span>400 urte

Ipuskuari lotuta

. Tolosaren eta Altzoren arteko lotura 1374an hasi eta 1615ean amaitu zen. Jaunaren eta leinu zaharren mendetasunetik ihes egin nahian erabaki zuten Altzo Tolosara batzea, baina hiribildu titulua erosi zuten gero, 1450etik aurrera izaniko arazoek hartaraturik.

Altzotarrek Gaztelako Filipe III.a erregeari erosi zioten hiribildu izateko titulua. Dirua bildu eta ordaindu ahal izateko, hainbat neurri hartu behar izan zituzten. Batetik, herrian egiten ziren salmenta guztien gaineko zerga bat sortu zuten —ogia kenduta—, eta, horrela, ordaindu beharrekoaren bi heren pagatu zuten. Bestetik, beste herena betetzeko, Altzo herriak berak eta batzarra osatzen zuten auzokoek mailegu bat eskatu behar izan zuten. 1.420 dukaten truke, Tolosako Pedro Errekalderi beren etxeak berme gisa eman zizkioten, besteak beste.

Horretaz gainera, erregearekin negoziatuta, ordainketa atzeratzea ere lortu zuten. Guztira, 91 auzokide zenbatu zituzten betebehar hori gauzatzeko, eta auzoko bakoitzak 25 dukat jarri behar izan zituen. Beste lau zalantzan gelditu ziren —ez da ageri, behintzat, ordaindu zutenik—. Era berean, auzotarrek eskubide politikoak izateko aukera izan zuten.

Ordainketa eginda, hiribildu berriek zer toki merezi zuten zehazteko, hiribildu titulua lortzeagatik ordaindutakoaren arabera antolatzea erabaki zuten. Horrela, herri bakoitzaren auzo-kide zenbakiari erreparatu zioten, David Zapirain Karrikak idatzitako Altzotik Altzora. Ibilaldi historikoa Altzon zehar liburuan irakur daitekeenez (Aranzadiren Tolosaldea historia bilduma, 2003). Altzok 853.125 marabedi ordaindu behar izan zuen, eta, horren ondorioz, herriko etxeei zortzi boto egokitu zitzaizkien. Hogeita hamar hiribildu berrien artean hogeita hirugarrena geratu zen Altzo, apalenen artean. Bere tamainagatik, Altzok ezin izan zuen Batzar Nagusietan jarleku bat berak bakarrik ordaindu, eta, horretarako, Bozue Handia batasuneko parte egin zen 1617an. Elkargo hori Amezketa, Abaltzisketa, Orendain, Ikaztegieta eta Baliarrainek osatzen zuten.

Independentzia aurretik

Altzo 1374. urtean elkartu zen Tolosarekin. Zapirain Karrikaren liburuan jasotzen denez, hori baino lehenago Altzok ez zuen hiribildu gisa jokatzen, leku bezala baizik, "eta, beraz, pentsa daiteke mugak lausotu samar dituen eremua dela". Udaletxe batera lotuta baino gehiago, jaunari eta elizari lotuta zeuden altzotarrak, Olazabal edo Salbatore edo Andra Mari parrokietara. Horiek izan ziren euren nortasuna adierazteko ikur nagusiak.

Tolosarekin elkartzean, epaile eta legeen araberako bizimodura moldatu ziren, jaunaren eta leinu zaharren menpekotasunetik ihes eginez, eta Gaztelako erregearen hiri sarean txertatuz. Tolosarekin elkartzean, bere lurren kudeaketa zuzenari eutsi zion, baina ez zuen auzokoak epaitzeko erabateko gaitasunik.

1450. urtetik aurrera sortu ziren arazoak: sistema horretan, herrixkek ez zuten ordezkaritza zuzenik lortzen Gipuzkoan sendotzen ari ziren erakunde politikoetan —batzar nagusietan eta foru aldundian—.

Altzorekin lotuta agertzen da historian lehendabiziko aldiz Gipuzkoa hitza —Ipuskua gisa—, Iruñeko Antso III.a erregearen garaian. Zehazki, Ipuskuako agintea zuten Gaila andrearen eta Garzia Azenariz jaunaren eskutik ageri da, 1025. urtean; bikote horren jabetzen zerrendan aipatzen da Olazabalgo Salbatore eliza.

