Albisteak

“Aste bat surf egin gabe pasatzen badut, aztoratu egiten naiz”

“Aste bat surf egin gabe pasatzen badut, aztoratu egiten naiz”

Hamar urterekin hasi zen surf egiten Iker Muñoz (Donostia, 1986), eta Irunen bizita, Hendaiako hondartzara joateko ohitura zuen. "Beraz, bizikletaren edo gurasoen menpe ibili behar izaten nuen". 25 bat urte zituela hasi zen Zurriola surf eskolako begirale gisa lanean, eta egun surf eskolako begiraleen arduraduna da. Ikasketak beste norabide batean egin zituen arren, Euskal Herriko Surf Federazioan atera zuen begirale titulua, eta horri esker ofizioa eta afizioa bateratzea lortu du. "Aitortu behar dut zortea dudala gustuko dudan zerbaitetan lana egiteko dudan aukeragatik". Itsasoarekin lotuta, sakontasun txikiko urpekari titulua ere badu, itsasoko obretan eta portuetan lan egiteko aukera ematen diona.

Surfa edozeinek egiteko moduko kirola dela dio Muñozek, eta ukatu egiten du aberatsen kirola dela eta kirol garestiegia dela. "Surferako taula eta neoprenoa erosterakoan inbertsioa egin behar da; 500 eurotara hel daiteke. Baina, behin hori eginda, beste kirolekin alderatuz gero, merkea dela esango nuke. Adibidez, snowboardaren kasuan ere taula eta arropa erosi behar dituzu, baina gero elurra dagoen tokira bidaiatzera behartuta zaude, forfait-a... Gure kasuan, olatuak izatearekin nahikoa da; itsasoaren egoeraren iragarpenak ikusi eta horren arabera irteten gara itsasora".

Surfa egiten hasi nahi dutenentzako ikastaroak eta aritzen direnentzako entrenamenduak prestatzen dituzte surf eskolan; bodyboard ikastaroak ere eskaintzen dituzte, hastapenekoak nahiz entrenamendukoak. Baina hori baino gehiago ere bai. "Itsasoak errespetua ematen du, eta guk itsasoa ezagutzeko aukera eskaini nahi dugu: arriskuak saihesteko ezagutu egin behar da itsasoa". Muñoz ez dago bere burua itsasorik gabe imajinatzeko prest: "Aste bat surf egin gabe pasatze hutsarekin aztoratu egiten naiz; ezingo nuke itsasorik gabe bizi".

Itsasoa ezagutzea eta ingurumena zaintzea, horixe da surf ikastaroetan eskaintzen duten balio erantsia. Muñozen arabera, saiatzen dira gazte-gaztetatik ingurunearekiko kontzientzia sustatzen: "Hondartzatik bueltan gatozenean bakoitzak zerbait hartu behar izaten du, plastiko zati bat edo bestelako zaborren bat". Horrez gain, Galiziako Surf and Clean dinamikakoekin kolaboratzen dute, eta haiekin batera noizbehinka hitzaldiak nahiz hondartzen garbiketak antolatzen dituzte.

"Horrez gain, urtean behin irteera bat egiten dugu; normalean, Portugalera. Horretan gaztetxoek nahiz gurasoek eman dezakete izena, eta autobusa antolatuta joaten gara".

Erreferentea

Zurriola surf eskola "erreferentea" dela dio Muñozek, neguan surf egiten ikastera edo entrenatzera doazen talde dezente dituztelako. "Berez, datuak orokorrean hartuta, Pukas da kopuruz klase gehien eskaintzen duena. Baina guk hilabeterik zailenetan, otsailean-eta, 80-90 ume izaten ditugu, eta hori asko da". Izan ere, urtaroak eta eguraldiak asko baldintzatzen dute surferako aukera: "Udan surf ikastaroak eskaintzen ditugu, hastapena deitzen diogun modalitatekoak gehienbat. Jende pila egoten da orduan, eta taldeka antolatu eta uretara jotzen dugu. Neguan, ordea, hastapeneko talde gutxiago izaten da, eta urte osoan gurekin aritzen den jendearen entrenamenduak antolatzen ditugu: itsasoan, igerilekuan, gimnasioan... egin beharreko ariketak".

Bost urtetik hasi eta helduetara arteko eskaintza dute Zurriola eskolan; noizbehinka, 70 urtekoren batzuk ere joaten omen zaizkie. Surf Federazioak ratio batzuk ezartzen ditu, eta, horien arabera, kurtso batean sei ikasleko begirale bat aritzen da lanean. Adinaren arabera egokitzen dute hori: "Gazteenekin begirale gehiago aritzen gara lanean; 5 urtekoen kasuan, ikasle bakoitzeko begirale bat, adibidez".

