gipuzkoa

“Ez dakit zer eginez, baina euskarari eutsi egin behar diogu”

“Ez dakit zer eginez, baina euskarari eutsi egin behar diogu”

Ama zena oso irakurzalea eta bizkorra zuela kontatzen du Ixabel Olanok (Beasain, 1925). Berak ere gogoko du irakurtzea; gurpil aulkiko poltsan gordeta eramaten du liburu elektronikoa. Beasaingo ikastolako lehen andereñoa izan zen. 25 urtez jardun zuen bertan irakasle, 1990ean erretiroa hartu zuen arte. Eskoletara joatea gustukoa zuela dio; aurrena kontabilitatea eta gero irakasletza ikasi zituen.

Irakasle ikasketak bukatu ahala, Aiako San Pedro auzoko eskola sortu berrian jardun zuen bi urtez. Gero, ordezkapen bat egitera joan zen Azkoitiko Madariagara. "Ondoren, oposizioetara aurkeztu nintzen, baina ez nituen atera". Ezkondu eta lau seme-alaba zituela jaso zuen Beasainen sortu nahi zuten ikastolan andereño aritzeko proposamena.

Gure Esku Dago-k eta Agirre Lehendakaria Center fundazioak datorren asteazkenerako Beasainen antolatu duten mahai inguruan parte hartuko du Olanok. Harekin batera solasean Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohia, Jose Manuel Castells zuzenbide arloko katedraduna eta Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramailea ariko dira. Beasaingo Usurbe antzokian izango da, 19:00etan.

Beasainen ikastola sortu behar zutela-eta andereño izateko proposamena jaso zenuen orain 50 urte.

Beasaingo gizonezko talde bat etorri zitzaidan; beste herrietan ikastola funtzionatzen ari zela, eta Beasainen sortzekotan zirela-eta beraiekin hasiko al nintzen galdezka. Beasainen euskararen egoera triste-triste zegoen; etxean bakarrik egiten genuen euskaraz, ez eskolan, ez kalean, ez inon-inon. Niri egoera horretan egoteak pena ematen zidan, eta nik zerbait egitea baneukan egingo nuela, eta hasi egin nintzen.

Nola gogoratzen duzu Beasaingo ikastolaren hasiera?

Oso egoera txarrean hasi ginen. Etxebizitza bateko portalean sartu, dozena bat eskailera zeuden behera, eta han behean zegoen bi etxebizitzaren azpiko alde guztia zen lehen lokala. Zorua porlana zen. Aurretik, Lazkaoko ikastolan egin nituen praktikak. Han apaiz etxe batean zeuden; zorua gaztain egur zabal gozokoa zuten, eta umeak alfonbra gainean egoten ziren. Guk, ordea, ez geneukan materialik eta ez dirurik alfonbra borobil bat erosteko ere. Alfonbra estu eta luze bat erosi, lauki itsusi bat osatu, eta hantxe gainean esertzen ziren haurrak. 4 urteko 26 ume ziren, eta gustura joaten ziren ikastolara. Komunik ere ez genuen, eta etxetik pixontzi txiki bat eta baldea eraman nituen. Pixontzian gustura egiten zuten umeek, eta gero nik garbitzen nituen ondo-ondo pixontzia eta baldea.

Gero ikastola handitzen joan zen.

Bai, eta beste lokal hobeago batzuetara joan ginen. Herriaren Porteri aldean eta gaineko aldean sukurtsalak genituen; leku handi bat ez geneukan, eta batetik bestera ibili behar izaten genuen. Aurrena ni nintzen andereño, gero bi, gero dozena erdi... eta umeak ere gehitzen joan ziren, eta gero Lizeoa sortu zen.

Zuk ikasketak erdaraz eginda edukiko zenituen. Ikastolan eskolak euskaraz emateko materiala nondik lortzen zenuen?

Hasieran ez zegoen ezer, Martin Txilibitu eta Xabiertxo besterik ez. Ikastola Elbira Zipitriak hasi zuen Donostian, eta erabiltzen genuen metodoa harena zen. Idazten eta irakurtzen txotxekin ikasten zuten umeek: hizkiak, zenbakiak... Hizki larritan, noski, eta gero arkatza hartzen zutenean ere hizki larriz hasten ziren idazten. Baina gogoa jarriz gero eta saiatuz gero dena lortzen da. Umeentzat erakargarria izan zedin ahalegintzen ginen.

Jardunez gero emaitza ikusten dela diozu. Asteazkeneko mahai inguruan ere hori azalduko al duzu?

Ekinez egin-edo du gaia mahai inguruak, eta zerbait nahi duzunean, nahiz eta izugarri kostatu, saiatzen bazara lor dezakezula azaldu nahi dut. Beste ikastoletan errazago egingo zuten agian, baina Beasainen bertan, hasierako bost guraso horiek arduratu ez baziren, ez zen ikastolarik izango. Ikastolen mugimendu hau Elbira Zipitriak hasi zuen, Donostian, eta zabaltzen joan zen. Beasaingoaren aurretik Lazkaon martxan zegoen, han apaiz bat bazegoelako horretan jardun zuena. Beasainen ere elizaren menpean hasi zen: Escuela Parroquial Nuestra Señora de Loinaz bezala hasi zen ikastola, elizaren babesean. Bestela ez zen hasiko, eta, hala ere, Guardia Zibila etortzen zen.

Zertara joaten zitzaizuen Guardia Zibila ikastolara?

Lehenengo urteetan guardia zibilek ez ziguten bakean uzten. Aurreneko etxe azpi hartatik beste lokal batera pasatu ginen, eta gero mojek eduki zuten ikastetxe batera. Handik berehala, Beasaingo festetan, guardia zibilak etorri zitzaizkidan etxera, ikastolak ematen genituen tokia miatu behar zutela esanez. Ni eta beste andereño bat han joan ginen bi guardia zibilekin ikastolara. Lurrean sarreran zegoen kirolerako poltsa bat irekitzeko eta sabaian zegoen ganbararako tranpala irekitzeko eskatu zidaten, eta nik miatzera etorri zirenak eurak zirela erantzun nien. Orduan, irakasletza ikasketarik ez zeukaten laguntzaileak ibiltzen ziren ikastolan, eta maistrarik ez zegoen susmoa zeukaten. Irakaslea al nintzen galdetu zidaten, eta etxeraino bila joan eta ikasketetako titulua erakutsi behar izan nien.