Suak eta urak urraturiko ibilbidea

Alegiak 1615eko maiatzaren 22an lortu zuen, Felipe III.aren eskutik, hiribildu independentearen titulua. Baina, Tolosarekiko desanexioa lortu zuten herrien artean —14 izan ziren guztira—, Alegia berezia zen. Izan ere, aurrez ere bazituen gainerako herriek ez zituzten zenbait pribilegio —muga zergak ezartzeko eskubidea, esate baterako—, 1454. urtean Enrike IV.a erregeak emandakoak. "Erregeari egindako zerbitzu garrantzitsuen ordainsari gisa" eskuratu zuten alegiarrek hiri titulua XV. mendean, eta errege beraren eskutik jaso zuten herriaren armarria izango zena ere. Bost otso odoleztatuk osatzen dute armarri hori, alegiarrek Olmedoko gudan izandako ausardia goraipatzeko jasotakoa.

1319tik Tolosari atxikita

Alegiaren sorrerari buruzko data finkorik ez badago ere, 1319rako bazegoen antolatutako egitura bat. Izan ere, urte hartako urtarrilaren 21ean sinatu zen Tolosarekiko anexioa, Alegiako bizilagunen eskariz. Hiru mende iraun zuen herri bien arteko loturak. Eta 1454an Enrike IV.aren ebazpenaren bitartez Alegiak hainbat pribilegio eskuratu zituen arren, arlo zibileko eta kriminaleko eskumen osoa eta erabateko independentzia ez zituen 1615 arte eskuratu.

Felipe III.aren eskutik jaso zuen desanexiorako eskubidea, eta, eskumen osoa lortzeaz gain, Alegiak Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza izatea lortu zuen. Horietan indar gehiagoz jarduteko, ordea, bakarka baino, taldean jokatzea erabaki zuen. Hala, 1625eko apirilaren 7an sinatutako kontratu baten bidez, Alegiak, Ikaztegietak eta Orendainek Aizpuruako Batasuna osatu zuten, eta hiruren artean ahaldun bat izendatzen zuten. Hitzarmena hogei urtean behin berrikusten zuten, eta 1660an Altzo elkartu zitzaien.

Dirutza erregearentzat

Alegiak 43.704 dukat ordaindu zizkion Felipe III.ari hiribildu tituluaren truke; baina dukat kopuru hori lortzea ez zen erraza garai hartan, dirutza handia baitzen —konparazio batera, bi idik 24 dukat inguru balio zuten, eta baserri baten urtebeteko alokairuak, 22 dukat inguru—. 158 familia unitate zenbatu zituzten Gaztelako erregearen ordezkariek Alegian, eta kopuru horri zegokion hiribildu tituluagatik ordaindutakoa, familia unitate bakoitzeko 25 dukat ordaindu behar baitzituzten herriek hiribildu titulua eskuratzeko.

Urte hartan desanexioa lortu zuten herrien artean beste bi herrik ordaindu zuten Alegiaren antzeko kopurua: Albizturrek (43.772 dukat) eta Zizurkilek (40.000 dukat).

Uholdeak eta suteak

Alegiaren historia suak eta urak zedarrituta dagoela esan liteke. Hala, 1532. urtean sute handi batek herria ia osorik suntsitu zuen. Jose Ignacio Iglesias Basañezek kaleratutako Alegia. Una visión histórica liburuaren arabera, soilik bederatzi etxe gelditu ziren zutik. "Etxeak egurrezkoak izanik, nahikoa zen txinparta bat etxea osorik erretzeko; eta etxeak bata bestetik oso gertu eraikita zeudenez, 1532an sute beldurgarri batek ia herri osoa suntsitu zuen". Sute horren ostean, beilariak hartu zuen gauero herriko etxeak erretzen ez zirela zaintzeko ardura. Edozein sute piztuz gero, haren lana zen beste etxeetan abisua lehenbailehen ematea. Halere, horrek ez zuen saihestu 1648an beste sute handi batek herriko hemeretzi etxe erretzea.

