Gizartea

[Herriz herri] Berrobi. Guztia estal ez dezan

[Herriz herri] Berrobi. Guztia estal ez dezan

Maite Alustiza

Urteko "proiektu garrantzitsuena" egin bidean du Berrobiko Udalak: eskolako patioa estaltzea. Adjudikatua dute, eta obrak hastear dira. "Umeak eskolan ez zeudela aprobetxatu nahi genuen. Atzeratu egin da, baina irailerako izango dugu, bai", ziurtatu du Iñigo Aiertza alkateak. Herrian beste edozein egitasmo gauzatzeko bezala, diru laguntza bat behar izan dute estalkia egin ahal izateko —60.000 euro jaso dituzte—. "Ez badaukagu diru laguntzarik, ezin dugu ezer egin". Eskola berriak orain hamar bat urte egin zituzten, eta kanpoan saskibaloian, futbolean eta abarretan jokatzeko tokia du, baina aire zabalean: "Negu partean badakizu zer izaten den hau...". Beste futbol zelai bat badaukate herrian, baina hori ere estali gabe dago.

Patioko kostuarekin "baldintzatuta" dauden arren, udalak ez du nahi horrek gainerako guztia estaltzea. Martxan edo buruan dauzka beste hainbat proiektu, herriko baratzeena, esaterako. Ekogunearekin elkarlanean, baratzeak jartzen ari dira, eta hamalau familiak hartuko dute tokia; "adin desberdinetakoak, emakume zein gizon". Igone Saldias Ingurumen eta Landa Garapeneko zinegotziak azaldu duenez, baratzeetara iristeko bidea egokitu egin dute, eta herritarrek jada probatu ahal izan dute lurra: "Oso ona dela esaten dute. Talde bezala oso ondo ari dira funtzionatzen, Ekoguneak ere ikastaroak ematen dizkie...".

Berrobin jaiotakoak ez ezik, gerora kanpotik etorritakoak ere animatu dira parte hartzera. "Baserritarren jarraipenekoak ez direnak daude tartean. Baserria daukagun askok ez dugu segitu nahi, eta ez daukatenek, berriz, nahi dute. Horrela norberarentzat badute lur sail bat, seme-alabekin joateko... martxa onean ari dira".

Udalbiltzan sartuta dago Berrobi, eta horretan, udalak energia burujabetzarantz pausoak eman ditzaten bultzatu nahi dituzte —kontsumoaren murrizketa, efizientzia, tokian tokiko energiaren sorkuntza...—. Bide horretan, Aiertzak jakinarazi du ikerketa bat hasiko dutela irailean, estaliko duten eskolako patioan: "Estalkia nahiko laua izango denez, eta azalera handikoa, eguzki plakak jartzeko ikerketa bat egingo dugu. Lehenengo ikusi egingo dugu ea jartzea komeniko litzatekeen".

Herriko argiteriari lotuta, kaleetako argiak aldatzen ari dira. "Ez da merkea, baina pixkanaka ari gara LEDak jartzen". Erreka ondoko paseoa argiztatzeko asmoa ere badute: "Jende asko ibiltzen da paseatzen, eta negu partean oso iluna geratzen da. Diru laguntza bat eskatu dugu".

Kanpai hotsak ere berreskuratzekotan dira. Aiertzak azaldu duenez, egungo kanpaiak makineria oso zaharra dauka, eta konpontzen saiatu arren, desgastatuta dago, eta berritzeko asmoa dute: "Jendeak faltan sumatzen du kanpaien soinua". Gaztetxean ere izango dira berrikuntzak: peletako galdara jartzea onartu dute.

Ondo hornituta

Herri txikia izateko "ondo hornituta" daudela uste du Aiertzak. 560 biztanle inguru dauzka Berrobik, eta Tolosatik bost kilometro eskasera dago: "Garraio aldetik jendea gustura dago; autobusa daukagu, eta Tolosaldean gehien erabiltzen den linea da". Mediku zerbitzua astean bitan izaten dute, eta jendea "konforme" dagoelakoan daude. Horrez gain, denda bat dute, farmazia, okindegia, harakina, elkartea eta bi taberna.

Azpiegituren aldetik dituzten asmoez gain, herritarrei begira jardun nahi du udalak. Jendea "aktibatu" nahi dute, eta, Saldiasen arabera, zeregin horretan dabiltza: "Giroa nahiko hotza edo urrunekoa zegoen udalaren eta herritarren artean, eta dinamizazio lana egiten saiatzen ari gara. Saiatu gara herria pixka bat mugitzen, bai gazteak, erretiratuak... parte hartzea gehitzen".

Herritarren hitza

Abuztuaren 28aren bueltan izango dituzte festak Berrobin, sanagustinak. Herritarren parte hartzea aintzat hartuta, jaiak haiekin antolatu nahi izan dituzte, Saldiasek azaldu duenez: "Umeen Eguna eurekin antolatu nahi izan dugu, erretiratuena eurekin... Nahiz eta festa batzorde bat osatuta eduki, egun bakoitza dagokionarekin osatzen saiatu gara. Umeena aberasgarri joan da; beraiek hartu dute protagonismoa, eta ez da egin beti bezala, handien burutik pentsatuta".

Festetatik aparte ere, parte hartzeari garrantzia eman nahi dio udalak, aurrekontuak osatzerakoan, adibidez. Proposamenak gauzatu ahal izateko, ordea, patioaren estalkiak jartzen dizkien mugak gogoratu ditu Aiertzak: "Larri gabiltza patioko kostua ordaintzeko, eta badauzkagu jendeak egin dituen eskaerak, baina ezin ditugu aurrera eraman nola ibiliko garen ziurtatu arte". Bat dator Saldias: "Aurten orain arte ez dugu erantzun berezirik eman aurrekontu aldetik harrapatuta gaudelako, baina zerrenda luze bat badaukagu, herritarrek behar bezala ikusten dituztenekin. Horra joko dugu estalkiarena bukatu ondoren". Besteak beste, herriko parkea, herrian dagoen baranda falta eta txakur kaken inguruko neurriak aipatu dituzte. "Oso kontziente gara horiez, eta aurre egin nahi diegu, baina zifra ekonomikoak egin arte".

Herri bete euskaldun berri

Herri bete euskaldun berri

Olaia Iraola

Duela 42 urte hasi ziren Lazkaon helduentzako euskara eskolak ematen. Hasierako ikastaro horiek uztailean izaten ziren. Ikasleek herritarren etxeetan pasatzen zuten gaua, eta jatorduak herriko eskolan ematen zituzten. Pixkanaka-pixkanaka, hedatuz joan zen egitasmoa, eta, 1988an, gaur egun martxan dagoen Maizpide barnetegi euskaltegia sortu zuten.

"Barnetegiaren helburua jendeak euskara ahalik eta azkarren eta ahalik eta ondoen ikastea da. Barnetegiak 24 orduz euskaraz bizitzeko aukera ematen die", azaldu du Jon Urdangarin Maizpideko zuzendariak (Lazkao, 1965). Egunean zortzi eskola ordu hartzeaz gain, barnetegiko ikasleek irakasleekin bazkaltzen eta afaltzen dute. Gainera, kultur ekintzak eta tailerrak ere egiten dituzte. Larunbatetan klaseak izaten dituzte, eta igandeetan txango bat egiten dute. Duela urtebete, 516 ikaslek jaso zituzten udako ikastaroak Maizpiden, eta aurten ere kopuru horretara heltzea espero dutela azaldu du Urdangarinek: "Ikasle kopurua aurreikustea ez da erraza; izan ere, jendeak azkeneko momentuan ematen du izena. Hala ere, aurreko urteko kopuruaren bueltan ibiliko garela uste dut".

Urtean zehar profil ezberdinetako jendea animatzen da Maizpiden euskara ikastera, zuzendariaren esanetan: "Urtean zehar ikasle gehienek lanerako euskara behar dutelako ematen dute izena euskaltegian. Udan profila aldatzen da, eta kanpoko jendea etortzen hasten da. Gaztetxoak ere etortzen dira, eta baita oposizioak prestatzen ari direnak edota lanerako euskara behar dutenak ere". Euskaltegiko ikasleen profila, berriz, honela definitzen du: euskalduna, bizkaitarra eta emakumea, 30-40 urtekoa.