Zuek zuenari eutsi eta aurrera egin zenuten ikastolarekin. Gaur egun nola ikusten duzu egoera?

Ikastolena sortuta dago, eta ari dira. Orain, nik ez dakit zer egin behar dugun, baina euskarari behintzat eutsi egin behar diogu; ez dakit zer egin behar bada ere, horri eutsi egin behar zaio. Euskarari bultzada handi bat eman zaio, eta jarrai dezala horrelaxe. Nire ume denboran oso-oso tristea zen; etxean bakarrik hitz egin genezakeen euskaraz. 90 urte beteko ditut azaroan, eta nik zer egin behar dut ba orain... Guk egin genuenak zerbaitetarako balio badu, konprenitzen badute zer egin genuen... Ikastolan lanean nenbilela haur bat izan nuen, beste gazteenarekin 12 urteko aldearekin. Gabonetako oporrak santomas inguruan izaten dira; oporrak hartu, Gabon egunean 24an haurra izan, eta urtarrilaren 7an ikastolan hasi nintzen berriro. Izeba bat neukan etxean, eta asko balio zuen, eta baneukan norekin utzi umea. Gero, eguerdian ordu erdi lehenago ateratzen nintzen ikastolatik umeari bularra emateko.

Asteazkeneko mahai inguruan parte hartzeko gonbita gustura hartu al duzu?

Asko aztoratu nintzen; jende aurrean tutik ez dut balio. Andereño nintzela ere, okerren-okerren gurasoen bileran pasatzen nuen. Guraso bakoitzarekin bakarka ondo moldatzen nintzen. Baina nire aurrean guraso piloa ikusten nituenean, puf! Eta nik ez dakit zergatik den. Ordea, bukatutakoan gustura ateratzen nintzen.

Balioekin ttunttunka

Balioekin ttunttunka

Lotu, josi, heldu. Usurbildarrek hiru hitzokin harilkatu dute Kilometroetako Lotzen Gattunk abestia. Hariak eta sokak asko dira, eta hiru aurtengo jaiaren ardatzak: parekidetasuna, inklusibotasuna eta iraunkortasuna. Atal horiek lantzen aritu dira urte osoan zenbait batzordetan; egindako lanketaz eta igandean izango diren aukerez hitz egin dute lantaldeetako kideek:

PAREKIDETASUNA
Elkarlana eta protokoloa

Neska bat ageri da lantegian, beste neska bat baratzean, eta emakumea da anguletan dabilena ere. Kilometroetako Lotzen Gattunk abestiaren bideoklipean agertzen dira hirurak, "tradizionalki gizonezkoen lan gisa definituak izan diren zereginetan". Garazi Lizaso Manterola (Usurbil, 1992) Parekidetasun Batzordeko kideak dioenez, egunerokoan barneratuta dauden eta, ondorioz, arretarik eskaintzen ez zaien hainbat jokabide hautsi eta bistaratu nahi izan dituzte horrela: "Genero rol edo joerei lotutako estereotipoak, hain zuzen ere". Kantuaren hitzetan ere jarri dute arreta: "Usurbilgo kaleetan horren entzuna dugun hikaren eta horren isil(du)a dugun nokaren aurrean, noka nabarmentzeari eman diogu lehentasuna".

Abestiarena adibide bat baino ez da. Jai ereduen inguruko hausnarketa ikuspegi feminista batetik egin dute, eta eremu ezberdinetan landu nahi izan dute parekidetasuna: antolakuntzan, egitarauan, komunikazioan eta indarkeria sexistaren sentsibilizazioan, horren prebentzioan eta erantzunean.

Eragile feministekin eta instituzioekin elkarlanean lan egin dute, eta, besteak beste, eraso sexisten aurkako protokoloa osatu dute. "Protokoloak ez du biltzen eraso bat izango litzatekeen balizko kasuan horren erantzuna soilik; indarkeria sexistaren sentsibilizazioa, erasoen identifikazioa, ligoteo sanoaren aldeko kanpaina, hau da, prebentzioa ere biltzen du". Igandeari begira, norbaitek eraso sexistaren bat pairatzen badu, jai gune bakoitzeko sorospen postura jotzea aholkatu dute.

Lizaso Manterolaren arabera, orain arteko festaren ereduak "hutsune asko" zituen: "Horren adibide garbia da batzorde batek ez duela landu gaia, eta zehar lerro gisa ere ez dela landu. Ez da inongo irizpiderik kontuan hartu jaialdi parekide bat antolatzeko orduan, ezta egitarauan edota komunikazioan ere". Festak, oro har, "bigarren mailako eremutzat" hartuak izan direla uste du Lizaso Manterolak. "Ez da hala. Jaiak errealitateko balioen adierazleak dira. Azken finean, errealitatearen isla".

Usurbilen beharrezko ikusi dute jaietan ere ikuspegi feminista txertatzen joatea, "egungo egiturazko zapalkuntza guztiei" aurre egiten hastea. "Guk eraikitakoa guk alda dezakegu. Eta, bide horretan, jai parekideen aldeko jardunari ekin nahi izan diogu".

Orain arte gaia "nahiko ikusezina" izanda, parekidetasunaren alorrean urratsak egiten hasteari berari garrantzia eman diote. "Aurtengotik aurrera eraso sexisten gai ikusezina kontuan hartzea, horien aurkako mezuak barneratzea eta erasoak identifikatzea ez litzateke pauso eskasa izango".

Egunean bertan, eremu ezberdinetan txertatuko dute gaia, hala nola emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatzen, boluntarioen arteko lan banaketa sexuaren arabera ez egiten eta genero rolak hausten... "Ligoteo sanoaren aldeko kanpaina ikusi eta entzun ahalko da, eraso sexistak identifikatzen lagundu diezaguketen kartelak ere zirkuitu osoan egongo dira, musika taldeetan emakumeen presentzia ere bermatu nahi izan da…". Aurten pauso batzuk aurrera eman dituzten arren, "asko" dago egiteko: "Oraindik bidea luzea da. Emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatzetik, taldeen mezu eta edukiak kontuan hartzera egin behar dugu salto, baita genero rolekin amaitzera ere".