Bestalde, bi ibairen —Amezketa eta Oria— topaleku izanda, Alegiak urarekin ere izan ditu arazoak. XVII. mendetik hainbat uholde daude agirietan jasota. Baina larrienak 1762koa —bi pertsona hil ziren—, 1953koa —urak 2,80 metroko garaiera hartu zuen— eta 1983koa —hiru metroko altuera gainditu zuen urak— izan ziren.

Hain zuzen ere, azken uholde horien ondorioz Alegiaren irudi eta ikur den Zubi Zaharrak kalte handiak izan zituen, eta 1983an konpondu egin behar izan zuten, betiere ezaugarriei eutsiz. Izan ere, Alegiako Zubi Zaharra XIII. mendeko eraikuntza da. Mende askoan Alegiatik Orendainera eta, handik, Aralarrera joateko bide bakarra izan zen.

Sei urte, herritarrek beren zatia ordaintzeko

Albizturren kasua Tolosatik banandu ziren eta hiribildu bihurtu ziren beste udalerrien antzekoa izan zen. 1615eko urtarrilaren 26an jaso zuen independente egiteko baimena, eta ordaindu beharrekoa 2.081.250 marabedi izango zirela zehaztu zioten; hau da, 5.600 dukat inguru. Beste hainbat bezala, Albizturrek ere jaso zuen diru hori maileguan hartzeko ahalmena, eta kopuru horri beste 550 dukat gehitu...

Ondarearen araberako ordainketa

. 1615eko urtarrilaren 26an Tolosatik independente egin eta hiribildu bilakatu zen Abaltzisketa. Batzar Nagusietan ordezkaritza izateko eskubidea ere lortu zuen; gastuak murrizteko, beste hiru herrirekin elkartu zen Bozue Handia batasunean.

Beste 13 herrik egin zuten bezala, Abaltzisketak Tolosako agindupean egoteari utzi zion orain 400 urte. Zehazki, 1615eko urtarrilaren 26an jaso zuen Felipe III.a erregearen kontsezioa. Lehenengo alkatearen eta udalerriaren beste hainbat karguren izendapena urte hartako apirilaren 7an egin zuten.

Abaltzisketak 241 urte zeramatzan Tolosari lotuta, landa parrokia izateari utzi eta bere borondatez 1374an Tolosako jurisdikzioaren barruan egoteko. Aralarren magalean dagoen udalerriarentzat ez zen doakoa izan Tolosatik banantzea. Estibaliz Gonzalez Dios ikerlariak azaldu duenez, "ordainketa handia ekarri zien banandu ziren udalerriei, baina pauso hori ondo neurtu zuten". Alegia, nahiago zuten ordainketa hori egin, eta bakoitzak bere alkatea eta bere justizia ordinarioa izan, eta Tolosatik banandu.

"Beste zenbait udalerri ere gehitu ziren prozesu horretara, baina ikusi zutenean zenbat ordaindu behar zuten, atzera egin zuten". Gonzalez Dios ikerlaria lan bat egiten ari da Tolosatik banandu ziren herrien inguruan; Tolosako Udalaren ekimenez eta Eusko Ikaskuntzarekin egindako hitzarmen baten ondorioz suertatu zitzaion ikerketa egiteko aukera.

Hiribildu bihurtzeko prozesuan sartu ziren herriek 25 dukat ordaindu behar zituzten bizilagun bakoitzeko. Halere, Gonzalez Dios bere ikerketan ikusten ari den moduan, herriek ordainketa murrizteko eskaria egin zuten, eta guztiei eman zitzaien horretarako aukera. Ordaindu beharrekoa, hala eta guztiz ere, kopuru oso handia zen, eta, beraz, erregeak aukera eman zion Abaltzisketari mailegua izateko, hiribildu titulua ematerakoan.

Mailegu hori ordaintzeko modua ere zehaztu zen: bi heren salgaien gaineko zergen bidez lortzeko aukera ematen zitzaion —ogi egosia izan ezik—, eta beste herena herritarren artean ordaindu behar zen. Mailegua 1.612.500 marabedikoa izango zela zehaztu zen, kostuak barne hartuta.

