Gizartea

Denona norbere egiteko aukera

Denona norbere egiteko aukera

Maite Alustiza

2017ko aurrekontu zirriborroa prestatzen hasi da Gipuzkoako Foru Aldundia. 812 milioi euro izango ditu, eta "2016an hasitako lanari" jarraipena eman nahi dio —diru kopuru osoaren %46 gizarte politiketara bideratu du aurten, iaz baino 1,2 puntu gutxiago—. Aurrekontu "errealaren" gainean proposamen bat osatu du, eta orain "proiektu garrantzitsuenei buruz" galdetuko die herritarrei, Aurrekontu Irekiak egitasmoaren bidez. Imanol Lasa aldundiko Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak jakinarazi duenez, 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, eta hiru bide dituzte horretarako: etxeetan banatu diren esku orriak beteta, herriz herri ibiliko den karpara joanda edo Gipuzkoa. eus/irekia/partaidetza webgunearen bidez. Irailaren 26tik urriaren 13ra arte hamasei herritatik pasatuko dira; gainontzeko bi bideetatik jada eman daiteke iritzia. Ekarpenak baliozkotzat jotzeko, beharrezkoa izango da norbere datuak ematea, parte hartzeko bide bat aukeratu edo beste.

Bi ariketa egin ahalko ditu erabiltzaileak. Batetik, 1etik 10era zerrendatu beharko ditu bere "lehentasunak", garrantzitsuena denetik gutxienera. Zerrendan, 2019ra arteko Kudeaketa Plan Estrategikoan dauden lan lerroak agertzen dira: gizarte zerbitzuak, lurralde oreka, ingurumena, enpresen lehiakortasuna, kultura... Bestetik, proiektu zehatzen inguruko iritzia eman ahal izango da. Diputazioak hamasei aukeratu ditu, eta herritarrak horietatik zortzi lehenetsi beharko ditu. Proiektu horien artean daude, adibidez, Antzuola-Bergara zatiaren obra —55,5 milioi euroko aurrekontua dauka—; langileen parte hartzea enpresetan —bi milioi—; iruzur fiskalaren aurkako programa —1,3 milioi—; eta mendekotasunari aurre egiteko zentroak —1,1 milioi—.

Lasak azaldu duenez, "erabakiak hartu baino lehen, agenda publikoan dauden gai garrantzitsuenak kontrastatu" nahi dituzte. Dena den, zehaztu du bildutako proposamenak egingarriak diren ala ez ikusi beharko dutela: "Batzuetan agian ez dira gure eskumenekoak, edo gerta daiteke proiektu bat lizitatuta edo adjudikatuta egotea, eta ziur asko aldaketa gutxi egin daiteke". Azken horien artean obrak aipatu ditu.

Epeak

Egitasmoarekin, parte hartzerako "ate berri bat" ireki nahi du diputazioak, eta "berme osoa" duen prozesu bat eskaini. Dagoeneko hasi da lehen erantzunak jasotzen. Urriaren 14an bukatuko da iritzia emateko epea, eta, ordura arte, etxean jasotako esku orriak foru aldundiaren erregistroan edo tokian tokiko erregistro publikoetan aurkeztu ahal izango dira.

Gero, memoria bat osatuko du aldundiak, eta horretan zehaztuko ditu aintzat hartu dituen proposamenak eta arrazoiak. Aurreikusi dutenez, urri bukaeran onartuko dute aurrekontu proiektua, eta azaro-abenduan izango da eztabaida Batzar Nagusietan. Lasak uste du ez dela egokia diputazioaren egitasmoa hauteskunde kanpainarekin lotzea: "Epeak horiek izanda, ezin genuen atzeratu. Orain da momentua".

Ardiak laster du kofradia

Ardiak laster du kofradia

Tere Madinabeitia

Idiazabalgo gaztak Ordizian, ardikiak Zaldibian, odolkiak Beasainen... eta, laster, ardiak Legazpin. Goierrin, eskualdeko ikur diren produktu gastronomikoak sustatzeko ez ezik, ardia babesteko ere izango da kofradia bat.

Legazpin, urtebete daramate ardiaren kofradia hori sortzeko lanetan, eta urri-azaroan egingo dute aurkezpen ofiziala. Dagokion erregistroan izena emanda dago, logotipoa ere badu, baita lehendakaria ere —Koldobike Olabide Legazpiko alkatea—, eta, orain, ardiarekin lotura duen egun apropos baten bila dabil talde eragilea.

Azken 26 urteotan Legazpin iraileko lehen igandean egiten den Artzain Eguna biziberritzeko egitasmotik sortu zen Ardiaren Kofradia sortzeko ideia. Iaz, 25 urte bete ondoren, festa indartu behar zela ondorioztatu zuten udalean sortu berria zen Berrikuntza zerbitzuan, eta Artzain Egunetako protagonista den ardiari gorazarre egitea erabaki zuten.