Maila ezberdinetako jendeak ematen du izena Maizpideko ikastaroetan. Nerea Zabaleta (Iruñea, 1982) B1 mailako klasean dago. Betidanik gustatu izan zaio euskara, eta etorkizunerako positiboa izango dela uste du. "Hemen euskara ikastea erraza da, une oro ari baikara euskaraz hitz egiten. Gainera, azkar pasatzen da denbora", azaldu du iruindarrak. Bost hilabete daramatza euskara ikasten, eta gogorra den arren merezi duela azpimarratu du.

Urdangarinen iritziz, C1 mailan erakustea edo hasiera mailan erakustea ez da berdin: "Euskaraz ez dakien norbaiti erakustea ez da erraza, gaizki-ulertuak sor baitaitezke. Jendearekin harreman estua eduki behar duzu, eta hizkuntzaz kanpoko estrategiak ere erabili behar dira euskaraz hutsetik erakusteko. Maila altua duten ikasleei erakustea eta egiten dituzten akatsak zuzentzea, nire ustez, errazagoa da".

Jatorri euskalduna duen baina Euskal Herrian bizi ez den jendea ere animatu da Maizpideko ikastaroak jasotzera. Horietako bat urtean zehar on line jardun da euskara ikasten AEBetatik, eta udan praktikatzera etortzen da: "Aitona-amonak hemengoak zituen, eta badu lurraldearekiko eta euskararekiko lotura", azaldu du zuzendariak. Hemen bizi direnek baina jatorriz hemengoak ez direnek ere badute euskara ikasteko interesa Urdangarinen arabera: "Vietnamen jaio baina hemen bizi direnak, marokoarrak eta hona bizitzera etorri direnak, bartzelonarrak nahiz madrildarrak ere pasa dira Maizpidetik".

Lazkaoko herritarren laguntza ere badutela dio lazkaotarrak: "Maizpide Lazkao erdian dago, eta euskaldun berriak hartzeko goxotasuna daukate herritarrek. Leku ona da euskara ikasteko. Tabernariek txantxak ere egiten dizkiete ikasleei: 'baso bat ur' esan beharrean 'ur baso bat' eskatuta basoa hutsik ateratzen die. Asko laguntzen die".

Atzerritarrak barnetegian

Aurtengo udan, besteak beste, AEBetako eta Alemaniako jendea iritsi da Lazkaora euskara ikasteko helburuarekin. Juliette Blevins (New Jersey, 1960) eta Rebecca Blevins (Ingalaterra, 1997) ama-alabak dira, eta Maizpideko barnetegian ari dira euskara ikasten. Ama hizkuntzalaritzako irakaslea da, eta alaba, hizkuntzalaritzako ikaslea. Laugarren egunerako jada hitz solteak ikasiak dituzte. "Alemana, frantsesa, gaztelania eta txinera dakizkit. Orain, euskaraz hitz egiten ikasi nahi dut. Orain arte entzun ere egin gabe nengoen, eta ama eta biok etorri gara barnetegira", azaldu du Rebeccak. Julietteri bere ikasle batek sortu zion euskararekiko interesa: "Ikasle batek Euskal Herriaren inguruan egiten ari zen lan baterako laguntza eskatu zidan. Historiarekin lagundu nion, baina euskaraz ikasteko beharra sentitu nuen momentu batean. Uste nuen bestela ezingo nuela lanarekin jarraitu, eta hemen gaude". Australian nahiz Indian egon da hizkuntza gutxituen inguruko ikerketak egiten, eta Maizpide oso ondo antolatuta dagoela azaldu du: "Munduko hainbat eskolatan egon naiz hizkuntzak aztertzen, eta onenetariko bat da Maizpide". Alaba erraz ari da euskara ikasten; amak, aldiz, adinean aurrera joan ahala hizkuntza bat ikasten gehiago kostatzen dela esan du.

Simon Dold (Alemania, 1986) duela hamahiru urte etorri zen lehenengo aldiz Euskal Herrira. Ordutik urtero etorri izan da hemengo lagunak bisitatzera. Konstantzako (Alemania) unibertsitate batean ikasten du, eta ikasgai bat euskaraz dauka. Doktoretza linguistikoa ari da ikasten, eta euskarak gaztelanian duen eragina ari da aztertzen. Abuztutik Baionan bizi da, eta urritik ekainera arte AEK-ko ikastaroekin euskara lantzen aritu ostean orain Maizpiden dago. "Pixkanaka-pixkanaka nire martxan ari naiz euskara ikasten. Ez da zaila, eta, gainera, oso logikoa da".

Euskararen egungo egoera

Euskararen egoera hobeto ikustea gustatuko litzaioke Urdangarini: "Ahalegina egin da, eta eskolan euskara erakusten da, baina ez du fruiturik eman. Eskolatik irtetean jendeak ez du erabiltzen euskara, eta horregatik ez du maila altua". Behar baino gutxiago baloratzen dela baina jendeak euskararekiko ikuspegi txarrik ez duela azaldu du zuzendariak: "Jendea euskarara gonbidatu behar da, baina batzuetan zaila da; izan ere, euskal mundua zaila da, eta asko dago egiteko".

Hala ere, euskarari etorkizun positiboa ikusten dio Urdangarinek: "Jatorri ezberdinetako jendea ari da Maizpiden euskara ikasten, eta arrazoi desberdingatik daude denak. Horiek euskarak lotzen ditu, eta poza ematen du horrek. Euskarak duen berezitasunak eta txikitasunak badu lekua munduan, eta hala izango du gerora ere".

Akuilua berriro zorrozteko unea

Akuilua berriro zorrozteko unea

Eider Goenaga Lizaso

Euskararen erabileraren sustatzaile, euskaltzaleen bilgune eta euskaldunen akuilu izateko bokazioarekin sortu zen Bagera elkartea, Donostian, duela 25 urte. Euskaldunentzat eta euskaltzaleentzat erreferente bihurtu da elkartea; baina, urteurrenarekin, Bagerak gogoeta prozesu bat abiatu du, elkartearen egitekoari, lanari eta erronkei buelta bat emateko. Akuilua zorrozteko garaia dela uste dute, eta horretan ari dira buru-belarri. Zuriñe Gonzalez (Donostia, 1977) eta Aitziber Gurutzeaga (Donostia, 1971) Bagerako langileek eta Dani Goñi (Donostia, 1957) elkarteko lehendakariak begiratu bat egin diote iraganari, orainaren gaineko irakurketa egin dute eta etorkizunari begiratu diote.

Elkartearen sorreratik da Goñi Bagerako kide, eta hastapenak oso gogoan ditu. Koro Zumalabe, Joseba Barriola eta Joxean Amundarain aipatu ditu sustatzaile nagusien artean, eta, testuingurua azaltzeko, Arrasateko AED elkartearen sorrera (Arrasate Euskaldun Dezagun) eta Txepetxen teoriak garatzeko sortutako Adorez mintegia nabarmendu ditu. "Horiek abiapuntu hartuta, Donostian zerbait egin behar zela pentsatzen zuten, eta lanean jarri ziren. Ahoz ahoko lan handia egin zen, batekin eta bestearekin bilerak eginez, egitasmoarekin bat egingo zuen jendearengana hurbilduz". Bilera ugari egin zituzten elkartea gorpuztu aurretik. "40-50 lagun elkartzen ginen bilera batzuetan, eta hasierako batzarretan Andia kaleko aretoa goraino betetzen genuen; 200 lagun baino gehiago joaten ginen".

Ilusioa eta gogoa

Zerbait aipatzekotan, "ilusioa" aipatzen du Goñik. "Izugarrizko ilusioa eta gogo handia antzematen ziren gure artean. Hamar urtean Donostia euskaldundu behar genuen", dio irribarrez. "Sekulako indarrarekin hasi ginen; eta, agian, horixe da orain abiatutako prozesuarekin lortu nahi duguna, hasiera hartan izandako indarra eta ilusioa berreskuratzea".