Gaur egun, 10 eta 18 urte artekoak dira ikasle gehienak; normalean, Donostia, Hernani eta Errenteria ingurukoak, eta futbolaren edo saskibaloiaren ordez surfa euren kirol gisa hartu dutenak.

‘En erdera, mesedes’

Astelehena da, goizeko 08:30ak pasatxo. Autoa Aieten (Donostia) utzi, eta autobusa hartzera abiatu da kazetaria. Helburua, Donostibuseko autobus gidariak bidaiariari euskaraz erantzuteko gai diren ikustea. Lau autobusetan bidaiatu du, batetik bestera,...

Atez atekoa, edukiontzira

Atez atekoa, edukiontzira

Hondakinen kudeaketa. Horixe joan den maiatzeko udal eta foru hauteskundeen kanpaina eta hauteskundeetako emaitzak goitik behera markatu zituen gaia. Gipuzkoan atez ateko sistema duten hainbat herritan gai erabakigarria izan zen hondakinen bilketarena; eta EAJk eta PSE-EEk EH Bilduri irabazitako herrietan udal gobernuek mahai gainean duten lehendabiziko gai potoloa da bilketa sistemarena. Batzuek hartu dute atez atekoa kentzeko erabakia jada, beste batzuek galdeketa prestatzeari ekin diote, eta badira oraindik erabakitzeko duten herriak ere.

EH Bilduk aurreko legealdian atez ateko bilketaren alde egindako apustua polemika iturri izan zen legegintzaldi osoan, eta EH Bilduren kontra erabilitako argudio nagusietako bat bilakatu zen EAJ, PSE-EE eta PPrentzat. Inposaturikoa, zikina, garestia, ezerosoa... adjektibo ugari jarri zizkioten atez atekoari, eta hiru alderdiek atez ateko bilketa sistema kentzea jarri zuten jomuga gisa.

Uda igaro da, gobernu berrien lehen 100 egunak igaro dira, eta EAJren eta PSE-EEren esku dauden udal gobernuak hasi dira urratsak egiten. Gipuzkoako Hitza-k atez atekoa duten eta gobernu aldaketa izan duten herrietara jo du, atez ateko sistemarekin zer egingo duten jakiteko.

PASAIA

Atez ateko sistema kenduko duen lehen herria da Pasaia. Gobernua osatzen duten bi alderdiek, PSE-EEk zein EAJk, hauteskunde programan jasoa zuten atez atekoa kenduko zutela, eta urriaren 27tik hasi eta hilabeteko epean gauzatuko dute aldaketa. Bosgarren edukiontzia jarriko dute, giltzarekin. Boluntarioa izango da edukiontzi horren erabilera, eta, printzipioz, ez dute birziklatzen duen herritarrari hobaririk ematea aurreikusten.

Pasaian 2013an hasi ziren atez ateko sistema jartzen, eta 2014ko irailean ezarri zuten sistema herri osoan. 2014ko azken hiruhilabeteko datuak —Pasaia osoa hartzen dutenak— orduan EH Bilduren esku zegoen Pasaiako Udalak eman zituen: birziklatze tasa %76,6ra igaro zen atez ateko sistema ezarriz geroztik. 2012an, birziklatze tasa %32,7koa zen.

ARETXABALETA

Atez atekoari buruzko herri kontsulta egingo dute Aretxabaletan; hala baieztatu dio Hitza-ri udal gobernuak. Erabakia hartuta dagoen arren, oraindik gaia nahiko berde dagoela azaldu dute. Oraindik pauso asko daude emateko herritarrei galdetu arte: galdera zein izango den, zein sistema alternatibo proposatuko den, nola gauzatu galdeketa... Halere, herritarrei galdetu eta haiek erabakitakoa errespetatzeko asmoa du Aretxabaletako Udalak (EAJ).

Aretxabaletan 2014ko uztailean jarri zuten atez ateko bilketa sistema, eta, EH Bilduren udalak emandako datuen arabera, %83,4ko birziklatze tasara iritsi ziren lehen hilabeteetan.

ASTIGARRAGA

EAJren programak herritarrei galdetzea jasotzen zuela, eta horretan buru-belarri dabiltzala azaldu dio Nerea Zusberro Astigarragako Parte Hartze zinegotziak Hitza-ri. Atez atekoa bai ala ez galdetu nahi zuen EAJk, baina, EH Bilduk eskatuta, atez atekoaren ala sistema alternatibo baten arteko aukera egin beharko dute astigartarrek. Sistema alternatibo hori zein izango den erabakitzen ari dira parte-hartze prozesu baten bidez. EAJren aukera txipa duen bosgarren edukiontzia jartzea litzatekeela azaldu du Zusberrok. Herritarrek erabakitzen dutena errespetatuko dutela ziurtatu du zinegotzi jeltzaleak. Galdeketa 2016ko urtarril-otsailean egitea aurreikusten dute.