Baina zergekin ez zuten nahikoa lortzen beharrezko dirua izateko, eta, horrela, Abaltzisketak eskatu zuen ordainketaren bi heren herritarren artean pagatu ahal izatea. Ahalmen hori eman zitzaion 1617. urtean, eta horren bitartez, herritar bakoitzak ordaindu beharrekoa bere aberastasunaren araberakoa izango zela zehaztu zen: "Aberatsak aberats gisa eta behartsuak behartsu gisa, inori kalte egin gabe".

Hiribildu izendatu berriek ordainketa murriztea eskatu zuten. Abaltzisketari dagokionez, eta Gonzalez Diosek bildutako datuen arabera, Abaltzisketak 1.303.125 marabedi ordaindu zituen azkenean. Baina, hiribildu bihurtzearen kostu bakarra ez zen titulua ordaintzea bakarrik. Hiribildu izateak ahalmena ematen zion Gipuzkoako Batzar nagusietan parte izateko, eta horrek ere bere gastuak izaten zituen. Horrela, Tolosatik banandu ziren zenbait hiribilduen artean Bozue Handia batasuna osatu zuten: Abaltzisketak, Amezketak, Baliarrainek eta Altzok, zehazki. Amezketako Batasuna ere esaten zitzaion elkartze horri; 1617ko apirilaren 1ean osatu zuten. Horrela, lau herrien artean prokuradore bakarra bidaltzen zuten Batzar Nagusietara, eta gastuak aurreztea lortu zuten hala.

Eraikuntza zaharren eredu

Abaltzisketako alde zaharra euskal mendialdeko nekazaritza herrien eredu da. Han udaletxea nabarmentzen da, San Joan Bautista elizaren ondoan kokatua. Eliza XVI. mendekoa da, baina XIII. mendeko aurrealde erromanikoari eusten dio. Kanpandorrea ere aipatzekoa da, 1493. urtean Abaltzisketan egindako kanpaia daukalako.

Nahera-Haundi baserria, berriz, euskal eraikuntza zaharren eredu da; 1706. urteko Gipuzkoako eraikuntza tipikoa da, eta garai batean sagardoaren dolare etxe bat izan zen. Sasiain auzoan dago, eta herrira iritsi baino lehenago dagoen desbideraketa bat hartuz irits daiteke hara. Zalantzarik gabe, ordea, Larraitzeko paisaia da ezagunena herrian. Txindoki mendiaren magalean dago, eta baselizaren inguruko aparkalekua da Txindokira igotzeko abiapuntu ohikoena, baita Aralarko natura parkean barneratzeko ohiko abiapuntuetako bat ere. Larraitzeko Ama Birjinak inguruko baserritarren artean estimu handia du, usadioz ahalmen miragarriak dituelako ustea baitago.

Baten sorrera, bik gogoan

. 1615eko otsailaren 4an Seguratik independe egin zen eta hiribildu izaera hartu zuen Idiazabalek. Herri bilakatuta, Batzar Nagusietan ordezkaritza izateko eskubidea bereganatu zuen; hala ere, beste zenbait herrirekin batu behar izan zuen hainbat urtetan.

Euskal Herriko Idiazabal herria, gure anaia, bere independentziaren 400 urteurrena ospatzen ari da". Argentinako El Diario del Centro del País egunkarian irakur daitezke hitzok. Asteazkenean lau mende bete ziren Idiazabal Seguratik apartatu zenetik, eta, urteurrena gogoratzeko, hainbat jarduera antolatu dituzte egunotan. Argentinako Idiazabalgo ordezkariak ere herrian izan dira.

Idiazabal eta beste 29 herrik independentzia lortu zutela gogoratzeko, ekitaldia egin zuten joan den astean Andoainen, eta orduan esandakoak berreskuratu zituen asteazkenean Ioritz Imaz Idiazabalgo alkateak: "Antzinako askatasun maitea berreskuratzea, politika zuzena, gobernu zuzena, onura publikoa eta justizia banatzailearen eskuratzea izan ziren gure arbaso agintariak gidatu zituzten lemak [...], eta gaur inoiz baino gehiago, inoiz baino presenteago ditugu balio horiek".

