Miren Garate
1980rako urte pare bat falta zela, uztaileko arratsalde gorri batean" iritsi zen Kutsidazu bidea, Ixabel liburuko protagonista Aranguren baserrira, maleta handi bat eskuan zuela, bere burua "Josechu el vasco" bihurtu nahian. "Zibilizazioaren azken portura" iristeko, lanrroberrean zetorren auzoko bati eskatu zion "Marino Lejarretaren amesgaiztoetan azaltzen zen aldapa" hura igotzeko laguntza. Joxean Sagastizabal idazleak eleberri hartan irudikatutako errepidearen antza izan dezake Ataungo Aldarreta baserrira arteko bideak ere. Herritik abiatuta, ia bi kilometro eta erdi egin behar dira maldan gora hara iristeko. Otsaila izateko epel egiten duen astelehen arratsalde batean, elkarrekin datoz autoan Maialen Fuertes eta Paula Albeniz. Iluntzen hasita dago dagoeneko. Maleta txiki bana atera dute autoko maletategitik, eta irribarretsu agurtu dute Maite Lardizabal, ate ondoan zain dagoen baserriko nagusia. Han pasatuko dute astea bi ikasleek. Duela 25 urte pasatxo argitaratutako liburuan bezala, euskara maila hobetzea dute helburu.