900 bazkide ingururekin hasi zuen ibilbidea Bagerak, eta bazkideen gogoaz eta indarraz egin zituen lehen urratsak. "Hainbeste jende elkartzen ginen, gehiegi ginen ondo funtzionatzeko, eta lantaldeetan banatu behar izan genuen". Kultura taldetik Asteazken Kulturalak sortu ziren; komunikabideen taldearen eskutik, Ser irratian irratsaio bat egin zuten hasieran, eta Irutxulo aldizkaria sortu zuten gero; haur eta gazteen sailak Udaberri Jaiak antolatzen zituen, eta ikastetxeetan ere egiten zuten lanketa; sentsibilizazio taldeak hitzaldiak, mintegiak, soziolinguistika ikastaroak... antolatzen zituen; aditu taldea ere bazegoen, nondik norakoak aztertu eta gogoetarako... Mintzalaguna egitasmoa ere ia-ia hasieran sortu zela dio Goñik, eta kale behaketak ere bai.

Asteazken Kulturalak, Mintzalaguna, kale behaketak, soziolingustika solasaldiak... hasiera hartan martxan jarritako jarduera askori eutsi egiten die oraindik Bagera elkarteak. Eta gehiago ere badira: Mintzodromoa, Auzoko egitasmoa, Mintzakuadrillak, Memelarien lehiaketa... Donostian antolatzen diren jaialdietako euskararen erabileraren inguruko behaketak, adibidez, urtero egiten dituzte: Aste Nagusia, Jazzaldia, Giza Eskubideen Zinema Jaialdia, dFeria, Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema jaialdia... Goñik oso gogoan du behaketak egiten nola hasi ziren. "2 urte eta erdiko alabarekin Aste Nagusian umeentzat antolatutako ekitaldietara joaten hasi nintzen, eta dena gaztelera hutsez zen: jolasak, txotxongiloak... den-dena gaztelera hutsean. Hortik sortu ziren behaketak. Lehena nik egin nuen, eta erabaki genuen 'hau egin egin behar da'. Pentsa nolako ibilbidea egin duen geroztik".

Sendotu ahala, itzali

Hastapen haietan bazkideen borondatez eta haien lanari esker egiten ziren jardueretako asko, ordea, Bagerako langileen esku gelditu dira urteen poderioz. "Bagerak erreferentzia izatea lortu du, proiektua sendotu egin da, azpiegitura bat izatea lortu dugu; baina nik uste dut jendearen parte hartzea eta ilusioa galtzen joan dela bidean, itzaltzen joan dela", dio Goñik.

"Momentu honetan ez dago lan sailik, ezta lan sailak osatzeko jenderik ere", azaldu du Gurutzeagak. Lau langilek eramaten dituzte aurrera Bageraren jarduera guztiak. "Eta egia da Bagera sendotu egin dela, eta sendotze horrek ematen digula aukera lau langile izateko; baina, aldi berean, horrek eragin du jarduera guztia gure esku gelditzea. Egia da ere, jardueraren bat aurrera eraman behar dugunean eta boluntarioak behar ditugunean, izaten dugula laguntza; baina gu joaten gara laguntza horren bila, eta guk nahi duguna da jendea gugana etortzea, alderantzizko bidea ere egitea".

Egoera horretan, hasieran zegoen ilusio hura, lanerako gogoa eta herritarren parte hartzea berreskuratzea jarri dute 25. urteurreneko erronka nagusi moduan. "Azken urteetan askotan egin dugu gure jardunari buruzko gogoeta, ikusten genuen beharra proiektuari buelta bat emateko, etorkizunera begira lan ildo berriak zehazteko, eta hausnarketak askotan egin ditugu; baina bakoitza bere lanean murgilduta egon gara, inertziaz lan egin dugu askotan, ikasturtea hasten zen berriro eta egunerokoak ez zigun uzten pauso hori ematen. Orain, aprobetxatu nahi izan dugu urteurren borobila dela jauzi hori egiteko", gaineratu du Gonzalezek.

Bazkide berriak

Urtea hastearekin Bagerak hainbat urrats egin ditu bide horretan. "25 urteurrenarena aitzakia bat da, orain da momentua berritzeko, birsortzeko, aktibazio lana egiteko... Orain arteko lanean jendea euskararen inguruan aktibatzea izan da gure egiteko nagusia". Besteak beste, bazkide berriak egiteko lanean aritu direla azaldu du Gonzalezek, eta pozik daude emaitzarekin. Bagerak, sorreratik, ez du inoiz bazkide berriak egiteko kanpainarik egin, eta horri eutsi diote aurten. "900 bazkide ingururekin hasi baginen, egun erdiak-edo gelditzen ziren. Batzuek utzi egin dute, jende bat kanpora joan da bizitzera, beste batzuk hil egin dira; hasierako bazkideak 25 urte zahartu dira, eta behar ziren bazkide berriak, bazkide gazteak, lan egiteko gogoa duten bazkideak", azaldu du Gurutzeagak.

Gonzalezek esandakoaren arabera, lehen urrats moduan Ekarri bazkide berri bat kanpaina jarri zuten martxan. "Bazkide bakoitzari eskatu genion bazkide berri bat ekartzeko, garenak bider bi izatea, bazkideak bikoiztea. Horrekin, batetik, bazkideen inplikazioa bilatzen genuen, eta, bestetik, jende berria erakartzea; eta oso ondo joan da. Bi hilabetetan 120 inguru egin ditugu". Bazkideak lortzeko kanpainak egiten jarraituko dute aurrerantzean ere; ez dute asmorik beste 25 urtez hori lotan uzteko. "Harrera oso ona izan da; jendearengana joan garenean, ondo erantzun du jendeak, eta ni harrituta nago", gehitu du Gurutzeagak.

Bagera berritzeko bidean euskarri berriak, irudi berria eta bide berriak lantzen hasi direla dio Gurutzeagak. Besteak beste, gazteengan jarri dute arreta berezia. "Konturatu ginen gazteen arloa nahiko abandonatua genuela eta horiei begira hainbat gauza jorratu ditugu, eta ari gara jorratzen: Mintzakuadrillak, Memeen lehiaketa, elkarlana Piratekin...".

Urtea amaitzen denean, Bagera berritu bat izatea espero dute mahaiaren bueltan bildutako hiru kideek. "Baina, batez ere, etorkizuneko erronkak finkatzea da bilatzen duguna. Ez dugu guk izan nahi erronkak finkatuko ditugunak; guk ere parte hartuko dugu, baina gustatuko litzaiguke parte hartze zabalagoa izatea, Donostiako euskaltzaleek hitza izatea, epe ertain zein luzerako erronkak eta egitekoak haiekin batera zehaztea", azpimarratu du Gurutzeagak. Behin prozesua amaituta, iritsiko zaio Bagerari ospakizunetarako tartea. "Ez genuen 25. urteurrena ospakizun hutsa izatea nahi, elkartearentzat inflexio puntu bat izatea nahi genuen", dio Gonzalezek. Hala, behin prozesua amaituta, ospakizunak 2017an izango direla iragarri dute.

Aukerak eta arriskuak

Bagerarekin gora eta behera ibili arren, Goñik zehaztu du helburu nagusia ez dela Bagera indartzea. "Bagera, azken finean, tresna bat da. Bagera indartuta, lanerako aukera gehiago izango ditugu, baina gure helburu nagusia da donostiar euskaltzaleak aktibatzea, Donostian eragitea, euskararen erabilera sustatzea".

Goñiren esanetan, sorreratik euskararen erabilera izan da Bageraren kezka nagusia: "Garai hartan, ezagutza ez zegoen orain dagoen mailan; baina Donostian bazegoen euskaldun poltsa handi bat. Erabilera esparruak falta ziren, antolatzen zen ia guztia gazteleraz egiten zen, irakurtzeko aukerarik ia ez zegoen...". Egun, zalantzarik gabe, erabilera esparru gehiago dagoela, ezagutza asko igo dela baina erabilera ez dela maila berean hazi nabarmendu du Goñik, eta horrek ez diola "baikor" izateko arrazoirik ematen. "Inflexio puntu batean gaude, eta atzera egiteko arriskua dago. Ezagutza hazi bada eta erabilera ez bada hazi, horrek esan nahi du atzera egiten ari garela. Hor badaude faktore batzuk, gure eskuetatik ihes egiten dutenak, eta horri eutsi behar diogu, adi egon behar dugu atzera joan ez gaitezen. Orain, erabaki behar duguna da nola egingo dugun lan hori hurrengo urteetan".