Ekitaldi instituzionalaz gain, erakusketa bat jarri dute udaletxeko areto nagusian, eta San Blas jaiak ere baliatu dituzte urteurrena gogora ekartzeko. Festen atariko agurrean, hain justu, herriaren historiari egin diote erreferentzia. Diotenez, Idiazabal izena XII. mendeko dokumentu batean agertu zen, lehendabizikoz.

Udaletxeko erakusketak bederatzi paneletan laburbiltzen du Idiazabalgo historia. Lehen mugarria, 1384. urtea. Idiazabal Segurara batu zen orduan, inguruko beste zenbait herrirekin batera. Serapio Mujika Zufiria historialariak Geografía de Guipuzcoa atalean jaso zuenez, "nafarren lapurreta, hilketa eta bestelako gehiegikeriatatik babesteko" hartu zuen batzeko erabakia. Hala ere, "unibertsitate" titulua hartu zuen herriak, eta, horri esker, hainbat eskumeni eutsi ahal izan zion. XVI. mende amaierara arte. Orduan hasi ziren Idiazabal eta Segurara batutako gainerako herriak herri modura antolatzeko nahia agertzen; "herriei zegozkien erabakietan esku hartzea leporatzen zioten Segurari".

Ordainketa errealetan

Urre, zilar eta kobrezko hiru txanpon ageri dira erakusketako paneletako batean, eta azalpena: "Idiazabalek hiribildu titulua eskuratzeko ordainketa errealetan egin zuen". 70.795 erreal pagatu zituen, zehazki. Urte hartan gehien ordaindu zuten herrien artean dago, Seguratik, Tolosatik eta Ordiziatik independente egin ziren herri guztiak kontuan hartuta. Konparaziorako, Beasainek 54.699 erreal ordaindu zituen Ordiziatik independente bihurtzeko, Zerainek 31.364 Seguratik irteteko eta Alegiak 43.704 Tolosatik banantzeko.

Seguratik apartatu eta hiribildu titulua eskuratuta, herriko etxea kontzeju etxe bihurtu zen, eta Idiazabalek bere bideari ekin zion. Eliza ere mende hartan hasi ziren eraikitzen, eta gerora amaitu zuten —XVI. eta XVII. mendeetan eraikina, eta XVIII. hasiera aldean korua, erretaulak eta irudiak—.

Gainerako herriek bezala, Idiazabalek ere Batzar Nagusietan esku hartzeko eskubidea izan zuen hiribildu bilakatzean. Hala ere, herritar kopuruak baldintzatu egin zuen ordezkaritza osatzean. Biztanle gutxi izanda, "garestia" zen, eta inguruko herriekin batu behar izan zuen: 1619an Beasain eta Ataunekin joan zen, esaterako. Mutiloa eta Zegama ere izan zituen kide, 1691. eta 1708. urteetan.

Desanexioan aitzindari

. 1615eko urtarrilaren 26an Tolosatik independentzia lortu eta bakarkako bidea abiatu zuen Andoainek, hiribildu gisa. Beste 29 herrik ere hasi zuten bide bera, baina Andoainek denbora luzea zeraman desanexioa eskatzen; aitzindari izan zen.

Andoain lau mendetara. Izenburu hori darama herriaren sorreraren laugarren mendeurrenaren harira Bastero kulturgunean atondutako erakusketak. Joan den astelehenean, izan ere, Andoainek 400 urte bete zituen; 400 urte Espainiako Felipe III.a erregeak hiribildu titulua eman zionetik; 400 urte Tolosaren menpeko izatetik askatu eta bere bidea bakarka hasi zuenetik.