2013ko apirilean jarri zuten martxan atez atekoa Astigarragan, eta 2014ko birziklatze tasa %84koa izan zen.

BERGARA

2014ko otsailetik biltzen dituzte hondakinak atez ate Bergaran. EAJk du orain gobernua, eta, udalak Hitza-ri adierazitakoaren arabera, datozen asteetan jakinaraziko dute zer egingo duten hondakinen bilketari dagokionez.

Hauteskunde kanpainan gai nagusietako bat izan zen hondakinen bilketarena. Juanje Alberdi alkategaiak kanpainan zera adierazi zuen gaiari buruz: "Iraganeko zorigaiztoko erabakiei buelta emango diegu, bosgarren edukiontzia jarriz, betiere bergararren gehiengoaren erabakiari jarraituz". Azken esaldi horrekin gaia irekita utzi zuen Alberdik.

Atez atekoaren lehen hilabeteetan emaniko datuen arabera, %80tik gorako birziklatze tasak lortu zituzten sistema berriarekin.

ESKORIATZA

2014tik Eskoriatzan atez ate egin dute gaikako hondakinen bilketa, baina sistema hori galdeketara eramango dute. Irailaren 22an egin zuten gaiari buruzko osoko bilkura, eta bertan aho batez onartu zuten galdeketa egitea. Hiru sistema izango dituzte aukeran eskoriatzarrek: lehen aukera atez atekoa izango da; bigarrena, bosgarren edukiontzia; eta hirugarren aukera, mistoa —edukiontzi kolektiboa eta indibiduala—. Galderak zeintzuk izango diren onartuta, urratsak egiten hasiko direla azaldu du Joserra Zubizarreta alkateak. EH Bilduk ere galdeketa egitearen aldeko botoa eman zuen osoko bilkuran.

Eskoriatza Garbia plataformak galdeketa antolatu zuen 2014ko otsailean. Parte hartzea %40koa izan zen, eta %97,9k bosgarren edukiontziaren alde bozkatu zuten.

Atez atekoa ezarri zutenean Eskoriatzako Udalak emandako datuen arabera, %81eko birziklatze tasa lortu zuten lehen hilabetean.

IRURA

EAJren hauteskunde programaren puntu nagusietako bat izan zen atez atekoa kentzea Iruran. Eta udal gobernua jada hasia da horri begirako urratsak egiten. Ana Leunda alkateak Hitza-ri esandakoaren arabera, dagoeneko egin diote eskaera Tolosako Mankomunitateari atez atekoa kentzeko. "Orain, nolako sistema ezarriko dugun erabakitzeko, zain gaude mankomunitateak zer erantzuten digun". Herri galdeketarik ez da egingo Iruran. "Guk programan jarri genuen, eta herritarrek gure programaren aldeko botoa eman zuten; beraz, gure hitza betetzera goaz".

2013ko ekainean jarri zuten martxan atez ateko bilketa sistema Iruran, eta, gorabeherak tarteko, %75eko birziklatze tasak lortu dituzte batez beste.

LAZKAO

Lazkaoko Udalak hartua du erabakia, eta Sasietako Mankomunitateari egina dio eskaera atez atekoa kentzeko. "Oraindik erabakitzeko dago zein izango den sistema, baina aldaketa egin egingo da. Atez atekoa kenduko da, eta bosgarren edukiontzia jarri", azaldu dio Hitza-ri Sasietako Mankomunitateak. Bosgarren edukiontzia txiparekin izango den, giltzarekin edo irekia izango den erabakitzeko dute oraindik. "Lanketan ari gara". Mankomunitatea eta udala ari dira sistema bakoitzaren ezaugarriak eta alde on zein txarrak aztertzen.

2015eko lehen zortzi hilabeteetan, Lazkaoko birziklatze tasa %75ekoa izan da, Sasietako Mankomunitatearen arabera.

LEGAZPI

Atez ateko bilketa sistemak hautsak nabarmen harrotu zituen Legazpin. Mobilizazioak, protestak eta atez atekoaren kontrako plataformak antolatutako herri kontsulta tarteko, Legazpin sistema mistoa ezarri zuten. Herritar bakoitzaren esku dago materia organikoa atez ate atera edo edukiontzi marroira botatzea; errefusa, berriz, soilik atez ate atera daiteke. Sasietako Mankomunitateko datuen arabera, %82koa izan da birziklatze tasa 2015eko lehen zortzi hilabeteetan.

Erik Galvez zinegotziaren (EAJ) arabera, errefusa ateratzeko edukiontzi grisak jarriko dituzte orain herrian. "Eta behin hori probatuta, herritarrei galdetuko diegu. Espero dugu urte amaiera bitartean-edo bi sistemak martxan edukitzea, eta ea urtea amaitu aurretik egin dezakegun galdeketa". Herritarrek erabakitzen dutena errespetatuko dute Legazpin, izan atez atekoa edo izan bosgarren edukiontzia. Baina sistema mistoa kendu egingo dute.