INKLUSIBOTASUNA
Denontzako jaia

Pedagogia eta sentsibilizazio dinamika martxan izan du urte osoan Guztiok Gattunk batzordeak. "Hazitxo batzuk" erein dituzte inklusibotasunean: "Guztiok kontura gaitezen denak gizarte berean gaudela, denok garela horren partaide, eta gauzak egiterakoan, hezkuntzan, lan arloan eta aisian, unibertsaltasunean pentsatu behar dugula". Begoña Izeta (Usurbil, 1964) batzordeko ordezkariak azaldu duenez, hiru eremutan jorratu dute inklusibotasuna batik bat: Udarregi ikastolan, herrian eta Gipuzkoa mailan.

Ikastolan, proposamen pedagogiko bat jarri dute martxan, unitate didaktiko bat ariketa inklusiboekin, Lehen Hezkuntzarako. "Lan garrantzitsua izan da. Lau haizeetara barreiatu bai, baina etxetik hasi behar da". Ebaluazioa egingo dute gero. Horrez gain, kirol egitasmoak ere izan dira ikastolako soinketa klaseetan; adibidez, teknifikazioa landu dute gurpildun aulkian daudenekin batera.

Herria izan da inklusibotasuna lantzeko beste eremuetako bat. Horren adibide da hainbat herritarren artean egin duten Jendartean bidaide antzezlana. Bigarren emanaldia inprobisatu behar izan zuten, eta deiak jaso dituzte beste herri batzuetara eramateko. Gipuzkoa mailan, berriz, dekalogoa aurkeztu die Guztiok Gattunk batzordeak eragileei. "Erantzun polita" jaso dute, atxikimendu ugari; erakundeak ez ezik, enpresak, kirol arlokoak eta abarrak daude tartean.

Gainerako lantaldeek bezala, bilerak egin dituzte urte osoan, eta bertaratu ezin zutenen iritziak posta elektronikoz jaso dituzte. Bide askotatik jaso dituzte ekarpenak; hala ere, arazoak egunerokoan dituztenen aldetik sentsibilizazio gehiago nabari du Izetak: "Ezgaitasuna guztiok daukagu; mota askotakoa izan daiteke, ikusten ez dena ere bai. Baina egia da alaba, iloba edo gizona gurpil aulkian badaukazu egunerokotasuna zaildu egiten zaizula, eta beti ateratzen da kontzientzia gehiago halako jendearengandik".

Egunari begira, zirkuitua guztiontzako egokitu dute. Hala ere, saihetsezinak diren hainbat traba badaude: aldapak. Dena den, ibilbidearen %95ean porlana izango da, gurpil aulkian joateko egokia. Aldapek duten desnibela esku orrietan adieraziko dute: "Ez da gurpil aulkian doana bakarrik; bikiak organ daramatzanak ere planifikatu beharko du bidea". Porlan gabeko bideetan, alternatiba egongo da: laguntzaileak jarriko dituzte beste bide batzuetatik pasatu eta gero zirkuitura itzultzeko.

Guneetan ere, inklusibotasuna lantzeko zenbait ekintza prestatu dituzte. Bereziki landu dute ikastolen artean egin ohi duten Erronka: aurten, gaitasun ezberdinen neurketa jarri dute deman, joko ezberdinekin; taldeak zabaldu egin dira, frogak banatu... 21 ikastetxek parte hartuko dute, eta denak iritsiko dira finalera; tarteko frogak ez dira filtro izango.

IRAUNKORTASUNA
Ez sortzea helburu

Hondakinik onena sortzen ez dena leloa izan du goiburu Ingurumena eta Garbitasuna Batzordeak. Lantaldearen izenean, Ainhoa Arrozpidek dio (Usurbil, 1973) orain arte garbitasunera mugatu izan dela ingurumenarekin lotutako atala, eta, aurten, hori aldatu nahi dute: ingurumenean eragin, ondoren garbitu beharrekoa ahalik eta gutxiena izan dadin.

Igandeari begira, hainbat neurri edo proposamen egin dituzte ildo horretatik. Usurbilera iristeko, esaterako, bizikleta martxa antolatu dute Donostia eta Usurbil arteko bidegorria aprobetxatuz. 09:30ean aterako da Alderdi Ederretik, 10:15ean pasatuko da Lasarte-Oriatik eta 11:00ak aldera sartuko da Usurbilen.

Jairako produktuak gertuko hornitzaileekin hitzartu dituzte, ahal zuten neurrian; eta festa garaian ere egongo dira aldaketak: freskagarriak ez dituzte aluminiozko latan zerbitzatuko; sagardo, ardo eta txakolinaren botilak berreskuratu egingo dituzte; eta iturriko ura kontsumi dadin, herriko iturriak seinaleztatu, txosnetan iturri gehiago jarri, eta sustapen mezuak zabalduko dituzte. "Botilako uraren beharra multinazionalek artifizialki sortua da. Garestia da botilako uraren iruzurra. Iturrikoa baino mila aldiz gehiago ordaintzen da. Gainera, petrolioz eginda dauden plastikozko botilek gure airea, itsasoa, ibaiak eta lurra kutsatzen dituzte, besteak beste. Usurbilen badaukagu hori saihesteko aukera: iturriko ura, primerakoa, oso ona eta doan".

Edalontziak berreskuratzen ere indar berezia jarri dute. Basoengatik gordailu gisa utzitako dirua berreskuratu ahal izango da gune guztietan, eta, horretaz gain, bereziki festaren bukaeran, edalontziak itzultzeko eskatuko diete festazaleei. "Horrela lortuko da urtero edalontzi berri pila berriro fabrikatu beharrik ez izatea".

Birziklatzeari dagokionez, berriz, sortuko diren hondakinak ez nahasteko "nahikoa baliabide" jarriko dituzte. Hondakin organikoak hiru gunetan egokitu dituzten konpost guneetan jarriko dituzte une berean. Higienearen atalean, komun idorrak egongo dira gune batean: "Zerrautsa botaz dena konposta egiteko eramaten da. Horrela egiten dute Lekornen [Lapurdi] ospatzen den EHZ musika jaialdian. EHZko kideen laguntza izango dugu".