Izan ere, ardia, Artzain Egunaren ikurretako bat izateaz gain, Legazpiren historia eta garapenarekin zuzenean lotuta dago. Hala, herriko baserrietan hazi den aberea da, eta artzainak, baserritarrak eta olariak elkarrekin bizi izan dira Legazpin mendeetan. Gaur egun ere, ardiak ikus daitezke herriko zelaietan, eta, gainera, ardi esnearekin egindako Idiazabalgo gaztaren bi ekoizle daude: Erraizabal eta Makatza.

Talde eragilea

Arrazoi horiek guztiak elkartuta, eta udalak bultzatuta, Ardiaren Kofradia sortzeko talde eragilea eratu zuten iazko udazkenean. Talde zabala da: udal teknikari batzuk, Artzain Egunaren antolatzaileak, baserritarrak, tabernariak, kazetari bat, diseinatzaile bat, sukaldari bat eta herriko beste gizarte eragile batzuk biltzen ditu.

Txakel Urarte diseinatzailea da kofradiaren sorreraren eragileetako bat. "Kofradia Legazpi indartzeko baliagarri izango delakoan ari naiz parte hartzen proiektuan". Taldera elkartzeko dei egin die berak bezala herriaren garapenaren alde lan egin nahi duten guztiei. Urtebeteren ondoren, kofradia martxan jartzeko tramite guztiak nahiko aurreratuta daude, baina bada oraindik zer egin. Talde irekia da, eta bilerak deialdi publiko bidez iragartzen dituzte.

Igande honetako Artzain Eguna igarota, talde eragilekoak laster bilduko dira berriz. Kofradiaren aurkezpenerako egun aproposa aukeratu behar dute horretarako, ardiarekin zerikusia duen egun bat: "Artaldea mendiko larreetatik behera ekartzen da udazkenean, eta transhumantzia izan daiteke gure kofradiaren aurkezpen egunerako aitzakia; edo San Martin, ardikia eta buzkantzak jateko eguna".

Behin aurkezpenerako eguna aukeratuta, Ardiaren Kofradiaren lehen kapitulua ospatuko dute. "Festa ospatuko dugu, eta ohorezko kofradeak izendatzeko baliatuko dugu; jende ezaguna, gure taldearen helburuak eta zereginak zabaltzen lagunduko diguna". Izen batzuk ba omen dituzte buruan, "baina ezin da oraindik ezer aurreratu". Hortik aurrera, ardia babestea eta sustatzea izango da beren zeregina.

Helburu orokor batek mugitzen ditu Ardiaren Kofradiaren sorreraren hariak: Legazpi ardiarekin zerikusia duen guztiaren erreferente bihurtzea, eta, horrekin, herriaren garapena bultzatzea. Nola gauzatu, ordea, hain helburu handia? Dagoeneko idatzita daude estatutuak, eta horietan jasotzen dira helburu apalagoak edo zehatzagoak: ardiaren produktuak sustatzeko ekitaldiak egitea —gazta, ardikia, buzkantza, mamia, artilea...—; Artzain Eguna bultzatzea; ardiaren inguruko ikerketak edo argitalpenak babestea; artzaintzaren memoria berreskuratzea; Legazpiko turismoa ardiarekin lotzea...

Zehatzagoak ere izan dira, eta zerrendatu dituzte helburu horien lorpenean egin daitezkeen ekintzak ere. Horrela, herriko sarreretan laster ikusi ahal izango dira, esaterako, Legazpi ardiarekin identifikatzeko artalde txikiak, metalezkoak edo beste material batekoak. Horrez gain, ardiaren produktu gastronomikoekin osatutako menuak dastatu ahal izango dira Legazpiko jatetxe eta tabernatan.

Balazta, bi gurpilen alde

Balazta, bi gurpilen alde

Asier Perez-Karkamo

Uztail bukaeran Bidasoaldeko Bizikletaren Aldeko Balazta plataforma aurkeztu zuten Hondarribiko Kasino Zaharrean. Lurrean oihalekin prestaturiko bidegorri zati bat jarrita, Bidasoa eskualdean bizikletaz lasai ibiltzeko eskubidea aldarrikatu zuten, eta bidegorri sarea osatzeko eskatu zieten erakundeei. Hogeita hamar bat kiderekin sortu zen Balazta.

Balazta plataformaren helburua "hiri garraiobide gisa bizikletaren erabilera sustatzea" zela adierazi zuten aurkezpenean, hau da, aisialdirako ez ezik, bizitzako beste eremuetarako ere bizikleta erabili ahal izatea aldarrikatzen dute; lanerako, eskolara joateko, erosketak egiteko, batetik bestera mugitzeko. Manex Arzakek argi du: "Bizikleta erabiltzaile naizen aldetik, uste dut gure eskualdean beharrezkoa dela hiru hiriak lotzen dituen bidegorri sarea, eta horregatik naiz Balaztako kidea".

Txingudi badiako hiru herrietatik Hendaia (Lapurdi) da bidegorri sarea osatua duen bakarra. Bai Irunek, bai Hondarribiak hutsune dezente dituzte; are gehiago, Irundik Hondarribira edo Hondarribitik Irunera igarotzea abentura "arriskutsua" izaten da bizikletaz egin nahi dutenentzat. "Hirien arteko lotura egitea beharrezkoa da —adierazi du Arzakek—, eta, horretarako, hiru udalek elkarlanean lan egin beharko lukete, proiektua osatua eta eraginkorra izatea nahi bada".