LEZO

Herritarrei kontsulta egingo dien herrietako bat da Lezo. Kepa Garbizu alkateak (EAJ) baieztatu dio Hitza-ri herritarrei galdetu egingo zaiela nolako hondakinen bilketa egin nahi duten aurrerantzean. Hala ere, oraindik galdera zehazteke dutela, baina gaiaren aterabidea udazkenean landuko dutela aurreratu du. Udalaren lehentasunetako bat da hondakinen bilketarena, baina, uda tarteko, gaiari behar bezala eusterik ez dutela izan azaldu du Garbizuk.

2013ko maiatzean hasita ari dira lezoarrak hondakinen gaikako bilketa atez atekoaren bidez egiten. 2014ko urtarrilean Ainhoa Zabalo alkateak (EH Bildu) emandako datuen arabera, hilabete horietan %28tik %85era igo zen birziklatze tasa.

ORDIZIA

Ordizian EAJk ere mahai gainean du atez ateko bilketa sistemaren etorkizuna. Hala ere, alkatetzak Hitza-ri esandakoaren arabera, oraindik ez dute erabakia publiko egin nahi, eta hurrengo egunetan jakinaraziko dute. Sasietako Mankomunitateak, ordea, Ordizian eta Legazpin galdeketak egingo direla adierazi dio hedabide honi. Bestalde, EAJk udaleko osoko bilkuran zein batzordeetan aipatu du kontsulta antolatzen hasteko asmoa.

2013ko uztailean jarri zuten martxan atez atekoa Ordizian. Sasietako Mankomunitateko datuen arabera, 2015eko urtarriletik abuztura bitarteko birziklatze tasa %73koa izan da.

VILLABONA

Iban Agirre Villabonako alkateak (EAJ) azaldu duenez, galdeketa egin baino lehen EH Bildurekin hondakinen bilketari buruzko akordio bat lortzen saiatuko dira. "Gaia adosten ahaleginduko gara, eta posible izango ez balitz, galdeketa antolatuko genuke", azaldu dio Hitza-ri Agirrek. Galdeketaren aukera baztertu gabe, beraz, Villabonan akordioaren bidez konpondu nahi dute hondakinen bilketarako sistemak sortzen duen tirabira.

2013ko ekainean jarri zuten atez ateko bilketa sistema Villabonan, eta, Tolosako Mankomunitatearen datuei erreparatuta, %80 inguruan ibili zen birziklatze tasa 2014. urtean.

ZESTOA

Zestoako Udalean ere mahai gainean dute atez ateko bilketa sistema aldatzea. Josetxo Mendizabal alkateak (EAJ) hedabide honi azaldu dionez, hondakinen bilketarako proiektu bat eskatu dio udalak Urolako Mankomunitateari, eta horren zain dago erabaki bat hartzeko. Hala ere, udalaren helburuak honako hauek direla azaldu du Mendizabalek: "Egutegi eta ordutegien lotura bukatzea; ekonomikoki, oraingo sistema baino merkeagoa izatea; eta gaur egun ditugun sailkako bilketaren batez bestekoak mantentzea, edo igotzea". EAJren aukera bosgarren edukiontzia jartzea litzateke, baina mankomunitatearen erantzunaren zain daude erabaki bat hartu aurretik.

Euriak ez ditu euskaltzaleak izutu

Euriak ez ditu euskaltzaleak izutu

Berria.eus Goizean goiz Donostiatik abiatu den bizikleta martxa batek eman dio hasiera aurtengo Kilometroak jaiari. Usurbilgo Udarregi ikastolak hartu du aurten antolakuntzaren ardura. Eraikin berria dute ikastolan, eta hori ordaintzeko helburuarekin antolatu dute jaia. Hala ere, helburu ekonomikotik harago doan ekinbidea da Kilometroak. Antolatzaileek jaiaren balorazio ona egin dute, nabarmenduz “urte osoko lana borobildu” zutela...

Balioekin ttunttunka

Balioekin ttunttunka

Lotu, josi, heldu. Usurbildarrek hiru hitzokin harilkatu dute Kilometroetako Lotzen Gattunk abestia. Hariak eta sokak asko dira, eta hiru aurtengo jaiaren ardatzak: parekidetasuna, inklusibotasuna eta iraunkortasuna. Atal horiek lantzen aritu dira urte osoan zenbait batzordetan; egindako lanketaz eta igandean izango diren aukerez hitz egin dute lantaldeetako kideek:

PAREKIDETASUNA
Elkarlana eta protokoloa

Neska bat ageri da lantegian, beste neska bat baratzean, eta emakumea da anguletan dabilena ere. Kilometroetako Lotzen Gattunk abestiaren bideoklipean agertzen dira hirurak, "tradizionalki gizonezkoen lan gisa definituak izan diren zereginetan". Garazi Lizaso Manterola (Usurbil, 1992) Parekidetasun Batzordeko kideak dioenez, egunerokoan barneratuta dauden eta, ondorioz, arretarik eskaintzen ez zaien hainbat jokabide hautsi eta bistaratu nahi izan dituzte horrela: "Genero rol edo joerei lotutako estereotipoak, hain zuzen ere". Kantuaren hitzetan ere jarri dute arreta: "Usurbilgo kaleetan horren entzuna dugun hikaren eta horren isil(du)a dugun nokaren aurrean, noka nabarmentzeari eman diogu lehentasuna".

