Albisteak

Pasai Antxo. “Saiatu dira gaztetxea ixten, eta guk aukera bat ikusi dugu”

Pasai Antxoko gaztetxeak 30. urteurrena ospatu zuen lehengo azaroan. Ia sorreratik Axular plazan izan du egoitza Pasai Antxoko Gazte Asanbladak, udalak utzita. Baina, dirudienez, litekeena da luze gabe egoitza galtzea. Azaroaren 23an bi hilabeteko epea eman zien udalak "gaztetxearen jarduna legeztatzeko" eta beste hainbat baldintza betetzeko. Horiek bete ezean, kanporatuak izan daitezke. Epea urtarrilaren 23an amaituko da, bihar zortzi. Asier Linazasoro Gazte Asanbladako kideak eman dio egoeraren berri Gipuzkoako Hitza-ri.

Iazko azaroaren 7an gaztetxearen 30. urteurrena ospatu zenuten, eta 200dik gora lagun bildu zineten herri bazkarian. Gazte Asanbladak zer balorazio egin du urteurrenaren ospakizunen inguruan?

Eguna oso ondo atera zen, hasieratik pentsatu bezala. Jende heldu asko bildu izanak harritu gintuen gehien. Oso pozik gaude egun hartako festarekin. Antolatu genituen kontzertuetan ere jende asko bildu zen, eta herritarrek primeran erantzun zuten. Lan txandak-eta antolatzeko ez genuen batere arazorik izan. Parte hartzea handia izan zen.

Handik gutxira Loreak filmaren proiekzioa bertan behera utzi behar izan zenuten, udalaren debeku bat zela medio. Oraintxe zertan da gaztetxearen eta udalaren arteko harremana?

30. urteurrenaren ondoren hausnarketa bat abiatu nahi genuen. Jende gaztea erakarri nahi genuen gaztetxera, proiektua berritu. Loreak filmaren proiekzioak proiektu horren hasiera izan behar zuen. Jarduera batzuk prestatuak genituen, pixkanaka-pixkanaka jendea gaztetxera hurbiltzeko, eta hurbiltze horretan jende gehiagorengana iristeko; baina proiektu hori hasieratik ukatu zitzaigun. Udaltzainak etorri ziren gaztetxera, esanez inongo jarduerarik ezin genuela egin. Orri bat erakutsi ziguten, eta ez ziguten bestelako azalpenik eman.

Azkenean, filma ez ematea erabaki genuen egun hartan. Edonola ere, gaztetxeari ez zaio oraindik ofizialki jakinarazpenik iritsi. Badakigu, bizilagunen salaketa batzuk direla medio, udalak eskatzen digula baldintza batzuk bete behar ditugula jarduerak egiteko orduan. Gaur egun ezin dugu ez aparatu elektronikorik jarri, ez filmik eman, ez musikarik jarri... oso mugatuak gaude.

Baina taldearen jarduna ez da eten. Nola erantzungo diozue egoera honi?

Aurrez bagenekien arazo bat bazela, eta saiatu ginen bai bizilagunekin, baita udalarekin ere hitz egiten. Bizilagunen salaketak egun oso zehatzetan jarritakoak dira; Sagardo Egunean, sanferminetan, San Fermin Txiki jaietan... Udalak eskatu digu gure jarduera legeztatzeko, baina taldeak erabaki du bide hori ez egitea. Proiektu berri batekin hasi gara, eta herriari gehiago zabaldu diogu asmoa. Momentu honetan horretan gaude. Oraingoz, dena dago zuri.

Udalarekin elkartzeko zain gaude, baita bizilagunekin ere, gauza batzuk ezin ditugulako egin, eta ez gaudelako prest beste batzuk egiteko. Hala ere, akordio bat egiteko prest gaude.

Udalera jo duzuenean zein izan da erantzuna?