Amute-Mendeluko inbutuari soluzioa ematea da Balaztaren lehentasuna. Egunero milaka autok zeharkatzen dute Mendelu auzoa, eta ez da segurua haien ondotik bizikletaz bidea egitea. Nolanahi ere, aukera handirik ez dago, zeharbideko espaloiak oso estuak direlako eta oinezkoen eta bi gurpildunen artean arazoak sortzen direlako. Hondarribiko auzoa da Mendelu, eta alkatearekin elkartuak dira Balaztako kideak arazoaz mintzatzen hasteko. Baina, Kote Gebarak esan duenez, informazioa trukatu baino askoz gehiago ez dute egin: "Egia da abuztua ez dela garai onena. Alkateak esan zigun udalak eskutan dituen proiektuak pasatuko zizkigula, eta udazkenean aztertu ahal izatea espero dugu".

Arzak bezala, bizikleta erabiltzailea da Gebara, eta prest azaldu da erakundeekin elkarlanean aritzeko: "Trafikoa geroz eta konplikatuagoa da, eta bizikleta zale bezala arazoaren partaide sentitzen naiz; ez bakarrik gure segurtasunaren alde egiteko, baizik eta herritar guztien mugikortasun iraunkorra sustatzeko". Horregatik, udalek esku artean dituzten asmoak ezagutu nahi ditu Balaztak, baina, arazoa "larria" denez, urtea bukatu aurretik zer edo zer mugitzea espero dute. "Agian hasieran behin-behineko soluzioa eman behar zaio, eta gero bilatu beste bat behin betiko".

Pabiloien atzealdetik hobe

Balazta plataformak gogorarazi duenez, badira hainbat proiektu Irun eta Hondarribia arteko lokarria askatzeko xedea dutenak. "Ez dugu ezer berririk nahi; dauden proiektu horiei heltzea nahi dugu, irtenbidea arindu", erantsi du Gebarak. Eta, bideragarritasunari buruz galdetuta, Balaztakoek ez dute zalantzarik: aukerarik onena bizikletentzako bide berri bat moldatzea litzateke, Amutaldeko pabiloien atzealdetik, errekaren ondotik. Hori da babesten duten aukera.

Behe Bidasoko bizikleta erabiltzaileak biltzeko sortu da Balazta plataforma. Mendeluko korapiloa askatu nahi dute aurrena, badiako hiru herrietako bidegorri sarea osatzeari heltzeko gero. Mugitzeko nahi dute bizikleta, eta helburu horrekin mugitzeko prest azaldu dira.

Askatasunerako bidean lagun

Askatasunerako bidean lagun

Eider Goenaga Lizaso

Aurten beteko dira 75 urte Comete sarea sortu zutenetik. II. Mundu Gerran, Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herrirako muga zeharkatzen laguntzen zieten Cometeko mugalariek iheslariei, Bidasoa ibaia gurutzatuz lehenik eta mendiz gero. Belgikatik antolatu zuten Comete sarea, eta gerran eroritako hegazkinlari aliatuei laguntzen zieten Frantzia zeharkatu eta Espainiatik barrena Gibraltarrera hel zitezen, handik Londresera itzultzeko.

"Baina Euskal Herrian ez zen soilik Comete sarea ibili, laguntza sare pila bat izan ziren [Margot, Nana, Alsace, Buckmaster...]; eta baita sare batean egon gabe lagundu zuten euskal herritarrak ere. Comete da ezagunena, baina gehiago ere izan ziren", dio Bidasoa Askatasun Bideak elkarteko kide Joe Linehan-ek (Waterford, Irlanda, 1947).

Abuztuaren 19an beteko dira 75 urte Comete sarearen bidez heldutako lehen iheslariek Bidasoa ibaia gurutzatu zutela; eta Bidasoa Askatasun Bideak elkarteak bi eguneko ibilaldi bat antolatu du, abuztuaren 19an eta 20an, Donostia 2016ko egitarauaren barruan, bide hura oinez zein autobusez egiteko, eta ihesbidean laguntzaile izan ziren guztiak omendu eta esker ona adierazteko.

Linehanen arabera, mugalariez asko hitz egin eta idatzi da, baina Bidasoaz alde honetara aritu zirenak "erdi ezkutuan, erdi ahaztuta" gelditu izan direla uste du. "Oarsoaldea eta Donostia aldea oso inportanteak izan ziren; behin Bidasoa igarota, Donostiara heltzea izaten zen iheslarien helburua, eta hor jende askoren laguntza jaso zuten. Hala, antolatu dugun egitarau honekin, gure helburua horri guztiari balioa ematea izango da".