Abestiarena adibide bat baino ez da. Jai ereduen inguruko hausnarketa ikuspegi feminista batetik egin dute, eta eremu ezberdinetan landu nahi izan dute parekidetasuna: antolakuntzan, egitarauan, komunikazioan eta indarkeria sexistaren sentsibilizazioan, horren prebentzioan eta erantzunean.

Eragile feministekin eta instituzioekin elkarlanean lan egin dute, eta, besteak beste, eraso sexisten aurkako protokoloa osatu dute. "Protokoloak ez du biltzen eraso bat izango litzatekeen balizko kasuan horren erantzuna soilik; indarkeria sexistaren sentsibilizazioa, erasoen identifikazioa, ligoteo sanoaren aldeko kanpaina, hau da, prebentzioa ere biltzen du". Igandeari begira, norbaitek eraso sexistaren bat pairatzen badu, jai gune bakoitzeko sorospen postura jotzea aholkatu dute.

Lizaso Manterolaren arabera, orain arteko festaren ereduak "hutsune asko" zituen: "Horren adibide garbia da batzorde batek ez duela landu gaia, eta zehar lerro gisa ere ez dela landu. Ez da inongo irizpiderik kontuan hartu jaialdi parekide bat antolatzeko orduan, ezta egitarauan edota komunikazioan ere". Festak, oro har, "bigarren mailako eremutzat" hartuak izan direla uste du Lizaso Manterolak. "Ez da hala. Jaiak errealitateko balioen adierazleak dira. Azken finean, errealitatearen isla".

Usurbilen beharrezko ikusi dute jaietan ere ikuspegi feminista txertatzen joatea, "egungo egiturazko zapalkuntza guztiei" aurre egiten hastea. "Guk eraikitakoa guk alda dezakegu. Eta, bide horretan, jai parekideen aldeko jardunari ekin nahi izan diogu".

Orain arte gaia "nahiko ikusezina" izanda, parekidetasunaren alorrean urratsak egiten hasteari berari garrantzia eman diote. "Aurtengotik aurrera eraso sexisten gai ikusezina kontuan hartzea, horien aurkako mezuak barneratzea eta erasoak identifikatzea ez litzateke pauso eskasa izango".

Egunean bertan, eremu ezberdinetan txertatuko dute gaia, hala nola emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatzen, boluntarioen arteko lan banaketa sexuaren arabera ez egiten eta genero rolak hausten... "Ligoteo sanoaren aldeko kanpaina ikusi eta entzun ahalko da, eraso sexistak identifikatzen lagundu diezaguketen kartelak ere zirkuitu osoan egongo dira, musika taldeetan emakumeen presentzia ere bermatu nahi izan da…". Aurten pauso batzuk aurrera eman dituzten arren, "asko" dago egiteko: "Oraindik bidea luzea da. Emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatzetik, taldeen mezu eta edukiak kontuan hartzera egin behar dugu salto, baita genero rolekin amaitzera ere".

INKLUSIBOTASUNA
Denontzako jaia

Pedagogia eta sentsibilizazio dinamika martxan izan du urte osoan Guztiok Gattunk batzordeak. "Hazitxo batzuk" erein dituzte inklusibotasunean: "Guztiok kontura gaitezen denak gizarte berean gaudela, denok garela horren partaide, eta gauzak egiterakoan, hezkuntzan, lan arloan eta aisian, unibertsaltasunean pentsatu behar dugula". Begoña Izeta (Usurbil, 1964) batzordeko ordezkariak azaldu duenez, hiru eremutan jorratu dute inklusibotasuna batik bat: Udarregi ikastolan, herrian eta Gipuzkoa mailan.

Ikastolan, proposamen pedagogiko bat jarri dute martxan, unitate didaktiko bat ariketa inklusiboekin, Lehen Hezkuntzarako. "Lan garrantzitsua izan da. Lau haizeetara barreiatu bai, baina etxetik hasi behar da". Ebaluazioa egingo dute gero. Horrez gain, kirol egitasmoak ere izan dira ikastolako soinketa klaseetan; adibidez, teknifikazioa landu dute gurpildun aulkian daudenekin batera.

