma nagusienen artean daude gorputz adarrak zurruntzea, aurpegiak tonu urdinxka hartzea... Ezpainak more jar daitezke eta mihiari hozka egin diezaiokete, edo ahotik listua bota.

Noiz detektatu zizuten epilepsia zuri?

12 urte nituenean izan nuen lehenengo epilepsia krisia. Amarekin nengoen etxean, eta arraro portatzen hasi nintzen, atentzioa galduko banu bezala izan zen, somnanbulu egongo banintz bezala edo robot bat bezala. Horrelako portaera arraroak izaten hasi nintzen aldian-aldian. Krisi partzial bat zen izan nuena, eta gauzak egiten jarraitzen nuen inkontzienteki. Handik gutxira, berriz ere izan nuen horrelako beste bat. Gurasoek dena apuntatzen zuten. Harrituta zeuden haiek ere, eta medikuarengana joan ginen, portaera haren arrazoiaren bila.

Nolakoa izan zen garai hura?

Froga desberdinak egin zizkidaten. Epilepsiaren fokua lokalizatzea kostatu zitzaien medikuei, beti leku berean ez zegoelako. Epilepsia nuela diagnostikatu zidatenean, botikak hartzen hasi nintzen. Ez da batere erraza izan egonkortzea, nire neurologoak esan bezala, epilepsia bihurria dudalako; hau da, botikei erresistentea naizelako. Organismoak botikei ez zien kasurik egiten. Neurri oso txikian egiten zidaten efektua. Hori dela eta, 21 urte pasatu ditut hainbat botika probatzen, epilepsia egonkortzea lortu arte.

Epilepsia nuela onartzea prozesu luzea izan da; nerabea nintzen orduan, eta ez nuen oso ongi ulertzen zer gertatzen zitzaidan. Epilepsia bera baino okerragoak izan dira niretzat horrek sortzen dizkizun arazo psikosozialak.

Zeintzuk dira epilepsia duzuenen ohiko arazoak?

Jendearen aurrean krisi bat izateko eta haiek gu baztertzeko beldurra. Murrizketak lan, gizarte eta kirol arloetan. Integrazio psikosozialaren beharra, autoestimu apala, gehiegizko babesa, etorkizunari buruzko ziurgabetasuna, gaixotasunari buruzko informaziorik eza eta mitoak... Faktore horiek guztiak gaixotasuna bera baino kaltegarriagoak izan daitezke. Niri elkartera joateak asko lagundu zidan, epilepsia duten beste pertsona batzuk ezagutu nituelako. Epilepsia nuela onartzen ikasi nuen, eta baita jendaurrean ziurtasunez jokatzen ere. Arazo nagusiak saihesteko, ezinbestekoa da gaixotasuna onartzea eta harekin bizitzen jakitea; egunerokoarekin jarraitzea da giltza.

Zein da Gipuzkoako Epilepsia Elkartearen zeregina?

Elkartera iristen direnen bizi kalitatea hobetzen saiatzen gara, bai pazientearena eta bai haien familiakoena. Epilepsiaren inguruko informazioa eta laguntza ematen diegu. Psikologo bat eta gizarte hezitzaile bat ditugu, behar izanez gero. Horretaz gain, lan munduko diskriminazioei aurre egiten laguntzen dugu. Epilepsia duten haur eta gaztetxoen artean integrazioaren alde ere lan egiten dugu; horretarako jarri genuen abian Elkar Ezagutzen proiektua. Horrez gain, bazkideen arteko partaidetza eta elkar laguntza sustatzen dugu, eta elkarbizitza tailerrak ere egiten ditugu.

Zer da Elkar Ezagutzen?

Gipuzkoako hezkuntza zentroetan epilepsia ezagutarazteko sortu den hezkuntza arloko esku-hartze proiektu bat da. Proiektu hori Gipuzkoako elkarteak sortu du, kideen eta psikologoaren artean. Epilepsia duten haurren hainbat familiak azaldutako hainbat beharri erantzuna emateko asmoarekin sortu zen ideia, eta gutxika forma ematen aritu gara, proiektua osatu arte. Ikasleen adinetara egokiturik dago, beraien adimen gaitasuna kontuan izanik. Proiektu honetan egindako lanak beste arlo askotan lan egiteko balioko digu; lan munduan eta instituzio publikoetan, besteak beste.

Haur askoren gurasoak pasatu dira elkartetik beraien diskriminazio egoerak kontatzera, eta behar hori ikusi genuen. Horrez gain, nerabeen egoera latzak ere entzun ditugu, eta oraindik Gipuzkoako hezkuntza zentro askotan ez daude behar bezala prestatutako profesionalak. Testigantza horiek baliagarriak izan dira zertan oinarritu jakiteko.

Kanpaina horren barruan bideo bat aurkeztu duzue orain dela gutxi.

Bai. Hemengo kirolari ezagun batek parte hartzea nahi genuen, kanpainak oihartzun handiagoa izateko, eta Iker Irribarriak lagundu digu. Idiazabalen grabatu genuen, Aita Iparragirre ikastetxeko ikasleekin. Bideoak kasu erreal bat izan daitekeena kontatzen du; hau da, epilepsia absentzia-krisiak dituen haur baten istorioa. Eskoletan epilepsiaren inguruan kontzientzia hartzeko sortu dugu bideoa, eta lan horretan ari gara dagoeneko.