Beste azoka batzuk

Azkoitia

Beningo haurrentzat janaria. Azkoitiko Gazteak eta Garapena gobernuz kanpoko erakundeak Beningo haurrentzako janaria bilduko du. Floreaga ikastetxean jasoko dute janaria, abenduaren 22ra arte, eta baita herriko hainbat dendaren atarian ere, gaur eta bihar. Galtzen ez diren gaiak bilduko dituzte: arroza, pasta, dilistak, babarrunak...

Aretxabaleta

Greziara eta Saharara bidaltzeko jostailuak. Jostailu bat, irribarre bat kanpainaren barruan, Greziako eta Saharako kanpamentuetan dauden haurrei bidaltzeko jostailuak jasoko dituzte gaur 17:00etatik 19:30era eta bihar 11:00etatik 13:00era, herriko plazan. Egoera onean dauden jostailuak eskatu dituzte, eta izan daitezela pilarik gabekoak. Ume bakoitzarentzat opari bat jasotzea da antolatzaileen nahia —Guraso Foroa, udala, Algara ludoteka eta Hiruatx elkartea—.

Arrasate

Bigarren eskuko arroparen azoka. Arrasateko Gaztetxeak antolatuta, bihar, egun osoan, bigarren eskuko arroparen azoka egingo dute Biteri plazan.

Ia herri guztietan

Martuteneko presoentzat.

Espetxe Pastoraltzakoak Martuteneko kartzelako presoentzako hainbat gauza biltzen ari dira herrietako parrokietan. Hilaren 19ra arte jasoko dituzte. Honako hauek eskatzen dituzte: artilezko txanoak, gizon eta emakumeentzako barruko arropa berria, txankletak eta kirol oinetakoak (emakumezkoentzat 37-40 eta gizonezkoentzat 41-44 zenbaki artekoak), galtzerdiak, azazkalak moztekoak, tabako gorria eta metxeroak, turroi biguna, eta gutun azalak eta zigiluak. Jasotako materiala Eguberri bezperan banatuko dute presoen artean.

Orio

Jostailuak trukatzeko aukera. Herrio Natur Taldeak antolatuta, erabilitako jostailuak trukatzeko azoka egingo dute igandean, 10:30etik 14:30era, herriko plazan. Eguraldi txarra egingo balu, pilotalekuan jarriko lukete postua. Gaur arratsaldean jostailuak biltzen ariko dira Herrio taldekoak: Zaragueta eskolan, 16:00etatik 17:00etara; eta Orioko Ikastolan, 16:30etik 17:30era. Bihar, berriz, herriko plazan bilduko dituzte jostailuak, 17:00etatik 19:00etara. Herrio Natur Taldeko kideek jakinarazi dute jostailuek osorik egon behar dutela, eta egoera onean, "norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan".

Soraluze

Bigarren eskuko azoka solidarioa. Soraluze BHI ikastetxeak antolatuta, V. Bigarren Eskuko Azoka Solidarioa egingo dute bihar goizean, herriko Plaza Zaharrean. Azokan ateratzen duten dirua Alboan gobernuz kanpoko erakundearentzat izango da.

Tolosa

Bigarren eskuko eta truke azoka. Ana Yurd elkarteak antolatuta, bihar, bigarren eskuko azoka eta truke azoka egingo dituzte, Berdura plazan, 16:30etik 19:30era. Hilero egiten dute, hirugarren larunbatean.

Usurbil

Erabilitako jostailuen merkatua. Hitz-Aho Udarregi ikastolako Guraso Elkartearen ekimenez, bihar, 11:00etatik 13:00era, erabilitako jostailuen 10. azoka egingo dute frontoian. Gaur, 17:00etatik 19:00etara azokarako materiala biltzen ariko dira Sutegiko aretoan. Materiala musu-truk emango dute herritarrek; trukean, nahi izanez gero, txartel bat jasoko dute, azoka egunean beste zerbaitengatik aldatzeko. Jostailuen truke azoka.