Herria izan da inklusibotasuna lantzeko beste eremuetako bat. Horren adibide da hainbat herritarren artean egin duten Jendartean bidaide antzezlana. Bigarren emanaldia inprobisatu behar izan zuten, eta deiak jaso dituzte beste herri batzuetara eramateko. Gipuzkoa mailan, berriz, dekalogoa aurkeztu die Guztiok Gattunk batzordeak eragileei. "Erantzun polita" jaso dute, atxikimendu ugari; erakundeak ez ezik, enpresak, kirol arlokoak eta abarrak daude tartean.

Gainerako lantaldeek bezala, bilerak egin dituzte urte osoan, eta bertaratu ezin zutenen iritziak posta elektronikoz jaso dituzte. Bide askotatik jaso dituzte ekarpenak; hala ere, arazoak egunerokoan dituztenen aldetik sentsibilizazio gehiago nabari du Izetak: "Ezgaitasuna guztiok daukagu; mota askotakoa izan daiteke, ikusten ez dena ere bai. Baina egia da alaba, iloba edo gizona gurpil aulkian badaukazu egunerokotasuna zaildu egiten zaizula, eta beti ateratzen da kontzientzia gehiago halako jendearengandik".

Egunari begira, zirkuitua guztiontzako egokitu dute. Hala ere, saihetsezinak diren hainbat traba badaude: aldapak. Dena den, ibilbidearen %95ean porlana izango da, gurpil aulkian joateko egokia. Aldapek duten desnibela esku orrietan adieraziko dute: "Ez da gurpil aulkian doana bakarrik; bikiak organ daramatzanak ere planifikatu beharko du bidea". Porlan gabeko bideetan, alternatiba egongo da: laguntzaileak jarriko dituzte beste bide batzuetatik pasatu eta gero zirkuitura itzultzeko.

Guneetan ere, inklusibotasuna lantzeko zenbait ekintza prestatu dituzte. Bereziki landu dute ikastolen artean egin ohi duten Erronka: aurten, gaitasun ezberdinen neurketa jarri dute deman, joko ezberdinekin; taldeak zabaldu egin dira, frogak banatu... 21 ikastetxek parte hartuko dute, eta denak iritsiko dira finalera; tarteko frogak ez dira filtro izango.

IRAUNKORTASUNA
Ez sortzea helburu

Hondakinik onena sortzen ez dena leloa izan du goiburu Ingurumena eta Garbitasuna Batzordeak. Lantaldearen izenean, Ainhoa Arrozpidek dio (Usurbil, 1973) orain arte garbitasunera mugatu izan dela ingurumenarekin lotutako atala, eta, aurten, hori aldatu nahi dute: ingurumenean eragin, ondoren garbitu beharrekoa ahalik eta gutxiena izan dadin.

Igandeari begira, hainbat neurri edo proposamen egin dituzte ildo horretatik. Usurbilera iristeko, esaterako, bizikleta martxa antolatu dute Donostia eta Usurbil arteko bidegorria aprobetxatuz. 09:30ean aterako da Alderdi Ederretik, 10:15ean pasatuko da Lasarte-Oriatik eta 11:00ak aldera sartuko da Usurbilen.

Jairako produktuak gertuko hornitzaileekin hitzartu dituzte, ahal zuten neurrian; eta festa garaian ere egongo dira aldaketak: freskagarriak ez dituzte aluminiozko latan zerbitzatuko; sagardo, ardo eta txakolinaren botilak berreskuratu egingo dituzte; eta iturriko ura kontsumi dadin, herriko iturriak seinaleztatu, txosnetan iturri gehiago jarri, eta sustapen mezuak zabalduko dituzte. "Botilako uraren beharra multinazionalek artifizialki sortua da. Garestia da botilako uraren iruzurra. Iturrikoa baino mila aldiz gehiago ordaintzen da. Gainera, petrolioz eginda dauden plastikozko botilek gure airea, itsasoa, ibaiak eta lurra kutsatzen dituzte, besteak beste. Usurbilen badaukagu hori saihesteko aukera: iturriko ura, primerakoa, oso ona eta doan".

Edalontziak berreskuratzen ere indar berezia jarri dute. Basoengatik gordailu gisa utzitako dirua berreskuratu ahal izango da gune guztietan, eta, horretaz gain, bereziki festaren bukaeran, edalontziak itzultzeko eskatuko diete festazaleei. "Horrela lortuko da urtero edalontzi berri pila berriro fabrikatu beharrik ez izatea".

Birziklatzeari dagokionez, berriz, sortuko diren hondakinak ez nahasteko "nahikoa baliabide" jarriko dituzte. Hondakin organikoak hiru gunetan egokitu dituzten konpost guneetan jarriko dituzte une berean. Higienearen atalean, komun idorrak egongo dira gune batean: "Zerrautsa botaz dena konposta egiteko eramaten da. Horrela egiten dute Lekornen [Lapurdi] ospatzen den EHZ musika jaialdian. EHZko kideen laguntza izango dugu".