Etxerako buelta, beldurrik gabe

Etxerako buelta, beldurrik gabe

Olatz Mitxelena
Emakume askorentzat kezka iturri izaten da jaietan gauez irten eta etxera buelta nola egingo duten erabakitzea. Tamalez, beldurrez etxeratzen dira asko jaietatik itzultzean, eta gaiari lotutako azken albisteek, gainera, ez dute batere ...

[Herriz herri] Bergara. Parterik aparte gera ez dadin

[Herriz herri] Bergara. Parterik aparte gera ez dadin

Maite Alustiza

Lehen aldiz, ikastolaren aldeko jaialdi batean igo ziren oholtzara. 1966. urtean izan zen, Bergaran, herriko jaien inguruan. 50 urte geroago, Urretxindorrak taldeak Aitorren hizkuntz zaharra, Mendiko puntatik eta beste hainbat kantu abestu ditu herritarren aurrean. Joan den larunbatean, omenaldi hunkigarria egin zieten udal pilotalekuan, Urretxindorren Lagunak taldeak antolatuta. Herriko eragile ugarik parte hartu zuten ekitaldian; ikusleen artean, berriz, herrikoak zein kanpokoak. Duela 50 urte bezala, ikastolaren aldeko jai bat hartuko du aurten Bergarak, urriaren 2an. Egun horri begira, prestaketetan buru-belarri dabiltza Aranzadi ikastolakoak, Demasa izan dadin. Besteak beste, 2.000 boluntario lortzeko erronka martxan dute. Urria iritsi arte, kirol eta kultur arloko ekintza ugari antolatzen dihardute: gaurko, emakumeen txirrindulari lasterketa prestatu dute (18:30ean, erdigunetik). Irailean, berriz, Kultura Hamabostaldia egingo dute, bi urteurren aprobetxatuta: Aranzadi ikastolaren 45. urtemuga eta Kilometroak jaiaren 40. aldia.

Parte hartzeari garrantzi berezia eman diote Bergarako Kilometroen egitaraua osatzeko. Jaia herritarrentzat antolatu beharrean, herritarrekin antolatu nahi izan dute. Besteak beste, haurrena izango den espazio bat eratzeko, Blai-blai prozesua gauzatu dute.

Udala eta parte hartzea

Bergarako udal gobernuarentzat ere garrantzitsua da herriko eragileekin hartu-emanean aritzea. Elena Lete alkateak azaldu duenez, hainbat alorretako herritarrekin lanean ari da udala; horren adibide, kultur eragileen batzarra, jaietako batzarra, kirol eragileena eta gizarte eragileena osatu izana. "Nabarmendu behar da berdintasunaren mahaia osatzeko pausoak eman direla, berdintasun esparruan lan egiten duten eragileekin lehenengo ekintza egin dela, eta hurrengo pausoa emateko oinarriak ipintzen ari garela". Ekonomia sustatzeko ere, bi forotan ari dira parte hartzen, Berelan foroan —Bergara, Elgeta eta Antzuolako udal eta eragileak batzen dira— eta Bergara Bizi programan —merkataritza arloan—.

Urtebeteko jardunean, udal gobernuaren "adierazle nabarmen bat" parte hartzea izan dela dio Letek: "Zeharkako helburua dela ulertzen dugu gobernuaren eginkizun guztietan". Abian jarritako hainbat prozesu aipatu ditu, herrian egindako lehen galdeketa, esaterako: hondakinen gaikako bilketari buruzkoa. Azaroan egin zuten, eta prozesuarekin ez ezik, emaitzarekin eta ondorenarekin ere pozik agertu da alkatea: "Oso ondo joan zen bosgarren edukiontziaren ezarpena". Gaineratu duenez, maiatzeko datuen arabera gaikako bilketa %83,81 izan da. "Oso datu ona da, herria zoriontzeko modukoa. Bergararrok arduraz jokatzen dugula erakusten digu, hezitako herri bat garela".

Kultur esparruan ere sustatu nahi izan dute parte hartzea: Errege Seminarioan, Obretan baina zabalik programa martxan izan dute. Gasteizko Andre Mariaren katedraletik hartu zuten ideia, eta, obretan ere, herriko ondarea erakutsi nahi izan diete herritarrei. Leteren arabera, Errege Mintegiko aretoko obrak aurreikusitako martxan doaz. "Ondareak emandako izendapenaren barruan lanean gabiltza, monumentu izaera berezia daukan eraikuntza bat da, eta bere baldintzak eta erronkak ipintzen dizkigu. Eraikuntzak berak bere mugak eta aukerak ematen dizkigu".

Obra eta erretaularen berreskuratzea aurten bukatzea espero dute, eta gero hornitu egingo dute: "Eszenan aditua den enpresa bat kontratatu dugu, eta proiektu hori garatzen ari da, kultur eragileekin lanean, eta, noski, udal kultur teknikariekin elkarlanean; azken finean, horiek izango dira ekipamendua erabiliko dutenak eta Bergarako ezaugarriak ezagutzen dituztenak". Parte hartze bidez bideratutako beste proiektuen artean aipatu ditu Zubieta kaleko urbanizazio proiektua, Agorrosingo harmailena —hilabete honetan bukatuko dute— eta Labegaraieta auzoko kirolgunea eta haren inguruko aisialdi eremuaren erabilera definitzeko prozesua.

Landa eremuari lotuta, auzo guztien beharrak batzeko eta koordinatzeko lanketa egiten ari dira. "Plangintza bat osatu nahi dugu, non gure ondorengo lana adierazita geratuko den". Lan horretan auzoen artean "oreka eta garapen berdintsua" bilatuko dute.

Koherentea eta eraginkorra

Parte hartzeaz gain, "koherentzia" da gobernuaren zutabeetako bat. Letek dioenez, euren jardunak oposizioan zeudenean egindako lana eta esandakoa dauzka oinarrian: "Gobernuaren ardura hartu genuenean ez ginen hutsetik hasi, baizik eta aurrelan horren guztiaren jarraibidea egin dugu".

Udaleko alderdien artean, lehen aldiz bozeramaileen mahaia osatu dute. Aurten hasi dira martxan, eta udaleko lau alderdiak daude ordezkatuta —EAJ, EH Bildu, Irabazi eta PSE-EE—. "Lan egiteko gaiak ez daude faltan, eta osaketa hau sendotu egingo da; bere izaera propioa ematea da helburua".

Erakunde "eraginkorra, erabakitzailea, entzulea eta arduratsua" izan nahi du udalak, eta ezaugarri bakoitzari lotuta, hainbat proiektu ari da gauzatzen. Eraginkorra izateko, adibidez, teknologikoki "aldaketa nabarmenak" egin dituzte. "Hogei urte zeuzkan azpiegiturak moldaketa sakon batean daude murgilduta; horren bitartez udala etorkizunera eta administrazio elektronikora begira egotea nahi dugu".

Erabakien atalean, Espoloiko kioskoa eraitsi izana. "Egoera kaskarrean" zegoela eta, maiatzean bota egin zuen udalak: "Gure erantzukizuna zen, eta herritarren segurtasuna gure ardura da". 1924an inauguratu zuten kioskoaren beheko zatia, eta 1950ean erabili zuten lehenengoz. Hamalau urtez "erdi itxita" egon zen gero. Orain, udala Espoloirako aurreproiektu bat lantzen ari da, eta epeka gauzatzeko asmoa du, hiru fasetan. "Horretan ere parte-hartze prozesu bat egoki ikusten dugu". Egin dituzten beste hainbat obra ere zerrendatu ditu Letek: Errekalde lorategiko horma konpontzea, Elorregi hilerriko bidea eta Keresatsu baserriko bidea konpontzea...