Erakusketa Andoaingo artxiboko Karmele Otaegik eta Marta Truchuelok atondu dute, eta erakusketaren inaugurazioan aurkeztu zuten Susana Truchuelok gaiari buruz idatzitako liburua ere: Andoain 1615. Hiribildu berri baten historia. Tolosaren menpeko zen garaitik desanexiorako ibilbidea jasotzen du liburuak; eta hiribildu bihurtu zenetik gaur arterako ibilbidea zedarritzen du erakusketak. Andoainekin batera, Gipuzkoako beste 29 herrik lortu zuten hiribildu titulua garai bertsuan —batzuek urtarrilaren 26an, eta otsailaren 4an besteek—, baina Andoain aitzindari izan zen borroka horretan.

Joan den astelehenean, herriaren sorreraren datarekin bat eginez, ekitaldi xumea egin zuten udaletxean, eta etzi ekitaldi instituzionala egingo dute, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin eta independentzia eskuratu zuten beste 29 herrietako agintariekin batera. Ana Karrere alkateak hartu zuen hitza asteleheneko ekitaldian, udal korporazioarekin batera urteurrenarengatik topa egin ostean.

Andoaindarrak zoriondu zituen Karrerek, duela laurehun urte hasitako ibilbidea oroituz. "Orain, 2015. urtean, begirada atzera bota eta gertatu zena gomutan daukagula, 400 urte hauetako ibilbideari erreparatu nahi diogu, gaur egungo Andoaingo eraikuntzan parte hartzen dugun guztiok bat eginez". Hiribildu titulua lortzeak asko aldatu zuen Andoain, eta hari esker bihurtu da gaur dena. "Horixe baita Andoain: jatorri ezberdinetatik etorritako herritarren mosaikoa, gure herria den bezala egiten duten kulturen artelana. Andoaindarrak hamaika garelako, andoaindarrak 400 (eta gehiago) garelako".

Tolosarekin tirabirak

Hiribildu izan aurretik, unibertsitatea zen Andoain, eta, ondorioz, hiribilduek zituzten eskubide eta pribilegiorik ez zuen. Donostiaren babesa bilatu zuen lehenik, 1379an, eta Tolosarena ondoren, 1475ean. Beraz, haiei atxikita egon zen XIV. mendeaz geroztik. Susana Truchuelo historialariaren arabera, Donostiak eta Tolosak garai hartan oraindik ez zuten garrantzi handirik, "baina barrualdea eta kostaldea lotzen zituen bidean zeuden biak, eta horregatik zuten Gaztelako erregeen laguntza". Abantaila fiskal eta komertzialak zituzten, eta abantaila horiek oso onuragarriak ziren bai bertako bizilagunentzat, eta baita haiei atxikita bizi ziren herrietako biztanleentzat ere.

Baina hasierako harreman baketsua berehala belztu zen, eta tirabirekin hasi ziren. Liskar artean eta auziz auzi pasatu zuten XVI. mende osoa. Ez zen Andoain, ordea, Tolosarekin liskarrak zituen bakarra, eta beste herri asko ere hasiak ziren euren nahigabea adierazten, bai kalean, bai Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta baita Valladolideko kantzelergoaren aurrean ere.

Truchueloren arabera, "XVI. mendean Andoainek oso rol aktiboa jokatu zuen eskualdeko herrien artean, euren buru zen hiriaren kontra". Izan ere, Andoainen eta Tolosaren menpeko beste herrien iritzian, Tolosak "nagusikeriaz eta jauntxokeriaz" jokatzen zuen, bai gobernu kontuetan eta bai eguneroko elkarbizitzan ere. Andoaindarrek zuten edozein arazo Tolosan epaitzen zen, Tolosako alkatea epaile zela; eta bestelako arazorik bazegoen, Batzar Nagusietan ere aurkez zezaketen kexua, baina betiere Tolosa bitartekari zela.

Desanexioa hainbatetan eskatu zuen Andoainek, eta hainbatetan ukatu zitzaion. Baina 1615ean, Felipe III.a Gaztelako erregeak Andoaini eta Gipuzkoako beste 29 herriri hiribildu titulua saltzea erabaki zuen. Hala, herri horien eskaerak aintzat hartzearekin bat, Felipe III.ak bere diru kutxak betetzea lortu zuen, erresuma nahiko larri baitzegoen diruz.