Izaskun Gomez alkatearengana [PSE-EE] joan ginen, eta berak Nahikari Oterminekin [Hirigintza zinegotzia, EAJ] bildu behar genuela esan zigun. Hala ere, zein baldintza bete behar ditugun azaltzeko oporren ondotik gutun bat bidaliko zigutela agindu zigun alkateak. Oraindik itxaroten gaude.

Bien bitartean proiektu berria eraikitzeari ekin diozue, ezta?

Berrogei bat lagun elkartu gara, eta hiru batzar egin ditugu. Erabaki dugu hutsetik hastea, eta beharrak aztertzen hasi gara, bai gaztetxe barruan, bai gaztetxetik kanpo. Saiatu dira guri gaztetxea ixten, eta guk aukera bat ikusi dugu. Proiektu berri bat abiatuko dugu. Edonola ere, akordio bat lortu nahi dugu udalarekin, eta ezarri zaigun epea luzatzeko eskatuko diogu, erabilera arauak negoziatzeko. Badakigu lokal hau, berez, dituen baldintzengatik mugatua dagoela —etxebizitzak daude goialdean—, baina akordioa lor daiteke.

Gaztetxearen urteroko zita garrantzitsuenetakoa bertan da. Inauterietarako deialdiari eustea erabaki duzue.

Planteatu zen ez egitea, baina jendeak berehala erreakzionatu zuen, eta gure ohiko jarduerekin are eta indartsuago jarraitzea erabaki genuen. Horregatik saiatu gara gaztetxeari lotutako gai bat plazaratzen. Gaztetxearen logoa erlea denez, horixe hautatu dugu. Jendea erlez mozorrotzea lortu nahi dugu, baina erlea gaztetxearen gaia plazaratzeko baliatuta. Erleak, baina bestelako zerbaitez mozorrotutako erleak: erle langileak, erle kirolaria, musikariak... Beti bezala, tabernariei ere egingo diegu parte hartzeko gonbidapena, eta herritarrei inoiz baino gehiago parte hartzeko eskatuko diegu.

Urtarril amaieran, Jazzaldiko egitarauaren aurrerapen bat

Jazzaldiaren antolaketa ez da astebeteko kontua. Urte osoa daramate 51. aldirako prestaketa lanetan, eta pixkanaka ari dira jaialdiaren piezak osatzen. Musika eskaintzari dagokionez, urtarril bukaerarako aurrerapen bat eman ahal izatea espero du antolakuntzak, eta martxorako prest eduki nahi dute behin betiko egitaraua.

Jazzaldiaren irudia izango denarekin ari dira orain lanean. Atzo arratsaldean bukatu zen kartela aurkezteko epea, eta lanak aukeratzeko prozesuari ekingo diote datozen egunetan. Urtarrilaren 21eko 11:00etatik otsailaren 10eko 17:00ak arte, herritarrek botoa eman ahal izango dute www.posterheinekenjazzaldia.com webgunean. Finalistak hautatzeko bozketan parte hartzen dutenen artean, Trinitate plazarako bi abonu zozkatuko dituzte.

Irabazlea hautatzeko, lehenik jendearen boto gehien jasotako hamar hautagaiak aukeratuko dituzte, eta beste hamar kartel Heineken Españak hautatuko ditu, Jazzaldiarekin batera. Epaimahai batek hartuko du azken erabakia. Hainbat arlotako kideak bilduko ditu epaimahaiak, eta haiekin batera izango dira Jazzaldiko antolakuntzako bi kide eta Heineken etxearen bi ordezkari. 1.200 euro jasoko ditu saridunak. Iaz, Alfredo Leon diseinatzaileak ondu zuen Jazzaldiaren irudi nagusia. Hark sortutako Akordea lanak irabazi zuen kartel lehiaketa.