"Gizartearen beharrak erantzuteko", diru laguntzen plan estrategikoa onartu zuten; horretan, diru laguntza guztiak daude, eta legealdi osorako. "Nabari geratzen da esparru guztietako zer ildo sustatu nahi den, eta ez bakarrik aurten, baizik legealdi osorako". Arduratsu izateari dagokionez, berriz, energia eraginkortasunez erabiliz "hobekuntzak" egin dituzte; besteak beste, argiterian eta kirol eta eraikuntza publikoetan.

Erantzulea, giza arduragabekeria

Erantzulea, giza arduragabekeria

Eider Goenaga Lizaso

Ez gaitzazu utz". Horrelaxe egiten dio bisitariari ongietorria Zuhaitz-pe animalien babeslekura iristean topatzen duen afixak. Hiruzpalau poni eta asto parea hurbildu dira hesira; ogia ematera joandako ama-alaben eskutik ari dira jaten. Ondoren, hesiz inguratuta, untxiak daude; eta, barrura sartzean, kaioletan, txakurrak eta katuak. Kalean topatutako 140 txakur eta 350 bat katu dituzte gaur egun. Gemma de la Peña Zapirain babeslekuko langileak dioenez, ia egunero iristen zaie txakur bat babeslekura. "Astean iristen zaizkigun zazpietatik bost-edo galdutako txakurrak dira, eta jabeak etortzen dira bila; baina besteak abandonatutako txakurrak dira, jabeek kalean utzitakoak. Horiek gurekin gelditzen dira, norbaitek begiz jo eta etxera eramatea erabaki arte".

1997an ireki zituzten Zuhaitz-peko ateak, eta ia hogei urte daramatza De la Peñak bertan lanean. "Gipuzkoako Animalien Babeserako Elkartea, ordea, askoz ere lehenagotik ari da lanean. Gipuzkoan bazkide asko izan ditu beti elkarteak, eta horiei esker erosi zuten toki hau, eta horiei esker egiten dezakegu lan hau". Bazkideez gain, txakurrentzako ostatua, albaitaritza kontsulta eta denda daude Zuhaitz-pen, eta hortik ateratzen den diruari zein udalekin dituzten hitzarmenei esker eusten diote egitasmoari.

Hitzarmenak udalekin

Udaletatik abisua jasotzen dutenean joaten dira Zuhaitz-pekoak txakurraren bila. "Gu ez gara ibiltzen abandonatutako animalien bila, udalek deitzen digute. Animalien babeserako legeak behartu egiten ditu udalak kalean dabiltzan animaliak jaso eta 30 egunez mantentzera. Baina udalek ez dute azpiegiturarik txakurrak edukitzeko, eta hitzarmenak ditugu Gipuzkoako ia udal guztiekin". 30 eguneko tarte hori izaten dute jabeek txakurra berreskuratzeko; "eta behin 31. egunetik aurrera, haien bila inor etorri ez bada, gure kargu gelditzen dira". Udalak 30 eguneko egonaldia ordaintzen du, eta hortik aurrera babeslekuaren gain gelditzen da mantenua.

Animaliak adopzioan ematea da babeslekuaren helburua. "Gure helburu nagusia animalia hauei familia bat, jabe bat, etxe bat bilatzea da. Baina, inor etortzen ez bada, guk zaintzen ditugu". Txakurrak kaioletan egoten dira, eta tamainaren eta sexuaren arabera sailkatzen dituzte. Zortzi-hamar txakur egoten dira kaiola batean, eta egunean bitan zabaltzen diete atzeko atea, aldameneko belardian ibil daitezen, kaiola garbitu bitartean. "Txakur arriskutsu gisa sailkatutakoak, berriz, aparteko kaiola batzuetan izaten ditugu; kumeak ere bai; eta baita iritsi berriak direnak ere, bizpahiru egunez".

Gaur egun toki arazorik ez dutela dio De la Peñak. "Baina, garai batean, toki arazoak genituenean, txakurrak sakrifikatu egin behar izaten genituen. Jendeak ez du begi onez ikusten, eta askok ez dute ulertzen, baina toki arazoak daudenean ez dago beste irtenbiderik. Txakurrek samalda osatzen dute, zortzi-hamarreko taldea egiten dute, eta zuk kaiolan gehiago sartzen badituzu, beraiek dira sobera dagoena garbitzen dutenak". Halere, helburua animaliei bizirik eustea dela azpimarratu du De la Peñak, tarteka bestelako neurriak hartu behar izan diren arren. "Badakit gogorra dela, baina hori da errealitatea, eta argi dago honen erantzulea zein den: giza arduragabekeria".

Txakurrak abandonatzearen inguruko kontzientzia, "zorionez", gero eta handiagoa dela uste du De la Peñak. "Hainbeste hitz egin eta hainbeste kanpaina egin ondoren, nik esango nuke gero eta txakur gutxiago uzten direla kalean, baina oraindik abandonatzen dituzte. Eta gerta liteke, kasu bakanen batean, txakur jabeak beste irtenbiderik ez izatea, baina gehienetan utzikeria eta arduragabekeria dago horren atzean. Gezurra badirudi ere, oraindik badaude Eguberrietan umeei txakurkumeak oparitzen dizkieten gurasoak".

Txakurra kalean utzi baino lehen babeslekura eraman daitekeela nabarmendu du De la Peñak. "Arduraz jokatzen duenak, txakurra abandonatu beharrean, hemen uzten du. Normalki, guk ez dugu arazorik jartzen onartzeko". Hori esan eta berehala, bikote bat hurbildu da babeslekuko harrerara; banantzera doazela-eta, 15 urteko txakurra bertan utzi nahi dutela esan diote De la Peñari. "Ezetz esan diet. Nola utziko duzu 15 urteko txakur bat hemen? Bere burua hiltzen utziko luke, ez luke jango, ezta egunero txuleta bat emanda ere! Adin horrekin, zenbateko bizitza geldituko zaio, bada? Urtebete?". Txakurrarekin bueltan bidali du bikotea, eta txakurrari merezi duen moduan hiltzen uzteko eskatu die.

Gertatutakoa salbuespena dela azaldu du De la Peñak. "Normalean, denak hartzen ditugu, bestela kalean bukatuko dutelako. Espero dut hauek halakorik ez egitea". Adoptatzeko garaian ere ez dutela traba handirik jartzen adierazi du. "Hona datorrenak badaki zerbait, dendara joan beharrean abandonatutako txakur bat hartzea erabaki du, eta horrek erakusten du gutxieneko kontzientzia bat badutela". Txakurra eraman nahi dutenei elkarrizketa bat egin, datuak hartu eta txakurra aukeratzen uzten diete. Aukera handia da: arraza garbikoak (pitbullak, artzain txakur alemanak, setterrak, cockerrak...) zein nahasiak, handiak zein txikiak, kumeak zein helduak. "Adoptatzera etortzen direnean ez dituzte beti kumeak nahi, ezta beti arrazakoak ere. Denetik dago. Gehienetan, buelta bat ematen dute, txakurrak ikusten dituzte, guri galdetzen digute eta bat gustatzen zaienean, etxera eramaten dute".

Pozik hartzen dituzte Zuhaitz-pen txakur bat adoptatzera etortzen direnak. Baina txakurrik gabe bueltan bidalitakoak ere izaten dira. "Umearentzako txakur bila etorri ziren lehengoan guraso batzuk. Ez zegoela erantzun nion. 'Nola ez dagoela txakurrik?', galdetu zidan, harridura aurpegiarekin. 'Ez, ez, ez dago 5 urteko ume batentzako txakurrik', erantzun nion. Txakurra edukitzeak ardura handia eskatzen du. 15 urte biziko da, eta heldu baten beharra du zaintzeko. Esku hutsik joan ziren".

Ez zen izan Zumarragako Izaskun Zubimendiren eta haren bikotekidearen kasua. Donostiara joaten direnean, noizbehinka, gustatu egiten zaie babeslekura bisita egitea. "Duela hiru urte adoptatu genuen txakur bat hemen. Bagenuen beste bat garai hartan, baina zahartzen ari zen, eta bigarren txakurra hartzea erabaki genuen". Zuhaitz-pera bisitak egitearen ondorioz erabaki zuten txakurra adoptatzea. "Arraza nahastuko bat hartu genuen. Pintto. Emozio bidez erabaki genuen zein txakur hartu. Txakurkumea zen, amarekin zegoen goxo, eta gustatu egin zitzaigun".