Jaia ahalik eta modurik iraunkorrenean garatzeko ahalegina egin dute. Horretarako, aurrelanketan jarri dituzte indarrak. Kilometroekin lotura duten praktika guztietan, publiko zein pribatuetan, iraunkortasun irizpideak kontuan hartzen saiatu dira; urte osoko ekintzetan ere aintzat hartu dute iraunkortasuna: salmenta puntuetan, herriz herri ibili den puntu ibiltarian eta herrian zabaldu den dendan, adibidez, poltsa berrerabilgarriak banatu dituzte, eta ekitaldietan eta prentsaurrekoetan iturriko ura lehenetsi dute. Maiatzean, Kilometroak Kultur Elkarteak Zero Zabor hitzarmena sinatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta, bide horretan, pausoak ematen doaz murrizketan, berrerabiltzean eta birziklatzean.

“Inbidia pasatuko dut, baina ni orain ez nago txapelketako txipean”

“Inbidia pasatuko dut, baina ni orain ez nago txapelketako txipean”

1995az geroztik, Gipuzkoako eta Euskal Herriko bertsolari txapelketa guztietan parte hartu du Aitor Sarriegik (Beasain, 1976), baina duela urtebete erabaki zuen aurtengo Gipuzkoako txapelketan ez parte hartzea. Beasaindarrak aitortu duenez, "arraroa" egiten zaio txapelketa martxan izan eta bera hor ez egotea. Urtebeteko epea du orain Euskal Herrikoan parte hartuko duen ala ez erabakitzeko.

Zergatik egin diozu uko Gipuzkoako txapelketari?

Erabakia ez zen erraza izan, batik bat beti gustatu izan zaidalako aukera daukana txapelketara aurkeztea. Hori defendatu izan dut nik. Baina egia da nekatuta nengoela; eten bat behar nuen. Hogei urte dira txapelketan lehenengo aldiz kantatu nuenetik, eta ordutik hamar txapelketatan kantatu dut: bost Gipuzkoakotan eta bost Euskal Herrikotan.

Horrek esan nahi du bi urtetik behin txapelketa bat jokatu duzula.

Bai, eta desgaste handia sortzen du horrek. Azkenekoetan bukaeraraino iristeko zortea izan dut, eta horrek aukera ematen du txapelketan geroago hasteko. Baina aurrekoetan hasieratik hasten nintzen, eta asko nekatzen du horrek. Duda handiarekin, baina aurtengorako ez dut izenik eman. Martxan jarri denean konturatu naiz hala behar zuela. Seguruenera gero inbidia pasatuko dut, baina ni orain ez nago txapelketako txipean. Atsedena behar dut. Adin klabera iristen ari naiz.

Zein da adin klabea? 40koa?

Bai. Gehientsuenek adin horren bueltan zirt edo zart egiten dute. Jendeari ez zaio iruditzen, baina, atzera begiratuz gero, Sebastian Lizasok 40 urteren bueltan utzi zion txapelketari. [Unai] Iturriagak orain dela bi urte kantatu zuen azkenekoz Euskal Herrikoan; nik orain berak zeukan adina daukat. [Andoni] Egaña ariko zen luzeen, Euskal Herriko txapelduna zelako. Gipuzkoakoan, Aitor Mendiluzek azkena 2007an kantatu zuen, Maialen Lujanbiok 2003an...

Txapelketa zalea izan zarela esan duzu. Txapelketetan emaitza onak lortu izan dituzu.

Bai, zapore gozoarekin geratzeko zortea daukat. Parte hartu dudan txapelketetan, taldekoetan ez, baina Gipuzkoakoan eta Euskal Herrikoan, beti finalerdietara iritsi naiz. Azkeneko lautan finalera ere bai. Txapelketa gustatzen zait. Txapelketan, plazan ez bezala, zeure burua estutzen duzu. Jendeak ere desberdin entzuten du txapelketako saioa. Txapelketan jendea prest egoten da minutu eta erdian isilik egoteko bertsolariak hiru bertso pentsatzen dituen bitartean. Beste ahalegin bat egiteko aukera daukazu, jendeak aukera ematen dizulako. Plaza batean inork ez dizu itxoiten minutu eta erdi hiru bertso botatzeko. Makineriaren erreboluzioa topean jartzeko toki bat da txapelketa, eta niri gustatzen zait. Ona da zure mugekin topo egiten duzulako.

Zer eman dizu txapelketak?

Gauza asko: bestela kantatuko ez nuen toki askotan kantatzeko aukera, jende asko ezagutzeko aukera, momentu eta toki nahiko pribilegiatuetan egoteko zortea...

Entzuleak ere erakartzen ditu txapelketak. Lehenengo kanporaketan, Beasainen, Usurbe antzokia txiki geratu zen.

Berez, bertso saio arrunt bat errazagoa da kontsumitzeko, baina lehiak jendea erakartzen du. Adibidez, udazkenean Beasainen urteroko bertso saioak harrera ona izaten du, baina harrera ona esaten dugunean, antzokiaren beheko aldea bete samartuta egotea esan nahi du, 100-200 lagun elkartzea. Ez da harrera txarra beste herrietan ikusten denarekin konparatuta. Txapelketan, antzokia beteta eta jendea sarrerarik gabe geratu zen, final-zortziren batean eta jendearentzat hain ezagunak ez ziren bertsolariekin. Lehiak garrantzia du, garbi dago.

Bertsolari gazteentzat erakusleiho ona izaten da txapelketa.

Bai, txapelketa guztietan ikusten da badatorrela labealdi berria. Udaberriko saiotik pasatutakoak dira orain dabiltzanak, eta jende gehiago gelditu da kanpoan. Gustatuko litzaidake berri horietako batek kalitateko salto bat edo sorpresa bat ematea. 2011n Gipuzkoako txapelketan parte hartu zuten gazte horietatik inor ez zen finalaurrekoetara pasatu, eta inor ez zen sailkatu Euskal Herrikora. Gipuzkoarrik gazteenak 24-25 urte zeuzkan; lehenengo loraldikorik ez zegoen. Aurten gustatuko litzaidake horrelako zerbait ikustea, bestela, inbutu sentsazioa sortuko litzateke. 25-40 urtera arteko jende asko dago, eta ez dute langa hori pasatzen. Aurpegi berriak ikusi behar dira.

Belaunaldi berriak badatoz: bertso eskolek egiten duten lan onaren adierazgarri da hori.

Bai, baina bertsolariak bakarrik ez dira sortu bertso eskolatik; bertsozaleak, epaileak, gai-jartzaileak ere sortzen dira. Jende berri asko sartu da aurten, eta hori ere bada, hein batean, bertso eskolen ondorio.