Tokikoa ez da soka motzekoa

Tokikoa ez da soka motzekoa

Berdin Jamie Cullum edo Hasier Oleaga. Ray Davies edo Iñaki Salvador. Echo & The Bunnymen edo Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra. Nazioarteko musikariak ezagutzeko aukera zabala dakar urtero Donostiako Jazzaldiak, baina baita tokiko taldeen haize kolpea ere. "Euskal jazzmen handiak jaialditik pasatu dira". Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak azaldu duenez, iaz 35 euskal bakarlari, talde eta DJk parte hartu zuten Jazzaldiaren agertokietan, eta, beste urte batez, aukera horri lekua egin nahi diote aurtengo programazioan ere. Horretarako, martxan da tokiko hamar talde aukeratzeko prozesua. Sorkuntza eremua mugatuagoa izan arren, eragina eta zabalpena ez da tokikora mugatzen.

Jaialdiak lehen urteetatik izan du tokiko taldeen parte hartzea. Garai batean, espresuki inguruko taldeei zuzendutako lehiaketa bat ere izaten zen jaialdiaren parte. "Duela sei-zortzi urtetik, programazio sisteman jarri dugu arreta. Lehen, aukera ematen genien artistei parte hartzeko; orain, aukera zabalik uzteaz gain, kanal batzuk ezarri ditugu haien presentzia ziurtatzeko".

Kanal horietatik garrantzitsuena martxan dagoen hautaketa prozesua da Martinentzat. 50 bat taldek parte hartu dute urtero, eta hala izan da aurten ere. Hasierako fasean, taldeek bidalitako grabazioak entzun zituen batzorde antolatzaileak, eta, horren ondoren, hamabost aukeratu zituen. Horietatik hamar hautatu beharko ditu orain, eta aukeratuek uztailaren 21etik 25era joko dute Jazzaldian; normalean Kursaaleko terrazetan izaten dira saioak.

Prozesuaren oinarrietan azaltzen denez, Hego Euskal Herrian jaio edo bizi diren musikariez osatutako taldeak aurkez daitezke egitasmora —kideen %33k baldintza horiek ez betetzea onartzen da—. Hala ere, eszenan aritzeari eman dio garrantzia Martinek: "Prozesua irekita dago hemen jaio eta bizi direnei, baina gehienbat praktikatzen dutenei, hemengo jazz musika eszenaren parte direnei. Euren musika hemen garatzen dutenak dira tokiko taldeak".

Martxo amaierara bitarte, hamabost taldeek Donostiako hiru espaziotan emango dituzte kontzertuak: Forum FNACen, Altxerrin eta Victoria Eugenia Klubean —dagoeneko jo dute Didier Datcharry Trio eta Reunion Big Band taldeek—. Zuzeneko saioak dira, irekiak, eta ez dute lehiaketa izaerarik: ez dago sailkapenik. Jaialdia antolatzeko batzordeak hainbat faktore hartuko ditu kontuan taldeak aukeratzerakoan: "Musikarien ahalmen instrumentala, musika proiektu zehatz eta definitu bat izatea, ezaugarrituko dituen soinua izatea, ezberdin egingo dituena, estiloen barietatea...".

Taldeen aukeraketa prozesuarekin batera, urteko diskoei ere erreparatuko die Jazzaldiak, bere programazioa osatzeko: 2015ean editatu diren disko guztien artean bost aukeratuko ditu, jaialdian jo dezaten. "Taldeek disko bat ateratzeko duten ausardia eta ahalmena baloratu nahi dugu, eta Jazzaldian jotzera gonbidatu".

Martinen arabera, egitasmoa oso garrantzitsua da hainbat talderentzat, euren musika ezagutzera emateko, baina badira dagoeneko ibilbide luzea egina dutenak ere: "Batetik, aukeraketa honek modua egiten digu heldutasun nahikoa duten taldeak aurkitzeko, eta bestetik, zaleek estimatutako musikarien lana guk ere ontzat hartzeko. Batzuk dagoeneko erreferentzia dira euskal jazzaren barruan".