Jaia ahalik eta modurik iraunkorrenean garatzeko ahalegina egin dute. Horretarako, aurrelanketan jarri dituzte indarrak. Kilometroekin lotura duten praktika guztietan, publiko zein pribatuetan, iraunkortasun irizpideak kontuan hartzen saiatu dira; urte osoko ekintzetan ere aintzat hartu dute iraunkortasuna: salmenta puntuetan, herriz herri ibili den puntu ibiltarian eta herrian zabaldu den dendan, adibidez, poltsa berrerabilgarriak banatu dituzte, eta ekitaldietan eta prentsaurrekoetan iturriko ura lehenetsi dute. Maiatzean, Kilometroak Kultur Elkarteak Zero Zabor hitzarmena sinatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta, bide horretan, pausoak ematen doaz murrizketan, berrerabiltzean eta birziklatzean.

“Inbidia pasatuko dut, baina ni orain ez nago txapelketako txipean”

“Inbidia pasatuko dut, baina ni orain ez nago txapelketako txipean”

1995az geroztik, Gipuzkoako eta Euskal Herriko bertsolari txapelketa guztietan parte hartu du Aitor Sarriegik (Beasain, 1976), baina duela urtebete erabaki zuen aurtengo Gipuzkoako txapelketan ez parte hartzea. Beasaindarrak aitortu duenez, "arraroa" egiten zaio txapelketa martxan izan eta bera hor ez egotea. Urtebeteko epea du orain Euskal Herrikoan parte hartuko duen ala ez erabakitzeko.

Zergatik egin diozu uko Gipuzkoako txapelketari?

Erabakia ez zen erraza izan, batik bat beti gustatu izan zaidalako aukera daukana txapelketara aurkeztea. Hori defendatu izan dut nik. Baina egia da nekatuta nengoela; eten bat behar nuen. Hogei urte dira txapelketan lehenengo aldiz kantatu nuenetik, eta ordutik hamar txapelketatan kantatu dut: bost Gipuzkoakotan eta bost Euskal Herrikotan.

Horrek esan nahi du bi urtetik behin txapelketa bat jokatu duzula.

Bai, eta desgaste handia sortzen du horrek. Azkenekoetan bukaeraraino iristeko zortea izan dut, eta horrek aukera ematen du txapelketan geroago hasteko. Baina aurrekoetan hasieratik hasten nintzen, eta asko nekatzen du horrek. Duda handiarekin, baina aurtengorako ez dut izenik eman. Martxan jarri denean konturatu naiz hala behar zuela. Seguruenera gero inbidia pasatuko dut, baina ni orain ez nago txapelketako txipean. Atsedena behar dut. Adin klabera iristen ari naiz.

Zein da adin klabea? 40koa?

Bai. Gehientsuenek adin horren bueltan zirt edo zart egiten dute. Jendeari ez zaio iruditzen, baina, atzera begiratuz gero, Sebastian Lizasok 40 urteren bueltan utzi zion txapelketari. [Unai] Iturriagak orain dela bi urte kantatu zuen azkenekoz Euskal Herrikoan; nik orain berak zeukan adina daukat. [Andoni] Egaña ariko zen luzeen, Euskal Herriko txapelduna zelako. Gipuzkoakoan, Aitor Mendiluzek azkena 2007an kantatu zuen, Maialen Lujanbiok 2003an...

Txapelketa zalea izan zarela esan duzu. Txapelketetan emaitza onak lortu izan dituzu.

Bai, zapore gozoarekin geratzeko zortea daukat. Parte hartu dudan txapelketetan, taldekoetan ez, baina Gipuzkoakoan eta Euskal Herrikoan, beti finalerdietara iritsi naiz. Azkeneko lautan finalera ere bai. Txapelketa gustatzen zait. Txapelketan, plazan ez bezala, zeure burua estutzen duzu. Jendeak ere desberdin entzuten du txapelketako saioa. Txapelketan jendea prest egoten da minutu eta erdian isilik egoteko bertsolariak hiru bertso pentsatzen dituen bitartean. Beste ahalegin bat egiteko aukera daukazu, jendeak aukera ematen dizulako. Plaza batean inork ez dizu itxoiten minutu eta erdi hiru bertso botatzeko. Makineriaren erreboluzioa topean jartzeko toki bat da txapelketa, eta niri gustatzen zait. Ona da zure mugekin topo egiten duzulako.

Zer eman dizu txapelketak?

Gauza asko: bestela kantatuko ez nuen toki askotan kantatzeko aukera, jende asko ezagutzeko aukera, momentu eta toki nahiko pribilegiatuetan egoteko zortea...

Entzuleak ere erakartzen ditu txapelketak. Lehenengo kanporaketan, Beasainen, Usurbe antzokia txiki geratu zen.