Ausartzen zara finalisten pronostikoren bat egiten?

[Beñat] Gaztelumendi, Alaia Martin, [Jon] Maia, Agin Rezola, Unai Agirre... hor nonbait ibiliko da. [Jexux Mari] Irazu ere hor dago. Iñaki Apalategi beasaindarrak ea aurrekoa bezalako txapelketa egiteko zortea daukan. [Iban] Urdangarin ea gustura gelditzen den egiten duen lanarekin. Gazteren bat sartzea ere gustatuko litzaidake, batez ere goierritarren bat, Aitor Irastortza, Aratz Igartzabal edo Gemma Urteaga. Ea salto bat egiten duten, bertsotan jarraitzeko ilusioa izan dezaten.

Emakumezkoen presentzia ere handia da txapelketan. Bertso saioetan nabaritzen da emakumearen presentzia?

Nik uste dut baietz. Mugimendu handia dago gaur egun gai horretan, eta uste dut hausnarketa askotan gizarteko beste arlo askoren aurretik doala bertso mundua, tiraka bezala. Emakumezko bertsolariak oskoletik atera ezinda bezala sentitu dira, paper jakin bat bete beharrean. Gero eta kontzienteagoak gara gizonezkoak ere emakumezkoen rol horretan; lanketa handia ari da egiten.

Bertsolaritza osasuntsu dago?

Osasuntsu dago, bai, baina txapelketako saioetako jende kopurua ez da termometro egokia. Bertsolaritzaren osasuna neurtzen du herrietan antolatzen diren saioetako ikusle kopuruak, bertso inguruko bestelako emankizunek zenbat jende mugitzen duten, ikastetxeetan zenbat jenderengana ari den iristen bertsolaritza...

Euskal Herriko txapelketara aurkeztu ala ez pentsatu al duzu?

Urtebete daukat pentsatzeko, baina momentu honetan ez daukat pentsatzeko gogorik. Ez naiz ausartzen esatera joango naizen ala ez, baina iruditzen zait joango naizela. Hori bai, joaten baldin banaiz, azkenekoa izango da. Orain bezala, nekatuta eta itota harrapatzen banau, ez naiz joango; gogo edo ilusio gehiagorekin harrapatzen banau, bai. Egia esanda, azkeneko oroitzapena polita daukat, eta hori ez da txarra.

Saio baterako deitzen dizutenean ilusioz hartzen al duzu deia?

Ilusio handia egiten du, bai. Beti esaten da toki batetik lehenengo aldiz deitzen dizutenean ilusioa egiten duela. Baina bigarren aldiz deitzen dizutenean? Dei bat jaso eta ilusioa egiten didan bitartean bertsotan aurrera jarraituko dut.

Zenbat saio egiten dituzu urtean?

Azkeneko urteetan 60-80 artean nabil. Gustura nabil, baina askotan astelehenean nekatuta iristen naiz lanera.

Atzerrian ere, euskara bizirik

Jose Miguel Ramirez kolonbiarra da. Tolosan da egunotan, eta estreinako aldia du Euskal Herrian. Bidaia lurraldea ezagutzeko eta Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko baliatu nahi du. Izan ere, Kolonbiatik sekula irten ez arren, euskaraz hitz egiten du. 1998. urtean irrati batean entzun zuenetik egin zitzaion interesgarri, eta, pixkanaka, liburuen eta pelikulen bitartez eta Internet bidez egin dituen lagun euskaldunekin izandako elkarrizketatxoekin, euskara barneratuz joan da, menderatu arte.

Kolonbiako hizkuntza irakasle horren lekukotza eta gisa bereko beste hainbat pertsonarena jasoko ditu Euskara munduan besteen ahotan dokumentalak. Joan den urtean estreinatu zen lanaren lehen zatia, eta euskal herritarrak zituen oinarrian, Euskal Herrian jaio eta atzerrian bizi direnak. Salbuespen bat bazuen, ordea: euskal herritarrak izan gabe euskarara nola gerturatu ziren kontatzen zuten bi japoniarren kasua, hain justu.

Iñigo Asensio (Tolosa, 1985) dokumentalaren zuzendariak azaldu duenez, testigantza hura "oso interesgarria" iruditu zitzaion jende askori, eta, horregatik, euskara bereganatu duten atzerritarren testigantzek lehenengo zatia borobildu zezaketela pentsatu zuten.

Testigantza horien bila, Shanghain egin zuen lehen geldialdia. Antzuolako Elay enpresak han duen egoitzan, Huang Hui 25 urteko neska txinatarrak egiten du lan, eta harekin izan zen, duela urtebete hasi baitzen euskara ikasten. Handik Ameriketako Estatu Batuetara jo zuen. David Bieter eta Chris Bieterrekin izan zen, Boisen. Jatorri euskaldunekoa da David, bertako alkatea. Asensiok gogoratu du Euskal Herriko zazpi hiriburuetako alkateek euskaraz ez zekitela ere Estatu Batuetan bazela euskaraz zekien alkate bat. Chris, Daviden anaia, epailea da Boisen, eta euskaraz ederki egiten du. Ez zuten aitona-amonengandik jaso euskara, gazte hil baitziren; gerora euren gurasoekin Euskal Herrira etorri, eta horrela hasi ziren euskarara gerturatzen.

Lekukotza gehiago ere jaso ditu tolosarrak, David Romtvedt idazle eta musikari wyomingdarrarena, kasurako, baita Ipar Euskal Herrian euskara ikasitako quebectar batena ere, besteak beste.

Pertsona horiek euskararekiko duten militantziak harritu du Asensio, "batez ere, kontuan hartuta gurean zenbat kostatzen den jendea euskarara hurbiltzea". Dokumentalaren lehengo zatian, jendeak euskara altxor baten moduan urteetan nola gorde duen ikusteak gogoetarako bidea ematen zuen, eta, bigarren zati honetan, gogoeta "are eta gordinagoa" dela uste du Asensiok: "Munduan sakabanatuta dauden euskal hiztunek euskarari ematen dioten garrantzia sentitzen duzu, eta, Euskal Herrian garrantzi berbera emateko zailtasunak daudela alderatzen duzunean, zer pentsa ematen du". Egunotan Euskal Herrian den kolonbiarrak bizitzen ari denaz kontatutakoa jarri du adibide moduan: "Jose Miguel harrituta geratzen da hainbatetan, euskaraz hitz egiten hasi eta jendea euskaraz erantzuteko gai ez dela ikustean".

