Miren Garate
COVID-19a iritsi aurretik ere udalak "abandonatuta" zituela diote Urnietako merkatariek eta zerbitzuen arloko negozioek. "Hogei urte daramatzat dendarekin, eta inoiz ez zait etorri inor zerbait behar ote dudan galdetzera", azaldu du optikariak. "Gizarte zerbitzuetatik Donostiara bidaltzen dituzte haurrak, ni hemen egon arren", berriz, psikomotrizitate zentro bat duen profesionalak. "Merkatarien erroldarik ere ez dute, eta oraintsu arte ez da egon merkataritzako teknikaririk", gaineratu du ile apaintzaileak. Eta tabernariak: "Urtero diru sail bat egoten da merkatariontzat, baina guk ez dugu inoiz ikusi diru hori; ez dakigu zertan inbertitzen duten". Pandemiak egoera nabarmen okertu dienez, elkartzea erabaki dute 71 negoziok, eta udalera jo dute laguntza eske. Jaso duten erantzuna, ordea, "etsigarria" iruditu zaie.