Zarautz

Opari trukeen merkatua. Zarauzko Kale Hezitzaileak taldeak antolatuta, Gabonetarako opari trukeen merkatua egingo dute gaur, 17:00etatik 19:00etara, Lege Zaharren enparantzan.

Bigarren eskuko azoka. Igandean, egun guztian, bigarren eskuko azoka egingo dute Lege Zaharren enparantzan. Erabilitako liburuak, CDak, DVDak eta biniloak eskuratzeko aukera izango da han.

“Euskal makilari Hegoaldeko erakundeen babesa falta zaio”

“Euskal makilari Hegoaldeko erakundeen babesa falta zaio”

Ikerne Zarate

Euskal makila tradizionalak egiten dituen Hego Euskal Herriko artisau bakarra da Beñat Alberdi. Irungo Lapitz auzoko tailerrean aritu direnen hirugarren belaunaldikoa da. Tailugilea zen aitona, eta, ondoren, osaba eta aita hasi ziren makilak egiten. Erreleboa hartuta, argi du euskal makilak Hegoaldean ez duela Iparraldean duen erakundeen babesa.

Feministaldia: egitaraua

Tabakaleran egingo dituzte asteburuko jarduera guztiak Feministaldian, bihar gaueko festa izan ezik. Honako hau da egitaraua:

Gaur

18:30ean, Z aretoan. Hitzaldia Ibai Atutxarekin: Desira normatiboak eta bestelako desirak Euskal Herrian. Adibideak 1950etik hona.

20:00etan, Zinema 1 aretoan. Film laburrak: Gelen Jeletonen bideo aukeraketa. Muestra Mostra: archivo mutante de zines hechos por trans, lesbianas y mujeres; Leelatu#1 eta Leelatu#2.

Bihar

12:00etan, Z aretoan. Hitzaldia: Esaldien kutsadura, Mertxe Trancherekin.

13:00ean, Z aretoan. Hitzaldia: Emakumeek barre eginarazten dutenean, Isabel Francekin.

18:00etan, Z aretoan. Ikus-entzunezko emanaldia eta zuzendariarekin solasaldia: Iratxe Fresnedaren Irrintziaren oihartzunak. Zine erbestealdiak. EHUko Berdintasunerako Zuzendaritzarekin elkarlanean antolatuta.

19:30ean, Z aretoan. Mahai ingurua eta backstage feminista Christina Rosenvingerekin: Fanzine Bulbasaur eta Christina Rosenvinge elkarrizketan.

22:00etan, Guardetxean. Festa: Christina Rosenvinge, DJ Miau eta DJ Gurebesta.

Igandean

19:00etan, Zinema 1 aretoan. Salut les Cubains (Agnes Varda); Ella (Theodor Christensen); Iré a Santiago (Sara Gomez); Y tenemos sabor (Sara Gomez).

Plazak geratzen dira oraindik

Plazak geratzen dira oraindik

Maite Alustiza

Hamaikagarrenez, kultura eta politika garaikidearen adierazpenak ikuspegi feminista batetik lantzen dihardu Feministaldiak. Aurtengoak helburu konkretuago bat ere badauka: plaza hartzea, "historikoki emakume zein beste gorputz disidenteei ukatutako gunea izan delako". Astelehenaz geroztik, Tabakaleran egiten ari dira kultura feministaren jaialdia, eta igandera bitarte beste zenbait ekintza egingo dituzte, #Plaza leloaren bueltan.

[Museora] Urrelur. Gatza eta diamanteak

[Museora] Urrelur. Gatza eta diamanteak

Eider Goenaga Lizaso

Fosilak, harriak eta mineralak. Horiek aurkitzen ditu bisitariak Urretxuko Urrelur museoan; baina bildumaren atal nagusia mineralek osatzen dute. Milatik gora mineral dauzkate sailkatuta bertan; egunero erabiltzen ditugunetatik hasi eta balio handiko mineraletara, bigunetatik hasi eta gogorrenetara, ohikoenetatik ezohikoenetara.