Gipuzkoan egiten den jazzaren kalitatea eta zabalpena areagotuz doa, eta hori, hein handi batean, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegiari esker izan dela uste du Martinek: "Dudarik gabe, erakunde pedagogiko garrantzitsuenetako bat da jazzari lotuta. Guretzat estilo horrekin egiten ari den lana oso garrantzitsua da". Inguruko musikariak eta mundu osotik etorritakoak batzen dira ikastegian, formakuntza jaso eta perfekzionatzera. "Horrek egiten du gure hirian entzuten den jazzaren maila lehen baino askoz ere altuagoa izatea. Ez du zerikusirik garai batean jazzaren munduan zegoen eszenarekin". Gaur egun saio asko daudela dio, musikari oso onak, eta "ideien etengabeko jarioa".

Europako gazteekin

Tokiko taldeentzat garrantzitsua izango den beste jaialdi bat hartuko du aurten Donostiak, Jazzaldiaren garai bertsuan: 12 Points. Uztailaren 20tik 23ra egingo dute, Jazzaldiarekin eta Europako kultur hiriburutzarekin batera. Europako hamabi herrialdetatik hamabi jazz talde aukeratuko dituzte. "Jaialdi honekin, komunitate bat sortzea lortzen da Europa osoko musikari gazteen artean eta jaialdia egiten den lekuko musikarien artean. Harremanetan izango dira, eta jam session-etan parte hartuko dute goi mailako Europa osoko musikariekin".

Hamargarren aldia izango du jaialdiak, eta, 2007tik hona, ia 500 musikari gaztek hartu dute parte 12 Points egitasmoan. Txandaka egiten da Dublinen —urte bakoitietan— eta Europako beste hiriburu batean —urte bikoitietan—. Aurten parte hartu nahi dutenek oraindik zabalik dute izena emateko aukera, urtarrilaren 30a baino lehen, 12 Points jaialdiaren webgunean.

Danborrada bat, lau urteurren

Danborrada bat, lau urteurren

Duela 57 urte egin zuten Azpeitian aurreneko helduen danborrada, 1959an. Oargi taldekoak Napoleon jantziekin, El Andaluz zezenzale elkartekoak sukaldariz, eta Oñatzbide elkartekoak gastadore jantzita atera ziren orduko danborrada hartan. Geroztik, hainbat talde batu da helduen danborradara, eta, egun, 27k parte hartzen dute danborren desfilean; mila herritar baino gehiago elkartzen dira danborraren bueltako festan, San Sebastian bezperan.

Azken urteetan, taldeak hasiak dira danborradako urrezko nahiz zilarrezko ezteiak betetzen. Aurten ere izango da urteurrena ospatuko duen talderik: hala nola, 50 urte beteko dituzte Alkartasuna eta Zezenzaleak taldeek, eta 25 urte Zokoak eta Sanjuandegik. Udalaren omenaldia jasoko dute lau taldeek astearte gauerdia iristean, talde guztiak plazan direla.

Alkartasuna taldea 1967an atera zen lehen aldiz helduen danborradan, eta Pedro Illarramendik (Azpeitia, 1938) gidatu zuen talde hura; ordurako Oargi taldeko zuzendari lanetan eskarmentua bazuen. Talde asko soziedadeetatik jaio badira ere, Anton tabernako —egun Fideo de Mileto— koadrilak sortu zuen Alkartasuna. Lagun talde hartako kidea zen Illarramendi, eta lagunek egin zioten zuzendari ateratzeko proposamena: "Landetako taldea utzi eta Bar Anton Alkartasuna taldearekin ateratzen hasi nintzen". Eskoziako jantzi tradizionalak egin zituzten. Egun ere, traje horiekin ateratzen dira.

Danborradan, 50 bat laguneko taldea irteten da, eta egungo zuzendaria Karlos Iriarte da (Azpeitia, 1960). Illarramendik duela zazpi urte eman zion lekukoa, eta bera danborra jotzen ateratzen da ordutik. 2010ean, Azpeitiko Udalaren esker ona eta omenaldia jaso zituen, 50 urtez danborradan egindako lanagatik.