Lehen zatiak bezala, bigarrenak ere osagai emozionala baduela dio tolosarrak: "Une hunkigarriak ere izango dira, pertsona hauek euskalduntasuna oso barruan sentitzen dutela nabaritzen delako".

Bilboko Zinebi dokumental eta film laburren jaialdian estreinatuko dute lana, azaroaren 8an, eta, joan den urtean lehen zatiarekin egin bezala, ETBn ere ikusteko aukera izango da, Euskararen Egunean, abenduaren 3an. Egun berean, Bordelen aurkeztuko dute Euskara Munduan lanaren lehen zatia, frantseseko azpidatziekin; Argentinan, gaztelaniazkoekin; Boisen eta Sydneyn, ingelesezkoekin; eta Erroman, italierazkoekin —azken bi horiek konfirmatu gabe dituzte oraindik—. Bai Asensiorentzat, bai proiektu honetan buru belarri ari diren gainerako taldekideentzat oso pozgarria da hori, "lehen zatia oraindik bizirik dagoela erakusteaz gain, bidea ematen duelako euskarak guretzat duen garrantzia atzerrian erakusteko".

Boluntario lana Venus jainkosaren bila

Goiz pasa arkeologikoa egin zuen iazko martxoan Hondarribiko Ondarearen Aldeko Elkarteak (Hondae) Jaizkibel mendiko gailurrean. Herriko ondarea herritarren artean zabaltzea da elkartearen xedea, eta helburu horrekin, kata batzuk egitea bururatu zitzaien. Indusketa arkeologiko bat nola egiten den ikasi nahi zuten, baina irizpide jakin batzuetatik abiatuta aukeratu zuten jardunaldirako tokia: II. Karlistadako San Enrike gotorlekua. Eraikuntza handi baten aztarnak topatu zituzten orduan, eta orain, indusketa sakonago bat egitea erabaki dute, eraikina zein garaikoa den zehazteko.

Indusketarako Jaizkibel gaina aukeratu izanak baditu hainbat arrazoi. Batetik, duela 35 urte sator batek erromatarren garaiko txanpon bat azaleratu zuen inguru horretan. Bestetik, II. mendean Ptolomeo geografo greziarrak Jaizkibel gailurrean kokatu zuen Oiasso Pirinioetako muturra (Oiasso Akron Pirenes), eta bertan Venus jainkosaren tenplua (Ieron Aphrodites) —greziarrentzat Afrodita, erromatarrentzat Venus, jainkosa bera da—. Gotorgunea eraikitzeko aukeratutako guneko ikuspegia ere ezin hobea da: Pirinio mendilerroa, Bidasoa harana, Gipuzkoa ia osoa eta Kantauri itsaso zabala zaindu daitezke Jaizkibel muturretik.

Boluntarioen artean eskarmentu handiko arkeologoak daude Hondaen. Hala, mendira igo aurretik eta ikerketa egiterako orduan, edozein indusketatan erabiltzen diren tresna profesionalak izan dituzte eskura, horien artean satelite bidezko Lidar kartografia. Mertxe Urteaga Arkeolaneko zuzendari eta Irungo Oiasso Erromatar Museoko arduradunak azaldu duenez, lur azpian eraikin baten arrastoa azaltzen zuen sateliteak: "Ikusten ziren lur azpian pinporta batzuk eta zuzen batzuk, egitura zahar bat zegoela ematen zuen, eta tokia estrategikoa da; argi dago San Enrike gotorlekua baino lehen beste zerbaitek egon behar zuela".

Urteagarekin batera, Pia Alkain arkeologoa eta Aranzadirekin hainbat ikerketetan parte hartu izan duen Enrike Lekuona ingeniaria izan ziren lehen mendi irteera hartako buru. Bakoitzak boluntario talde baten ardura hartu zuen, eta bi metro luze eta metro bat zabal hartzen duen hiru miaketa gune finkatu zituzten. Belarra baztertu eta gutxira bala batzuk eta bala zorro bat, iltzeak eta zeramika modernoa azaldu ziren… gotorlekuaren garaikoak denak. Baina pixka bat gehiago sakonduta, harri batzuekin topo egin zuten, metro bateko zabalerako horma landuak.

Bildutako informazioa aztertu eta gero, ondorioztatu dute ez zirela XIX. mende bukaerako egitura gotortuarenak. "Planora pasatu eta egituraren norabidea ikusi dugu. San Enrike gotorlekuko planoaren gainean jarri dugu, eta ez dute bat egiten, norabide desberdina dute biek".

Bigarren indusketan, beraz, hori zabaldu nahi dute, ikusteko egitura horri lotuta materialak agertzen diren; "ikatza edo, horrelako baliabideak datatzeko", erantsi du Arkeolaneko buruak.

Adituak tartean dauden arren, boluntario taldea da Hondae, eta indusketa egin ahal izateko aldundiaren baimena ezinbestekoa dute. Gainera, edozeini ez diote baimena ematen; titulazioa ezinbestekoa da. Baimenik gabe indusketa bat egitea delitu izateaz gain, Alkainek argi du metodologia zientifikoa goitik behera zaindu behar dela: "Inportanteena da hau elkarteko kideekin partekatzea, metodoa erakustea. Ez da bakarrik mendira joan, zulo bat egin eta gauzak topatzea. Aurkitutakoa kokatu behar da, ondo egin, zerbaiterako balio izatea nahi badugu".

Udazkenean edo neguan

Zundaketa noiz egingo duten ez dute oraindik zehaztu, Urteagak dioenez: "Falta da iaz egin zen lana osatzea, planoa badago, baita deskribapena ere, osatu eta horrekin batera zundaketa berria egiteko baimena eskatu behar da". Udazkenean ez bada, neguan berriro igoko dira mendira, indusketa arkeologikoaren metodologian sakontzeko xedez, baina historia aldatuko duen aurkikuntzaren bat egitea baztertu gabe.