Lehen omenaldia Irungo San Miguel auzoan egingo dute, abuztuaren 19an; partaideek oinez egingo dute Urruñatik Irunerako bidea. Handik, gauez, mugalariek eta iheslariek egiten zuten moduan, Oiartzunera joango dira, eta goizaldeko bostak inguruan, Ergoienen, bigarren omenaldia egingo dute. Hurrengo egunean, lau tokitan izango dira esker ona adierazteko ekitaldiak: Oiartzungo Altzibar auzoan, Errenteriako Biteri kalean, Donostiako Gros auzoan eta Loidin, Hernanin, bertako lau mugalariri eskainitako monumentua dagoen tokian.

1936ko gerran euskal herritarrak izan ziren, gauez eta modu klandestinoan, gerratik ihesi Bidasoa gurutzatzen zutenak, Ipar Euskal Herrian aterpe hartzeko. Kontrabando bideak ziren horiek, eta errepresiotik eta gerratik ihes egiteko baliatu zituzten euskal herritar ugarik. Handik gutxira, II. Mundu Gerraren atarian, nazien errepresiotik ihesean zebiltzan europarrak hasi ziren Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga igarotzen. Juan Carlos Jimenez de Aberasturi historialariak honela idatzi zuen Comete sareak Euskal Herrian egindako lanari buruzko ikerketa batean: "Hasieran juduak, poloniarrak eta britainiarrak izan ziren, Frantziatik ihesi, euskal muga zeharkatu zutenak".

Ihesa modu antolatuan egiten hasi ziren gero, eta Andree de Jongh Dedee gazteak Bruselan sortutako Comete sareak aurretik zehaztutako bide horiek baliatu zituen naziek botatako hegazkinlari aliatuei ihesa errazteko, 1941etik aurrera. Kanadarrak, ingelesak, estatubatuarrak... ehunka lagunek lortu zuten berriro ere Londresera iristea, mugalariek Euskal Herrian eskainitako laguntza horri esker, eta, Joe Linehanek dioenez, ihes egin zuten horiek eta haien ondorengoek beti eskertu izan dute laguntza hori. "Eta guk ere bat egin nahi dugu esker on horrekin".

Iturrioz, aitzindari

Mugalarien aitzindari gisa, II. Mundu Gerran nazien okupaziotik ihesean zebiltzanei laguntzen lehena Manuel Iturrioz aipatzen du Linehanek. Manuel Iturrioz Orexakoa zen, eta 1936ko gerran hainbatetan atxilotu eta ihes egin zuen, bai frankisten eskutik, bai kontzentrazio esparru batetik, baita, ondoren, polizien eskutik ere... Iparraldera bizitzera joan, eta klandestinitatean bizi beharrak muga ondo baino hobeto ezagutzera eraman zuen, eta, Linehanen aburuz, bera izan zen ondorengo ihesbideak zehaztu zituena. "Haren lekukoa Florentino Goikoetxea hernaniarrak hartu zuen, eta gero bera izan zen Comete sarearen antolatzaile nagusietako bat hemen; baina Manuel Iturriozek irekitako bidea ezin da ahaztu".

Goikoetxeak, Iturriozek eta beste hainbatek muga igarotzen laguntzen zieten iheslariei, baina, Linehanen aburuz, hori bezain garrantzitsua zen iheslari horientzako aterpe etxeen sarea izatea, eta aterpetik aterpera joaten laguntzen zuten herritarren sarea. "Babesa ematen zieten etxean iheslariei, arrisku handiarekin, eta gero batetik besterako bidea egiten laguntzen zieten; autoa baldin bazuten, autoan, edo bizikletan, edo ahal zen moduan. Ildo horretan, emakumeek izan zuten egitekoa nabarmendu nahi dugu, asko izan baitziren iheslariei lagundu zieten emakumeak, eta haiei buruz oso gutxi hitz egiten da". Denei egingo diete omenaldia abuztuaren 19ko eta 20ko ibilbidean.

Comete sareari esker 800 lagunek lortu zuten ihes egitea, gehienak hegazkinari aliatuak. Belgikatik Gibraltarrerako ibilbidean 1.700 laguntzaile izan zituen Cometek —horietako 700 atxilotu eta 200 inguru hil zituzten—, eta horien artean asko euskal herritarrak izan ziren.

“Gastronomiagatik bada ere, merezi du”

“Gastronomiagatik bada ere, merezi du”

Olaia Iraola

Asteartea. Euskal Herrian beroa da nagusi. 36 gradu daude Mariaren Bihotza ikastolaren atarian. 14:25 dira. Hamabost bat erromes daude, atea noiz ireki zain itzal txoko apurretan sakabanatuta. Donejakue bidea ari dira egiten, eta gaua ikastola honetan emango dute. Bertara sartzeko ordutegia 15:00-22:00 da. Ohi baino ordu erdi lehenago ireki du atea Manu Peñak (Jaen, Espainia, 1947). Gipuzkoako Donejakue Bideko Lagunen Elkarteko kidea da Peña, eta badaramatza urte batzuk boluntario lanetan.