Katuak, antzututa

Hala ere, Zuhaitz-pen gehiago dira katuak txakurrak baino. "Hogei urte daramatzagu kaleko katuen kolonia osoak antzutzen. Antzutu eta berriro askatu egiten ditugu. Baina, batzuetan, katu talde handiak biltzen dira komeni ez den tokietan —eraikinek jan dituzten tokietan, adibidez—, eta horiek hona ekartzen ditugu". Udalei katuen kargu egitea txakurrekin baino gehiago kostatu zaiela dio De la Peñak. "Asko kostatu zaigu, baina ari dira. Izan ere, katuak ere animaliak dira, eta animalien babeserako legeak denak babesten ditu".

Kezkak partekatzeko tenorea

Kezkak partekatzeko tenorea

Julene Frantzesena
Ikaskide batek sexu erasoa jasan ostean, 2013aren bukaeran sortu zuten Mare More taldea Azpeitiko Iraurgi ikastetxeko ikasleek. Ordurako, baina, ari ziren Arremanitz kooperatibako kideak hezkidetzaren, sexualitatearen eta tratu onen ...

[Herriz herri] Berastegi. Herriko plaza “sozialagoa” izateko bidean

[Herriz herri] Berastegi. Herriko plaza “sozialagoa” izateko bidean

Maier Ugartemendia

Berastegiko paisaiaren edertasuna azpimarratuko luke ziurrenik herrira lehen aldiz iristen den bisitari batek. Eta ez da gutxiagorako; izan ere, bailara batean kokatuta dago, muinoz eta zelai berdez inguratuta. Estetikoki margo batean irudikatzeko moduko herria. Azalerari dagokionez, Gipuzkoako herririk handienetakoa da, 45,9 kilometro koadrorekin. Hori ez da biztanlerian islatzen, ordea: mila biztanle inguru ditu egun. Bilakaera ez da handia izan, 1900 .urtean ere mila biztanle pasatxo baitzituen.

Zelaigune berdeen erabilerari lotuta, sorreratik artzain eta nekazari herria izan da Berastegi; bereziki, artzaintzarekin lot daiteke. Paulo Iztuetak Berastegiren historia biltzen duen Berastegi 1 liburuan esaten duenez, 5.000 ardi buru inguru daude herrian. Ondorioz, gaztagintzari oso lotuta dago, eta Idiazabal jatorriko gazta ekoizten dute han.

Bisitariei Berastegi ezagutzeko aukera bat gehiago eskaintzeko, ibilbideak osatuko dituzte herriaren inguruan. Plazan jarriko dute informazioa emateko panela, eta handik abiatuko dira ibilbideak: luzera desberdina dutenak, desnibel desberdina... Koloreen bitartez identifikatuko dituzte bideak, eta markak ere kolore horiekin egingo dituzte. Herriaren bueltan egiten den ibilbidea —herritar askok egiteko ohitura dutena—, esaterako, bost kilometro ingurukoa da. Horretan, herriari buruzko informazioa jasotzen duten bost panel ezberdin jarriko dituzte.

Berastegin azken urteetan esku artean izan duten proiektu nagusia udaletxea berritzea izan da, eta, horrekin batera, oraindik ere esku artean duten beste bat: plaza ibilgailuentzat ixtea.

2012ko ekaineko udalbatzan onartu zuten "Berastegiko udaletxea eraberritzeko obra lana". Udaletxea handia da, eta historia handikoa; 1699an hasi ziren eraikitzen, eta lanak 1734an amaitu zituzten. Eraikinaren pertsonalitatea mantendu nahi izan dute lanetan, eta, azken finean, horrelako eraikin bat berritzeak gastu asko ditu, Amaia Azkue alkateak azaldu bezala: "Obra hauek 1,7 milioi euroko kostua zuten; Gipuzkoako Foru Aldundiak 800.000 euro jarri zituen, eta Berastegiko Udalak 1.000.000 euroko kreditu bat eskatu zuen. 2026an amaituko zaigu".

2013an izan zen eraberritze lanen inaugurazioa; udaletxeko bi solairu zabaldu zituzten: administrazio solairua, sarrera nagusia eta erabilera anitzeko gela. Aurten, martxoan, eraikineko beheko solairuan mediku kontsulta berria inauguratu zuten, eta maiatzean kultura solairua.

Horrez gain, plaza "gune sozialago bat" bilakatzea nahi dute, eta autoentzat itxi eta oinezkoentzat egokituko dute. Aldaketa hori zerbitzu guztiak udaletxean zentralizatzearekin "oso lotuta" dago: "Gunearen erabilera handitzeak ziurtasuna bermatzea eskatzen digu". Nolako plaza nahi duten erabakitzeko, parte-hartze prozesu bat egin dute herritarrekin; udan itxiko dute.

Ategi eremua

Berastegin aldaketa handiak izango dituen beste inguru bat Ategi eremua da. 39 etxebizitza egiteko aukera ematen du, eta, Azkueren esanetan, aurten hasiko dira lanak. Urte eta erdi inguruko iraupena izango dutela aurreikusi dute, eta "bederatzi etxebizitzako eraikina gehi urbanizazio lanak" egingo dituzte bertan. Urbanizazio lanen ondorioz, eta plazako sarrera itxita egongo denez, "sarbide zuzena egingo da Tolosa eta Leitza elkartzen dituen errepidetik".

Gune horretan dago udalaren jabetzako Ategi etxea. Orain arte Gaztainondo erretirodunen elkartea eta tutoretzapeko etxebizitzak zeuden bertan. Ekainaz geroztik, herriko ostatua ere bertan dago —taberna eta jatetxea—. Azpiegiturak jatetxe bat kokatzeko "egokituta" zeudela dio Azkuek, eta, udalak adjudikazioa egin ondoren, herritar batek hartu du ardura. Gauzak horrela, erretirodunak lehen solairura igaro dira. 2007an, solairu horretan zabaldu zuten eguneko zentroa, baina 2011n "erabiltzaile faltagatik" itxi egin behar izan zuten; ordutik, "ez zuen erabilerarik" solairu horrek. Eta, bigarren solairuan, tutoretzapeko etxebizitzak daude kokatuta; hiru erabiltzaile daude, eta bost egoteko aukera dago.

Aldaketa horiek egiteko beharra ikusi zuen udalak, ikusten zutelako etxebizitza horrek ez zuela "behar zuen erabilera". Izan ere, eraikina "txukuna eta dotorea" da, eta aurrerapausoa ematea erabaki zuten herrian "taberna-jatetxe baten gabezia" sumatu zutenean. Egoki ikusi zuten lanpostu bat sortzea, herritarrei zerbitzu bat eskaintzea eta eraikinari beste erabilera bat ematea.

Herriko gune hori "igarobide bat" izan dela uste du Azkuek, eta, egin dituzten lanen ondorioz, hemendik aurrera "erabilera dezente" izango dituen gunea izango dela.

Gaztainondo elkartean mota guztietako jarduerak egiten dituzte urte guztian. Hain zuzen ere, eragileek herrian bertan duten parte hartze zuzena da Berastegi bereizten duen beste gauzetako bat. Tartean dira Urepele elkartea, Basurde elkartea, Beasti guraso elkartea, odol emaileen taldea, Kristau Elkartea... Urepele elkartea, adibidez, 14 urtetik gorako 126 gaztek osatzen dute, eta barnean kultur eta kirol taldeak ere baditu. Azkueren esanetan, gainera, antolatzen ari den ekintzak "herritar guztiengana" zabaltzen ari dira; "ateak ireki" dituzte, eta urte osoan ekintza ugari antolatzen dituzte.

Kultur arloan lanean aritzen den beste eragile bat Aldin kultur elkartea da. 2003an sortu zen, eta, besteak beste, Aidanen aldizkaria urtero argitaratzeaz arduratzen da, abuztuaren 10aren bueltan ospatzen dituzten San Lorentzo jaien aurretik. Horretan, herriarekin lotutako hainbat gai jorratzen dituzte.