PISAren akuilua

Leire Narbaiza

Benetan diotsuet, albiste onen bila ibiltzen naiz haien gainean hemen idazteko. Horrela jardun dut ea zerbait pozgarria topatzen nuen, edo zer edo zer positiboa, sikiera. Eta ahalegindu banaiz ere, eta zantzu baikor bat agertu zaidan arren, azkenaldiko notizia etsigarria gailendu zaio guztiari. Izan ere, tristeak dira benetan PISA txostenak EAEn izan dituen emaitzak.

Askotxok esango didazue OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak sortutako probak direla, kapitalismoaren mesedetan eratutakoak, konpetentzia batzuk baino ez dituela neurtzen, sorkuntza eta imajinazioa alde batera lagatzen dituela... Bai, egunotan aditu ditut halakoak nonahi. Baina halakorik ez nuen entzun, ez irakurri txostenaren emaitzak onak izan zirenean, edo, behintzat, Espainiakoak baino hobeak irtendakoan.

Kontua da horrek ere ematen digula amorrua, euskal erdiko oasia ez dela hain oasi, alegia. Lehen, edozein kontutan estatuaren batez bestekotik gora geunden; eta nahiz eta Europakotik urrun egon, espainiarren gainetik izateak urguiluz eta satisfazioz betetzen gintuen "zein onak garen" esanaz bezala, goitik begiratuta beste estatukide guztiak.

Hain izan zaigu amorragarria probena, ezen nafarren emaitza onei ia ez zaien erreparatu ere egin EAEn. Edo agian, gure tripako zilari larregi begiratzen diogulako autonomia erkidego honetan, euskaldun bakarrak gu garelakoan, ez dakit. Baina lagunok, konturatu gara zertan atera dituzten hain emaitza kaskarrak gure nerabeek? Bada, irakurriaren ulermenean, matematikan eta zientzietan! Larria, oso larria. Batez ere irakurketa eta matematikakoa, oinarriak direlako beste ikasketa guztietan. Irakurtzen duguna ondo ulertu barik nola ikasiko dugu? Ezin! Matematikan oinarri sendoa izan gabe zelan egin aurrera formatzeko orduan?

Ezin dugu ahaztu jakintzak hanka bi dituela eta biak direla ezinbesteko, biak dira mundua ulertzeko lengoaiak. Utikan "ni letretakoa naiz", "ni zientzietakoa". Biak behar dira. Ez dago zientziarik ondo irakurri gabe. Ez dago arterik matematika bere barruan ez duenik. Ez dezagun ahantz 15 urteko ikasleei egiten zaiela proba, oraindik derrigorrezko beste urte bat dutela aurretik, eta gustatuko litzaigukeela gaztetxo horiek ikasten jarraitzea bai batxilerra, bai lanbide heziketa, bai goi mailako ikasketak… eskola graduatua gutxiegi delako beti.

Jo dezagun, hala ere, gure gaztetxo horietako batzuek 16 urterekin eta DBH amaituta ikasteari uzten diotela. Zelan moldatuko dira bizitza errealean irakurritakoa ganoraz ulertzen ez badute? Gai ez badira eragiketa matematiko sinple bat egiteko? Iruzurgileendako biktima perfektuak izango dira, bizitzan tentuz ibili beharko dute.

Dena dela, uste dut emaitza hauek pizgarri izan behar direla, akuilu. Alerta piztu zaigu, joan gaitezen muinera eta indartu dezagun hezkuntza. Gasta ditzagun diruak gure umeengan, inoiz ez delako gastua, inbertsioa baizik. Bultza ditzagun gaztetxoak, ez diezazkiegun ebaki motibazioa eta gogoa. Imajinazioa eta ilusioa erein behar ditugu, zientoka.

Molda dezagun hezkuntza, egin ditzagun libre umeok, ahazten zaigulako euskaraz hezi hitzak bezatu eta otzandu ere esan nahi duela, eta haurrekin eskolan sarriegitan hori egiten dugula, zirkuko animaliekin bezala gure pistan eta guk jotako musikarekin dantza eginarazten diegula, gu ere libreagoak izango gara eta.