Berez, bertso saio arrunt bat errazagoa da kontsumitzeko, baina lehiak jendea erakartzen du. Adibidez, udazkenean Beasainen urteroko bertso saioak harrera ona izaten du, baina harrera ona esaten dugunean, antzokiaren beheko aldea bete samartuta egotea esan nahi du, 100-200 lagun elkartzea. Ez da harrera txarra beste herrietan ikusten denarekin konparatuta. Txapelketan, antzokia beteta eta jendea sarrerarik gabe geratu zen, final-zortziren batean eta jendearentzat hain ezagunak ez ziren bertsolariekin. Lehiak garrantzia du, garbi dago.

Bertsolari gazteentzat erakusleiho ona izaten da txapelketa.

Bai, txapelketa guztietan ikusten da badatorrela labealdi berria. Udaberriko saiotik pasatutakoak dira orain dabiltzanak, eta jende gehiago gelditu da kanpoan. Gustatuko litzaidake berri horietako batek kalitateko salto bat edo sorpresa bat ematea. 2011n Gipuzkoako txapelketan parte hartu zuten gazte horietatik inor ez zen finalaurrekoetara pasatu, eta inor ez zen sailkatu Euskal Herrikora. Gipuzkoarrik gazteenak 24-25 urte zeuzkan; lehenengo loraldikorik ez zegoen. Aurten gustatuko litzaidake horrelako zerbait ikustea, bestela, inbutu sentsazioa sortuko litzateke. 25-40 urtera arteko jende asko dago, eta ez dute langa hori pasatzen. Aurpegi berriak ikusi behar dira.

Belaunaldi berriak badatoz: bertso eskolek egiten duten lan onaren adierazgarri da hori.

Bai, baina bertsolariak bakarrik ez dira sortu bertso eskolatik; bertsozaleak, epaileak, gai-jartzaileak ere sortzen dira. Jende berri asko sartu da aurten, eta hori ere bada, hein batean, bertso eskolen ondorio.

Ausartzen zara finalisten pronostikoren bat egiten?

[Beñat] Gaztelumendi, Alaia Martin, [Jon] Maia, Agin Rezola, Unai Agirre... hor nonbait ibiliko da. [Jexux Mari] Irazu ere hor dago. Iñaki Apalategi beasaindarrak ea aurrekoa bezalako txapelketa egiteko zortea daukan. [Iban] Urdangarin ea gustura gelditzen den egiten duen lanarekin. Gazteren bat sartzea ere gustatuko litzaidake, batez ere goierritarren bat, Aitor Irastortza, Aratz Igartzabal edo Gemma Urteaga. Ea salto bat egiten duten, bertsotan jarraitzeko ilusioa izan dezaten.

Emakumezkoen presentzia ere handia da txapelketan. Bertso saioetan nabaritzen da emakumearen presentzia?

Nik uste dut baietz. Mugimendu handia dago gaur egun gai horretan, eta uste dut hausnarketa askotan gizarteko beste arlo askoren aurretik doala bertso mundua, tiraka bezala. Emakumezko bertsolariak oskoletik atera ezinda bezala sentitu dira, paper jakin bat bete beharrean. Gero eta kontzienteagoak gara gizonezkoak ere emakumezkoen rol horretan; lanketa handia ari da egiten.

Bertsolaritza osasuntsu dago?

Osasuntsu dago, bai, baina txapelketako saioetako jende kopurua ez da termometro egokia. Bertsolaritzaren osasuna neurtzen du herrietan antolatzen diren saioetako ikusle kopuruak, bertso inguruko bestelako emankizunek zenbat jende mugitzen duten, ikastetxeetan zenbat jenderengana ari den iristen bertsolaritza...

Euskal Herriko txapelketara aurkeztu ala ez pentsatu al duzu?

Urtebete daukat pentsatzeko, baina momentu honetan ez daukat pentsatzeko gogorik. Ez naiz ausartzen esatera joango naizen ala ez, baina iruditzen zait joango naizela. Hori bai, joaten baldin banaiz, azkenekoa izango da. Orain bezala, nekatuta eta itota harrapatzen banau, ez naiz joango; gogo edo ilusio gehiagorekin harrapatzen banau, bai. Egia esanda, azkeneko oroitzapena polita daukat, eta hori ez da txarra.

Saio baterako deitzen dizutenean ilusioz hartzen al duzu deia?

Ilusio handia egiten du, bai. Beti esaten da toki batetik lehenengo aldiz deitzen dizutenean ilusioa egiten duela. Baina bigarren aldiz deitzen dizutenean? Dei bat jaso eta ilusioa egiten didan bitartean bertsotan aurrera jarraituko dut.

Zenbat saio egiten dituzu urtean?

Azkeneko urteetan 60-80 artean nabil. Gustura nabil, baina askotan astelehenean nekatuta iristen naiz lanera.