“Gu baino gaixo hobeak dira”

“Gu baino gaixo hobeak dira”

Eider Goenaga Lizaso

Gure gorputza zelula txiki-txikiz osatutako puzzlea da. Zelulak, inurriak bezala, lan eta lan ari dira, gu handiak egiteko. Baina Marimototsen zelula batzuek ez dute ongi funtzionatzen, eta ezin dute bere gorputzeko puzzlea osatu. Horri minbizia deitzen zaio". Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Eskerrik asko ikuskizuneko hitz horiek erabiliz azaldu zioten Jon Olanok eta Nerea Goikoetxeak 9 urteko alabari, Eijerri, minbizia zuela. "Sendatzeko kimio botika hartzen dut; zelula txarrei eraso egiten die, eta nire puzzlea osatzen laguntzen dit", dio Marimototsek ikuskizunean. "Guk alabari esan genion Marimototsi bezala gertatuko zitzaiola, ilea eroriko zitzaiola, pirata zapia jarriko geniola, puzzlea osatzeko tratamendua behar zuela... Zortzi hilabete egin zituen tratamenduan, kimioarekin, baina orain ondo dago", dio Olanok.

Gogorrena umea gaixo dagoela esaten dizuten unea dela nabarmendu du. Iazko martxoan izan zen. Mendira joan eta alaba ordekan atzera gelditzen zelako hasi ziren kezkatzen gurasoak. "Ez zen normala. Sanjoseetako zubia zen, eta pentsatu genuen astelehenean eramango genuela medikutara". Gauean sukarra igo eta, azkenean, larrialdietara eraman zuten; ospitalean utzi zuten, anemia larria zuela eta.

Emaztea beste hiru seme-alabak zaintzen geratu zen etxean. "Orduan, alabaren ondoko gelara deitu ninduten medikuek, eta esan zidaten parametroek adierazten zutela leuzemia zuela. Nolako kolpea! Oso gogorra da. Zorabiatzen hasi nintzen. Baina, bat-batean, alabak deitu ninduen: 'Aita!'. Hortxe egiten duzu klik, eta kitto, buelta ematen diozu, alabaren aurrean ezin zara lur jota azaldu". Jaso berri duzun albisteak "barrutik jan" egiten zaituen arren, umearen aurrean indartsu agertzea ezinbestekoa dela uste du Olanok. "Emazteak txanda egin eta etxera itzuli nintzenean, hondoratu egin nintzen, lurra jo nuen. Baina umearen aurrean ezin duzu".

Albistea antzeko moduan jaso zuten David Diaz de Gereñuk eta Irati Iruretagoienak ere, 2012ko martxoaren 14an. Markel semeak 3 urte zituen; sukarra gora eta behera zebilen hainbat egunetan, eta belarriko mina zuelako kexatzen zen. Pediatrara eraman zuten otitisa zelakoan. "Hark ezetz esan zigun, baina eramateko ospitalera frogak egitera, beste gaitz bat izan zitekeela", azaldu du Diaz de Gereñuk. Beste gaixotasun hori baztertu arren, analitiketan defentsak baxu samar zeudela esan zieten. "Egun berean esan ziguten leuzemia zela. Amesgaizto bat. Umea zainketa intentsiboen unitatean [ZIU] utzi behar izan genuen bakarrik, eta etxera bidali gintuzten ezer gehiago jakin gabe, ez genekien zein leuzemia mota zen, nolako tratamendua beharko zuen, bizi itxaropena zenbatekoa zen... Duda gabe, egun okerrena izan zen".

Harremana Aspanogirekin

Hurrengo hilabete eta erdia ere "oso-oso gogorra" izan zen Diaz de Gereñurentzat, eta tarte horretan Aspanogitik jasotako laguntza ezinbesteko jotzen du. "Umea isolatutako gela batean sartzen dute, eta zu ere isolatu egiten zara. Une oso gogorrak dira, umea okerren ikusten duzun denbora tartea da; ilea erortzen zaio, kortikoideengatik puztu egiten da, batzuek jateko gogoa galtzen dute, kimioaren erreakzioa... Markelek tronbosi txiki bat ere izan zuen hankan. Eta une horretan Aspanogik ematen dizun informazioa eta babesa oso garrantzitsua da", dio Diaz de Gereñuk.

Olanok ere asko eskertzen du Aspanogiren laguntza. "Gela isolatu batean zaude, eta han sartzeko denak garbia eta desinfektatuta egon behar du, erizainak eta medikuak baino ez dira sartzen. Bertara etorri zen Nekane [Lekuona] gure kasua ezagutu zuenean. Momentu horretan erreferentzia bihurtzen da zuretzat".

Aspanogiko gizarte laguntzailea da Lekuona; egunero ibiltzen da joan-etorrian elkartearen bulegotik Donostia Ospitaleak Haur eta Amatasun unitatean uzten dien bulegora. "Normalki familia guztiek nahi izaten dute gure babesa, baina garrantzitsua da lehen kontaktu horretarako une egokia aukeratzea. Une bereziak dira, eta ezin gara umea dagoen gelara besterik gabe sartu".

Minbizia diagnostikatzen dietenean, mediku eta erizainek Aspanogiri buruzko informazioa ematen diete gurasoei; aldi berean, kasu berri bat dagoen bakoitzean, ospitaleko mediku-erizainak Aspanogirekin jartzen dira kontaktuan. Erizainek egiten dute bi aldeen arteko zubi lana. Donostia Ospitaletik kanpo diagnostikatutako umeen kasuan, familia izaten da Aspanogirekin harremanetan jartzeko pausoa egiten duena.

Lekuonak emandako datuen arabera, urtean 20-25 familia berrirekin egin behar izaten dute kontaktua. "Donostia Ospitaleko onkohematologia pediatriko unitatean 0-18 urte bitarteko haurrak egoten dira. Urtean 12-17 kasu berri diagnostikatu izan dira, baina azken urte hauetan haurren minbizi kasuen arreta kopurua igo egin da, eta 20-25 kasu berri tratatzen dira urtean".

Hasieran, informazioa eta une txar hori pasatzeko babesa ematen die Aspanogik. Baina ospitaleko egonaldia luzea izaten da, eta haurraren eta senideen bizi-kalitatea hobetzea da elkartearen xede nagusietako bat. "Gaixoari eta senideei arreta psikologikoa ematen diegu; gizarte laguntzari lotuta, informazio, aholkularitza eta baliabideen kudeaketa egiten dugu; eta ospitaleko egonaldia hobetzeko zerbitzuak eskaintzen dizkiegu".

"Gure kasuan, eskolako materiala Aspanogik utzi zigun", azaldu du Olanok. "Gela isolatuan sartzeko, eskolako materialak eta liburuek plastifikatuta eta garbituta egon behar dute, eta ordenagailuak ere bereziak dira, haizagailurik gabeak". Laguntza horri eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gaixorik dauden haurrentzat jartzen dituen irakasleei esker, Eijerrek ikasturtea ez galtzea lortu zuela azaldu du Olanok. "Eta, une horretan, zuretzat hori ez da lehentasuna, sendatzea baizik; baina umearentzat bai, inportantea da ikasturteari eustea, lagunekin jarraitzea, bueltatzen denean, ahal bada, lehengo tokitik jarraitzea". Olanoren alabak zortzi hilabete egin zituen tratamenduan; "sanjoseetan gaixotu zen, ospitalean bete zituen 10 urte, eta Eguberri ostean itzuli zen eskolara". Egun, 11 urte ditu, eta lau hilabetean behin joaten da mediku azterketak egitera.

Ospitaleko egonaldia

Umeei ez ezik, Aspanogik gurasoei eskaintzen dien laguntza nabarmendu du Diaz de Gereñuk. "Ospitalean zaudenean umea da zure ardura bakarra, zure nekea eta zure egoera bigarren planoan gelditzen da. Baina Aspanogikoak kezkatzen dira gutaz ere; adibidez, ospitaleko jangelan bazkaltzeko txartelak ematen dituzte. Eta dena da laguntza". Bazkarirako txartelak ez ezik, Aspanogik zaintzaileentzako gunea jartzen du gurasoen esku; dutxa, komuna, hozkailua, mikrouhin labea eta armairuak dituzte bertan gurasoek. Horrez gain, berriki ireki dituzte Piratenea-ko ateak. Ospitaletik gertu dagoen etxe bat da; batez ere Donostia kanpoko familiek erabil dezaten, ospitaletik irtetean, urrun joan gabe, haize pixka bat eta atsedena hartzeko.