Bi minuturako, ikastolako sarrerak sardina lata bat zirudien. Jendez bete da; batzuk, kanporaino zegoen ilaran zutik, eta besteak, lurrean botata, ilara noiz baretu zain. Izerdia eta aldi berean lasaitasuna ikusten da erromesen aurpegietan. "A ze lasaitasuna", "ze ederki gauden hemen barruan", "gauzak hartu eta hondartzara noa" eta halako iruzkinak egiten ari dira bata besteari. Gehienak Irundik datoz, eta bidean lehenengo gaua pasatzera datoz. Batzuk bakarrik etorri diren arren, lagun berriak eginda iritsi dira lehen geldialdira. Erromesek esan dutenez, eguneko ibilbidea "oso gogorra" izan da.

Hasi dira pixkanaka logeletara jaisten. Beste laguntzaile bat dago, eta hura ari da jendea logeletara eraman eta azalpenak ematen. Garbigailua ere hark jarri die. Galdezka dabil ea norbaitek zerbait gehiago garbitzerik nahi duen. 16:00ak alderako, dagoen gela bakarreko ohatzeak okupatu dituzte. Pare bat erromes frontoiko literetara bideratu dituzte. Peñak ere frontoiko literetan egiten du lo: "Txandak ditugu hemen lo egiteko, eta egun hauetan ni egongo naiz. 05:15 alderako hasten dira sakelakoetako alarmak jotzen. Hortik aurrera jendea jaikitzen hasten da". Ordutegian 07:00etan irekitzen dutela jartzen duen arren, badira 06:30erako bertatik irteten direnak ere. "Sartzerakoan ere lehentxeago ireki ohi dut. 14:25ak aldera sartu dira gaur. Nik Donejakue bideko 25 ibilbide egin ditut, eta euren lekuan egonda nago; ezin ditut kanpoan beroz itotzen ikusi", azaldu du.

Batzuek deskantsatzen gelditzea erabaki dute, eta besteak azkar batean aldatu eta hondartzara joan dira. "Kokaleku bikaina du eraikin honek; hondartza ondoan dago, eta hori luxu bat da. Horrez gain, eraikina bera ere luxu bat da. Goizero mutil bat etortzen da garbitzera, eta arratsaldera arte txukun egoten da. Hortik aurrera...", adierazi du boluntarioak.

Bero handia pasatu dutela azaldu du Victor Fernandezek (Miranda Ebro, Espainia, 1984): "Gaurko beroa ez zen normala, eta, gainera, ibilbidean zehar gora eta behera ibilita, leher eginda nago". Santiago de Compostelara arte heltzea du xede Fernandezek: "Bideko gastronomiagatik bada ere, merezi du".

Silvia Brunellik (Italia, 1993), Annica Stanzialek (Italia, 1993) eta Vanessa Belloriok (Italia, 1993) ere Santiagora heltzea dute helburu. Bellorioren bigarren aldia da Donejakue bideko zati bat egiten: "Duela urte batzuk Sarriatik [Galizia] Santiagora joan nintzen. Maitemindu egin nintzen bidaiarekin, eta errepikatzeko moduko esperientzia iruditu zitzaidan". Stanzial, berriz, gurasoen esperientziak animatu du: "Duela urte batzuk egin zuten, eta argazkiak ikusita... ezin nintzen etorri gabe gelditu".

Juan Sotoro (Albacete, Espainia, 1990) bi lagunekin ari da egiten bidea, eta esperientzia honen helburua "ibilbidea amaitzea, ondo jatea eta zerbeza hotza edatea" dela azaldu du. Petra Sharja (Eslovenia, 1989) astelehenean abiatu zen Irundik, eta Fisterrara (Galizia) heltzea du helburu: 36 eguneko ibilbidea egingo du. "Donostian behar duzun guztia daukazu; ongi jan eta edateko tabernak, eta bista ederrak".

Bide laburragoa egingo du Caittin Rodgersek (Eskozia, 1984). Irundik Bilbora joango da, zazpi egun baititu Euskal Herrian igarotzeko: "Eskoziatik etorri naiz Donejakue bideko zati bat egitera. Itzuliko naiz bidearen beste zati bat egitera".

Kostata lortutako lekua

Aurreko urteetan Jakintza ikastolan jartzen zuten erromesek gaua pasatzeko lekua. Aurten, obrak direla eta, Mariaren Bihotza ikastetxeak eskaini du ibiltarientzako espazioa. Lanean diharduen boluntarioak behin eta berriz eman dizkie eskerrak ikastolari eta Fernando Imaz Donejakue Bideko Lagunen Elkarteko zuzendariari: "Erromesak Donostian egoteko lekurik gabe utzi behar genituela uste nuen. Fernando Imazek ez du etsi erromesek gaua pasatzeko zerbait lortu arte, eta eskertzekoa da hori, baita ikastolarena ere". Urte osoan irekita egongo den ostatu bat nahi dute boluntarioek. Amarako lokal bat eskaini diete, baina bi urteko obrak dakartzala azaldu du Peñak: "Ezer baino hobea bada, baina erromesentzat oso urruti gelditzen da".