Andoainek familiako 25 dukat ordaindu zituen hiribildu tituluaren truke; guztira, 7.270 dukat inguru. Behin diru hori ordainduta, 1615eko maiatzaren 2an, Andoainek lehen aldiz bere ordezkaria bidali zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietara, eta bakarkako bidean, egungo Andoain eraikitzen hasi ziren.

Herri txikien iraultza handia

Martin Garzia historialariak bereizi egiten ditu 1615 aurretik eta ondoren sortutako herriak. Hala, 1615ean hiribildu titulua eskuratu zuten herriei sortze berriko herriak deitzen die, eta aurretik zeudenei, sortze zaharrekoak. Gipuzkoan, sortze berriko 30 herrik erosi zuten hiribildu titulua urte hartan, Gaztelako Felipe III.a erregeak 1615eko urtarrilaren 26an kaleratutako errege zedulari esker. Aurten, euren sorreraren laugarren mendeurrena ospatuko dute guztiek.

Sortze berriko herri horiek ez ziren bat-batean eta ezerezetik sortu; XIV. mende bukaeratik Tolosa, Segura eta Ordiziari atxikita zeuden. "Sortze zaharreko hiribilduak lau mende lehenago eraikiak ziren, harresiz inguratuta, ahaide nagusietatik edo garai batean kontrako aldean zegoen Nafarroako Erresumatik babesteko", azaldu du Garziak. Eta, harresiena ez ezik, erregeak emandako foruen babesa zuten, eta horien bidez pribilegio ekonomiko, komertzial eta fiskalak ere bai.

Alderantzizko piramidea

Harresiaren eta pribilegioen ondorioz, herri zaharren eta berrien piramide demografikoa justu alderantzizkoa zen. "Sortze berriko herrietan jende gutxi bizi zen kalean, eta jende asko mendi eta baserrietan barreiatuta; sortze zaharrekoetan, ordea, oso jende gutxi bizi zen harresiz kanpo".

Gainera, hiribilduetan jarduera ekonomiko ezberdinak garatzeko aukera zegoenez, klase sozial berriak sortzen joan ziren. "Hiribilduetatik kanpo nekazari eta abeltzain bizimodua zuten; harresien barruan, foruei esker, oso bestelakoa zen bizimodua. Merkatua egiten zuten, klase berriak azaleratzen joan ziren; merkatariak, eskribauak... Agintari klase berri bat zen, harresietatik kanpo existitzen ez zena".

Bestalde, sortze zaharreko herriek falta zutena lurrak ziren, eta hori haiei atxikitako herriei esker lortzen zuten. "Herrixka horiek lur asko zituzten, hiribilduek baino askoz ere zabalagoak. Ordiziak 5,7 kilometro koadro zituen, eta Beasainek, 29,9 kilometro".

Handien babesa

Lur zabalak izan arren, harresien babesaz eta foruen pribilegioez gozatzeko modu bakarra sortze zaharreko hiribilduei atxikitzea zen. Hala, Ordiziak zortzi herri zeuzkan atxikita (tartean, Ataun, Beasain eta Zaldibia); Segurak zazpi zituen (besteak beste, Idiazabal, Ormaiztegi eta Zegama); eta Tolosak, azkenik, hamalau (Alegia, Amasa, Amezketa, Berastegi eta Andoain, esaterako). Hiribildu titulua eskuratu zuen 30. herria Urnieta izan zen; ordu arte, Donostia, Aiztondo eta Hernaniri atxikitakoa.

XIV. mendearen hondarretan hasitako harreman hori, harreman liskartsua betiere, 1615ean amaitu zen. Harreman gatazkatsu horretaz Marta Truchuelo historialariak hitz egiten du. Andoainen, herriaren sorreraren urteurrena dela-eta eginiko erakusketa atontzeaz arduratu da bera.