Gerta daiteke fundamentuzko ezer ez aurkitzea, baina gauza bat argi dauka Urteagak: Ptolomeok aipatutako tenplua agertuko balitz, "salto batean" jaitsiko lirateke Jaizkibeletik: "Horrelako aurkikuntza bat tranpolina litzateke beste eremuetara jauzi egiteko. Baliabideak beharko lirateke, baina tenplu bat aurkituz gero, etekinak izugarrizkoak dira". Ikerketa zabalagoa eskatuko luke horrek, luzeagoa, profesionala; Hondaeko boluntarioek ez, beste batzuek egingo luketena.

Venus jainkosaren tenplua agertu ala ez, altxatutako lurra bere lekura itzuli eta harri bila jarraituko du Hondaek, mendian, itsas ertzean, hiribilduan... egun Hondarribia dagoen lekuan bizi izan zirenen ondarea ikertzen.

Hilaren 27an edukiontziak itzuliko dira Pasaiara

Edukiontziak, hori, urdin, marroi, berde eta grisak, berriro ere Pasaiako kaleko paisaiaren parte izango dira hilaren 27an. Hala, udal hauteskundeen ondotik, atez ateko bilketa kendu eta edukiontzien sistema jarriko duen Gipuzkoako lehen herria izango...

Indianoenean, bizi

Indianoenean, bizi

Argiak piztuta, aldapan behera doan pare bat auto besterik ez dabil Indianoeneko kalean. Giroa lasai dago Donostiako Ulia auzo inguruan, azken egunetan izandako ezohiko mugimenduetatik aparte. Astearte arratsaldea da, euria hasi du, eta iluntzen ari da. Indianoeneko 16. zenbakian, ordea, argiagoa da zuri-beltza: "inoiz baino indartsuago" daude Kortxoeneko lagunak. Sarrera aldameneko kontainerrak berak hala dio: Bizirik, bakarrik ezin, lagunekin bai. Bost urte egin ditu aurten Kortxoenea gaztetxeak, eta azken asteetako elkartasunaz gain, okupatu zutenetik izandako babesak eutsi dio tente. Ezagunenak, ezezagunenak eta, bereziki, bizilagunenak. "Kortxoenea zerbaitetan berezia izan badaiteke, bizilagunekiko harremanagatik da berezi". Horren adierazle dira gaztetxearen inguruko balkoietako batzuk: Kortxoenearen aldeko pankartak eta banderak dituzte.

Bilerak egiten dituzten mahaiaren bueltan eseri da Beñat Apalategi, Amets Artelazkirekin batera. Liburutegia dute han. "Orain nahiko jasota dago, huste abisua dela eta". Zabala da lehen solairua. Beste mahai baten inguruan ere badira beste bospasei lagun, datozen egunetarako jarduerak prestatzen. Beheko solairuan, Urban 13 taldea breakdance tailerra eskaintzen ari da. "Beste batzuk bileran daude". Udaleko ordezkariekin egindako bilerara joanak dira, Kortxoenearen etorkizunaz hitz egitera.

2010eko ekainaren 26an okupatu zuten Kortxoenea. Kortxo eta txapa fabrika zen eraikina 1950eko hamarkadan, eta, hainbat urtez utzita egon ondoren, Zurriola ikastolak hartu zuen 1983. urtean, antzerki eskolak emateko. Gazteek okupatu zutenerako, bizpahiru urte zeramatzan erabilerarik gabe. "Tarte horretan, etxegabeak egon ziren, suteak sortzen zituzten, pixa lekuz kanpo egin, soinuak zeuden...", dio Artelazkik. Auzoko gazte asanbladaren ekimenez eta auzoko jende ugarirekin egin zuten okupazioa. Behar bati erantzun nahi zioten: "Okupatu zen garaian bete zuen Donostiak zeukan gabezia garrantzitsu bat. Horrelako mugimendu batek indarra hartzen du jendearen artean badagoelako behar jakin bat". Intxaurrondon bazegoen Letaman gaztetxea; Añorgan ere bazen autogestionatutako gune bat. Datu "esanguratsu" bat aipatu du Apalategik, okupazioa zein egoeratan izan zen ulertzeko: "Odonen [Elorzaren] alkatetza garaian okupatu zuten: Odon da Donostiako historian gaztetxe gehien hustu duen alkatea".

Bost urte atzera egin du Artelazkik, aurkitu zutena deskribatzeko: "Beheko solairua erabat kiskalita zegoen; goikoa, hobeto, baina gauza ugarirekin, erabat utzita. Zarata Gela eta Serigrafia dauden lekuak oso gaizki zeuden; hori garbitzea sekulako lana izan zen". Eraikinaren ondoko orubea ere eurena egin zuten; zuhaitzez, sasiz eta hondakinez beteta zegoen eremuan baratzea eta oilategia dituzte. "Autokonposta proiektu bat ere martxan jarri genuen, bizilagunentzako kuboak jarri eta hondakinekin konposta egiten hasi ginen".

20-30 laguneko batzarrak ziren hasierakoak. Dinamikak garatuz joan ziren neurrian, baina, gero eta eragile gehiago batu ziren Kortxoenera: Urban 13 taldea, Afrikako dantzen taldeak, musika taldeak, AHTaren aurkakoa... Apalategik dioenez, jendea gerturatu ahala ohartu ziren gaztetxearen antolaketa aldatu behar zela. Orduan sortu zuten Kortxoeneko Asanblada: gazteen batzarraz gain, eragileetako ordezkariak biltzen dira horretan. Espazio fisikoa koordinatzeko hasi ziren elkartzen, "horizontaltasuna bilatzen zelako". Gaztetxeko eragileez gain, badira gaztetxea unean-unean erabiltzen duten taldeak ere: Piratak, Askapena, Mundu Bat, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua...

Bost urte horietatik auzotarrekin eta gainerakoekin egindako harremanak nabarmendu ditu Artelazkik. Askotariko eragileak dabiltzanez, harremana adin tarte zabalekoa ere bada: "16 urtekoetatik hasita, 50 luze dituztenak arte".

Dinamismo horri erreferentzia eginez jarri dio izena Irautea sortzea delako dokumentalari Apalategik, Markel Ormazabal eta Joseba Parronekin batera. "Irautea ez bizirik irautearen moduan, baizik eta irauteak bere horretan sorkuntza bat dakarrelako. Eta, aldi berean, sortzea irautea delako". Kortxoeneko bost urteko bideari begiratua egin diote, "erradiografia" bat. "Honek balio dezake beste edozein espazio autogestionatuk dituen dinamikak azaltzeko".