“Herrietako argiteria ez da arrazionalki kudeatzen udaletan”

“Herrietako argiteria ez da arrazionalki kudeatzen udaletan”

Maialen Igartua

Raul Lacalle (Ordizia, 1969) Aizkorpe Elektrikariak enpresako kudeatzailea da iazko irailetik. Hamar bazkideko kooperatiba bat da Aizkorpe, 1999an Zeles Sodupe elektrikariak sortua, eta Idiazabalgo Goardi poligonoan kokatuta dago. Hamazazpi urteko ibilbidean, garapen handia izan du enpresak, eta gaur egun ez dira instalazio elektrikoetara soilik mugatzen.

2013an Gonerlan sortu zuten, efizientzia energetikoaren ikerketaz eta garapenaz arduratzen den enpresaren ingeniaritza atala. Bide horretan, Gonerlux produktua kaleratu dute: bizikleta elektriko bati lotzen zaion argia neurtzeko luxometroa da, herri bateko argiteriaren diagnosia egiteko. Goiekik, Goierriko garapen agentziak, saritu egin du Gonerlux, berritzailea izateagatik.

Hasiera batean ohiko elektrizitate enpresa bat zen Aizkorpe, baina azken urteetan asko dibertsifikatu duzue jarduera. Nolatan?

Gure merkatua oso zabala da, eta sektore asko ukitzen ditugu. Lehen, batez ere, eraikuntza enpresentzat lan egiten genuen, baina azken lau urteetan, krisiagatik, dibertsifikatu egin behar izan dugu gure jarduera. Dibertsifikatzeko asmo horrekin, Aizkorpe Elektrikariak enpresaren barruan ingeniaritza atal bat sortu genuen 2013an: Gonerlan.

Zein da horren helburua?

Gonerlanen enfokea eraginkortasun energetikora bideratuta dago. Hortaz, Aizkorpek gaur egun ez ditu instalazioak soilik egiten. Proiektuak diseinatzen ditugu, auditoria energetikoak egin eta abar. Jendeak merkatuan oraindik ez gaitu identifikatzen enpresa integral baten modura; marketina aldatu beharra daukagu, elektrikariak baino gehiago garela komunikatzeko. Eta Goiekik emandako sariak lagunduko digu marketin hori egiten.

Gonerlux produktuagatik eman dizue saria Goiekik. Zein berezitasun ditu?

Merkatuan ikusi genuen behar bati erantzuteko sortu dugun produktua da. 2008an lege bat atera zuen Espainiak, eta lege horrek hainbat neurri betearazten dizkie udalei, argiztapen publikoari dagokionez. Bestalde, udalek gero eta eskaera gehiago egiten zituzten argiztapen publikoa aldatzeko. Errealitate horren aurrean, arazo bat identifikatu genuen: udaletan eta zerbitzu publikoetan, argiztapenari dagokionez, ez dituzte datuak garbi. Eta, aldaketa bat egiteko, datuak izan behar dira lehenik. Enpresa industrialetan hala funtzionatzen du: datuak jasotzen dira, diagnosi bat egiten da, eta aldaketak egiten dira datuek erakusten duten arazoa konpontzeko. Baina administrazio publikoak ez du horrela jokatzen. Herri txiki askotan ez dakite zenbat farola dituzten, ezta zein motatako farolak dituzten ere. Argiterian aldaketak egiteko diru laguntzak etortzen direnean, argiteria osoa aldatzen dute, baina aurretik zuten egoera ezagutu gabe. Aldaketa ez da datuetan oinarritzen.

Zein irtenbide aurkitu duzue arazo horrentzat?

Hauxe pentsatu genuen: lagundu egin behar diegu udalei herriko argiteriaren diagnostikoa egiten. Argi gutxi dago, asko dago, nahikoa da, ongi banatuta dago edo potentziatu beharra dago?

Diagnosi hori egiteko, sistema berritzailea garatu duzue. Nola funtzionatzen du?

Orain arte bazegoen sistema bat. Auto baten gainean jartzen zituzten neurgailu batzuk, eta errepideko argia neurtzen zuten. Hori baliagarria izan daiteke autobide bateko argiteria neurtzeko, baina ez Gipuzkoako herri txiki bateko kaleetako argiteria neurtzeko. Batetik, kale guztietan ezin direlako autoak sartu. Bestetik, altuera horretan neurtutako datuak ez direlako guztiz errealak. Guk garatu dugun sistema karro txiki bat da, neurgailu batzuekin —zunda luxometrikoak—. Lurretik 20 zentimetrora jartzen dira. Legediak hori eskatzen du, argia neurri horretara neurtzea. Karroa bizikleta elektriko bati ezartzen diogu. Horrela, gai gara, herri bateko kale eta bidegorri guztietatik pasatuz, argia neurtu eta geolokalizatzeko. Eskailerak badaude, eskuan hartzen dugu karroa, eta kitto.

Zein abantaila ditu zuen sistemak?

Oso ekologikoa da. Horrez gain, puntu zehatz bakoitzean zein argi kantitate dagoen esaten digu. Datu guztiak ordenagailuan sartzen ditugu, eta ordenagailuak grafikoetara pasatzen ditu. Horrek diagnostiko zehatz bat egitea ahalbidetzen digu. Grafikoan oso garbi ikusten da herriko zein gunetan dagoen argi gehiegi edo gutxiegi. Oso modu bisualean ikusten da argiaren banaketa herrian zehar.