Iriartek taldeko zuzendari postua hartu aurretik, hainbat urte egin zituen Alkartasunarekin danborra jotzen: "1979an atera nintzen aurrenekoz, osabaren jantziarekin. Haren trajea hartu nuen, eta nire koadrilako bost bat lagunek ere inguratu zuten bana. Bost bat gazte atera ginen urte hartan. Egun, taldeko kide asko koadrilakoak gara". Iriartek dioenez, urte gutxitan egin du danborradan kale: soldaduskan pasatu zituen urteak edo gaixorik egon den urteren bat kenduta, hutsik egin gabe irten da.

Iriartek gogoan ditu Illarramendiren ordezko zuzendaria bilatzerakoan elkarteko batzordeko kideek izan zituzten gorabeherak: "Illarramendik 2008an esan zigun 2009an azkenengoz aterako zela zuzendari. Pentsatzen nuen jendeak nahiko zuela Illarramendiren postua hartu. Soziedadeko norbait izatea nahi genuen, baina bati galdetu eta ezetz; besteari esan, eta hark ere ezezkoa". Irailerako hasten dute hurrengo urteko danborradaren antolakuntza, eta zuzendaririk gabe zeuden 2010eko irailean. "Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin ni izan nintekeela. Egun batean, soziedadean afaltzen ari ginela, ez genuela zuzendaririk aurkitu esan nien emazteari eta alabari. Alabak esan zidan ez nintzela gaizki moldatuko, eta emazteak, berriz, nahi nuena egiteko. Halaxe egin nuen; nahi nuena. Hasieran, Pedrok lagundu zidan entseatzen-eta. Orain, autoan musika jarrita entseatzen dut, teknikari komertziala naizelako eta kilometro asko egiten ditudalako".

Illarramendik dioenez, 50 urte "ez da marka makala". Urte horietan guztietan danborradak hainbat oroitzapen iltzaturik utzi dizkie taldeko bi kideei. Hala gogoratu du Iriartek: "Zuzendari atera nintzen lehen urtea dut gogoan. Ez zuzendari atera nintzelako soilik; egoera politikoa ere izugarria zen. Inaxio Uria hil zuten aurreko abenduan eta... Egia esan, ordurako erabakita nuen alaba danborra jotzen hasten zenean utzi egingo nuela, baina berriz ere ilusioa daukat, eta gustura ateratzen naiz". Illarramendik, berriz, "nobedade" bat ekarri du gogora: "Urte batean, udalak kalean megafonia jartzea erabaki zuen, eta hura oso erabaki garrantzitsua izan zen. Izan ere, ordura arte, sei-zazpi banda ateratzen ziren danborradan, gehiago ezin ziren ekarri".

Alkartasuna taldea "osasuntsu" ikusten dute bai Illarramendik eta bai Iriartek. "Gazte asko ari da taldean sartzen; gure alabak-eta ateratzen dira danborra jotzen. Urteek aurrera egin ahala, emakumeen taldea izango da Alkartasuna", dio Iriartek.

Enparan kaleko elkartetik

Zilarrezko ezteiak egingo dituzte Sanjuandegi eta Zokoa taldeek aurten. Zokoa taldea izen bereko Enparan kaleko elkartetik sortu zen, 1992an. Jabier Etxaniz Kinttela-k (Azpeitia, 1959) eta Jesus Lopetegik (Azpeitia, 1958) taldearen sorreran hartu zuten parte. "Txalintxo taldearekin ateratzen nintzen. Orduan plazan talde gehiagorentzat tokirik ez zela-eta halako zurrumurruak izaten ziren, baina Zokoan proposatu nuen taldea sortzea. Soziedadeko bazkide nintzen ordurako, eta Azpeitiko Udaleko zinegotzi ere bai. Probatzea pentsatu genuen", dio Kinttelak. Gauzak horrela, soziedadeko kideen baietzarekin joan ziren udaletxera, eta toki faltaren kontua atera bazen ere, baiezkoa eman zien Kepa Ibarzabal zinegotziak: "Guk atera behar genuen zurrumurrua zabaldu zen kalean, eta Sanjuandegikoak ere udalera jo zuten eurek ere atera nahi zutela esanez".