Jaiak berreskuratzea

Kortxoenea okupatu zutenean ezinbestekotzat jo zuten bizilagunekin tratu ona izatea. Apalategiren iritziz, auzoarekin elkarbizitza landu gabe horrelako espazio batek ez zuen zentzurik. Bereziki jorratu duten atal bat da, beraz: hasieratik bilerak egin dituzte, abisuak pasatzen dizkiete, kontzertuak 00:00etan bukatzea adostu zuten... "Hasieratik harreman zuzena egon da, inolako bitartekaririk gabe konpondu ditugu egon zitezkeen arazotxoak". Artelazki ere bat dator: "Ikusi zuten zerbait eraikitzera gentozela, ez apurtzera. Lagun moduan hartu gintuzten".

Harreman horretan "mugarri bat" egon zen 2011ko ekainean. Gazteek bazekiten duela 50 bat urte jaiak ospatzen zituztela Indianoeneko kalean, eta, okupazioaren urteurrenaren harira, jaiak berreskuratu zituzten. Bizilagunekin batera antolatu zuten, eta, geroztik, urtero elkartzen dira kale inguruan. "Txokolate jana egin izan dugu, bizilagunek jatekoa daramate... Inprobisatua da; iaz bizilagun batek gitarra jaitsi zuen eta kantuan aritu ginen".

Elkartasuna are handiagoa izan da garai zailenetan. Bost urteko bidean garai "gogorrak" ere izan dituzte. Apalategik bat du gogoan: 2010eko urrian, gazteriaren aurkako sarekada batean, Espainiako Poliziak gaztetxea miatu zuen: "Sarekadan hainbat lagun atxilotu, torturatu eta espetxeratu zituzten. Eta hemendik eraman zituzten bideokamerak, argazki kamerak, dirua... Bertso eskolako izenen zerrenda...".

Gaur egun ere egoera "konplikatua" igarotzen ari dira Kortxoeneko lagunak. Azken egunetan, gutxienez bost-hamar lagun daude momentu oro gaztetxean. Irailaren 4an hura legez kanpo botatzen ahalegindu zirenetik, 24 orduko txandak antolatu dituzte. Geroztik, beste bitan bertaratu dira langileak, gaztetxea hesiz inguratzen ahalegintzera. "Egoera honek nekea sortzen du jendearengan; tentsioa, ea langileak noiz etorriko diren...". Gauak hizketan ematen dituzte, filmak ikusten, gitarra jotzen... "Luzea" egiten ari zaie.

Gaztetxea zaintzen aritzearekin batera, gainera, badute zer egina: prestatu duten egitaraua aurrera eramateko ekintzak antolatzea, konponketa lanak, eguneroko batzarrak... Tentsioak, ordea, badu kontrapisu bat Apalategirentzat: "Momentu gogor hauek pizten dute ilusio handien. Ez balitz hemen egin den desobedientzia eta erresistentzia apustu honengatik, hau aspaldi botata egongo litzateke".

Kortxoeneko erabiltzaileek argi dute hasieratik beste modu batera egin zitezkeela gauzak. "Hustera etorri zirenean, langileek bazekiten argi eta garbi ez zeukatela baimenik egin zutena egiteko". Apalategiren arabera, jabearen helburua zen inor ez zegoenean sarrera suntsitzea, de facto erabilezin bihurtu eta husterik egin behar ez izateko. Salaketa jarri zuten Kortxoeneko kideek, jabeak ez zituelako aintzat hartu neurri batzuk —besteak beste, hesiak jartzea, autoak kentzea...— "Baldintzak ez zirelako betetzen kendu zieten baimena, baina epaileak ukatu zuen hau okupatuta zegoela", dio Artelazkik.

Udalaren jokabidea ere kritikatu dute. Diotenez, udalak abuztu erdialdera emana zion eraiste baimena jabeari, eta gaztetxea botatzen ahalegindu eta astebetera egin zituen lehen adierazpenak Eneko Goia alkateak. "Esan zuen beti egon dela prest elkarrizketarako, udal baliabideak jartzeko prest... Udalak bazuen baimenaren berri, eta bere esku zegoen hustu baino lehen, baita baimena eman aurretik ere, arazorik sortu gabe gurekin elkarrizketa bat izatea". Alkateak pilota euren teilatuan jarri izana ere salatu dute, pilota "udalaren esku" dagoenean. Era berean, eraikinaren jabearen aldetik ere uste dute aukera zuela hasieratik eurekin harremanetan jartzeko.

Bide batez, Egiako Porrontxo jaietan izandako gertakari baten harira Goiak esandakoak argitu nahi izan dituzte: "Badirudi jaietan txaranga bat Egiatik zebilela, eta hor zegoen jendea Tabakalerara sartu zela. Goiak dio horrelako gauzekin ez dagoela prest gurekin hitz egiteko. Guk argi eta garbi esaten dugu inondik inora ez duela zerikusirik Kortxoenearekin. Ez dezatela erabili elkarrizketak garatu aurretik elkarrizketak zapuzteko tresna gisa".

Alternatiba bila

Eraisteko ahaleginaren ondoren, bitan elkartu dira Kortxoeneko erabiltzaileak udaleko ordezkariekin, gazteek hala eskatuta. "Lehen hartu-emanak" egin dituzte, eta uste dute prozesuak luze joko duela. Eurek, berriz, alternatibak bilatzeko "erabateko borondatea" agertu dute. Donostiako EH Bilduk proposatu berri duen aukera, esaterako, "erreal" ikusten dute.

Koalizioak Zemoria 20 eraikina jarri du aukeratzat; dioenez, eraikina udalarena da, eta horrek Eusko Jaurlaritzari utzi zion 10 urterako, 2000. urtean —institutu bat dago egun—. Jaurlaritzak hori uzteko asmoaren berri eman zion aurreko udal gobernuari, eta negoziazioak hasi zituzten eraikina berreskuratzeko eta autogestioan oinarritutako proiektu soziokultural bat garatzeko. Bat edo beste, orain arteko ereduari eutsi nahi diote Kortxoeneko lagunek: "Egun Kortxoenean dauden eta egon daitezkeen proiektuak barnebildu ditzakeen espazio bat izan behar du. Eta orain arteko funtzionamenduarekin".