Laguntza guztia ongietorria eta beharrezkoa dela esaten dute Olanok eta Diaz de Gereñuk, eta Aspanogirekin zein Donostia Ospitaleko arretarekin pozik agertu dira biak. "Baina, horrelako egoera batean, zu ondo edo gaizki egotea baldintzatzen duen bakarra umea da. Umea ondo ikusten baduzu, alai ikusten baduzu, jolasean eta indartsu, zu ere halaxe zaude; umea gaizki dagoen momentuetan, txakalaldia izaten duenean, eta izaten dira horrelakoak, zu ere gaizki egoten zara. Hor ez dago formula sekreturik", gehitu du Diaz de Gereñuk. Olano ados dago. "Umea gaizki dagoenean, zu gaizki zaude; baina indartsu egon behar duzu, bere ondoan egoteko. Bera ondo eta animoso dagoenean, zerorri ere animatu egiten zara. Hori da gaixotasun honen dinamika".

"Momentu oso gogorrak pasatzen dira, behinik behin hasieran, ikusi arte nola den, kimioak zein erreakzio eragiten dion, bere erreakzioa zein den... Baina umeek harritu egiten zaituzte, eta aldi oro lezioak ematen dizkizute". Helduek eta umeek gaixotasuna bizitzen duten moduan ikusten du alde handiena Olanok. "Umeek dute gauza bat oso ona, eta da gaixo daudenean gaixo daudela, gaizki daudela; baina ondo daudenean, ondo daude, eta kitto. Helduak ez gara horrelakoak, gu ondo gaudenean ere ari gara pentsatzen 'ze gaizki egon naizen', edo 'zer ote dator orain', edo 'zergatik gertatu zait hau niri'. Azkenean, beti gaude gaizki, baita ondo sentitzen garenean ere. Umeak gu baino gaixo hobeak dira".

Eijer bezala, Markel ere "garbi" dago orain. Hiru urte egin zituen tratamenduan; kimioa zainetik hartzen lehenik, eta pilula moduan, gero. Lau hilean behin egiten dizkiote orain. "Minbizi motaren arabera, haur minbizidunen %80 sendatu egiten dira, eta bizi iraupenaren tasa handituz doa", azpimarratu du Lekuonak, "asko aurreratu da, baina oraindik pauso asko eman behar dira bizi iraupenaren tasa %100 izan dadin". Bitartean, Aspanogik minbizia duten pirata txikiei zein haien gurasoei laguntzen jarraituko du.

Infernutik at nahi dituzte

Infernutik at nahi dituzte

Asier Perez-Karkamo

Maiatz hasieran, Hondarribiko boluntario talde batek bost egun igaro zituen Katsikasko errefuxiatuen kanpalekuan (Grezia). Herrian bildutako 30 tona arropa banatzera joan ziren, baina beste hamaika lan gehiago egin zituzten. Errefuxiatuekin harreman oso estua izan zuten, eta, Euskal Herrira itzulita, beste urrats bat egiten saiatzea erabaki zuten. Familiak ekarri nahi dituzte, okerren daudenetatik hasita.

Emeki emakume elkarteak abiatutako kanpainan bildutako arropa banatzera joan ziren boluntarioak Katsikasera. "Bileretan kezka bat azaldu zen. Nola jakin arropa hori benetan iristen zela? Horregatik planteatu zen boluntarioak joateko aukera, banaketa egiten zela kontatzeko", adierazi du Leire Miguez Emekiko presidenteak. Joan den astean abenturaren kontakizuna egin zuten Itsas Etxea auditoriumean, eta boluntarioek han jakinarazi zieten herrikideei Katsikastik ekarri dituzten asmoen berri: "Hura ez da pertsonak bizitzeko toki bat", azaldu zuen Marije Zapirain boluntarioak, "eta handik atera nahi ditugu".

Katsikasen egondako bost egunak "gogorrak baina zoragarriak" izan ziren, Izaskun Eizagirreren arabera: "Arropa familien artean banatu genuen, bakoitzari behar zuena emanez, baina baita gustuko zutena ere, haien duintasuna zaindu nahi genuelako. Jertse bat hartu, probatu, eta ondo ez bazuten, itzuli egiten zuten, eta beste bat aukeratzen zuten. Hori asko eskertu ziguten". Baina beste gauza asko egin zituzten Hondarribiko boluntarioek Grezian, eta iheslari familiekin harreman oso estua eduki zuten. Eizagirrek erantsi duenez, "haurrekin jolastu, scooby doo-ak [eskumuturrekoak] egiten irakatsi, jaioberriak bainatzen lagundu, haurrei zorriak kendu, eguzkitako krema eman..."; ia denetarik egin zuten han.

Eta erabat hunkituta itzuli ziren Euskal Herrira. "Buelta oso gogorra izan zen", aitortu du Zapirainek. "Gu etxean eroso eta beraiek han, harrien gainean lotan, bizi-baldintza haietan, etsita". Horregatik, zerbait egin behar zutela erabaki zuten: "Katsikasko infernutik atera behar genituen". Ordurako bazekiten Gipuzkoako Batzar Nagusietan euren esperientzia entzun nahi zutela, etorriko diren errefuxiatuen gaia lantzen ari den ponentzia baten harira, eta aukera hori baliatzea erabaki zuten.

Duela bi aste izan ziren Batzar Nagusietan. Hitzez, argazkiz eta bideoz, Katsikasen bizi izandakoak kontatu zituzten. "Harrera oso ona izan genuen, gure kontakizunak bihotza ukitu zien, eta zerrenda aurkezteko aukera izan genuen", erantsi du Zapirainek. Horri esker, errefuxiatuen gaia lantzeko sortu den erakundeen arteko mahaian Katsikasko familia ahulenen asilo eskaerarekin zer egin ote daitekeen eztabaidatzen hasi dira.

Hauskorrenen zerrenda

Katsikasen geratu ziren boluntarioek programa bat abiatu zuten han bizi diren errefuxiatu familien beharrak zehazteko eta hauskortasun mailakatze bat ezartzeko. Hondarribitik eskaera egin zieten: "Zerrenda eskatu genien, familia hauskorrenen zerrenda bat, gaixo larriak dituztenak, Europako beste herrialdeetan seniderik ez dutenak, eta Euskal Herrira etortzeko prest daudenak". Eizagirreren hitzetan, zerrenda horrekin ate-joka hastea zen helburua.

Maria Peñalosa da gipuzkoarrentzat Katsikasko familien zerrenda osatu duena. Martxotik dago Katsikasen, eta boluntarioen koordinatzaileetako bat da. Familiak aukeratzeaz gain, haien dokumentazioa biltzen aritu da, pasaporteak eskaneatzen, txosten medikoak eskatzen, familia bakoitzaren istorioa idazten... "Ez da erraza. Batetik, familien baimena behar duzu eskaera egiteko, baina ezin diezu esperantzarik eman, euren etsipena oso handia delako. Eta, bestetik, dokumentazioa biltzea asko kostatzen zaigu, txosten medikoak batez ere, batzuek itsasoan edo bidaian galdu dituztelako eta hemen mediku espezialistarik ez dagoelako, errefuxiatuetako batzuk aberrigabeak direlako... Ez dakigu zerbait lortuko ote duten, baina errefuxiatuak oso eskertuta daude Hondarribian egiten ari direnarekin".

Itsas Etxean egindako ekitaldian Katsikastik bidalitako bideo pare bat proiektatu zituzten. Horietako batean, Ahmed gaztea ageri da, irribarre handi batekin aurpegian, euskaraz eskerrak emanez. Boluntario bizkaitar batekin euskara ikasten ari da Katsikasen, eta haren agerraldiak ezustean harrapatu zituen Itsas Etxeko harmailetan eserita zeudenak: "Hondarribira joan nahi dut", dio gazteak bideoan. Eta Hondarribira ekartzen saiatzen ari dira maiatz hasieran Katsikasera bidaiatu zuten zazpi boluntarioak.