Festetako zinegotziaren baiezkoa zutenez, jantziak eta txapelak enkargatu zizkioten Donostiako jostun bati. "Sukaldari edo soldadu trajea egitea aurreikusten genuen, eta egun ditugun britainiar erregimenaren traje militarrak aukeratu genituen. 60 mila pezeta [360 euro] gastatu genituen kide bakoitzak". Danborradan ateratzeko, baina, danborrak behar, eta larruzkoak eskatu zituzten, Kinttelak dioenez: "Guk eskatuta geneuzkan danborrak, baina, egun batean, Sanjuandegikoak etorri zitzaizkigun esanez talde bakoitzari larrua edo txapa tokatzen zitzaion erabaki behar genuela. Ibarzabalekin leon-kastillo egin genuen, eta larrua tokatu zitzaigun. Eskerrak, bestela Sanjuandegikoei saldu edo auskalo zer egin beharko genuen eskatutako danborrekin".

Urtebeterako dena prest zuten, eta, lehen aldi hartan, Zokoarekin 40-44 lagun atera ziren. Egun, bazkide berriekin-eta, 50 lagun dira. Lopetegik dioenez, "taldearen arima" da Kinttela: "Danborradako gauza guztiez bera arduratzen da. Sortu berak egin zuen, eta hemen jarraitzen du lanean".

Urte hauetan guztietan pasadizo bat baino gehiago izan dute elkartean, eta horietako batez akordatu da Kinttela: "San Sebastian bezpera batean, hamar kilo angula eskatu genizkion Fernando Villegas zenari. Jan genituen, pasatu zen bezpera, egunak ere bai, eta Villegasekin egin nuen topo kalean. Angulak zer moduzkoak zeuden galdetu zidan, eta 'oso onak', erantzun nion. Hala esan zidan hark: 'Egongo ez hituan ba ederrak, oraindik pagatu gabe dituzue eta!'. Hainbeste kontu buruan, ordaintzea ahaztu zitzaigun".

Kinttelak bere burua saltserotzat dauka, eta danborradan irteteari "ezergatik ere" ez liokeela utziko dio. Lopetegiren arabera, "azpeitiartasuna" barruraino sartuta duten pertsona horietakoa da Kinttela: "Athleticzaleak sutsuak diren bezala, badira azpeitiartasuna bihotzean txertatua daukatenak. Ni ez naiz hain sutsua, baina gustatzen zait saltsa. Dena den, semeari lasai uzten diot trajea. Baina badira espezimen arraro batzuk, neolitikotik zuzenean etorriak...". Lopetegiren aburuz, "gaztetan ilusio handiagoa izaten da bizitzeko, ezagutzeko eta probatzeko", baina hori pasatu egiten da: "Orain, erosotasuna bilatzen dugu; nahiago dut soziedadean lasai egon, eta danborrada pasatzen ikusi".

25 urteotan taldea asko aldatu da: "Gazteak ginen, eta seme-alaba txikiak genituen. Haiek hazi egin dira, eta guk adinean aurrera egin dugu. Seme-alabak amorratzen daude danborradan ateratzeko, eta aldaketa handiena hori izan da. Gazte asko ateratzen da, eta asko emakumeak dira".

Kultura bai, eta besterik?

Kultura bai, eta besterik?

Azkenean. Iritsi da 2016a. Horrenbeste itxarondako unea, batzuentzat. "Donostiaren urtea", deitu dio Eneko Goia alkateak. Donostia Europako kultur hiriburu izango den urtea behintzat izango da. Bi aste barru ekingo dio agintaldiari, San Sebastian egun...