Unai Zubeldia
Duela 40 urte martxan jarritako eskola kirolaren eredua, Juan Mugertza Nazioarteko Krosaren eta Morkaiko Mendizale Elkartearen 75. urteurrenak, Elgoibar kirol klubaren mendeurrena, Nazioarteko Xake Txapelketa, atletismo, txirrindularitza eta eskubaloi taldeak... 11.500 biztanle pasatxo besterik ez dauka Elgoibarrek, eta 40 kilometro koadro eskas. Baina sari preziatua iritsi berri zaio Europatik. "Aipamena da hau, herriari egindako aitortza", azaldu du Ane Beitia alkateak. Kirolaren Europako herria izango da Elgoibar 2019an, eta joan den astean jaso zuen saria Bruselan, Europako Parlamentuan. Europako 30 bat herri eta hiri saritzen ditu Aces Europa elkarteak, eta, besteak beste, aurretik sari hori bera jasota daude Bilbo, Gasteiz eta Getxo. Elgoibar da Gipuzkoan saria jaso duen lehen udalerria.