Aitziber Arzallus
Loiolako basilikatik gertu eta Urola ibaiaren ertzean, leku paregabean dago Azpeitiko Ekoetxea. "Azpeitiar askorentzat Umeentzako Museoa da oraindik ere", Itziar Unanue museoko hiru hezitzaileetako baten esanetan; izan ere, 1987ko ekainaren 5ean izen horrekin ireki zituzten gaur egun Ekoetxea denaren ateak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ingurumen hezkuntzako lehen zentroa izan zen. Baina aldaketak izan ditu denboraren joanean, izenean zein izanean. Euskadiko Ekoetxeen sareko kide da 2017tik, Txingudiko, Urdaibaiko (Bizkaia) eta Meatzaldea-Peñas Negraseko (Bizkaia) ekoetxeekin batera.