Udalei zer eskaintzen diezue Gonerlux erabilita?

Sistema honen bidez, udal bati esan nahi diogu: zure gaixotasuna hau da. Gero udalak ikusiko du aldaketak egin nahi dituen edo nolako aldaketak egin nahi dituen. Udalak nahi izanez gero, guk proposatzen diegu nola egin aldaketak. Aldaketak egin ondoren, berriro neurtzen da herri osoko argiteria, eta beste grafiko bat egin. Bi grafikoak alderatuta, oso ongi ikusten da herriak izan duen hobekuntza.

Zein da udalek datu faltagatik egiten duten akatsik ohikoena?

Argiteria ez da arrazionalki kudeatzen udaletan. Oso ohikoa da herri osoan LED argiak jartzea, baina jartzeagatik jartzen dira. Ez dute pentsatzen agian argi gehiegi jartzen ari direla, edo ez dagoela ongi banatuta. Lehen zeuden bonbillak kentzen dituzte, berriak jarri, eta kitto. Eta kontuan izan behar da udal baten faktura elektrikoaren ia erdia argiteriak eramaten duela. Hori asko da. LED argiztapenarekin beti aurreztuko duzu dirua, edozein LED mota jarrita ere. Baina dena ez da aurreztea izaten. Sistema on eta eraginkor bat izatea da helburua.

Zein herritan probatu duzue Gonerlux?

Gabirian, Seguran, Getarian, Eibarren... Zerbitzua erabilgarri dago, eta, udalen bat interesatuta egongo balitz, gurekin harremanetan jarri besterik ez du. Beasaingo Udalak ere eskatu digu diagnosia.

Zein sari eman dizue Goiekik? Eta zer esan nahi du zuentzat sari horrek?

Enpresan buruturiko proiektu berritzailerik onena da Goiekik eman berri digun saria. Horrelako sariek erakusten dute enpresa txikiek ere badakitela gauzak egiten, eta geure buruarengan sinesteko balio digu. Bestetik, marketinerako oso garrantzitsua da. Gure enfokea momentu honetan Gipuzkoa da, eta sari bat jasotzeak gure produktua ezagutzera ematea ahalbidetzen digu.

Produktu honek balio erantsia ematen dio enpresari, eta hori saltzen jakin behar dugu orain. Guretzat garrantzitsua da jendeak ikustea ez garela instalazioak egitera bakarrik mugatzen. Horrelako sariek laguntzen dute horretarako.

“Taloa jotzen dudanero pilotari eskua gogortzen zait”

“Taloa jotzen dudanero pilotari eskua gogortzen zait”

Jon Miranda

Pilotari bezala aritzeko amaren abizena ibili zuen frontoietan: Altzelai. Gaur egun, Alkiza eta Larrabetzu (Bizkaia) artean bizi da Julen Hernandez Altzelai (Alkiza, 1989). Amets bat zuela aitortu du: bere kabuz lan egitea. Betikoak dituen ingurunearekiko eta osasunarekiko kezkak bizi proiektu bihurtu, eta taloa darabil borrokarako tresna, eko-taloa.

Noiz eta nola hasi zinen pilotan jokatzen?

6-7 urterekin hasi ginen, eta eskola bat motz edo txiki geratzen zitzaigunean eta jende gutxi bazebilen, mugitu egiten ginen: Villabonara edo Añorgara, adibidez. Oso serio hartu nuen pilota kontua. Dena eman nuen. Txapelketa batzuk irabaztea lortu nuen, tartean Elgetako lau t'erdiko azkena. Jokatu dudan bereziena izan da hori, eta baita Ogetan jokatu nuen GRAVNeko finala ere. Gero, ez nintzen gustukoa izan, eta ez ninduten onartu profesional munduan. 2012a zen, krisia bete-betean zegoen, eta pilotariak hartzeko baino gehiago botatzeko garaiak zirela esan ziguten. Hori gertatu ondoren, orrialdea pasa eta liburu berri bat idazten hasi behar nuela pentsatu nuen.

Nola sortu zenuen Eko-Talo proiektua?

Taloek betidanik txunditu izan naute. Galdetu nion neure buruari: zergatik ez atera talo berritzaile bat? Zerbait berezia? Existitzen zen produktu bati aldaketa sakon bat egin nahi nion, batez ere oinarrian: lehengaien jatorrian gehiago sakondu eta ikertu nahi nuen. Jatorri osasungarri bat, bai pertsonentzat eta bai pertsonak bizi diren ingurumenarentzat.

Nondik abiatu zenuen proiektua?