Hiribilduaren eta atxikitako herrien arteko harremanak ez ziren errazak izaten, eta horretan bat egiten dute bai Garziak eta bai Truchuelok. Hiribilduari zegokion herrixka horien zergak biltzea, herri horietako konponketak egitea eta beharrei erantzutea, haien eskubideak Batzar Nagusietan defenditzea eta baita herritarren arteko auzietan justizia administrazioaren lana egitea ere. "Harreman horretan Andoain ia erabat Tolosaren menpekoa zen; gauza garrantzitsu guztiak Tolosan erabakitzen ziren, eta Tolosa aprobetxatu egiten zen menpekotasun horretaz". Truchueloren arabera, "Andoainek ikusten zuen Tolosan ez zirela bere gauzak eztabaidatzen eta borrokatzen berak nahi bezala". Hala, Andoainek —eta baita gainerako herriek ere— hainbatetan jo zuen Batzar Nagusietara "bidegabekeria" horiek salatzera. Batzar Nagusietan, ordea, ordezkaritzarik ez zutenez, gutxitan lortzen zuten arrazoi ematea. Garziaren arabera, herriak "harrapatuta" zeuden egitura horretan. Beste bidea Gaztelako Gortera joatea zen.

Andoainek eta Tolosak izaniko liskarretako bat armen alardearen ingurukoa izan zen. Urtero egiten zen alardea, eta Tolosako alkateak bere menpeko herrietako arma guztien ikuskaritza egiten zuen. Baina Andoainek ez zuen jada gehiago Tolosara joan nahi armak erakustera, eta alardea herrian bertan egin zuten. Liskar handia izan zen, eta Tolosako alkateak, harena baitzen justizia administrazioaren eskuduntza, Andoaingo hainbat herritar zigortu zituen alardea egitera ez joateagatik.

Gortea, dirurik gabe

Hainbatetan eskatu zuen Andoainek Tolosarekiko desanexioa, eta, Garziaren arabera, baita Beasainek ere. Gainerako herrietan ere tankera bereko gertaerak maiz izaten ziren, eta, Garziaren arabera, atsekabe hori primeran etorri zitzaion Gaztelako Gorteari bere diru kutxa betetzeko. "Felipe II.a hil berria zen, eta Borboiek erabateko porrot ekonomikoan utzi zuten estatua. Koroak dirua behar zuen, eta hiribilduen erosketa izeneko formula berria asmatu zuen. 'Eman diezaiegun hiribildu titulua, eta bete ditzagun gure diru kutxak'".

Bizilagun bakoitzeko —bizilagun familia unitateari deitzen zioten, ez biztanle bakoitzari— 25 dukat ordaindu behar zituen herriak, independentzia lortzeko. "25 dukat kopuru handia zen garai hartan". Eta herrixkek ez zuten dirurik, baina bai lurrak, eta horien bidez lortu zuten ordainketa egitea. Izan ere, hiribildu tituluak erosteko aukera ematearekin bat, bere tutoretza pean zeuden herri lurrak saltzeko baimena eman zien Felipe III.ak. Erregeak ez ezik, herriko handikiek ere atera zioten probetxua salerosketari. "Beasainen, eta gainerako lekuetan ere bai, handikiek aurreratu zuten dirua, interes batekin; eta, gero, diru horren truke herri lurrak eskuratu zituzten, hirugarren enkantean eta berezko prezioa baino %30 gutxiago ordainduta. Horrelakoxea zen garai hartako ingeniaritza ekonomikoa".

30 herriek independentzia eta Batzar Nagusietan euren burua ordezkatzeko eskubidea irabazi zuten horrela, euren burua gobernatzeko eskubidea. Eta Segurak, Tolosak eta Ordiziak, pisu ekonomikoaz gain, pisu politikoa nabarmen galdu zuten. "Herri horien galerarekin Ordiziari erdira jaitsi zitzaizkion suak, eta ordezkatzen zituen suek ematen zioten pisu politikoa herri bati Batzar Nagusietan".

Bestalde, Truchueloren arabera, Gipuzkoako 30 herri berri horiek une horretan hasi zuten gaur egun direna bilakatzeko bidea. "Erabaki hori izan zen oinarria. Euren burua gobernatuz, Andoainen beharren arabera hasi ziren gauzak egiten. Komertzioa eta azokak ere garatuz joan ziren, obra berriak egiten, udaletxea eraikitzen hasi ziren, eta herriaren beraren egitura moldatzen joan zen".