Irina da taloaren oinarrian dagoena eta proiektuaren abiapuntua izan zena. Arazoa izan nuen irin osasungarria eta ekologikoa bilatzeko. Espainiako estatuan saiatu nintzen begiratzen, baina ez nuen erraztasunik izan, ez nuen zuzenki horretan sartuta zegoen inor topatu. Donibane Garazi ondoan, nekazari bat ezagutu nuen arto irina ekologikoan egiten zuena; zazpi barietate ezberdin zituen, eta bere buruarentzat egiten zuen lan. Harekin hartu-emana egin nuen, eta asko gustatu zitzaidan haren filosofia. Ikusi nuen produktu bat jaiotzetik hil arte kontrolatzen ez baduzu ezin duzula ziurtatu ehuneko ehun produktu hori osasungarria denik. Bide horretan sakondu, eta erabaki nuen niretzako propio arto irina sortzea.

Artoa zuk ereiten al duzu?

Haziak ereiten hasi nintzen, eta beste nekazari ekologikoei pasatzen dizkiet haiek landarea erein dezaten. Gero, produkzio hori niregana bueltatzen da. Hasieran, bi ekoizlerekin hasi nintzen, eta Euskal Herri mailan gaur egun zazpi ekoizle ditut —neroni tartean—. Proiektu polita da, barietateen mantenu bat ere egiten dugu. Arto berezi bakoitzak bere prozesua du, eta berreskuratze horretan hiruzpalau urte ematen ditugu.

Gero artoa zuk irintzen duzu?

Bai. Irindu aurretik, ordea, labean sartzen dut. Bizkaian ikasi nuen hori. Behin labetik pasata goxoagoa eta hobea geratzen da artoa; erdi egina geratzen da, eta urdailarentzat errazagoa da irensten. Gero, errota berezkoa dugu hemen etxean, eta alea eskuz ehotzen dugu, galbahetik pasa eta guk nahi diogun lodiera ematen diogu. Guk kontsideratzen dugu irin integrala dela gurea, eta horrek ere urdailari mesede egiten dio.

Osasungarria da zuek egiten duzuen taloa. Zergatik?

Gureak ez du glutenik. Masa egiteko, Bretainiatik jasotako formula bat ekarri genuen —hemengoaren oso antzekoa—, eta lortu dugu talo bat egitea zeliakoentzat aproposa dena, laktosarik gabekoa. Gure postutik ez da inor joango taloa jan ezin duelako. Beti dugu alternatiba bat. Orain arte jan ezin zuten pertsonek taloa jaten dute gure postuan.

Pilotari izanik, ez duzu zailtasunik izango taloa jo ahal izateko.

Pilotari jo beharrean orain taloari jotzen diot. Taloa jotzen dudan bakoitzean eskua gogortzen zaidala iruditzen zait —barrez—. Denek dute arazo bera: nola egin talo bat apurtzen ez dena? Prozesuaz gain, lehengaiak behar du ona izan. Eta guk ehuneko ehuneko bermea dugu: freskoa, ekologikoa eta guk kontrolatutakoa da produktua.

Nola egiten duzue lanketa hori guztia gero saltzeko?

Postu modernoago bat badugu, food-truck bat, altzairuarekin egina eta ikusgarria. Bestalde, txosna moduko bat ere ibiltzen dugu jaiez jai. Bai kasu batean zein bestean kontua da zer transmititu nahi diozun publikoari. Taloaren atzean gauza asko daude, eta horiek azaleratzen saiatzen gara: ekonomia sare oso bat, laborantza sistema bat sostengatzen duzu Eko-Talo postuan kontsumituz gero.

Zerekin betetzen duzue taloa eta zerekin lagundu?

Txorizoa-hirugiharra, gazta-txokolatea binomio horretatik atera nahi genuen taloa. Horiek duten indarra mantendu nahi dugu, baina produktu berriak atera nahi ditugu. Talo begetala nobedade bezala eskaini genuenean, jendeak errezeloz begiratzen zion. Porru, azenario, piper gorri, tipula eta garaiko produktuekin osatzen genuen, brokoliarekin eta azarekin, esate baterako. Prozesu luzeagoa da, baina merezi du. Orain, txanpinoiak ere sartu ditugu, eta artoarekin oso ondo geratzen direla ikusi dugu.

Zein asmo dituzue aurrera begira?

Tabernei bultzada bat eman eta jai giroa sortzeko asmoarekin, talo egunak eta talo jaiak egiten ditugu. Musika eramaten dugu, eta taloa, edaria eta beste hainbat produktu eskaintzen ditugu. Egunerokotasunera eraman nahi dugu, eta ez dugu lotu nahi jaiegun berezi eta bakanekin. Bultzada berri bat eman nahi diogu taloari, gauza berriak egiteko. Ez dezagun antzinako produktu bat balitz bezala ikus, zerbait berritzailea izango balitz bezala baizik, zapore berriak kudeatzeko balio duen jaki moduan.

Datozenek, doazenentzat

Datozenek, doazenentzat

Julene Frantzesena
Herritarrek mundu zabaleko edozein tokitara egindako bidaien azalpenak jasotzeko eta bizipenak gainerako herritarrekin partekatzeko, www.neubidaiari.eus ataria sortu dute hiru azpeitiarrek. Bidaia batetik datozenek bidaia batera doaz...